Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hirigintza eta Etxebizitza

Hirigintza eta Etxebizitza Alorraren ohiko lanari, hau da, Iruñeko hiri-antolamendua planifikatu eta kudeatzeari eta herritarrei aholkatzeari gehitu behar zaio 2013an Enpresa-sortzaileei Laguntzeko Bulegoa sortu izana. Bulegoa Armada etorbideko 2an dago, 5. solairuan.   Bulego horretan ematen da enpresa bat sortzeko behar den informazio guztia; laguntza ematen du izapideei buruz, kostuari buruz edota izapideak egiteko lekuari buruz; informazioa ematen du izan daitezkeen laguntzez, negozioa jardunean jartzeko epeez eta abarrez. Astelehenetik ostiralera dago zabalik, 8:30etik 14:30era, eta hiru harreman-bide ditu: aurrez aurrekoa, telefono bidezkoa (948 420 382) eta digitala, posta elektronikoaren bidez oficinadelemprededor@pamplona.es

Hirigintza-garapenak eta -proiektuak

Lezkairu

Behin bideak zabalik eta Monjardín kalea, Eguesibar kalearekin eta Lezkairuko iparraldeko etorkizuneko parkearekin lotzeko igogailua jardunean, 2013an Lezkairuko Erdiguneko parkea egiteko lanak bukatu ziren eta parkea abenduan  inauguratu zen, izena eman dion nafar aktore Alfredo Landaren senitartekoak aurrean zeudela. Parkeak 37.000 m2 ditu, berdegune eta oinezkoendako ibilbideetan banatuta. Xerolorategi baten gisara diseinatuak daude, eta haur-parke bat eta hiri-gimnasio bat daude bertan. Mendebaldetik ekialdera doa Mendillorriren eta Santa María la Real-Nafarroako Unibertsitate Publikoko Campusaren artean, eta Joan Paulo II.aren etorbideak soilik zeharkatuko du.  2,1 milioi euro inbertitu ziren.

Abuztuan, lurra mugitzen eta euste-horma jartzen hasi ziren Lezkairuko beste parke handian, Ipar Parkean. Iparretik hegoalderako norabidean antolatua dago Monjardín kalearen eta Badostaingo errepidearen artean, Lezkairuko zalduko kaleraino.  Aldeetan Joan Paulo II.aren etorbidea eta Mendillorrira joateko errepidea nahiz zubia ditu mugakide.  Parkeak 92.000 m2  izanen ditu luze-zabal, II. Zabalgunea, Lezkairu eta Mendillorri lotuko ditu, eta pasealeku  eta plazen bidez moldatuko ditu auzo horien arteko oinezkoendako loturak. 4,9 milioi euroko aurrekontua du eta Acciona Infraestructuras enpresa ari da garatzen, betiere Mecsa SAren eta Gaztelu Arquitectos estudioaren proiektuarekin.

Bitartean, jendea auzora bizitzera joaten hasi da.  2012an emandako 28 etxebizitza berriei 462 etxebizitza gehitu behar zaie, gehien-gehienak babez ofizialekoak, uda aurretik emandakoak, eta bigarren seihilekoan, berriz, prezio hitzartuko 380 etxebizitza libre eman ziren.  Aurreikuspenen arabera, 2013aren bukaeran auzo berrian mila eta bostehun auzokidek izanen dute egoitza.  Gainera, Lezkairuko antzinako etxeen ingurua hobetu zen; bertan, 90 familia inguru bizi dira.  Urte hasieran zoladurak hobetu, barandak jarri eta zerbitzu-sareak berritu ziren.  Halaber, atari batzuetako eskailera-mailen ordez arrapalak paratu ziren, eta haur-parke bat ere jarri zen.  Azaroaren bukaeran, 600 m2-ko merkataritza-lurzati bat esleitu zitzaion milioi 1 euroan Aralar SL Zerbitzu Estazioari.

Auzo berria Monjardín kalearen (II. Zabalgunea) eta Mutiloako mugaren artean kokatua dago, eta bertan, halaber, Moja Zurien Komentua mantendu da (Mariaren Misiolari Frantziskotarrak), 1949an eraiki zutena.  Komentua, berez, 1900ean sortu zen Iruñean, eta bere omenez, izen hori Joan Paulo II.aren etorbidearekin paraleloa den kale bati eman zitzaion, joan den abenduan. 

Hain zuzen ere, etorbide horretatik hurbil, Tenis Klubeko instalazioen ondoanjarduteko urbanizazio-proiektu bat aurkeztu zen urte bukaeran. Proiektuaren barnean  4.439 m2--ko errepide berri bat dago aurreikusia, 18 metroko zabalerakoa, eta era berean, L formako plaza bat, 1.444 m2-koa, 90 etxebizitza eraikitzeko bi lurzati, eta kirol- eta jolas-zentroa handitzeko lurzati bat,  9.712 m2-koa.

Arrosadia

Arrosadia, Iruñean hegoaldetik sartzeko atea, berritzen ari da eta, 2013. urtearen bukaeran, 111.844 m2 inguruko azaleran jardun duen jarduketa ari zen bukatzen; horietatik, 37.750 m2 Aintzirako Parkeari dagozkio eta Pamplonica lantegia eta udal-biltegiak lehenago zeuden orubean dago.  Izena eman dion aintzirak 5.000 m2 ditu, eta erdian geyser bat du; ura airerantz jaurtitzean, 9 eta 20 metro arteko altuerara irits daiteke.  Martxoan erabaki zen José María Jimeno Jurío historialariari eskainitako kalea aintziraren ondoan kokatzea, Zaragozako etorbidearen eta Fernando Remacha kalearen artean.

12.500 zuhaitz eta zuhaixka baino gehiagoko parkeaz gain, Arrosadiko 5. fasean pasealeku bat egin zen, bi unibertsitate presentzialen campusak lotzeko: NUP eta Nafarroako Unibertsitatea. Horren bidez, gainera, Sadar ibaia leheneratu zen.  Ibaia bere osoan atera da azalera, baina metro batzuk hegoalderantz desbideratuta; ibilgu zabalagoa du, eta ibaiertzak sendotu dira.  Abenduan, oinezkoendako bi zaldain paratu ziren ibaiaren gainean, biak ere altzairuzkoak; 3 metro zabal dira, eta hurrenez hurren 30 eta 10 metro luze.

Otsailean, zubi berri bat ireki zen zirkulaziorako Zaragozako etorbidean, Sadar ibaiaren gainean, eta ekialdean, plaza berri bat egin zen, Hegoalde Ikastolaren ondoan (Blas de la Serna eta Sebastián de Albero kaleen artean), Ilargi Enea parkeari jarraipena emateko.  Aintzirako Parkearen gainean eta, aurreikusitako etxebizitzetatik bereizita, plaza handi bat eraiki zen, behatoki batez, haur-jokoen hainbat eremuz eta helduendako beste elementu batzuez hornituta.  Obren aurrekontuak 10,5 milioi euro jo zuen.

Inguru horretan, ekainean, Reyno de Navarra Arena kiroldegiaren ingurua urbanizatzeko lanak bukatu ziren, Sadar kalean.  20.000 m2-ko kiroldegia da, hiriko futbol-zelaiaren ondoan kokatua, eta aurreikuspenen arabera, lanak 2014an bukatuko dira. Lehenago Osasunako igerilekuak zeuden inguruan, 2010ean hasi zen esku hartzen, eta eremu honek honez gero baditu kale urbanizatuak, espaloiak, aparkalekuak, argiteria eta hiri-altzariak.

Arantzadi

Arga ibairi lotuta, halaber, abenduaren 19an zabaldu zitzaien auzokideei  Arantzadiko parkea, ekaineko uholdeen ondorioz epea hainbat astez luzatu ondoren.  Obren lehen fasearen amaiera izan zen, hau da, meandroaren kanpoaldeko eraztunari dagokiona, 2008an nazioarteko ideia-lehiaketa irabazi zuen proiektuan jasotako esparruaren % 71 biltzen duena; hots, Alda Jover Arquitectos taldearen proiektua.  Lanak IC Construcción-Obenasa ABBEk egin zituen 3,9 milioi euroan, eta obren % 80 batera finantzatu zuten Europako Kohesio Funtsak eta EGEF-Espainia 2007/2013 funtsak.

Lehen fasean, lehendik zegoen ibaiertzeko basoan jardun zuten (9.500 m2-koa), garbiketa selektiboa eta basoberritze-lanak  egiteko eta, horrela, basoa hobetzeko.  Meandroaren kanpoaldeko ertzaren ibilbidean, hots, El Vergel egoitzatik hurbileneko eremuan, badira ekoizpenerako baratze hezigarriak (13.447 m2), Elkarkide SL irabazi-asmorik gabeko eta gizarte-ekimeneko enpresari 30 urterako esleituak. Enpresa horrek Aranzadi Lanerako Ikastegia kudeatzen du; lan eta prestakuntza zentro okupazionala da, minusbaliatuak gizarteratzeko.  Inguru horretan, gainera, haurrendako jolasak daude. 

Ondoren, Gurbindo Etxea dago, hau da, Fundagrok, Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak parte hartzen duten proiektu bat. Nekazaritzako Interpretazio Zentroa da eta, abenduan, lehen urtea bete zuen jardunean hasi zenetik. Urtebetean, 5.000tik gora bisitari jaso zituen.

Halaber, 51.500 m2 daude aisiarako baratze ekologikoetan (Baratze Orla). Baratze bakoitzak 100 m2 ditu, herritarrek landu ditzaten.  San Pedroko Monasterio Zaharraren parean daude, Alemanak bidean, eta banako konpostontziz eta ureztapenez hornituta daude.  Fundagrok 75 urtez kudeatuko ditu eta, aurreikuspenen arabera, 2014an partikularrei esleitzeko prozesu bat ezarriko da, urtean kanon bat ordaintzearen truke, eta Udalak dagokion erabilera-erregelamendua eginen du.  Baratzeen arteko esparruak zazpi plazaren bidez daude hautsiak, eta haietan dauden zuhaitzen izena eman zaie: Gereziondoen plaza, Irasagarren plaza, Udareondoen plaza, etab. Hurrengo eraztunean, barnealderantz, ur-goraldiko basoa dago, 81.000 m2-koa, parke berriaren bereizgarri.  Basoak eginkizun du ur-goraldian ibaiaren ibilgua handitzea, eta leku irisgarri baten gisara pentsatua dago, 1,3 kilometro baitaude bidexketan basoa gurutzatzeko eta inguratzeko.  

Masa berdeak, gainera, ibaiz bestaldeko auzoekin daude lotuta oinezkoendako eta bizikletendako zaldainen bitartez. Horrela, lehendik dauden El Vergeleko eta San Pedroko zubiei, eta Alemanak alderdiko zaldainari, 2014an San Pedroko Monasterio Zaharraren parean proiektatuko dena erantsiko zaie. Parke osoan, 3.200 zuhaitz baino gehiago eta 12.000 zuhaixka-espezie landatu ziren.

Trinitarios

2013an, ia bukatu egin ziren Trinitariosko parke berriaren lehen faseko lanak.  150.000 m2 izanen ditu guztira, eta bigarren faseko 35.000 m2-ak bakarrik daude bukatzeko (igogailu panoramikoa, Cuatrovientosko zubi berria eta oinezkoendako zaldaina, Gonzaga bastioitik).  Lanak Obras y Servicios Tex enpresak egin zituen, eta epea zabaldu behar izan zitzaion, ekainean Arantzadi ukitu zuten uholde berberen ondorioz.   Kostua: 3 milioi euro, eta horien % 80 batera finantzatu zuten  Europako Kohesio Funtsak eta EGEF-Espainia 2007/2013 funtsak.

Ureztapen-sareak eta argiteria paratu ondoren, udazkenean belarra erein eta zuhaitzak landatu ziren. Horrela, esparru berria bi eremuk eta zelai handi batek osatua dago.   Batetik, Sanduzelai auzoaren parean dagoen ibaiertza, lehenago baratzez eta mintegiz osatua, Biurdana institutuaren eta Cuatrovientosko zubiaren artekoa, non 800 metro linealeko bi bide paralelo baitaude, bidexken bidez elkarri lotuak eta hainbat berdegune mugatzen dituztenak.  

Bestetik, Oblatuen zubitik Plazaolako zubira bitarteko eremua, Argaren ibilguarekiko paraleloa. Zabaleran bost metro dituen oinezkoendako bulebar baten bidez eta bi metro zabaleko bidegorri baten bidez dago egituratua, eta Kosterapea izena ematea pentsatzen ari dira. Oblatuen aurrean 17.000 m2-ko zelai handi bat dago. Paraleloa da oinezkoendako bulebarrarekiko eta ikuskizunak egiteko aproposa.

Urte bukaeran, Discosa zaharraren ordez eginen den gasolindegi berriak lizentzia jaso zuen, Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroaren ondoan dagoen 3.499 m2-ko lurzati batean eraikitzeko.   Hitzarmen baten bidez, CEPSAk eremua urbanizatzeko konpromisoa hartu zuen eta 15 urtean ez aldatzeko lurzati berriaren erabilera. Udalak, aldi berean, konpromisoa hartu zuen inguruetan gasolindegiendako lizentziarik ez esleitzeko.  Urtea bukatu baino lehen, bukatutzat jo zen Arga ibaiaren hobekuntza hidraulikoaren proiektua Cuatrovientos zubiaren ingurunean, zeinak XIII. mendeko udalaren irin-errota zaharreko ubidea leheneratu baitzuen.  Horrela, ubidea, Cuatrovientosko zubia, Dona Grazia zubia eta ibai gaineko errotaren hormak pasealekuan txertaturik gelditu ziren.

Iturrama Berri

2013an, hiriko erdigunean den eremu hau urbanizatzeko proiektua aurkeztu zen, 22 urtean geldirik egon ondoren.   Lurzati horietan zirauten azken etxeak, aurreko antolamenduei zegozkienak, 2009an eraitsi ziren,  eta iazko abenduan, berriz, Plazaolak sustaturik, babes ofizialeko lehen 29 etxebizitza berriak esleitu ziren, Udalak lehiaketa publiko baten bidez saldutako lurzati batean.  Aurreikuspenen arabera, leku horretan hainbat tipologiatako 300 etxebizitza eraikiko dira.

Urbanizazio-lanak ez dira 2014ra arte hasiko; horren barruan dago Antso Azkarra Urdazubiko monasterioarekin lotuko duen oinezkoendako kale berria, Bakearen parrokiaren aurrean eta Fuente del Hierrorekin paraleloan.  Gainera, Urdazubiko monasterioaren kaleko tarte baten zabalera hirukoiztu eta 6.000 m2-ko plaza bat sortuko da, inguru zuhaiztuarekin.    Azken horrek 520 leku dituen 18.343 m2-ko disuasio-aparkalekua ukituko du. Aurrekontu aurreikusia bi milioi euro inguru da, urbanizazio-kuoten bidez ordainduko dena. Proiektua Alonso Hernández Asociado estudioak egina da.

AHTren UGPSa

2013an hasi ziren prestatzen Abiadura Handiko Trenaren Udalez gaindiko Eraginaren Plan Sektorialaren Birzatitze eta Urbanizazio-proiektuak, Foru Gobernuaren enkarguz Iruñeko Udalaren Urbanismo Gerentziak zuzendurik eta koordinaturik.

Jarduketaren bidez urbanizatu eginen dira bai RENFEko geltokiak gaur egun Sanduzelain okupaturiko esparruak bai aurreikusitako tren-geltoki berria jasoko duten esparruak, Mendebaleko ingurabidearen oinean, bai eta Aróstegui etorbidearen inguruko esparru osoa ere.   Jarduketarekin bat, egungo trenbide-begizta ezabatu eta haren ordez abiadura handiko trenbide berria jarriko da, zeinak komunikazioen garapena Nafarroan nabarmen aldatuko baitu.  Aurreikuspenen arabera, 2014an bukatuko dira aipatu proiektuak prestatzeko lanak.

Landaben

Iruñeko Udala eta Landabengo Enpresen Elkartea (ASELAN) hainbat urtez lankidetzan aritu ondoren, Landabengo industrialdeko kaleak berriro zenbakitzea eta izen berriak ematea onetsi zuen Udalak, Alkatetzak emandako Ebazpen bidez.   Industrialde horretan arazoak zeuden, enpresa eta nabeen kokapena zenbakitua ez zegoelako, eta zeharkale batzuek izenik ez zutelako ez zegoen ezta erreferentziarik ere non zeuden jakiteko.  Ikuskapen zehatz eta sakona egin ondoren, banaketa agindu zen eta seinaleztapena banaketa-panel orokor baten bidez egin zen

Hiria Zaharberritzeko Bulegoa

Hiria Zaharberritzeko Bulegoa Iruñeko Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza Alorraren baitan dago; hirigintza-lizentzia guztiak izapidetzen ditu eta eraikinak birgaitzen laguntzeko espedienteekin lotuta dauden obra guztien azken berrikuspenak egiten ditu, hiri osoan egin ere. Bulegoaren lanen artean dago eraikin bat birgaitzeaz interesatuta dauden komunitateei eta pertsonei behar diren argibide eta aholku guztiak ematea, hasierako akordioak hartzetik obrak kontratatzeraino. 2013an barna, eraikinak birgaitzeko 210 laguntza-espedienteren eta etxebizitzak birgaitzeko 99 laguntza-espedienteren behin betiko kalifikazioa bideratu zen.

Entitate honek, era berean, Hirigintzari dagozkion eskumen asko eskuratuak ditu, gehienbat hirian Lehentasunez Birgaitzeko Eremuak deklaratuta dauden inguruei lotutakoak (Alde Zaharra eta Zabalguneak); bereziki, bi eremuak garatzen dituen Planeamendu Bereziaren araudia aplikatu, kudeatu eta gaurkotzeari dagokionez (Alde Zaharreko BBBPB eta 1. eta 2. Zabalguneko BBPB). Ondorio horietarako, Alde Zaharreko BBBPBren aldaketa bat izapidetu zen, San Domingoko Merkatuaren Katalogazio Maila aldatze aldera.

Bizitegitarako eraikinak birgaitzeko laguntzak arautzen dituen Udal Ordenantzaren jomuga nagusia bi eremu horietan eraikitzea da (eraikinak birgaizeko lanen auzokide sustatzaileak diruz laguntzeko laguntzak dira). 2013tik hona, ez da birgaitze-laguntzarako eskaera berririk onartu tramiterako, baina jarraipena eman zaio aurretik eskatutako jarduketen tramitazioari, aurreko urteetan aurkeztutako espedienteak kalifikatu dira, hasita zeuden obren jarraipena egin da eta bukatutako lanei dagozkien laguntzak ordaindu dira. 2013an, Lehentasunez Birgaitzeko Eremuan dauden 36 eraikini ordaindu zitzaizkien laguntzak, 2.190.733 euro ordaindu ere. 

Eraikinak birgaitzeko lanen artean, eraikinen irisgarritasun-baldintzak hobetzeko lanak daude, interesatuak eskaturik; holakoetan, Hiria Zaharberritzeko Bulegoak  irisgarritasun Plan Bereziak izapidetzen ditu egoitza-eraikinetan, igogailua ezartzea ahalbidetze aldera; horretarako, behar den azalera desjabetzen du beheko solairuko lokaletan.  2013an, Irisgarritasun Plan Berezietako 9 espediente ebatzi ziren hiriko etxebizitza-eraikinetan.

Txantrea auzoan termitak atzeman eta tratatzeko lanei dagokienez, 16 toki edo estazio berrikusi ziren, guztietan ere termitak atzeman baitziren 2012aren bukaeran.  Ikuskapenen emaitzetatik ondorioztatu zen termiten jarduera oso txikia zela eta, horregatik, ez zegoela arrazoirik epe laburrean tratamendurik batere emateko; beraz, egoera une horretan normalizatutzat jo zitekeela.  Esan behar da atzemandako kalteek ez dutela inola ere egitura arriskuan jarri.  Modu berean, 2013an, Iruñeko II. Zabalgunean egin ziren termitak atzemateko lanak.  Halako jarduera zehatz bat agertu zen, intentsitate txikikoa, eraikinetako egiturari kalte nabarmenik eragin ez ziona, eta ikusi zen ez zela epe laburrean tratamendurik eman beharrik.

Jarduketa-datu nagusiak EZBn. 2012

Etxebizitzak birgaitu aurreko aholkularitza-txostenak 18
Alde Zaharreko etxebizitzen bizigarritasun-agirien gaineko txostenak 65
Birgaitze-lanei lotutako berrostatzeetarako etxebizitzen alokairuak. 6
Maileguak, sarrera ekonomikorik gabeko pertsonendako 4
Udalaren Diru-laguntzak Lehentasunez Birgaitzeko Eremuetan 2.190.730,42 €
Aldamioak lagatzea Alde Zaharrean eta Zabalguneetan birgaitze-lanak egiteko 125.451,67 €

Eraikinak birgaitzeko espedienteen behin-behineko kalifikazioa

EraikinakEtxebizitzak
Alde Zaharra     34      21
Zabalgunea     22      12
Hiriko beste auzoak    102      31
GUZTIRA    158      64

Eraikinak birgaitzeko espedienteen behin betiko kalifikazioa

EraikinakEtxebizitzak
Alde Zaharra     45      31
Zabalgunea     49      25
Hiriko beste auzoak    116      43
GUZTIRA    210      99

Pamplona Centro Histórico (PCH)

Iruñeko Udalak hirigune historikoan darabilen esku-hartze publikoak oinarri du Esku-hartze Globaleko hiru Proiektuen garapena (HGP), Udalak Lehentasunez Birgaitzeko Eremuaren baitan onetsitakoak. Hona hemen:  Carmen-Navarrería-Redín; Nagusia-Jarauta-Eslava; eta Descalzos.

Proiektuok estrategia hau darabilte etxebizitzei dagokienez: eraikinak birgaitzea, haien lurzatiak elkartuz eta eraikinak aldi berean berrituz. Holakorik ez lukete egiterik jabeek, Udalak zuzenean esku hartuko ez balu. Pamplona Centro Histórico Estrategia Globaleko Proiektuek etxebizitzetarako finkatu dituzten erabakiak garatzeaz eta birgaikuntza kudeatzeaz arduratzen den sozietatea da. PCHk eskubideak eskuratzen ditu, lehendik dauden etxebizitzak erosiz edo lagaz, eraikinak birgaitzea ahalbidetzeko, betiere Etxebizitza Planak kudeaketarako xede jotzen dituen arloetan.

2013an, 1,54 euroko inbertsioa egin zen eraikinak berritzeko lanetan, Alde Zaharrean. 2013an abiatutzat jotzen diren sustapenetan aurrerapen hauek egin dira:

Descalzos, 24 Eraikin bukatua. Etxebizitzak 2013ko bigarren hiruhilekoan eman ziren
Carmen, 25 Ia lan guztiak egin dira.  Aurreikuspenen arabera, lanak 2014ko lehen hiruhilekoan bukatu eta bigarren hiruhilekoan emanen dira. 
Descalzos, 47–53 Lehendik zegoen eraikina eraisteko lanak egin dira.  Eraikuntza-lanak 2013ko 2. hiruhilekoan hasi dira.

Pamplona Centro Histórico SAk, gainera, Planaren arabera berritzekoak diren 10 etxebizitza eta lokal eskuratu zituen, 2013an. Horrek  973.565 euroko inbertsioa eragin zuen.

2006-2013ko erosketak Etxebizitza Plana sortu zenetik

KaleaEtxebizitzak+lokalakInbertsioa
Descalzos 24 6 1.232.609 euros
Descalzos 23-25-27 16 2.419.901 euros
Descalzos 47-49-51-53 22 2.332.489 euros
Descalzos 55-57-59-61 15 1.295.546 euros
Descalzos 33-35 10 933.718 euros
Jarauta 7-9-11-13-15-17-19-21 9 1.246.702 euros
Jarauta 84-86 3 311.354 euros
Jarauta 58-Eslava 26 11 1.379.506 euros
Carmen 25 17 1.709.916 euros
Descalzos 42-44-46-48 7 442.356 euros
GUZTIRA11613.303.900 EUROS

PCHk, gainera, argibideak eman zizkien igogailua jarri nahi zuten Milagrosa eta Santa María la Real auzoetako auzokide eta komunitateei, eta azaldu zien zer aukera dauden igogailua jartzeko eta zer izapide eta urrats egin behar diren huraxe gauzatzeko. 2013an, 6 auzokide-komunitateri aholkularitza-lanak egin zitzaizkien.

Hipoteka-bitartekaritzako Bulegoa (OFIMEH)

Iruñeko Udalaren Hipoteka Bitartekaritzako Bulegoak (OFIMEH) 118 kasutan eman du laguntza, guztiak ere etxebizitza-erosketa edo -alokairua ordaindu ez izanari lotutako kasuetan.  Haietatik, 75 bururaino bideratu ziren, eta 43 tramitean daude.  Espediente guztien % 50ek baino gehiagok (60) banku-entitateari lehen aldiz ordaintzeari utzi baino lehen jo zuten OFIMEHra, hau da, baliabidearen prebentzio-izaera baliatu zuten. Bulegoaren hasierako garaian, aldiz, kasuen % 55ek baino gehiagok bulegora jotzen zuten ordaintzeari utzi ondoren.  Hala ere, 2013an, kasuen % 18,6 bide judiziala hasi dela iristen dira OFIMEHra.

2013an bukaturiko 75 kasuen % 36k lege-aholkularitza behar izan zuten, eta jaso egin zuten, eta kasuen % 64 (48) bitartekaritzan sartu zen.  Azken horien % 66,6tan akordio motaren bat lortu zen: zorra geroratzea (2), kopuruak birnegoziatzea (4), etxebizitza ordainean ematea eta, ondotik, gizarte-alokairurako akordioa (8), eta beste akordio mota bat; besteak beste, zorraren gabealdia (18).

Emaitza horien aldekoa izan da EBko Justizia Auzitegiak eta Auzitegi Gorenak abusuzko klausulei buruz finkaturiko araudi juridikoa, eta era berean, 1/2013 Legea, maiatzaren 14koa, hipoteka-zordunen babesa, zorraren berregituratzea eta alokairu soziala indartzeko neurriei buruzkoa. Araudi berriak ahalbidetzen du banku-entitateek beren jarrera negoziazioan malgutzea .

Espedienteak, auzoka
Erletokieta 2
Buztintxuri 10
Alde Zaharra 11
Txantrea 13
Etxabakoitz 9
II. Zabalgunea 2
Ermitagaña/Mendebaldea 4
Ezkaba 2
Iturrama 2
Mendillorri 2
Milagrosa 17
Arrotxapea 24
Sanduzelai 15
Donibane 5
GUZTIRA118

Hitzarmena eta planeamendu-aldaketak

2013ko martxoan, Iruñeko Alde Zaharreko Multzo Historiko-Artistikoaren zedarritzea berrikusi eta eguneratzeko eskaria egin zion Alorrak, Vianako Printzea Erakundearen bidez, Foru Gobernuko Kulturako, Turismoko eta Erakunde Harremanetako Departamentuari, Multzoa harresietako arrasto berrien errealitatera, horren ondorioetara (kontserbazioari begira) eta indarreko lege-deskribapenetara  egokitzeko. Izan ere, aspaldikoak dira (1939, 1968, 1973) gotorleku sorta osoa, Alde Zaharra eta I. Zabalgunea babesteko erregulazioak.  Azken erregulazioa 1998koa da eta, haren bidez, Ziudadela eta Iruñeko Harresiak babesteko inguruneak zedarritu ziren.

2013an, Hirigintza, Etxebizitza eta Ingurumen Alorrak araudiak izan zituen aztergai eta Alorrari dagokion erregulazio guztia bat egiteari eta sinpletzeari ekin zion.

Iaz, halaber,  aisia pribatuko lokalen Ordenantza onetsi zen hasiera batez. Lokal horiei jendeak etxabeak, piperoak edo gelak esaten die.  Bete beharreko erabilera-ordutegi bat ezarri da, eta gehienez ere halako pertsona kopuru jakin bat egon ahal izanen da, lokaleko egonlekuen azalera erabilgarriaren arabera.  Etxabeak itxita eta jenderik gabe egon beharko dute gauerditik aurrera lanegunetan, eta goizeko ordu bietatik aitzinera, larunbat, igande eta jaiegunetan.  Ordu-mugapenak ez du indarrik izanen Sanferminetan, Eguberri Egunean eta Urteberri Egunean, baina eragozpenak sortzen badira, beharrezkotzat jotzen diren neurriak –proportziokoak– ezartzen ahalko dira auzokideen atsedena bermatzeko.  Nafarroako Arartekoak egin zuen hasiera batean horrelako lokalak arautzeko proposamena.  Milagrosa auzoan daude etxaberik gehien, eta ondotik, Arrotxapean eta Txantrean.

Maiatzean Milagrosako Plan Berezia onetsi izanari esker, aspaldian eskatutako kontu bat desblokeatu egin zen, 2013an: Milagrosa auzoko 41 ataritan (410 etxebizitza) igogailuak jartzea.  Auzokideen proposamenak eta udal-azterlanak trukatu ondoren, planean aurreikusi zen eskailerak atzealdeko fatxadetara eramatea, eremu publikoa hartu gabe, eta eskaileren esparruan igogailu kristalduak jartzea.  Lehen lanak Santa Marta kaleko atari batean hasi ziren azaroan.   Jarduketaren esparruak kale hauek biltzen ditu: Larrabide, Santa Marta, Goroabe, Jesús Guridi, Jesús Guridi zeharkalea, Guelbenzu, Mariano García eta Zangoza. Lege-aldaketa horrek eraikuntza-aukerak zabaldu egin ditu hiri osoan, Alde Zaharrean izan ezik, BBBPBk arautua baitago.

Halaber, planeamendua aldatu zen, San Domingoko Merkatuko eraikinaren babes maila (katalogazioa) 3. mailatik 2. mailara jaisteko. Horrek bidea eman du kafe-antzoki bat sortzeko eraikinaren barrenean, Burgoen plazaren ondo-ondoko aldean.   Eraikin historikoaren bigarren solairuan kokatua, galeriaren barne-altuerak esparrua bi solairutan banatzeko bidea ematen du: batetik, 600 m2-ko solairuan agertoki bat eta areto bat jarriko dira, eta 300 m2-ko gainsolairuan, agertokirantz irekitako jatetxe bat.  Obrak 2014an hasten ahalko dira.

Alde Zaharreko planeamenduan bideratutako beste aldaketetako bat Jacobaren pasabideari dagokio, esparru horri buruzko plan berezi bat prestatu baitzen, pasabideak eraikinaren behe-solairuan osatzen duen esparru publikoa definitzeko eta etorkizunean irisgarritasun-baldintzak hobetzeko.

Urtarrilean, Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenak ezabatu egin zuen Hirigintza Gerentziak aho batez hartutako erabakia, zeinak 2007an Biritxituko Plan Berezia onetsi baitzuen 235 aisia-baratze sustatzeko.  Udalaren iritziz, Udalak berak aurreko epai bat (2011koa) betetzeak salbatu egiten du baratze-planaren egoera; beraz, jarduketak mantendu ziren, epai gehiago iristekoak badira ere.

Nafarroako Gobernuak Donapeko Udalez gaindiko Plan Sektoriala erretiratu zuen urrian, Nafarroako Unibertsitateak kokapen horretan hiru ikerketa-zentro jartzeari uko egin baitzion.  Aukera hori gauzatzeko, aurretik Donapea IIPk Ipar Etxabakoitzera eraman beharra zegoen.   Azaroan, Auzitegi Gorenak ezabatu egin zuen Iruñeko eta Galarko (Cordovilla) udal-mugapeetan –UGPS bidez– 4.105 etxebizitza eraikitzeko egoitza-proiektua.

Emandako lizentziak

-       Obretarako lizentziak

Obretarako lizentzia gutxiago ere eman ziren, baina jaitsiera ez zen izan inola ere aurreko urteetakoa bezain handia.  Ondoren ageri da zenbat lizentzia eman zituen Alorrak 2009tik 2013ra, modalitateen eta urteen arabera sailkatuak

LIZENTZIA MOTAK20092010201120122013
Izapide arrunteko obrak 327 375 344 263 247
Obra laburtuak 432 616 528 545 533
Obra jakinaraziak 310 *1.324 293 411 458
Izapide arrunteko obrak (EZB) 320 283 316 211 151
Izapide laburreko obrak, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoak bideratuta 79 100 103 108 128
Jakinarazitako obrak, Etxebizitzak Zaharberritzeko Bulegoak bideratuta 873 *1.299 737 87 75
GUZTIRA2.3413.9972.3211.6251.592
* Nafarroako Gobernuak laguntzak eman zituen etxebizitzetako leihoak aldatzeko

-       Jardueretarako eta irekitzeko lizentziak

2013an, finkatu egin zen jarduerak jardunean hastea Erantzukizuneko Aitorpena aurkeztuz. Administrazio-figura horrek jarduera kaltegabe eta sailkatu asko irekitzeko izapideak sinpletu ditu, eta 2012an eman zion indarra Gobernu zentralak Errege Dekretu baten bitartez.

Irekiera horiek jaietan egokitasunez kontrolatze aldera, Sanferminak hasi aurretik argitaratu ohi den Alkatetzaren Bandoan ezarri zen, ezen ikusirik ez dagoela administrazioaren aurretiazko kontrolik eta badagoela osasunerako arriskua bisitari olde handiko egoeran, uztailaren 15era arte ez dute ondoriorik sortuko elikadura-jarduerei buruz uztailaren 1etik 5era aurkezten diren erantzukizuneko aitorpenek, pikareska eragozte aldera.  Horrela, ezin izanen da inolako jardueratan aritu hirigintza-, osasun- eta zerga-baldintzak betetzen ez dituzten lokaletan (irekitzeko lizentzia edo, bestela, erantzukizuneko aitorpena eta alta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan edo Lizentzia Fiskalean). Elikagaien edota edarien kasuan, poliziak salatuko ditu arauak urratzen dituztenak, salgai dauden gaien konfiskazioa ezertan galarazi gabe, horrelakorik behar izanez gero.

Erantzukizuneko aitorpenaren aterpean sartuta ez dauden jarduerek ohiko prozeduren mendean jarraitzen dute, eta irekitzeko lizentzia eskatu behar dute, dela kaltegabea dela sailkatua.  2013an, 405 jarduera jarri ziren abian, 2012an bezalatsu, eta haietariko 209 erantzukizuneko aitorpenaren bidez abiarazi ziren, eta 196, berriz, irekitzeko lizentziaren bidez: 124 jarduera kaltegabeetarako, eta 72, sailkatuetarako.

20092010201120122013
Irekitzeko lizentzia sailkatuak 111 97 164 102 72
Irekitzeko lizentzia kaltegabeak 192 219 280 185 124
Erantzukizuneko aitorpenak * * * 118 209
GUZTIRA303316444405405
* Erantzukizuneko Aitorpenak 2012ko ekainean hasi ziren, maiatzean onetsitako 19/2012 Errege Dekretuaz geroztik.

Hirigintza Diziplina

Alorraren beste eginkizun bat –eta aurrekoen adinako garrantzia duena– hirigintzari buruzko legezkotasuna kontrolatzea da eta, horretarako, legeak hirigintza-diziplinako atalaren bidez ematen dituen tresnak baliatzen ditu.

Horren haritik, iaz, araudia hausteari lotutako 221 espediente ireki ziren, dela emandako lizentzia-baldintzak ez betetzeagatik, dela lizentziarik gabeko obrak egiteagatik, dela kasuan kasuko lizentzian babesturik ez zeuden jarduerak egiteagatik.  Horietatik, 114 itxi ziren, eta 107 tramitatzen ari ziren urte bukaeran.

Zergatiak: arautu beharreko lizentzia-espedienteak, zeinak atzeman baitira dela Alorreko ikuskatzaileen aldian behingo ikuskapenen bidez, dela partikularrek –010era deituz edo erregistroaren bitartez– egindako salaketen bidez, dela Udaleko beste organo batzuek eskaturik, hala nola Ingurumeneko, Hiri Kontserbazioko eta Herritarren Segurtasuneko Alorrek eskaturik.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala