Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hiri Kontserbazioa

Hona, besteak beste, Hiri Kontserbazioko zuzendaritzaren jarduera nagusiak:  kontserbazio-lanak gauzatzea, bide publikoak, lorategiak, hiri-altzariak, eraikinak, igogailuak, berokuntza eta argiteria publikoak mantentzea eta hiriko garbiketa egitea. 2007tik hona, gainera, Alorra Frantziako Portaleko mekanismoen funtzionamendua berrikusteaz arduratzen da urtero, Errege Kabalgatan erabiltzeko.

2013an, Iruñeko Udalak kontratuak batzeko prozesua egiten jarraitu zuen. Prozesua 2012an hasi zen, udal-eraikinak garbitzeko eta haietan hondakinak gaika biltzeko kontratuarekin; iaz, 6,2 milioi euroan esleitu zen. 2015eko apirilaren 30era arte, kontratua bi urtez luzatzeko aukerarekin, Acciona Facility Services SA Distrivisual SL, Clece SA, Eulen SA eta Limpiezas Bilur SL enpresei esleitu zitzaien 81 eraikinen garbiketa, 9 eremutan banatuta. Esleipen-sistema berri horren komunikazioari sari bat eman zitzaion Bilbon egindako Energia Zerbitzuen III. Biltzarrean.

Arrazionalizazio-irizpide berarekin bat, iaz halaber argiztapen-kontratua, eta haur-jolasak eta hiri-gimnasioak kontserbatzeko eta mantentzeko kontratuak batu ziren. Lehen aldiz, eremu bakartzat jo zen hiri osoko argiztapena, eta abuztuan, Etra Norte SA eta Etralux SA enpresek osaturiko ABEEri esleitu zitzaion, 3,3 milioi euroan, 2015eko abenduaren 31ra arte.   Aurreikuspenen arabera, inbertsioa 478.166,96 eurokoa izan zen, 2013ko gainerako hilabeteetarako, eta 1,4 milioi, ondoko bi urte horietako bakoitzerako.  Bigarren kontratuaren lizitazioa 1,3 milioian egin zen irailean 2014. eta 2015. urteetarako, eta prebentzio- eta zuzenketa-lanak biltzen ditu.

Iaz, bestalde, jardunean jarraitu zuten udal-eraikinak mantentzeko eta eraikinetako energia-kontsumoarekin lotuta dauden abisuak kudeatzeko web-atariek, biak ere 2012an abiarazitakoak Eraikin eraginkorrak kontzeptuaren barruan.  Horri esker, abisuen zer ibilbide egin duten eta zenbat denboran moldatu diren testatzen da.

Diziplina-anitzeko esku-hartzeak

Hiri Kontserbazioko Alorrak bost jarduketari ekin zien 2013an, bostak ere leku enblematikoei lotutakoak.  Iruñeko gotorleku-sistemari lotutako ezponda batzuk finkatzeko lanak egin ziren, hala nola Ingurabideko pasealekukoa eta Media Lunako ezponda, kokapen horretan dagoen hiri-igogailutik eta Gotorlekuen Interpretazio Zentrotik hurbil. 

Ingurabideko pasealekuko ezponda, zehazki, Descalzos kaleko igogailuen eta Portale Berriaren arteko eremuan konpondu zen, aurreko hilabeteetan euriak eragindako luizien ondotik; izan ere, euri handiak landare-lurraren azaleko geruza urez ase eta substratuaren kolapsoa gertatu zen.  Eremua sasiz garbitu, eta huste-zangak ireki ziren ura euri-sarera isurtzeko; halaber, horma eroria eta ezponda lurrez berreraiki, eta ezpondan berriz ere landareak landatu ziren.

Urte bukaeran, Media Lunan (izen bereko parkearen eta Club Nataciónen artean), Técnicos en Estabilizaciones e Inyecciones SA enpresak egonkortze-lanak egin zituen 122.938 euroan.  Aurreko kasuko arrazoi berberek eraginda, ezpondaren oinean arraildutako hormigoizko horma eraitsi eta berreraiki zen; halaber, eremua sasiz garbitu, euste-sistema bat sare metaliko baten bidez paratu, eta hidro-ereintzaren bidez birlandatu zen.

Era berean, Alorreko zerbitzuek bi orube leheneratzeko lanetan jardun zuten: Sanferminetako Museorako bideratutakoa eta espetxearen orubea esaten zaiona.  Lehen orube horrek, antzinako suhiltzaile-parkearen orubeak, 1.300 m2 ditu eta Aralar kalean dago, zezen-plazaren atzealdean. Bertan, berdegune bat ezarri zen, ureztapen-sistema eta guzti, eta inguruz inguruko zintarria, San Bartolome gotorleku txikian berreskuratutako galtzada-harrien bidez.  Horrez gain, inguruko zoladura hobetu eta zezen-plaza ondoko espaloia bere osoan berregin zen.  Aurrekontuak 25.000 euro jo zuen.

Espetxeko orubea abuztuan hasi zen moldatzen, eta aurrekontua 100.000 euro ingurukoa izan zen.  Lan horien bidez, Donibane auzoko 10.000 m2-tik gorako inguru batean esku hartzen jarraitu zen; horrela, 2012an egindako eremu zuhaiztu txikiari San Roke kaletik hurbilen dagoen partean zakurrendako eremu mugatu bat gehitu zitzaion, 2.000m2-koa, eta era berean, gimnasia-zirkuitu bat eta saskibaloian aritzeko saski bat paratu ziren, hiri-altzari zenbatekin batera, hala nola jarlekuak eta paperontziak. 

Bosgarren jarduketa kale Nagusia 20ko etxadi-pilotuaren garapena deritzonari dago lotua.  Udala esparruak erosten ari da Santa Ana plazarako sarbideak moldatzeko eta plaza bera handitzeko, bai eta berrurbanizatzeko ere.   Hiri Kontserbazioko Alorrak, iaz, Pellejeríaren zokoa asfaltatu zuen eta, horrela, San Zernin burguko lanak bururaino eraman ziren.

Zolaketa-lanak

Iruñeak, guztira, 5.600 espaloi baino gehiago ditu eta, guztien artean, ia 1,9 milioi metro koadro egiten dute; galtzadetan, berriz, 2,5 milioi metro koadro dira. Guztira, 4,9 milioi metro koadro zoladura-elementuetan eta esparru publikoetan. Udalak, 2013an, eremu zolatuak, espaloiak eta udal-esparru publikoak mantentzeko kontratuaren bigarren luzapena sinatu zuen (1,2 milioi euro, Harinsa Navasfalt SA eta Obrum Cib ABEEri esleitua). Luzapenak 2014ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte izanen du indarra.

Kontratuan barne dago hiriko esparru publikoak eta zoladurak mantendu, kontserbatu, konpondu eta berritzea, eta era berean, zoladurei dagokien udal-aplikazio informatikoa kudeatzea eta egunero eguneratzea.   Enpresak, besteak beste ondoko lanak egiten ditu: galtzada eta espaloietan zulorik, pitzadurarik eta ongi egokitzen ez den baldosarik ez izatea, ezponda eta zubietan konponketa-lan txikiak egitea eta bide publikoetako oztopo arkitektonikoak kentzen jarraitzea.

2013an, hainbat esparru zolatu ziren.  Orvina IIn, auzokideek eskatuta, San Kristobal etorbidearen ondoan kokaturiko plazaren iparraldean esku hartu zen; zehazki, Valtierra kaleko 12 eta 15 zenbakiko atarien eta Alesbes kaleko 5 eta 7 zenbakiko atarien arteko atzealdeetan.  Bertako zoladura mota guztietan jardun zen, hau da, hormigoi argi eta ilunean, galtzada-harrian, etab.etan, zola hezea dagoenean jendea irristatu ez dadin. Lanen kostuak 15.000 euro egin zuen.

Arrotxapean, San Pedro multzoko plazan jardun zen, zoladura hondatuaren zati bat eta irisgarritasun-arazoak dituena moldatzeko, bai eta jarlekuak eta saretak berriz paratzeko ere. Gainera, aldatu egin zen San Pedro auzoa kaletik plazarako sarbidea; zehazki, arrapala bat eraiki zen, espaloiaren eta plazaren arteko ibilbidea errazteko.   Lanak Harinsa Navasfalt, SA enpresari esleitu zitzaizkion 47.896 euroan.

Mendillorrin, auzokideek ere eskatuta, Hiri Kontserbazioko Alorrak oinezkoendako bi bide egin zituen: ibilbide bat Etxalazko jaurerriaren kalearen eta Martin de Zalba kalearen artean, eta tarte txiki bat Martin de Zalba kalearen bukaeran dagoen berdegunean (Mendillorri Sarrigurengo errepideko billabesen geltokiaren errotondarekin eta Erripagañarekin lotzen duena).  Bi lanetarako inbertsioak 18.000 euro egin zuen. Bi bide berriek galtzada-harri aurrefabrikatuz egindako ibilbidea osatzen dute. Ibilbidea 2012an egin zen Sarrigurengo errepidearen, eta Egulbatiko jaurerriaren eta Altzuza kontzejua kaleen artean.

Asfaltatze-lanak

2013an, urteroko asfaltatze-kanpaina 16 kaletan egin zen 470.000 euroko aurrekontuarekin, zirkulazioak edo klimatologiak eraginda hondatuak baitzeuden; baina zenbatekoaren ia herena Campamento mendia kaleko zoladura berritzera bideratu zen.  Esparru horretan, non zirkulazio handi-handia baitago, galtzada-harriak kendu ziren, galtzadaren oinarria saneatzeko eta asfalto-geruza bat emateko harik eta galtzada-harriaren sestra-kotara iritsi arte. 

2013ko kanpaina Agoitz, Paulino Caballero, Navarro Villoslada eta Amaiurko Gaztelua kaleetan egin zen, Aróstegui, Atarrabiako, Baiona, Armada eta Nafarroa Beherea etorbideetan (Sarrigurengo errepidearen bidegurutzearen ondoan), eta halaber, San Ignazio etorbidean, San Kristobal kalean eta Campamento mendia  kalean.

Urte bukaeran, Eremu Narriatuetan Ekiteko Planaren baitan, Tokiko Gobernu Batzarrak 35.338 euroko aurrekontu bat onetsi zuen, fresaketa-lanak eta asfaltoaren bidezko sendotze-lanak egiteko 5 m2 eta 375 m2 artekoak diren eremuetan, zehazki, Urdanoz multzoan, San Pedro multzoan, Santa Engrazia aldean eta Probintziak kalean, Oskoz multzoaren eta El Salvador multzoaren ondoan.  Enpresa arduraduna Navasfalt, SA da. Aldian behin asfaltatzeaz gain, egunero berrikuspen- eta jarraipen-lan bat egiten da errepideak nola dauden jakiteko, galtzadetan istripuak eta arriskua eragozte aldera; horrez gain, konpontzeko beharra atzematen da esku-hartze garrantzitsuago bat egin behar izan baino lehen. Zuloak estaltzea edo unean uneko konponketa deritzo.  2013an, 900 zulo inguru konpondu ziren, gehienbat negu horretako eguraldi latzak eraginda, ondorio hondagarri nabarmena izan baitzuen.

Zirkulazioari, seinaleztapenari eta bestelako ekintzei lotutako esku-hartzeak

Segurtasun Alorrarekin lankidetza estuan arituta, Hiri Kontserbazioko Alorrak behar diren lanak egiten ditu hiriko zirkulazioa eta aparkatzea antolatzeko.  2013an, Landabengo industrialdean errotonda berria eraiki zen, D - E kaleen bidegurutzean, TRW enpresaren ondoan, 2012-15eko Bide Segurtasuneko Planaren baitan, zeinak, besteak beste, helburu baitu gune arriskutsuak ezabatzea, hala nola ezkerrerako biraketak zirkulazio-norabide bikoitzeko bideetan.  Egunero, 20.000 ibilgailu ibiltzen dira errotonda dagoen lekuan. Lanek 55.000 euroko aurrekontua izan zuten.

2013an, Eremu Narritatuetan Ekiteko Planaren baitan, Santa Engrazian behin-behineko aparkaleku bat egin zen, Arrotxapea auzoan.   Izan ere, trenbidearekin mugakide den orube baten zati batean (jada aparkaleku gisara erabiltzen zena), 94 ibilgailurendako aparkaleku bat moldatu zen; sarbidea handitu eta 2 metro luzerako hesi bat paratu zen, autoek orubearen gainerakoan ibiltzea eragozteko; gainera, argiztapen eta seinaleztapen berria paratu zen.   Horretaz Harinsa Navasfalt SA enpresa arduratu zen 47.915 euroan.

Arlo horren beraren barruan, Etxabakoizko Urdanoz multzoan, 65 ibilgailurendako aparkaleku bat sortu zen behin-behinean, auzokideek proposatuta.  Aparkaleku berria  erabiltzen ez zen jabetza partikularreko lurzati batean egin zen, liburutegiaren aurrean, 1.300 m2-an.  Jarduketa orubearen jabeen eta Udalaren artean hitzarmen bat sinatu izanari esker ahalbidetu zen.  Udalak lursaila garbitu eta hesitu zuen, eta ibilgailu arinendako zola behin-behineko bat egin zuen. Bertara, Etxabakoitz kaletik sar daiteke.  Lanen aurrekontuak 45.000 euro inguru egin zuen. Eskaera Alkatea adi duzu programaren bilera batean egin zen. Bileran, gainera, bestelako jarduketak ere eskatu ziren, hala nola sastraka-garbiketak, espaloi-lanak edota hustubide-garbiketak; lan horiek ere 2013an egin ziren. 

Iaz ere Biurdanako urmaela iragazgaiztu zen. Izen bereko kaleak eta Nafarroa etorbideak bat egiten duten errotondan dago.  Urmaela garbitzeaz gain, kautxu sintetikozko xafla iragazgaitz bat paratu zitzaion, bai eta hari dagokion oinarria ere. Lanek 8.000 euroko kostua izan zuten.  Horrez gain, errotondan urmaelaren eremua hartua zuten adarrak eta zuhaixkak moztu ziren, eta harriak jatorrizko diseinuaren arabera birjarri ziren. 

Hiri Kontserbazioko Alorra arduratu zen, ordezko betearazpenean arduratu ere, Amaia - Leire - Teobaldos kaleen arteko orubean bildutako ur-baltsa handia husteaz.  Orubetik, 3.200 m3 ur atera ziren, 36 ordutik gora ura punpatzen aritu ondoren.  Kostua Urbanika-k ordaindu zuen, hau da, orubearen jabe den sozietateak, % 30eko errekarguarekin.

Irisgarritasuna eta argiztapena

Zerbitzua arrazionalizatze aldera eta iturri apaingarrien argiztapenaren kostuan % 25 aurrezte aldera, ordutegi berriak ezarri ziren urte-garaiaren arabera (apiriletik irailera eta urritik martxora) eta aste-egunen arabera.  10 iturri daude apaingarritzat katalogatuak: Rodezno Kondearen plazakoa, Nafarroako Blanca plazakoa, Merindade plazakoa, Vianako Printzearen plazakoa, Media Lunakoa, Yamaguchi parkean dauden hirurak (iturriak, urjauzia eta gortinak), Munduko Parkekoa eta Vaguadakoa.

Ordutegian eragiteaz gain, iturrietako mantentze-lanak eta iturrien eraginkortasuna hobetzeko lanak egin ziren, hala nola maiztasun-aldagailuak Yamaguchiko gortinetan jartzea edota kondentsadoreak  jartzea eta indarra murriztea Rodezno Kondearen plazako iturrian.  Hobekuntza funtzionalek 20.000 euroan murriztu zuten gastua; horren ondorioz, gastua 60.000 eurokoa da urteko.

Antzeko neurri bat hartu zen Bainuetxeko (Hilarión Eslava kalea 9) ura berotzeko sisteman eta Descalzos kaleko igogailuen argiztapenean.  Bainuetxean galgara elektriko zaharra kendu eta, haren ordez, gas naturaleko bat jarri zen, eraikinaren beharretarako doituagoa, eta hodien isolamendua hobetu zen.  Neurri horiek % 80ko aurrezpena eragin zuten.  Gainera, dutxetako ihinztagailuak aldatu ziren, eta horrek ur gutxiago kontsumitzea eragin zuen.  Araudien arabera, igogailuek eguneko 24 orduetan egon behar dute argiztaturik, eta % 85eko aurrezpena lortu zen, fluoreszenteen ordez LED teknologiako 14 argi-kainoi, hau da, tuneletan erabili ohi den argiztapen-sistema paratuz.

Era berean, Descalzos 72ko udal-eraikineko galdara aldatu zen, eta gasoliokoaren ordez gas-galdara bat jarri zen. Kalkuluen arabera, diru-aurrezpena % 37koa da urtean (10.372 euro inguru), eta aztarna ekologikoa CO2-ren 29.000 kg baino gehiago jaitsi da urtean. Aurrekontua 55.725 euro izan zen eta, kalkuluen arabera, 4,5 urtean amortizatuta egonen da.

Iruñea etengabe ari da lanean argiteria publikoaren sarea eraginkorra izan dadin kontsumo elektrikoari dagokionez.  Hiriko luminaria zaharren ordez modernoagoak eta ekologikoagoak jartzeko lanak bukatu ondoren, Hiri Kontserbazioko Alorrak garapen berrietan zer eredu ezarri erabakitzen du.    2013an, hirian, argiteria publikoaren kontsumo-ratioa 75 kWh izan zen biztanle eta urte bakoitzeko; Espainiako batezbestekoa, ordea, 114 kWh izan zen. Adibidez, kontsumo hori 90 kWh da Frantzian, eta 50 kWh, Alemanian. 

Era berean, Udala, iaz, hiriko hiri-igogailuak eta mugikortasun-elementuak mantentzezko lanez arduratu zen.  Astero, 100.000tik gora lagunek erabili zituzten azken urteotan ezarritako igogailuak edo arrapala mekanikoak. Horrek esan nahi du 15.000 lagun inguruk erabili zituztela batez beste eguneko.

Iaz, hiriko bederatzigarren igogailua izanen denaren proiektua aurkeztu zen. Igogailuak Etxabakoizko Concepción Benitez kale inguruko mugikortasuna hobetuko du. Dena den,  hiri-garapen berrietan ere  aurreikusita dago hainbat igogailu paratzea, esaterako Trinitarioseko proiektuan.

 

Kokapena Data Lotura
Urdanoz multzoko igogailua 2013 Hego eta Ipar Etxabakoitz
Lezkairuko igogailua 2012 Lezkairu – II. Zabalgunea
Felisa Munárriz plazako igogailua 2011 Milagrosa barruko desnibela
Media Lunako igogailua 2011 Txantrea eta Magdalena – II. Zabalgunea eta Alde Zaharra
Ega ibaiaren eta Abejeras kaleetako arrapala mekanikoak 2009 Iturrama-Azpilagaña
Iratxeko eta Fiteroko monasterioen kaleen arteko igogailua 2009 Donibane
Descalzos kaleko igogailuak 2008 Arrotxapea – Alde Zaharra
Julian Gayarre eta José María de Guelbenzu kaleen arteko igogailuak 2007 Milagrosa – II Zabalgunea
Erletokietako igogailuak 2005 Iturrama-Milagrosa

Lorategiak

Taconerako Portalearen ondoan kokaturiko lorategietako parterre batean Donejakue Bideko arrosa loratu zen 2013an. Logroñoko Udalak hamar urtez lanean aritu ondoren sortutako aldaera bat da; horretarako, 10.000 hazi erein zituzten.  Arrosa-landarearen ondoan, oroit-plaka bat ezarri zen, eta testu hau dago idatzita gaztelaniaz eta euskaraz: Donejakue Bideko arrosa.  Landarea Logroñoko Udalaren oparia izan zen, Donejakue Bideak zeharkatzen dituen hirien arteko batasunaren ikur. Ideia da arrosa hori izatea Donejakue Bideko herrien arteko batasunaren ikur, eta huraxe landatu nahi duten herri guztietan jartzea.

Hitzarmenez, 2013an, Udalak Ermitagaña kaleko 2an kokaturiko berdeguneak moldatzeko lanak egin zituen, Tanatorio San Albertoren aurrean.  Lanen helburua lorategia berritzea izan zen eta, era berean, esparruetako bat moztea, erabiltzaileak establezimenduan errazago sartzeko.

Iaz, hiria lorez hornitzeko kontratua esleitu zen udaberriko eta udazkeneko landaketetarako, maiatzean eta urrian egiten direnak.  Inverprao SL enpresa arduratzen da hiriko 100etik gora parterreak lorez hornitzeaz, 56.923 euroan.

Hiri-altzariak

Gaur egun, Iruñean, haurrendako 112 jolas multzo daude eta atari zabaleko 16 gimnasia-zirkuitu, edozein adinetako jendeak kirola egin dezan eta, era berean, 65 urtetik gorakoek mugikortasuna hobetu eta zaindu dezaten. Esleipendunari enkargatuko zaion lanetako bat izanen da hiriko altzarietan dauden milaka elementuen inbentario sakon eta zehatza egitea, bertan jasota jarlekuak, hesiak, bizikletak aparkatzeko euskarriak, paperontziak, pergolak, etab. Inbentarioak digitala eta argazkiduna izan beharko du. 

Elementuak Iruñeko auzo guztietan daude banatuta, eta kontratuan, besteak beste, zurgintza-, igeltserotza-, errementaritza-, pintura-, iturgintza- eta garbiketa-lanak sarturik daude.

2013an –zeudenetako batzuk berritzeaz gain–, atari zabaleko hiru hiri-gimnasio berri jarri ziren Urdanoz multzoan, San Pedro Multzoan eta Jesús María Iribarren ikastetxe izandakoaren patioan.

Kokapena Data
Runa parkea (Arrotxapea) 2006
Ezkaba kiroldegia (Txantrea) 2007
Juan García Orkoien plaza (Sanduzelai) 2007
Luis Morondo (Azpilagaña) 2008
Morea parkea  (Txantrea) 2008
Axular plaza (Ermitagaña) 2008
Mendillorriko kirol-pistak (Mendillorri) 2008
Alfredo Floristán plaza (Milagrosa) 2010
Yamaguchi parkea (Ermitagaña) 2010
Konkordia plaza eta San Joan Bosco (Iturrama) 2010
Erripagañako Madril kalea 2012
Eneko Aritza eta Fuente del Hierro arteko plaza 2012
Elorri IP 2012
Urdanoz multzoa 2013
San Pedrok multzoa 2013
Lehenagoko José Mª Iribarren IP 2013

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala