Udalaren Gerentzia zuzenean dago alkatearen mendean eta ANIMSArekiko, Arartekoarekiko eta Comptos Ganberarekiko udal-harremanez arduratzen da. Eginkizun hauek ditu, besteak beste: udal-alorren arteko jardunaren koordinazioa; Udalaren administrazio-taldearen zuzendaritza; hainbat alor ukitzen dituzten proiektuak gauzatzeaz arduratzea; proposamenak egitea Udalaren helburuen gainean jarduteko eta horiek gauzatzeko; udal-zerbitzuetan kalitatea bilatzeko jarduketak betetzen direla sustatzea eta gainbegiratzea; informatika-aplikazio berriak ezartzea herritarrekiko harremanak hobetze aldera, eta administrazio elektronikoa bultzatzea.
Iruñeko Udalak hainbat neurri hartu zituen 2012an udal-kontratazio publikoa sinplifikatzeko, Administrazio Kargak Murrizteko Ekintza Plana oinarri harturik, xedea baita kontratazioa Udalaren jarduketan gardentasuna sortzeko tresna bat izatea. Neurri horien artean, administrazio-klausulen agiri motak daude. Agiri horiek bete behar izateak helburu du udal-kontratazio guztietan era orokorrean erabiltzea, hala Udalaren kontratazioetan nola haren mendeko entitateetan. Kontratatzeko agiri bakar horren diseinuan, sinplifikazioa, kargak murriztea, objektibotasuna, berdintasuna eta gardentasuna hartu dira kontuan, helburu horiek lortu nahi baitziren.
Maiatzean, Alkatetzaren Ebazpen bidez, jarraibideen dekalogo bat erabaki zen, Eraginkortasuna Iruñeko Udalaren udal-kontratazio publikoan izenburuarekin, Udalean eta haren mendeko organismoetan egiten diren kontratazioetan ahalik eta eraginkortasunik, gardentasunik eta iraunkortasunik handiena lortze aldera.
- Udal kontratazioak horretarako erredaktaturiko inprimaki-ereduekin bat tramitatuko dira.
- Zehaztasunez adieraziko dira kontratuen helburuak eta kaudimen tekniko eta ekonomikoaren baldintzak.
- Kontratazio-prozedura bizkortasunez eginen da.
- Komunikazioetan teknologia berriak erabiliko dira nagusiki.
- Formulen bidez baloratu daitezkeen irizpideei lehentasuna emanen zaie, irizpide subjektiboen aurrean, eta gutxienez puntuazio osoaren % 60 ezarriko da lehenengo irizpide horietarako. Bestela eginez gero, hori egiteko motibazioa argi arrazoitu beharko da.
- Eskaintza ekonomikoari puntuazio erabakigarria emanen zaio puntu guztiak banatzeko aukera ematen duten, eskaintzaileen ahalegina baloratzen duten eta eskaintza ekonomikorik merkeenari puntuazio altuena ematen dioten formulak erabiliz.
- Parte hartzea edota kontratuak gauzatzea erreserbatzeko klausula sozialak sartuko dira.
- Ingurumen eta gizarte arloko baldintzak ezarriko dira kontratua gauzatzeko eta esleipena egiteko irizpide gisara.
- Isilpekotasuna kontratazio mahaietan, eta kontratazioaren xede den arloan aditu diren bi teknikari gutxienez egotea.
- Prezioen berrikuspena hautazkoa denean bakarrik ezarriko da kontratazioetan, eta horrek motibatua izan beharko du.
Lan-ildo horretan, Iruñeko Udala partaide da Hiri Adimentsuen Espainiako Sarean, berrikuntzaren bidez gizartearen eta ekonomiaren aurrerapena sustatzeko asmoz sortutakoa. Espainiako hogeita hamarren bat hiri dira ekimen horretako kide. Sareak, azken batez, foro bat izan nahi du, udalek gaur egun hainbat arlotan (energiaren kudeaketa, ingurumena, mugikortasuna, irisgarritasuna, zerbitzu elektronikoak edota garraioaren kudeaketa) eraginkortasunaren eta bikaintasunaren bila egiten dituzten esperientziak trukatzeko eta bateratzeko.
Era berean, 20102an, Iruñeko Udalak udalaren gardentasuna hobetzen jardun du; hartara, www.pamplona.es webean 77 adierazleri buruzko argibidea sartu du. Gardentasun-adierazleak sei taldetan banaturik daude: udalbatzari buruzko argibideak, herritarrenganako eta gizartearekiko harremanak, ekonomia- eta finantza-arloko gardentasuna, gardentasuna zerbitzuen kontratazioan, gardentasuna hirigintzako eta herrilanetako gaietan eta, azkenik, Gardentasunari buruzko Lege berriaren adierazleak. Besteak beste, ondokoak daude kontsultagai: Gobernu Batzarren aktei buruzko informazioa, udal-ondareari buruzko informazioa, Udalean lan egiten duten langileei buruzkoa eta eta hirigintza-arloko informazioa, hala nola Udal Planean dauden planoak, hirigintza-hitzarmenen laburpenak edota udal-obra nagusien lizitazioari buruzko datuak. Transparency International España organismoak eskainitako adierazleetan oinarritutako adierazleak dira. Erakunde horrek Espainiako ehunetik gora udalen gardentasuna ebaluatzen du. Erakunde horrek 2010ean egindako txostenean, Iruñeko Udala 63. postuan sailkaturik gelditu zen eta 66 puntu lortu zituen 100etik. Txostenean parte hartu zuten udalen batez besteko puntuazioa 70 izan zen 100 punturen gainean.
Aurtengo txostenean, Iruñeko Udalak lortu duen nota bikain izan da. 100 puntutik 93,8 lortu ditu (zortzigarren puntuaziorik onena) eta 21. postura igo da udal gardenenen sailkapenean. 2012an, 110 udal aztertu ziren. Batez besteko puntuazioa 70,9 izan zen, eta haietatik, 33k bikain lortu zuten.
Urtean barna, halaber, Open Data aplikazioan lan egin zen; tresna hori udalaren webean dago eskuragarri eta milatik gora adierazleri buruzko argibidea jartzen du herritarren, enpresen eta erakundeen eskura. Kontsultagai dago, adibidez, Iruñeko kale bakoitzeko ibilgailuen antzinatasuna, biztanleriaren bilakaera auzo bakoitzean eta hirian, Iruñean dauden enpresak, udal-aurrekontuaren jarraimendua edota karrika bakoitzean dauden lokalak. Informazioa aldian behin eguneratzen da, baita herritarrek eskatuta ere. Udalak horren bidez nahi du gizarteak datuak erraz eskura ditzan, informazioa lortzeko edo zerbitzu berriak sortzeko, gizarte-balioa handitze aldera eta, komeni bada, baita merkataritza-balioa ere. Datu horiek formatu digital estandarizatu eta irekietan argitaratzen dira, copyright, patente edo bestelako kontrol-mekanismoen murrizketarik gabe, berrerabilpena sustatze aldera.


