‘Autentika’ azokaren eskutik, Iruña Nafarroako tokiko arrazen eta produktuen erakustoki izanen da irailaren 4tik 6ra bitarte

‘Autentika’ azokaren eskutik, Iruña Nafarroako tokiko arrazen eta produktuen erakustoki izanen da irailaren 4tik 6ra bitarte
Azoka Batasunaren Pribilegioari eta Iruñeak jasangarritasunaren alde egiten duen apustuari dago lotuta, eta Runa parkean eta Gasen eskortetan 25.000 m2 hartuko ditu guztira
Irudia
Irudia
Irudia
Fitxategi
Fitxategi

 

Batasunaren Pribilegioari lotutako ‘Autentika’ ganadu-azokaren bigarren edizioa irailaren 4tik 6ra antolatuko da Iruñean. Bigarren edizio honetan, azokak tamaina bikoiztuko du iazkoarekin alderatuta, eta hala, ganaduaren, gastronomiaren, tokiko ekoizpenaren eta herritarren arteko topagune nagusi bihurtuko da. 25.000 metro karratu hartzen ditu azokak, eta adin guztietarako jarduerez beteriko programa eskainiko du Nafarroako tokiko arrazen, zuzeneko salmentaren eta hurbileko elikagaien inguruan. 

320.650 euroko aurrekontua du azokak, eta Iruñeko Udalak eta Nafarroako Gobernuak sustatzen dute INTIA eta Reyno Gourmeten bidez, Batasunaren Pribilegioaren (irailak 8) karietara antolatutako jardueren barruan. Ekitaldia, gainera, Nafarroako Rural Kutxak, Eroskik eta Noticias taldeak babesten dute, abeltzaintza-elkarte hauekin lankidetzan: ACASNA, ARANA, ARACAPRI, ASBENA, ASCANA, ASLANA, ASPINA, Euskal Txerri, JACANA, Pottokalagun, SASIKO eta Eoalak. 

Berritasun nagusi gisa, aurten, tamaina bikoizteaz gain, dibulgatzeko alor espezifiko bat sortu da, abeltzaintza-sektorearen errealitatea herritarrei hurbiltzeko eta sektoreak aurre egin behar dituen aukerei eta erronkei buruz hausnartzeko. Era berean, ostiraleko inaugurazio-eguna gazteei eta belaunaldien arteko erreleboari eskainiko zaie bereziki, funtsezko erronka baitira sektorearen etorkizuna bermatzeko.

Elikadura- eta lurralde-burujabetza handiago baterantz
Azokak 70.000 lagun baino gehiago bildu zituen iaz, eta instituzioek egin duten apustua zifra hauetan islatzen da: hamabi arraza desberdinetako 600 abelburu, ganaduaren erakustaldietarako, salmentarako, gastronomiarako eta dibulgaziorako lau gune eta tokiko elikagaien 30 ekoizle baino gehiago. Hauek dira azokan ikusgai egonen diren Nafarroako tokiko hamabi arrazak: behi piriniotarra, ardi latxa, Nafarroako arrazako ardia, sasi-ardia, euskal txerria, Aurizko zaldia, Nafarroako zaldikoak, nafar kasta, pottoka, betizu behia, euskal oiloa eta ahuntz piriniotarra.

Honako hauek aurkeztu dute ekitaldia: Joxe Abaurrea San Juanek, Gobernu Estrategikoko, Hirigintzako, Etxebizitzako eta 2030 Agendako zinegotziak; Rubén Goñi Urrozek, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko zuzendari nagusiak; eta Alberto Suescun Macayak, ARANAko presidenteak. Aurkezpenean hauxe nabarmendu da: “klima-aldaketak eta trantsizio energetikoak baldintzatutako testuinguruaren barruan, gizarteak behar-beharrezkoa du kanpoko baliabideekiko hain menpekoak ez diren lurralde erresiliente eta jasangarriagoetarantz aurrera egitea”. 

Ildo horretan, ‘Autentika’ bezalako ekitaldiek “aukera ematen dute erronka horiek herritarrei hurbiltzeko eta tokiko ekoizpenaren, abeltzaintza estentsiboaren, biodibertsitatea kontserbatzearen eta hurbileko kontsumoaren garrantzia erakusteko”. “Azokak aukera ematen du tokiko elikagaien sistemak sendotzeko, ekonomia-jarduerak eta lurraldearen ezagutza bere horretan mantentzeko eta belaunaldien arteko erreleboari mesede egiteko, elikadura- eta lurralde-burujabetza handiago baterantz aurrera eginez”.

Nafarroako zaporeak ezagutzeko gune gastronomikoa
Gastronomia ‘Autentika’ azokaren ardatz nagusietako bat izanen da aurten ere. Reyno Gourmeten eskutik, bi gune gastronomiko izanen ditu azokak, jatorri-deitura nafarrak eta eskualdearekin lotutako elikagaiak balioan jartze aldera. 

Azokara hurbiltzen direnek produktu hauek dastatzeko aukera izanen dute: produktu espezializatuekin egindako taloak, % 100ean ‘Autentika’ azokako tokiko arrazen haragiz egindako hanburgesak , erreki tradizionalak eta Adierazpen Geografiko Babestuko (AGB) Nafarroako aratxez eta arkumez eta moxal-haragiz egindako beste proposamen batzuk. Eskaintzaren osagarri gisa, askotariko edariz osatutako proposamen bat eta glutenik gabeko produktuetan espezializatutako “food truck” bat egonen dira, eta hala, elikagai-behar desberdinetarako elikadura inklusiboarekiko konpromisoa indartzen du azokak.

Reyno Gourmetek, gainera, bere txokoa izanen du azokan: jolas-jarduera baten bidez, bertaratuek aukera izanen dute Nafarroako kalitate bereiztuen figurak ezagutzeko.

30 ekoizle baino gehiago eta lehen sektoreko belaunaldien arteko erreleboa
‘Autentika’ azokaren gune nagusietako bat salmenta zuzeneko merkatua izanen da, eta bertan 30 tokiko ekoizlek baino gehiagok parte hartuko dute. Bertaratuek aukera izanen dute gaztak eta bestelako esnekiak, eztia, edariak, lekaleak, olioak, frutak, barazkiak eta kontserbak erosteko eta ekoizpen ekologikoarekin eta tokiko arrazekin lotutako proiektuak ezagutzeko. Halaber, merkatuak gune berri bat izanen du, produktuak zuzenean merkaturatzen dituzten tokiko arrazen ekoizleei berariaz eskainia.

Azokaren asmoa da ekoizleak eta kontsumitzaileak harremanetan jartzea, eta, modu horretan, elikadura-eredu jasangarriagoak, gardenagoak eta landa-ingurunerako onuragarriagoak bultzatzea. Ildo horretan, ‘Autentika’ Lurretik platerera proiektuaren bigarren edizioaren aurkezpenaren agertoki izanen da. Egitasmo horrek ostalaritzan eta lehen sektorean ari diren langile gazteak harremanetan jartzea du helburu, bi eremuen etorkizuna sendotzen lagunduko duten loturak sortzeko xedez.

Ostiral arratsaldeko aurkezpenaren ostean, afari berezi bat eginen da, eta bertan parte hartuko duten hamabost sukaldari gazteetatik seik tokiko eta kilometro zeroko produktuak protagonista dituzten proposamen gastronomikoak prestatuko dituzte.

Edari-dastaketak, bestelako dastaketak eta lantegiak, baita haurrendako programazioa ere
Programazioak parte hartzeko jarduerak barne hartuko ditu, eta aurrez izena eman beharko da horietarako. Horien artean nabarmentzekoak dira Bi eskutara dastatzeak: zuzeneko salmenten ekoizleek gidatuko dituzte. Hiru saio eginen dira, eta bertan konbinazio hauek dastatzen ahalko dira: eztia eta ardi latxaren gazta urtua, sagar-zukua eta landare-krema ekologikoa eta artisau-ogia eta oliba-olioa. Jardueretako bat euskaraz izanen da.

Era berean, hiru aurkezpen-dastaketa antolatuko dira, zuzeneko salmentako haragiaren ingurukoak, eta txahal piriniotarra, arkumea eta Pottoka eta Aurizko zaldien arrazako moxal-haragia izanen dira protagonistak. Saioak aukera paregabea dira produktu horien sukaldaritzako ezaugarriak eta Nafarroako zuzeneko salmentarako guneak ezagutzeko.

Bestalde ‘Autentika’ azokak familiarteko izaera indartuko du haurrei zuzendutako programazio zabalaren eskutik: jardueren artean tokiko abeltzaintzari eta zuzeneko salmentari buruzko ginkana tematiko bat antolatuko da. Horretarako, Info Txiki gunea jarriko da abian, eta bertan ibilbidea osatzeko beharrezko materialak jarriko dira eskuragarri. Haurrendako programazioak, halaber, lantegi gastronomikoak barne hartuko ditu, euskaraz eta gaztelaniaz, eta aurrez izena eman beharko da hitzordu horietan parte hartzeko.

Erakustaldiak, lehiaketak eta kontsumo-eredu berriei buruz hausnartzeko gunea
Gastronomia eta abeltzaintza lantzeaz gain, ‘Autentika’ azokak dibulgaziorako eta hausnarketarako gune bat izanen du. Dibulgazio-karpan honako hauek antolatuko dira: mahai-inguruak. aurkezpenak, jarduerak eta jaten ditugun elikagaiak ekoizten dituzten pertsonak ezagutzeko guneak. Antolatutako jardueren artean hitzaldi bat dago, haragiaren zuzeneko salmentarekin lotutako kontsumo-eredu alternatiboei buruzkoa. Saioak merkaturatzeko bide motz horien inguruko abantaila ekonomiko eta sozialak aztertuko ditu: tresna praktikoak emanen dira kontsumitzaileek tokiko produktuetara sarbide errazagoa izan dezaten, eta bitartekotzak murrizteak sortzen dituen onurak azalduko dira.

Azokak irauten duen hiru egunetan zehar, erakusketak, agerraldiak, lehiaketa herrikoiak, bisita gidatuak eta adin guztietako pertsonei zuzendutako parte hartzeko jarduerak antolatuko dira. Proposamenen artean honako hauek nabarmentzen dira: tomateari eta gaztari eskainitako lehiaketak, abeltzainen lanarekin eta animaliak gobernatzeko modu tradizionalekin lotutako erakustaldiak. Programa osatzeko, jarduera hauek eginen dira: bisita gidatuak azokaren hainbat gunetara, aurkezpen eta dastaketa espezializatuak, eta jendea Nafarroako abeltzaintza-sektorera hurbiltzeko dibulgazio-jarduerak.

¿Te ha sido útil esta página?