Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Gerentzia

Udalaren Gerentzia zuzenean dago alkatearen mendean eta ANIMSArekiko, Arartekoarekiko eta Comptos Ganberarekiko udal-harremanez arduratzen da. Eginkizun hauek ditu, besteak beste: udal-alorren arteko jardunaren koordinazioa; Udalaren administrazio-taldearen zuzendaritza; hainbat alor ukitzen dituzten proiektuak gauzatzeaz arduratzea; proposamenak egitea Udalaren helburuen gainean jarduteko eta horiek gauzatzeko; udal-zerbitzuetan kalitatea bilatzeko jarduketak betetzen direla sustatzea eta gainbegiratzea; informatika-aplikazio berriak ezartzea herritarrekiko harremanak hobetze aldera, eta administrazio elektronikoa bultzatzea.

Smart City eta e-administrazioa

Urtarrilean, Udalak Datu Irekien ataria abiarazi zuen (Open Data ataria). Atari horren bidez milatik gora adierazleri buruzko informazioa jarri da herritar, enpresa eta erakundeen eskura.   Sarbideawww.pamplona.es webaren bitartez egiten da, eta informazioa aldian behin eguneratzen da, bai herritarrek eskatuta ere. Besteak beste kontsultagai dago Iruñeko kale bakoitzeko ibilgailuen antzinatasuna, biztanleriaren bilakaera auzo bakoitzean eta hirian, Iruñean dauden enpresak, udal-aurrekontuaren jarraimendua, karrika bakoitzean dauden lokalak, kontratu publikoei buruzko espedienteak edota udal-hitzarmenak.

Datu irekien (Open Data) bidez, sektore publikoak –kasu honetan Iruñeko Udalak– formatu digital estandarizatu eta irekietan jartzen du eskura informazioa nahi duenak eskura dezan, egitura ulergarri baten arabera. Informazioa eskuratzea errazten da, copyright, patente edo bestelako kontrol-mekanismoen murrizketarik gabe, berrerabilpena sustatze aldera. Horrela, gizarteak datuak erraz eskura ditzake, informazioa lortzeko edo zerbitzu berriak sortzeko, gizarte-balioa handitze aldera eta, komeni bada, baita merkataritza-balioa ere. Webean bildutako informazioaren erabilera hainbat baldintza orokorren mendean dago: edukia ez aldatzea, informazioaren zentzua ez desitxuratzea, iturria aipatzea eta azken eguneraketaren data aipatzea.

Udalak, 2013an, Iruña Smart City Estrategia abiarazi zuen, hiriko herritarren bizi-kalitatea mantentzeko eta hobetzeko; estrategia horretan, teknologia berriak eta administrazio elektronikoa funtsezkoak dira kudeaketa ahalik eta gardenena eta eraginkorrena izateko.   Kontua da jarraipena ematea gure hiria 2012an Espainiako 10 udalerririk adimentsuenen taldean kokatu zuen lanari, horri esker postu bat lortu baitu Hiri Adimentsuen Espainiako Sarearen Zuzendaritza Batzordean (RECI); dagoeneko, 41 udalerri daude sare horretan, eta Iruña  sarearen hiri fundatzaileetako bat izan zen.

Planak hainbat ekintza aurreikusi ditu; batzuk epe laburrekoak, hala nola herritarrei inkesta bat egitea edota adierazleak zehaztea, eta, beste batzuk, berriz, epe ertainekoak, hala nola Informazio Geografikorako Sistema bat garatzea, zerbitzu-geruzekin garatu ere; inbentario komun geolokalizatu bat garatzea, edo zerbitzuak kudeaketa digitaleko sistema bakar batean txertatzea.  Estrategia gisara, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko jardungarritasuna sustatzea du xede, eta gainera, finantzaketa-aukerei buruzko txosten bat biltzen du.  Planteamendu estrategikoari buruz hartutako erabakiaren ondotik, Udalak berariazko jarduketen programari helduko dio eta neurriak hartuko ditu, hainbat arlotako lorpenen jarraimendua eta neurketa egiteko, hain zuzen honako hauek: gizarte-garapena, iraunkortasuna, hazkunde ekonomikoa eta I+G+b hobetzea.

Udal-webaren eta 010 telefonoaren bidez, aurten smart cityri buruz egindako herritar inkestak jaso du iruindarrek interesa dutela teknologia digitaletan, beren eguneroko bizitzan txertatu dituztela eta hiriaren etorkizuna teknologia digitalen aplikazioari lotuta dagoela uste dutela.  Inkestan 761 lagunek parte hartu zuten. Inkesta hiriko biztanleria orokorraren antzeko profil soziodemografikoarekin bat egin zen, 010eko erabiltzaileen kasuan, eta emaitzen arabera, nahiz eta inkestatutakoen % 71k ez dakien zer den Hiri Adimentsu bat edo Smart City estrategia, gehienek informazio- eta komunikazio-teknologiekin lotzen dute kontzeptua (% 81,9 eta % 76,5, hurrenez hurren), bai eta kudeaketa modernoarekin ere (% 73).  www.pamplona.es webeko galderetan aukeratu behar ziren smart cities ekimenaren arloan eta teknologia berrietan jotzen ziren hiru zerbitzurik edo ekintzarik garrantzitsuenak, eta honakoak bereizi ziren: Udalarekiko gestioak internet bidez (% 34,9), doako wifi-eremuak (% 32,2) eta 010 herritarrendako laguntza-zerbitzua (% 26). 

Udala teknologia berrien alde egiten ari den apustuaren baitan,  Parkplona aurkeztu zen; mugikorrerako aplikazio bat da eta herritarrei aparkaleku bat azkar eta ahalik eta preziorik onenean aurkitzea erraztu nahi die.   Aplikazioa doan jaisten da Apple Store eta Google Play plataformetatik eta erabiltzailearen kokapenaren distantziaren arabera antolatzen ditu aparkalekuak, bai eta egonaldiaren prezioaren arabera ere;  hiriko plano bat ere badu aparkatze arautuko eremuak adierazteko; esaten du non dauden erabiltzailearengandik hurbileneko lur azaleko disuasio-aparkalekuak; argibidea eskaintzen du ezgaituendako aparkalekuez, bizikleta eta motoendako aparkalekuez, bai eta  Nbizi zerbitzuaz ere; hiriko trafiko-kamerak erakusten ditu eta aukera ere ematen du garabia eta uholdeen inguruko SMS abisu-sisteman alta emateko.

Udalak, Dornier enpresa esleipendunaren bidez, Telpark aplikazioa jarri zuen abian, herritarrek beren ibilgailua alde urdinean aparkatzea kudea dezaten mugikorretik edo ordenagailutik.  Horrela, eskudirua erabili gabe ordaindu dezake erabiltzaileak aparkatzea, edo aparkatze-denbora luzatu dezake parkimetrora joan gabe edota salaketa jakin batzuk erraz, azkar eta eroso ezaba ditzake.   Era berean, aparkatze-denbora bukatu izanaren jakinarazpenak jasotzeko aukera ematen du, denbora bukatu den unean bertan, aparkatzea sistemaren bidez kudeatu bada.  Sistema erabiltzeko, erabiltzaileak aurrez https://telpark.empark.es odo www.empark.com webetan erregistratu beharko du, hainbat datu emateko: datu pertsonalak, kreditu- edo zor- txartelaren zenbakia eta kontu beraren bitartez kudea daitezkeen hiru ibilgailutako matrikula bana.

Bestalde, e-administración edo administrazio elektronikoa gero eta gehiago ari da zabaltzen udal-kudeaketan. 2013an, Espainiako udal guztien artean, Iruñekoa izan zen udal-kontratuak era elektronikoz egin behar zirela erabaki zuen lehena.  Horrela, kontratuaren sinadura presentziala ezabatu da, eta prozedura bere osoan da elektronikoa; horren ondorioz,  eraginkorragoa eta errazagoa da tramite eta diru-kostu ugari dituen prozesua.  Horri erantsi behar zaio denbora- eta ingurumen-kostu txikiagoak dituela, tramitea eskuragarriagoa dela enpresentzat –ordura arte, joan-etorrian ibili beharra baitzegoen– eta optimizatu direla ekitaldi bakoitzean egon behar zuten udal-langileei lotutako kostuak.   Orain, tramitea edozein tokitatik egin daiteke eta malgutasunez ordutegiari dagokionez.  Aurrezkia ekarri du hala enpresentzat nola Udalarentzat berarentzat.

Fakturazio elektronikoari esker, Iruñeko Udalak batez beste 42,6 egunera ordaindu zien hornitzaileei 2013aren bukaeran; hau da, 11,6 egun gutxiago aurreko urtearen batez bestekoaren aldean.  Urteko azken lau hilabeteak bakarrik kontuan hartzen badira, batez bestekoa 33 egun izan ziren.  Urtean, guztira 10.684 faktura izan ziren, 70.966.368,34 eurotan. Iruñeko Udalaren hornitzaile gehienak enpresa txiki eta ertainak dira.

 2013an, Iruñeko Udalak jasotako faktura guztien % 76 euskarri elektronikoan iritsi ziren.  Gainerako % 24 erregistroan digitalizatu zen (.xlm formatura aldatuta); beraz, tramitazioa % 100n izan zen elektronikoa.  Iruñeko Udalak zerbitzu berri bat jarri du abian egoitza elektronikoan, hornitzaileak bere faktura elektronikoa erraz jaulki eta sina dezan honako esteka honetan: http://facturae.pamplona.es. Era berean, hornitzaileak Egoitza Elektronikoko Nire fakturak atalaren bidez kontsulta dezake zertan den bere fakturen tramitazioa (erregistratua, bideratua, esku-hartua, onartua, ordaindua).   Administrazio elektronikoaren ondorioz, esaterako, papera % 10 aurreztu da urtean.  2013an, 71.125 euro gastatu ziren material suntsikorrean; 20102an, aldiz, 96.290 euro.

Era berean, Udalak administrazio-klausula partikularren ereduzko agiriak eguneratzea onetsi zuen obrak, hornidurak, laguntzak eta ustiapen ekonomikorik gabeko zerbitzu publikoak prozedura ireki eta negoziatuaren bidez kontratatzeko.  Horrela, agiriak 3/2013 eta 4/2013 Foru Legeetara moldatu dira, Kontratu Publikoei buruzko eta Toki Administrazioari buruzko Foru Legea aldatu dutenak.  Udalak egindako aldaketa beste entitate batzuek egindakoa baino txikiagoa da. Izan ere, Iruñeak instrukzio bat onetsi baitzuen 2012ko martxoan udal-kontratazioaren eraginkortasunari buruz, orain foru legean moldatutako hainbat aldaketa biltzen zituena.  Udalak konpromiso berriak gehitu ditu horrelako agirietan, hala nola 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera faktura elektronikoa aurkeztu beharra; eta faktura, Kontratuei buruzko Foru Legearen aldaketarekin bat, 30 eguneko epean ordaindu behar da.

Fortius proiektua

Mugaz gaindiko Fortius. Iruñeko eta Baionako ondare gotortuaren turismo- eta kultur-balioespena izeneko lankidetza-proiektuak 2014an jarria du helmuga eta Pirinioetako mendebaldearen turismo-erakarpena handitu nahi du, Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondareari balioa emanda.    Kontua da bi hiriak gero eta erakargarriagoak egitea turistentzat, biak elkarrekin jardunez, kalitatezko produktu bat sortze aldera ondare-elementu militarren inguruan eta horiek kudeatuz jasangarritasunaren araberako irizpideekin bat.

Fortius-ek eginen diren lanen % 65 lagunduko ditu diruz 2014ra arte (Iruñeak 2,5 milioira bitarte jasoko du) eta, horri esker, bi hiriek lan-ildo horretan jarraitzeaz gain, bestelako zaharberritze-lanak ere egin ahal izanen dituzte: Baionak, zehazki, Royal Bastioian eginen ditu lanak, eta Iruñeak, oraindik egiteke daudenetan, hala nola Labriten Bastioian eta Magdalenako Aurrealdearen gortinan.  Fortius proiektuaren helburu nagusia da garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena lortzea, operadoreak, sustatzaileak, enpresak eta turismo zein kultura arloetako erakunde profesionalak erakarriz eta produktu nahiz zerbitzu berrien inguruan berrikuntza bilatuz. 

Fortius Iruña eta Baiona hiri senidetuaren arteko mugaz gaindiko lankidetza-proiektu bat da, FEDER-EGEF funtsez diruz lagundutakoa, eta Pirinioetako Lan Komunitatearen bidez kudeatua dagoen POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Programa Eragilearen barnean dago. 2013ko bukaeran, Iruñeak 2,4 milioi euro gauzatu zituen, proiektuan aurreikusitako 3,9 milioietatik; hau da, % 61,5.

- ‘Fortius Pamplona-Bayonne’ weba. Web-atari berria Fortius programa zabaltzeko euskarria da. Webaren helbidea  http://www.fortiuspamplonabayonne.eu/ da eta bertan jasoa dago bi hiriak gotorleku-ondarea balioesteko egiten ari diren lanen gaineko argibidea.

- Iruñeko Gotorlekuei buruzko IV. Zikloa Laugarren urtez jarraian, Udalak hitzaldi monografikoz osaturiko ziklo bat proposatu zuen, jende guztiarendako irekita zeuden bisitak barne, hiriko gotorleku-ondarea ezagutzera emateko.  2013an, hainbat arlotako aditu batzuek Pirinioetan kokaturiko mugaldeko gotorlekuak aztertu zituzten.

- Hispania Nostraren XXXII. urteko bilera. 2013an, Hispania Nostra elkartearen hogeita bigarren urteko bilera egin zen Iruñean. Bertan, ehun lagun inguruk kultur ondarea, haren babesa eta balioespena izan zituzten aztergai; eta besteak beste, Fortius proiektuan egindako lanez aritu ziren.   Bileran, gainera, Hispania Nostra Saria –kultur ondarearen kontserbazioan praktika onen karietara– Iruñeko ibai-parkeari eman zitzaion, lurraldean edo paisaian esku-hartzearen kategoriaren barruan.

- Liburua. Ciudades amuralladas: lugares para vivir, visitar e innovar da Iruñeko Udalaren gotorlekuei buruzko bildumaren seigarren liburua.   Iruñeko Gotorlekuei buruz 2012an egindako III. hitzaldi-ziklotik jasotako gogoetak biltzen ditu.  Liburuan bildutako hitzaldiek aztertu dute zer-nolako garrantzia hartu duten gotorlekuek turismoa Pirinioetako mendebaldera erakartzeko, hainbesteraino, non, ondareari lotutako fluxuak hazten ari baitira gehien hirugarren sektorean, eta horrek eragin argia du ekonomian.   Horrela, horrelako elementuak birgaitzeko planek gero eta gehiago hartzen dute kontuan elementuen erabilgarritasuna, haiei balio handiagoa emate aldera eta erabilerak integratze aldera; adibidez, Iruñean eta Baionan egindakoak. 

Beste jarduera batzuk. Urtean zehar, jarduera asko egin ziren Iruñeko harresien inguruan eta Ziudadelan, hala nola bisita gidatuak, Ziudadelarte programaren emanaldiak eta ekitaldiak, harresia dantzan, harresiak kandelen argipean, Iruñeko setioaren eta kapitulazioaren birsorkuntza historikoa... Jarduera horiek guztiek, bada, bizirik erakusten dituzte gotorlekuak, betiere herritarren zerbitzuan eta gozamenerako, hiriarentzat izugarrizko ondare-balio gisara.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala