
Iruñeak pilotaren munduko hiriburua izateko egindako apustuaren barruan, Udalak Euskal Pilotaren Nazioarteko I. Biltzarra antolatu du azaroan. Hitzordua azaroaren 11n eta 12an izanen da, eta topaketak, hitzaldiak eta pilota-partidak Gayarre antzokian eta Labrit pilotalekuan eginen dira. Biltzarrera joateko interesa dutenek https://congresopelotavasca.com/eu/home-euskara/ webgunearen bidez eman beharko dute izena. Sarrera doan da.
Nazioarteko Biltzarraren programa, topaketaren irudi ofiziala eta webgune berria (congresopelotavasca.com/eu/home-euskara) gaur, ostegunarekin, aurkeztu dute Maider Beloki Unzu Kulturako, Jaietako eta Kiroleko zinegotziak, Mikel Armendáriz Barnechea Sustapen Ekonomikoko, Europar Proiekzioko, Berrikuntzako, Gazteriako eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak eta Mikel Goñi Erice Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako lehendakariordeak.
Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarraren bidez, Iruñeko Udalak hiru helburu ditu. Alde batetik, euskal pilotak ondare bizi gisa duen kultura- eta kirol-balioa aitortu nahi du. Bestalde, xede du elkarrizketarako gune bat sortzea kirol profesionalaren, hezkuntzaren, ikerketaren, berrikuntza tekniko eta medikoaren, kultur kudeaketaren eta oinarriko kirolaren artean. Eta, azkenik, kirolak etorkizunean izanen dituen erronkak eta aukerak aztertu nahi dira, hala belaunaldien arteko transmisioa, nola nazioarteko proiekzioa eta gizarte-testuinguru berrietara egokitzeko gaitasuna.
Helburu horiek aintzat hartuta, programaren asmoen artean nazioartean ezagunak diren pertsonekin hitzaldiak egitea dago, baita topaketak eta kirolaren modalitate desberdinetako pilota-partidak antolatzea ere. Biltzarra azaroaren 11n abiatuko da Gayarre antzokian eginen den gala batekin, eta kirol horren ondarea eta izan dituen protagonistak balioan jarriko dira bertan. Hurrengo egunean, Labrit pilotalekuan, topaketaren programa zientifikoa eginen da.
Pilotaren etorkizuna eztabaidagai
Zehazki, azaroaren 12ko jardunaldian, pilotaren oraina eta, batez ere, geroa aztertuko dira, askotariko alderdiak abiapuntu hartuta: besteak beste, osasuna, teknika eta teknologia, hezkuntza eta oinarriko kirola, zuzeneko jolasak, tradizioak eta ondare immateriala, pilota eta emakumeak eta komunikabideak eta pilota-jokoak.
Jardunaldian, halaber, parte-hartzaileen arteko topaguneak, bi pilota-partida eta Moldeak hausten dituzten istorioak izeneko amaierako hitzaldia eginen dira. Hitzaldian iragana eta euskal pilotaren profesionalizazioa eta nazioartean izan duen hazkuntza eta etorkizuneko erronkak –kirol olinpiko bilakatzeko aukera, kasurako– lotuko dira. Hurrengo hilabeteetan, mahaietan hizlari eta moderatzaile gisa parte hartuko duten pertsonen izenak ezagutzera emanen dira; batzuk Frantziatik eta Latinoamerikatik etorriko dira, eremu horietan kirol hori oso errotuta baitago.
Horrekin guztiarekin, Iruñeak xede du pilotazaleen erreferente bihurtzea eta kirol horren eta hiriko zein Nafarroako kulturaren, tradizioaren eta etorkizun ekonomiko, sozial eta sanitarioaren arteko harremanean sakontzea.
Mugaz gaindiko proiektua
Euskal Pilotaren Nazioarteko Biltzarra IRUHBI ekimenaren barruan dago: mugaz gaindiko proiektu europarra da, eta Iruñeko Udalak, Biarritzeko Udalak, Uharteko Udalak, Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzak, Iparraldeko Pilota Batzordeak eta Biarritz Atlhetic Club-ek osatzen dute.
Ekimenak 3.602.895,50 euroko aurrekontua du, eta horietatik 624.325,77 Iruñeko Udalak jartzen ditu: FEDER funtsek finantzatu dute hein batean (%65), Europako POCTEFA 2021-2027 programaren bitartez. IRUHBI Pilota ekimenak euskal pilotaren ondarea balioan jarri nahi du kulturaren, kirolaren eta turismoaren ikuspegitik, mugaren bi aldeetako lurraldeen arteko lankidetza indartuta.