
Gabriel Imbuluzqueta kazetariak 2019ko Txondorra-egur ikatza saria jaso du Iruñeko alkate Enrique Mayaren eskutik. Olentzeroren Lagunen Elkarteak Iruñeko Udalarekin elkarlanean sustatzen duen sari honek aintzatetsi egin nahi du jardunean kultura herrikoi eta tradizionala bultzatzen eta garatzen laguntzen duen pertsona edo erakundea. Alkatearen eskuetatik jaso du kazetariak Benito Goñik igeltsuz eta hautsez egindako irudia, gaurtik aurrera Nafarroako kultura tradizionalaren inguruan egindako ikerketa- eta narrazio-lan zabalarengatik pertsona aipagarritzat nabarmentzen duena. Omendutakoaz goraipatu du “gure bizitzetako egunerokoak jorratzen dituen nafar idazlerik garrantzitsuenetako bat dela. Aditua da hori egiten, eta modu dotorean gainera, hala mamian nola azalean”.
Saria emateko ekitaldian, Udaletxeko Harrera-aretoan, sariketaren bosgarren edizioari amaiera emanez, Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola, Olentzeroren Lagunak Elkarteko ordezkariak eta Udalbatzako nahiz epaimahaiko kide batzuk izan dira. Behin saria emanda, elkarteko bi dantzarik Olentzero dantza egin dute. Musika Hego Haizea txistu-taldearen eskutik izan da.
Artisautzan eta etnologian aditua
Gabriel Imbuluzqueta Alcasena (Elizondo, 1945) kazetaria Informazio Zientzietan doktorea da Nafarroako Unibertsitatean (1991), XIX. mendeko prentsa nafarrari buruzko tesiarekin. Diario de Navarrako erredaktorea izan zen 1976tik 2010ean erretiroa hartu zuen arte, eta kazetari-lanaz gain, etnografia ere landu du, bereziki artisautzarekin lotutako gaietan nabarmendu delarik. Hainbat sari jaso ditu: Iruñeko Udalak deitutako Sanferminetako Nazioarteko I. Kazetaritza saria (1980), Nafarroako Foru Diputazioak deitutako Nafarroako Artisautzari buruzko I. Kazetaritza-Lehiaketa (1983) eta Teobaldo saria, Nafarroako interes turistiko handiak sustatzeko kazetaritza-lanik onenari emana (2010).
Halaber, kolaborazioak egin ditu Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Turismo en Navarra aldizkarian –artisautza eta etnologiari buruz– eta Conocer Navarra aldizkarian –artearen, kondairen eta festen inguruan–. Era berean, honako entitate hauetan parte hartu du: Etniker Navarra, Baskoniako Atlas Etnografikoaren eskualde arteko Batzordea eta Nafarroako Artisautzako Aholku Batzordea. Argitalpen-zerrenda luzea du, besteak beste, honako hauen inguruan: artisauak, XIX. mendeko egunkari nafarrak, Nafarroako kondaira, tradizio eta bitxikeriak, Iruñeko erraldoiak, Baztan, historia eta turismoa.
Sarirako epaimahaikideak honako hauek izan dira: Iruñeko alkate Enrique Maya; Kultura eta Kiroleko kontseilari Rebeca Esnaola; Nafarroako Kazetarien Elkarteko lehendakari Patxi Pérez, eta Euskal Hizkuntza eta Kulturako Katedrako eta Etniker-Navarrako ordezkari Naiara Ardanaz. Lehen edizioan ex aequo eman zieten saria Lesakako herriari eta, hil osteko omenaldi gisa, Andoni Santamaríari, San Antonioko Gazteriaren sortzaileari. 2016an, Joxe Ulibarrena eskultore eta etnografoak jaso zuen saria, eta hurrengo urtean saria Juan Antonio Urbeltz etnografoak eta Marian Arregik osatutako bikotearentzat izan zen. Iaz Pello Apezetxea etnografo, etnologo, idazle eta apaizak jaso zuen saria.