
Udalak izapide bat gaitu du bizikleta elektrikoen wallet-etan dirua dutenek itzultzeko eskaera egiteko aukera izan dezaten.
Maiatzaren 3ra arte eska daiteke erregistroan edo telematikoki.
Informazio guztia
Zertan datza izapidea?
Izapidea bizikleta elektriko partekatutako sistemaren erabiltzaileek walletean sartutako diruaren itzulketa-eskaera bat da. Zehazki, Udalak konpromisoa hartu du pertsona horiei Ride On Pamplona aplikazioko diru-zorro edo walletetan zuten saldoa itzultzeko.
Udalak hori egin ahal izateko, erabiltzaileek diru-zorroko dirua itzultzeko eskaera egitearekin batera, Udalari baimena eman beharko diote Ride On enpresaren aurka gauzatu beharreko ekintza administratibo eta judizialak abian jartzeko. Hori dela eta, garrantzitsua da eskaerak eskabide- eta izapide-eredu zehatz bati jarraikiz betetzea.
Nola egiten da izapidea?
Izapidea Udalaren edozein erregistrotan egiten ahal da aurrez aurre, eta, birtualki, egoitza elektronikoa webgunearen bidez. Lehentasuna eman nahi zaio izapide elektronikoari, izapidetzea azkartzen baitu, bai erabiltzaileendako bai Udalarendako.
Zer dokumentazio mota behar da?
Dirua itzultzeko eskabidea: izapide horretarako berariazko eskabide-eredua.
Ride On Pamplona aplikazioaren walletean sartutako diruaren egiaztagiria, pantaila-argazki baten bidez.
Ohar garrantzitsua: izapide elektronikoa egiteko ziurtagiri digitala edo baliokidea behar da.
Nork heltzen ahalko dio neurri honi?
Walletean dirua duten sistemaren erabiltzaile guztiek. Adingabeen kasuan, legezko tutoreek egin beharko dituzte izapideak.
Noiz egiten ahal da eskaera?
Izapidea eskuragarri egonen da martxoaren 3tik (asteartea) aurrera, bi hilabeteko epean.
Zenbat denbora beharko da dirua itzultzeko?
Eskaera izapidetzeko epea amaitu ondoren, Udalak erreklamatutako saldoen kopurua egiaztatuko du, eta erabiltzaile bakoitzari dirua itzuliko dio hilabeteko epean.
Walletei eta abonuei eragiten die?
Soilik walletei eragiten die. Erabiltzaileek dituzten kontsumitu gabeko abonuak zerbitzuaren lizitazio berriaren bidez ebatziko dira.
Nork hartuko ditu ordainketak bere gain?
Udala arduratuko da ordainketak egiteaz: 2026ko aurrekontuaren kontura eginen dira, eta, ondoren, Udalak Ride On enpresari erreklamatuko dio diru hori.