Batasunaren Pribilegioaren kariaz antolatutako musika-programazioari larunbatean emanen zaio hasiera, Gazteluko plazan Nafarroako Orkestra Sinfonikoak doako kontzertua eskainiko duelarik

Batasunaren Pribilegioaren kariaz antolatutako musika-programazioari larunbatean emanen zaio hasiera, Gazteluko plazan Nafarroako Orkestra Sinfonikoak doako kontzertua eskainiko duelarik
Operetak, zartzuelak eta martxak dira programa anitzean osagai, eta emanaldia 20:00etan hasiko da

Larunbatean –abuztuak 31– Nafarroako Orkestra Sinfonikoak doako kontzertua emanen du Gazteluko plazan; horrela emanen zaio hasiera Batasunaren Pribilegioaren urteurrena ospatzeko Iruñeko Udalak antolatutako musika-programazioari. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak operetak, zartzuelak eta martxak jarriko ditu entzungai, emanaldi berezian, programa anitzean, Manuel Hernández-Silva zuzendari titularraren batutapean. Kontzertua 20:00etan hasiko da.
 
Goizean, María García-Barberena Kultura eta Berdintasuneko zinegotzi ordezkariak, Manuel Hernández-Silva NOSeko zuzendariak berak eta Félix Palomero Baluarte – NOS Fundazioko zuzendari-kudeatzaileak kontzertu honen xehetasunak aurkeztu dituzte. Programan honako lan hauek daude: F. Schubert (1. martxa militarra, D733, opus 55), F. V. Suppè (Poeta eta laboraria, Obertura), J. Brahms (6. dantza hungariarra), F. Lehár (Urrea eta zilarra balsa), A. Dvorak (8. dantza eslaviarra, opus 46), J. Strauss (Unter Donner und Blitz polka, opus 324), R. Chapí (Granaderosen danborra, Preludioa) eta G. Giménez (Luis Alonsoren ezteiak, Interludioa). 

Kontzertuaren zuzendaritza artistikoa Manuel Hernández-Silvaren eskutik izanen da. Vienako Goi Mailako Musika Kontserbatorioan lizentziatu zen, ohorezko matrikularekin, eta urte horretan bertan Wiener KammerOrchester-en zuzendaritza-lehiaketa irabazi zuen, Austriako hiriburuko Konzerthaus-en orkestrarako zuzendari arituz. Kordobako Orkestrako zuzendaria izan da; eta Caracaseko Simón Bolívar orkestran, gonbidatu nagusia. Egun Málagako Orkestra Filarmonikoko zuzendari titular eta artistikoa da, eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendari artistikoa. Hernández-Silva irakasle ere aritzen da, bai nazioarteko zuzendaritza- eta interpretazio-ikastaroak bai hitzaldi ugari emanez.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Pablo Sarasatek 1879an sortua, Espainiako orkestra-esparruan oraindik aritzen den talderik antzinakoena da, ia 140 urte baititu. Urte horietan, Pablo Sarasate Nafarroako Orkestra Sinfonikoa auditorio nagusietan, opera-aldietan eta jaialdietan aurkeztu da bai Espainian bai nazioartean. Oso adierazgarria da Théâtre des Champs Elysées eta Théâtre du Châtelet antzokietan (Paris) hainbatetan egon izana, baita Universal Music zigiluak Europako auditorio garrantzitsuetan antolatutako kontzertu-bira ere. Egun Baluarte Fundazioan dago.

Musikarekin beste hitzorduak, irailaren 8a arte
Batasunaren Pribilegioaren kariaz antolatutako musika-programazioan beste bost hitzordu daude; horiek ere, doakoak. Asteazkenean, San Zernin elizan, Valentín Larrea Yturberi eskainitako kontzertu-omenaldi hau izanen da 20:00etan: Itxaso Aristizabal piano-jotzaileak musikagile gipuzkoarraren (Gabiria 1876 – Iruña 1970) pianorako lanen sorta hautatua joko du, pieza batzuk gogora ekarriz eta aintzatetsiz. Irailaren 5ean –ostegunarekin–, Nafarroako musika-ondaretik berreskuratu diren lanak –hain zuzen Iruñeko eta Segoviako katedraletako artxiboetakoak– jarriko dira entzungai, Andre Maria Katedraleko kontzertuan, hori ere 20:00etan. Zuzendaria Aurelio Sagaseta Kapera-maisua izanen da.

Irailaren 7an –larunbatarekin– hitzordua bikoitza izanen da. Goizean eta arratsaldean (12:45 – 14:00 eta 17:00 – 23:15), Burgoen plazan Pim Pam Ville jaialdiaren hirugarren edizioa izanen da, rock, punk eta psicodeliaren musika-eszenako tokiko eta nazioarteko taldeekin. Arratsaldean (19:30), Kondestablearen jauregian Paulino Otamendi orkestrak eta Amaia Huarte sopranoak emanen dute kontzertua; juglareek eta ministrileek Nafarroako Karlos III.a erregearen gortean jo ahal izan zuten musika du abiapuntu, eta XV. eta XVI. mendeetako Europako instrumentu- zein ahots-errepertorioaren zati bat hartzen du barne.

Azkenik, Batasunaren Pribilegioaren egunean bertan –irailaren 8an, igandearekin– La Pamplonesak ohiko kontzertua emanen du Gazteluko plazan. Bandak, J. Vicent Egea zuzendari izanen duela, estilo ezberdinetako pieza sorta hautatua joko du, hala nola musika herrikoia, klasikoa, banden musika eta martxak, XX. mendeko egile amerikar eta europarrek konposatuak. 

 

NAFARROAKO ORKESTRA SINFONIKOA. ABUZTUAK 31, LARUNBATA. 20:00. GAZTELUKO PLAZA

Programa 

  • F. SCHUBERT        1. martxa militarra, D733, opus 55
  • F. V. SUPPÈ         Poeta eta laboraria, Obertura 
  • J. BRAHMS            6. dantza hungariarra
  • F. LEHÁR               Urrea eta zilarra balsa
  • A. DVORAK            8. dantza eslaviarra, opus 46
  • J. STRAUSS            Unter Donner und Blitz polka, opus 324
  • R. CHAPÍ               Granaderosen danborra, Preludioa
  • G. GIMÉNEZ       Luis Alonsoren ezteiak, Interludioa

Zuzendari teknikoa eta artistikoa: MANUEL HERNÁNDEZ-SILVA

 

MUSIKA-PROGRAMAZIOA, BATASUNAREN PRIBILEGIOAREN KARIAZ

Irailak 4, asteazkena. 20:00. San Zernin eliza

  • PIANORAKO KONTZERTUA, ITXASO ARISTIZABALEN ESKUTIK. VALENTÍN LARREA YTURBEREN OMENEZ
     

Irailak 5, osteguna. 20:00. Andre Maria Katedrala 

  • KATEDRALEKO MUSIKA KAPERAREN KONTZERTUA
     

Irailak 7, larunbata. 19:30. Kondestablearen jauregia

  • PAULINO OTAMENDI GANBERA ORKESTRAREN ETA AMAIA HUARTE SOPRANOAREN KONTZERTUA
     

Irailak 7, larunbata. 12:45 – 14:00 eta 17:00 – 23:15. Burgoen plaza

  • PIM PAM VILLE MUSIKA-JAIALDIA
     

Irailak 8, igandea. 20:00. Gazteluko plaza

  • LA PAMPLONESA UDAL BANDAREN KONTZERTUA. 
Irudia