
Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorraren egituran Hirigintza eta Etxebizitza (horren barnean Hirigintza Gerentzia eta Hiria Zaharberritzeko Bulegoa daude) eta Kontserbazioa eta Proiektuak sarturik daude. 2016tik aurrera, azken hori egituraz aldatu da, hiru ekintzaren bidez: Proiektuen departamentu bat sortu da; Lurpeko Aparkalekuen, Pasabideen eta Autobus Geltokiaren zerbitzua abiarazi da; eta Parke, Lorategi eta Berdeguneetarako zuzendaritza tekniko bat sortu da. Hori guztia, alorrari ingurumen arloko ikuspegi handiagoa emateko eta udal-kudeaketaren eraginkortasuna hobetzeko, Udalaren aurrekontua handitu gabe.
Hasteko, memorian hirigintza-garapenak azaltzen dira, gehienak Hirigintza Gerentziak bultzatuak, baina Hiri Kontserbazioa eta Proiektuak arloko ekintzak ere ageri dira; gero, Hiri Kontserbazioa eta Proiektuak arloko jarduketak helduko dira, eta, bukatzeko, datu andana bat lizentziaz, etxebizitzez eta Hiria Zaharberritzeko Bulegoaz.
Iturrama Berriko urbanizazioaren bigarren fasearen lanak garatu ziren harik eta enpresa esleipenduna hartzekodunen lehiaketan sartu zen arte; bukatu gabeko lanak beste fase baterako gelditu ziren. Fase horretan, Leonor Trastamarakoaren plaza dago sartua, 6.000 m2-koa. Pio XII.era, Antso Azkarrera eta Gaztelugibelera dago irekia. Hiru eremu nagusi ditu. Lehena longitudinala da, paraleloa Urdazubiko Monasterioa kalearekin; zehazki, Pio XII.aren etorbiderako sarbidearen eta Gaztelugibeleko sarbidearen artean dago kokatua, Urdazubiko Monasterioaren kaleko eraikinen ondoan. Bigarrenak itxura laukizuzenagoa du, eta landaretza-eremu batek bereizia dago lehenbiziko eremutik; landaretza-eremuan badira tarteka oinezkoendako pasabideak. Espazio horretan, 240 m2-ko eremu bat eginen da haurrendako jolasak, iturri bat eta pergola bat paratzeko; pergolak itzala emanen du. Azkenik, plazako hirugarren eremua (lehen fasean gauzatutakoa) Antso Azkarra etorbidetik hurbil dagoen plaza txiki bat da. Plazaren inguruan etxebizitza-bloke berriak eraikitzen ari dira, batzuk paraleloan Urdazubiko Monasterioa kalearekin, eta beste batzuk, berriz, elkarzut Antso Azkarra etorbidearekiko. Etxebizitza berriak egungo eraikinei lotuko zaizkie; adibidez, Roncesvalles eraikinari. Hainbat lan bukatu gabe daude oraindik, adibidez: ureztapena lotzea; parterreen eta eraikinetarako lurzatien arteko plaza-eremua zagorren bidez betetzea; zoladuraren zati bat jartzea; eta lorezaintza-lanak egitea.
2016 bukaeran, Milagrosa hegoaldeko urbanizazio-lanak azken txanpan zeuden. Otsailean hasita, obra horiek industria-orube izandakoa eraldatzen ari dira, eta kale berriak, berdeguneak eta etxebizitza zein ekipamenduendako lau etxadi sortzen. 2,2 milioi euroko inbertsioa eragin dute 34.000 m2-ko esparru horretan. Eremua Aranguren Ibarraren kalearen, Guadalupe plazaren, Gariton mendixkaren eta Galarrekiko mugaren artean dago. Obren bidez, Aranguren Ibarraren kalea oinezkoendako eremu bihurtuko da ia bere osoan eta errepide berria sortuko da Guadalupe plazarekin paraleloan. Errepide berriak Sadar estadioaren hegoaldeko errepidea eta Ana de Velasco kalea Aranguren Ibarraren kaleko iparraldeko zatiarekin lotuko ditu. Kaleetan ibilgailuen zirkulazioa egonen da, baita bizikidetza eremu batzuk eta bidegorri bat ere.
Parean, Azpilagaña hegoaldean, errepideak ibilgailuendako zabaldu eta oinezkoendako zaldaina ere ireki zen, urbanizazio berria Azpilagañarekin lotzeko, bai eta ibai-parkeari jarraipena ematen dion berdegunearekin ere. Zaldaina 31,52 metro da luzeran eta Iruñeko Orfeoiaren parkera iristen den lurpeko pasabidearen ondoan dago. Lurpeko pasabideak NUPeko eta Nafarroako Unibertsitateko campusak lotzen ditu oinezkoentzat. Urbanizazio berri horretako parke-eremuak belardi zuhaiztuak izanen ditu, bai eta oinezkoendako hainbat bide ere, eta egon-guneak Zaragozako etorbidetik gertueneko aldean eta zaldainaren beraren inguruan ere. Errepideek garapen berrian sartzeko aukera ematen dute, eta, etorkizunean, merkataritza-eremu bat eta bi bulego-eraikin eginen dira bertan.
Urbanizazio-obrekin batera, Animaliak Hartzeko Zentroko instalazioak birmoldatzeko lanak egin ziren, eta sarbide berriak ere egin zitzaizkion. Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras S.A. enpresak egin zituen, 206.191,26 euroan. Proiektua alorreko udal-teknikariek prestatu zuten. Obren bidez, Udalak hainbat zentroaren eskaintza, herritarrendako arreta eta animalien ongizatea hobetu nahi ditu. Instalazioak 1983koak dira, eta bi eraikin zituzten: bata, administrazio-lanetarako eta kontsulta klinikorako, eta bestea, animaliak egoteko. Zentroaren mugak ekialderantz handitu, eta iparralderantz murriztu ziren, zentroaren funtzionaltasuna eta edukiera handituta horrela Zentroak, ordura arte, 18 boz zituen txakurrentzat, eta 6 kaiola, katuentzat. Obren bidez, eraikin modular berria egin da katuentzat, katuen eta txakurren bakartze prebentiborako, animaliak garbitzeko eta bestelako dotazio osagarrietarako.
2016ko azaroan, Tokiko Gobernu Batzarrak Trinitarios aldeko trenbideari buruzko parke tematiko berriaren lanak esleitu zituen, 348. 909, 32 euroko inbertsioa eginda. Proiektua Excavaciones Fermín Osés S.L enpresak garatu zuen, lizitazio-aurrekontua % 15,5 beheratuta. Urbanizazio-proiektuak honako hauek jasotzen ditu: tren-zirkuitua osatzeko trenbideak zein parkea itxuratzeko oinarrizko osagarri guztiak (tunelak, zubiak...), eta parkeak izango dituen eraikinetarako (eraikin nagusia eta bagoi-tokia) zimendua. Eraikinen proiektuak ondorengo faseetan garatuko dira. Urbanizazioaren osagarri, ur-hornidura, saneamendu, ureztatze, instalazio elektriko eta hiri-argiteriarako instalazioen eranskin bat dago. Une honetan, orubean ez dago eraikinik, eta 4.118 metro koadroko azalera du. Lursaila hiru zatitan banatua dago: antzinako gasolindegira sartzeko asfaltozko errepidea; antzinako gasolindegiaren eraikinaren eraisketa-eremua, lur eta harriekin; eta Gipuzkoako etorbidetik gertuen dagoen alboko bazterra, landare-lur eta berezko belardiarekin.
Azaroan beste adjudikazio bat onetsi zen Trinitarios alderako; hots, autokarabanetarako zerbitzu-eremu berria egiteko lanak. Apezetxea Anaiak S.L. enpresak irabazi zuen, lizitazio-prezioa % 7,5 beheratuta. Lurzatian, disuasio-aparkaleku bat zegoen, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroaren eta suhiltzaile-parkearen artean, hain zuzen. 33 autokarabana aparkatzeko lekua moldatu zen. Kokalekua 50x50 metro da luze-zabaleran, eta Biurdana kaletik sartzen da. Aparkaguneak lau alboetan kokaturik daude, perimetroa osatuz, eta, baita ere, lerro bikoitzeko erdiko tartean. Inguruan, oinezkoendako espaloiak daude, 1,80 metrokoak. Barruko bideak eta aparkaguneak asfaltoz zolatu ziren, eta oinezkoendako eremuak galtzada-harriz. Perimetro barneko aparkaguneen alboak landare-hesien bidez zedarrituko dira, eta izkina bakoitzeko espazioek hainbat erabilera dituzte: jendea pasatu eta egoteko eremuak, galtzada-harriz osatuak, mahaiz eta aulkiz hornituak, eta ur-hornidurarako nahiz ur grisak eta beltzak isurtzeko espazioak. Perimetroan, berdegune bat sortu zen, izkinetan zuhaitz bereziak landatuta. Bi egonaldi-mota eskaintzen ditu: hustuketakoa eta gaua ematekoa.
Inguru horretan, hirugarren jarduketa bat ere aurreikusi zen; bidegorri bat egitea San Lorentzotik Trinitarios aldeko parke berriraino, 211.229 euro inbertituta. Lanak Lacunza Hermanos S.L. enpresari esleitu zitzaizkion, lizitazio-prezioa % 25,95 beheratuta. Bidegorria Taconera kaletik abiatzen da; Basotxo kalearen eta kale Nagusiaren arteko bidegurutzetik, zehazki. Ibilbide hori aukeratu zen, aurretik egindako bidegorri-tarteak lotzeko eta, horrela, sare seguru bat osatzeko Arrotxapea auzoa hiriaren erdigunearekin lotzeko ardatz nagusietako batean. Bidegorri berria eraiki eta espaloia handitzeak berekin ekarri du galtzadari 4,5 eta 5 metro bitarte kentzea. Hortaz, orain galtzadan bakarrik dira bi errei, bata, igotzeko, eta, bestea, jaisteko.
Iruñeko Udalak hiriko multzo gotortua bere osoan kontserbatu eta mantentzeko kontratua berritu zuen 2016an, bai eta Erdi Aroko zubiak eta ondare-elementu horietako seinaletika kontserbatu eta mantentzeko kontratua ere Tokiko Gobernu Batzarrak Construcciones Zubillaga S.A.-ri esleitu zion bi urteko kontratu mistoa, asistentzia eta obrarako, 400.000 euroan. Urteko esleitu ziren 200.000 euroetatik 160.000 mantentze-lanetarako programaturiko obretarako erabiltzekoak dira, eta gainerakoa, kontratuaren xedeari loturiko aldian aldiko lanak egiteko. Kontratuan hau guztia dago barne hartuta: Ziudadelaren barrutia eta bertako eraikinak, eta, era berean, Ziudadelako kanpo-defentsak, harresi-aurrealdeak, bastioien arteko barne-errondak, lotura-pasabideak, atariak eta gotorleku txikiak. Horretaz gain, kontratuaren barnean sartzen da gotorleku-ondareari dagokion seinaletika osoa (hamar mahai, lau plaka bertikal eta lau “totem” interaktibo), bai eta Erdi Aroko zubien mantentze-lanak ere (Magdalena, San Pedro, Santa Engrazia eta Miluze). Bigarren seihilekoan, besteak beste, Ziudadela, Miluzeko zubia eta Frantziako aurrealdea egin ziren. Era berean, Errege-bastioiko alde bat garbitu eta sasiak kendu ziren, eta gotorlekuko pintaketak ezabatu.
Kontratu horretatik kanpo, Udala zurezko zubi bat berreraikitzen hasi zen. Zubiak, XVIII. mendean, Magdalenako harresi-aurrealdea eta Guadalupeko beheko bastioia lotzen zituen.
2016 hasieran, Arrotxapea auzoan, ia bukatu egin ziren gerta litezkeen uholdeen kontrako defentsa berriak eraikitzeko lanak. El Vergel zubiaren eta Oblaten zubiaren artean egindako lanek kotak goratu zituzten Gaseko eskortetako disuasio-aparkalekuan eta sanferminetan feria-lekua jartzen den larrean; horrenbestez, ekidin egin nahi da gerta litezkeen uholdeen ondorioz urak Errotazar eta Arga Ibaiaren kaleak har ditzan eta bertako etxebizitzak kaltetu ditzan. Obrak Arrotxapea aldeko Arga ibaiaren eskuin ertza babesteko T-50 babes-proiektuaren baitan daude, eta azken aurrekontua 532.288 eurokoa izan da. Europar Batasunak aurrekontu horren % 66,35 finantzatu zuen, EGEF funtsen bidez.
2016an, Udalak Arga ibai-parkearen ingurua mantendu eta garatzeko ekintzak egiten jarraitu zuen. Adibidez, Arga ibaiertzean oinezkoendako dagoen bide guztia argiztatzeko lanak bukatu ziren, eguzki-farola adimentsuak paratu baitziren Belosoko aldapara igotzeko zaldainaren eta Burlatako udal-barrutiarekiko mugaren artean. Farolek oinezkoendako tarte horretako 726 metro inguru hornitu dute argiz. Auzoetan Jarduteko Planaren barnean dago lan hori, eta 1,5 milioi euroko inbertsioa eragin du, hirian banatutako 40tik gora obratan. 31 eguzki-farola jarri ziren, iluntzean berez % 100en pizten direnak. Handik ordu eta erdira edo bi ordura, farolaren fluxua pixkanaka murrizten da berez, eta bere gorenera itzultzen da pertsonen mugimendua atzematean. Lanak Telman S.L. enpresak egin zituen 78.650 euroan (BEZa barne).
Gainera, Belosoko ezponda konpondu zen, Media Lunako igogailutik eta Club Natación elkarterako sarbidetik hurbil, higaduraren ondorioak zuzentzeko, sareak hustuta eta euste-sistema tenkatuta. Lanak Inacces Geotecnia Vertical enpresak egin zituen, 34.900 euroan. Halaber, Belosoko ezponda egonkortu zen Arga ibaiko zubiaren parean, 91.217,70 euroan, hondatua baitzegoen huraxe hobetu zenetik hona iragandako 20 urtean. Eta Belosobeiti kaleko 1 zenbakiko eraikinak (eraikin- multzoari Villa Celes esaten zitzaion) eraisteko kontratua esleitu zen, eta, horri esker, Belosoko erripa leheneratu zen. Aurrekontua 150.162,37 euro izan zen (BEZa barne), eta Construcciones Mariezcurrena enpresak egin zuen.
Ibaiaren ingurunea ukitzen duen beste proiektu batean, Udalak Arantzadiko aisia-baratzeak lagatzeko arau erregulatzaileak onetsi zituen, Fundagrok aurkeztuak. Arauek esleipenak antolatzen dituzte, esleipendunek beren baratzeari uko egiten diotenean, baita ordezkoen zerrendak agortzen direnean ere.
2016ak berritasun bat ekarri zuen, Iruñeko Udalak Auzoetan Jarduteko Planaren lehen fasea jarri baitzuen abian; hau da, 40 obra dira hiri osoan egitekoak, eta, urteko azken hiruhilekoan, 1.540.000 milioi euro inbertitu zituen. Zolatze- eta asfaltatze-lanak, espaloiak zabaltzekoak eta beheratzekoak, lorezaintza, konponketa, eta argiztapen-lanak eginen dira, besteak beste; herritarren parte-hartzeari esker jaso dira lan horiek egiteko zenbait iradokizun –010 telefonoaren bidez, eskabideen bidez edo auzo-eztabaidaguneetan– eta Udaleko teknikariek ere ikuskapen-lanak egin dituzte. Planean aurreikusitako inbertsioaren arabera, aurreko urteetan egindakoa laukoiztuko da. Dirutza horri erantsi behar zaio gauzatzen ari den kontu-sailaren milioi erdi hori; horrenbestez, auzoetako inbertsioek 2 milioi jo zuten. Lehen fase horretako lanek 5.000 eta 138.000 euro arteko aurrekontua dute. Jarduketa “txikiak” dira, berehala egiten direnak, eta urtea amaitu baino lehen egitekoak.
Lanak lau prozedura negoziaturen bidez lizitatzen dira. Kontratu horietako batek Etxabakoitz, Donibane, Ermitagaña eta Mendebaldean eginen diren lanak hartuko ditu, eta 365.800 euroko aurrekontua du; bigarren kontratu batek Zabalgunekoak eta Santa María la Realekoak hartuko ditu, 374.000 eurorekin; hirugarrenak, Mendillorriko lanak, 284.000 eurorekin; eta, azkenik, laugarrena Sanduzelai, Arrotxapea, Buztintxuri, Txantrea eta Alde Zaharreko lanez arduratuko da, 364.000 euro inguruko aurrekontuarekin. Honako lan hauen lizitazioa aparte eginen da: Iturraman trafikoa leuntzeko ikerlana, Club Natación klubetik Belosoko zaldaina bitarteko ibai-parkearen argiztapen-lanak eta Alde Zaharrean eta Zabalgunean paperontziak jartzea. Horrela, enpresa txiki eta ertainen parte-hartzea sustatzen du Udalak, eskatzen den lan-bolumenari aurre egiteko gaitasuna baitute.
Indarrean iraun zuen espaloi eta bideetako zolak mantentzeko kontratuak, 2015 eta 2016rako esleituak, elurteen aurkako plana eta GIS sistemari lotutako inbentarioa barne hartuta. Kontratuak 1,1 milioi euroko inbertsioa dakar gastu arrunterako, eta beste milioi bat euro ere gehitu behar zaio, inbertsio-lanetarako. Inbertsio-lanak dira epe laburrera programatu daitezkeen lanak, eta esparru publikoen berreraikuntza edo egokitzapena eragiten dutenak.
2016an, tarte hauetako zolak asfaltatu ziren: Irunlarrea, Ermitagaña, Sadar, Taxoare eta Altzuza Kontzejuaren kaleak, Armada etorbidea, Belosoko aldapa, Joan XXIII.aren plaza, zein Badostaingo eta Hiltegiko errepideak. 374.999,12 euroko inbertsioa egin zen (BEZa barne). Enpresa esleipenduna Harinsa Navasfalt, S.A. eta HNV Infraestructuras, S.L. enpresen arteko ABEE bat izan zen. Kaleak aukeratzeko, Iruñeko Udalak bideen egoera aztertu zuen, kontserbazioa zein trafikoak eta eragile atmosferikoek eragindako ondorioak aintzat hartuta.
Azaroaren 1ean, bideak garbitzeko kontratu berria gauzatzen hasi zen, 8.873.099 euroko aurrekontuarekin. 2021era arte izanen du indarra, eta lanak 23,55 km2-ko azaleran eginen dira, zuzenean ia 200.000 herritar ukituta. Prozedura berritzaile baten bidez egin zen, Europar Batasuneko zuzentarauarekin bat. Estatuak ez zuen artean zuzentarau hori bere legeriara ekarri, baina Iruñeko Udalak jada huraxe aplikatu zuen. Batetik, edukia hiru sortatan banatu zen, lanak enpresa ezberdinek egin ahal izan zitzaten, eta 2. sorta Enplegurako Zentro Berezietarako eta Gizarte Ekimeneko Zentro Komunitarioetarako gorde zen. Sorta horretan, garbiketa bertikala, paperontziak edota saretak daude barne, adibidez. Nolanahi ere, sorta guztietako pleguetan jasoa dago bazterturik dauden pertsonen kontratazioa, eta lan guztietan baloratzen da kalitatezko enpleguaren sustapena. Ingurumenaren ikuspegitik, pleguek isurketa kaltegarrien murrizketa, soinu-emisioen kontrola eta zerbitzua errazago kontrolatzeko teknologien erabilera lehenesten dituzte. Tramitazioa ere berritzailea izan da. Izan ere, plegua, NAOn eta Europar Batasuneko Aldizkari Ofizialean argitara emateaz gain, aurrez kontsultapean jarri zen aldi baterako, inplikatu guztien iritzia jasotzeko. Eta 40 ekarpen baino gehiago jaso ziren.
Kontratu horren barnean sanferminetako garbiketa dago. 2016an, zehazki, 1.051.612 kilo bildu ziren; aurreko urtean baino % 6,64 gehiago. Beira % 6,04 igo zen: 414.100 kilo guztira; erraztatze-lanetan % 9,02 gehiago bildu zen: 394.820 kilo guztira. Azkenik, zabor-bilketa % 3,96 igo zen: 242.692 kilo guztira. Udalaren garbiketa-zerbitzua sendotu zen, kontratatuta ohi dauden 110 pertsonatik 240ra. 2016an, estreinako aldiz, pixa-uxagarri bat erabili zen Alde Zaharreko hainbat tokitan.
Hiria garbitzeko esparruan, halaber, Udalak erraztatzeko eta ureztatzeko 7 makina erosi zituen 2016an, 850.872 euroan, eta paperontziak berritu eta ugaritu zituen Alde Zaharrean, Zabalguneetan eta berdeguneetan, tamaina handiagoko 86 paperontzi berri jarrita. Haietako batzuek, gainera, plastikoak birziklatzeko aukera ematen dute. 49.416 euroko inbertsioa izan zen.
Udalak 585.626,38 euro bideratu zituen hiri-altzariak, haur jolasak eta atari zabaleko gimnasia-zirkuituak mantentzera. Iruñean badira 8.300 jarleku, 13.400 metro lineal hesi, 19.000 metro baranda, 2.120 metro eskudel, 4.500 paperontzi, 1.042 zuhaitz- eta farola-babes, eta 110 kirol-elementu, hala nola ateak edo saskiak. Horiez gain, haurrendako 116 jolas multzo daude eta atari zabaleko 12 gimnasia-zirkuitu, edozein adinetako jendeak kirola egin dezan eta, era berean, 65 urtetik gorakoek mugikortasuna hobetu eta zaindu dezaten.
21 egunean, Mendillorriko dotazio-eraikin berria altxatu zen, erabilera komunitarioetarako, auzoko civivoxaren ondoan. Energia-kontsumorik ia ez duen Udalaren jabetzapeko lehen eraikina da. Aurreikuspenen arabera, 2017ko lehen hilabeteetarako bukatuko da. Udalak 315.588 euro inbertitu ditu eraikin berriaren proiektuan eta obretan, eta 98.400, ingurunea urbanizatzeko lanetan, pasealekuari jarraipena emanen baitzaio eta, dotazio-eraikin berriaren parean, plaza bat sortu baita. Eraikin berriak % 90 murriztuko du erabilitako energiaren kontsumoa, ohiko eraikinaren energia-gastuen aldean; berokuntzan eta aire egokituan, batez ere. Horrela, Iruña ia bi urtez aurreratuko da Europako zuzentarauaren derrigorrezko aplikaziora, eraikin publikoak ia energia-kontsumorik gabeak izatea xedatuko duena.
Eraikina Estatuko Passivhaus 8. Konferentzian aurkeztu zen; Iruñean egin zen konferentzia. Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Passivhaus Eraikuntza Plataformarekin (PEP). Irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, eta energiaren eta beste baliabide batzuen eraginkortasuna sustatzea du helburu.
Bestalde, Udalak lan-plan bat jarri zuen abian 2016ko urrian, herritarren mugikortasun-beharrak eta auzokideen iritziak aztertzeko. Beraz, prozesua egin bitartean, 2015ean onetsitako hiri-igogailuaren lizitazioa ezetsi zen. Espedientea abian jartzearekin, Udalak lizitazio horren barneko 645.615 euroak liberatzea lortu zuen, 2016ko aurrekontuan aurreikusita ez zeudenak, betiere 2016ko aurrekontuetan Mendillorriko igogailurako onetsitako 100.000 euroak mantenduta.
2016an, funtzionamenduan hasi ziren Concepción Benítez kale inguruko bi hiri-igogailuak. 21 metro gainditzen dituzte, eta, gehienez, 13 lagun sartzen dira. Bi igogailuak elkarri lotuta daude pasabideen bidez, eta, gainera, batek tarteko bi geldialdi egiten ditu; horrela, eremua antolatzen duten eta maila ezberdinetan dauden lau terrazak igogailuari lotuta daude. Hala, irisgarritasuna hobetzen da hala auzoko kaleen artean, nola beste eremu batzuekin, besteak beste Ipar Etxabakoitz, Mendebaldea eta Barañainekin. Izan ere, inguru horretan oinarrizko zerbitzuak daude kokatuta, hala nola Etxabakoizko Osasun Etxea eta Echavacoiz Kirol eta Kultur Elkartea. Auzo horretan bertan, beste igogailu bat jarri zen 2013an, Urdanoz multzoa Ipar Etxabakoitzekin lotzeko.
Orain arte erabilitako arrapalak ibilbide luzea du, % 6 eta 13 artekoa. Concepción Benítezen ingurunean 630 etxebizitza daude, El Sotoko Andre Maria, San Raimundo, Nicanor Beistegui, Teodoro Ochoa de Alda eta Concepción Benítez kaleen artean banatuta. Atariak terrazetan daude banatuta, hainbat altueratan.
Lanak 2015eko udazkenean hasi ziren, eta, aurreikuspenen arabera, 2016ko maiatzean amaituko ziren. Alabaina, kontratuaren enpresa eraikitzaile esleipendunak arazoak izan eta bere jarduera amaitutzat eman zuen, eta horrek obren bukaera atzeratzea ekarri zuen. Udalak bere gain hartu zituen egiteke zeuden lanak amaitzeko ardura, baita ere, obraren egoeraz eta igogailuen segurtasunaz arduratzea, lanak etenda egon ziren bitartean. Lanak Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras SA enpresari esleitu zitzaizkion, 562.792,78 euroan, eta horrek % 30eko beherapena ekarri zuen. Obrak egin bitartean, 26.467,20 euroko gastu handiagoa onetsi zen.
Igogailuen obraz gain, proiektuan urbanizazio-lanak daude sartuta, ibilbide berriak egiteko eta beste sarbide batzuk hobetzeko igogailuen kokalekutik Echavacoiz Kirol eta Kultur Elkarteak hartzen duen eremurantz, eta Elortz ibaiaren ertzaren ingurunean eta aparkalekuetan, hiri-espazioaren kalitatea eta oinezkoendako ibilera hobetze aldera. Concepción Benítez kalekoa bederatzigarren hiri-igogailua izanen da. Hona beste zortziak: Erletokietakoa, Isaac Albéniz kalekoa, Descalzoskoa, Iratxeko Monasteriokoa, Media Lunakoa, Julián Gayarrekoa, Lezkairukoa eta Urdanoz Multzokoa.
Udalak prozesu partizipatibo bat ireki zuen irailean, Txantreako auzokideek eta entitateek beren ideiak eman zitzaten auzoa hegoaldetik itxiko duen parke berriaz. Ia 100.000 metro koadroko lekua da, Magdalena zubitik Burlatako mugaraino zabalduko dena mendebaldetik ekialdera, eta iparraldean izanen du Udal Planean aurreikusitako kale berria, Corella kalearekin paraleloan. Hegoaldean izanen ditu Donejakue bidea eta Magdalena.
Arbuniés y Lekunberri Asociados SL enpresari esleitu zitzaion prozesu partizipatiboa antolatzeko ardura, 14.656,13 euroan. Prozesu partizipatiboa parke berrirako proiektuen lehiaketarekin batera doa. Lehenik eta behin, helburuak azaldu eta ekarpenak jasotzeko fase bat egin zen, arkitektura-proiektuen lehiaketako baldintza teknikoetan txertatutakoa. Jasoko diren proiektuetatik, hiru eta bost proposamen artean aukeratuko dira 2017ko lehen hiruhilekoan, eta berriz ere prozesu partizipatibo baten iritzipean sartuko dira. Bigarren prozesu partizipatibo horren emaitza lizitatzaileei jakinaraziko zaie, proiektuen lehiaketari azken proposamena egin diezaioten, non azaldu beharko baitute nola interpretatzen eta jasotzen dituzten iradokizun horiek.
Txantrean, halaber, 800 m2-ko plaza bat berrurbanizatu zen Lesaka eta Doneztebe kaleen artean, azalera osoa birzolatuta, eta euri-urak biltzeko sare berri bat gauzatuta, putzurik ez sortzeko. Obrak egin bitartean, oinezkoendako pasabide berri bat egin zen, espazio hori Piramideen plaza esaten zaionarekin lotzeko. Obrek, gainera, bertako lorategiak hobetu zituzten, lehenagotik zeuden bi berdegune txikiak 162 m2-ko bakar batean bilduta; soropila jarri zen, bai eta ureztapen automatikoa ere. Bukatzeko, lau eserleku eta paperontzi bat jarri ziren, bai eta aho-iturri bat ere. Era berean, bizikletak aparkatzeko euskarri bat jarri zen. Plazan, bestetik, Txantrea auzoko helduendako bosgarren hiri-gimnasioa dago. Obren kostua 150.000 euro izan zen.
Auzo berean, hirugarren jarduketa bat ere egin zen, hots, hitzarmen bat Burlatarekin eta Nasuvinsarekin, Efidistrict sareko beroa sortzeko zentral bat jartzeko, San Francisco Javier Psikogeriatrikoaren ondoan. Txantreako esku-hartze orokor baten barnean dago, auzoko bero-sare handi bat garatzeko, etxebizitzetako bero-sare txikiagoak pixkanaka ordezte edo hornitze aldera. Horrekin batera, gainera, auzoko etxebizitzetan, zaharberritzeko eta energia sortzeko lanak egin ziren (instalazioetako inguratzaile termikoa eta energia-eraginkortasuna hobetzea). Jarduketa horiek Efidistrict-Fwd Europako proiektuaren barnean egin ziren, Nasuvinsa sozietate publikoak koordinatuta, eta, hein batean, Europako Batzordeak finantzatuta (Mobilising Local Energy Investments-Project Development Assistance-MLEI-PDA).
Autobus-geltoki zaharreko leihatila-gunea eta taberna berritzeko lanak azaroan hasi ziren. Bertan, Geltoki proiektua gauzatuko da, ekonomia sozial eta solidarioa kultur ekitaldiekin batera bultzatzeko. 1.048,00 m²-ko azalera erabilgarri batean egin ziren lanak: erdiko espazioa, 14 leihatila, bi denda, komunak, biltegiak, bulegoa eta kafetegia. Horiei terrazen 370 m²-ak eta sotoaren 101 m²-ak gehitzen zaizkie. Sarrera nagusia Oliveto Kondearen etorbidean mantenduko da. Tabernaren sarrera ere hor egongo da, kaletik bertatik sartzeko, eta beste ate bat gehituko zaio Tutera kaletik barrura sartzeko. Egungo komunak aldatuko dira, eta leihatila-guneko zein tabernako erabiltzaileei emango diete zerbitzua. Nasen ondoan daudenak mantenduko dira, haur-parkearen erabiltzaileendako. Kafetegia beheko solairuan bakarrik egonen da. Espazioaren akaberei dagokienez, leihatila-guneak duen itxura mantentzea aukeratu zen, elektrizitate-sare berria jarrita. Kanpoaldean, fatxadako arotzeria ordezkatuko da aluminiozkoa den batengatik, eta lehen solairuko terrazak iragazgaiztuko dira, modu horretan eraikinaren inguratzaile termikoa hobetuta. Lanak Construcciones Mariezcurrenari esleitu zitzaizkion, 683.471,63 euroan (BEZa barne). Hori hasiera batean aurreikusitako gehieneko aurrekontua baino % 14,41 gutxiago da.
Leihatila-gunearen eta tabernaren diseinuan elkarte-talde batek aurkeztutako ekimena aintzat hartu da, zeinak lau gune ezberdindu ezartzea proposatzen zuen: kultura- eta gizarte-gunea, alternatiba ekonomikoei buruzko foro eta kanpainetarako; azoka sozialaren gunea, produktu eta zerbitzuen erakusketa eta salmenta-postuekin; sukaldaritza-gunea, tokiko elikadura-eskola artisau eta ekologiko batekin eta bidezko merkataritzarekin; eta jarduera- eta azoka-gunea, izaera soziala, ekonomikoa eta
kulturala duten ekimenekin. Kudeaketa lehiaketa publikoaren bidez esleitzea aurreikusi da.Iruñeko Udalak programa bat dauka inbertsioak hiriko ikastetxe publikoetan egiteko, eta, 2016an, milioi bat euro baino gehiago bideratu zituen. Hasiera batean onetsitako obra-plana 550.000 euroz hornitua zegoen, eta, uztailean, beste 334.000 euro erantsi zitzaizkion, dirutza hori gelditu baitzen esleipena 280.387,13 euroan egin ondoren. Bestalde, 260.000 euro inbertitu ziren (BEZa barne) Nicasio Landa I.P.-ko patioan, zola bere osoan aldatu baitzen.
550.000 euroko inbertsioa bederatzi ikastetxe publikotan egin zen. Hamaika jarduketa enpresendako esleipenak izan ziren, eta bat, berriz, Gizarte Enpleguak egin zuen: hots, Nicasio Landa I.P.-ko sabaia, paretak eta ateak moldatu eta margotzea, 15.000 euroko aurrekontuarekin. Buztintxurikoan eta Doña Mayor ikastetxean 18.211 eta 15.193 euro inbertitu ziren, hurrenez hurren, usoak ez pausatzeko sistemak jartzeko. Cardenal Ilundáin ikastetxean, aldiz, komun berriak egin ziren jantoki-moduluan, 47.970 euroan, eta San Frantsizkokoan, berriz, beheko solairuko komunak konpondu ziren, 27.488 euroko aurrekontuarekin. Cardenal Ilundáinen, halaber, jantokiaren eraikina hiru moduluren bidez handitu zen, 47.970 euro inbertituta. García Galdeano Ikastetxe Publikoan, lehen eta bigarren solairuetako komunetan jardun zen, bai eta estalkietan ere. Lanak Harinsa Navasfalt S.L. – HNV Infraestructuras S.L. ABEEri esleitu zitzaizkion 173.468,75 euroan. Enpresa berberari esleitu zitzaizkion San Jorge Ikastetxe Publikoko jantoki, gimnasio eta Haur Hezkuntzako eraikinetako estalkiak erreformatzeko lanak, 88.772,48 euroan. Mendillorri Ikastetxe Publikoko HHko eraikinean arrapala moldatu zen, 26.418 euro inbertituta, eta jantoki-eremuko konketak berritu ziren. San Juan de la Cadenan, berriz, jantokia handitu zen, trenkada bat mugituta, eta kioskoa konpondu zen (azken lan horren aurrekontua 13.606 euro izan zen).
Udalak, bestalde, 280.387,13 euro inbertitu zituen Azpilagaña, Patxi Larrainzar, San Juan de la Cadena eta Vázquez de Mella ikastetxeetako komunetan hainbat berrikuntza-lan egiteko.
Hezkuntzari dagokionez, Udalak Nafarroako Gobernuari lurzati bat lagatzea onetsi zuen, Sanduzelain, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe bat eraikitzeko. Lurzatia elizaren eta Sanduako pasealekuaren inguruan dago. Halaber, beste lurzati bat laga zuen Buztintxuri auzoan, Santos A. Ochandategui kalean, Buztintxuri I.P.-ko patioa handitzeko eta kirol-azpiegiturak eraikitzeko.
Bestalde, Nuestra Señora de los Dolores Frantziskotar Hirugarrendarren erlijio-ordenari ‘B’ lurzatiaren % 22,6 lagatzea onetsi zen, enkante publikoaren bidez, ZN-1 sektoreko ARZ/19ren birzatiketa proiektuaren barnean (Luis Amigó). Esleipena 309.168,57 euroko lizitazio-prezioan egin zen, dotazio-erabilera pribatua dauka hezkuntzarako, eta birzatiketaren aprobetxamenduaren % 10 derrigorrez laga behar izanaren ordainez lortu zen.
Udazkenean, Iruñeko Udal Haur Eskolen erakunde autonomoak sareko zortzi eskolatan birmoldaketa-lanak eta egokitzapenak egiteko programa bat aurkeztu zuen, Haur Hezkuntzaren lehen zikloa arautzen duen 28/2007 Foru Dekretuan jasotakoari egokitzeko. Programa datozen lau urteetan garatzea aurreikusten da, eta 2,3 milioi euro baino gehiago erabiliko lirateke birmoldaketa-lanetan. Horretarako, zenbait haur eskola aldi baterako itxi beharko lirateke ikasturtearen zati batean zehar, eta haurrak beste zentro batzuetara eraman beharko lirateke obrak egin bitartean. Kopuru horrek halako 20 baino gehiago joko du Iruñeko Udalak Haur Eskolen sarean 2011-2015eko aldian egindako inbertsioa, orduan 105.433 euro inbertitu baitziren hobekuntza-lanetan, eta horrek ez zuen berekin ekarri zentroek foru-legedian jasotakoa betetzea. Horrez gain, ia 2,5 milioi euro inbertitzeko proposamen gehigarria aipatu behar da, Lezkairun haur-eskola berri bat eraikitzeko.
Europako hiri guztien artean, Iruña lehenbizikoa izanen da Galaxiaren Lorategi bat egiten, Yamaguchiko parkerako diseinatu den proiektuaren ondotik, Hawaiin abian jarritako ekimenari jarraikiz. Asmoa da Esne Bidearen irudikapena eskalan egitea, 1.000 m2 ingurutan landatuko diren 250 zuhaixkaren bidez.
Bestalde, berdeguneekin jarraituta, Udalak urteko bi landaketa-kanpainak mantendu zituen, hiriko parterreek hartzen dituzten 2.500 m2-tan loreak landatzeko. Urtero, 85.000 lore inguru jartzen dira udaberritik udazkenera. 2016an, 100.458 euroko inbertsioa egin zen. Urteak ekarritako gauza berrien artean, aipatu behar da Udalak hitzarmena sinatu zuela Noaingo Udalarekin esperientziak trukatzeko. Bestalde, Udalaren mintegia Miluzeko etxaldean mantendu zen, Nafarroako Gobernuak 5 urterako laga duena.
Udalak bere jabetzapeko 194 eraikin eta lokal eta 9 igogailu edo arrapala kontserbatu, mantendu eta energiaz hornitzeko kontratua esleitu zuen. Kontratuak energia berriztagarria izatea lehenetsi zuen, eta, horrez gain, hiri-arrapalak eta -igogailuak mantentzeko lanak hartu behar zituen barne. Urteko zenbatekoa 4.916.000 euro inguru izan zen.
Urtearen hasieran, irisgarritasuna areagotu zen Sanduzelai auzoaren eta Donibane nahiz Mendebaldea auzoen artean, Sanduzelai-Biurdanako zaldain berria ireki baitzen. D itxura duela, Europar Batasuneko 2007-2013 aldiko EGEF-Kohesio Funtsen bidez Arga ibairako finantzatu diren obren barnean dago. Zaldain berriak lau metrotik gorako desnibel bat gainditzen du, eta malda ez da % 6ra iristen. Zaldain berriaren aurrekontua 650.135 euro izan zen, eta EBk % 80 finantzatu zuen.
Sanferminak pasata, Redin eta Kruzatarren Jauregia zaharberritzeko lanen lehen fasea hasi zen (kale Nagusia 31). Contrafforte Restauro S.L. enpresari esleitu zitzaizkion, 65.045 euroan, eta urrirako bukatu ziren. Eraikina itxia dago Joaquín Maya Udal Musika Eskola lekuz aldatu zenetik. Obren lehen fasean, premiazko lanak egin ziren bai fatxadetan, bai estalkietan, eta eraikinak dituen bost argi-zuloak aldatu edo sendotu ziren.
Uda ondotik, Arrosadia kiroldegiak berriro ateak zabaldu zituen, kiroldegiko estalkia eta argi-zuloak berritu baitziren. Argi-zuloei esker, kiroldegia argi naturalarekin argitua dago. Halaber, estalkiaren aldeetan, altzairuzko profilak paratu, eta oxidoa garbitu zen. Lacunza Hermanos S.L. enpresari esleitu zitzaizkion, 87.219 euroan (BEZa barne). Arrosadia kiroldegia 1985ean eraiki zen.
Abendu hasieran, Udalak arkeologia-azterlanak egin zituen, georadarren bidez egin ere, San Domingoko Baratzeetako aparkalekuan, bertan lurpeko aparkaleku bat eraiki ote daitekeen ikusteko. Eta, urte bukaeran, halaber, hiltegiak Iruñean zituen lurrak eta instalazioak eskuratu zituen Udalak. Inguru hori jarduera ekonomikoetarako eta berdegunerako erabiliko da. Hiltegia dago ARS-3 (Arrosadia-Lezkairu) birzatiketan Udalari esleitutako lurzati batean. Hiru aldiz ere luzatu egin da espazioa husteko eskaria.
Hilabete hartan, automatikoki garbitzen den komun berri baten instalazioa esleitu zen, Tomás Caballero parkearen ondoan jartzeko. Gastua 40.535 eurokoa izan zen. 2,45 metro da zabaleran, eta 4,70 metro, luzeran. Erabilera mistorako da, eta irisgarria desgaituentzat.
Azkenik, Lezkairun, Udalak lurzati baten erabilera Nafarroako Gobernuari lagatzea onetsi zuen, osasun etxe bat eraikitzeko. Lurzatia Joan Paulo II.aren eta Kataluniako etorbideen ondoan dago.
2016an, Alde Zaharra Babesteko eta Erreformatzeko Plan Berezia tramitatu zen. Azaroaren 3ko osoko bilkuran eman zitzaion behin betiko onespena. Martxoan, Udalak ostalaritza Alde Zaharrean arautzeko proiektu berri bat aurkeztu zuen, lokalen artean halako tarte jakin bat uztea proposatu zuena eta musikaren bolumena kontrolatzeko mugatzaileak jartzea gomendatu zuena. Proiektua auzokide, ostalari eta merkatariei aurkeztu zitzaien. Hura prozesu partizipatiboaren hasiera izan zen, azken prestaketari heldu baino lehen.
Neurri horien bidez, Udalaren asmoa da irekiera-lizentzia duten establezimenduek ordutegiak errespetatzea; ez daitezela kale gutxi batzuetan metatu; horren aseak ez dauden eremuetara joatea; eta musikaren bolumena gehienez 70dba-ra mugatzea, lokalean sartzeko departamentu hermetiko bat ez dagoenean. Horrela, zaratak, zikinkeria eta eragozpenak murriztu nahi dira, etxebizitzen, merkataritzaren eta ostalaritzaren arteko bizikidetza hobetzeko, lekua hiriaren multzo historikoaren barnean txertatua baitago, eta aisia eta turismoa erakartzeko gunea baita ondare arloan dituen balioengatik. Horrela, jarraipena eman zitzaion Udalak 2015ean hasitako prozesuari. Une hartan, bertan behera utzi zuen (urtebeterako gehienez) obra eta jarduera sailkatuko lizentzien tramitazioa, kafetegi, jatetxe eta elkarte gastronomikoen jarduera berrietarako, Alde Zaharrean.
Proiektuan, zazpi multzo bilduak daude ostalaritzan edota inguruko jardueretan. Egun indarrean dagoen araudiarekin bat, hauek izan ditzakete lizentzia berriak: elikagai beroak, manipulatuak edota elaboratuak saltzeko dendak, lokalean kontsumitu gabe (ez dute musikarik, eta goizeko ordu batera arte ireki lezakete); kafea dastatzeko lekuak (egunez zabalik, eta giro-musika soilik dute); elkarte gastronomikoak, peñak eta antzekoak (jatetxeen ordutegi berarekin); eta kafetegiak (lekuaren erdia mahai eta aulkietarako erabilita) edo jatetxeak (barra hiru metrokoa baino txikiagoa). Agiriak zenbait berritasun bildu zituen egungo legeriaren aldean, hala nola gehienezko tamaina bat finkatzea kafetegi eta jatetxeetarako, eta irekitzeko aukera mugatzea, aurrez dauden lokalekiko distantzien arabera. Horretarako, bi eremu ezberdin sortu dira, 25 metroko edo 50 metroko mugekin lokalen artean.
Proiektuan zehaztutako beste hiru multzoak tabernak dira: taberna bereziak eta ikuskizun-kafeak; eta diskotekak eta jai-aretoak; horietarako ez da irekiera lizentziarik emanen, 2006ko Alde Zaharrerako Plan Berezian xedatutakoarekin bat.
Hasierako testuari ekarpenak egin zitzaizkion, ostalaritzako nahiz merkataritzako profesionalen eta elkarteen aldetik, eta Alde Zaharreko auzokideek eta auzokide-elkarteek aurkeztuta. Zortzi lan-bilera egin dira; batzuk denen artean, eta beste batzuk, berriz, sektoreka.
Abuztuan, Iruñeko maila txikiko aisialdi-lokalen funtzionamendua arautzen duen udal-ordenantza sartu zen indarrean. Harekin bat, gaur egun Iruñean diren gazteen etxabeek urtebeteko epea izanen dute Udalari eskatzeko jarduera, lokalaren titularra eta kokapena egiaztatzen duen titulua, eta funtzionamendurako garai batean emandako lizentzia. Horrela, lokal horiek araudi zehatz bat bete behar dute: funtzionatzeko ordu-muga eta gehienezko barruko soinu-maila ezarri zaizkie; baita, orain arte bezala, neurrien araberako gehienezko edukiera ere. Ordenantza horrek orain arte araudi zehatzik ez zuen eremu bat arautuko du, bizilagunei eragindako eragozpenak arintzea eta segurtasuna bermatzea helburu hartuta.
Ordutegiari dagokionez, hau ezartzen du: lokalek erabili gabe egon beharko dute 00:00etatik 09:00etara, astelehenetik ostiralera, eta 02:30etik 09:00etara, larunbat, igande eta jaiegunetan. Muga horiek ez dute indarrik ez sanferminetan, ez Eguberri eta Urteberri egunetan ere. Ordenantzak lokalaren erabiltzaileen eta eraikineko biztanleen arteko elkarbizitza-hitzarmena egiteko aukera ematen du. Bertan, bi parteek egoki jotako baldintzak jaso daitezke, hala nola funtzionamendu-ordutegia, betiere indarrean dauden arauak urratu gabe.
Maila txikiko aisialdi-lokal berrien irekiera ere arautu du, oro har; horretarako, Udalari irekiera-lizentzia eskatu behar zaio. Erabilera-lizentzietan adieraziko dira lokalen gehienezko edukiera, barneko gehienezko soinu-maila eta funtzionamendu-ordutegia. Horretaz gain, ordenantzak lokalen gutxieneko funtzionamendu-baldintzak jasotzen ditu, bai eraikuntzari, bai kokapenari dagokienez. Lokaletan ez da egonen ez sukalderik, ez inpaktuak edota ageriko bibrazioak sortzen dituen makinarik edo antzekorik. Horretaz gain, gutxieneko distantzia gorde beharko dute antzeko lokalekin: 100 metro, Alde Zaharrean eta Milagrosan, eta 50 metro, hiriko gainerako lekuetan. Halaber, azalera eraikiak, gehienez, 125 m²-tik beherakoa izan beharko du, eta komun bat eduki beharko du, ur-hornidurarekin eta saneamendu-loturarekin. Halaber, isolamendu akustikoa izan beharko dute.
Aurreko urtearekin alderatuta, alorrean tramitatutako espedienteak % 10 gehiago izan ziren, hala lizentzia bidezkoak nola erantzukizuneko aitorpen bidezkoak, 2015ean hasitako igoerari eutsita.
Etxebizitzetan, berriz, 2016an, 868 etxebizitza eraikitzeko lizentziak eman ziren. Horietatik, 367 Lezkairun izan ziren; 219, Erripañagan; 109, Bigarren Zabalguenan; 91, Arrotxapean; 46, Iturraman; eta 36, Arrosadian. 830 libreak izan ziren, eta 38, babes ofizialekoak.
MOTAK |
2010 |
2011 |
2012 |
2013 |
2014 |
2015 |
2016 |
|---|---|---|---|---|---|---|---|
Tramite arrunta |
375 |
344 |
263 |
247 |
221 |
355 |
387 |
Laburtuak |
616 |
528 |
545 |
533 |
558 |
764 |
765 |
Laburtuak |
1.324* |
293 |
411 |
458 |
546 |
651 |
805 |
Tramite arrunta (E.Z.B.)* |
283 |
316 |
211 |
151 |
90 |
134 |
197 |
Laburtuak (E.Z.B.) |
100 |
103 |
108 |
128 |
107 |
128 |
30 |
CJakinaraziak (E.Z.B.) |
1.299* |
737 |
87 |
75 |
54 |
52 |
76 |
GUZTIRA |
3.997 |
2.321 |
1.625 |
1.592 |
1.576 |
2.084 |
2.260 |
* Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoa
20161n, halaber, irekiera-espediente guztiak jada erantzukizuneko aitorpen gisa bideratu ziren, eraikinen lehen erabilerak eta erabilera-aldaketak izan ezik. Erantzukizuneko Aitorpena gobernu zentralak sartu zuen 2012an. Handik hona, hainbat aldaketa egin zaizkio hala Estatu mailan nola Nafarroan, eta tramiteak sinpletu ditu jarduera kaltegabeak eta sailkatuak irekitzeko. Jarduera horiek Ondorengo Kontrolari buruzko Ordenantzarekin bat kontrolatzen dira. Guztira, 435 irekiera-espediente tramitatu ziren, 2015ean bezalatsu, urte hartan 436 izan baitziren, eta 186 obra-bukaera.
UDALAREN JARDUKETAK ETXEBIZITZAREN GAINEAN
2016ko martxoan, aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko ordenantza argitaratu zen NAOn, Iruñeko Udalak onetsia. Harekin bat, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorraren menpeko Etxebizitza Bulego bat sortuko da. Etxebizitza Bulego hori apirilean zabaldu zen, zuzenbide lizentziadun bat, aparejadore bat eta administrari laguntzaile bat lanean hasi ondoren. Aurrez aurreko 1.000 arreta baino gehiago egin ziren urtea bukatu arte (informazio-eskariak, dokumentazio-aurkezpenak, etab.), eta azaroa eta abendua nabarmendu ziren, hil bakoitzean 150etik gora arreta egin baitziren.
Bulegoak, bestalde, Udalaren ondare diren etxebizitzen zein Udalari lagatako etxebizitzen inbentarioa eguneratu zuen, betiere gizarte-larrialdi egoeran dauden pertsonei eta familia-unitateei alokatzekoak. Halaber, behar diren neurriak hartu ziren dotazioetan gabeziak dituzten udal-etxebizitzak berritzeko, etxebizitza-inbentario horretan sartze aldera. 2016ko ekainean, aterpe-premia dutenen etxebizitza-eskatzaileen lehen errolda onetsi zen; 40 eskaera izan ziren. Irailean, 35 etxebizitza esleitu, eta eskatzaileekiko alokairu-kontratuak sinatu ziren. 2016ko abenduaren 31n, eskatzaileen errolda eguneratu zen; jada, 58 ziren. Udalaren helburua da 2016an jarduketa 63 etxebizitzetara iristea. Bi bide erabiltzen dira esku-hartzeak egiteko. Batetik, 2015ean hornitzaileekin sinatutako esparru-akordioaren bidea, Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrak koordinatutako etxebizitzetan, eraikinetan eta bestelako ondasun higiezinetan konponketak eta berrikuntzak egiteko. Bestetik, Gizarte Ekintzako eta Komunitate Garapeneko Alorraren bi programaren bidez; hots, Gizarte Enplegu Programa eta Langabe Gazteak Laneratzeko Programa. Urriko azterlan baten arabera, hona hemen bulegoaren erabiltzailearen profila: hiruzpalau kidez osaturiko familia-unitatea, adingabeak ardurapean eta diru-sarrera prekarioak dituena.
Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoak 53 espediente bideratu zituen 2016an. Abenduaren 31n, 26 bukatu ziren, eta 27k irekita zirauten. Bukatu zirenetatik, 5 bitartekaritza eta akordio bidez amaitu ziren; 15, lege-aholkularitzarekin; eta 6, berriz, bitartekaritzarekin baina akordiorik gabe. Aurreko urtean bezala, espainiar nazionalitateko pertsonen igoera nabarmena gertatu zen; guztien % 85 izan ziren. Auzoen arabera, kasu gehienak Arrotxapean izan ziren; gero, Txantrean, Milagrosan, Sanduzelain eta Buztintxurin. Beste muturrean, kasurik gutxien Mendillorrin, II. Zabalgunean eta Donibanen izan ziren.
Helburu berarekin, Udala hamaika banku-entitaterekin bildu zen, lehen etxebizitzetako etxegabetzeak eragozteko, eta hainbat entitaterekin, Etxebizitzaren Mahaian, etxebizitza hutsen gaia aztertzeko.
Eslava kaleko 1ean kokatua, 1984an hasi zen jardunean. Alde Zaharrean kokaturiko eraikinak nahitaez kontserbatu behar izatearekin lotutako obrak gauzatzeko aginduak eta txosten teknikoak bideratzen ditu. 2016an, 14 agindu eman ziren. Halaber, Irisgarritasuneko 6 Plan Berezi bideratu zituen, hau da, desjabetzeak egiteko aukera dakartenak, eraikinetako oztopo arkitektonikoak ezabatzea ahalbidetze aldera.
Eraikinak zaharberritzeko Udalaren laguntzak arautzen dituen ordenantzak lehentasunez zaharberritzeko eremuak ukitzen ditu (Alde zaharra eta Zabalguneak). 2016an, zaharberritze-espedienteek ukiturikoei aurrez aurreko arreta emateaz gain, bulegoak 67 txosten eman zituen, eta Alde Zaharreko eta Zabalguneetako 14 eraikin zaharberritzeko proiektuak kalifikatu zituen hasiera batez. Espediente horiek guztira 107 eraikin ukitu zituzten, eta 2.445.996 euroko inbertsio partikularra eragin zuten; 686.965 euroko diru-laguntza eman zitzaien.
Hirigintza-araudiarekin loturik, Alde Zaharrari buruzko 6 kontsulta ebatzi ziren lehentasunez zaharberritzeko eremuetan, eta nabaritu zen jarduera zaharberritzaileak gero eta jarduera handiagoa dakarrela berarekin. Bestalde, obretako 311 hirigintza-lizentzia eta obra-bukaerako 108 espediente tramitatu ziren (berrikuspenak, obra-bukaera eta lehen erabilera).
Udalak babesturiko zaharberritze-jarduerek, halaber, aldamioak laga izana eragin zuten, fatxadetako eta estalkietako lanak egiteko, lehentasunez zaharberritzeko eremuetan eta auzo zaurgarrietan. 2016an, 5 eraikinetarako laga ziren. Era berean, 2016an, Alde Zaharreko eta Zabalguneetako 18 zaharberritze-jarduketatarako laguntzak ordaindu ziren; guztira, 815.698,53 euro, hain zuzen.
Gainera, eremu zaurgarrietan hiri-berroneratzeko jarduketak garatzen eta ezartzen jarraitu zuen lanean. Izan ere, Trenbide kalearen 2ko eraikineko 3 etxebizitza erosi ziren, eta hitzarmenak eta laguntza-ordainketak bideratu ziren Lezkairuko zalduko eraikinetan, 1F-n bukatutako eraikinetako obretarako (87.363,60 euroko diru-laguntza jaso zuten) 1G-n bukatutakoetarako (42.639,03 euroko) eta Fuente de la Teja kaleko 12an hasitako beste batzuetarako. Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Fuente de la Teja eta Lezkairuko zaldua kaleetako 96 etxebizitzatako auzokideekin. Eraikinak zaharberritzearen bidez, fatxaden inguratzaile termikoa egokitu zen; horren bidez, baldintza egokiak ezarri nahi dira etxebizitzetan energia gehiago aurrezteko, bai eta itxura eguneratu eta Lezkairun, alboan, eraikitzen ari den auzo berrikoekin hobeto integratzeko. Halaber, estalkietan isolamendu termikoak paratzen ari dira, eta kanpo-zurajeak egokitzen. Bestalde, etxebizitzen kanpoaldean igogailuak instalatzen ari dira, gorputz irtenen bidez.
Bestalde, aurreproiektu bat aurkeztu zen, onesteko, Agur Maria zeharkaleko eraikinetan batera jardute aldera; horren bidez, beste auzo zaurgarrietako antzeko laguntza-ildo bat ezarriko da.
Sortu zenetik, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoak Nafarroako Gobernuaren laguntzak kudeatu eta bideratu ohi ditu. 2016an, % 16,10 espediente gehiago aurkeztu ziren, 2015arekin alderatuta. Nafarroako Gobernuak 2016an konprometitutako laguntzak, behin-behineko kalifikazioarekin onartutako jarduketei dagozkienak, 1.665 etxebizitzatara bideratu ziren, eta sustatzaileen 21.173.933 euroko inbertsio pribatua eragin zuten; horietatik, Nafarroako Gobernuak 7.201.497 euro eman zituen laguntzetan.
Alde Zaharreko zaharberritze-lanak laguntze aldera, bulegoak informazioa ematen du etxebizitzetako bizigarritasun-baldintzei buruz. Etxebizitza-jabeen kontsultei erantzuteaz gain, 126 txosten eman zituen, Nafarroako Gobernuak eskaturik, bizigarritasun-zedularen eskaerei buruz.
Zaharberritze-lanen sustatzaileen artean, etxejabeen elkarteek hartu zuten garrantzi nabarmena. 9 bilera egin ziren haiekin, eta, horrez gain, 281 ikuskapen-bisita tekniko egin ziren, bulegoan tramitatzen diren denetariko espedienteekin lotutakoak.
Hona hemen Udalak emaniko laguntza nagusiak zaharberritze babestuen sustapen pribatuetarako:
Hona hemen Nafarroako Gobernuak etxebizitzak eta eraikinak zaharberritzeko emandako laguntzei dagozkien datuak:
Hona hemen Iruñeko Udalak eraikinak zaharberritzeko emaniko laguntzak lehentasunez zaharberritzeko eremuetan: