Plangintza. Gaur egungo hiria berritzeko plangintza-lanei dagokienez, 2018. urtean lan egiten hasi zen XIX. Esku-hartze Unitateko (Arrosadia eta Santa Maria la Real auzoak) Hiri Jarduketarako Plan Bereziaren bigarren fasean (HJPBren antolamenduaren diagnostikoa, aurreproiektua eta balizko alternatibak). Halaber, I. Zabalgunearen eta II. Zabalgunearen Hiri Jarduketarako eta Babeserako Plan Bereziak (HJBPB) idazteko erredakzio-taldearen esleipen-prozesua izapidetu zen.
Erorien Monumentua eraldatzeko ideien lehiaketa 2018ko urrian, Erorien Monumentua eraldatzeko ideien lehiaketa antolatu zen, monumentuari eta haren hiri-inguruneari buruzko jarduketa-proposamenak lortzeko. Aurretik, 2018ko martxoan, «Erorien monumentuaren eraikineko guneari eta inguruneari buruzko hausnarketa-jardunaldiak» antolatu ziren, ondorengo lehiaketa planteatzeko oinarri gisa balio izan zutenak. 2019an ebatzi zen lehiaketa.
Abiadura Handiko Trenaren UPS. 2018an, hitzarmenak izapidetu ziren Argal fabrika zaharreko (Arostegi etorbidea) lurzatien jabeekin, eraikin horiek aldez aurretik eraistea ahalbidetzeko. Gainera, Partzuergoaren egoitzan erabakiak hartu ondoren, obren lizitazio-prozesua prestatu zen, eta 2019ko ekitaldian egin da.
Hego Txantrea parkearen proiektuaren idazketa. Udalak 144.000 euro bideratu zituen Hego Txantrea parkea urbanizatzeko proiektua idazteko. Arga ibaiaren eta Donejakue bidearen artean dago eremua, Burlatarekiko mugan eta Txantreako hegoaldeko ertzean, eta 101.628 m2-ko azalera dauka. Parke berriaren bidez, hiriko erdigune historikoaren eta errekaren arteko –Burlatarekiko mugan– trantsizioak erraztea, konektatzea eta artikulatzea proposatzen da proiektuan; eta Txantreako iparraldeko muga Magdalenako zubiarekin lotzea. Parkea, Arga ibaiaren eta eremuaren punturik garaienaren artean, Burlatarekiko mugatik gertu, elkarri lotutako espazio eta belardi batzuez dago eratua, eta hiriaren profil monumentalaren ikuspegia dauka. Parkeko eremu guztiak izaera eta material desberdineko bide batzuen bidez komunikatzen dira. Parkearen eremuarekiko zeharkakoak diren bi bideek ibilgailu-zirkulaziorako edukiera dute, eta uholdeak gertatuz gero, Magdalena auzoko etxebizitzetarako ebakuazio-bideak dira. Iparraldean daude mugatuta belardiak.
Hobekuntza-lanak hainbat ikastetxe publikotan. 2018an hainbat hobekuntza-lan egin ziren Iruñeko zenbait ikastetxe publikotan. Zehazki, Teobaldoen kaleko 13 zenbakian dagoen Vazquez de Mella ikastetxe publikoko beheko solairuko komunak eraberritu ziren. Iturrama ikastetxe publikoko erdiko patioa osatzen duten fatxadetako arotzerietan beharrezko jarduketak egin ziren, haiek ordeztu, eta, horrela, eraikinaren inguratzailearen elementu batzuk birgaitzeko eta eraikinaren baldintza termikoak, bizigarritasuna eta erabilera hobetzeko. San Frantzisko ikastetxe publikoko komunak, suteen aurka babesteko ekipoa eta eskailera eraberritu dira; horretarako, jarduketak egin ziren sotoan, beheko solairuan, lehen solairuan eta bigarren solairuan. Guztira, 257.844,34 euro (BEZa barne) inbertitu ziren obra horietan, eta 2018ko martxoa eta apirila bitartean amaitu ziren. Horri guztiari beste 108.720,35 euro gehitu behar zaizkio (BEZa barne), Amaiur ikastolako komunak eta haien irisgarritasuna hobetzeko. Obra horiek 2018ko abuztuan amaitu ziren.
Sadar ibaiaren hobekuntza hidraulikoa. 37.449,75 euroko aurrekontua zegoen proiektua idazteko; proiektua Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren errekerimendu batetik sortu zen: Sadar ibaiaren ibilguan, Nafarroa etorbidearen parean, sortzen den estutze-puntua konpontzea, eta, horrela, haren ahalmen hidraulikoa handitzea, ur-goraldietan kalteak saihesteko lursail mugakideetan.
Sanduzelai berrurbanizatzea. Udalak 56.000 euro bideratu ditu VI. EUko ZNO-1 eremua (Sanduzelai) eta haren ingurua urbanizatzeko proiektua idazteko. ZNO-1 eremua gaur egun udal-biltegi gisa erabiltzen diren eraikin batzuek osatzen dute, eta erabilera publikoko eremu libre bat da ingurunea, kirol-eremu eta patinodromo izateko bideratua. Txalet txiki bat ere badago, auzo-elkarteak gune osagarri gisa erabili izan duena. 1970eko hamarraldian urbanizatutako eremua da. Narriatuta dago zona, zaharra baita, eta gerora birmoldatu diren gune perimetraletatik deskonektatuta dago. Hauek dira helburuak: eremu hori lehengoratzea, balio handiagoa emateko; auzoa biziberritzea; erabilera publikoko eremu berri eta hobetu batez hornitzea; eta ZNO-1 eremuan sortzen den orube eta bide berria lotzen amaitzea. 4.400 m2-ko berdegunea berreskuratuko da parkean, eta 4.500 m2-ko plaza ireki bat sortuko da, garbia, Salva doktorearen kalearen mailan. Bertan, egoteko, igarotzeko, paseatzeko, jolas egiteko eta abarretarako eremuak mugatuko dira.
Trinitarios parkeko pasealekua eta igogailua. Idazketa-proiektua 61.382,79 euroan esleitu zen. Dokumentuak aurreikusten du mendi-hegala zabaltzea eta oinezkoendako ibilbide guztiak bertan modu harmonikoan integratzea. Era berean, igogailu bat jartzea planteatzen da, Trinitarioseko komunikazioak hiriko gainerakoekin eta, bereziki, goi-ordokiko hiriarekin antolatzeko. Eremua egituratzen duen elementu bat da, eta erreferentzia bisual garrantzitsua. López Sanz doktorearen kalearekin lotuko du parkea. Behealdean, Plazaola pasealekuaren pareko oinezkoendako pasealeku berriko plazan egonen da. 20 metro inguruko desnibela gaindituko du igogailuak. Irtenbide bateratua emanen zaio L formako corten altzairuzko egitura metaliko baten bidez eta igogailuaren kabinak daukan beirazko gorputz bertikal baten bidez. Bigarren fase batean, goiko aldea urbanizatzea aurreikusten du proiektuak: López Sanz doktorearen kalea berrantolatzea eta Larraina kaletik jarraitzea, bai eta Larraina kalearen eta Iratxeko Monasterioaren kalearen arteko bidegurutzean oinezkoendako pasabideak berriro banatzea ere.
Trinitarioseko trenaren parke tematikoa. 2018ko urtarrilaren 11n amaitu zen beheko solairuko eraikuntza txiki bat egiteko obra, trenaren parkeko lokomotora eta bagoi txikiak biltegiratzeko eta konpontzeko. 47.770,73 euroan (BEZa barne) esleitu ziren obrak.
Muebles Apesteguía enpresaren eraikina eraistea. Muebles Apesteguía enpresaren nabea eraistea, Kale Nagusiaren eta Joaquín Jarauta eta Hilarión Eslava kaleen artean dagoen etxadiaren barruan zegoena, espazio publiko libre bat lortzeko. Pellejerías txokotik Santa Ana plazaraino egokituko da espazio hori, eta, horrela, eragindako eremuko etxebizitzen bizigarritasun-baldintzak hobetuko dira. Eraispena 101.640 euroan (BEZa barne) esleitu zen, eta 2018ko uztailaren 27tik abenduaren 14ra bitartean gauzatu zen.
Kableatu elektrikoa lurperatzea Jarauta kalean. Urtarrila eta martxoa bitartean, Jarauta kalean, Sanduandia kalean eta Santa Ana plazan partzialki dauden aireko kableak kentzeko lanak egin ziren. 142.019,29 euroan (BEZa barne) esleitu ziren obrak.