Alkatetza
Alkatea da Udalbatzako burua. Udal-gobernua eta -administrazioa zuzentzeko ardura du, bai eta Udalaren ordezkari aritzekoa eta Udalbatzaren osoko bilkuretarako zein Tokiko Gobernu Batzarraren eta kide anitzeko beste edozein organoren bileretarako deia egin eta haietan buru jardutekoa ere. Bere aldetik, Alkatetza Kabinetea, Protokolo-zerbitzua barne hartzen duena, besteak beste erakundeekiko eta kanpoko harremanez arduratzen da, bai eta kanpora begirako jarduketak koordinatzeaz eta gainbegiratzeaz, hiriko ekitaldi ofizial eta oroitzapenezkoen zuzendaritzaz eta Iruñeko Udalaren eta hiri senidetuen arteko harremanen sustapenaz ere.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| Ebazpenak | 2.200 | 1.460 | 1.574 | 1.104 | 1.104 |
| Xedapenak | 64 | 27 | 42 | 50 | 36 |
| Dekretuak | 1 | 1 | 1 | 1 | 1 |
| GUZTIRA | 2.265 | 1.488 | 1.620 | 1.156 | 1.141 |
Iruñeko Udalak ekitaldi instituzional jakin batzuetan parte hartzen du urtean barna, hala nola Bost Zaurien elizkizunean, Ostegun Santuan; Bezperetan, San Ferminen Prozesioan eta Zortziurrenean, Sanferminetan; Batasunaren Pribilegioan, irailean; eta San Saturnino eguneko prozesioan, azaroaren 29an. Udalbatzak, horrez gain, usadioz eta ohituraz, beste ekitaldi batzuetan ere parte hartzen du, hala nola Errege Magoen harreran, San Blas eguneko prozesioan, hildako funtzionarioen aldeko mezan, funtzionario erretiratuendako omenaldian, Corpus edo Besta Berri egunean, Aralarko Aingeruaren bisitan edo eguberrietako pregoian. 2013ko otsailean, Alkatea adi duzu programa ixteko, Ermitagañako eta Mendebaldeko auzokideekin bilera egin zen; programa horretan auzokideek auzoa hobetzeko proposamenak eta iradokizunak azaltzen dituzte. Alkateak, gainera, Udalak berak edo beste erakunde batzuek urtean barna antolatutako ehunetik gora ekitalditan parte hartu zuen, ehun urte bete zituzten 12 pertsona bisitatu zituen, 26 harrera-ekitalditan parte hartu zuen eta 16 lankidetza-hitzarmen sinatu zituen. Alkatetzak, halaber, Udaletxea ikusteko 67 bisita gidatu kudeatu zituen; ikastetxeak, institutuak, unibertsitatea eta beste talde eta elkarte batzuk izan ziren bisitari.
2013an, Udalak Ziudadelako Filipe II. Aretoan ezkontza zibilak egiteko datak eta ordutegiak zabaldu zituen; horrela, orain, abuztuan egin daitezke, bai eta larunbat arratsaldeetan ere, maiatzetik urrira, bietan barne. Urte osoan, 200 ezkontza zibil egin ziren; hau da, 2012an eta 2011n egindakoak baino aise gehiago, urte haietan 183 eta 181 egin baitziren, hurrenez hurren. Ezkontza guztietatik, 184 gaztelaniaz egin ziren eta 16 elebitan, euskaraz eta gaztelaniaz. Gainera, sexu bereko pertsonen arteko bi ezkontza egin ziren. 2013an, ezkontza zibilak egiteko datak zabaldu ziren.
Eta beste berrikuntza bat ere ezarri zen: aldez aurretiko hitzordua ezkontza-eguna erreserbatzeko. Udaleko Elkarketa Zibilen Bulegora joateko hitzordua eskatzeko, 010 telefono bidezko harrera-zerbitzura deitu behar da (edo 948 420 100 telefonora, deia Iruñetik kanpo edo mugikor batetik eginez gero). Eguna eta ordua erreserbatzeko, ezkontza zibilaren espedientea behar bezala eduki behar da. Ezkongaiak non dauden erroldatuta, toki horretako erregistro zibilean eskuratu behar da espedientea.
Urte osoan, 525 bikotek eman zuten izena ezkondu gabeko bikote egonkorren Iruñeko Udalaren erregistro orokorrean, eta haietatik 508 mistoak dira, eta 17, sexu berekoak. Era berean, 334 bikotek erregistro horretatik baja eman zuten: 322 bikote mistok eta sexu bereko 12k, hain zuzen.
Urrian, Rafael Magán López izendatu zuten Udaleko Protokolo Zerbitzuko buru. 19 urtez, 1990eko ekainetik 2009ko urtarrilera, Nafarroako Gobernuko Protokolo unitatean lan egin zuen, eta unitatearen arduradun ere izan zen bai Protokolo Ataleko Buru gisara (1994 - 2007) bai Protokolo Zerbitzuko zuzendari gisara (2007 - 2009). Magán Javier Marquínez Hermosoren ordez sartu zen, zeina 1999az geroztik aritua zen lan horretan.
