Kirola
Udal programak
Iruñeko Udalak, urtero, jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak egiteko programa bat eskaintzen du: besteak beste, helduendako mantentze-gimnasia eta aerobica, eta 50 urtetik gorakoendako yoga. Jarduerak ikasturte osoan egiten dira, urritik maiatzera bitarte, hainbat barrutitan egin ere, hala nola hiriko kiroldegietan, Cicivox zentroetan, ikastetxeetan, gimnasioetan eta kirolguneetan. Ikasturtean, 1.512 lagunek parte hartu zuten mantentze-gimnasia eta aerobica egiteko programan; 50 urtetik gorako 734 lagunek, bestalde, yoga-saioetan. Igeriketa-ikastaroak Nafarroako Igeriketa Federazioaren mendean daude, eta 65 urtetik gorakoendako jarduera fisikoa, berriz, ANEFIDEren mendean. Udalak, deialdi ezberdinen bidez, ikastaroei diru-laguntza ematen die.
Udalak futbol-ligak antolatzen ditu haur eta gazte mailetan, Udalarteko Kirola kanpainaren baitan. 2013an, guztira, 82 talde aritu ziren lehian; 66, haur-mailan, 8 urtetik 11ra bitarte, eta 16, gazte-mailan, 16 urtetik 25era bitarte. Guztira, txapelketa horietan, 820 parte-hartzaile inguru aritu ziren.
Beste urte batez, Udalak Arga bizirik programa abiatu zuen, ibaia kanoaz jaisteko eta piraguismoan ikasteko. Kanpainaren hogeita hirugarren edizioak gauza berri bat ekarri zuen, piraguismo-ikastaroak programak iraun bitartean egin baitziren eta, ez bakarrik udazkenean, orain arte bezala. Ibilbideak bi lagunendako kanoetan egiten dira Larraintzar parketik Arraun Kluberaino, Zamargileen zubiaren ondoan, Arrotxapean. Bestalde, piraguismoan hasteko ikastaro teorikoak nahiz praktikoak eskaintzen dira, kirol-teknika horren oinarrizko ezagutzak eskuratzeko. Jardueran, 1.168 lagunek parte hartu zuten.
Laguntza eta diru-laguntzak
Iruñeko Udalak kirolari lotutako lau laguntza-deialdi egin zituen 2013an. Lehen aldiz, kirol-eskolak antolatzen dituzten entitateei 2012-2013ko denboraldian diru-laguntza emateko deialdi bat atera zuen. Udalak 189.150 euro banatu zuen hamabost federazio eta kirol-klub hauen artean: Oberena Elkartea, Nafarroako Pilota Federazioa, Nafarroako Saskibaloi Federazioa, Nafarroako Xake Federazioa, Nafarroako Kirol Egokituen Federazioa, Nafarroako Eskubaloi Federazioa, Nafarroako Mahai Teniseko Federazioa, Nafarroako Igeriketa Federazioa, Nafarroako Beisbol Federazioa, Nafarroako Piraguismo Federazioa, Nafarroako Patinaje Federazioa, Nafarroako Errugbi Federazioa, C.A:D. Ederki, Nafarroako Txirrindularitza Federazioa eta Nafarroako Padel Federazioa.
Deialdi hori aurreko urteetan sinatzen zen hitzarmen izendunen ordezkoa da. Diru-laguntza emanen bada, kirol-federazioek edo -klubek 6 eta 14 urte artekoendako haur-eskolak antolatu behar dituzte, jarduera Iruñean egin, edota izena emandako gehienek hiriburuan erroldatuta egon behar dute; jarduerak, halaber, Nafarroako Kirolari buruzko Foru Legearen printzipio eta lehentasunekin bat etorri behar du. Eskolek guztiendako zabalik egon behar dute, baldintza berberetan, eta kuotek gehienez 45 eurokoak izan behar dute (salbu Nafarroako Kirol Egokituen Federazioaren kasuan).
Beste urte batez ere kirol afizionatuarendako udal-laguntzetarako deialdia egin zen, eta dirua 34 entitatek jaso zuten. Deialdiak 138.000 euro banatu zituen hiriko kirol-elkarte, elkarte, klub eta irabazi-asmorik gabeko bestelako entitateen artean, kirol lehiaketako jarduerak edo kirola sustatzekoak egiteko, instalazioak alokatzeko, bai eta sektore faseetarako zein final nazionaletarako sailkatzeagatik ere. Diru-laguntzaren % 87 banatzen da nazioko maila absolutuetan ari den talde bakoitzeko ematen den puntuazioen arabera; % 7,2 instalazioen alokairuari lotuta dago, eta % 5,8 sektore faseetarako edo final nazionaletarako sailkatzearen pean dago. Club Natación Pamplona (13.546 euro), Oberena (13.199 euro) Donibane Kirol Elkartea (11.673 euro) eta Anaitasuna (11.177 euro) entitateek jaso zuten diru gehien.
Ohiko beste deialdi bat da lehen hiru kategoria absolutuetako liga nazional ofizial arruntetan aritu ziren kirol-taldeentzat. 2013an, 436.000 euroz horniturik zegoen, eta 18 kirol-modalitate ezberdinetako 44 talderen artean banatu zen. Kontu-sail horren guztizko zenbatekotik, 180.000 euro baliatu ziren maila nazional gorenean 700.000tik gorako aurrekontuarekin ari diren taldeei emateko, eta gainerakoa, 256.000 euro, gainerako taldeen artean banatzeko. Anaitasuna KKAEk (90.000 euro), Club Deportivo Xota FS Klubak (90.000 euro) eta Basket Nabarra Clubak (35.070,79 euro) jaso zuten diru-laguntzarik handiena.
Laugarren laguntza-deialdia da 2012/13ko denboraldian kirol-emanaldi, -ikuskizun eta bestelako kirol-jarduerak edo jarduera fisikoak antolatu zituzten entitateentzat. 355.940 euroak 35 entitateren artean banatu ziren, 50 kirol-jarduera eta -ikuskizun egiteko, besteak beste, igeriketa-ikastaroak eta squash-, karate-, gimnasia-, eskalada, arrantza- eta arku-tiroko txapelketak. Honako kirol-emanaldi hauek eskuratu zuten diru-laguntzarik handiena: igeriketako eskola-kanpaina (131.000 euro), Nafarroako Igeriketa Federazioak antolatua; helduendako gimnasia (53.218 euro), ANEFIDEk antolatua; helduendako igeriketa-kanpaina (27.850 euro), Nafarroako Igeriketa Federazioak antolatua; eta Boscos futbol-trofeoa (24.000 euro), Trofeo Boscos-ek antolatua.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Kirol afizionatua | 173.000 | 73.000 | 173.000 | 138.400 | 138.000 |
| Lehen hiru kategoria nazionaletako ligetan ari diren taldeak | 370.000 | 70.000 | 370.000 | 536.000 | 436.000 |
| Kirol-emanaldi -ikuskizun eta -jarduerak | 196.000 | 16.000 | 216.000 | 396.244 | 355.940 |
| Kirol-eskolak | - | - | - | - | 189.150 |
Hitzarmenak
2013an, Iruñeko Udalak lau hitzarmen sinatu zituen beste hainbat entitaterekin, kirola sustatzeko. Udalak, zehazki, akordioak egin zituen Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioarekin pilota garatze aldera; Miguel Induráin Fundazioarekin, Iruñeko maila goreneko kirolarien prestaketa hobetzeko bekak emate aldera; Osasuna eta Club Deportivo Xotarekin, hurrenez hurren oinarrizko futbola eta areto-futbola sustatze aldera. Guztira, lau hitzarmenen zenbatekoak 249.400 jo zuen.
| Hitzarmenak | Zenbatekoak (eurotan) |
|---|---|
| Osasuna Fundazioa | 170.000 |
| Miguel Induráin Fundazioa | 30.400 |
| Club Deportivo Xota Federazioa | 25.000 |
| Euskal Pilotaren Nazioarteko Federazioa | 24.000 |
Kirol- instalazioak
Iruñeko Udalak herritar guztien eskura jartzen ditu Arantzadiko Kirolgunea, Sanduzelaiko Kirol Hiria (Aquavox), Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, Ezkaba, José Mª Iribárren, Arrotxapea eta Sanduzelaiko udal-kiroldegiak, Mendillorriko kiroldegiko trinketa, bai eta Arantzadiko instalazioetakoa ere. Udalak beste kirol-instalazio batzuk ere baditu, hala nola Lezkairuko zalduko, Sanduzelaiko eta Arrotxapeko futbol-zelaiak, eta hiriko auzoetan sakabanatuta dauden aire zabaleko eta erabilera irekiko instalazio ugariak.
2013an, Arantzadiko Kirolgunean eta Sanduzelaiko Kirol Hirian, 79.296 sarrera saldu ziren. Era berean, urte osorako 1.262 abonamendu saldu ziren, eta 1.798 udarako. Instalazioek, halaber, bestelako erabilera-modalitateak eskaintzen dituzte, 30, 90 edo 180 eguneko abonamenduen bidez, erabiltzaileen eskarira moldatze aldera. 30 eguneko 2.394 abonamendu saldu ziren, 90 eguneko 327, eta 180 eguneko 297. Arantzadin, Udalak padel-pistetako zola konpondu zuen, iaz izandako uholdeek kaltetua baitzegoen. Pista konpontzeak 9.515,44 euroko kostua eragin zuen, BEZa barne. Arantzadi Kirol Hiriak bi padel-pista estali ditu, biak ere 2011ko urtarrilean inauguratuak; pista horiek kanpoaldeko kiroldegi-pista zaharrak hartzen zuen esparruaren zatirik handiena hartu dute. Pista bikoitz kristaldu bat da, 2 x 20 x 10 metrokoa. Tartean, korridore bat dauka, pistetan sartzeko eta bi pistak bereizteko.
Iruñeko Udalaren bederatzi kiroldegiek % 63,20ko okupazioa izan zuten batez beste 2013-2014ko denboraldian, eta erabiltzaileak hiriko klub, ikastetxe, eta elkarteak izan ziren. Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, José María Iribarren, Arrotxapea, Sanduzelai eta Mendillorriko kiroldegiak, gehi Arantzadiko Kirolguneko pista estaliak, astero 797,5 orduz daude zabalik jendearentzat. Udal-esparru horiek, 2013an, aurreko ikasturtearen antzeko erabilera izan zuten, noiz eta aurrez erreserbatutako erabilera, batez beste, % 63,14ra iritsi zenean. Zehazki, Azpilagañan, Ermitagañan, Ezkaban, José María Iribarrenen, Sanduzelain eta Arantzadin jo zuen gora okupazio-ehunekoak. Libre gelditzen diren 288,20 orduak banako erabiltzaileek aloka ditzakete ikasturtean zehar, edota kirola aisia gisa egiten duten taldeek edo federaziokoak ez diren ligetan ari direnek. Banako erabilerak guztien % 20 izan ziren, eta guztizko okupazioak % 80 jo zuen.
Joan den ikasturtean, kiroldegietan 16 ikastetxe aritu ziren, gorputz heziketa irakasgaia eta eskolaz kanpoko kirol-jarduerak egiten. Horretaz gain, honako hauek hartu zituzten: Nafarroako Kirol Jokoak, Nafarroako Kirol Egokituen Federazioko kirol-eskolak, Milagrosako Lantegi Profesionala, Elkarkide lanerako ikastegia, 11 kirol-kluben federazio-liga ofizialetako entrenamenduak eta partidak, 10 pertsona juridiko edo fisikoren areto-futboleko partidak, eta federaziokoak ez diren ligetan jardun duten areto-futboleko 7 talderen entrenamenduak eta partidak. Gainera, mantentze-gimnasiako eta aerobiceko udal-programetan ari direnek ere erabiltzen dituzte kiroldegiak, bai eta yogan eta kirol-eskoletan ari direnek ere.
2013an, Udalak Ermitagañako kiroldegiko zoladura berritu eta instalazioak eraberritu zituen; inbertsioak 100.000 euro inguru jo zuen. Horrela, kirol-pistan kautxuzko zoladura sintetiko berria paratu, instalazioen barnealdea margotu, eta argi naturala sabaitik sartzea ahalbidetzen duten sabai-leihoak aldatu eta iragazgaiztu ziren.
Urte bukaeran, Udalak administrazio-klausulen agiria eta agindu teknikoak onetsi zituen, Labrit pilotalekuaren kudeaketa eta ustiapena kontratatzeko. Kontratuaren xedean sarturik daude, baita ere, zerbitzu osagarri erantsiak zein laguntzazkoak, makineria eta instalazioak, eta era berean, garbiketa, mantentze-lanak, kontserbazioa eta ondasunen, ekipamenduen eta eskubideen zaintza eta segurtasuna. Kontratuaren indarraldia 2015eko abenduaren 31ra bitartekoa da, eta badago kontratua lau aldiz urtebeterako luzatzeko aukera. Kontraturako prezioa gehienez, hasierako aldirako, 557.938,27 euro da (BEZa barne), izan litezkeen luzapenak kontuan hartu gabe. Urtean barna, Labriten kirol-eskoletako jarduerak egin ziren (100 parte-hartzaile ingururekin), nafar selekzioetako partidak eta txapelketak, nafar txapelketak, herriarteko txapelketa, nazioarteko txapelketak eta pilota-partida profesionalak.
Lezkairuko, Sanduzelaiko eta Arrotxapeko futbol-zelaietan, hainbat maila eta lehiaketatako 61 talderen partidak jokatu ziren urtean zehar; guztira, 915 norgehiagoka izan ziren.
Gainera, Udalak Etxabakoizko kirol-pista moldatu zuen. Elortz ibaiaren parkearen ondoan kokatua dago, Urdánoz Multzoan; zoladura berritu, eta ateak eta saskiak jartzeaz gain, argiztapen berria ere paratu zen. Goi-dentsitateko erretxina akrilikoz egindako estaldura bat ezarri zuen, horrelako kirol-esparruak egokiro erabiltzea bermatzen duena. Era berean, eskubaloi-, areto-futboleko eta saskibaloi- zelaietako marrak margotu ziren. Tratamendu hori egungo hormigoizko zolata gainean aplikatuko da, eta aurrez, zolata behar bezala tratatuko da.
Kirol-ekitaldiak
2013an, Iruñeko Udalak antolatutako edo lagundutako kirol-hitzordu, -ekitaldi eta -jarduera ugariz beteta egon zen. Atal honetan, haietako batzuk nabarmendu dira, berriak izateagatik, esanguratsuak izateagatik, oinarrizko kirola sustatzeagatik edo parte-hartze handia eragiteagatik. Maiatzean, Iruñeko Lasterketa Zikloturistaren bigarren edizioa egin zen, eta bi ibilbide izan zituen: bat, 178 km-koa eta zortzi mendate izan zituena, eta beste bat, 100 km ingurukoa, ez horren gogorra, baina hala ere hiru mendate izan zituena. Lasterketaren inguruan, kirolari buruzko hitzaldiak antolatu ziren, bai eta zozketak ere.
Ekainean, kirol-eskalada kalera atera zen. Horrela, Antoniuttin Nafarroako II. Bloke Koparen eta Iruñeko I. Eskalada Openaren azken proba jokatu zen. Adin guztietako 50 eskalatzaile baino gehiago aritu ziren. Lehiaketa horrek, aldi berean, eskalada ezagutzera emateko balio du. Horretarako, zortzi aldeko bloke-eskaladarako egitura bat jarri zen pistetan. Alde horietako bakoitza 2,5 metro zabal zen oinarrian.
Iruñeak bat egin zuen ekainean Olinpismoaren Mundu Egunarekin. Horren karira, hiriak bere bermea adierazi zion Madrilek 2020an Olinpiar Jokoen egoitza izateko aurkeztutako hautagaitzari. . Bost kilometroko lasterketa ez lehiakorra egin zen, eta bukatzeko, Udaletxe plazan, parte-hartzaileek uztai olinpikoak irudikatzeko mosaiko bat osatu zuten.
Hogeiren bat lasterkarik I Iruña - Bilbo Zeharkaldian parte hartu zuten irailean; zeharkaldi hori ultra rail lasterketa ez lehiakorra da eta bi hiriak lotu nahi ditu. Afizionatuen arteko apustu baten gisara jaio zena egun, Nafarroa Kirol Elkartea eta Club Dedortivo Bilbao kluba ditu antolatzaile, eta Iruñeko eta Bilboko Udalak, sustatzaile. Guztira, 178 kilometro dira mendiko bidezidorren bidez. Desnibela 6.570 metrokoa da eta lasterketa gehienez 30 orduan egin behar da.
Urrian, Harresietako I. Lasterketa egin zen, eta milatik gora lagunek laster egin zuten. Bi distantzia egin daitezke: 10 kilometroko ibilbidea edo maratoi erdia (21 km). Lasterketa gauez egiten da, hiriko ondare harresituan barna.
Urteari bukaera emateko, oinarrizko kirolaren jardunaldia egin zen abenduan, Etxabakoitzen, honako kirol-jarduera hauen inguruan: saskibaloia, padela, beisbola, mahai-tenisa, atletismoa eta esgrima; hartzaileak 6 eta 16 urte arteko adingabeak izan ziren. Udala eta kirol-federazioak elkarrekin aritu ziren lankidetzan ekimen horretan, eta bigarren urtez jarraian, atera zituzten kalera kirol horiek, probak, lehiaketak eta jokoak, parte-hartzaileen gozamenerako, eta kirola adingabeengana hurbiltzen saiatzeko
