Kirola
Udal programak
Iruñeko Udalak, kirolaren arloan, bi jarduketa-ildo ditu: kirola sustatzea eta biztanleria-sektore guztien jarduera fisikoa bultzatzeko proiektuak abian jartzea. Horregatik antolatzen ditu jarduerak hala helduentzat nola gazteentzat. Helduendako mantentze-gimnasia eta aerobica egiteko programan 1.401 lagun aritu ziren 2014an, eta klaseak hiriko kiroldegietan eta ikastetxeetan eman ziren. Udalak, halaber, 50 urtetik gorakoendako yoga eskaintzen du jarduera fisikoen eta kirolen artean. 762 lagunek eman zuten izena.
Udalak, era berean, jende gazteagorendako jarduerak eta programak sustatzen ditu. Adibidez, liga bat antolatzen du areto-futbolean infantiletan, eta 87 taldek eman zuten izena. Halaber, 1.217 lagun Arga ibaian behera jaitsi ziren piraguaz, Arga Bizirik programaren barnean. Iruñeko Udalak jada ez ditu antolatzen ez kirol-eskolak, ez igeriketa-kanpainak, baizik eta hainbat laguntza-deialdiren bitartez ematen zaie diru-laguntza.
2014an, Iruñeko Udalak 170.000 euroko doru-laguntza izenduna eman zion Osasuna Fundazioari, beheko kategorietan (infantilak, kadeteak eta jubenilak) kirol-jarduerak garatzeko, hiriko taldeendako txapelketak eta lehiaketak antolatzeko, eta era berean, adingabeak nahiz helduak lehen taldeak bere futbol-zelaian jokatzen dituen partidetara joateko.
Laguntzak eta diru-laguntzak
Iruñeko Udalak kirolari lotutako lau laguntza-deialdi egin zituen 2014an, eta guztira, 1.201.000 euro banatu ziren. Honatx deialdiak: liga nazionaletako lehen hiru kategorietan ari diren taldeentzat, kirol afizionatuarentzat, kirol-eskolentzat, eta kirol-emanaldi, -ikuskizun eta bestelako kirol-jarduerak antolatzeko.
Udalak, zehazki, 436.000 euro eman zizkien lehen hiru kategoria absolutuetako liga nazional ofizial arruntetan 2013/14 denboraldian aritutako 46 kirol-talderi. 20 kirol-modalitatetan ari diren taldeak izan ziren onuradunak: 7, patinajekoak; 7, futbolekoak; 4, pilotakoak eta 4, igeriketakoak; 3, saskibaloikoak eta patinen gaineko hockeykoak, eta era berean, beisbolean, eskubaloian, saskibaloian, areto-futbolean, pilotan (tresnarekin nahiz eskuhuska), piraguismoan, paddlen, triatloian, mahai-tenisean, waterpoloan, atletismoan, gimnasia erritmikoan eta voleyn ari ziren taldeak ere. Kontu-sail horren guztizko zenbatekotik, 180.000 euro baliatu ziren maila nazional gorenean 700.000tik gorako aurrekontuarekin ari ziren taldeei emateko: Anaitasuna KKAE eta Club Deportivo Xota FS Kluba (90.000 euro). Gainerako dirutza (256,000 euro) gainerako taldeen artean banatu zen. Azken horien artean, Basket Navarra Clubak (36.026,63 euro) eta Club Waterpolo Navarrak (31.336,38 euro) jaso zuten diru-laguntzarik handiena.
Gainera, jarduera fisikoan eta kirolean diharduten beste 35 entitatek udal-laguntza jaso zuten, kirol-emanaldiak, -ikuskizunak eta bestelako kirol-jarduerak denboraldian antolatzeko; guztira, 55 ekitaldi izan ziren. Guztira, 390.848 euro banatu ziren. Nafarroako hainbat kirol federaziok jaso zuten laguntza, hain zuzen igeriketa, saskibaloi, hipika, judo, gimnasia, urpeko jardueretako, olinpiar tirorako, pilota, karate, taekwondo, beisbol, patinaje, golf, mahai-tenis eta halterofilia federazioek. Halaber, honako kirol-klub hauek diru-laguntza jaso zuten: Trikideak, Anaitasuna KKAE, Oberena Elkartea, Pamplona Squash Club, Tenis, Amaya, Natación, Donibane, Aldapa edo Irabia. Beste entitate batzuek ere diru-laguntza jaso zuten: ANEFIDE, Trofeo Boscos, Unión Ciclista Navarra, Peña Ciclista El Gesto, Berriro Ere I.T., Iruñeko Kirol Ehiztarien eta Arrantzaleen Elkartea, La Jarana, Nafarroako Unibertsitatea edo Nafarroako Lan Kirolerako Elkartea. Dirutzarik handiena honakoentzat izan zen: Nafarroako Igeriketa Federazioarentzat, bai igeriketako eskola-kanpainarengatik (128.750 euro), bai helduendako kanpainarengatik (30.450 euro); ANEFIDErentzat (57.552,68 euro) adinekoendako gimnasia-programa antolatzeagatik; Trofe Boscos-entzat (24.000 euro), futbol-txapelketa antolatzeagatik, eta Anaitasuna KKAErentzat Eskubaloiko XXXIX. Errege Kopa antolatzeagatik.
Iruñeko Udalak 183.332 euroko doru-laguntza eman zien Nafarroako 11 kirol-federaziori eta 4 kirol-klubi, kirola irakasteko eskolak antolatzeagatik pilotan, txirrindularitzan, piraguismoan, saskibaloian, xakean, eskubaloian, beisbolean, igeriketan, errugbian, mahai-tenisean, padelean edo kirol egokituetan, besteak beste. Honatx laguntzen onuradunak: C.A.D. Ederki, Ermitagaña Txirrindularitza Taldea, Trikideak Kirol Taldea, Nafarroako Xake Federazioa, Nafarroako Saskibaloi Taldea, Nafarroako Eskubaloi Federazioa, Nafarroako Beisbol Federazioa, Nafarroako Kirol Egokituen Federazioa, Nafarroako Igeriketa Federazioa, Nafarroako Padel Federazioa, Nafarroako Pilota Federazioa, Nafarroako Piraguismo Federazioa, Nafarroako Errugbi Federazioa, Nafarroako Mahai-teniseko Federazioa eta Oberena Elkartea.
Azkenik, kirol afizionatuarendako udal-laguntzetarako deialdiak 130.000 euro banatu zituen 34 kirol-entitateren artean. Kirol-talde, -elkarte, -klub, -sozietate eta irabazi-asmorik gabeko bestelako kirol-entitateentzat da, 2013-2014ko denboraldian zehar kirol-errendimendua xede harturik lehiaketa-jarduerak egiteagatik. Laguntzarik handiena entitate hauek jaso zuten: Oberena Elkartea (13.937,98 euro), Donibane K.E. (13.934,36 euro), Anaitasuna KKAE (12.009,55 euro), Amaya Kirol Hiria (10.739,80 euro), Iruñeko Tenis Kluba (10.337,82) eta Club Natación Pamplona (10.258,81 euro). Eskariak baloratzeko, hiru atal hartzen dira kontuan: kategoria absolutua, kirol-sustapena eta instalazioen alokairua.
Kirol-instalazioak
- Kiroldegiak
Iruñeko Udalak bederatzi udal-kiroldegi ditu, eta denboraldian, batez beste, % 68ko okupazioa izan zuten. Astero 797,5 orduz egon ziren zabalik jendearentzat, eta ordu horietatik 512,5 erreserbatuak egon ziren, klubek, ikastetxeek edota kirol-programek erabil zitzaten. Kirol-instalazioak Arantzadiko kirol-pista estalia, Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, Ezkaba, José María Iribarren, Arrotxapea, Mendillorri eta Sanduzelai dira.
Hona hemen zer kiroldegik izan zuten okupaziorik handiena, kluben, ikastetxeen edota kirol-programen erreserbei dagokienez; Ermitagañakoak (83 ordu erreserbatuen % 91); Azpilagañakoak (bere ordutegiaren % 87,5 erreserbatua), eta Mendillorrikoak (eskura dauden 88,5 orduen 75 okupatuak, hau da, % 87). Sanduzelaiko kiroldegian eskura dauden orduen % 79 zeuden okupatuak; Ezkabakoan, % 70; Arrotxapekoan, % 60; Arrosadikoan, % 57,5, eta José María Iribarrenen % 46. Okupazioaren % 30era ez zen iritsi (% 29,5, zehazki) Arantzadiko kiroldegi estalia. Bederatzi kiroldegietatik zortzi astelehenetik ostiralera daude zabalik, 8:00etatik 22.30:00etara, eta larunbatetan, 8:30etik 21:30era. Arantzadiko pista da bestelako ordutegia duen bakarra, kirolgunearen instalazioetara egokitua. Zabalik dago astelehenetik ostiralera, 8:30etik 13:30era, eta 15:30etik 21:30era. Larunbatetan, 8:30etik 21:30era. Igandean Arrosadia, Ezkaba eta Arrotxapea bakarrik daude zabalik, 8:30etik 14:00etara, eta Mendillorri, 10:30etik 14:00etara.
Iruñeko Udalak kudeaturiko udal-kiroldegien erabiltzaileen % 80k nahikotzat edo nahikotzat baino gehiago eta egokitzat iritzi zioten kirol-instalazio horien garbitasunari, gogobetetze-inkesta baten arabera. Mantentze-lanei dagokienez, % 156,k esan zuen nahikoa baino gehiago direla, eta ia % 51ek nahikoak direla. Beraz, % 66k uste zuen nahikoak direla edo nahikoak baino gehiago direla. Inkestatuen % 71,56k esan zuen ezagutzen zuela kiroldegien barne-erabilera arautzeko erregelamendua, eta % 23,43k, aldiz, ezetz. Ia % 70ek esan zuen barne-erabilerarako erregelamendua oro har betetzen dela. Kiroldegiei atxikitako langileei dagokienez, % 93,12ren iritziz, irisgarria, atsegina eta zuzena dela tratuan edo oso atsegina eta oso zuena tratuan.
- Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirolguneak
Arantzadiko Kirolguneak eta Sanduzelaiko Kirol Hiriak 103.506 sarrera saldu zituzten 2014 osoan; hau da, 2013an saldutako 79.296ak baino % 30 gehiago. Era berean, urte osorako 793 abonamendu saldu ziren (udako denboraldia barne); hau da, 2013an baino % 40 gutxiago, 1.262 saldu baitziren. Udako abonuek, bestalde, gora egin zuten. Hiru hilabete inguruko iraupena dute, eta 2014an, 2.006 saldu ziren, hau da, aurreko urtean baino % 10 gehiago, 1.798 izan baitziren. Halaber, neguko 10 abonu saldu ziren. Abonuak urtarrilaren 1etik ekainaren 15era bitartekoak eta irailaren 16tik abenduaren 31ra bitartekoak dira.
Iruñeko Udalak 30, 90 edo 180 eguneko abonamenduak erosteko aukera ematen die erabiltzaileei, Arantzadiko eta Sanduzelaiko kirol-instalazioen erabilera bultzatze aldera. 2014an, gora egin zuten hala 90 eguneko abonuek nola 180koek. Guztira, 405 eta 372 abonu saldu ziren, hurrenez hurren. 2013an, 90 eguneko 327 eta 180 eguneko 297 saldu ziren. Bestalde, 30 eguneko abonuek (hilekoek) behera egin zuten; 2014an 2.122 erosi baitziren, eta aurreko urtean, berriz, 2.394.
Arantzadiko Kirolgunean eguneko 76.983 sarrera eta urteko 360 abonu saldu ziren; 1.445 udarako, eta 2, negurako. Gainera, 30 eguneko 671 abonu egin ziren, 90 eguneko 148, eta 180 eguneko 133. Sanduzelaiko Kirol Hirian, 26.523 sarrera saldu ziren, urteko 433 abonu, udako 561, neguko 8, eta 30, 90 eta 180 eguneko 1.451, 257 eta 239 abonu, hurrenez hurren.
Udalak, gainera, kontratu bakar batean batu zituen Arantzadiko eta sanduzelaiko kirolguneetako atezaintza-, sorospen-, mantentze- eta garbiketa-lanak, prozeduran aurrezteko, eta era berean, baliabideak zentzuz eta ahalik eta hobekien erabiltzeko. Kontratuaren lizitazio-aurrekontua 1.093.114 eurokoa izan zen 2015. urterako, hiru urtez luzatzeko aukerarekin.
- Beste hainbat instalazio
Udalak El Irati bere futbol-zelaiaren belar artifiziala konpondu, argiztapena sendotu eta inguruz inguruko hesia goratu zuen. Batetik, zelaiaren zolan esku hartu zen, belar artifizialean, eremurik hondatuenak konponduz, areak batez ere, eta era berean, azalera oro har egokituz, kirolean ari direnendako arriskuak saiheste aldera. Zolako kautxuzko granulatua berdindu zen, zelaiaren itxura hobetzeko eta futbol-jarduera sustatzeko. 2013aren bukaeran, argiztapen-sistema hobetzeko lanak egin ziren; zehazki, seigarren argi-zutoina paratzeaz gain, lanparak aldatu, ugaritu eta, haien ordez, errendimendu handiagoko beste batzuk jarri ziren. Era berean, joko-zelaiaren inguruko hesiaren garaiera luzatu zen etxebizitzak mugakide diren aldeetan, baloikadak etxeetako fatxadetaraino eta kristaletaraino ez iristeko.
Udalak, bestalde, Nafarroako Euskal Pilotaren Federazioari esleitu zizkion Labrit pilotalekuaren kudeaketa eta ustiapena. Kontratuan barne daude ondasunak, makineria eta instalazioak garbitu, mantendu, kontserbatu eta zaintzeko lanak, eta 336.183 euroz dago hornitua, eta 2015eko abenduaren 31ra bitarteko iraupena. Labrit pilotalekuaren titularra Iruñeko Udala da, baina huraxe zeharka kudeatzearen alde egin du. Pilotalekua 36 x 13 metrokoa da, harmailetan 945 lagun sartzen dira eserita eta, horrez gain, badago taberna-kafetegia, erabilera anitzeko aretoa, bulegoak eta dotazio osagarriak.
Urrian, Iruñeko Udalak erakunde publiko onenarendako saria jaso zuen Pilotaren XII. Gala Nazionalean, luzaroan pilota munduaren alde egindako lanarengatik. Sariak aitortu zuen Udalak, udalbatzaz udalbatza, egindako lan etengabea, eta pilotari eskaini zaion laguntza etengabea, eta era berean, lankidetza estuan aritu dela beti pilotazaletasuna bizirik mantentzearen aldeko jarduerak egiterakoan. Halaber, bestelakoak azpimarratu ziren, hala nola zeinen gogo biziz bizi den pilota, dagoen tradizioa, eta pilotan ari diren tokiko kirol-entitateei era askotan ematen zaien laguntza; instalazioak lagaz, diru-laguntzak emanez, jardueren berri emanez...
Udalak, halaber,Caparrosoren Errotaren kudeaketa eta ustiapena esleitu zizkion Nafarroako Piraguismo Federazioari eta Club Piragüismo Pamplona klubari, piraguismo zentroa izateko eta, era berean, taberna-jatetxea izateko. Administrazio-emakida lau urterako mean zen, eta Udalak 58.080 euroko ekarpena egin zuen, hau da, ezarrita zegoen gehienezko zenbatekoa (64.130) baino % 9 gutxiago.
Esleipenduna behartua dago hala aisia-jarduerak nola federatuendako entrenamendu- eta lehiaketa-saioak egitera. Halaber, piraguen eta materialen alokairua eskaintzen da, kirol horretan noizbehinka aritzeko eta, are gehiago, baita kayak-polo talde bat sortzeko ere. Horrez gain, piraguismoa irakatsi eta hobetzeko ikastaroak eskaintzen dira, modalitate guztietan eskaini ere, parte-hartzaileen adinera egokituta. Besteak beste, badira egunbeteko jarduerak, hala nola Ezagutu kayaka edo Jaitsi ibaiak, hastapen-ikastaroak Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailakoentzat, Stand up paddle (piraguismoa zutik), ur geldietan eta urlasterretan hasi eta hobetzeko ikastaroak, eskimotaje edo segurtasun- eta erreskate-ikastaroak. Era berean, talde, familia, adineko eta ezgaituendako jarduerak eskaintzen dira.
Horrez gain, kirol-errendimendua hobetzeko jarduerak antolatzen dira, piraguismoan sakondu nahi dutenentzat, oinarritik goi-lehiaketaraino, Iruñeko Udalaren Kirol Eskolen bidez; edo teknifikazio-programak, teknikariak prestatzeko programak, eta Caparrosoren Errota entrenamendurako nahiz lehiaketarako zentroa izan dadila.
Kirol-ekitaldiak
Eskubaloiko Errege Kopa Txapelketa
Udaletxean Eskubaloiko XXXIX. Errege Koparen azken fasearen zozketa egin zen. txapelketa maiatzaren 3an eta 4an egin zen Iruñean. Ohorezko mailako lau talde hauek iritzi ziren azken txanpara: Helvetia Anaitasuna, FC Barcelona, Fraikin Granollers eta BM Huesca. Iruñeko alkatea Enrique Maya, ASOBALeko presidente Eduardo Coll, Espainiako Eskubaloi Federazioko presidente Paco Blázquez, eta Gizarte Politiketarako kontseilari Íñigo Alli arduratu ziren bolak ateratzeaz finalaurrekoetarako partidak zehazteko. Zozketatik bi partida hauek atera ziren: Helvetia Anaitasuna - FC Barcelona eta Fraikin Granollers - BM Huesca. Azkenean, FC Barcelona taldeak irabazi zuen txapelketa, finalaurrekoetan Helvetia Anaitasunari irabaziz, eta finalean, Fraikin Granollers menderatuz.
Espainiako Itzulia
Berriz ere atera zen Iruñetik Espainiako Txirrindularitza Itzuli baten etapa. Zehazki, hamaikagarren etapa abiatu zen nafar hiriburutik, irailaren 3an, asteazkenarekin,, eta helmuga Aralarko San Migel Santutegian zegoen. Udalak babes-kontratu bat sinatzea onetsi zuen etapa horren irteera ofiziala egiteko; 20.000 euro jarrai zituen, hain zuzen. Unipublic S.A. enpresak kudeatu zuen, Espainiako Itzuliaren eskubidearen jabea baita esklusiban. Etapa bere osoan Nafarroan egin zen, 153 km guztira, eta bukaera gain berri batean. Pro Team Astana taldeko Fabian Aruk irabazi zuen.
Bestelako kirol-jarduerak
Enpresen erronka kirol-programa bere zortzigarren ediziora iritsi zen eta nobedade bat barnebildu zuen, Raid del Camino hiri-orientaziorako Donejakue Bidea ardatz hartuta. Lehiaketak helburu du bizi-ohitura aktibo eta osasungarriak sustatzea nafar konpainietako langileen artean, eta aldi berean, haien harreman pertsonalak hobetzea. Parte-hartzaileek erronka aunitz gainditu behar dituzte hainbat kirol- eta aisia-diziplinatan, hala nola futbol 7n, musean, frontenisean, bowlingen, kartingen, paintballen, golfean, padelean, arku-tiroan, tenisean edo squashen. Gainera, nobedade gisa piraguismo-lehiaketa bat egin zen Argan, eta gomazko palan ere lehiatu ziren. Proposamena 2007an abian jarri zenez geroztik, 7.000tik gora lagun aritu dira jardueretako batean.
Mila lagunek baino gehiagok eman zuten izena Iruñeko Lasterketa Zikloturistaren hirugarren edizioan. Proba maiatzaren 24an jokatu zen, eta bi ibilbide izan ziren aukeran, 175 eta 100 kilometrokoa. Irteera eta helmuga Gazteluko plazan. Ibilbide luzeak 175 kilometro izan zituen, sei ordu baino gehiago bizikleta gainean eta zortzi mendate. Ibilbide laburrak, berriz, lau mendate izan zituen, eta ehun kilometro errepide bihurgunetsuetan.
Eskolarteko I. Golf Txapelketa Paderborneko eta Mendillorriko parkeetan nahiz Iruñeko Gaztelugibelen egin zen. Lehiaketan bi kategoria ezarri ziren, bata federatuak ez zeudenentzat, eta bestea federatuentzat. Lehenean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako hiruzpalau jokalariz osaturiko 7 taldek parte hartu zuten. Denak San Cernin ikastetxekoak ziren eta lehen aldiz aritu ziren kirol horretan Golfa ikastetxeetan programaren bitartez. Ikasle federatuei dagokienez, kadeteen lizentzia ere izan dezaketenak, 6 talde aritu ziren, hiruzpalau jokalariz osatuak, Vedruna, Irabia, Redín, Larraona eta San Cernín ikastetxeetakoak. Saria golfean hasteko ikastaro bat izan zen zen federatu gabeko taldearentzat, eta federatuarentzat, berriz, materiala.
Ekainaren 1ean, minbiziaren kontrako lasterketaren lehen edizioa jokatu zen. 5 km izan ziren hiriaren erdigunean barna, Ziudadelan hasi eta Karlos III.aren etorbidean bukatuta. Minbiziaren aurkako Espainiako Elkartearen nafar ordezkaritzak antolaturik, xedea da herritarrak kirolaren bidez gaixotasun horren gainean sentsibilizatzea. Martxa irekia, herritarra eta solidarioa da, lehiarik gabea, minbiziaren kontrako prebentzioaren eta ikerketaren alde, eta gaixoen eta senitartekoen alde. Izen-ematean lortutako dirua onkologia-ikerlanetarako proiektuak finantzatzeko erabili zen, eta era berean, minbiziak jotakoei eta senitartekoei laguntzeko, eta gaixotasun horren inguruko prebentzio- eta sentsibilizazio-kanapinak egiteko.
Ekain bukaeran, I. San Fermin Marathon lasterketa jokatu zen. Iruñean lehen aldiz maratoi bat egin zen, eta ehunka lasterkarik parte hartu zuten. 42,195 kilometroez landara. maratoi erdi bat eta hamar kilometroko lasterketa bat ere egin ziren hiri osoan barna. Irteera Gazteluko plazan egin zen ilunabarrean eta helmuga zezen-plazan kokatu zen.
Irailean, denboraldiari hasiera emateko, oinarrizko kirolaren III. jardunaldia egin zen; hots, jarduerak saskibaloian, txirrindularitzan, mahai-tenisean, beisbolean, esgriman, padelean eta areto-futbolean burbuila puzgarrietan. Jarduera guztiak doakoak dira, Etxabakoitzen egiten dira, eta 6 eta 14 urte bitartekoentzat dira. Lehen bi edizioak abenduan egin ziren, urteko azken asteburuan, Eguberrietan. Horrela, data berriarekin, xedea da oinarrizko-festa horrek kirol-jardueren denboraldia irekitzeko balio izatea; klimatologia hein handiagoan ziurta daiteke eta, gainera, jai-garaian ez egitean, jende gehiagok parte har dezake.











