Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hiri Ekologiako Zerbitzua

2015eko irailean, Hiri Ekologiako Zerbitzu berria jarri zen abian, Tokiko Agenda 21 programaren ordez, hartan egiten ziren lanak egiteko eta zabaltzeko. Horrela, Udalak honako ekimen hauten guztietan hartu zuen parte; Alkateen Itunean, zeina Europar Batzordearen ekimena baita, toki gobernuei zuzendua, CO2 isurketak murrizteko konpromisoa har dezaten; Families Intelligent Energy Saving Targeted Action (FIESTA) proiektuan, seme-alabak dituzten familiei energia aurrezten laguntzeko ohiturak aldatzea eta erosketa efizienteak egitea xede duen horretan; Udalaren karbono-oinatza kalkulatzeko proiektu pilotuan, eta Iraunkortasunerako Nafarroako Toki Entitateen Sarearen batzar nagusian, besteak beste.

Garatutako ekintza nagusiek 6 lan-ildori jarraitzen diote: klima-aldaketa arintzeko ekintzak; ingurumen-hezkuntzari laguntzea; hiriko biodibertsitatea zaintzea; iraunkortasun-irizpideak sartzea udal-kontratuetan; mugikortasun iraunkorra eta bizikleta bultzatzea; eta proiektu berriak abian jartzea, hala nola hiri-baratzeak, edalontzi berrerabilgarria, Gazteluko plazako hondartza, Mendillorriko barne-mugikortasunari buruzko azterlana, konpostaje-gune komunitarioak eta udal-bizikletak.

Klima-aldaketaren kontrako ekintzak.

Iruñeko Udalak Alkateen Ituna izenpetu zuen 2009an; Europar Batzordearen ekimena da, toki gobernuei zuzendua, 2020. urterako CO2 isurketak gutxienez % 20 murrizteko konpromisoa har dezaten; horretarako, Energia iraunkorrerako ekintza-plan bat egin beharko dute, baita isurketen egutegi bat ere.  5 urteko lanaren ondoren, 2015ean ezagutu ziren Iruñeko isurketen datuak; 2013an, 840.336 tona baliokide CO2 isuri ziren. Horrek esan nahi du % 24 murriztu dela 2008ko isurketen kopurua, eta praktikan bete egin dela, bost urtean, 2020. urterako hartutako konpromisoa. Biztanleko isurketa-ratioa 5,6 t CO2-koa zen 2008an, eta 4,2 t CO2-koa, 2013an; hau da, %25 murriztu da biztanleko.

Emaitzaren zati bat kontsumo energetikoa murriztu izanaren ondorioa da, % 18 murriztu baitzen 2008-2013 aldian Iruñean, bereziki gasolio eta gasolina gutxiago kontsumitu zirelako garraio pribatuan (-% 24) Bestalde, Nafarroan energia berriztagarri gehiago ere erabili ziren ohiko gas naturalaren ordez, bereziki elektrizitatea ekoizteko. 2013an, Nafarroako Foru Komunitateak kontsumitutako elektrizitate guztiaren % 88,73 sortu zuten energia-iturri berriztagarriek Nafarroan.  2008an, % 62,40 izan zen.

Proiektu horretaz gainera, Udalak FIESTA proiektuan parte hartzen jarraitu zuen, baita Udalerri eta Probintzien Espainiako Federazioaren (FEMP) proiektu pilotuan zein Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoan (OECC) ere, Udalaren berotegi-efektuko gasen isurketa kalkulatzeari begira. Isurketa horiek Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak sortutako isurketen erregistroan inskribatu eta ziurtatu ziren 2015ean. Horrela, Udalak ziurtagiri bat eta “CO2-Kalkulua” zigilua lortu ditu, eta, ondorioz, beren isurketak konpentsatu behar dituzten enpresentzako inbertsioak eskura ditzake, isurketak murrizteko eta karbonoa xurgatzeko proiektuetan.

Ingurumen-heziketa

Ingurumen-heziketako lana Ingurumen Heziketarako Museoan –2003an inauguratu zuen Iruñeko Udalak  ekipamendu hori– egiten da gehienbat, honako helburu hauekin: natur baliabideak eta gizakion jarduerak zein horien arteko elkarreragina ezagutzera eman eta baloratzea, bai eta iraunkortasunaren printzipioetan oinarritutako gizartearen eredu berri bat eraikitzen laguntzea ere, ingurumen-heziketa etengabea baliatuta. Museoak prestakuntza eta dibulgazio arloetako jarduerak eskaintzen ditu, bai ikastetxeentzat, bai herritar guztientzat oro har; era berean, ingurumen arloko dokumentazioa, informazioa eta aholkularitza eskaintzen ditu. Erakusketa iraunkorrerako eremu bat, hitzaldi-aretoa eta lau gela ditu museoak.

2015ean, museoak 12.365 bisitari jaso zituen, eta marka guztiak hautsi zituen 2003an inauguratu zenetik. Izan ere, estreinako aldiz gainditu zen 12.000 bisitarien kopurua; erabiltzaile-kopurua % 10 handitu zen aurreko urtearen aldean.

        Ingurumen Heziketarako Museoko bisitarien bilakaera

URTEA

Partikularrak

Ikasleak

Beste talde batzuk

GUZTIRA

2003

1.563

329

503

2.395

2004

998

1.329

662

2.989

2005

1.055

3.004

1.984

6.043

2006

669

2.417

1.796

4.882

2007

726

2.055

2.453

5.234

2008

620

3.920

2.602

7.142

2009

752

3.610

3.116

7.478

2010

637

4.367

3.383

8.387

2011

694

4.371

2.880

7.945

2012

1.037

4.104

4.288

9.429

2013

988

3.716

5.195

9.899

2014

941

4.429

5.899

11.269

2015

1.087

4.168

7.110

12.365

HISTORIKOA

11.767

41.819

41.871

95.457

 

Ingurumen Heziketarako Museoak hainbat dibulgazio-lan egiten ditu urtean, eta hauek nabarmendu daitezke horietan:

  • Heziketa Iraunkortasunerakoprograma eskola-bisitendako Museoaren jarduketa-ardatz nagusietako bat da, bi esparru hartzen dituelako: prestakuntza eta dibulgazioa. Hezkuntza-maila guztietako ikasleei zuzentzen zaie eskaintza, Haur Hezkuntzako ikasleengandik hasi eta Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko ikasleenganaino. 2015-2016 ikasturtean, programa berritu, eta 32 jarduera berri egin dira.  2015eko eskola-kanpainan 4.168 ikaslek hartu zuten parte. Beraz, 2014an baino % 6 gutxiagok, orduan 4.429 parte-hartzaile izan baitziren.
  • Tailerrak oporraldietan. Museoaren programazio iraunkorrean hiru jarduera-ziklo daude, Eguberrietan, Aste Santuan eta udan egiten direnak, eta, bereziki, haurrei daude zuzenduta.  2015ean, 32 jarduera egin ziren; guztira 883 pertsonak hartu zuten parte, hau da, 2014an baino %13 gutxiagok, orduan 1.018 lagun bertaratu baitziren.
  • Iraunkortasunaren ikasgela. Dibulgazio-jardueren programa bat da, proiekzioak, hitzaldiak, mahai-inguruak, ikastaroak, tailerrak, azokak eta abar biltzen dituena, bereziki helduei zuzendutakoak. Astean behin egiten da, asteazkenetan, eta hiru gai nagusi ditu ardatz: nekazaritza ekologikoa, biodibertsitatea eta “Neure eskuz” tailer-zikloa. Berrikuntza gisa, gainera, naturari eta ingurumenari lotutako dokumentalak proiektatzeko ziklo bat jarri zen abian 2015ean. Guztira, 141 jarduera antolatu ziren 2015ean –82 izan ziren 2014an–, eta 4.527 pertsonak hartu zuten parte, hau da, iaz baino %23 gehiagok –3.672 izan ziren orduan–. 2015ean, batez beste, 32 pertsona bertaratu ziren jarduera bakoitzeko.
  • Beste jarduera batzuk. Urteko programez gainera, Museoak irakasleentzako prestakuntza-jarduerak garatu zituen, eskola-baratze, ikasgela iraunkor eta bizi-bus baten ezarpenari buruzkoak. Halaber, Ingurumenaren Mundu Eguna ospatzeko, ekainaren 5ean, zenbait jarduera egin ziren, eta 1.500 pertsonatik gora aritu ziren haietan.

 

Hiriko biodibertsitatea.

Hiriko biodibertsitatea zaintzeari begira 2015ean egindako lanen artean, nabarmentzeko modukoak dira San Kristobal eta Ezkaba mendietako basoak hobetzeko egindakoak, baita espezie inbaditzaileen kontrola eta zenbait esparrutan egindako jarduketak ere.

San Kristobal eta Ezkaba mendietan egindako lanen helburua da pixkana pixkana kentzea egun dagoen landaredia (larizio pinudiak) eta landaredi autoktonoa jartzea (haritz pubeszentearen seriea eta karraskaren serie muino-menditarra), berezko biodibertsitatea zaintzeari begira.

2015ean, hegazti ugaltzaileak oinarri hartzen dituen biodibertsitate-adierazlearen kalkulua enkargatu zen berriz, bi urtetik behin enkargatu baita 2009tik. Ikerketak ondorioztatzen duenez, pixka bat gora egin du Iruñeko hegazti-faunaren dibertsitateak; hartara, handitu egin da hiriko biodibertsitatea oro har.  Ikerketaren arabera, lau espeziek hartzen zuten hegaztien ia % 60: etxe-txolarrea (% 20), haitz-usoa (% 18), sorbeltz arrunta (% 14) eta karnaba europarra (% 7). Gainerako 64 espezieek gainerako %40a hartzen zuten.

Iraunkortasun-irizpideak udal-kontratuetan

2015ean, jarraipen- eta aholkularitza-eginkizunekin jarraitu zen, udal-kontratu publikoetan iraunkortasun-irizpideak txertatze aldera. Horrela, besteak beste, irizpide horiek sartu ziren hiru kontratu hauetan: autobus-geltoki zaharreko atezaintza, Eguberrietako Feriarako etxolak eta garbiketa; halaber, irizpide horiek txertatzeari buruzko aholkularitza eskaini zen kale-garbiketaren, eraikin publikoen mantentze-lanen eta energia-horniketaren kontratuetan.  Halaber, 2015ean, azterlan bat abiatu zen proposamen global bat ezartzeko, plegu-ereduetan iraunkortasun-irizpideak txertatze aldera.

Mugikortasun iraunkorra eta bizikletaren sustapena

Bizikletaren erabilera eta mugikortasun iraunkorra bultzatzeko egindako jarduketen aurrean, bost lan-lerro nabarmentzen dira: Nbici bizikleta-alokairuaren udal-sistema, bizikletaren behatokia, bizikletaz zirkulatzeari buruzko ikastaroa, autoa partekatzeko programa eta mugikortasunaren astea ospatzea. 2015ean bukatutzat jo zen ibilgailu elektrikoaren sustapen eta elkarreragingarritasunari buruzko proiektu europarra.

  • Nbici bizikleta-alokairua. 2007an hasi zen udal-zerbitzu hori, eta 5 base ditu hirian barna banatuta; garraiobide gisa sustatu nahi du bizikleta. 2015ean, 4.118 erabiltzaile izan zituen sistemak. 2015ean, 175 erabiltzaile berrik eman zuten alta sisteman, 2014an baino % 37 gutxiagok (277). 2015ean, guztira, 10.238 eragiketa (mailegu) egin ziren, eta eguneroko erabilerak, batez beste, 32 izan ziren. Beraz, 2014an baino % 8 gutxiago, orduan 11.884 parte-hartzaile izan baitziren. Era berean, 2015ean zehar, txartelen aldi baterako erabilera mantendu zen (gutxi gorabehera, 200).
  • Bizikletaren behatokia. Bizikletaren behatokia parte hartzeko foro bat da, Iruñeko Udalak 2013an sortua, bizikletaren egoera aztertu eta analizatzeko hiriko garraiobide gisa. 5 bilkura egin ziren 2015ean zehar.
  • Bizikletaz zirkulatzeari buruzko ikastaroa. 2015ean,  bizikletaz zirkulatzeari buruzko 3 ikastaro antolatu zituen Iruñeko Udalak, eta guztira 42 parte-hartzaile izan ziren. 2010. urteaz geroztik egiten den ekimena da, Garraiobide Osasungarrien Elkartearekin elkarlanean.
  • Autoa partekatzea. ‘Autoa partekatzea’ ekimenari dagokionez, www.compartir.org webgunerako konexioa jartzen da udal-webgunean; horretan erregistratzeko aukera dute erabiltzaileek, eta ibilgailu pribatu batean bidaia partekatzeko pertsonak bilatuta, gastuak banatu eta zirkulazioa eta isurketa kutsagarriak murrizteko aukera sortzen da. 2005ean abian jarri zenetik, 1.950 erabiltzaile erregistratu dira guztira. 2015ean 125 erabiltzaile berri erregistratu ziren, 2014an (178) baino gutxiago.  2015ean zehar, batez beste, 337 erabiltzailek partekatu zuten autoa eguneko, 3 pertsona ibilgailu bakoitzean.
  • Mugikortasunaren Astea 2015ean, Udalak Mugikortasunaren Europako Astea ospatu zuen berriz, Autorik gabeko Eguna barnean zela; 13 jarduera egin ziren irailaren 16tik 22ra bitarte. Guztira 2.315 lagun aritu ziren jarduera horietan.


Proiektu berriak

Hiri Ekologiako Zerbitzuak proiektu berriak jarri ditu abian 2015eko irailetik, hala nola hiri-baratzeak, edalontzi berrerabilgarria, Gazteluko plazako hondartza, Mendillorriko barne-mugikortasunari buruzko azterlana, konpostaje-gune komunitariokoak eta udal-bizikletak.

  • Hiri-baratzeak. 2015eko urtarrilean hiri-baratze komunitarioak zehazten hasi ziren; izan ere, lurzatiak aurrez aukeratu eta haien erabilerarako eta kudeaketarako analisia egin zen. Horrela, Arantzadiko meandroaren barnean dauden hiru lurzati hautatu ziren, hiriko kolektibo batzuek lurrak uzteko egindako eskariei erantzuteko. Irailetik aurrera, lehentasunezkotzat jo zen baratze komunitario bat egitea Alde Zaharrean, eta, horretarako, Pellejerías zokoa aukeratu zen. Era berean, hiriko baratzeen sare bat garatzeko proposamen-txosten bat egin zen, aintzat hartuta, baratze komunitarioez gainera, eskola-baratzeak, sozialak, aisiakoak eta pedagogikoak.
  • Edalontzi berrerabilgarria. Hiriko iraunkortasuna sustatzeari begira, eta zehazki gaueko aisia eta festen arloan, ostalaritza sektorean edalontzi berrerabilgarrien erabilera bultzatzeko ekimen bat abiarazi zen 2015eko bukaeran. Helburua: minimizatzea Alde Zaharreko kalean hondakinen sorrera eta zikinkeria. Proba pilotua urtezahar-gauean egin zen, 5.850 edalontzi berrerabilgarri banatu baitziren Navarrería, Calderería, Mercaderes, Tellería, Merced eta Curia kaleetako 22 establezimendutan. Oso balorazio ona eman zioten ekimenari bai establezimenduen jabeek, bai bideko garbiketako zerbitzuak, haren iritziz % 50 murriztu baitziren kaleetako hondakinak.
  • Hondartza Gazteluko plazan. 2015eko abenduaren 6an jarduera bat antolatu zen herritarrek klima-aldaketaz sentsibilizatzeko, Parisen egiten ari zen Klimari buruzko Mundu Gailurra zela eta. “Busti zaitez klimaren alde” deitzen zen kanpaina, eta Gazteluko plazan jarritako hondartza bat izan zen ekintza nagusia.
  • Mendillorriko barne-mugikortasunari buruzko azterlana. Zerbitzuak azterlan bat hasi zuen Mendillorriko bi aldeak batzeko igogailu baten beharraz. Horretarako, auzoaren hiru alderdi desberdin aztertu ziren: sozio-demografia eta ingurune fisikoa; Iruñeko mugikortasun bertikala; eta Mendillorriko barne-mugikortasuna. Etxez etxeko inkesta bat ere egin zen.
  • Konpostaje-gune komunitarioak . 2015ean, lau konpostaje-gune komunitarioak (hiru Sanduzelain daude, eta bestea, Mendebaldean) handitzeko eskatu zuen Iruñeko Udalak, Iruñerriko Mankomunitatearen bitartez. Izan ere, Sanduzelaiko bizilagunek beste bi konpostaje-gune gehiago eskatuak zituzten, eta, bestalde, Mankomunitatearen ekimenez, beste bat jarri nahi zen Santa Ana plazan.
  • Udal-bizikletak. Iruñeko Udalak 15 bizikleta erosi zituen 2015eko bukaeran udal-langileen barne-erabilerarako, mugikortasun iraunkorra bultzatzeko neurri gisa.
  • Bizikleta elektrikoak. 2015eko irailean, Iruñeko Udalak hitzarmen bat sinatu zuen Ride On enpresarekin proba pilotu bat egiteko, bizikleta elektrikoak alokatzeko sistema bat garatze aldera.

 

ENERGIA AGENTZIA

1998an sortu zenetik, Udaleko Energia Agentzia ahaleginean aritu da ekintzak sustatzeko energia aurrezteari eta eraginkortasunez erabiltzeari begira. Era berean, lanean dihardu hiria energia berriztagarrien sustapenean engaiatzeko. Gainera, 2015eko irailetik aurrera, bi helburu berri sartu ditu Energia Agentziak: batetik,  % 100 elektrizitate berderen udal-merkaturatzaile bat garatzea, eta, bestetik, Energia Efizientziaren Plan berri bat garatzea, Energia Iraunkorraren Plan berriarekin batera, Alkateen Itunaren barnean.

Instalazio berriztagarriak udal-eraikin eta lur-sailetan

Udaleko Energia Agentzia hasiera-hasieratik ari da lanean, hirian energia berriztagarrien erabilera zabaltzeko, era horretako energiarako instalazioak bultzatuz eta kontrolatuz. Hala eta guztiz ere, egoera ekonomikoaren ondorioz, beste urte batzuetarako geroratu da ikastetxe fotovoltaikoen sarea.  Gaur egun, 21 ikastetxe publikok osatzen dute ikastetxe fotovoltaikoen sarea; beraz, hiru ikastetxe publiko baizik ez dira halako instalazio bat falta dutenak (Bernart Etxepare IP, Doña Mayor IP eta San Frantzisko IP; dena den, azken hori eraikin babestua da, eta ezin da instalazio fotovoltaikorik jarri han).

Bestalde, eta eguzki-energiaren beste erabilera batzuk hedatu nahian, Iruñeko Udalak hainbat eguzki-instalazio bultzatu ditu etxeko ura berotzeari begira. Zenbait ikerlanen arabera, halako instalazioak hagitz interesgarriak dira ikuspegi ekonomiko batetik kirol-zentroetan, adibidez udalaren kiroldegi eta futbol-zelaietan. Horregatik, azken urteotan kirol-zentroetan kokatu dira eguzki-instalazio termiko berriak, kontsumoak murrizte aldera. Instalazio horiek 14 zentrotan jarri dira.

Era berean, beste energia berriztagarri batzuk hedatzeko ahaleginean, Iruñeko Udalak bi geotermia-instalazio ditu, Caparrosoren errota eta Milagrosako haur eskola klimatizatzen dituztenak.  Geotermiaren bidez, fluido bat (ura, normalean) lur azpitik  joaten da, eta, horrela, haren tenperatura gradu batzuk goratzea lortzen dugu; gero, ponpa geotermiko baten bitartez erdietsiko dugu nahi dugun tenperatura. Sistema horri esker, behar den jauzi termikoa txikiagoa da; izan ere, fluidoa tenperatura altuago batean dagoenez, murriztu egiten da kontsumoa. Ikerlanen arabera, gutxi gorabehera energiaren % 40 aurrezten da.

Era berean, lau biomasa-instalazio ditu Iruñeko Udalak, eta hiru haize-sorgailu txiki energia minieolikoa sortzeko.

Energia berriztagarrien erabileraren berri emateko, 2015ean bost bisita egin ziren zenbait instalaziotara; guztira 139 ikasle joan ziren.

Bestalde, 2015ean zehar, energia-ziurtagiria eman zitzaien 8 udal-etxebizitzari, Juslarocha Civivoxi eta zazpi haur eskolari, araudietan aurreikusitakoarekin bat. 2015ean, ez zen egin eraikinetan ikerlan energetikorik.

Eskola-programak

Hiri osoko Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 3.612 ikaslek parte hartu zuten 2014-2015 ikasturtean gaztelaniazko eta euskarazko  Energia aurkitu eta konta ezazu udal-programan. Iruñeko Udalak  antolatzen du programa, ikasleen artean energiaren arrazoizko erabilera bultzatu eta aurrezpena eta iraunkortasuna aintzat hartzen dituzten jokaerak sustatzeko.

Programa 2001. urtetik garatzen ari da, eta urtez urte gero eta parte-hartze handiagoa dago.  Aurreko ikasturtearen aldean, parte-hartzea % 32 handitu zen 2015ean. Guztira, 101 tailer egin ziren Lehen Hezkuntzako 19 ikastetxetan, 2.347 ikasleren parte-hartzearekin; eta 57 tailer Bigarren Hezkuntzako 10 hezkuntza-zentrotan, 1.265 ikasleren parte-hartzearekin.

Gainera, 2014/2015 ikasturte horretan zehar eta ikasleen inplikazioa bultzatzeari begira, V. Marrazki Lehiaketa antolatu zen Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, eta IV. Argazki Lehiaketa Bigarren Hezkuntzako ikasleentzat.

FIESTA proiektu europarra

2015ean, abian jarri ziren FIESTA (Families Intelligent Energy Saving Targeted Action) proiektuaren ekintza asko; Europar Batzordeak onetsi zuen 2014an proiektu hori, eta, haren bidez, 121.536 euroko laguntza eman zen guztira 162.084 euroko aurrekontu batetik. Funtsean, Iruñeko etxebizitzetan egin ziren 150 energia-auditoretza izan ziren ekintza horiek, baita infoenergiari buruzko erakusmahai bat ere. 5 teknologia-zentro dira proiektuaren bazkideak, Italia, Espainia, Bulgaria, Kroazia eta Txipren daudenak, baita 14 hiri ere: Trieste, Ravenna eta Forli (Italia), Zaragoza, Iruña eta Logroño (Espainia), Kvarner, Pula eta Rijeka (Kroazia), Burgas, Pazardzhik eta Vratsa (Bulgaria) eta Limassol eta Lárnaca (Txipre).

2015ean, 43 energia-auditoretza egin ziren etxebizitza partikularretan; Energy Helpdesk delakoa ere abian jarri zen Iruñeko Energia Agentzian; “watt-irensleak” tailerrak egin ziren Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleekin; eta Projet Leader (ITA) eta CIRCE proiektuak koordinatu ziren.

Auto elektrikoa

2015ean, bukatutzat eman zen Carsharing proiektua –2012ko ekainean jarri zen abian– ibilgailu elektrikoen alokairu-sistema bat garatzeko hirian, zerbitzuaren eskari eskasa zela eta. Autoak kargatzeko lau guneak, ordea, mantendu ziren; hiriko hiru lekutan daude (bat, San Ignazio kalean; bi, Ezkirotz kalean; eta beste bat, Ermitagañako Merkatuaren aparkalekuan).

Abian jarri ziren FIESTA proiektuaren ekintza asko; Europar Batzordeak onetsi zuen 2014an proiektu hori, eta, haren bidez, 121.536 euroko laguntza eman zen guztira 162.084 euroko aurrekontu batetik. Funtsean, Iruñeko etxebizitzetan egin ziren 150 energia-auditoretza izan ziren ekintza horiek, baita infoenergiari buruzko erakusmahai bat ere. 5 teknologia-zentro dira proiektuaren bazkideak, Italia, Espainia, Bulgaria, Kroazia eta Txipren daudenak.

Informazioa eta aholkularitza

Energia Agentziak argibideak eta aholkuak ematen dizkie herritarrei, eta sentsibilizatu egiten ditu, energia-efizientziari eta energia berriztagarriei lotutako arloetan. 2015ean 167 kontsulta jaso zituen, haietako % 40 energia aurrezteari lotutakoak. Jasotako kontsulta guztietatik, % 21 enpresek egindakoak dira, eta gainerakoak, partikularrek eginak.

Ildo berean, 2015ean, zerbitzuak FIESTA (Families Intelligent Energy Saving Targeted Action) europar proiektuari buruz jaso zituen kontsulten % 22,7. Herritarrek egindako kontsulten artean, aipatzekoak dira, baita ere, ibilgailu elektriko eta energia berriztagarriei buruzkoak, eskakizunen % 23,3 eta % 9,5, hurrenez hurren.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala