KEMENDI Mendillorriko komunitate energetikoak urratsak ematen jarraitzen du hirian sortuko den lehen komunitatea izateko, urtebete baino gehiagoko parte-hartze prozesu baten ondoren. Gaur egun, ehundik gora etxek, pertsonak edo negozio txikik agertu dute energia-komunitate horren kide izateko interesa. Azaroaren 2an aurkeztu ziren jendaurrean komunitate hori osatzeko talde eragileak egindako lanak.
Iruñeko Udalak dagoeneko abian jarri du instalazio fotovoltaikoa –proiektuaren hazia– lagatzeko prozesua, zeina El Lago eta Mendigoiti ikastetxeetan, Mendillorrin bertan, jarriko baita. Halaber, Mendillorriko komunitate energetikoaren estatutuak erregistratu dira, eta proiektu berriak ebaluatzeko eta komunitate energetikoen proiektu pilotu berezietarako pizgarrien programako CE Implementa laguntzak eskuratzeko ideia helarazi da, Next Generation EU Europako funtsekin finantzatutako Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren esparruan.
Komunitate energetikoak funtsezko tresna dira klima-aldaketa eta trantsizio energetikoaren aurkako borrokan. Kideek askatasunez eratutako irudia da, parte-hartze irekia eta borondatezkoa du, eta bertan figura juridikoek, fisikoek eta are administrazio publikoek ere parte har dezakete. Lan komun horren xedea da energia sortzeko instalazio berberetaz edo komunitatearen inguruan dauden beste neurriez kolektiboki baliatzea. Horien bidez energiari lotutako hainbat jarduera egin daitezke, hala nola ekoiztea, kontsumitzea, gordetzea, partekatzea edo saltzea.
Instalazio fotovoltaikoen proiektuak 530 Wp-ko 192 modulu fotovoltaiko ditu, elkarri konektaturik. Aurreikuspenen arabera, 109.498 kWh-ko batez besteko potentzia sortuko dute, eta auzoari zerbitzu energetiko hurbilak, jasangarriak eta ekonomikoak eskainiko dizkioten proiektu askoren artean lehena izatea espero da. Ildo horretan, lana ‘GoGreen Iruña’ udal-estrategiaren barruan kokatzen da, hiriak klima-aldaketaren kontra borrokatzeko egiten dituen jarduketa guztiak barne hartzen dituena.
- Gaurkotasuna
- Berriak
- Ehundik gora pertsonak, entitatek eta negozio txikik agertu dute Mendillorriko Energia Komunitatearen kide izateko interesa