Arena Comunicación Audiovisual, Ostiz Sistemas Audiovisuales eta Enrique Kahle Arquitectura enpresek osatutako aldi baterako enpresa elkartea (ABEE) arduratuko da SF365 Esperientzia-zentroaren diseinuaz, gauzatzeaz, hornikuntzaz, instalazioaz eta abian jartzeaz, Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak kontratua onetsi ondoren.
Zentroa Arrotxapeko portalearen antzinako guardia-gorputzean kokatuko da eta ondo bereizitako hiru eremuren inguruan egituratuko da: bisitarien harrera- eta arreta-gunea, informazio-gunea eta esperientzia-gunea. San Domingo aldapan, entzierroa abiatzen den eskorten ondoan dagoen Guardia-gorputzak, espazioaren neurrira egindako sanferminen interpretazio-zentro bat izanen du, arestian aipatutako hiru eremuak oinarri hartuta, eta sanfermin jaiei lotutako hiru koloreko(zuria, gorria eta beltza) diseinu soila.
Zentro horren bidez, sanfermin jaiak urtaro jakin batetik bereiztea erraztu nahi da; gainera, Iruña SF365 Helmugako Jasangarritasun Turistikoko Planaren (HJTP) barruan sartuta dago hura abian jartzea. Proposamenaren helburua da ingurumen-, gizarte-, ekonomia- eta lurralde-jasangarritasunean oinarritako hiri-eredu turistiko bat garatzea, turismoaren onurak gizarteari zabaltzeko, eta haren jarduketa-ildoetako bat da sanfeminen produktuaren diseinuan eta berbideraketan eta haien bidez zabaltzen den irudian erabakitasunez aritzea. Esperientzia zentroak eta HJTPak NextGeneration Europako funtsen finantzaketa jasotzen dute, Espainiako Gobernuaren Berreskuratze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan. Proiektuak 252.890 euroko aurrekontua du (BEZ barne).
Espazio irekia
Eraikin guztian errespetatu da antzinako guardia-gorputzaren jatorrizko zurezko estalkia. Bisitariak zabalik dagoen harrera-gunetik sartuko dira eraikinean. Bertatik, informazio-gunera edo zuzenean esperientzia-gunera sartzeko aukera izanen da. Harrera-guneak, zeina hiru unitateko bideo-horma baten azpian nabarmenduta baitago, erakusmahai bat eta kontrol-postu bat ditu, eta bertatik maneiatuko da hormaren edukia eta esperientzia-gunea. Bideoak formatu panoramikoa du eta soinurik gabea da eta aurrez zehaztutako edukiak ikusten ahalko dira, Udalaren programazio turistiko eta kulturaletik hasi eta sanferminei buruzko datu eta irudietaraino.
Horren parean informazio-gunea dago, eta erabilera anitzetarako pentsatuta dago, bai SF365 esperientziari buruzko berariazko edukietarako, bai aldi baterako erakusketetarako. L itxura dauka eta alderik luzeenean horizontalki jarritako lau pantailek eduki dinamikoak emanen dituzte bisitariak sanferminen munduan sartzeko : santuaren irudia, entzierroak, jaietako janzkera eta gastronomia, historia, ganadu-feria tradizionala eta abar.
Kontrara, bertikalean jarritako beste lau pantailak bideoetan emandako informazioa indartzeko eduki estatikoak erakutsiko dituzte: festa-ibilbidearen mapa, poster zaharrak eta Ernest Hemingwayren obraren zatiak, besteak beste. Pantaila horiek guztiak zurezko egitura baten bidez bateratuko dira. Edukiak egokituta eta altuera txikiagoan ere eskainiko dira, publiko guztiendako izan daitezen. Informazio-guneko instalazioa erraz aldatu daiteke edozein unetan, eduki guztia digitala baita eta elementu grafiko guztiak editagarriak.
Esperientzia-gunea
Guardia-gorputzeko hirugarren aretoa, esperientzia-aretoa, gortina gorri baten atzean ezkutatutako labirinto bat da eta feriako barraketako sarreren antza du. Gunean ispilu gisa eta atzean dituzten monitoreen pantaila modura funtzionatzen duten panelak daude, modu horretan sanferminetan egotearen sentsazio kaleidoskopikoa sortzeko. Material islatzailez egindako zorua, toki batzuetan dardara egiten duena, eta soinua kontrolatzen duen eta hainbat bozgorailu ezkutatzen dituen sabai beltz matea, material xurgatzailez eginikoa, ongi uztartzen dira panelekin. Esperientziak festaren osagai diren elementuen kaosa eta naturaltasuna simulatzen ditu baina arintasuna ematen dion orden batekin. Bisitariek ibilbidean aurrera egin ahala eraikitzen dute kontakizuna. Ibilbidea hainbat eratan egin daiteke: murgiltze-esperientziak ez du hasierarik ezta amaierarik ere.