Finantza-kudeaketaren balantzea

Iruñeko Udalaren Kontu Orokorrean, 2012ko ekitaldiari dagokionez, ondokoak azpimarra daitezke:

  • Egindako gastu bateratuak 204,4 milioi euro jo zituen, hau da, % 11 murriztu zen 2011ko likidazio bateratuaren aldean. Diru-sarrera bateratuek 259,9 milioi euro jo zituzten guztira, hau da, aurreko urtean baino % 10,8 gehiago.
  • Jarduneko langileei zein langile pasiboei dagozkien ordainsarien gastuek 77,8 milioi euro jo zituzten, hau da, gastu guztiaren % 38,1. Kapitulu hau % 5,5 jaitsi zen aurreko urtekoaren aldean, eta betetako aurrekontuan hartu zuen pisua handitu egin zen sektore publikoko langileriari aparteko bigarren ordainketa deuseztatu baitzen.
  • Ondasun arrunten eta zerbitzuen erosketak eragindako gastu arruntek 65,8 milioi euro jo zituzten, hau da, gastu osoaren % 32,2, zenbateko txikiagoa baina ehuneko handiagoa beste kapituluetan izandako murrizketengatik.
  • Finantza-gastuak % 19,2 igo ziren, 3,1 milioi euroraino, batez ere zorraren zenbatekoa handitu zelako.
  • Maileguen amortizazioak 5,5 milioi euro jo zituen, hau da, 2011an baino % 0,8 gehiago. Guztizko finantza-zamak, interesak eta amortizazioa barne hartuta, 8,6 milioi euro jo zituen, hau da, aitortutako guztizko gastuaren % 4,2.
  • Transferentzia arruntek 13,7 milioi euro jo zituzten, aurreko urtean baino % 7,9 gehiago, eta betetako gastu guztiaren % 6,7 egin zuten.
  • Inbertsio errealei dagokien kapituluaren betetze-maila nabarmen murriztu zen, % 38,3, hain zuzen, aurreko urtekoaren aldean. Izan ere, 28,4 milioi euro izan zen, hau da, egindako guztizko gastuaren % 13,9.
  • Kapital-transferentziak % 27,2 igo ziren, 8,1 milioi euro jotzeraino.
  • Kapital-eraketa gordinerako zuzkidurak, hau da, Udalaren inbertsioetarako zuzkidurak zein hirugarrenek egindakoen finantzamenduan parte hartzekoak, 36,5 milioi euro izan ziren, 2011an baino 15,9 milioi euro gutxiago.
  • Diru-sarrera bateratuetan zenbateko handiena, 93,2 milioi euro, 4. kapituluko transferentzia arruntei egokitu zitzaien. Kopuru horrek eta kapital-transferentziei dagokien 7. kapituluko 24,1 milioiek, batera hartuta, likidatutako guztizkoaren % 52 egin zuten.
  • Zuzeneko zergei dagozkien likidazioak % 2,8 jaitsi ziren, 48,1 milioi euro bitarte; zeharkako zergen bidezko diru-sarrerak, berriz, (EIOIZ, eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga) % 28,4 jaitsi ziren, 9,8 milioi euro bitarte.
  • Azkenik, diru-sarreren 6. kapituluak –non ondare-besterentzeen zenbatekoa jasotzen baita– 1,1 milioi euroren betetze-maila izan zuen, 2011n baino % 95,3 gutxiago.
  • Mailegu berriak kontratatu ziren (9. kapitulua, finantza-pasiboei buruzkoa), 16 milioi euroko zenbatekoaz, finantzaketa mota horren behin betiko aurrekontua 24,9 milioi euro izan zelarik.