
Fernando Renesen Merkurioren disidentzia erakusketa urriaren 3tik azaroaren 16ra bitarte egonen da ikusgai Ziudadelako Bolborategian. Artista burgostarrak marrazki-multzo bat hautatu du, eta horrez gain, aretora ongietorria emateko, lauzaz osatutako mosaiko bat sortu du. Erakusketa gaur goizean aurkeztu dute Iñigo Gómez Eguíluz Kulturako, Jaietako eta Kiroleko Alorreko zuzendariak eta Fernando Renes sortzaileak.
Merkurioren disidentzia erakusketaren marrazki gehienak 2025ean sortuak dira, baina lan zaharragoak ere badaude, baita substratu sedimentarioen antzerako beste batzuk ere, collage teknikari esker hainbat garaitako marrazkiak gainjartzen ahal baitira. Tinta, akrilikoa eta akuarela baliatuta, paper gainean eginiko 33 marrazki dira, eta horietako batzuetan collage teknika erabili da; bestalde, erakusketara ongietorria emateko, lauzaz osatutako mosaiko bat dago ikusgai.
Fernando Renesek marrazkiari esklusiboki eskaintzen dion lehen erakusketa da, eta egiteko modu bat aldarrikatzen du, 90eko hamarkadan hasi zenetik lan egiten baitu horrela. Azken aldian zeramikaz egindako lanetan ardaztu ditu erakusketak, batez ere artistak berak sortutako lauzez osatutako mosaikoetan.
Renes paper gainean sortutako marrazkiekin guneak “alikatatzen” hasi zen, lauzara egin zuen salto ondoren, eta orain hastapenetara bueltatu da, paperera, marrazkia praktika artistiko gisa berehalakoa, freskoa eta ludikoa dela aldarrikatzeko. Gainera, artistak adierazi duenez, hauxe da marrazkira bueltatu izanaren arrazoietako bat: bitartekoak erraz maniobratzeko aukera ematen du, azkarrago asetzen du haren adimen inkisidorea.
Halaber, Renesek, lehenbizikoz, formatu txikiko 5 marrazki jarri ditu ikusgai, artistak gainean eraman ohi dituen koadernoetan agertzen diren horiek, hain zuzen ere. Hazien moduko apunte txikiak dira, eta batzuetan etorkizuneko gertakariak iragartzen dituzte, baina beste batzuetan artistaren sismografo kutunaren erregistroak baino ez dira.
Fernando Renesen marrazkiek benetakoa dena zalantzan jartzen dute, eta errealitatea eta artea ulertzeko beste modu bat proposatzen dute, gehiegizko informazioak, digitalizazioak eta berehalakotasunak monopolizatutako ingurune batean. Balio ekonomikoak amore ematen du artistaren trazu sinbolikoen aurrean, eta artistak berak bisitariak gonbidatzen ditu sormena eta irudimena erabilita trazu horiek edukiz betetzera
Burgos, New York, Erroma eta Bilbo
Fernando Renes artistak (Covarrubias, 1970) Bilbon eta haren jaioterriaren artean, Burgosko hego-ekialdean, bizi eta lan egiten du. Madrilgo Unibertsitate Konplutentseko Arte Ederretako Fakultatean ikasi zuen (1994), eta Ikerketa eta Sormena Artean Masterra egin zuen Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako Fakultatean (2017). 90eko hamarkadan hasi zuen praktika artistikoa, eta batez ere marrazkiak eta animazioak egiten zituen. 17 urtez New Yorken eta Erroman bizi ostean, 2014an itzuli zen Estatura: zeramika lantzeari ekin zion bere piezei euskarri tridimentsional eta arrunta emanda.
Fernando Renesek toki askotan egin ditu bakarkako erakusketak: besteak beste, Nexo990 Espazioan; Palentziako Monzón de Camposen (2024); MUSACen, Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoan (2022); Iruñeko NUPen, Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2021); Bilboko BilbaoArte Fundazioan (2019); Burgoseko CAB Caja de Burgos Arte Zentroan (2019); Malagako Genalguacil Herri Museoan (2024 eta 2017); Salamancako DA2-n (2015); Madrilgo La Casa Encendida-n (2006) eta New Yorkeko TRANS>area-n (2005).
Egilearen lanak hainbat bildumaren parte dira: Botín Fundazioa (Santander); Centre d´art La Panera (Lleida); Federico García Lorca Fundazioa (Granada); MUSAC Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoa (León); Artium–Eusko Jaurlaritza Museoaren bilduma (Gasteiz) eta Queens Museum of Art (New York).
Merkurioren disidentzia. Fernando Renes
• Ziudadelako Bolborategian
o Datak: 2025eko urriaren 3tik azaroaren 16ra
o Ordutegia: asteartetik larunbatera, 11:30etik 13:30era eta 18:00etatik 20:30era; igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era; astelehenetan, itxita.