azken milia

Iruñeko Udalak Sarbide Kontrolatuko Eremurako (SKE) sarrera arautu du, batez ere Alde Zaharrean eta Arantzadiko parkean, oinezkoen eta bizikleten joan-etorriei lehentasuna eman eta kutsadura murrizteko.

2022ko abenduan Alde Zaharreko Sarbide Kontrolatuko Eremuak Emisio Gutxiko Eremu (EGE) izena hartu zuen. EGEaren kontzeptua 7/2021 Legean aipatzen da, eta bat dator Alde Zaharrerako sarbideak erregulatzen dituzten arauen helburuekin. 

Honako kale hauek zedarritzen dute eremuaren perimetroa: Taconera kalea, Navas de Tolosa kalea, Sarasate pasealekua, Ahumada Dukearen kalea, Joan Labritekoa kalea, Vergel kalea eta San Domingo kalea (San Domingoko baratzeak); halaber, denbora-tarte mugatu batez bidaiariak utzi edo jasotzeko bi zirkuitu izanen dira Merkatu kalean eta Joan Labritekoa kalean.

Iruñeko Udalak EGEari buruzko ordenantza osatu du 2025ean, eta haren ezinbesteko atala azken miliako garraioa da, hari esker sarrera asko sortzen baitira. Garraio mota horren erkidetzea funtsezkoa da Iruñeko Alde Zaharrera sartzen diren gidari ez-egoiliarren ibilgailuen kopurua murrizteko, 2023an guztira 126.000 sarrera erregistratu baitziren.

Horretarako, ezinbestekoa da EGEra sarrera gehien eragiten dituzten jarduerak eta horien ordutegiak, maiztasunak eta murrizteko balizko alternatibak jasotzen  dituen txosten bat egitea.

Iruñeko Udalak Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza bat jaso du azken miliako banaketaren txosten bat egiteko, 2 urteko epean, dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hortik antzina.