Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hezkuntza

Udalaren ikastetxeak

Joaquín Maya Musika Eskola musika-irakaskuntza ez-arautuko ikastetxea da, eta Iruñeko Udala da haren titularra. Chinchilla jeneralaren kalean dago. Gaur egun, eskolan espezialitate hauek ematen dira: akordeoia, baxu elektrikoa, bateria, bonbardinoa, kantua, klarinetea, kontrabaxua, abesbatza multzoa, instrumentu-elkarteak, fagota, zeharkako flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, hizkuntza musikala, oboea, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronpa, tronboia, tronpeta, tuba-bonbardinoa, txistua, biola, biolina eta biolontxeloa. 2014/15 ikasturtean guztira 954 lagun egon ziren espezialitateetako batean matrikulatuta.

Horiez gain, musika klasikoari buruzko ikastaro monografikoak egin ziren, helduei bereziki zuzenduak (Entzunaldi gidatuak, Artea entzutea eta Historiako konpositore eta estilo handiak). 57 matrikulazio izan ziren.

Egungo Catalina de Oscáriz Udalaren Arte eta Lanbide Eskolaren aurrekariak 1828koak dira, urte hartan Udal Akademia sortu baitzen. Bigarren Hezkuntzako Institutuaren aitortza ofiziala du, eta arlo hauek ematen dira: Batxilergo Artistikoa, erdi mailako prestakuntza-zikloak (Autoedizioa eta Zurgin-lan Artistikoa) eta goi mailako prestakuntza-zikloak (Argazki Artistikoa, Eskulturaren arloko Arte Aplikatuak, Grabatua eta Estanpazio Teknikak, eta Dekorazioko Obra Proiektuak eta Zuzendaritza).

Gainera, marrazki artistikoari eta pinturari buruzko ikastaro monografikoak ematen dira. Horrela, 2014/15 ikasturtean, eskari guztiari erantzun zitzaion, 34 ikasle aritu baitziren marrazkian, eta 25, pinturan. Hortaz landara, 240 lagun  hiruhilekoan behingo hiru lantegietan matrikulatu ziren: marrazketa, pintura eta marrazkiaren teoria.

Udalaren hamabi haur-eskolek abuztuaren 17an, astelehena,  zabaldu zituzten ateak ikasturte berrirako. Eskoletan izena emandako 1.000 haurrek baino gehiagok hasi zuten ikasturtea. 821 eskaera berri jaso ziren, eta %87,45 sartu ziren. “Iruñeko Udalaren Haur Eskolak” Erakunde Autonomoak 1.087 leku eskaini zituen ikasturte horretarako hamabi eskoletan;  horietatik, 609 ikasle berriei bideratuta daude, eta gainerako 478 lekuak, 0 eta 3 urte bitarteko erabiltzaile zaharrei. 821 eskaera berri aurkeztu ziren, hau da, aurreko ikasturtean baino %0,7 gutxiago. Horietatik, 180 (ia %22) Iruñean erroldatuta ez dauden haurrei dagozkie.

Iruñeko Udalak hamabi haur-eskola ditu hiriko zenbait auzotan banatuta: Egunsenti, Donibane, Fuerte Príncipe-Printzearen Harresi, Haurtzaro, Hello Azpilagaña, Hello Buztintxuri, Hello Rochapea, Izartegi, José María Huarte, Mendebaldea, Mendillorri eta Rotxapea. Rotxapea eta Egunsenti eskoletako hizkuntza-ereduaren aldaketa da ikasturteko berrikuntza nagusia. Rotxapea Haur Eskolak, Arrotxapeko Juanito kalean, euskarazko lekuak eskaintzen ditu; Egunsenti Haur Eskolak, berriz, Txantreako Miravalles kalean, gaztelaniazko eskaintza du. 

Udalaren lan-ildoak

Udalak hainbat programa eta laguntza-deialdi diseinatu eta eskaintzen ditu ikastetxeei eskolaz kanpoko ekitaldiak bultzatzen laguntzeko eta, era berean, ikastetxeen eta beren lan-esparruko gizarte- eta ekonomia-ingurunearen arteko harremana sustatzeko. Udalak, hartara, hiru ataletan egituratu ditu.

Ikasleek eskola-ingurunea ezagutzeko programak

Iruña Ezagutu programaren helburua ikasleek gure hiria ezagut dezaten sustatzea da, hiriaren historia eta hiri-bilakaera aztertuz. Ikastetxe publikoetako eta itunduetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendua dago. 2.076 ikaslek parte hartu zuten, 38 ikastetxetako 188 ikastaldetan banaturik.

Programa horrek ikasmaterial osagarria dauka: Iruña eta bere hiri senidetuak ezagutu ikasliburua, Iruñeari buruzko bi joko eta DVD bat. Hiri senidetuak ikasteko jarduera ikastetxe bakoitzean egiten da, eta ikastetxe bakoitzak aukeratzen du zer hiri sakonago ikasi. 2015ean, Baiona aukeratu zen gehien, eta ondotik, Yamaguchi, Paderborn eta Pamplona Kolonbiakoa. Eskola-programa horrek, gainera, hirian bi ibilbide egiteko aukera eskaintzen du: lehenak Iruñeko historian jartzen du arreta, eta hiru orduko iraupena duen ibilbide bat egiten da Alde Zaharrean barrena. Bigarrena, berriz, autobusez egiten da eta hiriko auzoak bisitatu eta alderatzen dira, zer-nolako garapena eta bilakaera izan duten ikasteko.

Programaren osagarri, beste talde batzuei irekita dauden bisita gidatuak egiten dira. 2015ean, 2.171 lagunek parte hartu zuten 102 taldetan banatuta. Taldeek Alde Zaharreko hainbat ibilbide historikoren artean aukeratzen dute: harresietan barnako ibilaldiak, Donejakue Bidea Iruñean, entzierroaren ibilbidea, ibilbide historiko edo hirigintza-ibilbide bat, eta hiriko auzoak ezagutzea. Taldeek, alde handiz, ibilbide historikoa aukeratu zuten (69 talde).

Martxoaren 12an Zuhaitzaren Eguna 2015 ospatu zen, eta El Lago de Mendillorri eta Mendigoiti ikastetxeetako ikasleek parte hartu zuten. Ezkia eta Ezki zilarkara espezieetako aleak landatu ziren Mendillorriko lorategi berri batean. Lehen Hezkuntzako 5. mailako 100 ikasle parte-hartzaileek aurrez ikasi zuten berdeguneak hirietan oso garrantzitsuak direla, bai eta behar bezala zaintzea ere, landaketa-jardueraren osagarri. Jardueraren helburua Iruñeko berdeguneak hazten laguntzea da eta, era berean, ikasleak kontzientziatzea landare-espezieek hirian berez duten balioaz, bai eta behar dituzten zainketez ere.

Ikasleen bisitak Gayarre Antzokira programa 2001/02 ikasturtean abiatu zen, ikusita ikasle askok zeinen ezagutza urria erakusten duten lekua modu egokian "erabiltzean"; asmoa da, beraz, ikasleek antzokiaren zatien eginkizuna ezagutzea: besaulkien zenbakikuntza, aretozainen zeregina, aldagelak, eszena-kutxa, argiztapena eta abar. Era berean, etorkizuneko ikusleak hezteko xedea dago, haien zentzu kritikoa eta estetikoa lantze aldera. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei zuzendua dago. Bisitak gida-ikuskizun hezigarri baten inguruan daude antolatuta eta, talde txikietan banatuta, antzokiko gune guztiak bisitatzen dira. Bukatzeko, Cervantesen lan bat antzezten da, Gauza miragarrien erretaula, eta ikasle batzuek figurante gisa parte hartzen dute. Bisiten programa gaztelaniaz eta euskaraz egiten da. 2015ean, 1.046 ikaslek hartu zuten parte.

Programak, arte-jarduerak sustatzeko

1996/97ko ikasturtetik hona, Udalak antzerki-lantegiak garatzen ditu Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, haurrek dituzten adierazpen- eta antzezpen-baliabideak aberastea helburutzat hartuta. Hartara, teknikak ere irakasten zaizkie, besteekiko komunikazioa eta harremana errazteko, eta era berean, beste curriculum-arlo batzuekin zerikusia duten ikaskuntza-prozesuak finkatzeko.  Programa hau Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleei zuzendua dago, dramatizazioa eta jolas dramatikoa landu ditzaten; halaber, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoentzat da, txotxongiloen bidezko dramatizazioa landu dezaten. 2014/2015 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan jorratu zen gaia Lurraren hondora bidaia: lurpeko mundua, ezkutukoa eta sakonekoa, ikusezina ikusarazten izan zen. 2015/2016 ikasturterako, berriz, honako hau da: Bizitzaren hastapenak, eta bizitza Lurrean: jatorrira bidaia. 2014/15 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan, 90 taldek parte hartu zuten; 2015/2016ko lehen hiruhilekoan, berriz, 27 ikastetxetako 93 taldek. Programa Nafarroako Antzerki Eskolak kudeatzen du, berariaz deitzen den lehiaketa publikoaren esleipenduna baita.

Irakurzaletasuna sustatzea programa 1996an hasi zen eta, 1997/1998 ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei ere zuzenduta dago, publikoei nahiz pribatuei, gaztelaniaz nahiz euskaraz. 2015ean, 273 jarduera egin ziren. Guztira 9.391 parte-hartzaile izan ziren, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxetakoak, Bigarren Hezkuntzako 24 ikastetxetakoak, Hezkuntza Bereziko 2 ikastetxetakoak eta Helduen Hezkuntzako 2 ikastetxetakoak. Programan hiru jarduera-mota garatzen dira: irakasleendako mintegiak, oso egokiak liburuei buruzko aipamen eguneratuak emateko (iaz, 74 orientazio-bilera egin ziren); ahozko narrazio-saioak, hau da, munduko hainbat herrialdetako herri-ipuinak kontatzen dira (122), eta haur-literaturako idazleekiko topaketak, eta horren baita, egilearen kontakizunak irakurtzen dira ikastetxera bisitan joan aurretik (79).

Programa horiez gain, Udalak hainbat lehiaketa deitu zituen. Batetik, Zuhaitzaren Eguna 2015 marrazki eta pinturako eskola-lehiaketa deitu zuen, Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, “Nire herrialdeko zuhaitzak” lelopean. 157 lan jaso ziren, hiru kategoriotan banatuta: A kategoria (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak), 44 lan; B kategoria (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak), 61 lan; eta C kategoria (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak), 52 lan. Sarietan, 1.500 euroko txartelak banatu ziren, eskola-materiala erosteko.

Era berean, XXV. Literatur Lehiaketa antolatu zen, Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren zikloko ikasleentzat. Aurreko edizioetan bezala, bi modalitate ezarri ziren: “Ipuina”, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleentzat, lau kategoriatan banaturik, ikasmailen arabera; eta, “Komikia”, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko 2. mailara bitarteko ikasleentzat, bi kategoriatan banaturik adinen arabera. Guztira 406 lan aurkeztu ziren.

Azkenik, 2014ko Eguberriak ospatzeko antolaturiko ekitaldi- eta lehiaketa-egitarauaren osagarri, Eskola Jaiotzen XIII. Lehiaketa antolatu zen. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta itunduek parte har dezakete. 12 ikastetxe aritu ziren.

Diru-laguntzetarako deialdiak

Iruñeko Udalak, urtero, laguntzen deialdia egiten du hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei zuzenduta, eskola-liburutegien funtsa handitzeko eta ikasmaterial suntsikorra erosteko. Ikastetxe bakoitzari zenbat diru eman ikastetxe bakoitzaren matrikularen arabera finkatzen da. 2014/2015 ikasturtean zehar, guztira  9.017 ikasle egon ziren matrikulatuta ikastetxe publikoetan, gehi Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzarako Ikastetxeko 1.108 lagun, eta banaturiko diru-laguntzen zenbatekoak 98.241 euro jo zuen guztira: 38.110,28 euro eskola-liburutegietarako, eta 60.131,40 euro, ikasmaterialerako; diru-laguntza/ikaslea erlazioa 5 euro eta 9 euro izan zen, hurrenez hurren.

Bigarren deialdiak Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetako eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak laguntzen ditu diruz, eskola-eskaintzaren kalitatea hobetzen laguntze aldera. 2015ean, eskolaz kanpoko jarduerengatik, 164.980,00 euro eman ziren diru-laguntzetan; zehazki, 20.135 ikasle dituzten 44 ikastetxeren artean banatu ziren. Dirutza horren % 50 ikastetxe eskatzaileen artean hainbanatzen da, eta gainerakoa, berriz, ikastetxe bakoitzaren ikasle kopuruaren arabera.

Azkenik, ikastetxeetako gurasoek gurasoentzat beraientzat antolatzen dituzten programak eta jarduerak garatze aldera, Iruñeko Udalak urtero diru-laguntzen deialdi bat egiten du Haur eta lehen Hezkuntzako ikastetxeetako Guraso Elkarteentzat. 2014/2015 ikasturteko deialdia maiatzean onetsi eta 2015eko abenduan ebatzi zen; 33 elkarte aurkeztu ziren, eta 65.000,00  euro eman zitzaien.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala