Herritarren Partaidetza

Ekintzak

Hiriko dozenaka elkartek, entitatek eta taldek parte hartzen dute Alkatea adi duzu udal-programaren baitan egiten diren 20 bileretan, Iruñeko Udalari beren eskariak azaltzeko. Urtean barna, alkatea hiriko auzo guztietako auzokideekin elkartzen da eta, era berean, sektore mailako topaketak egiten ditu esparru ezberdinei lotutako elkarteekin, hala nola kirolari, kulturari, gizarte-zerbitzuei eta abarri. Programa hau komunikazio-bide berriak sortzen saiatzen da herritarren eta Udalaren beraren artean, gizartearen iradokizunak, eskariak eta ekimenak ezagutzeko eta, aldi berean, udalaren lana auzoetara hurbiltzen saiatzen da.

Iruñeko Udalak bi entitateren erregelamenduak onetsi zituen, biak ere 2013an bildu eta eratuko direnak. Adinekoen Kontseilua partaidetzako organo aholku-emaile gisara eratu da. Kontseiluak adineko jendea artatzeko lanean sortzen diren behar berriei eman beharreko irtenbideak elkartrukatu, batera jarri eta abiaraziko ditu. Kontseilu berriaren eginkizun nagusietako bat da adinekoek gizartean, politikan eta kulturan parte-hartze aktiboa izan dezaten sustatzea. Kontseiluak, gainera, mintzakide jardunen du Udalaren aurrean eta beste edozein erakunde publiko edo pribaturen aurrean. Beste eginkizun batzuen artean, halaber, jarduketak eta neurriak bultzatzeaz arduratzen da, adinekoendako zein adinekoen gizarte-boluntariotza eta belaunaldien arteko elkartasuna sustatze aldera. Alkatea da Adinekoen Kontseiluko burua, eta adinekoen elkarteetako sei ordezkarik osatzen dute. Elkarteek, betiere, erregistroan izena emanik egon behar dute eta berrogeita hamar kide baino gehiago izan behar dituzte. Halaber, ondokoak ere kontseilukide dira: Udalaren talde politiko bakoitzeko zinegotzi bat –Herritarren Aferen Batzordeari atxikia–, jarduera-sektore horri lotutako beste erakunde batzuetako bi ordezkari, adinekoen politikan eskudunak diren bi udal-teknikari eta sindikatu garrantzitsuenetako ordezkari erretiratu bana. Kontseilua, gutxienez ere, urtean behin biltzen da.

Alde Zaharreko Mahaia Iruñeko auzo horretako entitateen parte-hartzea udal-kudeaketan sustatzeko xedez jaio da. Partaidetza-organo aholku-emailea da eta Alde Zaharra hobetzearekin lotuta dauden arazoak eta beharrak aztertzen ditu. Jorra daitezkeen gaien artean, honako arloetan hobekuntzak egitea hartuko da hizpide: hornidurak, auzokideen bizi-baldintzak, hirigintza, gizartea, ingurumena, auzokideen ongi izatea, garbitasuna, etxebizitzen osasungarritasuna, eraikinak zaharberritzea, eremuak oinezkoendako gune bihurtzea, aparkalekuak eta kaleko iskanbilak. Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorreko zinegotzi delegatua da Mahaiburua, eta Herritarren Segurtasuneko, Hirigintza, Partaidetza eta Gizarte Ongizate alorretako udal-ordezkariak dira mahaikide. Halaber, ondokoek hartuko dute parte Mahaian: eremuko Merkatarien Elkarteko bi ordezkari, ostalaritza-elkarteko bi ordezkari, auzokide-elkarte bateko bi, Alde Zaharreko Osasun Etxeko ordezkari bat, auzoan kokaturiko guraso elkarteetako bi ordezkari eta, azkenik, Elkarteen Udal Erregistroan inskribaturiko eta Hiriko Alde Zaharrean helbidea duten irabazi-asmorik gabeko herritarren entitate edo elkarteetako bi ordezkari. Alde Zaharreko Mahaia, gutxienez ere, hiruhilekoan behin biltzen da.

Herritarrei Laguntzeko Zerbitzua

- Aurrez aurreko harrera (Kondestablearen Jauregia)

Kondestablearen Jauregiko Herritarrendako Laguntza Bulegoak 71.930 laguni harrera egin zien 2012an, hau da, aurreko urtean baino % 1,5 gehiagori. Kontsulta aurreko batez besteko itxaronaldia 5 minutu eta 54 segundo izan zen (2011n, batez besteko itxaronaldia 6 minutu eta 32 segundo izan zen), eta ia herritarren % 80k 10 minutuan baino gutxiagoan jaso zuen harrera. Bulegoan aurrez aurre hartutakoen eskari nagusiak erroldarekin du zerikusia. Izan ere, 71.930 harrera izan ziren, eta haietatik, 58.659 (% 81) erroldarekin zeuden lotuak; 5.808 erregistroarekin; 4.397, ezkontza zibilekin, eta 2.113k argibidea eskatu zuten.

Erregistroaren datuekin bat, 2012an 65.300 sarrera izan ziren Iruñeko Udaletxean. Haietatik, 25.068 Kondestablearen Jauregian kokaturiko Erregistro Orokorrean izan ziren, hala aurrez aurre nola posta edo beste bitarteko batzuen bidez. Era berean, beste administrazio publiko batzuetako 3.735 agiri kudeatu, izapidetu eta Udalaren iragarki-oholean jarri ziren jendaurrean. Erroldari dagokionez, urte osoan 83.161 erroldatze-ziurtagiri edo -agiri egin ziren, 2011n baino zortzi mila gutxiago, eta 60.919 errolda-aldaketa egin ziren, aurreko urtean baino mila gehiago.

- Telefono bidezko laguntza (010)

Udalaren 010 telefono bidezko laguntza-zerbitzuak (948 420 100 sakelako telefonotik edo Iruñeaz kanpotik deitzen bada) 320.984 hartu-eman egin zituen herritarrekin, hau da, aurreko urtean baino % 5 gehiago. Zenbaki hori gertatu zen, telefono-dei gutxiago jaso bazen ere, 158.655 guztira, posta elektronikoen kopuru handia bidali baitzen, udal-alor batzuek eskaturik.

Jasotako deietatik, 139.500i egin zitzaien arreta; hau da, ia guztien % 88ri. Egunean, batez beste, 624 dei jaso ziren, eta batez besteko iraupena 99 segundo izan zen. Aurreko urteetan bezala, deien erdiek baino gehixeagok argibideren bat eskatu zuten; % 19k, berriz, telefonogune-zerbitzua eskatu zuten, eta % 16k, udal-kudeaketako zerbitzua. % 2 herritarren kexak, oharrak edo iradokizunak izan ziren.

Telefono bidezko arretaren beste atal garrantzitsu bat izapideen kudeaketa da. 010aren bidez, herritarrek iazkoan 22.941 administrazio-izapide egin zituzten, hau da, 2011n baino % 14 gutxiago. Eskatuenak errolda-agiriak izan ziren, ia-ia izapideen erdiak. Bigarren tokian objektu galduekin lotutako deiak daude, 3.568 izapide izan baitziren; 2.210 izapide, berriz, webaren postontziaren bidez izapidetutako posta elektronikoak izan ziren. Era berean, gainbalio-kuoten 1.237 kalkulu egin ziren.

Udalak herritarren eskariei emandako erantzunek % 25 egin zuten gora, 146.042 sms eta posta elektroniko igorri baitziren. Datu horri gehitu behar zaio udal-alorrek zerbitzu gehiago eskatu zituztela, 117 zerbitzu guztira 2012an, 2011n baino % 88 gehiago. Ohar, kexa eta iradokizunei dagokienez, Udalean 5.382 izapidetu ziren, eta alorrek haien % 95i erantzun zioten Erantzunen % 87,9 gehienez 5 eguneko epean jaso zituzten.

Duela bi urtetik, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuak @010_Pamplona twitter kontua dauka irekia, eta 2012an, 2.283 txio jaso zituen. 720 lagunek jasotzen dute udal-argibidea twitter bidez; haietatik, 538 iazkoan atxiki zitzaizkion. Kontuaren bitartez, ohar, jarduera, ikastaro, deialdi, diru-laguntza edota udal-izapideei buruzko argibidea eskaintzen da.

- Laguntza telematikoa (www.pamplona.es eta egoitza elektronikoa)

Udalaren webguneak (www.pamplona.es)2.524.734 milioi bisita jaso zituen. Bakoitzaren iraupena, batez beste, 25 minutu eta 32 segundo izan zen, eta egunean, batez beste, 6.898 kontsulta izan ziren. Guztira, 321.756 lagunek bisitatu zuten webgunea. Aurreko urteko datuekin alderatuta, bisita kopuruak % 40 egin zuen behera, udal web guztien bisitariak zenbatzen baitziren (www.pamplonajoven.es, www.turismodepamplona.es...). 2012an, estatistika-datuek Udalaren webgunean (www.pamplona) izandako sarrerak bakarrik zenbatu zituzten: Web bisita bakoitzaren batez besteko iraupenak 7 minutu egin zuen gora; 2011n, 18 minutu eta 31 segundo izan baitzen, eta iazkoan, berriz, 25 minutu eta 32 segundo.

Udal webaren 321.756 bisitarien % 59k (190.013k) bisita bakar bat egin zuten; % 41 (131.743), berriz, behin baino gehiagotan sartu zen. Hilez hil, maiatzean izan ziren bisitari gehien (337.471); gero, otsailean (236.123) eta irailean (231.372). Urteko lau hilabetetan, ez ziren 200.000 bisita gainditu, eta bisitarik gutxien urtarrilean (160.483) eta abenduan (165.696) izan ziren.

Bisiten erdiek baino gehiagok, uneren batean, udal webaren ataria kontsultatu zuten, eta horixe izan zen iazkoan ere orrialderik bisitatuena. 2012an, 1.350.922 erabiltzailek bisitatu zuten, iazkoan baino 250.000 gehiagok. Atariko albisteen RSSek eta Iruñeko Udalaren prentsa-oharrek milioi erditik gora bisita jaso zituzten, 517.568 eta 510.132 bisita hurrenez hurren, 2011ko halako bi eta halako hiru, hurrenez hurren. Herritarrek gehien jaitsitako agiriek Civivox zentroen hiruhilekoko ikastaroen eta jardueren programazioarekin izan zuten zerikusia. Urritik abendura bitarteko ikastaroak 25.054 lagunek jaitsi zituzten. Hori horrela, foileto horren beraren 2011ko 9.500 deskargak bikoiztu egin ziren (urte hartan ere agiririk jaitsiena izan zen). Ondotik, apiriletik ekainera bitarteko ikastaroak etorri ziren, 10.469 aldiz jaitsi baitziren, eta udakoak, 8.910 aldiz. Azkenik, Civivox zentroetako urritik abendura bitarteko jarduerak 6.711 lagunek jaitsi zituzten.

Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoak, bestalde, 136.173 bisita jaso zituen; hau da, aurreko urtean baino ia % 5 gehiago. Alegiazko Bulego hori 2011ko urtarrilean jarri zen abian eta Udalarekin 156 administrazio-izapide azkar eta eraginkortasunez egiteko aukera ematen du, udal-bulegoetara joan behar izan gabe. Udal webgunearen (www.pamplona.es) atariaren bitartez sar daiteke hartan, , edo helbide honen bidez: https://sedeelectronica.pamplona.es.

40.000 sarrera baino gehiago izapideen informazio-fitxak ikusteko izan ziren; 25.000 sarrera enplegu publikoa, lehiaketak eta deialdiak ikusteko; ia 11.500 inprimakiak jaisteko; eta 3.800 inguru, ordainagiriak ordaintzeko. 2012an, 7.080 sarrera izan ziren Nire herritar karpetan, eta 11.783 lagunek karpeta hartan beren datu pertsonalak kontsultatu zituzten. Zerbitzu horren bidez, 1.230 lagunek beren errolda-agiria lortu zuten istant batean; 365ek, berriz, Udalera inprimaki bat bidali zuten. Era berean, Arartekoaren erregistroan 237 sarrera izan ziren eta 725 eskari Nafarroako Administrazio Auzitegira. Gainera, hornitzaileen 673 faktura elektroniko izapidetu ziren.

Herritarrek hiru modalitate dituzte, eskura dauden izapideak egiteko: sinadura digitalarekin, sinadura digitalik gabe eta inprimakiak jaistea. Lehen modalitatean 91 zerbitzu daude sarturik, eta erabiltzailea ziurtagiri digital batekin identifikatzen da; orduan, Udalak dauzkan datu partikularrak erakusten zaizkio, izapiderako garrantzitsuak direnak, herritarrak berriz ere aurkeztu behar ez ditzan eta prozesua errazteko. Izapide guztietatik, ziurtagirik erabiliena FMNT da (Monetaren eta Tinbrearen Fabrika Nazionala), 5.141 izapiderekin; ondotik, AC Camerfirma ziurtagiriak datoz, 1.243 erabiltzailerekin, eta 769, NAN elektronikoarekin.

Egoitza horrek sinadura elektronikorik gabeko 124 zerbitzu eskaintzen ditu; beraz, ez da inolako ziurtagiri digitalik aurkeztu behar pertsona kautotzeko. Egoitza Elektronikoak, era berean, 124 inprimaki jaisteko aukera ematen du, eskuz bete beharrekoak eta udal-bulegoetara bertara eraman beharrekoak.

Iruñeko Udaleko Egoitza Elektronikoak sari bat jaso zuen apirilean, herritarrendako zerbitzu-proiekturik onena izateagatik Espainiako toki-administrazioen artean. Saria @asLAN elkarteak eman zuen, sare-sistemen, Interneten eta komunikazioen hornitzaileen elkarteak, hain zuzen.

Herritarrendako Laguntza Zerbitzua (HLZ)

2008

2009

2010

2011

2012

Aurrez aurreko harrera – Kondestablearen Jauregia

74.354

81.646

73.368

73.029

71.930

Telefono bidezko laguntza – 010

175.481

184.908

171.101

161.074

158.655

Harrera telematikoa – www.pamplona.es

2.197.665

2.740.420

4.158.680

4.257.092

2.524.734*

*Bakarrik zenbatu ziren www.pamplona.es webera izandako sarrerak eta ez Udalaren gainerako webetara izandakoak, aurreko urteetan bezala

Diru-laguntzak

Udalak, beste behin ere, irabazi-asmorik gabeko herritarren entitate eta taldeendako diru-laguntzetarako deialdia egin zuen, jardueren bitartez gizarte-dinamizazioa eta -partaidetza susta dezaten eta, aldi berean, gizarte-sarea sendotzen lagundu dezaten. Herritarren 109 entitate eta talderen artean 423.000 euro banatu ziren laguntzetan.

Laguntzak hiru multzotan banatzen dira, eta haietako bakoitzak gehienezko aurrekontu-zenbateko bat du. Lehena A epigrafea da, 30.000 euroz horniturik dago eta bertan sarturik daude auzo elkarteek, kultur koordinakundeek eta jai batzordeek hiriko auzoetako festak antolatzeko aurkeztutako proiektuak, betiere horiek ludikoak edo jai girokoak izan eta herritarren parte-hartze aktiboa bultzatzen dutelarik. 8 entitatek jaso zuten diru-laguntza.

B epigrafea dago hornituena diruz, 358.000 euroz zehazki. 92 entitateren artean banatu zen, eta haietako 4k A epigrafeko laguntza ere jaso zuten. Hemen sarturik daude aisialdiaren eta denbora librearen alorrean herritarren bizi kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten entitate edo erakundeek aurkeztutako proiektuak, jarduera iraunkorretarako zein unean-unekoetarako, batez ere helduekin eta hirugarren adineko jendearekin egitekoak badira, eta herritar guztientzat zabalik badaude eta herritarren parte-hartzea bultzatzen badute.

C epigrafean beste erkidegoetako komunitateak edota atzerriko komunitateak ordezkatzen dituzten entitateek kulturen hedakuntzarako aurkeztu dituzten jarduera-proiektuak daude sarturik, baldin eta Iruñeko herritarren parte-hartzera irekita baldin badaude, kulturartekotasuna, integrazio eta elkarbizitzaren topaleku gisa, denbora librearen arloan. 35.000 euroz hornitua dago, eta kopuru hori 13 entitateren artean banatu zen.

2008

2009

2010

2011

2012

Herritarren partaidetza sustatzen dituzten elkarteetarako diru-laguntzak

586.721

610.723

508.984

513.500

423.000

Elkarteak

Iruñeko Udaleko Elkarteen Etxea San Gregorio kalean kokaturik dago eta 2012an 5.357 lagun artatu zituen. Lau lagunetatik hiruk, 3.970ek, Etxearen egoitzan bertan jaso zuten harrera; ia % 20k, 1.018k, telefonoz, eta gainerakoek, 369k, posta elektronikoz. Erabiltzaileen % 57,5 emakumezkoak izan ziren, eta % 42,5, gizonezkoak.

2012an, 150 elkartek 832 alditan erabili zuten etxea, eta eskaintzen diren zerbitzuak 2.521 aldiz erabili zituzten. Laugarren hiruhilekoan egin zen jarduerarik handiena, elkarteek 800etik gora erabilera egin baitzituzten. Erabiltzaileen eskari nagusiek zerikusia dute lege-aholkularitzarekin eta aholkularitza orokorrarekin, laguntza teknikoekin eta aretoak eta ikasgelak erreserbatzearekin, bertan bilerak edo jarduerak egiteko. Guztira, Etxean elkarteek dauzkaten guneak, hau da, langela bat eta ikasgela bat, 1.210 aldiz erabili ziren.

Elkarteen Etxean ikastaroen bidezko prestakuntza-programa bat antolatua dago diru-laguntzen, kontabilitatearen edota kudeaketaren inguruan, besteak beste. 2012an, 60 prestakuntza-ordu eman ziren eta, batez beste, hainbat elkartetako 27 lagun bertaratu ziren.

Elkarteen Etxea

2009

2010

2011

2012

Parte-hartzaileak, guztira

4.739

4.592

5.875

5.357

Komunikazioa

Iruñeko Udaleko Komunikazio Zerbitzuak 1.614 ohar igorri zituen eta 222 ekitaldirako deialdia egin zuen 2012an; batez beste, 6 ohar baino gehiago izan ziren egunean eta 18 deialdi inguru hilean. Zenbakiak aurreko urtekoen antzekoak izan ziren, urte hartan 1.624 prentsa-ohar bidali baitziren eta komunikabideek 222 prentsaurreko-deialdi jaso zituzten. Prentsa-oharren % 35,5ek Hezkuntza eta Kultura alorrarekin izan zuten zerikusia; % 13,5ek, Herritarren Segurtasunarekin, eta % 13k, Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirolarekin. Prentsaurrekoei dagokienez, % 41,5 Hezkuntza eta Kulturako gaiei buruzkoa izan zen; % 18,2 Alkatetzari loturiko ekitaldiak izan ziren, eta % 11,2 Herritarren Partaidetza, Gazteria eta Kirol Alorrak deitu zituen.

Sanferminetan, Udalak 421 lagun akreditatu zituen entzierroren baten berri emateko. Profesional horiek 18 herrialdetako 147 komunikabiderentzat lan egiten zuten. Latinoamerikako komunikabideen kopuruak gora egin zuen. Europako komunikabideendako akreditazioek bere horretan iraun zuten (Britainia Handia, Danimarka, Suedia, Frantzia, Alemania, Portugal, Irlanda, Holanda eta Belgika), eta jaiari buruzko irudia zabaltzen jarraitu zuten Australia edo Japoniako kazetariek. 50 komunikabidetako 154 profesionalek eman zuten Sanferminen hasieraren berri uztailaren 6an; 22 komunikabidetako 42 kazetarik jaso zuten akreditazioa Bezperetarako Martxarako (Riau - Riaurako), eta 40 komunikabidetako 91 lagunek azken agurra eman zioten jaiari Pobre de Mi ekitaldian. 15 komunikabidek, gainera, prentsa-paseak eskatu zituzten, entzierrilloetan erreportajeak edo argazkiak egiteko.

Bitxikeria gisa, Blue Lips pelikulako filmaketa-taldeak Udaletxe barruan filmatu zituen eszenak eta irudiak txupinazoaren orduan, 3D-n filmatu ere. Sanferminak 3D-n grabatzeko hainbat proiektu izan ziren, eta edari-marka bati baimena eman zitzaion entzierro barruan hiru dimentsioko irudiak hartzeko, Alkatetzak jaietarako plazaratutako Bandoan bildutako neurriak betetzeko baldintzarekin. Seminario Etxean kokaturiko kamera batek Udaletxe plaza osoko irudi panoramikoak eman zituen bost minututik bost minutura egunero Sanferminetan.

2008

2009

2010

2011

2012

Prentsa-oharrak

1.869

1.602

1.731

1.624

1.614

Prentsaurrekoak

257

249

232

222

222

Maiatzetik, herritarrek www.pamplona.es webgunearen bidez ikus ditzakete Gobernu taldeak Udaletxean ematen dituen prentsaurrekoak. Prentsaurrekoak zuzenean emateaz gain, Udalaren webguneak bideoteka-zerbitzu bat dauka, non prentsaurreko bakoitzaren grabazioa ikus daitekeen. 2012an, 4.000 pertsona baino gehiago konektatu ziren zerbitzu horietara. 2006az geroztik, osoko bilkurak zuzenean ere ematen dira eta, horri loturik, akten eta bideoen zerbitzua eskaintzen da, jendeak grabazioak ikusteko aukera izan dezan. 2012an, 6.373 lagun sartu ziren interneten osoko bilkurak zuzenean ikusteko, eta 9.475 lagunek bideoen grabazioak ikusi zituzten.

2012an, Tokiko Gobernu Batzarrak Iruñeko Udalaren publizitatea kudeatzeko kontratua esleitu zuen 825.000 eurotan; aurreko kontratuarena baino % 33 gutxiagoan. Kontratuan jasoa dago hiru urtez luzatzeko aukera. Espedientearen helburua publizitatearen kudeaketa kontratatzea da, hau da, orijinal grafikoak, soinudunak edo ikus-entzunezkoak sortu, prestatu eta egitea, eta, aldi berean, esparruak kontratatzea, komunikabideetan eta komunikazio-euskarrietan sartzeko. Kontratuaren xede den publizitatea prentsan, informazio-aldizkarietan edo aldizkari espezializatuetan, komunikabide elektronikoetan, irrati eta telebistetan egiten da, eta beste edozein komunikabide edo euskarritan, baldin eta Udalak uste badu pleguan azaldutako parametroekin bat datorrela.

Teknologia berriak (webguneak eta sare sozialak)

2012an, Iruñeko Udalak bi webgune berri abiarazi zituen. Martxoan, haur-eskoletan izena aurrez emateko epea irekitzearekin bat, www.pamplona.es/escuelas infantiles estreinatu zen, Iruñeko Udalaren Haur Eskolen Organismo Autonomoaren menpeko 13 ikastetxeei buruzko datuak biltzeko (kokapena, edukiera, instalazioak, berariazko zerbitzuak edo bakoitzaren pedagogia-proiektuaren ezaugarriak), gurasoendako pedagogia-arloko argibide erabilgarria, eta egokitzapen-aldiari edo jantokiko menuei buruzko alderdi praktikoak. Era berean, webguneak iradokizun-postontzi bat jartzen du eskura, eskola bakoitzarekin zuzenean loturik dagoena, eta, horri esker, familiek eskoletako profesionalengana jotzeko aukera dute.

Abenduan, Udaltzaingoaren web berria aurkeztu zen, policiamunicipal.pamplona.es, polizia-kidegoaren eta herritarren arteko komunikazioa teknologia berrien bitartez erraztu eta sustatzeko. Horrela, Udaltzaingoak bere plataforma sortu du, herritarrek udaltzainen lana ezagutu, zerbitzuak eskatu eta izapideak erosoago egin ditzaten. Webgunean sarturik, hamaika izapide eta ekintza egiten ahal dira, hala nola isun baten egoera begiratu, ordaindu, alegazioak aurkeztu, alde urdinerako biztanle-txartela eskatu eta hiriko hainbat lekutan jarritako trafiko-kamerak unean-unean ikustea ere. Hona hemen non dauden kamerak: Merindade plazan, Navas de Tolosa kaleko errotondan, Aróstegui etorbidean, Bergamín kalearen eta Galizia etorbidearen artean eta Pio XII.aren etorbidearen eta Antso Azkarraren etorbidearen arteko elkargunean.

Urtean zehar, Udalak sare sozialetan toki handiagoa hartzeko apustua egin zuen, turismo-arloko profilak erabilita, Iruña Atsegin Dut! markarekin, eta kultura-arloko profilak ere erabilita, Iruña Kultura da etiketarekin. Facebooken, Twitterren eta ikusizko izaera berariazkoagoa duten beste sare batzuetan jarduteak, Instagram-en eta Tumblr-en adibidez, herritarrekiko komunikazio-bide berriak ireki ditu, herritarren bidez Iruñeari buruzko kultura- eta turismo-jarduerak, udal-baliabideak eta argibidea sustatzen baitira bertan.

Kultura eta Turismoa, beraz, gehitu egin zaizkie Udalak sare sozialetan darabiltzan baliabideei. Facebooken, esaterako, Iruña Gaztea, San Fermin, Milagrosak zurekin ekin, Klima-aldaketari aurre egiteko konpromisoa edo Enpresak Sustatzeko Zerbitzua, eta Twitterren, 010 edo Iruña Gaztea; Flickr-en, Iruña Gaztea, eta youtuberen kanal bat Iruñeko Udalaren bideoentzat.

Iruñeko Udalak gardentasun-indize bat lantzen jardun zuen 2012an, hainbat adierazletan oinarriturikoa, herritarrei www.pamplona.es. webgunearen bidez eskaintzen zaien udal-informazioaren maila bultzatzeko. Indizeak oinarri ditu Transparency International España organismoak eskaintzen dituen 80 adierazle. Organismo horrek Espainiako ehunetik gora udalen gardentasuna ebaluatzen du. Urte bukaeran, webguneak 77 adierazle argitaratu zituen. Udalak, gaur egun, ez du beste adierazleei buruzko informaziorik. Zerbitzu Gutunak, kode etikoak edo gobernu oneko kodeak dira, eta Udaleko goi-karguen ondasunen eta jardueren interesen erregistroa.

Gardentasun-adierazleak sei taldetan banaturik daude: udalbatzari buruzko argibideak, herritarrenganako eta gizartearekiko harremanak, ekonomia- eta finantza-arloko gardentasuna, gardentasuna zerbitzuen kontratazioan, gardentasuna hirigintzako eta herrilanetako gaietan eta, azkenik, Gardentasunari buruzko Lege berriaren adierazleak. Besteak beste, Gobernu Batzarren aktei buruzko informazioa dago sarturik, udal-ondareari buruzko informazioa, Udalean lan egiten duten langileei buruzkoa, bai eta hirigintza-arloko informazioa ere, hala nola Udal Planean dauden planoak, hirigintza-hitzarmenen laburpenak edota udal-obra nagusien lizitazioari buruzko datuak. Erakunde horrek 2010ean egindako txostenean, Iruñeko Udala 63. postuan sailkaturik gelditu zen eta 66 puntu lortu zituen 100etik, hots, Espainiako batez bestekoa baino lau puntu gutxiago.

Sanferminetako kartela

David Alegría nafar diseinatzailearen Sanferminetan nahi zaitut kartelak iragarri zituen 2012ko Sanferminak. Irudiak Osaba Sam iparramerikarraren ikonoa dakarkigu gogora eta zuzenean zuzentzen zaio ikusleari. Hondo gris urdinxkaren gainean, Caravinagrek hatz desafiatzaile batekin erronka jotzen die jaietan parte hartu nahi dutenei, hitz hauen bidez: I want you for Sanfermines (Sanferminetan nahi zaitut). Maskuria ezkutatua du.

Bosgarren urtez, kartela Iruñean erroldaturiko herritarren bozketa bidez hautatu zen. Sanferminetan nahi zaitut kartelak botoen % 29,7 eskuratu zituen, eta bozkak guztira 6.422 izan ziren. Iruindarrek internet bidez eta 010 telefonoaren bidez eman dezakete botoa, bai eta aurrez aurre ere hiriko zazpi Cicivox zentroetan egokitutako hautestontzietan. Botoen % 83,5 (5.361) www.pamplona.eswebaren bidez eman ziren; % 15,4 (992) 010 telefonoaren bidez, eta, % 1,1 (69), Civivox zentroetan. 2012ko edizioan, 511 lan aurkeztu ziren Sanferminetako kartelen lehiaketan.

2008

2009

2010

2011

2012

Emandako botoak

6.391

9.782

8.633

8.227

6.422

Udal-egutegia

Udalak Argazki Digitalaren Lehiaketa deitu du laugarren urtez jarraian, udal-egutegia osatzeko. 2012ko edizioan, berritasunak izan ziren, argazkiak ez baitziren hilabetez hilabete aurkeztu; horren ordez bi epe ezarri ziren, ekainean eta irailean, argazkiak aurkezteko. Ekainean 458 argazki jaso ziren urteko lehen eta azken hiruhilekoa ilustratzeko, hau da, urria, azaroa, abendua, urtarrila, otsaila eta martxoa. Bigarren epean, irailaren bukaerara bitartekoan, 507 argazki aurkeztu eta lehiatu ziren apirileko, maiatzeko, ekaineko, uztaileko, abuztuko eta iraileko irudiak izateko.

Guztira, 127 lagunek bidalitako 965 argazki jaso ziren. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost irudi igor ditzake hilabete bakoitzerako, jatorrizkoak eta ezein bitartekoz argitara eman gabeak, guztiak ere Iruñeari buruzkoak. Hilabete bakoitzeko irabazleek hiriko jatetxeetan bazkaldu edo afaltzeko bi lagunendako sariak lortzen dituzte, edo bestela, Aquavox zentroa erabiltzeko bonuak. Era berean, argazki onenari 1.000 euroko saria ematen zaio. 2012an, Eduardo Barasoainek irabazi zuen, tren-geltokiaren argazki batekin, zeina maiatzeko irudia izan baitzen.

Egutegiak urteko azken astean banatzen dira, abenduaren 27an eta 28an. 11.000 ale inguru argitaratu eta doan banatzen dira herritarren artean, bai Iruñeko Udaletxearen atzealdeko atean bai Kondestablearen Jauregian. Egutegiak hiru orduan baino gutxiagoan agortu ziren.

Urtea

2009

2010

2011

2012

Jasotako argazkiak

1.737

2.015

1.982

965

2013ko udal-egutegiaren irudiak

  • Urtarrila. Mendillorriko lorategia. Mario Valencia
  • Otsaila. Barbazán Apezpikuaren ingurabidea. Mario Valencia
  • Martxoa. Media Lunako igogailua eta zaldaina. Santiago Berges
  • Apirila. Runa parkea. Oscar Larraz
  • Maiatza. Iruñeko tren-geltokia. Eduardo Barasoain
  • Ekaina. Redingo bastioia. Daniel Andión
  • Uztaila. Gazteluko Plaza Sanferminetan. Fermin Mina
  • Abuztua. Arga ibaia. Daniel Andión
  • Iraila. Taconera parkea. Isidoro Francisco Arbizu
  • Urria. Runa parkea. Iñigo Aranguren
  • Azaroa. Irubide parkea. Paco Solana
  • Abendua. Zaldi Zuria. Iñigo Aranguren