2012an, indarrean zegoen Iruñeko Udalaren II. Plana, Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako (2010-2013). Planak Udalaren jarduketak zuzendu zituen urte osoan berdintasunaren arloan, eta haren jarraipen zehatzaz ENRED aholkularitza-enpresa arduratzen da.
Planak 8 arlo landu ditu eta, lehen neurri gisa (zeharkako arloa), arduradunak edo loturak ezarri dira Berdintasun arloko teknikariarekin, ondoren genero-ikuspegia aurretik egiten ari ziren jardueretan edo jarduera berrietan txertatzeko. Barne-ikuspuntutik begiratuta, gainera, urte osoan bilerak eta aholkularitza-harremanak egin ziren.
Aukeren Berdintasuna udal-administrazioan txertatze aldera, teknikariak eta politikariak gaitzeko berariazko ekintzak egin ziren, seihilabetekoan behin planifikatuak; intraneten genero-sentsibilizaziorako on-line modulu bat mantendu zen eta prebentzio- eta jarduketa-protokolo bat landu zen sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka.
2012an, herritarrei zuzendutako sustapen eta sentsibilizazioan (2. arloa), berariazko deialdiak egin ziren komunikabideentzat (2); Berdintasun arloko gaiei buruzko prentsa-oharrak www.pamplona.es webgunearen Albisteak atalean sartu ziren, eta Sanferminetan sexu-jazarpenari eta sexu-erasoei aurrea hartzeko urteroko kanpaina sustatu zen: Eta jaietan...zer?
Compañía Zentroa, bestalde, generoko haustura digitala ahalik eta gehien murrizteko udal-baliabide bat da, eta 2012an, 66 informatika-ikastaro eman zituen hainbat adinatako emakumeei eta emakume-elkarteei zuzenduak, bai eta adingabeei eta familiei ere (kasu honetan, oporraldietan, bateragarritasunaren ikuspegitik). Irailaz geroztik, zentroak bere profilak ditu Facebooken eta Twitterren. Udalak, 2012an ere laguntza eman zion IPES elkarteko Emakumeen Dokumentazio Liburutegiari eta, urrian, IPESen eskutik, harrera egin zitzaion Eida Martínez Rochari, zeina Costa Ricako Unibertsitateko CIEMeko ordezkaria eta Erdialdeko Amerikako Emakumeen Eskubideei buruzko Dokumentazio Zentroen Sareko kidea baita.
Bateragarritasuna sustatzeko baliabideen artean, 2012an zereginak trukatzeko lantegiaren bi edizio egin ziren eta haurrak oporretan artatzeko zerbitzuaren hiru edizio (Aste Santuan, Udan eta Eguberrietan), 3tik 12 urtera bitarte erroldaturiko adingabeentzat. Gainera, Eskola Bide Seguruak proiektuaren nondik norakoa landu zen.
Emakumeek hirian betetzen duten eginkizuna agerrarazte aldera, Udalak, martxoaren 16ko Osoko Bilkurak eskaturik, lan-talde bat eratu zuen hirian emakumeak izendatzeko; horren ondorioz, ibilbide gidatu bat egin zen eta esparru publikoetan honelako izenak paratzea bultzatu zen: Isabel Garbayo Ayala kalea edo Berdintasunaren plaza, biak ere Lezkairun. Zuzeneko ekintzaz harata, Alorrak 96.000 euroko diru-laguntza eman zien 2012an irabazi-asmorik gabeko 21 entitateri, berdintasuna sustatzeko proiektuak egin zitzaten.
Gizarte Ongizatearen Alorrean, 2012an (3. alorra) bateragarritasuna sustatzeko diru-laguntzak mantendu ziren eskola-jantokietarako (0 eta 12 urte arteko haurrak) eta genero-ikuspegia txertatu zen langabeendako ikastaroetan, Lantegi Eskolen prestakuntzan eta laneratzeko laguntasun-zereginean. Gainera, gizarte-zailtasunean dauden emakumeendako prestakuntza-lantegiak egin ziren: Iruñeko Espetxeko emakumeen moduluko 23 preso eta Mendekotasunean daudenendako gizarte- eta osasun-arta etxeetan eta erakundeetan II lantegiko parte-hartzaileak.
Emakumeendako Udal Laguntza Zerbitzua (EULZ) honako kasuetan ematen die laguntza emakumeei: banatzeak eta familia- edo bikote-harremanek eragindako arazoetan eta tratu txarren, sexu-jazarpenen, erasoen eta bortxaketen biktimak direnean. 2012an, 273 kasu berri artatu zituen. Holako kasuak, batez ere, auzo-unitateetatik bideratu zituzten (108); gero, zerbitzura zuzenean jo duten emakumeen kopurua dator (82 kasu). Gainerako 83ak beste instantzia batzuetatik bideratu zituzten, hala nola osasun-zerbitzuetatik, segurtasun-kidego eta -indarretatik, eta beste erakunde batzuetatik, bai eta 010 eta 016 zerbitzuetatik ere. 2012an, EULZeko profesionalek bilera, jardunaldi eta ikastaroetan parte har zezaten sustatu zen eta, horrela, jarduketen koordinazioa eta taldeen gaikuntza hobetu ziren. EULZeko langileek, gainera, 2012an genero-indarkeriari buruzko prestakuntza berariazkoa eman zuten.
Ekintza positiboaren irizpidea federazio-ligetan parte hartzen duten taldeendako laguntza-deialdiei aplikatu zitzaien, bai eta kirol afizionatuarendako diru-laguntzei ere. 2012an ere Udalak eskainitako kirol-jardueretan emakumeek zer-nolako parte hartzea duten aztertu zen. Emaitzak: mantentze-gimnasia eta aerobica egiten duten guztien % 95,6 emakumeak dira (guztira, 1.501 parte-hartzaile izan ziren); yogari dagokionez, % 95,4 da (erabiltzaileak 718 izanik).
Merkataritza eta Turismo Alorrari dagokionez (4. alorra), Enpresak Sustatzeko Zerbitzuak ekintzak egin zituen: 6 liburu berri kontsulta-funtsean; genero-ikuspegia enpresa-planen prestaketan sartzea; emakume enpresa sortzaileen inguruko Kafea eta liburuak saio bat (martxoa) eta enpresa sortzaileendako gaitasun-ikastaro bi (maiatza eta urria). Facebook eta Twitter sareen bidezko komunikazioa, gainera, ikuspegi horretatik egiten da.
Kultura Alorrak (5. alorra) bere jarduketan berdintasunezko irizpideak txertatzeko planteamendua egin zuen eta hizkuntza-estiloari buruzko eskuliburu bat banatu zen, Eulalia Lledó adituak idatzia; sariak banatzeko bederatzi epaimahairen osaera ere aztertu zen. Berdintasun alorrarekin koordinaturik, martxoak 8arekin (Emakumeen Nazioarteko Eguna) lotutako jarduerak egin ziren, Emakumeok gure askatasuna eraikitzen dugu... edozein adinetan, bizitza osoan, toki guztietan lemapean (martxoaren 5etik 15era), bai eta azaroaren 5arekin lotutakoak ere (jarduerak azaroaren 23tik 25era).
Horiez gain, oporraldietarako antolatu zirenak aipatu behar dira, Concilia programako ikastaroak, zeinetan bat datozen emakumezkoen eta adingabeen jarduera-ordutegiek, eta genero-ikuspegia kontuan hartzen duten gaitegi berariazkoak sortzea, hala nola Civivox Sareko Nafarroako Erreginak ikastaroa edo Gurasoen Eskolako saioak.
2012an, Zerbait gertatzen da arrosarekin ipuinaren irakurketa-gidak (Berdintasunaren aldeko 2011ko haur ipuinen I. Lehiaketaren irabazlea) Lehen Hezkuntza ematen duten hiriko ikastetxe publiko eta itundu guztiei banatu zitzaizkien, Hezkuntza eta Gazteria Alorreko ekintzaren bitartez (6. alorra). Gazteriaren Etxean, zehazki, berariazko lau saio egin ziren, gai hauei heltzeko: Saharaz hegoaldeko emakumeen migrazioa, buruzapiari buruzko eztabaida, sare sozialak, feminismoa eta emakumeen ahalduntzea; bestalde,Emakumeek hartzen dute hitza izenburuko saioa ere egin zen. 2012an, halaber, genero-harremanei buruzko lantegi bat egin zen eta defentsa pertsonaleko ikastaro bat, neskentzat. Gazteria Alorrak nabarmendu du, Etxeak eskaintzen dituen ikastaroak mutilentzat eta neskentzat badira ere, neskek ikastaroetako tokien % 77 hartzen dituztela. Joera hori Zibergelan baizik ez da aldatzen, mutilak % 71 baitira.
Herritarren Partaidetzan eta Teknologia berrietan (7. alorra), hainbat gauza berrikusi eta sartu ziren genero-ikuspegitik udalaren webgunean, hala nola Bateragarritasunaren Aldeko Toki Ituna, Berdintasun Plana eta martxoaren 8aren eta azaroaren 25aren inguruko jardueren programazioa. Halaber, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetze-inkestetan identifikazio-lauki bat sartua dago, datuak sexuaren arabera banakatzeko, eta datuekin bat, Herritarrendako Laguntza Telefonoaren (010) profil tipoa 35 eta 44 urte arteko emakumezko bat da.
Azken jarduketa-ildoak (8. alorra) Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna, Hirigintza eta Garapen Iraunkorra biltzen ditu bere baitan. Arlo horietan, 2012an hainbat ekintza egin ziren. Herritarren Segurtasun Alorrak hainbat ekintza egin zituen Sanferminetan, emakumeak hirian seguruago ibiltzeko, hala nola leku baztertuetan zaintza areagotzea (Gaztelugibel, Magdalenako zubia, Caparroso bidea, Arantzadi, etab.), autobabeserako ikastaroak ematea, pasabide batzuk ixtea (Jacoba edo Munduko Parkekoa) eta bideozaintzako kamerak paratzea. Iazko ekainaren 14an Babes Zibileko Batzordea osatu zen, eta Alorrak, babes zibileko laguntzaileek lagundurik, materialak banatu ditu, mezu honekin: Ezetza beti da ezetz.
Iruñeak eta Segurtasuneko Sarrailagileen Batasunak hitzarmen bat sinatu zuten maiatzaren 12an, zeinaren bidez, baimen ofiziala den bakoitzean, doan aldatzen baitira tratu txarrak salatzen dituzten eta beren alde urruntze-agindu bat duten emakumezkoen etxeetako sarrailak.
Hiri-mugikortasunaren arloan, herritarren eskaerei erantzuten jarraitu zitzaien 2012an, bai zintarrien beheragunea egokitzeari buruz, bai oinezkoendako pasabide berriak sortzeari buruz, eta Ingurumenean, genero-ikuspegia kontuan hartzen duten adierazleak txertatu dira Tokiko Agenda 21ak ebaluatzen dituenen artean.


