Berdintasuna
Iruñeko Udalaren Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako II. Plana 2010eko ekainaren 10ean onetsi zuen Tokiko Gobernu Batzarrak, eta herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea hobetzea du xede. Hartara, zeharkako eta ekintza positiboko politikak bultzatzen ditu, gizarte-baldintzak eta -egiturak sortzen laguntzeko, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna egiazkoa eta eraginkorra izan dadin.
II. Berdintasun Plana 8 arlotan dago egituratua, eta guztiek ere elementu hauek dituzte:
- Ardatza: talde jakin batekiko jarduketa-esparrua.
- Helburua: ardatz jakin batekiko lortu nahi dena
- Ekintza: ekintza-ildo bat definitzen duena, helburu jakin batekin bat.
Kontuan harturik Planaren indarraldia lau urtekoa zela (2010etik 2013ra), 2015era arte luzatu zen, balorazio-prozesuaren ondotik. Egoki ikusten da helburuak eta ekintzak urtero jarduketetan zehaztea, epeak, langileak eta baliabide ekonomikoak nahiz teknikoak esleituta. Arlo bakoitzean garatu beharreko jarduketa-multzo horrek osatuko du Urteko Programa.
Urteko Programen jarraipena eta ebaluazioa koordinaziopean egite aldera, eta xede horretarako tresnak eskura jartze aldera, Udalak ENRED Consultoría S.L. enpresaren laguntza teknikoa jaso zuen 2015ean. Atal honetan zeharkako 1. eta 2. arloen gauzapenaren berri ematen da soilik, biak ere Berdintasuneko Alorraren ardurapean baitaude. Gainerako alorrek garaturiko ekintzak, berriz, zein bere memorian jasoko dira.
1. eta 2. Zeharkako Arloei buruzko informazioa
1. Zeharkako Arloa Aukera Berdintasunaren integrazioa, udal-administrazioan.
1. arloaren helburua Iruñeko Udaleko langileak sentsibilizatu, gaitu eta lanabesez hornitzea da, Udalaren politikek, planek, programek eta jarduketek genero-ikuspegia aintzat har dezaten, haiek diseinatzerakoan, abian jartzerakoan eta gauzatzerakoan, Iruñeko emakumeei eta gizonei aukera berberak bermatzeko. 2015ean hainbat jarduketa egin ziren honako helburu hauek lortzeko:
1.1. helburua: Behar den antolamendu-egitura edukitzea, Berdintasun Plana bultzatu, garatu, koordinatu eta ebaluatze aldera.
Udalaren antolaketa-egituran izaniko aldaketak gorabehera, alor desberdinetako Berdintasuneko arduradunak mantentzea erabaki zen, hau da, Planaren Talde Teknikoa, eta talde berri bat izendatzea dago aurreikusia, behin Berdintasunerako III. Plan Estrategikoa onetsi ondoren.
Emakumearen Udal Kontseilua lau aldiz bildu zen ohiko bilkuran 2015eko otsail, martxo, maiatz eta azaroan, eta beste gai batzuen artean, III. Planari buruzko informazioa izan zen aztergai.
1.2. helburua. Planaren ezarpena bultzatzea
Udalak laguntza tekniko baten zerbitzuak kontratatu zituen, 2015. Urteko Programetan sarturiko jarduketen garapenaren jarraipena egiteko. 2015ean, Berdintasun Plan berria diseinatu aurretik, berdintasunari buruzko kanpo-diagnosia burutu zen, bai eta indarreko planaren gaineko barne-ebaluazioa ere, Berdintasun Plan berria diseinatzeko prozesua hastearekin batera. 2015eko lehentasunezko ekintza Berdintasunerako III. Plan Estrategikoa prestatzea izan zen. Lehenik eta behin, III. Berdintasun Planaren esparru estrategikoa zehaztu, eta ondoren, jendarteak parte hartzeko prozesua egin zen; zehazki, teknikariek, politikariek eta herritar mugimenduek parte hartu zuten. Prozesu horren emaitza Berdintasunerako III. Planaren dokumentu estrategikoa izan zen.
1.3. helburua. Udaleko langileak Berdintasunaren gainean sentsibilizatzea.
Udalaren intraneten, online bidezko sentsibilizazio-modulu bat dago jendearen eskura Berdintasun arloaz. Ez dago daturik, ordea, hartan izaniko bisita kopuruaz. Berdintasuneko Alorrak garaturiko sentsibilizazio-jarduketa guztiak berariaz bidaltzen zaizkie udal-langile guztiei barne-postaren bitartez, sentsibilizazioaren berri emateko eta hartan parte hartzera gonbidatzeko.
1.4. helburua. Udaleko langile teknikoak eta politikoak gaitzea, genero-ikuspegia Udalaren jarduketan txertatzeko.
Aurreko urteetan bezala, 2015ean ere, Urteko Programa igorri zitzaien Berdintasuneko arduradunei posta elektronikoz, hau da, bakoitzari bere esku-hartze arloan dagokion huraxe. Intraneten, gainera, Planaren baitan Martxoaren 8aren karira antolatutako jarduerei buruzko argibidea argitaratu zen. Halaber, intraneten eskura dago sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduketa-protokoloa.
2015ean, eta II. Berdintasun Planean zer jarduketa garatu zen oro har jakitea errazte aldera, Berdintasuna egintzen bidez II izeneko zabalkunde-dokumentua prestatu zen, ikusizko baliabide ugariz osatua, udal-alorrek plan horren baitan garaturiko jarduketen balioa nabarmentzeko. 300 ale argitaratu, eta barne mailan banatu ziren.
1.5. helburua. Genero-ikuspegia udal-jardunean txertatzeko bultzatzea.
Helburu honen barruan barne daude urtero udal-alor guztientzat aurreikusten diren bi ekintza: batetik, berdintasunaren printzipioa mantentzea bai deialdian bai udal-langileen hautapen- eta sustapen-prozesuan; eta bestetik, udaleko informazio-sistemetan datuak sexuaren arabera banakatu beharra.
1.6. helburua: Udal-langileen artean, sexu-jazarpenari eta sexuan oinarritutakoari aurrea hartzea.
Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurkako prebentzio- eta jarduketa-protokoloa, 2013an onetsitakoa, gaztelaniaz eta euskaraz dago eskura Udalaren webgunean. 2015ean ez zen horri buruzko salaketarik izan.
2. Zeharkako Arloa Herritarrei zuzendutako informazioa, sustapena eta sentsibilizazioa.
2. Arloaren xedea da herritarrak kontzientziatzea eta haien pentsamoldea aldatzea, honako gai hauekin loturiko balioak zabalduz: aukera-berdintasuna; hizkera ez-sexista erabiltzea; norbere bizitza, familia eta lana bateragarri egitea; erantzunkidetasuna; eta zero tolerantzia emakumeen aurkako tratu txarren aurrean. Halaber, beharrezkotzat jo da emakume iruindarren parte-hartzea sustatzea bizitza sozialean, eta parte-hartze hori ikusaraztea; eta oroz gain, emakumeen arteko asoziazionismoa sustatu eta laguntzea.
2.1. helburua: Berdintasunerako Plana ezagutzera ematea, berariazko komunikazio-programa baten bidez.
2015ean, ez zen kanpo-laguntzarik jaso komunikaziorako, eta Iruñeko Udalaren ohiko informazio-bideak erabili ziren: weba, prentsa-oharrak, prentsaurrekoak, iragarkiak eta publizitatea, e-posta, Compañía Zentroaren alertak, sare sozialak eta Udaleko Youtube kanala.
Horrez gain, Iruñeko Udalak Berdintasun Planaren inguruan osaturiko webgunean, informazioa eman zen Compañía Zentroko ikastaroei eta etxean bizirauteko lantegiei buruz.
2.2. helburua. Herritarrak sentsibilizatzea, gizonen eta emakumeen arteko aukera-berdintasunari dagokionez.
- Sanferminetako kanpaina: Por unas fiestas libres de agresiones sexistas - Eraso sexistarik gabeko jaien alde.
2015ean, aurreko urtean bezala, Emakumearen Udal Kontseiluaren Sarferminak Berdintasunean Taldeak Sanferminetako kanpaina hori sustatu zuen. Helburuen artean hauexek daude: udal-konpromisoan aurrerapausoak ematea festetako eraso sexistak ezabatzeko; jaietan, emakumeendako segurtasuna hobetzea hala jaiguneetan nola hiriaren gainerako lekuetan; herritarrei jakinaraztea zer-nolako baliabideak dituzten eskura jaietan aholkularitzaz, laguntzaz, eta eraso sexistak salatzeko; jendea sentsibilizatzea eraso sexisten aurkako herritarren erantzunak duen garrantziaz, eta pertsonek, elkarteek, tabernek, peñek eta abarrek duten ardura partekatuaz jaiguneak leku seguruak izan daitezen.
Iruñeak bat egin zuen Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuak Nafarroako udalei egindako proposamenarekin, hots, festetan indarkeria matxista arbuiatzeko esku gorri bat erabiltzearekin. Kanpaina egokitzeko, zapiz beteriko Udaletxe plazako hondoa erantsi zion eskuari. Ezpain-zapiak, kartelak eta banderolak diseinatu, egin eta banatu ziren balkoietan paratzeko; seinaleztapen-oihalak ere egin ziren; gidak lau hizkuntzatan argitaratu ziren Indarkeria sexista identifikatzeko, geldiarazteko, erantzuteko eta laguntza eskatzeko modua izenburupean; halaber, Festetako eraso sexisten aurkako dekalogoa azaltzeko txartelak egin ziren, arreta- eta larrialdi-telefonoekin batera, baitaesku gorrien irudia duten 15.000 pin ere.
- Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna
Martxoaren 8ko programaren ardatza Hiriak eraldatzen dituzten emakumeak izan zen, eta horren baitan honakoak egin ziren: hitzaldiak, mahai-inguru bat, erakusketa bat bisitatzea eta Iruña, molde femeninoan argazki-lehiaketa. Gainera, www.pamplona.es webgunean agenda berezi bat moldatu zen, Udalaren eta Iruñeko talde nahiz kolektibo guztien programazioaren berri emateko. Horretarako, orrialdean ageri den galdetegi bat soilik bete behar da.
Udalaren Osoko Bilkurak adierazpen instituzional bat onetsi zuen, Nafarroako Berdintasun Teknikarien Sareak proposaturik. Udalak adierazpenean bere konpromisoa agertu zuen berdintasuna errealitate bihurtzeko, gutxieneko betebeharrak ziurtatuta berdintasuna politika publikoetan txertatzea bermatze aldera: hau da, borondate politikoa, berezko organismoak eta berdintasun-politikak gizonen eta emakumeen artean, departamentuen eta erakundeen arteko koordinazioa, emakumeen parte-hartzea erabakiak hartzeko prozesuetan, sentsibilizazioa eta prestakuntza genero-arloetan, diru- eta giza baliabideak, eta datuak nahiz estatistikak sexuaren arabera banakatzea. Horrek guztiak esan nahi du begirada berri bat erantsi behar dela bai erakundeetan bai gizartean, eta era berean, genero-harremanak jarduketa guztietan aintzat hartu beharra.
- “Oparitu Berdintasuna” Eguberrietako Kanpaina
Eguberrietako kanpaina bat egin zen haurrendako jostailuen aukeraketaren inguruan eta lanarekiko beharrezkoa den erantzunkidetasunaren gainean, Gabonetan lana handitzen baita, mahaia dela-eta, sukaldea dela-eta, etab. Horren haritik, 500 kartel argitaratu, eta bideo bat banatu zen Udalaren web, sare sozial eta Youtube kanalaren bidez, bai eta sakelako telefonoen bidez ere. Kanpaina mupis-zirkuituetan paratu zen Eguberriek iraun bitartean, bai eta udaletxeko atondoan ere.
- Compañía Zentroa
Emakumeen presentzia eta parte-hartze aktiboa sustatze aldera, eta zehazki, eten digitala murrizte aldera, Compañía Zentroan 60 informatika-ikastaro eman ziren hainbat talderentzat, bai oinarrizko mailan, bai maila aurreratuetan: 55 urtetik gorako emakumeak, 55 urtetik beherako emakumeak, emakume-elkarteak, adingabeak eta gazteak. Zentroko Online Informazio Sistemak IKTei eta aukera-berdintasunari loturiko bilduma eguneratu bat dauka eskura; hots, badira dokumentuak, artikuluak, web-estekak, software libreko programak, legeria, eskuliburuak. Urtean 4.500 erabilera izan ziren. Compañía Zentroak 247 jarraitzaile ditu FaceBooken, eta 82, Twitterren. 2015ean, 153 argitalpen egin ziren.
- Lankidetza-hitzarmena IPES Dokumentazio Zentroarekin
Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen IPES Dokumentazio Zentroarekin, dokumentazio-zentro espezializatu bat herritarren eskura jartzeko eta haien sarrera errazteko. Hitzarmenari esker, emakumeei eta genero-ekitateari buruzko zerbitzu espezializatu gisa finkatu egin zen Iruñean IPES Elkarteko Emakumeen Liburutegia-Dokumentazio Zentroa. Era berean, ikusezina ohi den, sakabanatuta ohi dagoen edo sekulan eman ohi ez den informazioa jarri zen jendearen eskura, edota zenbaitetan, sarbide zaileko zentroetan dagoen informazioa ere bai. 518 dokumentu berriri eman zitzaien alta (liburuak, foiletoak, ikus-entzunezko materiala edo material elektronikoa), eta 6.336 sarrera izan ziren dokumentazio-funtsean (2.110 kontsulta aretoan; 3.171 kontsulta katalogoan online, eta 1.055 mailegu etxerako).
2.3. helburua: Bateragarritasuna sustatzea, familiako, laneko eta norberaren bizitzari dagokionez, bai eta erantzunkidetasuna ere
- Etxeko zereginei aurre egin eta bizirauteko ikastaroak
Etxeko lanetan erantzunkidetasuna eta estereotipoak haustea sendotze aldera, Nik ere egin behar dut lantegiaren bi edizio egin ziren, lanak trukatze aldera; hau da, eskolak eman ziren gizonentzat sukaldaritzaz, lisaketaz eta joskintzaz, eta emakumeentzat, iturgintzaz, elektrizitateaz eta etxeko brikolajeaz. Talde bakoitzak 16 kide ditu, eta deialdi guztietan, eskura dauden tokiak halako hiru izaten dira eskariak.
- Oporretan Haurrak Artatzeko Zerbitzua
Iruñeko familien bizitza eta lana bateragarri egitea sustatze aldera, Haurrak Artatzeko Zerbitzuak jarduerak eskaintzen ditu eskola-oporretan, hau da, Aste Santuan, udan eta Eguberrietan.
2.4. helburua: Hizkera barne-hartzailearen erabilera sustatzea.
Espedienteen gestorean eskura dauden diru-laguntzetarako deialdien txantiloiak zuzentzeaz gain, kontratuetarako txantiloietako testuak berrikusi ziren; halaber, langile juridikoen artean, hizkuntzaren erabilera ez-sexistari buruzko orientabideak biltzen dituzten gida batzuk (aurretik argitaratuak) banatu ziren. Posta elektroniko generikoaren bidez, igualdad@pamplona.es, oharrak eta iradokizunak egin daitezke arlo horri buruz.
2.5. helburua: Herritarrak genero-indarkeriaren aurka sentsibilizatu eta kontzientziatzea
Azaroaren 25aren karira, hainbat jarduera antolatu ziren era bateko zein besteko publikoentzat, hala nola hitzaldi bat (Indarkeriak sarean. Indarkeria interkonektatu eta anitzak, bikote-indarkeriatik harago), sarrera libreko Divinas antzezlana Baluarten, eta kale-bilkura bat Udaletxe plazan goiburu honekin:
Emakume eta neskatoen aurkako indarkeria mota ororen aurka.
Eutsi egin zitzaion genero-indarkeriaren biktimak babestu eta laguntzeko baliabideen inguruko informazio-guneari Udalaren webgunean. Martxoan bezala, emakume-elkarteek Azaroaren 25eko agendan antolatutako jarduera guztiak Udalaren webeko egutegian sartzeko aukera mantendu zen.
2.6. helburua: Emakumeen arteko laguntza-sareak sustatzea
Iruñeko Udalak 96.000 euro eman zizkien irabazi-asmorik gabeko 17 elkarteri, Aukera Berdintasunaren Plana garatzeko programak gauzatzera bideratutako proiektuak abian jartze aldera.
2.7. helburua: Emakume iruindarrak hirian ikusaraztea.
Hainbat espazio publiko izendatzeaz gain, beste espazio publiko batzuk emakume-izenekin izendatzera gonbidatu zituen Udalak entitate publikoak zein pribatuak, emakumeek Iruñeko garapenean arlo guztietan (gizartean, kulturan, ekonomian eta politikan) bete duten eginkizuna aitortzeko. Emakumearen Udal Kontseiluak kale, plaza eta espazio publikoei buruzko proposamen bat onetsi zuen 2015ean. Nabarmentzekoa da Lezkairuko ipar parkeari Emakumeen parkea izena eman zitzaiola.
Martxoaren 8a ospatzeko ohiko lankidetzaz gain, Civivox zentroen hiruhilekoko programazioan Generoa eta Berdintasuna izeneko atal bat sortu zen 2013an, eta haren baitan, literatura eta emakumeei buruzko lantegi bat antolatu zen, bai eta heroi feministei buruzko zineforum bat ere.
Azkenik, publizitate sexistak eragindako bi salaketa bideratu ziren, eta biak ere Madrilgo Emakumearen Institutuko Publizitate Sexistaren Behatokiaren webgunearen bidez nahiz Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren bidez kudeatu ziren.
Udal-alor guztien gauzapen-datuak
Gauzapenari buruzko datu orokorrei begira, aipatu behar da II. Berdintasun Planaren indarraldian 142 ekintza proposatu zirela, 8 arlotan antolatuta. 2015ean, 98 jarduketa programatu, eta 77 gauzatu ziren; beraz, jarduketa guztien % 78,57 gauzatu ziren.
|
ALORRA |
JARDUKETAK BERDINTASUN PLANA |
PROPOSATUTAKO / GAUZATUTAKO JARDUKETAK (2010) |
PROPOSATUTAKO / GAUZATUTAKO JARDUKETAK (2011) |
PROPOSATUTAKO / GAUZATUTAKO JARDUKETAK (2012) |
PROPOSATUTAKO / GAUZATUTAKO JARDUKETAK (2013) |
PROPOSATUTAKO / GAUZATUTAKO JARDUKETAK (2014) |
PROPOSATUTAKO JARDUKETAK 2015 |
GAUZATUTAKO JARDUKETAK 2015 |
|
|
1 |
Aukera Berdintasunaren integrazioa, udal-administrazioan. |
24 |
15/17 |
19/18 |
20/19 |
23/17 |
20/15 |
20 |
14 |
|
2 |
Herritarrei zuzendutako informazioa, sustapena eta sentsibilizazioa. |
30 |
23/20 |
25/19 |
24/21 |
27/20 |
21/20 |
19 |
16 |
|
3 |
Gizarte Ongizatea |
23 |
11/12 |
18/17 |
15/15 |
17/11* |
15/13 |
15 |
14 |
|
|
Kirola |
4/3 |
4/3 |
3/2 |
2 |
2 |
|||
|
4 |
Merkataritza eta Turismoa |
9 |
5/4 |
8/5 |
6/5 |
7/7 |
7/6 |
7 |
0 |
|
5 |
Kultura |
8 |
7/5 |
8/6 |
8/6 |
8/6 |
8/6 |
6 |
6 |
|
6 |
Hezkuntza |
20 |
12/12 |
18/9 |
5/4 |
6/4 |
4/2 |
4 |
1 |
|
|
Gazteria |
8/5 |
9/6 |
7/7 |
7 |
6 |
|||
|
7 |
Herritarren Partaidetza eta Teknologia Berriak |
9 |
3/2 |
9/8 |
9/7 |
9/7 |
7/5 |
7 |
7 |
|
8 |
Harremanak inguruarekin: |
19 |
5/7 |
7/6 |
|
|
|
|
|
|
|
Herritarren Segurtasuna |
5/5 |
6/6 |
6/6 |
6 |
6 |
|||
|
|
Mugikortasuna |
2/1 |
5/3 |
2/2 |
1 |
0 |
|||
|
|
Hirigintza |
6/2 |
6/2 |
2/2 |
2 |
2 |
|||
|
|
Garapen Iraunkorra |
2/2 |
2/2 |
2/2 |
2 |
2 |
|||
|
GUZTIRA |
142 |
81/79 |
112/88 |
114/95 |
129/94 |
104/88 |
98 |
77 |
|
- Ez dago eskura informaziorik programatutako 4 ekintzaren gauzapenaz.
