Gaurtik aurrera Kondestablearen jauregian balio historiko eta artistiko handiko pieza berri bat aurkituko dugu. Hiriaren armarria irudikatzen duen XVI. mendeko harrian egindako eskultura-multzoa da. Pieza hori Kale Nagusiko etxebizitza batean zegoen eta Udalak erosi du, multzoaren ondare-balioa baieztatzen duen azterketa bat egin ondoren.
2,7 metroko altueran dagoen piezaren inaugurazio-ekitaldian Enrique Maya Iruñeko alkatea, Udalbatzako kideak, Ana Hueso Udal Artxiboko arduraduna eta Alejandro Aranda ikerketaren egilea izan dira. Eskultura-multzoaren jatorrizko jabea den Huarte familiaren ordezkari gisa Carmen Huarte bertaratu da.
Inauguratu berri den pieza Iruñeko armarriaren heraldika-landu bat da, XVI. mendeko bigarren erdikoa. Pieza, hirian hezkuntza-esparruari oso lotuta dagoen Huarte familiarena zen eta Kale Nagusiko etxebizitza bateko beheko solairuan zegoen. Eraikina eta bertako ondasun guztiak salgai jartzean, familiak administrazio publikora jo zuen, ondare-balioa zuen piezaren bat haren interesekoa izan ote zitekeen jakiteko. Udalak, armarriaren garrantzi berezia egiaztatu ondoren, pieza erosi zuen Kondestablen jartzeko.
Kondestablearen jauregia armarriaren garaikidea da, biak XVI. mendekoak baitira. Gainera, aurreko Udaletxea eraikitzen zen bitartean, XVIII. mendearen erdialdean (gaur egun orduko fatxada barrokoa kontserbatzen da), Udalak jauregian izan zuen egoitza, eta horrek testuingurua ematen dio, pieza hori Udaletxe gisa erabili zen eraikin horretan betirako ikusgai jartzeari.
Berariazko txostena
Eskultura-multzoa Udaleko eta Nafarroako Gobernuko teknikariez gain, Artearen Historian doktore den eta Nafarroako Unibertsitateko Nafarroako Ondare eta Arte Katedrarekin lotura duen Alejandro Arandak ere baloratu zuen. Bere txostenean, historialariak multzoaren balio artistiko berezia nabarmentzen du, hala diseinuan nola gauzatzeko orduan. Balio historikoari dagokionez, are handiagoa da, XVI. mendeko Iruñeko armarrien irudikapenak urriak baitira, eta, zehazki, ez da horrelako harrizko tailurik kontserbatzen, armarri-mota horiek ez baitute horiei eusten zieten eraikinek baino gehiago irauten.