Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hirigintza, obrak eta proiektuak

Hirigintza-garapenak eta -proiektuak

Parke berria hiriaren hegoaldean

2015eko otsailean, Arrosadiko aintziraren parkeari jarraipena ematen dioten lanak hasi ziren, 20.000 metro koadrotik gorako berdegune berri bat egiteko. Berdegunea Sadar ibaiaren ondoan garatu da, eta unibertsitateak batu dituen ibai-ibilbidearen jarraipenean taxutu da.  Berdegunea eta aisiarako eremua Azpilagañako etxebizitzetatik hurbilen dagoen aldean egin dira, Sadar kalearen parean sortu den bide berri bateraino. Merkataritza-gunea, berriz, horren segidan dago kokatua, Zaragozako etorbidearen alderik beherenean.

Lanen esparruak bi eremu hartu ditu: batetik, Azpilagaña hegoalderako prestaturiko hirigintza-proiektuaren behin betiko onespenean sarturik dagoen eremua (hots, Iruñeko Udal Planaren XIX. Unitate Integratuaren S-2 sektorea), luze-zabaleran 61.185 m2 hartzen dituena; eta bestetik, eremu horren mugaren eta Azpilagañako ingurabidearekin paraleloa den kalearen artean dagoen eremua, hau da, 6.000 m2 gehiago dira berdeguneetan (S-1 sektorea).  61.185 m2 horiek honela daude banatuta: 14.500 m2, berdeguneetan; 2.500 m2, plaza berri baterako; ia 20.000 m2, merkataritza-lurzatietarako, eta 24.400 m2 baino gehiago, oinezkoendako eremu, kale berri eta aparkalekuetarako.

Obra Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras, SA enpresari esleitu zitzaion, 3.434.993 euroan (BEZa barne); horrek % 37,78ko beherapena ekarri zuen, lizitazio-prezioa 5.520.721 eurokoa izan baitzen (BEZa barne). Lanak 2015eko bukaeran amaitzea aurreikusia zegoen, baina Zaragozako etorbideko errotondaren azpiko azpiegituretan izandako ustekabeek eraginda, epea luzatzea baimendu zen, eta lanak 2016ko apirilerako bukatzea espero zen.

Behin bukatutakoan, oinezkoendako bide batek parke berria eta Arrosadiko aintzira lotuko ditu. Bidea Zaragozako etorbideko zubiaren azpitik joanen da.  Parkeak belardi zuhaiztuak izanen ditu, bai eta oinezkoendako lau bide ere, Arrosadikoen antzeko diseinuari jarraiki eginak.  Ibaiertzeko zuhaitz guztiak mantentzeaz gain, 250 ale berri baino gehiago landatuko dira, deseinuaren arabera inguru hori erabat zuhaiztua izanen baita, eta zuhaitz landatuak kale berriraino iritsiko baitira, aleak erdibitzailean eta espaloian ere landatuta.  Aurreikuspenen arabera, astigar gorri amerikarrak, gereziondoak, ezkiak, astigar zuriak, zurzuriak, zume zuriak, haritzak, lizarrak, urkiak, pinuak eta izeiak landatuko dira.  Halaber, 600etik gora zuhaixka eta beste landare mota tapizagarri batzuk landatuko dira.  Parkearen bi muturretan geratuko dira egon-gunerik handienak; horietako bat Zaragozako etorbidetik gertu egonen da, hiri-jarduera handiagoa dagoen lekuan, eta bestea, erdialdean, zaldainetik gertu.

Zaldain batek Azpilagaña eta parkea lotuko ditu. Zaldaina Sadar ibaiaren eta unibertsitateko errepide zaharraren gainetik joanen da (orain oinezkoendako ibilbidea da errepidea).  31 metro luze izanen da, metalezkoa, eta Arrosadiko aintziraren parkean paraturiko bien antzeko itxura izanen du. Zaldainak zuzenean eginen du lotura urbanizazioko kale perpendikular batekin, zeinak bidegorria baitu.  Gainera, eremu urbanizatu guztian jarlekuak eta paperontziak paratu, eta halaber, haurrendako jolas-eremu bat sortuko da.

Eremu horretan Animaliak Hartzeko Zentroa dago; alegia, betiko tokian, baina lurzatia pixka bat berregituratuta eta sarbide berriz hornituta. Badu sarrera bide berritik, eta inguruan, aparkaleku berria eginen zaio; aparkalekuari parke-tankera emanen zaio, inguruko berdegunean egokiro txertatuta geratzeko.  Zentroak, gainera, egungo sarbidea mantenduko du, baita Azpilagañara oinez joateko bidea ere.  Udal-mintegiak, ordea, desagertu egin dira.

Urbanizazio-proiektuan ere sektoreko bideak eta kale bat sortzea dago aurreikusia, Sadar kalearen luzapena, biribilgune berri baten bidez lotua. Biribilguneak 33 metro ditu barne-erradioan, eta 55, kanpo-erradioan.   Bide horrek bi norabide-zirkulazio ditu, erdibitzaile zabal batek bereiziak, eta alboetan, aparkalekuak daude.  Biribilgune berritik Animaliak Hartzeko Zentroraino iritsiko da, eta horrela prest egonen da Nafarroa etorbidearekin biribilgune baten bidez lotzeko, Cordovillako mesetaren UGPSean aurreikusitakoarekin bat.

Iturrama Berriko garapena

Iturrama Berriko lehen faseko lanak 2014ko bukaeran amaitu ziren, eta orduantxe zabaldu zen zirkulaziorako Urdazubiko Monasterioaren kalea,  Pio XII.aren etorbidearen eta Gaztelugibelen arteko tarteari dagokionez. Fase hori bukatu ondoren, bigarrena lizitatu zen.

Bigarren fasearen lan nagusia 6.000 m2-tik gorako plaza bat egitea izan zen, plaza irekia bai Pio. XII.era, bai Antso Azkarra etorbidera, bai Gaztelugibeleko ipar-ekialdeko izkinara. Haren inguruan etxebizitza-bloke berriak eraikitzen ari dira, batzuk paraleloan Urdazubiko Monasterioa kalearekin, eta beste batzuk, berriz, elkarzut Antso Azkarra etorbidearekiko. Etxebizitza berriak egungo eraikinei lotuko zaizkie; adibidez, 1977an eraikitako Roncesvalles eraikinari.  Leonor Trastamarakoaren plaza izena eman zitzaion, hau da, nafar errege Karlos III.a Noblearen emaztearen izena (1360-1415).

Bigarren faseko proiektua OFS Sociedad Cooperativa Profesional talde profesionalak taxutu zuen, eta obraren laguntza teknikoa ere talde berari esleitu zitzaion.  Obra Arian Construcción y Gestión de infraestructuras enpresari esleitu zitzaion 1.1083.827,12 euroan, BEZa kanpo, hau da, hasierako prezioa (1.691.058,59 euro) % 34,43 jaitsita. Lanak 2015eko irailean hasi ziren, hamar hilabeteko epean egiteko.

Plazak hiru eremu nagusi ditu. Lehena longitudinala da, paraleloa Urdazubiko Monasterioa kalearekin; zehazki, Pio XII.aren etorbiderako sarbidearen eta Gaztelugibeleko sarbidearen artean dago kokatua, Urdazubiko Monasterioaren kaleko eraikinen ondoan.  Bigarrenak, berriz, laukizuzen-itxura handiagoa du, eta landaretza-eremu batek bereizten du aurrekotik; landaretza-eremuan badira oinezkoendako pasabideak tartekaturik. Bigarren alde horretan  haur-jolasak, iturria eta pergola itzalgarria paratuko dira, eremurik eguzkitsuena izanen baita.  Roncesvalles eraikineko lur azpiko garajeko aire-irteerak ere bertan kokatuko dira. Eraikineko dorreak plazaren diseinuan txertatu, eta inguruan jarlekuak jarriko dira.  Azkenik, hirugarren eremua plaza txiki bat da, Antso Azkarra etorbidetik hurbil. Irteera zabal bat dauka etorbide horretara, eta berdeguneak ere bai.   Eremu hori lehen fasean gauzatu zen.

Plazako zola harrizko material granitiko gris argiekin diseinatuko da, inguruneari argitasun berria emateko.  Gainera, zurezko hiri-altzariak paratuko dira, hala nola jarlekuak. Beraz, kontuan harturik berdeguneen tonu ezberdinak eta haur-jolasetako zola koloretsua, esparrua biziagoa izanen da.  Berdeguneen altuera txikia izanen da, eta belarrez gain, zuhaixkak ere landatuko dira.

Plazan urbanizatu beharreko azaleraren zati bat lurzati eraikigarrietako sotoen taparen gainean dago; hortaz, eraikin horiek eraikitzen ez diren bitartean, ezin izanen da eremu horretako zolaketa bukatu.  Hori dela eta, bigarren faseko lanekin batera, edota lurzati eraikigarriek eskatu ahala, lurzati eraikigarrien urbanizazioari dagozkion lanak eginen dira.

Lurzati eraikigarrietako jarduketa urbanizazioaren proiektuaz bestelako egitasmoan dago jasoa, eta 437.496,34 euroko aurrekontua du (BEZa kanpo). Aipatu proiektua 2014ko bukaeran onetsi zen, eta lurzati horiek eraiki ahala, Hirigintza Gerentziak hainbat hirigintza-hitzarmen sinatuko ditu sustatzaileekin, garajeetako tapa bakoitza zolatzeko. 

2015ean, hirigintza-hitzarmen bakarra onetsi zen, J lurzatiari dagokiona, eta haren sustatzaileak Arteclío SL eta Urban Domus Toroño S.L. izan ziren.  2015eko apirilean, hitzarmen horri dagozkion lanen harrera egin zen. 

Urbanizazio-lanak ARZ-6ko ZN-10 unitatean (Milagrosa Residencial)

2015eko abenduan, Milagrosa auzoaren hegoaldea urbanizatzeko lanak esleitu zitzaizkion Construcciones Mariezcurrena enpresari, Aranguren Ibarraren eta Zolina kaleen eta Iberdrolako industria-lurzati izandakoaren inguruan.   Kontratuaren zenbatekoak 2.257.193,83 euro jo zuen (BEZa barne), eta aurreikusitako iraupena 13 hilabetekoa izan zen.

Iberdrolak lehenago zuen lurzatia  barnebildu du proiektuak. Lurzatiaren inguruan Aranguren Ibarraren kalea, Extremadura kalea, Guadalupe plaza eta hiri-bilbearen barruko beste eremu batzuk daude.  Antolamendu hori aldatu da, Aranguren Ibarraren kalea oinezkoendako eremu bihurtu baita ia bere osoan, egungo Ana de Velasco eta Zolina kaleak luzatuta, eta Extremadura kalearen egungo trazatua aldatuta.  Era berean, Aranguren Ibarraren kalearen zeharbide berri bat sortu da egungo Guadalupe plazan zehar, Sadar alderantz zabaldu dena.

Aranguren Ibarraren kalea espazio publiko baten gisara egituratu da, oinezkoen bulebarraren tankera hartuta; horrela, Guadalupe plazarekin batera, auzoaren erdigunea osatuko du.  Udal Planaren ARZ-6 banaketa-eremuaren ZN-10 unitatearen alde horretan, lau higiezin-sail berri eraikitzea dago aurreikusia, bai eta bi bizileku-sail ere, eta beste bi ekipamenduetarako; guztira, 225 etxebizitza.  Zolina kalea, gainera, hegoalderantz luzatuko da, udal-barrutiaren mugaraino, etorkizunean lotura bat egiteko Cordovillako Infanta Elena zentroarekin eta Gariton mendixkarekin.  Halaber, Extremadura eta Ana de Valasco kaleak luzatuko dira, harik eta Zaragozako etorbideko zeharkaleekin lotu arte, zeharkale horiek proiektaturik baitaude Donapeako Meseta garatzeko UGPSean. 

Obra nagusiak

Sanduzelai-Biurdanako oinezkoentzako zaldaina

Jarduketa honen helburua izan zen bide irisgarri bat egitea, Iruñerriko Mankomunitatearen zaldain zaharraren osagarri.  Horretarako, zaldain berri bat diseinatu eta egin da, eskailerarik gabea, pertsona desgaituak, haur-aulkitxoak eta bizikletak igarotzeko modukoa; hau da, oinezko eta bizikletendako lotura berri bat Sanduzelairen eta Biurdana parkearen artean (Donibanetik hurbileneko aldea). Horrela, oinezkoak segurtasunez dabiltza bi aldeen artean.

Zaldain berriak lau metrotik gorako desnibel bat gainditu du, eta malda ez da % 6ra iristen.  Bi zaldainak sarbide-eremu bateratu baten bitartez batu dira; hormigoi garbitua erabili da zola egiteko, eta baranda batek bi zaldainak lotu ditu; bi zaldainen multzo-irudi bat lortu da.

Zaldaina 2016ko urtarrilaren 27an zabaldu zen jendearentzat.  Proiektua eta obra-zuzendaritza Raúl Escrivá bide-ingeniariak egin zituen, eta Arian Construcción y Gestión de Infraestructuras S.A. enpresa arduratu da eraikuntzaz.  Zaldain berriaren aurrekontuak 650.135 euro jo zuen, % 80n Europar Batasuneko 2007-2013 aldiko EGEF-Kohesio Funtsek finantzaturik.

Frantziako portalearen ingurua egokitu, irisgarri bihurtu eta zolatzeko lanak.

Frantziako portalea Iruñeko harresi-barrutian dago. Zaharrena da egungo sei portaleen artean, eta bakarra, garai batean hirian sartzeko zeudenen artean.  Ondare historikoaren ikuspegitik, garrantzi handia du, toki pribilegiatuan baitago.  Hau da, Alde Zaharraren eta Arrotxapea auzoaren arteko bide bat da oinezkoentzat, bai eta erromesen sarrera garrantzitsua ere, Donejakue bidearen kultur ibilbide nagusian kokatuta baitago.  Iruñeko harresi-barrutia interes handienetako tokia da, Espainiako gerra-guneetan, hobekien kontserbatuta daudenetako bat, eta Kultur Intereseko Ondasuna da.

Egindako obra Redín, Carmen eta Barquilleros kaleen elkargunean dago.  Zehazki, bere osoan berritu da hainbat kaleren elkargunean sortutako eremuaren zola, aurreko etapetan Nabarrerian  gauzatutako obren irizpide berberei jarraiki.  Instalazioak diseinurako eta trazaturako irizpide berrietara moldatu dira.  Berdegunea aldatu da, zuhaitzak errespetatuta, oinezkoendako pasabide eskaileradun berri bat sortuta, eta parterrea proiektaturiko zolaketa-diseinura egokituta.

Obraren aurrekontuak 176.541 euro jo zuen. Dirutza hori besteak beste FORTIUS proiektuak finantzatu du, hau da, Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondarearen balioa nabarmentzea helburu duen programak.  Fortius Europar Batasunaren Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatua da, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bidez kudeatua dagoen POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Programa Eragilearen barnean dago.

Arga ibaiaren eskuinaldea babesteko T50 proiektua Arrotxapean, Vergel zubitik Oblatuen zubiraino

2015ean, Arrotxapeko auzoan, babes-lan berriak egin ziren uholdeen aurka.  2014an, T50-era bitarteko uhaldietarako eremua proiektatzeko obrak egin ziren, eta 2015ean, berriz, bigarren faseari ekin zitzaion Vergel zubiaren eta Oblatuen zubiaren artean. Besteak beste, kotak goratu dira Gaseko eskortetako disuasio-aparkalekuan eta sanferminetan feria-lekua jartzen den larrean; horrenbestez, ekidin egin nahi da gerta litezkeen uholdeen ondorioz urak Errotazar eta Arga Ibaiaren kaleak har ditzan eta bertako etxebizitzak kaltetu ditzan.

Obrak Arga ibaiaren eskuinaldearen T50 babes-proiektuaren baitan egin ziren, Arrotxapean, eta bukaerako aurrekontu ziurtatuak 532.288 euro jo zuen.  Europar Batasunak aurrekontu horren % 66,35 finantzatu zuen, EGEF funtsen bidez. Lanak 2015eko urrian hasi eta 2016ko lehen hiruhilekoan bukatu ziren.

Gaseko eskorten inguruko disuasio-aparkalekuan aurrerago eraman dira uholdeen aurkako babesak, horretarako zenbait handitze-lan egin eta babes-lubetak goratuta. Horma bat sortu da Arga Ibaiaren kale ondoko aparkalekua mugatuz, sarbide berria egin da (aldapa bidezko irteera kale berera), eta zenbait eskailera-gune ipini dira oinezkoak aparkalekura sar daitezen. Oinezkoentzako guneak irabazi dira bi lekutan: batetik, Arga Ibaiaren kaleak, Santo Tomas (Domingotarrak) ikastetxeko kirol-instalazioek eta Gaseko eskortako zamalanetarako inguruak osatzen duten ‘hirukian’, zeina hein batean berdegune bihurtuko den; eta bestetik, Gaseko eskortaren sarrerak eta Arraun Elkarteak osatzen duten beste ‘hirukian’, zeinak hemendik aurrera segida emango dion ibai-parkeari. Azken inguru horretan, hots, entzierrilloaren lehen tartean, zoladura berria ipini da orain arteko galtzada-harrien ordez.

Sanferminetan feria-lekua instalatzeko baliatzen den bizilagunentzako aparkalekuan ere goratu egin da aparkalekua eta galtzada bereizten dituen hormatxoa, eta igarobide berriak jarri dira, hala oinezkoentzat (igo eta jaisteko eskaileren bidez) nola ibilgailuentzat (Ponpeio plazatik).

Jarduketa horiei gehitu behar zaie Arrotxapeko zubiaren eta Arga Ibaiaren kaleko biribilgune horren arteko tartean galtzada goratzekoa egin dena. Gainera, zentimetro batzuk goratu dira Arga Ibaiaren kalean ibai-parkearen larrea eta espaloia eta galtzada mugatzen duten karelak, eskortako disuasio-aparkalekuaren eta Oblatuen zubiaren arteko tartean. Hartara, obretako gainontzeko guneen altuera berberera goratu da kota, uholderik gertatuz gero, hor ere ura atera dadin ekiditeko.

Obrek zenbait eraiste, lur-mugimendu, zoladura berri eta sarrailagintza- eta lorezaintza-lan egitea eskatu dute Vergel eta Oblatuen zubien artean, betiere ibaiaren ingurune naturala errespetatuz. Azkenik, berdeguneetako euri-urak hondar bidezko iragazketa-putzuetan biltzeko sistema bat diseinatu da, ur kontinentalen egoera hobetzeko (hiri-drainatze jasangarria) asmodun Europako zuzentarauarekin bat.

Hiri-igogailu berriak Concepción Benitez kalean

2015ean, Concepción Benítez kalean bi igogailu eta haien arteko plataformak jartzeko lanak hasi ziren, osaera topografiko zail hura gainditzeko, 21 metroko desnibela baitzegoen. Desnibelak inguruko 630 etxebizitzetako 1.745 biztanleen joan-etorriak eragotzi eta/edo zailtzen zituen. Lanen xedea izan zen leku horretako irisgarritasun-arazoak konpontzea.  Ingurunearen urbanizazioa hobetu zen.  Obra 2015ean hasi, eta 2016ko erdialdean bukatzea dago aurreikusia.

Igogailuak hormigoizko albo-hormaz osaturik egonen dira, eta akaberak, berriz, grekatuak izanen dira, inguruko hormen antzera. Ateak dauden aurrealdeetan kristala paratuko da.  Bi igogailuetako kabinak 1,4 x 1,6 metro izanen dira zabaleran, eta 2,1 metro garaieran, eta gehienez 13 lagun sartuko dira.  Zaldainen egitura metalezkoa izanen da. Horrek arintasun-irudia emanen die, eta aluminiozko txapa erliebedunez estaliak egonen dira.

Igogailuak jartzeko lanez gain, urbanizazio-lanak ere aurreikusi dira proiektuan, ibilbide berriak egin eta beste batzuk hobetuko baitira, eta halaber, egon-eremuak sortuko dira, jarlekuz hornituak. Haien ondoan zuhaitzak berrantolatu, eta haur-jolaserako eremua antolatuko da.

Bederatzigarren hiri-igogailua izanen da. Hona beste zortziak: Erletokietakoa, Isaac Albéniz kalekoa, Descalzoskoa, Iratxeko Monasteriokoa, Media Lunakoa, Julián Gayarrekoa, Lezkairukoa eta Urdanoz Multzokoa.

Zakurtegian eraispen-lanak egitea eta box berriak eraikitzea

2015ean, halaber, Animaliak Hartzeko Zentroa berritu eta handitzeko lanak hasi ziren. Zentroa hiriko etxe-animaliei zein horien parekoei lotutako osasun-aferez arduratzen da. Obrek zakurtegiko instalazioak hobetuko dituzte, box-eraikin berria eraikiko baita bai katuentzat, bai katuak/txakurrak bakartzeko, bai uso-eremurako/etxolarako, bai erreserba-eremurako.  Halaber, eraikin nagusiko katu-eremua eraisteaz gain, animaliendako eremu estali bat sortuko da ibaira doan aldean, eta aisialdirako eremu hesitu bat atari zabalean.

Obra 2015ean hasi, eta 2016ko erdialdean bukatzea dago aurreikusia. Aurrekontua 206.191,26 euro da. Lan horiek Azpilagaña hegoaldea urbanizatzeko obren baitan daude.  Horrela, Animaliak Hartzeko Zentroak toki berean dirau, haren lurzatia zertxobait berrosatuta, baina instalazioak berrituta eta sarbide berriz hornituta.  Zentroaren instalazioak berritzeari esker, haren eskaintza hobetuko da, harritarrendako arreta eta animalien ongizatea hobetuko baitira.

Urteko asfaltatze-kanpaina

Urteroko asfaltatze-kanpaina eremu publikoan egiten da galtzadak hobetzeko, zuloak konponduz, zolaren toki jakin batzuetan unean uneko konponketak eginez eta hiriko hainbat kale asfaltatuz. 2015ean, hiriko 15 kaletan eta hainbat aparkalekutan egindako lanek 358.000 euro jo zuten.

Zein kale hobetuko diren aukeratzeko, Iruñeko Udalak bideen egoera aztertu zuen, kontserbazioa zein trafikoak eta eragile atmosferikoek eragindako ondorioak aintzat hartuz. Azaleko tratamenduak ezarriko dira, errodadura-geruza 2tik 4 cm-ra bitarte handituz, edo bestela, zola aldatuko da, oso hondatua badago.  Aurreikuspenen arabera, Antso Azkarra etorbidea hasiko dira asfaltatzen, eta gero, Baiona etorbidean eta Pio. XII.arenean jarraituko dute.

Lehen fasea maiatzean bukatu zen, eta Iruñeko auzoetako zortzi bide eta hainbat aparkaleku-eremu asfaltatu ziren.  Lan egindako bide nagusiak Zaragozako etorbidea, Labriteko aldapa eta Belosoko aldapa izan ziren. Halaber, bestelako lanak egin ziren horren zirkulazio handia ez duten hainbat kaletan, hala nola Sartze eta Errioxa kaleetan.  Era berean, hiriko hiru disuasio-aparkalekutan asfaltatze-lanak egin ziren: Altzania Errekaren, Zidacos Errekaren eta Irunlarrea kaleetakoetan, hain zuzen. 

Bigarren fasea azaroan egin zen, eta harako hartan, Udalak zazpi karrika asfaltatzeaz gain, hiriko hainbat zubitako dilatazio-junturetako moduluak birjarri zituen.  Honatx zer etorbide eta kaletan jardun zen: Antso Azkarra, Baiona, Armada, Pio XII.a, Etxarri-Aranatz, Irunlarrea eta Vergel.  Junturak gehienbat Katalunia, Aróstegui eta Nafarroa etorbideetako zubietan birjarri ziren, bai eta Miluzeko zubian ere.

Lorategiak

2015eko azaroan, Udalak kontratu berria onetsi zuen, hiriko lore-parterreak landarez hornitzeko, udalaren lorategi-zerbitzurako. Kontratua 2016ko otsailean esleitu zen.  Kontratua bi sortatan banaturik zegoen, hau da, batetik udaberriko landareak, eta bestetik, udazken-negukoak. Bi urterako iraupena du (2016 eta 2017), eta beste bitara luzatzeko aukera.  Kontratuaren esleipena 100.458,60 euro izan zen, bi urte horietarako (50.229,30 euro urte bakoitzean), hau da, lizitazio-prezioaren (135.705,38) % 26 gutxiago.

Urtero, 85.000 lore inguru banatuko dira; barietate askotako loreak izanen dira, eta 37.225 ale izanen dira udaberriko loreetan, eta 48.180, udazkenekoetan. Kontratua bi sortatan banaturik dago, hau da, batetik udaberri-udako landareak izanen dira, eta bestetik, udazken-negukoak. Udaberriko landareak maiatzeko bigarren hamabostaldian banatuko dira, gehienez ere 12 eguneko epean; halaber, aukeraturiko barietateko 130 geranio ekarriko dira, apirileko lehenengo astean. Sorta honetako landareak dira, besteak beste, begoniak, daliak, geranioak, ageratoak, koleoak, petuniak, salbiak eta urreliliak. Sorta horren barnean sartzen dira sanfermin festak amaitu eta hurrengo egunean ekarriko diren 2.100 unitate.

Udazkeneko landareen hornikuntza urriko bigarren hamabostaldian eginen da, gehienez ere 12 eguneko epean eta udal mintegiarekin elkarlanean. Sorta honetan jasoko dira panolak, biolak, sanjose-loreak, mitxoletak, geranioak eta bitxiloreak.  Landare guztiek kalitate-baldintza orokor batzuk bete behar dituzte, bai eta barietateari dagozkion baldintza bereziak ere. Erabat autentikoak izan beharko dute, hau da, adierazitako espezie, barietate zein serieari dagozkien identitate eta purutasunarekin.

Hiriko altzariak, haur-jolasak, atari zabaleko gimnasia-zirkuituak

Udalak jarraipena eman zion 2015ean hiri-altzariak, haur-jolasak eta gimnasia-zirkuituak jarri, mantendu eta zaintzeko zerbitzuari, eta Goyo Señalizaciones eta Maderplay enpresek osaturiko ABBEri esleitu zion. 2015eko urrian, halaber, kontratuaren lehen luzapena onetsi zen 2016rako.

2014an, lehen aldiz batu ziren espediente bakar batean hiri-altzariak mantentzeko kontratua eta haur-jolasak eta atari zabaleko gimnasia-zirkuituak zaintzeko kontratua, ordura arte bereizita gauzatu baitziren.

Espedientea abian jartzean argitaratutako xedapen teknikoetan bildutakoarekin bat, Iruñean badira  8.300 jarleku, 13.400 metro lineal hesi, 19.000 metro baranda, 2.120 metro eskudel, 4.500 paperontzi, 1.042 zuhaitz- eta farola-babes, eta 110 kirol-elementu, hala nola ateak edo saskiak.  Era berean, badira haurrendako 116 jolas multzo (hasieran 109, eta gero, zazpi gehiago) eta atari zabaleko 12 gimnasia-zirkuitu, edozein adinetako jendeak kirola egin dezan eta, era berean, 65 urtetik gorakoek mugikortasuna hobetu eta zaindu dezaten.

Horrela, 2014an eta 2015ean, jolasak Alfredo Landa parkean, Trinitariosko parkean, Arrosadian eta Lezkairuko Emakumeen parkean paratu ziren.  Bitxikeria gisa, haurrendako jolas multzorik zaharrena Mendillorriko Altzuza Kontzejuaren kalean dago, 1995ekoa baita.

(2015eko proiektu nagusiak)

OBRA

LIZITAZIOA

ESLEIPENA

KITAPENA

SANDUZELAI - BIURDANAKO OINEZKOENDAKO ZALDAINA ERAIKITZEKO LANAK (EGEF)

970.006,17

679.004,33

711.744,95

FRANTZIAKO PORTALEAREN INGURUA EGOKITU, IRISGARRI BIHURTU ETA ZOLATZEKO LANAK.

249.811,79

176.541,98

176.522,49

ARGA IBAIAREN ESKUINALDEA BABESTEKO T50 PROIEKTUA ARROTXAPEAN, VERGEL ZUBITIK OBLATUEN ZUBIRAINO

724.806,27

508.089,20

538.055,84

CONCEPCIÓN BENÍTEZ KALEAREN INGURUAN HIRI-IGOGAILUAK JARTZEKO LANAK

803.989,65

562.792,78

322.063,55

ZOLAK BERRITZEKO LANAK (2015)

299.965,53

299.965,53

198.664,42

ESPARRU-AKORDIOA, KONPONKETAK ETA BERRIKUNTZAK EGITEKO HORNITZAILEAK AUKERATZEKO, ETA ETXEBIZITZETAN, ERAIKINETAN ETA BESTE ONDASUN HIGIEZIN BATZUETAN BESTELAKO ZERBITZUAK EMATEKO.

430.000,00

175.000,00

159.211,41

ZAKURTEGIAN ERAISPEN-LANAK EGITEA ETA BOX BERRIAK ERAIKITZEA

241.961,81

206.191,26

151.250,11

HAUR-JOLASAK ETA HIRI-ALTZARIAK MANTENTZEKO LANAK

678.150,00

585.626,38

585.322,42

INBERTSIOAK ZOLAKETAN

500.000,00

500.000,00

495.239,27

UDABERRIKO LORE HORNIKUNTZA

32.354,27

29.735,75

29.735,75

UDAZKENEKO LORE HORNIKUNTZA

28.644,70

28.644,70

23.193,12

HIRIKO GARBIKETA MANTENTZEA

7.920.237,78

7.920.237,78

7.920.237,78

 

Planeamenduaren aldaketak

2015ean zehar, aterpe-premia dutenek udal-etxebizitzak eskuratu eta erabiltzeko Iruñeko Udalaren Ordenantzaren prestaketan lan egin zen; kolektiboek parte hartu zuten, eta ordenantza 2016ko hasieran onetsi zen, hasiera batean.

Era berean, garapen-planeamendu batzuk bideratu ziren, jabeen elkarteek igogailuak jartzeko aukera izan dezaten, kasuan kasuko xehetasun-azterlanak edo plan bereziak onetsi ondoren, horietako batzuk beharrezko tresnak baitira oztopo arkitektonikoak ezabatzeko behar diren esparruak desjabetze aldera. 

AHTren UGPSa

AHTren UGPSaren esparruak bi espazio ditu: Etxabakoitz ingurua (hau da, Barañaingo erripatik autopistara eta Donejakue bidera bitarteko bazterrak) eta egungo tren-geltokiaren eta inguruko lurrak.  Azalerak guztira 2.393.971 m2 ditu, eta horietatik, 1.968.649 m2-k hirigintza-eskubideak dituzte; horien % 41 Zizur Nagusian daude; % 14, Zizur Zendean; ibaiak % 0,2 baizik ez du hartzen; eta % 44 Iruñeko titularrei dagokie.

Esparruaren erabilera bereizgarria egoitza da (9.000 etxebizitza 1.080.000 m2-tan); horien % 45 babes ofizialekoak dira (4.065); % 30 prezio tasatuko etxebizitzak (2.685); eta % 25 (2.250) etxebizitza libreak. Gainera, bestelako erabilerak ere aurreikusita daude: bulegoa (56.682 m2); hirugarren sektorea:  bioteknologia (115.217 m2); hirugarren sektorea: merkataritza, beheko solairuan (88.775 m2); zerbitzugunea (2.200 m2); hotela (10.000 m2); eta jarduera ekonomikoa (42.605 m2). Ekipamendu publikoko lurzatien azalera 162.058 m2 da; espazio libreak, berriz, 642.704 m2 dira, eta udalez gaindiko dotazioaren lurzati-azalera (35/2002 Foru Legearen 53. artikulua) 32.493 m2.

Birzatitze-proiektuan aurreikusitako urbanizazio-kargak 234.836.784 euro dira, eta horietatik, 79.270.332 euro kalte-ordainei dagokie;  142.166.201, urbanizazioari; 6.000.000, kudeaketari eta beste batzuei; eta 7.400.251 euro, ordainsariei.

Abiadura Handia-Iruñerria Partzuergoaren eta Iruñeko Udaleko Hirigintza Gerentziaren arteko kudeatze-mandatuaren hitzarmenean ezarritako jarduketa-esparruari jarraiki, Hirigintza Gerentziak honako lan hauek egin ditu, abiadura handiko geltoki berriaren eremua eta Iruñeko tren-geltoki zaharraren eremua garatzeko UGPSaren birzatitze- eta urbanizazio-proiektuen onespenean laguntza teknikoa emate aldera:

-       Urtarrilaren hasieran (2015eko urtarrilaren 14a) Jabeen Administrazio Elkarteak Birzatitze eta Urbanizazio Proiektuak aurkeztu zituen, bai eta xehetasun-azterlan bat ere, eta hori aztertzeari ekin zitzaion.

-       2015eko apirilaren 16ra bitarte (NAO, 2015eko ekainaren 11) bi txosten prestatu ziren Birzatitze eta Urbanizazio Proiektuei buruz, eta data hartan, Abiadura Handia-Iruñerria Partzuergoak dokumentu horiek hasiera batez onetsi zituen.

-       2015eko maiatzaren 13an (NAO, 2015eko maiatzaren 25a), Nafarroako Gobernuak UGPSa eguneratzea erabaki zuen.

-       2015eko abuztuaren 21ean (NAO, 2015eko abuztuaren 25a), Abiadura Handia-Iruñerria Partzuergoko presidentearen ebazpen bidez, hiru dokumentuak jendaurrean jartzeko epea luzatu zen, eta epe hori 2015eko azaroaren 4an bukatu zen.  Jendaurreko fasean (nahiz eta jarduketaren egoitza Nafarroako Gobernuaren Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Zuzendaritza Nagusian egon den), akordioak organismo inplikatuei helarazi zitzaizkien,  eman beharreko informazioa eman zitzaien, eta alegazioen zati bat jaso zen.

-       2015eko urriaren 29an, Abiadura Handia-Iruñerria Partzuergoko Zuzendaritza Kontseiluaren bilkuran, UGPSarekin eta Abiadura Handiko Trenaren Partzuergoarekin loturiko aurrekariak aztertu ziren; hau da, laburbildu zen nolakoa izan zen UGPSa sortzeko prozesua, eta nolakoa, Birzatitze eta Urbanizazio Proiektuen eta xehetasun-azterlanaren azterketa, une hartan jendaurrean jarrita zeudenak.  

-       2015eko abenduaren 18an, hiru txosten tekniko sinatu ziren, hots, Birzatitze Proiektuari, Urbanizazio Proiektuari eta xehetasun-azterlanari zegozkien txostenak. Bada, Hirigintza Gerentziak txoten horiek izan zituen langai 2015eko bigarren seihilekoan.

 

 

Emandako lizentziak

Obretarako lizentziak

LIZENTZIA MOTAK

2010

2011

2012

2013

2014

2015

Tramite arrunta

375

344

263

247

221

355

Laburtuak

616

528

545

533

558

764

Jakinaraziak

1.324*

293

411

458

546

651

Tramite arrunta (Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoa)  

283

316

211

151

90

134

Laburtuak (Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoa)

100

103

108

128

107

128

Jakinaraziak (Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoa)

1.299*

737

87

75

54

52

GUZTIRA

3.997

2.321

1.625

1.592

1.576

2.084

2015ean, espediente gehiago bideratu ziren Hiri Bizigarriko eta Etxebizitzako Alorrean, beste obra batzuekin alderatuta. Hain zuzen ere, 2014an baino % 30 gehiago, eta ia 2011ko mailetara iritsi zen. 

* Nafarroako Gobernuak laguntzak eman zituen etxebizitzetako leihoak aldatzeko.

Aurkeztutako lizentziak eta erantzukizuneko aitorpenak batera zenbatzen dira.

Jardueretarako eta irekitzeko lizentziak

2015ean, Erantzukizuneko Aitorpenak ezartzeko prozedura bukatu zen jarduerak irekitzeko, eta ia espediente guztiak modalitate horren bidez bideratu ziren (salbuespenak, adibidez, lehen erabilerak eta erabilera-aldaketak dira).  Erantzukizuneko Aitorpena Gobernu Zentralak sartu zuen 2012an. Handik hona, hainbat aldaketa egin zaizkio hala Estatu mailan nola Nafarroan, eta tramiteak sinpletu ditu jarduera kaltegabeak eta sailkatuak irekitzeko.  Jarduera horiek Ondorengo Kontrolari buruzko Ordenantzarekin bat kontrolatzen dira.

2015ean, guztira 436 irekiera-espediente bideratu ziren; hau da, aurreko urtearen antzera.

Obra-lizentziei eta jarduera sailkatuendako lizentziei dagokienez, Iruñeko Udalak abuztuaren 20an erabaki zuen urtebeterako bertan behera uztea Alde Zaharrean kafetegia, jatetxe eta elkarte gastronomikoak irekitzeko obra-lizentzien eta jarduera sailkatuen tramitazioa.  Urtebete horretan, Udalak aztertuko du zertan den auzo horretako ostalaritza-lokalen inguruko egoera, etorkizuneko eredu berri bat proposatzeko.

Trebatu: kontratu sozialak eta ETEendako sarbidea

Iruñeko Udalak, 2015ean, Trebatu proiektua abiarazi zuen, enpresa txikiek eta ekonomia sozialeko erakundeek kontratazio publikorako sarrera izan dezaten tokiko administrazioan.   Ordura arte, kontratazio publikoaren % 31 bakarrik eskuratzen zuten enpresa ertainek eta txikiek; enpresa-ehuna, aldiz, ia bere osoan ETEez osaturik dago; % 98,7, hain zuzen.

Programaren ardatzak dira enpresa txikiak prestatu eta gaitzea;  baldintza-orriak bateratu eta sinpletzea, irisgarriagoak izan daitezen; eta lizitazioetan gizarte eta ingurumen arloko klausulak sartzea.

Arlo horretan, Udalak esparru-akordio bat onetsi zuen 2015ean Hornitzaileen Erregistro bat sortzeko, lan- edo gremio-loteak ezartze aldera, enpresa txikienei sarbidea errazteko asmoz.  Lizitazio horrekin, hornitzaile sorta bat aukeratu zen konponketak eta erreformak egiteko, eta era berean, Iruñeko Udalaren etxebizitzetan, eraikinetan eta beste ondasun higiezin batzuetan bestelako zerbitzuak emateko. 

Esparru-akordio horren bidez, obrak kontratatu dira udal-jabetzapeko etxebizitzak zaharberritzeko, ondoren jendeak erabil ditzan.  Lehen urte honetan 25 etxebizitza zaharberritu dira.

Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoa

2015eko urriaren 30ean, Iruñeko alkateak eta Iruñeko Abokatu Elkargoko dekanoak lankidetza-hitzarmena berritu zuten. Hitzarmena 2012an sinatu zen, Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoaren funtzionamendua ahalbidetzeko.  

Hitzarmenaren azken indarraldian (2014ko iraila-2015eko iraila), 90 espediente bideratu ziren; haietatik, 32 bukatu ziren, eta 58k tramitean segitzen zuten.  Bukatu zirenetatik, 9 akordio bidez amaitu ziren; 13, lege-aholkularitzarekin; eta 10, berriz, akordiorik gabe.

2015ean espainiar nazionalitateko pertsona gehiagok erabili zituzten zerbitzu horiek aurreko urtean baino.  Era berean, etxebizitzaz gain, bestelako arazoak ere dituen jende gehiagok erabili zituen zerbitzuak, aurreko urtean gertatu zen bezalaxe.  Zerbitzua erabiltzeko eskari gehienak Arrotxapea, Txantrea eta Alde Zaharretik iritsi ziren, hurrenez hurren; gutxienak, aldiz, II. Zabalgunetik, Sanduzelaitik eta Lezkairutik.

Etxeak zaharberritzeko laguntza

2015ean, Iruñeko Udalaren Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoak zaharberritze babestuko 42 txosten bideratu zituen eraikin eta etxebizitzetarako. Txostenen bidez, zaharberritze-lanak egin nahi dituzten interesatuei jakinarazi nahi izan zitzaien zer behar zehatz izan behar dituzten eraikinean egin beharreko lanek, aurreikusitako laguntzak eskuratzeko, bai eta araudia noraino bete behar duten ere.

Epealdi horretan, Alde Zaharreko eta Zabalguneetako 13 eraikin zaharberritzeko proiektuak kalifikatu ziren hasiera batez.  Espediente horiek guztira 75 eraikin ukitu zituzten, eta 2.068.914,00 euroko inbertsioa eragin zuten, eta 606.566,00 euroko diru-laguntza eman zitzaien. Era berean, 2015ean, Alde Zaharreko eta Zabalguneetako 29 zaharberritze-jarduketarendako laguntza ordaindu ziren; guztira, 2.249.628,44 euro, hain zuzen.

Bulegoak, gainera, eremu zaurgarrietan hiri berroneratzeko jarduketak garatzen eta ezartzen lan egin zuen, eta horretarako, informazio, ekonomia eta kudeaketa arloan beharrezkoak ziren neurriak ezarri zituen.  Horrela, Trenbideko kalearen 2ko eraikineko 5 etxebizitza erosi ziren, 251.828 eurotan; 4 berrostatze bideratu ziren Trenbideko kalearen 2ko eraikineko egoiliarrentzat; Lezkairuko zalduko eraikinetarako aurreproiektua onetsi zen (96 etxebizitza), zaharberritzea eraginkortasun energetikoko eta irisgarritasuneko irizpideekin bat egiteko; halaber, esparru-hitzarmen bat onetsi zen jabeen elkarteekin, aipatu aurreproiektuan aurreikusitako jarduketak diruz laguntzeko; hitzarmena eta diru-laguntzak ematea onetsi zen Lezkairuko zalduko eraikin batentzat (1G ataria) (85.278 €-ko diru-laguntza, 8 etxebizitzako eraikin batentzat); eta irisgarritasunari eta inguratzaile termikoari dagozkion lanak sustatzeko hitzarmen-eredua zehaztu zen, Agur Maria zeharkaleko eraikin batzuetarako (Arrotxapea).

Halaber, badago Alde Zaharrean eta eremu zaurgarrietan etxebizitzak zaharberritzeko aurreproiektuak diruz laguntzeko deialdia.  2015ean, proposamen bakarra aurkeztu zen.  Aurreproiektuen bidez, eraikinen jabeei era fidagarrian jakinarazi nahi zaie zer ondorio izanen dituen zaharberritzeak, gertatuko denaren irudi oso hurbila izan dezaten, hala esku-hartzearen beraren alderdi fisikoetan (zaharberritzearen norainokoa, eraikinak izanen duen ukipena...), nola alderdi ekonomikoetan (kostuen azterlana, diru-laguntzen aurrekalkulua).  2015ean, aurreko ekitaldian aurkeztutako aurreproiektuei zegozkien laguntzak ordaindu ziren (43.465,35 euroko diru-laguntza, 15 aurreproieturentzat).

Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen

Iruñeko Udalak hirigune historikoan darabilen esku-hartze publikoak oinarri du hiru Esku-hartze Globaleko Proiektuen garapena (HGP); Lehentasunez Zaharberritzeko Eremuaren baitan onetsi zituen hiruak Udalak. Hona hemen:  Carmen-Navarrería-Redín; Nagusia-Jarauta-Eslava; eta Descalzos.

Proiektuok estrategia hau darabilte etxebizitzei dagokienez: eraikinak birgaitzea, haien lurzatiak elkartuz eta eraikinak aldi berean berrituz. Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen Estrategia Globaleko Proiektuek etxebizitzetarako finkatu dituzten erabakiak garatzeaz eta birgaikuntza kudeatzeaz arduratzen den sozietatea da. PCH-IBk eskubideak eskuratu zituen, etxebizitzak erosiz edo lagaz, eraikinak birgaitzea ahalbidetzeko, eta horrela, Etxebizitza Planak kudeaketarako xede jotzen dituen 10 arlotan hasi ziren sustapenak.

Hona hemen 2015ean hasitako sustapenetan izaniko aurrerapenak:

Descalzos, 47 – 53

2015ean, lanak bere osoan egin ziren hala egituretan nola estalkietan. Obrek 615.597,60 euroko inbertsioa jo zuten.

Sustapeneko 17 etxebizitzako 12 esleitu ziren.

Beste sustapen batzuk

Planak ukitutako jabeekin hainbat akordio mota eginez, PCH-IBk 2 etxaberen eta etxebizitza baten eskubideak eskuratu zituen.  Horrek 251.634,88 euroko inbertsioa jo zuen.

Gainera, Pamplona Centro Histórico-Iruña Biziberritzen Iruñeko Udalarekin aritzen da lankidetzan, Udalaren zerbitzu tekniko baten gisara, eta eraikinen egoerari buruzko azterlanak egiten ditu, hiri-zaurgarritasuneko arriskua dagoen esparruetan.  Horrela, eraikuntza-azterlana eta jarduketa-proposamenak prestatu ziren Milagrosa auzorako, zein eta Hiri Garapen Iraunkor Integraturako Estrategiari eratxikitakoak; halaber, hiri-zaurgarritasuneko aurreikerlana egin zen Sanduzelairako. 

Iruñeko Udalak 15.900.000,00 euro eman zizkion PCH-IBri kapital-transferentzietan, aipatu jarduketak 2006tik 2015era arte finantzatzeko, honela banakaturik:

2006. urtea

1.600.000 €

2007. urtea

3.700.000 €

2008. urtea

4.000.000 €

2009. urtea

2.100.000 €

2010. urtea

0 €

2011. urtea

600.000 €

2012. urtea

2.300.000 €

2013. urtea

1.500.000 €

2014. urtea

0 €

2015. urtea

100.000 €

GUZTIRA

15.900.000 €

Sustapenen ondoriozko etxebizitzen salmentak 2.747.617,92 euroko diru-sarrerak eragin dituzte epealdi berean (2006-2015). 

Descalzos 23, 25 eta 27

773.132,71 €

Descalzos 24

799.041,16 €

Carmen 25

974.847,27 €

Descalzos, 47 -53

200.596,78 €

GUZTIRA

2.747.617,92 €

Nafarroako Gobernuak 2.978.301,65 euroko diru-laguntzak eman zituen 2006-2015 epealdian aipatu sustapenak garatzeko, honela banakaturik

Descalzos 23, 25 eta 27

467.560,87 €

Descalzos 24

390.672,47 €

Carmen 25

834.846,02 €

Descalzos 47-53 (gauzatzen ari da)

1.285.222,29 €

GUZTIRA

2.978.301,65 €

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala