Herritarren Partaidetza
Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizarte Ahalduntzeko Alorra aurreko Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorretik bereizi zen 2015eko irailaren 15ean, eta jarduera-ildo garrantzitsuak beste alor batzuetara igaro ziren; Kirola, adibidez, Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrera, eta Komunikazio Zerbitzua, Errolda eta Ezkontza Zibilak, berriz, Gobernu Irekira. Alorrak Berdintasuna hartu zuen, ordura arte Gizarte Ongizatean egondakoa. Aldaketa horien ondorioz, alorrak kudeaturiko aurrekontua 10.079.112 eurotik 2.070.045 eurora jaitsi zen.
Aldaketen xedea izan zen alorrean bakarrik biltzea Herritarren Partaidetzari berariaz dagozkion arloak, beste jarduera-ildo batzuk beste alor batzuen eskuetan utzita. Aldi berean, gizarte-ahalduntzeari ekarpena egiten dioten ildo guztiak mantendu eta zabaldu ziren, irizpidea izan baitzen herritargo aktibo eta kontzienteak soilik elikatu eta edukiz bete dezakeela herritarren partaidetza. Ahalduntze-ildoen baitan, Berdintasunak tratamendu nabarmena eta bereizia dauka, zinegotzi berezia izendatua baitago.
Udal-osaera berriarekin, alorreko eginkizunak berregituratu eta berrorientatu ziren, eta 2016rako udal-aurrekontua eta plantilla organikoa garatzean, kontuan hartu zen Herritarren Partaidetza ez dela partaidetzaren xedea, haren bideratzaile eta bitartekaria baizik. Bada, irizpide horrekin bat, 2015ean hainbat jarduketa egin ziren:
- Alorraren antolaketa eta egiturari loturiko dokumentazioa lantzea, udalaren alor guztien zeharkako partaidetza-gune gisara.
- Txantreako parte-hartze prozesua abian jarri zen, Salestarren Gizarte Ekimeneko Zentro Komunitarioaren erabileraren karira, auzokideekin hainbat bilera egin baitziren.
- Redin eta Cruzatarren Jauregiaren erabilera zehazteko parte-hartze prozesua abiatu zen Alde Zaharreko taldeekin batera, hainbat bilera egin baitziren.
- Udal-lokalak lagatzea eskatu duten elkarteen proposamenak bildu, eta kasuan kasuko alorretara bideratu ziren.
- Gazteen aisia-etxabeek ukituriko auzokideen kexak bildu, eta kasuan kasuko alorretara bideratu ziren.
- Prestaketa- eta kudeaketa-lana egin zen udal-alor zenbaitekin eta gainerako baliabideekin batera, 2016tik aurrera Auzo Foroak gauzatzeko.
- Kulturako, Hizkuntza Politikako, Hezkuntzako eta Kiroleko Alorrarekin elkarlana egin zen, Sanferminetako Liburu Zuriaren prestaketan.
- Herritarren Segurtasuneko eta Elkarbizitzako Alorrarekin elkarlana egin zen, eta alor horren eta Iruñeko herritarren arteko bilerak kudeatu ziren honako txosten honi buruz: Trafiko Proiektua: I. Zabalgunea, Alde Zaharra eta Gaztelugibel
- Herritarrek parte hartzeko prozesua egin zen Europako EDUSI funtsak eskuratzeko (Hiri Garapen Iraunkor eta Integratuaren Estrategia hiriaren hegoaldean), Azpilagaña. Milagrosa-Arrosadia eta Santa María la Real auzoak barne biltzen dituena. Hartara, hainbat bilera eta lan-saio egin ziren 2015eko azaroan eta abenduan, kanpo-finantzaketako udal-unitatearekin batera, bai eta auzo horietako talde eta auzokideekin batera ere.
- Bilerak eta topaketak egin ziren Azpilagañako auzokideekin, lokalak eskatu baitzituzten, auzoak ez baitzuen lokal egokirik erraldoiak gordetzeko, konpartsaren entseguak egiteko eta jarduerak leku egokian egiteko.
Diru-laguntzak
Gizarte-ehuna sustatze aldera, Herritarren Partaidetzako, Berdintasuneko eta Gizarte Ahalduntzeko Alorrak irabazi-asmorik gabeko 119 talderendako diru-laguntzak bideratu zituen. Honatx taldeak:
- A epigrafea: 30.000 euro. Auzo-elkarteek, kultur koordinakundeek eta jai-batzordeek aurkeztutako bederatzi proiektuak lagundu ziren diruz, hiriko auzoetako festak antolatzeko, proiektu ludiko edo jai girokoak, non herritarren parte-hartze aktiboa bultzatu baitzen.
- B epigrafea: 352.800 euro. Aisialdiaren eta denbora librearen alorrean herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten elkarteek aurkeztutako 94 proiektuak lagundu ziren diruz –jarduera iraunkor zein puntualetarako–, batez ere helduekin eta hirugarren adineko jendearekin egitekoak, bai eta elkarteei balioa gehitzen dieten ekintza berritzaileak eta praktika egokiak gauzatuz ezagutza zein sentsibilizazioa sustatzen dituzten jarduerak ere.
- C epigrafea: 35.000 euro. Kulturen hedakuntzarako aurkezturiko hamasei proiektuak lagundu ziren diruz, Iruñeko herritarren parte-hartzera irekita baitzeuden, kulturartekotasun, integrazio eta elkarbizitzaren topaleku gisa, denbora librearen arloan. Hamasei proiektuetatik, zazpi eskualde-etxeenak ziren; bost, etorkin latinoamerikarren elkarteenak; eta gainerako lauak, berriz, arabiar elkarte bat, Saharaz hegoaldeko elkarte bat, errusiar elkarte bat, eta etorkin-elkarteen federazio bat izan ziren.
Elkarteen Etxea
Iruñeko Udaleko Elkarteen Etxeak 5.662 lagun artatu zituen. Hamar kontsultatik zazpi (3.923) aurrez aurrekoak izan ziren, elkarteen etxean bertan, San Gregorio kalean; beste 987, telefono bidezkoak, izan ziren; eta 752, e-mailez. Aholkularitza-zerbitzu bat da, elkarteek eskura dutena laguntzei buruzko argibidea jasotzeko, hainbat gairi buruz galdetzeko edota elkarte gisa eratzeko. Baina zerbitzu horrez gain, etxeko lokalak berak eta bertako baliabide eta bitartekoak elkarte guztien eskura ere badaude, erabil ditzaten. 120 elkartek guztira erabili zuten etxea.
Elkarteen kontsultarako arrazoi nagusia askotariko informazioa eta arreta eskatzea izan zen (557 kontsulta); eta 430 aldiz, aholkularitza orokorra edo lege-aholkularitza eskatu zen. Era berean, 276 kontsultak ikastaroekin izan zuten zerikusia; 207k, etxean guneak erreserbatzearekin, eta 147k, berriz, elkarteak eratzearekin. Etxeak bitarteko teknikoak ditu eskura, hala nola ordenagailuak, inprimagailua, fotokopiagailua, eskanerra edo proiektagailuak, guztiak elkarteetako kideek erabil ditzaten, beren lana sustatze aldera. 2015ean, bitarteko horiek 2.575 aldiz erabili ziren, eta langelak, berriz, 1.561 aldiz. Etxean lau ikastaro eman ziren.
Iruñeko Udalaren Elkarte Erregistroan 697 talde daude erregistraturik zeuden; hau da, aurreko urtean baino 26 gehiago.
Udal-egutegia
Iruñeko Udalak argazki-lehiaketa bat antolatzen du urtero udal-egutegia ilustratzeko. Urte bukaeran, egutegia doan banatzen da herritarren artean. Lehiaketaren zazpigarren edizioan hiriko 1.209 argazki aurkeztu ziren, 145 argazkilarik egindakoak. Epaimahaiak hilabete bakoitzeko irudi irabazleak aukeratu ohi ditu, eta 2016ko egutegian, Alde Zaharreko bazterrak agertu dira hamabi hilabetetik zazpitan, eta gainerako bostetan, berriz, Mendillorri, Yamaguchi, Ipar Etxabakoitz, Taconera eta Arga Ibaia - Oblatak. Irudien artean urteko argazki irabazlea aukeratu zen; urtarrilekoa, hain zuzen, Iban Quel Pérezek egina. Gaztelu plazako ikuspegia da, jenderik gabe eta gauez argitua. Abenduaren azken egunetan 15.000 egutegi banatu ziren doan herritarren artean, Udaletxean, Gazteriaren Etxean eta Civivox sareko zentroetan.
|
Urtea |
2010 |
2011 |
2012 |
2013 |
2014 |
2015 |
|
Jasotako argazkiak |
2.015 |
1.982 |
965 |
853 |
1.019 |
1.209 |
Sanferminetako kartel-lehiaketa
Iruñean erroldaturiko herritarrek zortzigarren urtez jarraian aukeratu zuten Sanferminak iragartzeko kartela, bi faseko prozesuan: lehen fasean, arte plastikoetako profesional batzuek eta Udaleko hainbat zinegotzik osaturiko epaimahaiak zortzi lan finalista aukeratzen zituen; eta bigarrenean, berriz. herritarrek kartel baten aldeko botoa eman zuten.
2015ean, Javier Erice Larumbe iruindarraren Kilikón lanak botoen % 29,4 eskuratu zituen. Aurreko urtean baino jende gehiagok parte hartu zuen herri-bozketan, ia halako bi gehiagok. Horrela, batez beste, egunean 427 boto eman ziren, hau da, bigarren parte-hartzerik handiena izan zen prozedura honen zortzi urteko ibilbidean.
Zehazki, 5.124 herritarrek eman zuten botoa, 2014an baino % 47,7 gehiagok, nahiz eta iruindarrek egun gutxiago izan eskura bozkatzeko, epea 12 egunekoa izan baitzen, eta aurreko urteetan, berriz, 19koa. Parte-hartzaile guztietatik, 3.620k (% 70,6) internet bidez bozkatu zuten, www.pamplona.es udal-webgunearen bidez; 95ek (% 1,8) telefonoz egin zuten; eta 1.409k (% 27,5), aurrez aurre Civivoxetan.
|
|
2008 |
2009 |
2010 |
2011 |
2012 |
2013 |
2014 |
2015 |
|
Emandako botoak |
6.391 |
9.782 |
8.633 |
8.227 |
6.422 |
4.964 |
3.474 |
5.124 |
