Ingurumena
Iruñeko Udala orain dela urte askotatik hona ari da ekintza asko garatzen garapen iraunkorraren alde, horrekin konprometitua baitago. Horretarako, beste jarduera batzuen artean, hainbat organismotan parte hartzen du, hala nola NELS Sarean (2011), Klimaren aldeko Hirien Espainiako Sarean (2007), EnerAgen Sarean (2003) eta Energy Cities ekimenean (1999).
Iraunkortasun Alorra
Udaleko Energia Agentzia
1998an sortu zenetik, Udaleko Energia Agentziak neurriak eta ekintzak sustatzen ditu energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko. Era berean, lanean dihardu hiria energia berriztagarrien sustapenean engaiatzeko.
- Energia berriztagarrien instalazioak
Ikastetxe Fotovoltaikoen Sarea 21 ikastetxe publikoz osatua zegoen 2013an; beraz, ezaugarri horietako hiru ikastetxe bakarrik falta dira sarean sartzeko: San Frantzisko IP (non ezinezkoa baita, eraikin katalogatua delako), Bernat Etxepare IP eta Doña Mayor IP. Sareko ikastetxeez gain, Ingurumen Heziketarako Museoa, Antso Abarka plazako pergola, Gaztediaren Etxea eta Sanduzelaiko Hiria ere sarturik daude. Iaz, instalatutako potentzia 192,25 Kwp izan zen, eta 210.268 Kwp-eko ekoizpena lortu zen; horrek 56.237 euroko diru-sarrerak eragin zizkion Udalari, BEZa barne.
Udalak, gainera, 14 eguzki-instalazio termiko kudeatzen ditu kiroldegi, haur eskola, ikastetxe publiko eta abarretan; bi instalazio geotermiko (Piraguismo Eskola/Caparrosoren Errota eta Milagrosa Haur Eskola) eta lau biomasa-instalazio. Berriztagarrien teknologiarik berriena, hirian 2009an paratzen hasitakoa, energia minieolikotik datorren elektrizitatea da. Horrelako instalazioa Sanduzelaiko Kirol Hirian jarria dago.
2013an, arlo honetako hezkuntza- eta sentsibilizazio-politikaren baitan, bi bisita gidatu egin ziren instalazio berrietara, eta guztira 45 lagun joan ziren.
- Ikasleendako prestakuntza
2001. urteaz geroztik ari da egiten Energia aurkitu eta konta ezazu Udalaren hezkuntza-programa, energia zentzuz erabiltzeko. Programak helburu du Lehen eta Bigarren hezkuntzako ikasleak sentsibilizatzea energiaren neurrigabeko kontsumoaz eta, era berean, norberarengan energia aurreztera eta iraunkortasunera bideratutako portaerak sustatzea. Iaz, lantegi gehiago eskaini ziren bi zikloetan eta www.descubrelaenergiaycuentalo.combloga zabaldu zen.
2012-2013ko ikasturtean, parte-hartzaile kopurua % 33 hazi zen, aurreko ikasturtearen aldean. 3.553 ikaslek parte hartu zuten (Lehen Hezkuntzako 25 ikastetxetako 2.292k eta Bigarren Hezkuntzako 12 ikastetxetako 1.261 ikaslek). Zikloka, Lehen Hezkuntzako lantegien % 75 gaztelaniaz eman ziren; DBHn, berriz, % 67.
Eskola-programako parte-hartzaile kopuruaren bilakaera 2009-2013ko aldian.

Programan parte hartutakoen artean, Lehen Hezkuntzarako III. Marrazki Lehiaketa egin zen, eta Bigarren Hezkuntzarako II. Argazki Lehiaketa. Hona hemen irabazleak: Gloria Fernández García, San Ignacio-Jesuitas ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. mailakoa, eta Nerea Madoz Muruzábal, Iturrama BHIko DBHko 4. mailakoa, hurrenez hurren. Bi lehiaketen xedea da ikasleak sustatzea beren eguneroko bizitzan energiaz baliatzeko hainbat jardunbide egoki eskura dezaten.
- Eraikinak eta energia
Ikastetxeetako Eskola Eraginkorrak auditoria-programaz gain, Iruñeko Udalak DISPLAY programa bultzatzen du, Udalaren 20 eraikinetako ur- eta energia-kontsumoak monitorizatzeko, eta erabiltzaileei aurrerapenen berri emateko. 2013an, Energy Cities ekimeneko kartela birdiseinatu zen, Renovate Europe Day jardunaldian ikusgai jarri zena.
Eraikinen eraginkortasun-ziurtagirietarako prozedura ezarri duen 235/2013 Errege Dekretua onetsi ondotik –zeina derrigorrezkoa izanen baita alokairu eta salmentetan oro har, eta 500 m2-tik gorako eraikin publikoetan– Energia Agentziak hainbat eraikin ziurtatu zituen: Yamaguchiko Liburutegi Publikoa, Civivox Iturrama zentroa, Arantzadiko igerilekuak, San Pedro Multzoko 52 etxebizitza eta Santa Luzia pasealekua, eta gainera, Udaletxeko ziurtapena ere hasi zuen.
Era berean, energia-erabilera hobetzeko azterlanak egin ziren eraikin osoetan edo eraikin batzuen zati batzuetan; besteak beste, Bainuetxean eta Zapateria 4ko eraikinean (non, gainera, energia zentzuz erabiltzeko neurriak hartu baitziren), lau haur-eskoletan, Aquavox Iturrama zentroan, Arantzadiko igerilekuetan eta Civivox Iturrama zentroan. Era berean, Vázquez de Mella Ikastetxe Publikoko azterlana eguneratu zen eta ikastetxe horretako fluoreszente guztiak aldatu ziren.
- Auto elektrikoa
Auto elektrikoa hirian ezartzeari dagokionez, berotegi-efektua eta zarata-eragozpenak eragiten dituzten gasen isuriak ahalik eta gehien murrizte aldera, 2013an, ibilgailu elektrikoak kargatzeko bost guneen sarea mantendu zen (San Ignazio kalean, Orreaga etorbidearekiko bidegurutzean; Blas de la Serna kalean; bi Ezkirotz kalean, bat Antso Azkarra etorbidearekiko bidegurutzean, eta bestea Ermitagañako merkatuan, Arcadio Maria Larraona kalearen ondoan). Iaz, guztira, 55 ibilgailu elektrikok ziharduten Iruñean eta, aurreko urtean berriz, 47.
Urtean zehar, ibilgailu elektrikoak alokatzeko baseak bitik laura bikoiztu ziren hirian, bat Navas de Tolosa kaleko 5ean ireki baitzen, eta bestea tren-geltokiaren aparkalekuaren ondoan (beste biak Merindade plazan eta Pio XII.aren etorbideko 45ean daude). 129 lagun www.carsharingnavarra.com zerbitzuan erregistratu ziren (hau da, 2012an baino % 35,7 gehiago). Carsharing Navarrak 1.189 ordu erreserbatu zituen ibilgailu elektrikoan aritzeko, eta batez beste, erreserba bakoitzeko, 22 kilometro egin ziren.
Iaz, ICT4VEU europar proiektua mantendu zen, ibilgailu elektrikoaren inguruan IKTak garatzen saiatzeko, Iruñeko eta Gasteizko kargaguneen kudeatzaileen arteko jardungarritasuna xede hartuta. Europan hiru proiektu pilotu dira; Iruñekoa –Espainiaren ordezkaritzan–, Erresuma Batukoa eta Austria-Esloveniakoa.
- Informazioa eta aholkularitza
Energia Agentziak argibideak eta aholkuak ematen dizkie herritarrei, eta sentsibilizatu egiten ditu, energia-eraginkortasunari eta energi berriztagarriei lotutako arloetan. 2013an, eguneratu egin zen eskuragarri dagoen material inprimatua. Gainera, kontsulta gehiago izan zen; hau da, aurreko urteetako beheranzko joera gainditu eta azken bost urte honetako kopururik handienera iritsi zen. Kontsulten % 70 Carsharing-zerbitzuak eta eraikinen energia-ziurtapenak eragin zuten.
Zerbitzuaren webguneak 100.385 bisita jaso zituen 2013an; hau da, 2012an baino % 290 gehiago.
- Iruña Smart City
Iruña Hiri Adimentsuen Espainiako Sareko (RECI) kide da. Udaleko Energia Agentziak, Udal Gerentziarekin elkarlanean, era aktiboan parte hartzen du sektorekako hainbat lan-taldetan. Sareak lanean dihardu Smart Cities edo Hiri Adimentsuak lortzeko, non teknologia berrien erabilera bideratu eta zabaldu egiten baita herritarren artean, herritarren eta kudeatzaileen arteko harremanak eraginkortasunez eta eragingarritasunez bideratzeko, betiere berrikuntza, kudeaketaren hobekuntza eta herritarren bizi-kalitatea igotzea kontuan harturik.
Alde horretatik, Ingurumen Alorrak eta Udal Gerentziak Nire hiri adimentsua proiektuaren garapenean ere lan egin zuten. Ekimen hori Espainiako 30 hiritara iritsi zen maiatzean eta ekainean; besteak beste, Iruñera. 2013an, Iruña Smart City Estrategia aurkeztu eta SmartPamplona erabiltzailea sortu zen Twitterren, udal-lanak arlo horretan darabilen komunikazio-bide baten gisara.
- Beste batzuk
Urtero bezala, Ingurumen Alorrak Europako Mugikortasun Asteari lotutako jarduerak antolatu zituen irailean (bizikleta-bideak eta oinezkoendako bideak, antzerkia, ibilgailu elektrikoen erakusketa, jolasak, bizikletak aztertzeko lantegia, etab.). Gainera, aurreko urteetan bezala, Energia Agentziak mahai-egutegi bat argitaratu zuen, eta hor energia eraginkortasunez erabiltzeko aholkuak ematen zituen. Era berean, jardunaldietan, foro espezializatuetan eta abarretan parte hartu zuen.
Agenda 21
Agenda 21 Nazio Batuen programa bat da, garapen iraunkorra lortzeko, hau da, egungo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapena lortzeko, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei erantzuteko ahalmena kolokan jarri gabe. Horri lotutako jardueren artean, 2013an zerbitzuak Iruñeko Agenda 21eko II. Ekintza Planaren (2011n onetsitakoa) gauzapen-egoera aztertu zuen. Planean diseinatutako 176 ekintzetatik, % 22 gauzatu dira eta % 67 gauzatzen ari dira (oro har, tankera jarraitua duten ekintzak dira). Agenda 21 Foroa arduratzen da jarraipena egiteaz. 2000n sortua, 59 entitate daude ordezkaturik. Azterketa hiru bileretan egin zen, hirurak ere urrian egindakoak.
Iruñeko Tokiko Agenda 21ek, proposamenak aztertu eta diseinatzean, 21 iraunkortasun-adierazleren sistema bat darama lotuta –adierazleak sozialak, ekonomikoak ingurumenekoak eta instituzionalak dira–, eta datuak urtean zehar eguneratzen dira. Gainera, Agenda Iruñeak 2009an Alkateen Ituna sinatzeagatik bere gain hartu zituen konpromisoez arduratzen da. Ituna Europako Batzordearen ekimena da, tokiko gobernuei zuzendutakoa, eta, haren bidez, konpromisoa hartzen dute CO2-aren eta berotegi-efektuko gasen isurpenak % 20 murrizteko eta hiriko energia kontsumo osoaren % 20 iturri berriztagarrietatik lortzeko. 2011tik 2013ra, erabat burutu ziren edo gauzatzen ari ziren epe laburrera ezarritako neurrien % 93 (46tik 43).
Zerbitzuak, gainera, nazioarteko ospakizunetan parte hartzen du, hainbat jarduera antolatuz, adibidez, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean (ekainak 5). Zerbitzuko teknikariek, bestalde, hainbat profiletako jardunaldi eta ikastaroetan parte hartzen dute, Iraunkortasunaren aldeko Toki Entitateen Nafarroako Sarearen edo CRANAren saioetan, kasu.
Ingurumen Heziketarako Museoa
Ingurumen Heziketarako Museoa (Errotazar kalea, zk.g.) Iruñeko Udalaren ingurumen-arloko hezkuntza- eta sentsibilizazio-baliabide nagusia da eta, iazko apirilean, hamar urte bete zituen. Hori dela eta, berariazko programazio-aste bat antolatu zen. 2013an, ordutegi- eta egutegi-sistema berria finkatu zen. 2012ko erdialdetik, Museoa itxita dago asteburuetan eta uztailean, eta asteguneko arratsaldeetan ordu erdi lehenago ixten da. Ordutegi osoko azken urtearekin alderatuta (2011), 2013an bisitariak % 25 gehiago izan ziren. Bisitari gehiago izan zenez, eta zentzuzko irekiera-ordutegiari esker, udal-ekipamendu honen kudeaketa-kostua % 73 apalagoa izan zen erabiltzaile bakoitzeko.
Museoak, iaz, 9.899 bisitari hartu zituen; 2012an 9.429 izan zirenez, igoera % 5ekoa izan zen. Inauguratu zenetik, guztira 71.823 bisitari izan ditu. 2013ko bisitari guztietatik, % 37,5 ikasle taldeak izan ziren; % 52,5, berriz, bestelako talde antolatuak, eta % 10, azkenik, partikularrak, hau da, bilduma iraunkorra edo aldi baterako erakusketak beren kasa bisitatzen dituzten pertsonak. 2012ren aldean, 7 puntutan egin zuten gora bestelako taldeetako bisitariek, ikasle taldeekin alderatuta.
Urteroko bisitari-kopuruen taula bisitari moten arabera
| URTEA | BISITARI KOPURUA | GUZTIRA | ||
|---|---|---|---|---|
| Partikularrak | Ikasleak | Beste Talde batzuk | ||
| 2009 | 752 | 3.610 | 3.116 | 7.478 |
| 2010 | 637 | 4.367 | 3.383 | 8.387 |
| 2011 | 694 | 4.371 | 2.880 | 7.945 |
| 2012 | 1.037 | 4.104 | 4.288 | 9.429 |
| 2013 | 988 | 3.716 | 5.195 | 9.899 |
Iraunkortasunaren aldeko Heziketa programa derrigorrezko eta bestelako hezkuntza-maila guztietako ikasleei zuzendua da, eta 2013-2014ko ikasturtean jarduera gehiago eskaini zituen, zehazki 22tik 30era igo baitzen eskaintza. Urte naturaleko eskola-kanpaina 3.716 ikaslerengana iritsi zen (2012an, berriz, 4.104 izan ziren). Taldeak, nolanahi ere, 165etik 171ra hazi ziren.
Adingabeentzat ere, Museoak 2013an oporraldietarako lantegiak eskaini zituen, Erregetako astean, Aste Santuan, udan eta Eguberrietan. Guztira, 31 jarduera egin ziren, hala nola jinkanak, merkatu txikiak, lantegi praktikoak..., 1.006 parte-hartzailerekin; hau da, 2012an baino % 9 gehiago. Zenbaki horietan sarturik daude udako bisitarien talde antolatuak, gehienbat kanpamenduak eta ludotekak izaten baitira.
Helduek beren berariazko zabalkunde-programak dituzte, eta guztiak Iraunkortasunaren Ikasgela izenburupean bilduta daude. 2013an, 2012ko urrian ezarritako aldaketak finkatu ziren, eta urteko asteazken gehienetan jarduerak antolatu ziren. Zehazki, 99 jarduera egin ziren –2012an baino % 77 gehiago–, eta guztira 2.963 parte-hartzaile bildu zituzten, hau da, aurreko urtean baino % 43 gehiago, eta 2011n baino % 90 gehiago.
Lehen aldiz, lantegi praktikoak antolatu ziren Neure eskuz izenburupean, eta doako ludoteka-zerbitzua ezarri zen helduekin batera doazen txikientzat, aurrez eskaera telefonoz eginda. 2013an, 31 lagun bertaratu ziren batez beste Iraunkortasunaren Ikasgelako jarduera bakoitzera.
Iraunkortasunaren Ikasgelan urtez urte izandako parte-hartzaile kopuruaren bilakaera

2013an, halaber, jarraipena eman zitzaion irakasleak prestatzeko programari, eta hiru gai landu ziren: eskola-baratzeak, ikasgela iraunkorra eta bizi-bus bat ezartzea. Ekimen horretan, guztira, 92 irakaslek parte hartu zuten.
Hedapen digitalari dagokionez, www.museoambientalpamplona.com, museoaren webguneak 25.739 bisita jaso zituen 2013an; hau da, aurreko urtean baino % 12 gehiago. Facebook orrialdeak 467 jarraitzaile izateari eutsi zion, eta @MuseoEAPamplona-k 385 jarraitzaile izan zituen.
Hiriko bioaniztasuna
Agenda 21ek hiriko bioaniztasuna mantentzen eta hobetzen dihardu. 2013an, Udalak, Nafarroako Unibertsitatearen bidez, azterlan bat egin zuen udal-barrutian dauden ibaietako eta beste ur-masa batzuetako fauna urtarrari buruz: arrainak, moluskuak, artropodoak eta makroornogabe bentonikoak. Emaitzen arabera, Arga ibaiak egoera ekologiko ona edo oso ona du Iruñeko barrutian, hala aldagai fisiko-kimikoei dagokienez, nola adierazle biotikoei dagokienez. Elortz eta Sadar ibaien egoera, ordea, ez da ona. Era berean, azterlanak dio badirela espezie autoktonoei lekua kentzen ari zaizkien espezie exotikoak.
Bestalde, iaz berriz ere kalkulatu zen hegazti ugaltzaileetan oinarrituriko bioaniztasun-adierazlea. 51 espezietako 1.951 hegazti atzeman ziren (2009an, aldiz, 47 espezietako 1.607 atzeman ziren), eta espezie arruntenak sorbeltz arrunta, etxe-txolarrea, haitz-usoa eta karnaba izan ziren. Ezkaba, Gaztelugibel eta Magdalena dira bioaniztasunik handieneko eremuak.
Jarraipena eman zitzaien Ezkaba mendiko basoak hobetzeko lanei, lurzoru publikoko lurzatietan baso autoktonoa leheneratze aldera. Lan horietan Arantzadiko Parkea Lantegi Eskolako ikasleak ari dira, eta finantziazioa Udaletik, Nafarroako Enplegu Zerbitzutik eta Europako Gizarte Funtsetik etorri da. Ikasleen praktika-aldian, 2012ko irailetik 2013ko apirilera, hektarea bateko pinudi batean jardun zen; zuhaitz erdiak –600 inguru– moztu ziren. Guztira, 75 estereo zur kendu ziren (30 bat tona). Lan horiei lotuta, Ingurumen Heziketarako Museoan dibulgaziozko hitzaldiak egin ziren, bai eta bisita gidatuak ere, herritarrak baso-kudeaketa iraunkorraz eta bioaniztasunaren zainketaz sentsibilizatzeko.
2013an, bioaniztasunari buruzko beste bi jarduketa egin ziren: aholkularitza-lanak, Sadar ibaiaren parke berriko aintziran (Arrosadia) eta Taconerako urmaeletan hartu beharre bioingeniaritza-irtenbideei buruz.
Iraunkortasun-irizpideak udal-kontratuetan
2013an, jarraipen- eta aholkularitza-eginkizunekin jarraitu zen, udal-kontratu publikoetan iraunkortasun-irizpideak txertatze aldera. Sei kontraturen aholkularitza egin zen: paper-hornikuntza eta informatika-ondasun agorgarrien hornikuntza Sociedad de Informática Municipal enpresarentzat (ANIMSA); atezaintza,- harrera- eta jendearendako arreta-kontratua autobus-geltoki zaharrean; Gaztediaren Etxeko zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratua; haur-eskolak garbitzeko kontratua, eta arropa garbitu eta lisatzeko zerbitzurako laguntza-kontratua etxez etxeko laguntza-zerbitzurako (EELZ).
Mugikortasun iraunkorra eta bizikletaren sustapena
2013ko azaroaren 6an, Iruñeko Bizikletaren Behatokia osatu zen. Foro aholku- eta proposamen-emailea da eta helburu du bizikleta hiriko garraiobide gisara aztertzea hainbat arlotatik begiratuta, hala nola erabiltzaile kopurua, egungo bizikleta-bideen sarea, aparkalekuak edota segurtasuna.
Ingurumen, Herritarren Segurtasuneko, Hiri Kontserbazio eta Proiektuetako alorretako udal-teknikariz eta arduradunez osatua da, bai eta beste erakunde nahiz entitateetako ordezkariz ere, hala nola DGT, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutua, Iruñeko hiru unibertsitateak, Ermitagaña Txirrindulari Taldea, Garraiobide Osasungarrien Elkartea (AMTS) eta Iruñerriko Txirrindularien Elkartea (CCCP). Lehen bileratik 14 proposamen atera ziren, eta 14ak lantzen hasi ziren.
Gainera, bizikleta garraiobide gisa sustatze aldera, Udalak bere Nbizi alokairu-zerbitzua bultzatzen jarraitu zuen. Iazkoan, 252 erabiltzaile berri izan ziren. Sistemak, hortaz, bere osoan jada 3.900 erabiltzaile ditu; 2012an baino % 7 gehiago. Iaz, bestalde, 125 txartel eskatu ziren, aldi baterako akreditatzeko. Zerbitzuak ehun bizikleta eta bost geltoki ditu hiriko hainbat tokitan.
2013an, guztira, 11.884 mailegu egin ziren, hau da, aurreko urtean baino % 3 gutxiago, eta, eguneroko erabilerak, bana beste, 34 izan ziren. Zerbitzuaren hilerik onenak abuztua eta iraila izan ziren, bien artean 3.136 mailegu izan baitziren. Jaitsiera orokorra urteko lehen sei hilabeteetako eguraldi txarrari egotzi zaio, urtarriletik ekainera bitarteko jaitsiera % 11 izan baitzen; aldiz, uztailetik abendura, maileguek % 5 egin zuten gora.
2013an, halaber, herritarrendako Bizieskola ikastaroak ere antolatu ziren Garraiobide Osasungarrien Elkartearekin. Lehen aldiz 2010ean egin ziren. 2013an, bost ikastaro antolatu ziren; batez beste, 14 lagun bertaratu ziren ikastaroko eta, guztira, 68 parte-hartzaile izan ziren.
Aldi berean, autoaren erabilera garraiobide gisara murrizte aldera, Autoan elkarrekin zerbitzua bultzatzen du Udalak. Udalaren webgunearen bidez, herritarrek badute www.compartir.org webera iristerik, non erabiltzaileak erregistratzen ahal diren, bidaiak ibilgailu pribatu batean elkarrekin egiteko pertsonak bilatze aldera. Zerbitzua 2005ean abiarazi zenetik, guztira 1.647 erabiltzaile izan dira; haietariko 200ek 2013an hartu zuten alta, eta horrek guztira % 3 gehiago egiten du 2012an baino. Webguneak, batez beste, 631 bisita jaso zituen hileko.
Osasuna prebenitzea
Elikagaien Ikuskaritza
Elikagaien Ikuskaritzak Iruñeko biztanleek kontsumitzen dituzten elikagaien osasun-kalitatea zaintzea du eginkizun eta, era berean, elikagaiak prestatzeko, biltegiratzeko eta saltzeko lokalen egokitasuna ziurtatzea, bai eta elikagaiak elaboratu eta manipulatzeko prozesuena eta horretan ari diren langileena ere. 2013ko urtarrilaren 1ean, 994 ostalaritza-establezimendu zeuden erroldaturik zeuden Iruñean, 1.136 elikadura-establezimendu eta elikagaiekin lotutako bestelako 73 establezimendu edo jarduera egonkor eta ez-egonkor.
Iazkoan, 3.748 ikuskaritza-bisita egin ziren establezimendu horietara. Horren ondorioz, 657 espediente abiarazi, 105 zehapen jarri eta 512 errekerimendu egin ziren. Bisita horietan Sanferminetan egindakoak sarturik daude. Egun horietan, izan ere, ikuskaritza-zerbitzuek zaintza berezia antolatzen dute; hau da, osasun kontrolerako eta laginak hartzeko bisitak egiten dira establezimendu ez iraunkorretara eta, era berean, jaia egiten den lekuetako establezimenduak ikuskatzen dira. Guztira, osasun-kontrolerako 146 esku-hartze egin ziren eta, haietariko 60tan, gabeziak atzeman ziren.
2009tik 2013ra, ostalaritzan eta elikaduran izandako zehapen-espedienteak
| sektoreak | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |||
|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
| ostalaritza | 72 | 53 | 79 | 41 | 69 | |||
| elikadura | 70 | 36 | 62 | 45 | 36 | |||
|
Zehapen-espediente guztiak | 142 | 89 | 141 | 86 | 105 | |||
Zoonosia
Zoonosi Unitatea hiriko etxe-animaliei zein horien parekoei lotutako osasun-aferez arduratzen da, eta Iruñeko Animaliak Hartzeko Zentroan (AHZ) kokaturik dago. Era berean, Taconerako minizooa kudeatzeaz arduratzen da, 2009tik hona.
2013an, 305 zakur eta katu sartu ziren Zentroan; 223 eta 82 ale, hurrenez hurren. Gehienak eremu publikoan jasotakoak dira (222), edo jabeek emandakoak (52), eta haien % 46 Animaliak Hartzeko Zentroaren bitartez adoptatu ziren. Udalak animaliak gisa horretan erreskatatzearen alde dihardu; horrela, azken bost urte honetan, 785 animaliaren adopzioan esku hartu du.
2013an, 139 maskota adoptatu ziren (87 zakur eta 52 katu). Adopzioen sustapenak, gainera, bere isla izan zuen eskura dauden animalien gaineko argibidearen hobekuntzan, www.pamplona.eswebean, komunikabideen bidezko zabalkundean, eta era berean, instalazioen hobekuntzan eta animaliak hartzeko jarraibideetan. Gainera, dibulgazio-hitzaldiak eta Zentroa ikusteko bisita gidatuak antolatu ziren, animaliak babesteko elkarteekin lankidetzan. 2013an, adopzio-zerbitzuaren dibulgazio-foileto bat argitaratu zen.
AHZn adoptatutako animaliak 2006tik 2011ra
| urtea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Zakurrak | 102 | 85 | 127 | 139 | 87 |
| Katuak | 37 | 36 | 74 | 51 | 52 |
| Guztira | 139 | 121 | 201 | 190 | 139 |
2013an, mantendu egin zen Animaliak eta Landareak babesteko Elkartearekiko lankidetza-hitzarmenak, AHZk zakurrak eta katuak errazago adoptatu ditzan. Iaz, bestalde, hitzarmena sinatu zen MirandaOla zakur-zentroarekin, prestakuntza sustatzeko zakurren hezieraren arloan. Zakurrez eta katuez gainera, Udalak bi bildots, Floridako bi apoarmatu, bi beltxarga, Angorako untxi bat eta hiru ahatetxo ere jaso zituen.
AHZko kontsultategian, amorruaren kontrako 95 txerto eta beste horrenbeste mikrotxip jarri ziren, bai eta 231 oroitzapen-dosi ere. Zakurrak amorruaren kontra txertatzeko eta identifikatzeko kanpaina maiatzaren 20tik 25era egin zen.
Bestalde, Udaltzaingoak zainketa egiten jarraitu zuen aurre egiteko hala pertsonen eta animalien elkarbizitzatik hirian erator daitezkeen arazoei nola arriskutsuak gerta daitezkeen animaliak edukitzetik etor daitezkeenei. 2013an, aurreko urteetan baino zehapen-espediente gutxiago abiarazi ziren (112), eta 2012an, berriz, 135.
2013an, animaliek pertsonei hozka egindako 34 kasutan esku hartu zen. Animalia horien osasuna aztertu zen eta ezein kasutan ez zen gaixotasun kutsagarririk atzeman.
Animaliek egindako hozkadak; kasu erregistratuak 2009tik 2013ra
| Motak | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Zakurrek egindakoak | 40 | 25 | 23 | 22 | 32 |
| Beste animalia batzuek egindakoak | - | - | 1 | 2 | 2 |
| Guztira | 40 | 25 | 24 | 24 | 34 |
Zoonosi Unitateak, era berean, 1.448 uso harrapatu zituen; guztira, 19.301 uso harrapatu dira 1997tik hona. Kezka berezi bat zabaldu zen usoek eragindako arazoengatik; hiriko hiru ikastetxe publikotan, batez ere.
Animaliek (zakurrak, usoak, kaleko katuak, etab.) eragindako arazoen ondoriozko kontsulta, kexa eta salaketei erantzun zitzaien, administrazio-bidez, lakiolariek esku hartuz, edo ukitutakoei aholkularitza nahiz argibidea emanez. 2013ko otsailean, Animaliak Babesteko Etxauriko Zentroarekin aritu zen lankidetzan, Argaren uholdeek ukitutako 17 zakur AHZan hartzeko.
Abenduan, hiriko auzo batean hainbat zakur pozondu zituzten. Hori dela eta, Zoonosi Unitateko langileek esku hartu zuten, Udaltzaingoarekin lankidetzan, albaitaritza-kontuetan aholkatzeko eta zer pozoin erabili zen identifikatzeko (egun erabiltzea debekatua dagoen plagizida bat).
Bi albaitari eta bi laguntzaile arduratzen dira Taconerako minizooaren osasun-kudeaketaz. 2013an, minizooko oreinei saneamendu-tratamendua egin zitzaien, bai eta parasitoak hiltzeko tratamendua ere. Gainera, minizooaren dotazioak hobetzen eta mantentze-lanak egiten jarraitu zen (ateak, ate txikia, inkubagailuak, etab.), Gizarte Enpleguak eta Soldadurako Lantegi Eskolak lagundurik.
Ingurumen-ingeniaritza
Ingurumen Ingeniaritzako Zerbitzua ingurumena kutsatzen duten isurpenak kontrolatzeaz arduratzen da (zaratez, usainez, keez eta gasez) eta, era berean, ofizioz ikuskatzen ditu eragozpenak sor ditzaketen emisio eta immisio akustikoak eta ke-isurpenak lokaletan: ostalaritzakoak, saltoki handietakoak, industriakoak, etab. Gainera, parte baten salaketak jasotzeaz gain, Udaltzaingoak aurkezturiko zarata-salaketa guztiak bideratzen ditu. 2013rako, berariazko helburu bat ezarri zen: Ingurumen Ingeniaritzako Zerbitzuaren Txosten Teknikoak egiteko erabilitako dokumentazioaren kudeaketa-prozesua berrikustea.
Salaketak eta ikuskapenak, guztira. 2009-2013
| Urtea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Salaketa kopurua | 244 | 191 | 175 | 152 | 192 |
| Ikuskapen kopurua | 161 | 132 | 172 | 95 | 176 |
Salaketa gehien-gehienak (178) zaratak eraginda jarri ziren. Zehazki, 2013an, kexen % 39,8 zaratari zegokion; gehienbat, gaueko ordutegian. Dena den, 2009tik aurrera, % 20,53 murriztu egin ziren ostalaritzako lokalek (tabernak, kafetegiak, taberna bereziak...) eragindako zarata-salaketak, ofiziozko ikuskapen gehiago egiten direlako. Guztira, 68 zehapen jarri ziren.
Kutsadura akustikoak eragindako salaketak
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
| Tabernak | 42 | 39 | 42 | 35 | 58 |
| Auzokideak | 134 | 70 | 70 | 59 | 71 |
| Beste batzuk | 48 | 62 | 50 | 45 | 49 |
| Kutsadura akustikoak eragindako salaketak | 224 | 171 | 162 | 139 | 178 |
2013an, Alde Zaharreko eta Arrotxapeko giro-zarataren neurketa-datuen bilakaera aztertu zen. Hori lagungarria da trafikoak eta gaueko aisiak eragindako zarata-immisioaren mailaren bilakaera kontrolatzeko eta, era berean, neurri eraginkorragoak hartzea ahalbidetzeko. Neurketak San Nikolas kalean, Labrit jaitsieran, Gaztelu plazan eta Antso Abarkaren plazan egin ziren. San Nikolas kalean izan ezik, non zarata-maila mantendu baitzen, gainerakoetan nabarmen jaitsi zen; bereziki, Labrit jaitsieran (% 5,3).
Zerbitzuak, gainera, zaratagatik eta keak eta usainek eragindako kutsaduragatik jarritako salaketak izapidetzen ditu, eta herritarrek egindako salaketei, kontsultei eta informazio-eskariei harrera egiten die.
Ingurumen Osasuna
Iruñeko Udalak, Ingurumen Osasunerako zerbitzuaren bidez, zainketa-lanak egiten ditu hauen inguruan: giza kontsumorako hornidura-sareko ura, ibaietako ura, erabilera kolektiborako igerilekuak, haur-eskolak, estetika- eta norberaren garbitasun-jarduerak egiten diren lokalak eta merkataritza-lokal berriak edo titulartasuna aldatu dutenak.
2013an, 575 estetika-establezimenduei (ile-apaindegiak, UV belzte-zentroak, tatuajeak, piercing, masajeak...) eta 38 haurtzaindegiri urtean behingo osasun-kontrola egin zitzaien; era berean, hasierako osasun-kontrola egin zitzaien elikaduraz besteko jarduera duten 744 lokal ireki berriei. Guztira, 1.357 establezimendu ikuskatu ziren.
Zerbitzuak ofizioz nahiz herritarrek eskaturik dihardu, baina 2013an, berriz ere, ia ikuskapen guztiak ofizioz egin ziren (% 94,7).
2013an egindako ikuskapenak eta hartutako laginak

1.506 ur-lagin hartu ziren, analisi kimikoa eta bakteriologikoa egiteko, erroldaturik dauden 753 kontsumo-txorrotetan. Txorrotak honakoetan daude kokaturik: iturri publikoetan, derrigorrezko irakaskuntzako ikastetxeetako patio, jantoki eta sukaldeetan, Udalaren haur eskoletako ikasgela eta sukaldeetan, udal-kiroldegietan, Civivox zentroetan eta Udalaren lan-zentroetan. Horrez gain, 25 lagin hartu ziren Arga, Elortz eta Sadar ibaien sarreran eta irteeran. Erabilera kolektiboko igerilekuei dagokienez, 268 ur-lagin hartu ziren 84 igerilekutan. Era berean, 2013an, 35 ikuskapen egin ziren; bat, irekiera-lizentzia duen haurtzaindegi erroldatu bakoitzeko. Horrez gain, estetika- eta norberaren garbitasunerako jarduerak egiten diren 525 merkataritza-lokal ikuskatu ziren. Guztira, 575 ikuskapen egin ziren, eta horiek 23 espediente eragin zituzten
Lizentzia berriko lokal-ikuskatuen bilakaera
| URTEA | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Ikuskatutako lokal kopurua | 372 | 416 | 506 | 432 | 493 |
| Gabeziak dituzten lokal-kopurua | 96 | 72 | 79 | 91 | 70 |
| 1. ikuskapen-bisitan zuzen ez zeuden lokalen % | 25,8 | 17,3 | 15,6 | 25,8 | 14,2 |
Udal Laborategia
Udal Laborategia arduratzen da elikagaiak eta urak osasunaren aldetik kontrolatzeko beharrezkoak diren analisi kimikoak eta mikrobiologikoak egiteaz, Elikagaien eta Osasun Ingurumenaren Ikuskaritzak hartutako laginak abiapuntu hartuta.
Elikagaiak kontrolatzeari dagokionez, elikagaien egoera egiaztatzen da elikadura- eta ostalaritza-establezimenduetan zein eskola-jantokietan eta makina saltzaileetan. Elikagaiak analizatzeko jarduera honetan, guztira 536 lagin hartu ziren eta 1.975 saiakuntza kimiko eta 598 saiakuntza mikrobiologiko egin ziren
Laborategiak, halaber, erantzun egiten die herritarrek ingurumenaz eta elikagaiez plazarazten dituzten kontsultei. 2011n, 24 kontsultari erantzun zitzaion; gehienak (20) etxebizitzetan edo establezimenduetan intsektuak identifikatzeari buruz. Azkenik, udal-zerbitzu honek hirugarrenek eskaturik hartu eta azter ditzake laginak. 2011n, era horretako 26 izan ziren, herritar eta enpresendako, eta 41, erakunde ofizialendako.
Elikagaiak analizatzeko 2013ko jarduera-laburpena
| Elikagai mota | Lagin kopurua | Saiakuntza kimikoak | Saiakuntza mikrobiologikoak | Guztira | |
|---|---|---|---|---|---|
| Esnekiak | 45 | 234 | 62 | 296 | |
| Haragikiak | 44 | 482 | 40 | 522 | |
| Arrainkiak | 43 | 207 | 40 | 247 | |
| Olioak | 17 | 173 | 0 | 173 | |
| Gozotegiak eta izozkitegiak | 24 | 120 | 48 | 168 | |
| Plater prestatuak | 118 | 192 | 236 | 428 | |
| Beste batzuk | 245 | 567 | 172 | 739 | |
| Guztira | 536 | 1.975 | 598 | 2.573 | |
Ingurumena (ura) kontrolatzeko jarduera-laburpena. 2013. urtea
| Laginak | Saiakuntzak Kimikoak | Saiakuntzak Mikrobiologikoak | Saiakuntzak guztira | ||
|---|---|---|---|---|---|
| Sareko ura | 1.581 | 15.954 | 4.767 | 20.721 | |
| Igerilekuetako ura | 270 | 2.400 | 1.302 | 3.702 | |
| Ibaietako ura | 24 | 264 | 72 | 336 | |
| Salaketak | 9 | 34 | 29 | 63 | |
| Guztira | 1.884 | 18.652 | 6.170 | 24.822 | |
Laborategiak, halaber, erantzun egiten die herritarrek ingurumenaz eta elikagaiez plazarazten dituzten kontsultei. 2013an, 15 galdera izan ziren. Azkenik, oso gutxi izan arren, udal-zerbitzu honek hirugarrenek eskaturik hartu eta azter ditzake laginak. 2013an, era horretako 19 izan ziren, herritar eta enpresentzat, eta 226, erakunde ofizialentzat.
Analisi-jardueren laburpena 2013
| Jatorria | Lagin kopurua | Saiakuntzak Kimikoak | Saiakuntzak Mikrobiologikoak | Saiakuntzak guztira | |
|---|---|---|---|---|---|
| Ikusk. Ingurumen | 1.884 | 18.652 | 6.170 | 24.822 | |
| Elikadura-ikusk. | 536 | 1.964 | 603 | 2.567 | |
| Enpresak eta Organismo ofizialak | 245 | 524 | 6 | 530 | |
| Analisi-kontrola | 533 | 1.267 | 447 | 1.714 | |
| GUZTIRA | 3.195 | 22.407 | 7.226 | 29.633 | |
Osasun Zerbitzuak
Epidemiologia Zerbitzua
Zerbitzu hau zaintza eta analisi epidemiologikoaz arduratzen da, bai eta osasuna sustatzeko eta bultzatzeko programak kudeatzeaz eta osasun publikoan ikerkuntza egiteaz ere. Elikadura-azturak hobetze aldera eta jarduera fisikoa aldian behin egitea bultzatze aldera, 2013an Gosaldu egunero eta Helduendako ibilketa nordikoa programak mantendu ziren.
Gosaldu egunero 2008-2009ko ikasturtean abiatu zen, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei gosari osasungarri eta orekatuak egiten irakasteko, dietistek-nutrizionistek ikastetxean bertan zuzendutako saioetan. 2013an, txanda Víctor Pradera IPan hasita, hiri guztian maila horretan matrikulatutako 2.243 ikasleetatik 2.164k parte hartu zuten, eta 40 ikastetxek hirian dauden 41en artetik, 23 ikastetxe publikok eta 17 itunduk. Ikastetxe guztien artetik, 9tan euskaraz egin zen (395 ikasle). Programaren inkesten arabera, 2012-2013ko ikasturteko ikasle parte-hartzaileen % 96,9k egunero gosaltzen du.
Zerbitzu horren barruan, 2013an, Nafarroako Dietista-nutrizionisten Elkargo Ofizialarekiko lankidetza-hitzarmena berritu zen eta, era berean, Udalaren gainerakoari arlo horri buruzko aholkularitza eman zitzaion; adibidez, Zure bokata motxilan programa sei ikastetxetan abiarazteko.
Aurreko urteetan bezala, jarduera fisikoa sustatze aldera, helduendako ibilketa nordikoetan hasteko saioak egin ziren, larunbat goizetan. 140 leku eskaini eta 135 bete ziren, bost ibilbide desberdinetan; abiaburuak Civivox sareko zentroak izan ziren.
Bost urte bete ditu polen-alerten doako sistemak. Mezuak mugikorretara bidaltzen dira sms bidez edo e-postaz. Martxoaren 11tik ekainaren 11ra, hiriko landare-espezie nagusietako polen-mailari buruzko argibide-zerbitzua jarri zen indarrean. Ekimena Iruña Smart City Estrategian sarturiko zerbitzu adimentsuen artean dago eta, Udalaren beste antzeko batzuek bezala, Dintel Fundazioaren sari nazional bat jaso zuen.
Argibidea, gainera, irratiz eta telebistaz zabaltzen da Egunez egun zure hiria zerbitzu publikoko informazio-saioaren bitartez, eta www.pamplona.eswebean eguneratuta mantentzen da. Zehazki, 2013an, 168 lagunek eman zuten izena alerta-zerbitzuan; beraz, guztira, 530 erabiltzaile dira. 6.106 SMS mezu bidali zitzaizkien eta 641 posta elektroniko.
Polen-mailari buruzko argibidea jasotzen duen lagun kopurua
| 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | ||
|---|---|---|---|---|---|
| Izena emandakoen kopurua | 330 | 236 | 362 | 530 | |
Higiene eta desinfekzioko zerbitzuak
Desinfekzio Parkea
Zerbitzuak desinfektatzeko, arratoiak hiltzeko, intsektuak hiltzeko eta usain txarrak kentzeko lanak egiten ditu, eta udal-zerbitzuetako arropa ere garbitzen du. 2013an, 21.822 zerbitzu egin ziren guztira, 2012an baino % 0,93 gutxiago, batez ere murriztu egin zelako ibaiertzetan arratoiak hiltzeko jarduketa.
2013an, arratoiak hiltzeko 17.082 zerbitzu egin ziren; 2012an, aldiz, 17.484. Intsektuak hiltzeko zerbitzuak, berriz, 736tik 754ra igo ziren 2013an, hau da, % 2,4; funtsean, horrelako jarduketa Udalaren egoitzetan hazi delako. Halaber, desinfekzioak igo ziren, 2.864tik 3.033ra; jarduera horrek gaixotasun infekziosoen transmisioa galarazi nahi du toki publikoetan. Astean behin, gainera, Bainuetxeko eta hiriko komun publikoetako usain txarrak kentzen dira.
Usain txarrak kentzea 2013
| Urtea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Bainuetxea eta komun publikoak | 886 | 912 | 939 | 942 | 953 |
Komun publikoak
Hirian 10 komun tradizional daude, langileak dituztenak, enpresa kontratatuek kudeatuak, eta berez garbitzen diren 22 komun, Udalak berak kudeatuak.
Komun tradizionalik erabilienak Gazteluko plaza, Gurutzeko plaza eta Sarasate pasealekukoak dira; 861.510 aldiz erabili ziren horiek, eta guztira 1,7 milioi erabilera izan ziren komun tradizionaletan. Gutxien erabilitakoa Munduko parkekoa da, 91.026 erabilerarekin, eta ondotik, Media Lunakoa (102.050 erabilera). Berez garbitzen diren komunek emaitza ona izaten jarraitu zuten; horrela, 284.341 erabilera izan zituzten, eta 2012an, berriz, 277.615; hau da, erabilera % 2,4 igo zen. Erabilienak, berriz ere, Gazteluko plazakoak eta Sarasate pasealekukoak izan ziren; gutxien erabilienak, ordea, Boticario Viñaburu kaleko eta Mendillorriko Aintzirako parkekoak dira.
Irailean, Tokiko Gobernu Batzarrak San Frantzisko plazako kioskoa garbiketa automatikoko komun bihurtzeko lanak esleitu zituen; era horretako lehen esku-hartzea izan zen hirian. Erabilera mistorako da egokia eta ezgaituendako dago moldatua; eraikin horretatik beretik, gainera, plazako lurpeko aparkalekurako sarbidea mantendu da.
Bainuetxea eta Antoniuttiko dutxak
Bainuetxean (Eslava kalea) egunero ematen zaio dutxa-, bainu- edo arropa garbitzearen zerbitzua halakorik eskatzen duen jendeari. Zerbitzuak zortzi dutxa-kabina ditu jendeak erabil ditzan, bai eta sei bainu-ontzi (bi egokituak, ezgaituek erabil ditzaten), hiru garbigailu eta hiru lehorgailu ere.
Dutxa, bainu, garbiketa eta lehorketa kopurua
| Urtea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Dutxa kopurua | 8.526 | 7.687 | 7.402 | 7.992 | 8.123 |
| Bainu kopurua | 5 | 12 | 3 | 7 | 11 |
| Dutxak eta bainuak, guztira | 8.531 | 7.699 | 7.405 | 7.999 | 8.134 |
| Garbiketa kopurua | 1.264 | 1.125 | 1.188 | 1.324 | 1.095 |
| Lehorketa kopurua | 1.124 | 926 | 1.036 | 1.248 | 942 |
| Garbiketak eta lehorketak, guztira | 2.388 | 2.051 | 2.224 | 2.572 | 2.037 |
Azken urteetan dutxa kopuruan izandako jaitsieraren ondotik, 2012an dutxa kopuruak % 8 egin zuen gora eta, ehuneko horren gainean, 2013an % 1,6 igo zen. % 7,6 egin zuen behera pertsona behartsuek eskatutako dutxa kopuruak, 2012aren aldean, eta urte hartan igoera % 92 izan zen. Halaber, % 20,8 jaitsi zen garbigailuen eta lehorgailuen erabilera, gizarte-zerbitzuetatik eskari gutxiago jaso zelako.
Bestalde, Antoniutti parkeko komun publikoen barrutian 6 dutxa daude, Sanferminetan dutxa hartzea eskatzen duten jendeari zerbitzua emateko (uztailaren 5etik 15era daude zabalik). Festetako eguraldiak eragin handia izaten du erabileran eta, 2013an, % 21,8 handitu zen; hau da, 2012an gutxi gorabehera jaitsi zena. Guztira, 1.689 dutxa izan zire.
Antoniuttiko dutxa-erabileren kopurua Bilakaeraren joera
| Urtea | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|
| Dutxa kopurua | 1.550 | 1.775 | 1.402 | 1.386 | 1.689 |
2011n, dutxa-zerbitzuak % 3,8 egin zuen behera 2010ekoaren aldean; bereziki, Sanferminetan eskariak behera egin zuelako. Arropa-garbigailuen eta -lehorgailuen zerbitzuak, aldiz % 8,5 egin zuen gora, hiru urtez jarraian behera jo ondoren, funtsean, pobreendako egiten diren zerbitzuengatik.
Antoniutti parkeko komun publikoen barrutian, bestalde, 6 dutxa daude, Sanferminetan dutxa hartzea eskatzen duten jendeari zerbitzua emateko. Festetako eguraldiak eragin handia izaten du erabileran; 2011n, erabilerak % 21 egin zuen behera, 2010ekoaren aldean.
Xiringen bilketa
Zerbitzuak bide publikoan abandonatuta dauden xiringak jasotzea eta ezabatzea du eginkizun, hondakin sanitarioek ustekabean gaixotasunak transmititzeko aukerarik izan ez dadin. Astean bitan egiten dira xiringak jasotzeko ibilaldiak, eta xiringa gehien Donibanen, Sanduzelain eta Alde Zaharrean aurkitu ziren, baina hiru auzoetan 2012an baino xiringa gutxiago aurkitu ziren.
Iaz, ez zen xiringarik batere aurkitu Mendillorrin, Iturraman, Milagrosan eta Landabenen. 2013an, xiringa gutxiago jaso zen, % 14 gutxiago, hain zuzen: 198, eta aurreko urtean, aldiz, 23.
