Herritarren partaidetza
Ekintzak
Udalak 14 Zerbitzu Gutun prestatu zituen, eta hor bilduta agertzen dira hala Udalaren programen eta zerbitzuen prestazioak nola horiek erabiltzen dituzten herritarren eskubideak. Udalaren webgunean (www.pamplona.es) daude ikusgai, eta loturik daude Udalak kalitatezko kudeaketa gardenaren alde egin duen apustuarekin. Zerbitzu Gutunek bi helburu dituzte. Batetik, herritarren ikuspuntutik, informazio garbia eskura izateko bidea ematen dute bai jasoko diren zerbitzuen gainean bai Udalak zerbitzuak emateko hartu dituen konpromisoen gainean. Gainera, erabiltzaileei aukera ematen diete zer eskubide eta zer betebehar dituzten jakiteko, zerbitzu horiek erabiltzean. Era berean, parte hartzeko bideak ezarri dira, hala nola kexak eta iradokizunak edo gogobetetze-inkestak, besteak beste; herritarrek bide horiek dituzte eskura udal-zerbitzuen gainean duten ikuspegia emateko, eta kasuan kasuko uda-erantzuna jasotzeko. Bestetik, Udalaren ikuspuntutik, Zerbitzu Gutunak hobekuntza etengabea eragiteko tresnak dira. Gutunen kudeaketak gogoeta egitera behartzen du dela erabiltzaileen beharrei buruz, dela zerbitzuek behar horietara egokitzeko moduari buruz, adierazleen bidez nahiz iritsi beharreko xede-balioen bidez.
Iruñeko Udalaren zerbitzu-gutunak
- Giza baliabideak: Udal Agiritegia
- Gazteria eta Kirola: Gaztediaren Etxea eta Kiroldegiak
- Toki Ogasuna: Hilerria
- Herritarren Partaidetza: Elkarteen Etxea eta Herritarrendako Laguntza Zerbitzua
- Ingurumena: Animaliak Hartzeko Zentroa
- Hezkuntza eta Kultura: Joaquín Maya Musika Eskola eta Civivox
- Gizarte Ongizatea eta Berdintasuna: Enplegurako Prestakuntza
- Hiri Kontserbazioa: Obrak
- Udal Gerentzia: Egoitza elektronikoa
- Enplegua, Merkataritza eta Turismoa: Enpresak Sustatzeko Zerbitzua
- Herritarren Segurtasuna: Herritarren Segurtasuna eta Udaltzaingoa
2013an, Iruñeko Gazteriaren Mahaia eratu zen. 26 kidek osatzen dute, eta alkatea da mahaiburua. Partaidetzako organo aholku- eta informazio-emailea da, eta indarrak batzea du xede, gazte arloko politikak eta ekintzak egin eta hobetze aldera. Alkateaz gain, Gazteriaren Mahaiko kideak dira Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko arduradunak, hau da, zinegotzi delegatua, Gazteria eta kiroleko zinegotzi berezia eta Alorreko zuzendaria. Kide ere badira Nafarroako Kirol eta Gazteria Institutuko zuzendari-gerentea, Nafarroako Gazte Kontseiluko burua eta Nafarroako Unibertsitateko nahiz NUPeko ikasleen ordezkari batzuk. Horiei gehitzen zaizkie Udalean ordezkaritza duten talde politiko bakoitzeko ordezkari bat eta hainbat gazte-elkartetako 11 kide. Halaber, honako hauek dira mahaikide, baina botorik gabe: UGT eta CCOO sindikatuetako gazteria atalen ordezkariak, Enpresaburu Gazteen Elkartekoak, Batzarre Gazteakoak, Juventudes Navarrakoak, Nafarroako Gazte Sozialistak, Gaztediaren Etxeko zuzendaria eta Iruñeko Udaleko Gazte-teknikaria.
Halaber, Adinekoendako Udal Kontseilua sortu zen, Iruñeko biztanleria-sektore horri udal-kudeaketan era aktiboan parte hartzeko aukera emateko. Alkatea da Kontseiluburua, eta honako hauek kontseilukide: Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko arduradunak, Nafar Gobernuko eta beste udal-alor batzuetako kide batzuk, Iruñeko Udaleko talde politikoen ordezkari bana, sindikatuen ordezkariak eta erregistroan inskribaturik dauden adinekoen arloko elkarteetako hamar kide, elkarteek beraiek aukeratuak. Adinekoendako Udal Kontseilua partaidetzako organo organo aholku-emaile gisara eratu da. Beste ekintza batzuen artean, Kontseiluak adineko jendea artatzeko lanean sortzen diren behar berriei eman beharreko irtenbideak elkartrukatu eta hartuko ditu.
Iaz, halaber, Sanferminetako Mahaia bi aldiz bildu zen; bat, jaien aurretik, maiatzean, eta besteak beste, bi erabaki hartu zituen: Udaletxe plazako hesian entzierroan izan diren hildako guztien omenezko zutoin bat paratzea, eta hiria jaietan aparkatzeko alde laranja bihurtzea. Bigarren bilera irailean egin zen, Sanferminak nola garatu ziren baloratzeko. Hiriak jaietan ematen duen irudiaren azterketa lantzea proposatu zen bertan.
Otsailean, Alkatea adi duzu programa bukatu zen, Ermitagaña eta Mendebaldea auzoetako auzokide eta elkarteekin egindako bilerarekin. Horrekin buru eman zitzaion programari, izan ere, alkateak, 2012an eta 2013an, hiriko auzo guztiak bisitatu zituen eta bilerak egin zituen sektoretako elkarteekin, Udalaren eta gizarte iruindarraren arteko harreman-bide berri baten gisara.
Herritarrei Laguntzeko Zerbitzua
- Aurrez aurreko harrera (Kondestablearen Jauregia)
Kondestablearen Jauregiko Herritarrendako Laguntza Bulegoak 79.960 laguni egin zien harrera 2013an, hau da, aurreko urtean baino % 11,1 gehiagori. Bulegoak txartel-sistema baten bidez dihardu. Zehazki, 80.870 txartel egin ziren. Txartela hartutako herritarretatik 910 ez zuten leihatilara jo (% 1,1). Alde handiz, eskari nagusiak erroldaren datuekin izan zuen zerikusia: 69.936 pertsonak eskatu zituzten, hau da, guztien % 87,4k. Aurreko urtean, 58.659 laguni egin zitzaien horri buruzko harrera. Bigarren tokian, erregistro-eragiketak ageri dira, 6.827 harrera izan baitziren, eta ondotik, informazio-eskariak, 2.185 eskarirekin. Bulegoan zain egon beharreko denborari dagokionez, herritarrek bana beste 6 minutuz eta 54 segundoz egon behar izan zuten zain harrera jaso arte. 2013an, Kondestable jauregian tramiteren bat egin zutenen % 75,8k 10 minutuan baino gutxiagoan jaso zuten harrera. Bestalde, erregistro-eginkizuna egiten duten udal-bulego guztien artean 54.148 sarrera izan ziren, eta haietatik, 20.187 erregistro orokorrean izapidetu ziren, bai aurrez aurre, bai postaz, bai beste bitarteko batzuk erabilita. Azkenik, erroldarekin zerikusia duten datuak xehekatuta, 61.839 errolda-aldaketa egin ziren, eta 92.277 erroldatze-agiri edo -ziurtagiri egin ziren.
- Telefono bidezko laguntza (010)
010 Herritarrei Laguntzeko Zerbitzuak iaz320.984 hartu-eman egin zituen herritarrekin. Hau da, 2012an kudeaturiko hartu-emanak baino % 17 inguru gehiago. Agerian dagoen joera da telefono-dei gutxiago jaso zela, eta irteerako hartu-eman kopuruak gora egin zuela, posta elektronikoen eta sms mezuen bitartez, nagusiki udal-alor batzuek eskaturik. Jasotako 148.586 deietatik (aurreko urtean baino % 6,5 gutxiago) 137.584i egin zitzaien harrera (% 92,5). Deiaren batez besteko iraupena 102 segundo izan zen, 2012ko 99 segundoen antzera. Deien erdiak (% 50) argibideren bat eskatzeko izan ziren; % 30, udal-kudeaketak izan ziren; % 18k, berriz, telefonogune-zerbitzua eskatu zuten, eta % 2 herritarren oharrak, kexak eta iradokizunak izan ziren
010 telefonoaren bidez egin daitezkeen izapideek 24.763 kudeaketa eragin zituzten 2013an; hau da, aurreko urtean baino % 12,4 gehiago. Halaber, posta elektroniko gehiago sartu ziren (% 10 gehiago), eta guztira, 2.206 izan ziren. Bestalde, % 32 igo ziren Udaletik bidalitako sms-ak eta posta elektronikoak, 217.800 igorri baitziren; haietako asko Gaztediaren Etxeko erabiltzaileendako argibidea izan zen, bai eta oharrak eta alertak ere. 010ak, herritarrei harrera egiteaz gain, kanpainak egiten ditu udal-alorrek eskaturik, hala nola izen-emateak egitea, berariazko jarduerak hedatzea, talde jakinei oharrak bidaltzea, etab. Horrela, iaz, 25.506 izen-emate bideratu ziren Udalaren ikastaro eta programetarako, haietariko % 36 webaren bitartez. Alorrek eskaturiko zerbitzu horien % 60 Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorrak eskatu zituen; % 14, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Alorrak, eta % 10, Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorrak. Era berean, twitter kontu bat mantendu zuen irekia; horrela, 2.582 txio bidali ziren, eta 1.451 jarraitzaile izan zituen. 2013ko zerbitzu berrien artean, aldez aurreko hitzordu-eskaria ezarri zen ezkontza zibiletarako bulegorako, bai eta izatezko bikotearen ziurtagiria egitea ere.
Udalak 5.417 ohar, kexa eta iradokizun jaso zituen 010 zenbakiaren eta udal-webgunearen bidez; aurreko urtean baino % 4 gehiago. % 75, zehazki, 010 telefonoaren bidez iritsi zen, eta gainerakoa, udal-webaren bidez. % 94,35 ebatzi ziren. Ohar gehienek esparru publikoa mantendu eta garbitzearekin izan zuten zerikusia; zuhaitz, parke eta lorategien egoera (984 ohar); eremu publikoa garbitzea (646); hiri-altzariak mantentzea (461), eta espaloiak mantentzea (417). Alorren arabera, berriz, ohar, kexa eta iradokizun gehienek Proiektuetako eta Hiri Kontserbazioko Alorrarekin izan zuten zerikusia (3.385). Ondotik, Herritarren Segurtasuna dator (1.118); Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirola (325); Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumena (275); Hezkuntza eta Kultura (136). Auzoen araberako jatorriari dagokionez, 702tan ez zen zehaztu nondik heldu ziren, 538 Txantreatik (ia % 10), gero Arrotxapetik (532), Alde Zaharretik (516) eta Donibanetik (507).
- Laguntza telematikoa (www.pamplona.es eta egoitza elektronikoa)
Iruñeko Udalaren webguneak (www.pamplona.es) 2.912.212 bisita jaso zituen, hau da, 2012an (2,5 milioi) baino % 16 gehiago. Bisitak 363.118 erabiltzailek egin zituzten, hau da, 2012an (321.756 bisitari) baino % 13 gehiago. 363.118 erabiltzaile haietatik, 208.051ek (% 57) bisita bakarra egin zuten, eta 155.067 (% 43) behin baino gehiagotan sartu ziren webean, 2012an antzeko portzentajean. Bisitari bakoitza, bana beste, zortzi aldiz sartu zen.
Egunean, bana beste, 7.979 bisita izan ziren, gehienak irailean (256.152), gero urrian (255.422), maiatzean (253.914) eta uztailean (247.308). Web bisita bakoitzaren batez besteko iraupena aurreko urtekoaren oso antzekoa izan zen, baina zertxobait goratuta, hau da, 25 minutu eta 57 segundora iritsi arte. Ia bisiten erdiek baino gehiagok, uneren batean, udal webaren ataria kontsultatu zuten, eta horixe izan zen berriz ere orrialderik bisitatuena. 2013an, 1.437.069 erabiltzailek ikusi zuten weba, eta aurreko urtean, aldiz, 1.350.922 erabiltzailek. Herritarrek gehien jaitsitako agiriek Civivox zentroen hiruhilekoko ikastaroen eta jardueren programazioarekin izan zuten zerikusia, baina lehen postuetan ere Ensanche la Nuit ekimenaren prentsa-oharra gelditu zen. Urritik abendura bitarteko ikastaroak 22.772 lagunek jaitsi zituzten; Ensanche La nuiteko prentsa-oharra 16.063k, eta udaberriko foileto nagusia, 13.768k.
Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoak 140.352 bisita jaso zituen. Sarrerarik gehien izan zuen orrialdea (241.716) izapide, lizitazio, lehiaketa eta enplegu-deialdiena izan zen. 2013an, egoitza bisitatu zutenek 81.189 dokumentu eta 17.882 inprimaki jaitsi zituzten. Egoitzaren bidez, 7.035 ordainagiri ordaindu ziren txartel edo banka elektronikoaren bidez. Kudeaketarik eskatuenak gainbalioen ziurtagiriak (5.848), jakinarazpenen kontsulta (2.067), sarrera-erregistroaren kontsulta (1.875) eta herritar karpetaren postontziaren kontsulta (1.562) izan ziren. 2013an, % 60 igo ziren herritar karpetarako sarrerak; zehazki, 11.985 izan ziren, eta aurreko urtean, 7.280. Guztira, 2.611 lagunek erabili zuten herritar karpeta, eta 9.500etik gora informazio-kontsultak egiteko izan zen. Herritar karpetaren bidez, 1.183 errolda-agiri lortu eta 9.351 hornitzaile-faktura erregistratu ziren, bai eta Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 3.118 eskari, Arartekoaren 158 eskari eta herritarren zein enpresen 2.611 eskabide ere. Herritar karpetan sartzeko erabilitako ziurtagiriei dagokienez, gehien-gehienak Diruaren eta Zerga-zigiluaren Fabrika Nazionalaren ziurtagiriaren bitartez egin ziren.
2013an, Udalak hainbat bideo sartu zituen udal-webaren egoitza elektronikoan, zeinu-hizkuntzaren eta azpitituluen bidez azaltzeko nola egiten diren online udal-izapide batzuk. Aukeraturiko izapideek ikono berezi bat dute webean bideoetara jotzeko, eta herritarrek gehien eskatutzen dituztenak dira: garabiaren alertak SMS bidez jasotzeko mezu-zerbitzua; Iruñeko Udalari ordaindu beharreko gainbalioen gutxi gorabeherako zenbatekoa; errolda-ziurtagiria, bizileku- eta bizikidetasun-agiriak eskatzea; eta gauza galduak erregistratu eta berreskuratzea.
| Herritarrendako Laguntza Zerbitzua (HLZ) | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Aurrez aurreko harrera – Kondestablearen Jauregia | 81.646 | 73.368 | 73.029 | 71.930 | 79.960 |
| Telefono bidezko laguntza – 010 | 184.908 | 171.101 | 161.074 | 158.655 | 148.586 |
| Harrera telematikoa – www.pamplona.es | 2.740.420 | 4.158.680 | 4.257.092 | 2.524.734* | 2.912.212* |
*Bakarrik zenbatu ziren www.pamplona.es webera izandako sarrerak eta ez Udalaren gainerako webetara izandakoak, aurreko urteetan bezala
Diru-laguntzak
Udalak, 2013an, irabazi-asmorik gabeko 133 entitate eta talderi eman zizkien laguntzak, jardueren eta proiektuen bitartez gizarte-dinamizazioa eta -partaidetza susta dezaten eta, aldi berean, gizarte-sarea sendotzen lagundu dezaten. Udalak, guztira, 419.000 euro banatu zituen.
Laguntzak hiru multzotan banatzen dira, eta haietako bakoitzak gehienezko zenbateko bat du aurrekontuan. Lehena A epigrafea da, eta hartan sartzen dira auzo-elkarteek, kultur koordinakundeek eta jai batzordeek hiriko auzoetako festak antolatzeko aurkeztutako proiektu ludiko edo jai girokoak, non herritarren parte-hartze aktiboa bultzatuko baita. Atal horretan 9 entitatek jaso zuten laguntza, eta atalari zegozkion 30.000 euroak haien artean banatu ziren.
B epigrafearen barnean daude aisialdiaren eta denbora librearen arloan herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten entitate edo erakundeek aurkeztutako proiektuak, jarduera iraunkor zein puntualetarako, batez ere helduekin eta hirugarren adineko jendearekin egitekoak badira, eta herritar guztientzat zabalik badaude eta herritarren parte-hartzea bultzatzen badute. Epigrafe horretan aurkezten dira entitaterik gehien eta, 106 elkarteren artean, 345.000 euro banatu ziren.
Azkenik, C epigrafean beste erkidegoetako komunitateak edota atzerriko komunitateak ordezkatzen dituzten entitateek kulturen hedakuntzarako aurkeztu dituzten jarduera-proiektuak daude sarturik, baldin eta Iruñeko herritarren parte-hartzera irekita baldin badaude, kulturartekotasun, integrazio eta elkarbizitzaren topaleku gisa, denbora librearen arloan. Horretan, 18 entitatek 35.000 jaso zituzten.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Herritarren partaidetza sustatzen dituzten elkarteetarako diru-laguntzak | 610.723 | 508.984 | 513.500 | 423.000 | 423.000 |
Elkarteak
Iruñeko Udaleko Elkarteen Etxeak 5.242 arreta egin zituen 2013an, 2012an (5.357) baino % 2 gutxiago. Arreta horietatik 3.839 (% 73,2) aurrez aurrekoak izan ziren San Gregorio kaleko egoitzan; 1.018 (% 20,6), telefonoz, eta 323 (% 6,2), posta elektronikoz 130 elkartek 1.822 alditan erabili zituzten bertan eskaintzen diren zerbitzuak.
Gai zehatzei dagokienez, 228 lagunek askotariko informazioa eta arreta eskatu zituzten; 104 lagunek aholkularitza orokorraren edo lege-aholkularitzaren arreta eskatu zuten; 89k elkarteen eraketaz galdetu zuten; 78k elkarteei buruzko argibidea bilatu zuten, eta 77k Etxeko bitarteko teknikoak eta baliabideak erabiltzeko laguntza eskatu zuten. Horrez gain, galderak ere jaso ziren ikastaroez eta prestakuntzaz, diru-laguntzez, aretoen erreserbaz edota Etxea bera bisitatzeaz. Urtean ere prestakuntza-ikastaroak egin ziren, kontularitzaz eta diru-laguntzen justifikazioaz.
Etxeak bitarteko teknikoak ditu eskura, hala nola ordenagailuak, inprimagailuak, fotokopiagailuak, eskanerra edo proiektagailuak, guztiak elkarteetako kideek erabil ditzaten, beren lana sustatze aldera. Bitarteko tekniko horiek 2.303 aldiz erabili ziren. Erabilera gehienak, 1.425, ordenagailuak izan ziren, hala mahai gainekoak nola eskukoak. Gainera, inprimagailua 477 aldiz erabili zen; fotokopiagailua, 115 aldiz, eta kutxatilategiak, 107 aldiz. Era berean, elkarteek langelak eta ikasgelak dituzte beren eskura egoitzan, bilerak eta saioak egiteko. Guztira, esparru horiek 1.441 aldiz erabili ziren.
| Elkarteen Etxea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Parte-hartzaileak, guztira | 4.739 | 4.592 | 5.875 | 5.357 | 5.242 |
Udalaren Lantegi Eskolak San Pedroko etxeetako lau etxebizitzaren erreformak bukatzen ari ziren; 28 eta 29 zenbakiko atarietan, hain zuzen.
Sanferminen ondotik, Sanduzelaiko Gizarte Ekimenetarako Auzo Etxea zabaldu zen, elkarteen zerbitzura. Auzo Etxea auzo-unitatearen ondoan dago, Labayen doktorearen kaleko 17an (Umetxearen lokala), eta hori alde berria da, baina Sanduzelai kaleko 1ean ere badu azpiegiturarik, Zandua Etxean (antzinako Gridillas txaleta). Auzo Etxe berriak bost langela, bi bilera-gela, erabilera anitzeko bost gela, komunak eta lorategi publiko bat ditu 490 m2-tan. Erabat dago altzariz hornitua, eta iragarki-oholak eta postontziak ditu, elkarteen eta kudeatzaileen arteko harremanetarako. Esparru berriak erabilgarri izan nahi du auzoan finkaturik dauden elkarteentzat, auzori irekita dauden jarduera iraunkorrak nahiz unean unekoak egiten dituztenak, betiere gizarte-harremanak eta asoziazionismoa sustatzeari lotutakoak.
Komunikazioa
Iruñeko Udaleko Komunikazio Zerbitzuak 1.606 prentsa-ohar igorri zituen guztira, 2013an, eta 218 ekitaldirako deialdia egin zuen; batez beste, 6 ohar baino gehiago izan ziren egunean eta 18 deialdi inguru hilean. Zenbakiak aurreko urteetakoen antzekoak dira. Prentsa-oharren % 34,8 Hezkuntza eta Kultura Alorrari lotutako informazioak izan ziren; % 12,1, Herritarren Segurtasunari lotutakoak; % 11,8, Alkatetzari; eta % 10,5, Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorrari. Bestalde, deialdien % 41ek Hezkuntza eta Kulturarekin izan zuen zerikusia; % 15ek, Alkatetzarekin, eta % 9k Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Alorrarekin nahiz Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirolarekin.
Sanferminetan, 442 kazetari egon ziren akreditatuta entzierrorako; hau da, aurreko urtean baino % 5 gehiago ia. Profesional horiek 18 herrialdetako 134 komunikabiderentzat lan egiten zuten (Espainia, Frantzia, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Australia, Austria, Suedia, Ukraina, Japonia, Errusia, Mexiko, Herbehereak, Portugal, Kolonbia, Venezuela, Alemania, Kanada eta Finlandia). Bana beste, egunean 252 kazetari egon ziren akreditatuta entzierroetarako; hau da, aurreko urtean baino zazpi gutxiago, batez beste. Txupinazorako, Iruñeko Udalak 54 komunikabidetako 155 profesional akreditatu zituen. Pobre de Mí jaietako azken ekitaldiak 43 komunikabidetako 97 profesional bildu zituen. Gainera, 15 komunikabidek entzierrillorako argazkiak eta grabazioak egiteko eskaria egin zuten.
Sanferminetarako akreditazioa eskuratu zuten ikus-entzunezko proiektuen artean Blue Lips filma zegoen, Maitena Muruzábal nafarrak ekoitzia, australiar ekoiztetxe batek Emmy Sari bat irabazitako Garet Harvey kazetariaren eskutik grabaturiko erreportajea, Google Glasses betaurrekoen estreinaldia Sanferminetan, edo Fare Films eta Das Fliegende Auge ekoiztetxeen dokumentalak.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Prentsa-oharrak | 1.602 | 1.731 | 1.624 | 1.614 | 1.606 |
| Prentsaurrekoak | 249 | 232 | 222 | 222 | 218 |
Iruñeko Udalak zuzenean ematen ditu bai osoko bilkurak, bai gobernu-taldeak Udaletxean ematen dituen prentsaurrekoak. Osoko bilkuren zuzeneko emankizunek 8.975 sarrera izan zituzten, eta prentsaurrekoen zuzeneko emankizunek, berriz, 2.870. Zerbitzuak, gainera, osoko bilkurak eta prentsaurrekoak grabatuta ikusteko aukera ematen du. 2013an, osoko bilkuren emankizun grabatuek 17.890 sarrera izan zituzten, eta prentsaurrekoen emankizun grabatuek, berriz, 11.386.
Teknologia berriak
Urtarrilaz geroztik, milatik gora adierazleri buruzko informazioa jarri zuen Udalak herritarren, enpresen eta erakundeen eskura Open Data aplikazioaren bitartez; udalaren webaren bidez sartu beharra dago. Datu irekien (Open Data) bidez, sektore publikoak –kasu honetan Iruñeko Udalak– formatu digital estandarizatu eta irekietan jartzen du eskura informazioa nahi duenak eskura dezan, egitura ulergarri baten arabera. Informazioa eskuratzea errazten da, copyright, patente edo bestelako kontrol-mekanismoen murrizketarik gabe, berrerabilpena sustatze aldera. Webean bildutako informazioaren erabilera hainbat baldintza orokorren mendean dago: edukia ez aldatzea, informazioaren zentzua ez desitxuratzea, iturria aipatzea eta azken eguneraketaren data aipatzea. Besteak beste, kontsultagai dago, adibidez, Iruñeko kale bakoitzeko ibilgailuen antzinatasuna, biztanleriaren bilakaera auzo bakoitzean eta hirian, Iruñean dauden enpresak, udal-aurrekontuaren jarraimendua edota karrika bakoitzean dauden lokalak. Aplikazioaren osagarri, badago informazio-bilatzaile bat, iradokizun-postontzi bat, herritarrek eta enpresek datu edo formatu berriak eska ditzaten, eta beste bi kontsulta-esparru: Hiri Behatokia eta Transparencia Internacional España organismoaren txostenerako esteka bat; txostenean bikain kalifikazioa eman zitzaion Iruñeko Udalari, herritarrei webaren bidez eskaintzen dien informazioaren gardentasun mailan.
Webari dagokionez, Iruñeko Udalak, iaz, bi atari berri estreinatu zituen. ‘Pamplona Biltzarrak’ (http://congresos.pamplona.es) sektoreko profesionalei edo entitateei zuzendua dago eta behar den informazioa biltzen du, hirian edozein diziplinatako edo arlotako biltzarrak egiteko. Proiektuan, halaber, lankide dira Nafarroako Gobernua, Baluarte Biltzar Jauregia eta Auditorioa, eta sektore pribatuko beste erakunde batzuk. Atariak hiru atal ditu, eta hiruren hondoa kolore ezberdin batez dago nabarmendua. Hauek dira: Antolatu zeure biltzarra, Iruña beren jarduerak egiteko aukeratzen dutenen eskura jarri diren bitartekoen berri emateko; Ekitaldi korporatiboak, Iruñeak eta Nafarroak eskaintzen dituzten planak -turismo arloan, batez ere– azaltzeko; eta Arrakasta ziurtatua, hiriko azpiegiturak eta kalitatezko zerbitzuak erakusteko. Gainera, biltzar, jardunaldi edo ekitaldi bat antolatu nahi duen edozein pertsonaren proposamenek ere badute lekua.
‘Fortius Pamplona-Bayonne’ da 2013an abian jarritako beste ataria. Urtebete lehenagotik Iruñeak eta Baiona hiri frantsesak darabilten mugaz gaindiko lankidetza-programa zabaltzeko euskarria da. http://www.fortiuspamplonabayonne.eu/ webgunean jaso dira bi hiriak gotorleku-ondarearen balioa nabarmentzeko egiten ari diren lan guztiak. FORTIUS-Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondareari balio turistiko eta kulturala emateko proiektua. Mugaz gaindiko ekimena da, Iruñearen eta Baionaren artekoa eta Europako Batasunak diruz lagundutakoa, Pirinioetako Lan Elkartearen POCTEFA Espainiaren, Frantziaren eta Andorraren Lurralde mailako Lankidetzaren Programa Eragilearen barnean.
Martxoan, Iruñeko Udalak mugikorrerako abiatutako lehen aplikazioa aurkeztu zen. Parkplona aplikazioaren bidez, hiriko lurpeko aparkaleku publikoen erabiltzaileek informazioa eskuratzen dute denbora errealean aparkatzeko libre dauden lekuei buruz, beren smartphone edo tabletetatik. Aplikazioak, gainera, bestelako datu interesgarriak eskaintzen ditu, hala nola aparkalekuaren izena, helbidea, harreman-telefonoa, aparkatze-denboren araberako prezioak edo tarifak, etab. Baina, horrez gain, GPSri lotuta, ibilbiderik egokiena kalkulatzen du lurpeko aparkalekuraino iristeko, bai eta zenbat ordaindu behar den ere, ibilgailua zenbat denboraz aparkatu eta horren arabera (aparkalekuen tarifa-kostua kalkulatu eta horren arabera antolatzen ditu), eta kontuan hartzen ditu halaber hala ohiko tarifak nola Sanferminetarako onesten diren ezohikoak. Informazioa era automatikoan biltzen da bi minututik behin, udal-ordenagailu edo zerbitzari baten bitartez. Abenduan, aplikazioa eguneratu eta prestazio berriak txertatu zitzaizkion, hala nola geokokapenari buruzko informazioa eta bizikletak eta motoak azalean aparkatzeko disuasio-aparkalekuen edukiera, edo sms sistemak alta hartzeko aukera, dela udal-garabiak ibilgailua eramaten badu, dela ibai-inguruko bazterretan uholde-arriskua badago, beste hobekuntza batzuen artean.
Iruñeko Udalak hainbat profil ditu sare sozial nagusietan, udal-kudeaketa ezagutzera emateko beste tresna baten gisara. Horrez gain, badira berariazko profilak: turismoko, Iruña Atsegin Dut!, kulturako Iruñean... kultura etiketa, eta denetan zaharrena, Iruña Gazteari lotua. Facebooken, Twitterren eta ikusizko izaera berariazkoagoa duten beste sare batzuetan jarduteak, Instagram-en eta Tumblr-en adibidez, herritarrekiko komunikazio-bide berriak ireki ditu, eta haien bidez Iruñeari buruzko kultura- eta turismo-jarduerak, udal-baliabideak eta argibidea sustatzen baitira bertan. Era berean, Udalaren beste programa eta zerbitzu batzuek ere sare sozialetan dihardute. Adibidez, Facebooken honako profil hauek daude: Sanferminak, Milagrosak zurekin ekin, Konpromisoa klima-aldaketari aurre egiteko edo Enpresak Sustatzeko Zerbitzua; Twitterren, berriz, 010 edo Iruña Smart City; Flickr-en, Iruña Gaztea edo Youtubeko kanal bat Udalaren bideoak zabaltzeko.
Sanferminetako kartela
Elixabete Bordonaba arkitekto iruindarrak Sanferminetako Kartelen Nazioarteko Lehiaketa irabazi zuen Canan lanarekin. 2013ko Sanferminak iragarri zituen kartelak Iruñeko plano bat zuen oinarri, eta goiko aldean zezen baten irudia ageri da. Beste urte batez ere, eta jada sei aldiz egin da, Udalak zortzi finalista aukeratu zituen aurkezturiko lanen artean, Iruñean erroldatuta dauden herritar guztiek herri-bozketaz irabazlea hauta zezaten.
Canan lanak irabazi zuen, botoen % 36 eskuratuta, apirilaren 10etik 29ra bitarte udal-webean, 010ean eta aurrez aurre Civivox zentroetan egindako bozketan. Guztira, 4.964 lagunek parte hartu zuten, eta zortzi finalistetako baten alde bozkatu zuten. Botoen % 79 (3.924) internet bidez eman ziren; % 5 (265) telefonoz, eta % 16 (775) Civivox zentroetan. Iaz, lehiaketara 451 kartel aurkeztu ziren. 178 Iruñekoak izan ziren (ia % 40) eta 92, Nafarroako beste herri batzuetakoak; beraz, Foru Komunitatearen partaidetzak ia % 60 jo zuen 2013an. 174 lan Espainiako probintzietatik iritsi ziren, hala nola Gipuzkoatik (26), Madrildik (21), Bartzelonatik (20), Bizkaitik (16), Arabatik (8), Valentziatik (8), Alacantetik (7) eta Errioxatik (7). 7 kartel Espainiaz kanpotik iritsi ziren: bina AEBetik eta Frantziatik, eta bana Andorra, Polonia eta Portugaletik.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Emandako botoak | 9.782 | 8.633 | 8.227 | 6.422 | 4.964 |
Udal egutegia
Bosgarren urez jarraian, Iruñeko Udalak argazki-lehiaketa deitu zuen, euskarri digitalean, 2014. urteko udal-egutegia osatze aldera. Epe bakarra ezarri zen irudiak webaren bidez bidaltzeko, www.pamplona.es, ekainaren 15etik urriaren 15era. Guztira, 104 egileren 853 argazki jaso ziren.
Urtarrileko argazkia Antonio Sorbet Alzatek egin zuen eta Alde Zaharreko irudi bat da, teilatuak eta mendiak elurrez estalita daudela, Iratxeko monasterioaren kaleko eraikin batetik aterata. Otsaila Mendillorri auzoari eskaini zitzaion. Argazki-egilea Roberto Carro Ramos izan zen, eta irudian eraikinen eta hurbileko mendien ikuspegi bat ageri da. Martxoko irudia San Zernin elizako dorre argituentzat izan zen. Alfonso Segura López de Dicastillok ilunabarrean hartu zuen eta lehen planoan San Joan apaizgaitegi zaharreko dorrearen eta zuhaitz baten itzalak ageri dira. Urteko laugarren hilean, apirilean, Foruen plazako argazki bat ageri zen, Óscar Berrueta Suberviolak egina; jarlekuak, soropila eta lurzoruko galtzada-harria dira protagonista. Berrueta ere ekaineko irudiaren egilea izan zen, Iruñeko Labrit pilotalekuaren barreneko argazki bat. Maiatzak hiriko beste auzo batera egin zuen jauzi, Txantreara, eta bertako etxe baxuen ikuspegi orokor bat ageri da ilunabarrean. Argazkia Asunción Blanco Jiménez de Bentrosak egina da.
Uztaileko irudian Redín kaleko leiho bat ageri da, espartin zuri-gorriak zintzilik daudela. José Luis Zubiri izan zen egilea. Horixe da, hain zuzen ere, lehiaketa irabazi zuen irudia, egutegiko onena zela ebatzi baitzen, eta egileari 1.000 euroko saria eman zitzaion. Abuztuan, Adriana Unzuék San Zerningo dorrearen ikuspegi bat eskaini zigun Udaletxe plazatik ikusita; bertan ere Seminario Etxea eta San Saturnino kaleko eraikinak ageri dira. Iraileko irudian, berriz, Taconera kaleko Portale Berria agertu zen, ilunabarrean Ander Barreirok hartua. Urriak udazkeneko irudi bat ekarri zigun; Runa parkea ageri da, Arropa-garbitzaileen Zaldutik ateratakoa. Egilea José Luis Manrique da. Azarorako, Daniel Andiónen argazki irabazleak Emilio Arrieta kalea erakutsi zuen, Media Luna parketik hurbil. Eta, udal-egutegia bukatzeko, Manuel Matuteren argazkian Casino Iruñako barnealdea ageri da, leihateetatik Gazteluko plaza ikusten dela.
Iruñeko Udalak egutegiaren 15.000 ale argitaratu zituen gaztelaniaz eta euskaraz, eta herritarrei doan banatu zien. Nobedade gisara, toki gehiagotan banatu zitzaizkion egutegiak jendeari. Udaletxeari eta Civivox Condestable zentroari, Gaztediaren Etxea eta beste sei Civivox zentroak erantsi zitzaizkien (Mendillorri, Juslarrocha, Sanduzelai, Zabalgunea, Iturrama eta Milagrosa). Egutegiak abenduaren 26tik 28ra banatu ziren.
| Urtea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Jasotako argazkiak | 1.737 | 2.015 | 1.982 | 965 | 853 |
2013ko udal-egutegiaren irudiak
- Urtarrila: Iratxeko monasterioaren kaleko eraikin bateko terrazatik (Alde Zaharraren ikuspegia). Antonio Sorbet Alzate
- Otsaila: Mendillorri. Roberto Carro Ramos
- Martxoa: Maiatzaren Bia kaletik (San Joan apaizgaitegi zaharreko dorrearen eta San Zerningo dorreen ikuspegia). Alfonso Segura López de Dicastillo
- Apirila: Foruen plaza. Óscar Berrueta Suberviola
- Maiatza: Txantreatik. Asunción Blanco Jiménez de Bentrosa
- Ekaina: Labrit pilotalekua. Óscar Berrueta Suberviola
- Uztaila: Redín kalea. José Luis Zubiri Munárriz
- Abuztua: Udaletxe plaza. Adriana Unzué Guruchaga
- Iraila: Taconera kalea (Portale Berria). Ander Barreiro Pyarbide
- Urria: Runa. José Luis Manrique Rubio
- Azaroa: Emilio Arrieta kalea. Daniel Andión Espinal
- Abendua: Gazteluko plaza Casinotik. Manuel Matute Royo
