Iruñeko Udalak eta Nafar Ateneoak Iruña Hiria Nazioarteko Poesia Sariaren hamabosgarren ediziorako deia egin dute. Apirilaren 30era arte, 14:00etan, zabalik dago epea obrak aurkezteko, gaztelaniazko modalitatean zein euskarazko modalitatean. Lehiaketak kategoria bakoitzeko 3.000 euroko saria ezarri du, gaztelaniazko eta euskarazko modalitateetan olerki-bilduma irabazleak argitaratzeaz gain.
Pertsonak oro lehiatu daitezke poesia-sariketa honetan, haien nazionalitatea edozein izanda, betiere aurkezten diren lanak gaztelaniaz edo euskaraz idatziak badira. Aurkezten diren lanek oso-osorik argitaratu gabeak izan behar dute, bai eta aurretik epaia emandako beste ezein sariketatan saririk eskuratu gabeak ere; halaber, ezin izanen da parte hartzen aritu aldi berean beste poesia-lehiaketa batean. Aurreko urteetan irabazle izandakoek ezin izanen dute lehiaketan berriz parte hartu. Gaia eta forma libreak izanen dira, eta luzera, 400 eta 800 bertso-lerro bitartera mugatuko da.
Jatorrizko lanen lau ale aurkeztu behar dira, elkarrengandik bereizita eta DIN A-4 tamainan, orriak behar bezala zenbakiturik eta josita, grapatuta edo koadernatuta daudelarik. Poemak tarte bikoitzean idatzita egonen dira, eta alde bakarretik mekanografiatuak. Jatorrizko lanak ikurritz eta plikako sistemaren arabera aurkeztu beharko dira. Azalean, izenburua eta ikurritza idatziko dira. Atxikitako gutun-azal itxi batean, honako datu hauek emanen dira: egilea, nazionalitatea, helbidea, nortasun agiriaren edo pasaportearen kopia bat, harremanetarako telefono-zenbaki bat edota posta elektronikoa. Agiriekin batera aurkeztu behar dira hala egilearen bibliografia –labur adierazita– nola agiri bat, egiaztatzeko lana ez dela indarreko beste ezein literatur lehiaketatan aurkeztu.
Postaz, faxez edo emailez
Aurkeztu nahi diren lanak posta ziurtatuaren bitartez igorriko dira Nafar Ateneora (Barañaingo etorbidea 10, 1. A, 31008 Iruña, Nafarroa). Gutun-azalean honako hau adierazi beharko da, hartzaile gisara: ‘IRUÑA HIRIA Nazioarteko Poesia Sarirako’ Halaber, lanak posta elektroniko bidez ere igortzen ahalko diraateneo@ateneonavarro.eshelbidera. Kasu honetan mezuari bi eranskin hauek atxikiko zaizkio: bata, egilearen datuekin eta bestea, lanarekin.
Sariaren epaia ekainean emanen da argitara eta apelaezina izanen da. Epaimahaiaren osaera ere une horretan emanen da aditzera. Saria eman gabe gera daiteke. Aurkeztutako lana ezin izanen da erretiratu lehiaketa egiten ari den bitartean. Saririk jaso ez duten lanak ez dira itzuliko, eta suntsitu eginen dira epaia jendaurrean agertu eta bost eguneko epea igarotakoan.
Aurreko edizioan, 475 olerki-bilduma jaso ziren, haren aurreko urtean baino ia % 30 gehiago. Verónica Arandak Cobalto oscuro’ obrarekin gaztelaniazko modalitatean eta Oihane Zuberoak ‘Bidaia (h)ariketak’ lanarekin euskarazkoan irabazi zuten XIV Iruña Hiria Poesia Saria. Aurkeztatuko lanetatik 457 gaztelaniaz idatzita zeuden eta 18 euskaraz, 3 bakarrik iritsi ziren posta arruntez, internet izanik sortze-lanak aurkezteko bide nagusia. Europa eta Amerikako hogeitik gora herrialdetatik igorritako obrak iritsi ziren.