Iruñeak Carteroo estreinatuko du gaur, paketeak etxeetara eramateko zerbitzu garbi, jasangarri eta hurbilekoa. Ekimen honi esker, hurbileko gune logistiko bat (‘hub’) ezarri da autobus-geltokian, eta handik paketeak herritar eta merkatarien artean banatuko dituen motokargo elektriko bat abiatuko da. Fase pilotua hiriko Alde Zaharrean hasiko da. Horrela, Correos Express eta Vectaliaren arteko aliantzari esker sortutako zerbitzu berri hau eskaintzen duen Espainiako lehenengo hiria izanen da Iruña. Udala enpresa horiekin elkarlanean ari da ekimen jasangarri hau errazte aldera.
Enrique Maya Iruñeko alkateak, Juan Manuel Serrano Grupo Correoseko lehendakariak eta Antonio Arias Vectaliako kontseilari ordezkariak Carteroo zerbitzua aurkeztu dute gaur goizean, online erosten dutenei CO2-ko isurpen gutxiko zerbitzua eskainiko dien proiektua, ibilgailu elektriko txikiak erabiliko baitituzte Correos Expresseko paketeak banatzeko.
Hiru entitateek lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur goizean ekimen hau abiatzeko. Hitzarmenak jasotzen duenaren arabera, Correos Express, Vectalia eta Iruñeko Udalak jasangarritasunarekiko konpromisoa adierazten dute, eta furgonetekin eta antzeko ibilgailuekin egiten diren ohiko banaketak murrizten eta ordezten saiatuko dira, kutsakorragoak eta zaratatsuagoak izateaz gain, inpaktu handiagoa baitute espazio publikoan.
Egunero ehun pakete baino gehiago
Correos Expressek, batez beste, 800 bidalketa egiten ditu Iruñean egunero, horietatik ia ehun Iruñeko Alde Zaharrean. Bestalde, mugikortasunean eta zerbitzuetan espezializatuta dagoen Vectalia enpresak Iruñeko autobus-geltokia kudeatzen du.
Carteroo proiektu berriari esker, Iruñeko autobus-geltokia nodo logistiko bat izanen da, eta azken miliako banaketa-zerbitzu azkar eta eraginkorra eskainiko du. Geltokiaren barruan sarbide erraza duen gune bat gaitu da, bertan salgaiak utzi eta jarraian modu eraginkor eta jasangarrian banatze aldera amaierako bezeroei. Banaketa ibilgailu berri batean eginen da, zero isurketako ziklomotor ekoelektriko batean. 400 kiloko karga-ahalmena du, 100 kilometroko autonomia eta gehieneko abiadura 45 kilometro ordukoa da. Dena den, Iruñean egiten dituen ibilbideetan ez du abiadura hori hartuko, Alde Zaharrean 30 km/h-ko abiadura-muga baitago, eta tarte batzuetan, oinezkoen eremua izateagatik, 20 km/h-koa.
Proiektu aitzindari horrez gain, Iruñeko Udalak mikrosare adimentsu bat instalatuko du autobus-geltokian, honako hauez osatua: auto elektrikoak kargatzeko gune bat –eraikinaren estalkian paratutako eguzki-panelen energiaz hornitua–, bigarren bizitzako bateriekin egindako metatze-sistema bat, eta elementu horiek guztiak kontrolatzeko sistema bat.
Kasu honetan, mugikortasun berria bultzatzeak oinarri du ibilgailu elektrikoei erraztasunak ematea, bereziki garraio publikoan, izan ere, fotolinera autobus-geltokiko lurpean instalatuko da (-1. solairuan), taxi-geralekuaren ondoan, auto-mota horiek kargatze aldera. Karga-azkarreko zutoinari esker, ordu erdian ibilgailu elektrikoen bateriaren zati handi bat kargatu dezakete hala taxiek nola bestelako ibilgailu pribatuek.
Iruña, Go Green
Carteroo proiektu pilotua hiriko energia-trantsizio eta klima-aldaketarako Go Green Iruña estrategiaren barnean dago txertaturik. Udalak aldaketa bat bultzatu nahi du hala pertsonen nola salgaien mugikortasunean eta garraioan, eta horretarako ildo estrategikoetako bat da banaketa jasangarriko sistemak ezartzea ‘azken miliakoak’ izenekoak, eta horiei lotuta sarbide murriztuko eremuetara sar daitezkeen banaketa-ibilgailuak arautuko dira, kutsakorrak ez diren eta hiri-espazioan inpaktu txikia duten ibilgailuen erabilera sustatuz. Hala dator adierazita Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoa sorburu duen Iruñeko Mugikortasun Estrategian (2020-2023).
Agiri horren lehen helburu estrategikoa da “Iruña berdea, ekologikoa eta klimarekin engaiatua lortzea”, eta horretarako sortu da Go Green Iruña marka.