Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Gazteria

Gaztediaren Etxea

2013an, Gaztediaren Etxearen zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratazio berrirako espedientea garatu zen.  Tokiko Gobernu Batzarrak 2013ko abenduaren 12an emandako Ebazpenaren bitartez, aipatu kontratazioa SEDENA SLri esleitu zitzaion eta, kontratua 2013ko abenduaren 31n administrazio-dokumentuan formalizatu eta gero, 2014ko urtarrilaren 1ean hasi zen zerbitzuak ematen.  Hamalau lagunek osatzen dute Gaztediaren Etxea kudeatzeko taldea.

DOCOMOMO Ibérico Fundazioak Gaztediaren Etxea dagoen eraikina saritu zuen, XX. mendeko arkitekturari egindako ekarpenarengatik.  Kanpoaldeko informazio-plaka batek jakitera ematen digu Estanislao de la Quadra-Salcedok 1966an egin zuen eraikinaren garrantzi arkitektonikoa.  Zangoza kaleko 30ean kokatua, 1966koa da, eta Espainian eraikitako lehena izan zen berariaz Gaztediaren Etxe gisara erabiltzeko, Frantzian gazteendako abian jartzen ari ziren zentroen ereduei jarraikiz.

- Gazteendako Informazio Bulegoa

Gazteendako Informazio Bulegoa doako zerbitzu publiko bat da, informazioa Iruñeko gazteen lanabes erabilgarria izan dadin lortze aldera. Nafarroako Gobernuko Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Gazteendako Informazio Gune eta Bulegoen Erregistroan inskribatua dago eta 1992ko martxoan jarri zen abian. 2013an, 6.057 lagunek erabili zituzten Gazteendako Informazio Bulegoko zerbitzuak. Adin-tarteen arabera, gehienak 19 eta 25 urte arteko gazteak izan ziren (% 29), eta gutxienak, 15 urtetik beherakoak.   Neskek kontsulta guztien % 59 egin zituzten; mutilek, berriz, kontsulten % 41.  

- Gazteendako Informazio Bulegoaren beste zerbitzu batzuk

  • Aholkularitza Espezializatuko Zerbitzuak

Gaztediaren Etxeko Aholkularitza Espezializatuko Zerbitzua Iruñeko Udalak sortutako baliabide bat da 14tik 30 urtera bitarteko gazteei arlo jakin batzuetan harrera profesionala, konfidentziala eta doakoa eskaintzeko. Aholkularitza horietako bakoitzak hamar harrera-ordu eskaintzen ditu astean eta, horrez gain, bi ordu erabiltzen dituzte barne-kudeaketan eta antzeko lana egiten duten beste entitateekiko harremanetan (Abokatu Elkargo, Psikologo Elkargo eta abarrekin).  Aholkularitzen jardueraren osagarri, aholkularitza bakoitzari berariaz dagozkion arloekin zerikusia duten artikuluak lantzen dira aldian behin eta www.pamplonajoven.es webgunean jartzen dira ikusgai, eta era berean, beren eskumeneko gaiei buruzko hitzaldiak prestatu eta antolatzen dituzte, guztiak ere gazteei zuzenduta.

Psikologia-aholkularitza

Aholkularitza honen funtsezko helburua da osasun psikosoziala sustatzea, eta bereziki, psikologiarekin lotuta dauden kontsultez arduratzea. 2013an, 279 eskari jaso ziren.  Eskaririk gehienak Buruko Osasunari buruzkoak izan ziren (% 46), eta ondotik, harreman pertsonalei buruzkoak (% 42); gainerako eskarien ehunekoa % 4 eta % 1 artean egon zen. Sexuen araberako ehunekoari dagokionez, artatutako gazteen % 66 emakumeak izan ziren, eta % 34, gizonak. Zerbitzuaren erabiltzailearen profila hauxe da: emakumezkoa, 9 eta 30 urte artekoa, Iruñekoa, eta Bigarren Hezkuntzako ikasketak eginak dituena edo Unibertsitatean ari dena, eta aholkularitza horretara jotzen duena buruko osasunari edo harreman pertsonalei lotutako gaiez galdetzeko. 

Lege Aholkularitza

Aholkularitza honen funtsezko helburua da gazteei informazioa ematea Zuzenbidearekin zerikusia duen edozein gaiz, haien interesekoen artean. Horrela, informazioa eskuratzen ahal dute gazte-asoziazionismoaz edo lehen etxebizitza eskuratzeaz; gazteen lan profesionalaz edo lan-bizitzaz; genero-indarkeriaz edota edonolako jazarpenaz; familiaz eta izatezko bikoteez; teknologia berriez; trafiko-zehapenez; kontsumo-arloko arau-hausteez, etab. Aholkularitza honetan, Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ikasleak aritzen dira, praktiketan aritu ere, bai eta Fakultate horrek eskainitako graduondoko ikastaroren batean matrikulaturik dauden ikasleak ere, 1992tik hona SEDENA SL enpresak (Gaztediaren Etxeko kudeatzailea) Nafarroako Unibertsitatea-Enpresa Fundazioarekin egina duen lankidetza-hitzarmenari esker. Iruñeko Udalak eta Nafarroako Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateak oniritzia eman diote hitzarmenari. 

2013an, guztira 428 kontsultari erantzun zitzaien.  Kontsulten % 51 unibertsitatean ikasten ari diren pertsonek egin zituzten, eta % 25, Bigarren Hezkuntzako ikasketak zituztenek, eta % 24, Lanbide Heziketako ikasketak zituztenek. Artatutako gazteen % 53 emakumeak izan ziren, eta % 47, gizonak.

Aholkularitza, Irtenbide Profesionalak, Aisia eta Denbora Librea.

Zerbitzuak, iaz, 272 eskari jaso zituen.  Hona hemen kontsulta-gaiak:  121 hezkuntzari buruz (% 44), 47 bidaiei buruz (% 17), 32 aisiari buruz (% 12), 24 irtenbide profesionalei buruz (% 9) eta 48 curriculumari buruz (% 18).

  • Argibide Klubak

Iruñeko Udalak sustaturiko ekimena da, eta haren bidez gai batzuei buruzko posta elektronikoak bidaltzen dira informazioa emateko.  Gazteek izena emateko orria betetzean adierazten dute zer gairi buruz jaso nahi dituzten argibideak proposatzen zaien gai-zerrenda batetik; zerrendan item hauek ageri dira: Etxebizitza, Enplegua, Gaztediaren Etxeko Jarduerak, Iruña Gaztea Udal Jarduerak, Ikastaroak eta jardunaldiak, Bekak, Sariak, Ekitaldi Agenda, Boluntariotza eta Gazte Aldizkaria. Guztira, 110.434 mezu bidali ziren, 62 txandatan bidali ere.

  • Bidaiategia

251 lagunek jo zuten bidaiatzeko informazio erabilgarria ematen duen zerbitzu horretara.  Kontsulten % 65ek Espainiako helmugei buruzko informazioarekin izan zuten zerikusia.  Halaber, kontsulten % 16k ingelesez mintzo diren herrialdeekin (Erresuma Batua eta Irlanda, gehienbat) izan zuten zerikusia.  Gainerako bidaia-helmugek eskarien % 19 egin zuten.   Eskatzen den informazio gehien-gehiena turismo arlokoa da, eta maiz lan arloko informazioa ere bai. 2008tik hona, zerbitzuak aukera ematen du erabiltzaileek Bidaiategiko funtsak mailegutan har ditzaten beren bidaietan erabiltzeko.  Hori horrela, 29 gaztek hartu zuten materiala beren bidaietarako.

  • Boluntarioendako Argibide Bulegoa

2012tik aurrera, Argibide Bulegoaren barruan txertatzearen ondorioz, protokolo berri bat ezarri zen, zerbitzu hau kudeatzeko: deskribapen-fitxa bat bidaltzen zaie aldian behin Iruñeko boluntario-entitateei, behar dituzten boluntarioen berri eman dezaten. Fitxak berariaz horretarako sortu den helbide batera bidaltzen dira (voluntariado@casajuventud.com), entitate eskatzaileak egoki ikusten duen informazioarekin batera. Behin fitxa eta informazio osagarria jasota, den-dena berehalakoan sartzen da Gaztediaren Etxeko Gazteendako Informazio Bulegoaren informazioaren datu-basean. 

Une horretatik aurrera, eskariak zabaltzeko prozesua hasten da: eskariak Etxeko iragarki-oholean jartzen dira ikusgai, haietan interesatuta dagoen orok informazio eska dezan. Eskari guztiak, gainera, buletin elektroniko batean biltzen dira, eta buletina hamabostean behin helarazten zaie informazioa zabaltzeko gure sisteman (Argibide Klubak) izena emandako guztiei. Gaur egun, 1.685 lagun daude izen emanik aipatu klubetan, eta boluntariotza-eskaintzei buruzko informazioa bidaltzeko eskatzen dute.  Erabiltzaileek, urte osoan, 828 informazio-eskari egin zituzten aurrez aurre.

-Aretoak lagatzeko zerbitzua

Zerbitzu horren bidez, edozein gaztek edo gazte taldek du aukera Gaztediaren Etxeko aretoak eta egoitzak doan erabiltzeko. Aretoak Lagatzeko Zerbitzuak hiru faktore erabakigarri hartzen ditu kontuan Gaztediaren Etxeko erabilera publikoko esparruak laga eta banatzerakoan: garatu beharreko jarduera mota, parte-hartzaileen kopurua eta jardueraren iraupena. Eskatzaileek hiru gauza horiek adierazi beharko dituzte kasuan kasuko eskaria tramitatzerakoan.  2013an, guztira, 45.968 erabiltzaile izan ziren. 

Erabiltzaile iraunkorrek (banakoak edo taldeak) Gaztediaren Etxean modu erregularrean eta jarraian egiten dituzte jarduerak.  Hona hemen erabiltzaile iraunkorren sailkapena, jardueren arabera: antzerkia eta dantza, mahai-jokoak, arte plastikoak, tertulia, musika (pop-rock taldeak, rap eta DJ taldeak), musika klasikoa eta jazza, eta banako interpreteak), eta beste jarduera batzuk.  Erabiltzaile guztien %  73 iraunkorrak izan ziren (33.730).

Unean uneko erabiltzaileek, berriz, unean-unean erabiltzen dituzte aretoak, egun eta ordu zehatzetan eta jarraitutasunik gabe, eta gehienez ere hilabetez.  Hona hemen aretoak unean-unean erabiltzea eskatzen duten banako eta taldeen jarduera nagusiak: aisia eta denbora librea, musika, antzerkia, dantza, bilerak eta bestelakoak (prentsaurrekoak, hitzaldiak, gazte-elkarteen jardueren aurkezpena, etab.). 2013an, Gaztediaren Etxean unean uneko 12.237 erabiltzaile izan ziren, eta aretoak 4.181 orduz erabili zituzten. 

Gaztediaren Etxeak, halaber, Ikasketa Gela izeneko zerbitzua eskaintzen du, gazte ikasleen eskura ikasketarako esparru bat jartzeko eta instalazioak goizeko ordutegian ahalik eta gehien erabiltzeko. 24 ikasketa-postu ditu eta wifi-estaldura ere badu. 641 lagunek erabili zuten zerbitzu hori. 

- Ekitaldiak Programatzeko Zerbitzua

Gaztediaren Etxea gizarte- eta kultura-ekitaldiak antolatzen saiatzen da, gazteak dinamizatzeko, eta Iruñean bide emateko arte-, kultura- eta gizarte-kezkei eta adierazpenei.  Azken finean, xedea da Etxea izan dadila bertara joaten den gazte ororen zentroa, bertan parte-hartzea, asoziazionismoa, informazioa eta garapena bideratzeko.

  • Ikastaroak

2013an, 78 ikastaro antolatu ziren, eta 1.334 lagunek eman zuten izena.  Ikastaro horiek 12 eta 50 ordu artekoak dira, eta gehienez 20 lagunek parte har dezakete ikastaroko, salbu sukaldaritza-ikastaroetan (gehienez, 16).  Ikastaroen matrikula-prezioa iraupenaren (ordu kopurua) eta parte-hartzaileen adinaren araberakoa da: 0,86 €/orduko 18 urtetik beherakoentzat, eta 1,06 €/orduko 18 urtetik gorakoentzat. Sukaldaritza-ikastaroek errekargu bat izaten dute, gainerakoen aldean, bestelako materiala ere behar delako: 1,56 €/orduko 18 urtetik beherakoentzat, eta 1,84 €/orduko 18 urtetik gorakoentzat.

  • Informatika-lantegi irekiak

2007az geroztik, Gaztediaren Etxeak doako lantegiak antolatzen ditu, informatikarekin lotutako gai askotarikoak eta berariazkoak lantzeko. 2 eta 4 orduko iraupena izaten dute.   2013an, 42 lantegi eman ziren Gaztediaren Etxeko instalazioetan, eta 644 lagunek parte hartu zuten.

  • Kultur ekitaldiak eta erakusketak

2013an, 26 kultur ekitaldi egin ziren.  1.909 lagunek parte hartu zuten. Jardueren artean, hainbat ziklo antolatu ziren, hala nola Mendiko Proiekzioen XVI. Zikloa  martxoan, Gazte Antzerkiaren VII. Zikloa apirilean edo  Gazteletra 2013 maiatz eta ekainean.

Iaz, Gaztediaren Etxean hainbat egile eta teknikatako 13 erakusketa jarri ziren ikusgai (argazkia, pintura, marrazkia eta ilustrazioa); guztira, 1.581 lagun bertaratu ziren.

  • Iruña Gaztea foroak

2013an, bi foro egin ziren, eta 1.006 lagunek parte hartu zuten.  Bi foro horien artean 24 jarduera egin ziren; besteak beste, hitzaldiak, lantegiak, film-emanaldiak...  Enpleguari eskainitako foroa Lanean jarriko zaitugu da eta 560 lagun mugiarazi zituen.  Zatoz Etxera Eguberrietan... Diario de Greg programaren Gabonetako ekitaldiek 446 gazte bildu zituzten.

  • Gazte taldeek eta elkarteek garaturiko jarduerak

Gaztediaren Etxeak, bestalde, instalazioak eskatzen dituzten eta udalaren on-ikusia jasotzen duten elkarte, talde, entitate edo gazteek egiten dituzten denetariko jarduerak koordinatu, kudeatu eta sustatzen ditu. Jarduera horiek ez daude ekitaldi-programazioaren barruan, baina Gaztediaren Etxeko taldeak haien garapena sustatu, gainbegiratu eta haien jarraipena egiten du.

2013an, atal horren barruan sartzeko moduko 55 jarduera egin ziren: 3 kontzertu; dantza-erakustaldi 1; 5 literatur ekitaldi; 12 antzezlan; 11 hitzaldi; 6 proiekzio; 3 lantegi; 4 aurkezpen; jendaurrean hitz egiteko klubaren 4 hitzordu; 2 ikastaro-bukaera; aisialdi-asteburu bat; inaugurazio-ekitaldi bat; ipuin-kontalari bat eta pintura-erakustaldi bat.   Jarduera horietan, guztira, 3.626 lagunek parte hartu zuten.

  • Beste jarduera batzuk

Gaztediaren Etxeko ohiko programazioa osatzen duten ekitaldiez eta gazte-elkarteek eta -taldeek garaturikoez gain, Iruñeko Udalak zuzenean sustaturiko beste jarduera batzuk ere egiten dira Gaztediaren Etxean.  Horrelako bi ekitaldi egin ziren, lantegi bat eta hitzaldi bat, biak ere berdintasunaren esparruan, eta 47 lagunek parte hartu zuten.

  • Literatur Ikasgela

Literatur Ikasgela 1992ko martxoaz geroztik biltzen da ostegunero eraikineko areto batean. 2011n, programa horren baitan, La tarde de libros izeneko irakurketa-taldea jarri zen abian, eta Nafarroako Liburutegien Sareak irakurketa-talde gisara aitortu du. Horri esker, eskura daude Sareak irakurketa-taldeei doan uzten dizkien liburu sortak; mailegu-epeak, gainera, oso malguak dira.  2013an, talde horrek 11 bilera egin zituen, eta, guztira, 110 lagunek parte hartu zuten.

Era berean, Gazteletra programaren laugarren edizioa egin zen.  Asmoa da urtean behin gazte-literaturari buruzko ekitaldi-ziklo bat antolatzea –eta horren baitan, topaketa bat egitea Nafarroaz kanpoko gazte sortzaileekin–, irakurketa-taldeak egitea, poesia-errezitaldiak, etab. Azken finean, asmoa da literaturan oinarrituriko programazio bat eskaintzea hiriko gazteei, gazteen artean literatura bera eta, oro har, irakurzaletasuna zabaltzeko.    Literatur Ikasgelan ari diren gazteen parte-hartzea sustatzen da programa prestatzeko, jarduerak proposa ditzaten, edo are gehiago, jarduera horietako bat zuzendu edo protagonizatu dezaten (Iruñean Behin aldizkariaren aurkezpena, esaterako). 

 - Argitalpenak eta hedapena

Una vez en Pamplona-Iruñean Behin aldizkariaren hogeita hamargarren zenbakia argitaratu zen.  Argitalpen honetan Gaztediaren Etxeko Literatur Ikasgelako kideen olerkiak eta narrazioak jasotzen dira. Jaso egiten dira, baita ere, Iruñeko Udalak antolatzen duen Iruñeko Gazteentzako Literatur Lehiaketako irabazleen lanak, poesia eta narrazioa modalitateetan, bai eta Iruñeko espetxean preso dauden gazte egileek egindakoak ere.  

Etxeko Orria hiruhilekoan behin plazaratzen da; beraz, lau eskuliburu argitaratzen dira: Negua... Gaztediaren Etxea, Udaberria... Gaztediaren Etxea, Uda... Gaztediaren Etxea, Udazkena... Gaztediaren Etxea. Mila bana ale plazaratzen dira.  Eskuliburua Gaztediaren Etxean banatzeaz gain, hiriko hainbat leku publikotan ere banatzen da (Civivox zentroak, Civican, Hizkuntza Eskola, etab.), bai eta Gazte Berriemaileen programan ari diren ikastetxe guztietan ere.  Gainera, instalazioetan egiten diren beste jarduera batzuen materiala (foiletoak eta kartelak) editatzen dira.

2010eko urritik aurrera, TFT monitore batean proiektatzen dira era jarraituan Gaztediaren Etxeak astero antolatzen dituen kontzertu, jarduera, errezitaldi, antzezlan eta erakusketei buruzko argibideak. Monitorea eraikineko atondoan dago jarria, eta edukiak astero eguneratzen dira.   Sistemak, gainera, jakinarazten du noiz irekitzen den epea ikastaroetan izena emateko eta gazteentzat interesekoak diren beste informazio batzuk ere bai. 

- Beste esparru eta zerbitzu batzuk

Gaztediaren Etxeak, halaber, kafetegi-zerbitzua eskaintzen du (wifia, mahai-jokoak, aldizkariak, argitalpenak, eta errei bat margolanak zintzilikatzeko eta erakusketa txikiak ikusgai jartzeko), bai eta ekitaldi-areto bat ere, programatzen diren ekitaldi gehienak egiteko (antzerkia, kontzertuak...).

Zibergela zerbitzuak interneten doan sartzeko aukera ematen du, hiriko gazteek teknologia berriak erabiltzen ikas dezaten eta haietan presta daitezen. 14 eta 30 urte bitarteko gazte guztiei zuzendua dago. Zerbitzu hori Interneterako sarbideaz harago doa.  Izan ere, ofimatika-programekin lanak egin daitezke, edo testuak, grafikoak eta irudiak zuri-beltzean nahiz koloretan inprimatu;  argazkiak, diapositibak, negatiboak eta abar eskaneatu daitezke... Gelak 29 ordenagailu ditu; horietatik, 28 erabiltzaileendako kontsulta-postuak dira, eta bat, teknikariaren ardurapeko zerbitzari bat.  Zerbitzuak 13.425 lagunek erabili zituzten, eta hil bakoitzean, bana beste, 1.119 erabiltzaile izan ziren.

Zenbat erabiltzaile guztira Gaztediaren Etxeko zerbitzuetan

INFORMAZIO ZERBITZUAK ERABILTZAILEAK
Gazteendako Informazio Bulegoa 6.056
Psikologia-aholkularitza 279
Aholkularitza Juridikoa 428
Ikasketa-aholkularitza 272
Bidaiategia 251
Boluntarioendako Argibide Bulegoa 828
GUZTIRA 8.114
ESPAZIO-LAGAPENAK ERABILTZAILEAK
Areto-lagapen iraunkorretarako eskaerak 33.730
Noizbehinkako areto-lagapenetarako eskaerak 12.237
Ikasketa-gela 641
GUZTIRA 46.608

PRESTAKUNTZA-PROGRAMAZIOA ERABILTZAILEAK
Ikastaroetako parte-hartzaileak 1.334
Informatika-lantegi irekiak 644
GUZTIRA 1.978
GIZARTE- ETA KULTURA-EKITALDIAK ERABILTZAILEAK
Kultur jarduerak 1.909
Erakusketak 1.581
Iruña Gaztea foroak 1.006
Gazte taldeen jarduerak 3.626
Beste jarduera batzuk 47
La tarde de libros irakurketa-taldea 110
GUZTIRA 8.279

ZIBERGELA ERABILTZAILEAK
Zibergela 13.425
WIFI erabiltzaileak 3.864
GUZTIRA 17.289

ZERBITZUAK, GUZTIRA 2013 82.268

Gazteendako programak

- Denbora librea

  • Udazkena Jokoan programa

Programa berri honen bidez eskaini nahi den jarduera-proposamenak alde ludikoak eta hezigarriak uztartu nahi ditu. Udazkenean garatu zen, irailaren 28tik urriaren 26ra.  Programa 18 urtetik 30era bitarteko gazteei zuzendua dago; bost jardunaldi antolatu eta garatu ziren, guztiak ere kirol- eta hezkuntza-jardueren ingurukoak.  177 gaztek parte hartu zuten; % 57,6 neskak izan ziren, eta % 42,4, mutilak. 

  • Pirinioetako XXV. Zeharkaldia

Mendigoizaletasuna Iruñeko gazteen artean sustatze aldera,  Anaitasuna KKAEkiko lankidetza-hitzarmena mantendu zen, aipatu klubak antolatzen duen Pirinioetako Zeharkaldian gazteen izen-ematea diruz laguntzeko. 2013an, bi eskari jaso ziren.

  • Autobus-geltoki zaharra

2013an, berriz ere lizitaziora atera zen autobus-geltoki zaharreko atezaintza,- harrera- eta jendearendako arreta-kontratua. Parte-hartzea irabazi asmorik gabeko Enplegu Zentro Bereziendako eta Gizarteratzeko eta Lanera bideratzeko Zentroendako erreserbatua zegoen. Enplegurako Aspace Fundazioari esleitu zitzaion, 2013ko urriaren 1etik 2014ko abuztuaren 15era bitarte.

  • Arga Bizirik

Programaren helburu nagusia Arga ibaiaren eta inguruen historia, landaredia eta fauna ezagutzea da, piragua garraiobide gisa erabiliz. Kirol-nabigazioaren tekniketan hasteko aukera ere bada, Iruñean barrena egiten den bidaia baten bitartez. Programan, guztira, 1.600 laguna aritu ziren eta, horietatik, 774 gazteak ziren. Gazteen partaidetza-ehunekoa % 48,37 izan zen.

- Laguntza-programa musika modernoko talde berriendako 

Udalak diruz laguntzen du entsegu-aretoen alokairuaren diru-kostuaren zati bat, gazte-taldeek beren beharren araberako entsegu-aretoak eskuragarriago izan ditzaten.   Programan On-Off Sound, SL, eta MYC Navarra, SL. enpresek parte hartzen dute.  2013an, 172 entsegu-bonu egin ziren:  8 orduko 25 bonu eta 16 orduko 147; guztira, 2.552 entsegu-ordu.  Hona bonuak eskuratzeko betebeharrak: taldekideen hirutik bik, gutxienez, 14 eta 30 urte bitartekoak izan behar dute eta taldekide erdiek Iruñeko biztanleak izan behar dute. Programan, guztira, 109 gaztez osaturiko 26 musika-talde daude izena emanda.

Lehiaketak

Iruñeko Udalak urtero deitzen du hamalau eta hemezortzi urte arteko gazteei zuzendutako literatur lehiaketa bat, gaztelaniaz eta euskaraz, poesia eta narrazio laburra modalitateetan Gazteriaren Unitateak gaztelaniazko deialdian laguntzen du.  132 lan aurkeztu ziren (27 lan poesian, eta 105, narrazioan).  Berta Arangurenek Pérdidarekin eta Yaiza Agüerok Olvidaste Milanekin eskuratu zituzten lehen sariak poesia eta narrazio laburrean, hurrenez hurren.  

Era berean, Udalak, ikasturtearekin batera lehiaketa bat deitzen du Iruñeko ikastetxeetan eta ikastetxe nagusietan, interesatuta dauden ikasleak, nor bere ikastetxean, informazio-berriemaile izan daitezen, gazteek informazioa beren ikasketa-lekuetan bertan eskuratzea sustatze aldera. Urtean zehar, 2012/2013ko programa amaitu zen; guztira, 32 ikastetxek eta 64 ikaslek parte hartu zuten, eta 2013/2014ko programa abiarazi zen, 36 ikastetxe izena emanda zeudela.

Mendi-diapositiben emanaldiak

Hona hemen programa horren helburuak: batetik, ezagutzera ematea beste herrialde batzuetako bizimoduak eta solasaldiak emateaz arduratuko diren nafar mendigoizaleen bizipenak, eta bestetik, mendizale gazteak egokiro entrenatu eta prestatu beharraz ohartaraztea, mendiko arriskuei segurtasunez hel diezaieten. Era berean, nafar mendigoizaleei zuzenean laguntzeko modu bat da, horrela beren espedizioei buruzko argazki-erreportajeak egitera eragiten baitzaie, ikastetxeetan edo toki publikoetan erakuts ditzaten. Urtea osoan 12 emanaldi egin ziren.

Jarduerak espetxeetan

2011ko urtarrilean, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen Udalaren eta Espetxe Erakundeen Zuzendaritza Nagusiaren artean, bi urterako sinatu ere, Iruñeko espetxeko presoen artean prestakuntza-, lanbide- eta kultur jarduerak sustatzeko. 2013an, 44, 48 eta 50 orduko eskulan-lantegiak egin ziren, eta haietan, 60 lagunek parte hartu zuten; halaber, 86 orduko musika-lantegi bat egin zen, Mikel Barrenechea irakasleak emanik.

Diru-laguntzak eta laguntzak

- Gazte-jarduerak

Udalak zortzi elkarteri eman zien laguntza gazte-jarduerak egiteko. Ia 26.300 euro banatu ziren.  Diru horren bidez, irabazi-asmorik gabeko entitateei ematen zaie laguntza, gazte arloan 30 urtetik beherakoei zuzendutako jarduerak unean-unean egin ditzaten. Esate baterako, denbora librerako prestakuntza-jarduerak, aisia- eta josteta-jarduerak, sentsibilizazio-jarduerak, gazte mugikortasuneko jarduerak eta gazte-boluntarioendako jarduerak. Elkarteek gehienez jaso dezakete aurkezten duten jarduera multzoaren gehienezko aurrekontuaren % 100, eta muga 7.000 euro da.

Nafarroako Eskaut Katolikoek 7.000 euro jaso zuten, eta Bideberri Haur eta Gazte Elkarteak ere bai. Telebistaren Aurkako Aisialdi Klubak 4.266,61 euro eskuratu zuen, eta Albatros-ek, 4.050,02. Música sin Barreras-ek 1.575,69 euroko laguntza jaso zuen, eta I Becchi Gazte Elkarteak, 1.391,28 euro. Mila euro baino gutxiago eman zitzaien Atrilia Gazte Orkestra elkarteari (647,20 euro) eta Jóvenes para Cristo elkarteari (337,64 euro).-  Enpresa-sortzaile gazteendako diru-laguntzak

Iruñeko Udalak 26 gazteri eman zien diru-laguntza, hirian 23 negozio-ekimen sustatzeagatik.  Laguntzak udal-deialdi baten bidez ematen dira, 18 eta 30 urte arteko gazteek Iruñeko Udalaren mugapean ekonomia-jarduera berriak sortu eta abian jar ditzaten. Deialdian guztira 29.439,47 euro banatu ziren, bi txandatan banatu ere; gehienezko diru-laguntza 1.500 euro da autonomoen eta nortasun juridikorik gabeko sozietate irregularren kasuan, eta 2.000 euro, nortasun juridikoa duten sozietateentzat.  Diruz lagundutako enpresa-sortzaileen profila: % 85, zehazki, 25 eta 30 urte arteko gazteak dira, eta % 15 bakarrik, aldiz, 18 eta 24 urte arteko gazteak. Gainera, gizonezkoak dira nagusi (15, eta 11 emakume), eta haien jatorriari dagokionez, 6 etorkinak izan ziren, eta gainerakoak nazionalak.  Diruz lagundutako 23 ekonomia-ekimenetatik, 20 autonomoek aurkeztu zituzten; 2 sozietate zibil irregularrak ziren, eta bat sozietate mugatu bat zen. Negozio horiek, guztira, lanaldi osoko 27 lanpostu sortu zituzten, lanaldi partzialeko lanpostu bat, eta praktika-kontratuko lanpostu bat.

Iruña Gaztea-ko webgunea eta sare sozialak

2010eko martxotik hona, Iruñeko Udalak atari bat dauka interneten, 14 eta 30 urte arteko gazteei zuzendua. Hartan argibideak eta  zerbitzu berritzaile eta erabilgarriak eskaintzen zaizkie gazteei sarearen bidez, horretarako erabilita gaurkotasun osoko aurkezpen erabilerraz eta irisgarri bat, estandarrekin kodetua eta ikusteko modukoa internet-bilatzaileetan.

Ahalik eta gazte gehienengana iriste aldera, Iruña Gazteak profilak ditu sare sozialik erabilien eta eskatuenetan.  Horrela, 5.034 jarraitzaile ditu Facebook sare sozialean, eta 6.480, Twiterren. Era berean, Iruña Gaztea-ko blogak 104.324 bisita izan zituen, 363 argitalpen, 135 iruzkin eta 102 harpidedun. 

Beste jarduketa batzuk

- Unean uneko jarduerak

  • Las Umbras de Paradox jardunaldiak

Iruñeko Udalak gazte-elkarteei laguntzeko hasitako laguntza-ildoaren barruan, Alter Paradox elkartearekiko lankidetzari eman zitzaion jarraipena. Elkarte hori Gaztediaren Etxeari lotuta dago, eta denbora librea eta bestelako aisia lantzea du xede.  Aipatu elkarte horrek proposatuta, Gaztediaren Etxean Las umbras de Paradox izeneko VI. Jardunaldiak egin ziren, abuztuaren 16an, 17an eta 18an.  386 gaztek parte hartu zuten 66 jardueratan, 50etik gora orduz etengabe.  Parte-hartzaileen % 60 nafarrak izan ziren. 

- Ikuskizunen eta lehiaketen publizitate-babesgoak

2013an, Gazte Orkestrak Kontzertua 1.000 eurorekin lagundu zen diruz, eta Corte Inglés – Nafar Ateneoa Kontakizun Laburraren VI. Gazte Saria, 1.500 eurorekin.

- Boluntarioen prestakuntza jardunaldian parte-hartzea

Udala elkarlanean aritu zen Nafarroako Boluntarioen Plataformarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, Boluntarioen prestakuntza izenburuko mahai inguruan parte hartuz; ekainean egin zen.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala