Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Proiektuak

Udalak udal-alorren bitartez sustaturiko proiektu, obra eta emakiden jarduketak kontratatu eta gauzatzeaz arduratzen da nagusiki Proiektuen Zuzendaritza, betiere Iruñeko Udaleko Proiektuetako eta Hiri Kontserbazioko Alorraren baitan. Honako hauek dira Proiektuetako Alorraren jarduera nagusiak: azterlanak egitea eta proiektuak idaztea, obrak gauzatzea, aparkalekuak egiteko lanen emakida eta jarraipena, eta hiriko ondarea eta azpiegiturak birgaitzeko eta zaharberritzeko lan eta proiektuak gauzatzea.

Ekonomia- eta finantza-krisiaren eraginez, obra eta proiektu kopurua aurreko urteetan baino txikiagoa da; barne-ahaleginak, beraz, kudeaketa- eta kontrol-prozedurak hobetzera daude bideratuta.   Iaz, obren likidazioaren desbideraketa, batez beste, % 1,93 izan zen, nahiz eta esleipenetan batez besteko jaitsiera % 21,3 izan zen.  Bada horri lotutako beste lan-ildo bat: udal-ondarea antolatu, sailkatu eta sistematizatzea. Izan ere, 2000tik aurrera alorrean egindako proiektu guztiak digitalizatu ziren, eta udal-erakin guztiak plano geroerreferentziatuetan kokatu ziren, etorkizunean udal-ondareari buruzko GIS bat sortze aldera.   Eraikinak tipologien arabera sailkatuta daude eta datu-base batean daude erlazionaturik, zeinean eraikin bakoitzaren ezaugarriak ageri baitira.  2013an, lankidetzan jarraitu zuten Proiektuetako Alorreko teknikariek Udaleko Hirigintza Gerentziarekin eta Herritarren Segurtasuneko Alorrarekin.

2013an, Udalak 6 obra eman zituen hartutzat eta beste 8 lizitatu ziren. Esleipenen diru-zenbatekoa, guztira, 1.140.488 euro izan zen.

2013an hartutako obren zerrenda

KontzeptuaLizitazio-aurrekontua eurotanEnpresaEsleipen-data
Victor Pradera IPko Beheko Solairua eta Lehen Solairua Zaharberritzea 171.099 Obras y servicios Tex S.L. 26/06/2013
Ermitagañako Kiroldegian zoladura aldatzea 77.787 Harinsa Navasfalt - Obrum Cib ABEE 07/08/2013
Garbiketa automatikoko komun bat  San Frantzisko plazan 50.000 Proiek Habitat & Equipment, SA 17/09/2013
Etxabakoitzen hiri-igogailu bat jartzea 929.724 Guillén Obras y Proyectos S.L. 18/09/2012
Etxabakoitzen kirol-pistak egokitzea 96.115 Aguaser Suministros y Servicios, S.L. 10/10/2013
Azpilagaña IPn bainuak berritzea 39.021 Harinsa Navasfalt  S.A. 24/12/2013
Guztira 1.363.748

Iruñeko harresiak

2013an, Labriten bastioia eta Magdalenako aurrealdea zaharberritzeko lanek jarraitu zuten. Lanak 2014ko lehen hilabeteetan bukatuko dira.  Bastioi hori hiriko zaharrena da –1540koa–, eta 1.214 m2-ko harresi-azaleran esku hartu behar izan zen (2.500 m2-ko azalera eraikia –Bastioia–, 8.376 m2-ko paramentu bertikalak –hormak eta karelak–, 94,80 m2-ko kaserna eta 243 m2-ko behe-bastioia).

Otsailean, horma-atal bat erori zen, euri handiek eta zimendatze eskasak eraginda; gainera, 50eko hamarkadan, Telleriako aurrealdea eraistean, hormari eusteko eman zen irtenbideak egoera larriagotu zuen.  Gertaera horrek behartuta, proiektu berri bat prestatu zen, euste-horma bat eraikitze aldera; ondotik, euste-horma harlanduxkaz estali zen.  Hormaren barne-egitura hormigoizko panel aurrefabrikatuz eta horma-bularrez edo saihetsez osatuta dago, non armadura metalikoak txertatu baitira. Estali aurreko azken lana hormigoitzea da.

Lanen bidez, golaren hasierako irudia berreskuratu da (hori bastioiaren atzealdea da, non kasernara sartzeko atea baitago); hartara, 50eko hamarkadako eranskinak kenduko dira eta, bastioiaren eskuinaldean goraino igotzeko pasabidea berreskuratuko da, hasieran zegoen bezala. Bukatzeko, kanoi-zuloak jarri, belardia birlandatu eta apainketa-argiteria berri bat paratuko da. Lanak egin bitartean, gainera, kasernaren hondora sartzeko sarrera berri bat agertu zen; harresien oinarrietan dagoen pasealeku baterako sarbidea da, eta aurrealde honen Paisaia Planean huraxe leheneratzea jasota dago.

Lanak egin bitartean, halaber, inguruko zoladurak egokitu ziren; horrela, Andre Maria Erreginaren plazan sartzeko kalea berriz ere asfaltatu eta bastioiaren aurreko espaloia egokitu zen, apaizen egoitzaren ondokoa.

Parma bastioiko lanak gorabehera, ia bere osoan zaharberritu da Iruñeko harresi-multzoa. Lanak Fortius: Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondarearen balorazio turistiko eta kulturala proiektuaren barnean daude, eta proiektuak helburu du bi hirietako gotorlekuei gizarte- eta herritar erabilerak ematea, eta horren bidez, hiriak turismoarentzat erakargarriagoak izatea.

Fortius Europar Batasunaren Eskualde Garapeneko Europako Funtsak (EGEF) finantzatua da, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bidez kudeatua dagoen POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Programa Eragilearen barnean dago. Era berean, ondoko urteetan, plan bat jorratuko da, ondokoei begira:  gotorleku-ondarea, bere inguru naturala, eta erabilerak babestu, kudeatu eta egokitzea. Horretarako, Iruñeko harresiak babestu, mantendu eta kudeatzeko agiri bat prestatzen ari da.

Hiri-igogailuak

2013an, hiri-igogailu gehiago jarri ziren.  Martxoan, Etxabakoizko hiri-igogailu berriko dorrea paratu zen, 25 metrokoa. Igogailua Urdanoz Multzotik hurbil hasi zen paratzen 2012an, Elortz ibaiaren gainean.  852.568 euroko likidazio-aurrekontuarekin, 20 metroko altueran dagoen oinezkoendako zaldain bati dago lotua, bai eta Elortz ibai gaineko zubiko eskailera-mailak ezabatzeari ere. Hiriko 8. igogailua uztailean zabaldu zen.

Iaz, gainera, auzorako aurreikusitako bigarren igogailu-proiektua aurkeztu zen; horren arabera, ondoz ondoko bi igogailu jarriko dira, zaldainez eta arrapalaz osatuak, Concepción Benítez kalearen inguruan.  Multzo horretarako aurrekontua 803.989 euro da.

Obrak, ikastetxeetan

Alorrak, gainera, zaharberritze-lanak egiten jarraitu zuen Udalaren jabetzapeko ikastetxeetan,  ezgaituendako irisgarritasuna hobetze aldera eta hezkuntza-ekipamenduetako instalazioak modernizatze aldera.   2013an, Víctor Pradera Ikastetxe Publikoko beheko eta lehen solairuak berritzeko lanak egin ziren, 116.343 eurotan.  Zehazki, barne-ateetako zuraje guztiak aldatu, pasabide eta ikasgeletako zoladurak berritu, eta eremu komunetan, zeramika-zokalo bat sortu zen, eta horrez gain, eremua margotu zen.  Joan den ikasturtean, 273 ikasle zeuden matrikulaturik Milagrosako ikastetxe horretan.

Era berean, Azpilagaña Ikastetxe Publikoan inbertitu zen: 34.194 euro, haur-hezkuntzako bi bainugela (lehen solairua) berritu eta egokitzeko. Berrikuntza-lanek eraginda, komun-ontziak bestela banatu, kabina irisgarriak eraiki, eta bainugela bakoitzeko instalazio eta estaldura guztiak berritu behar izan ziren.

Kirol-instalazioak

2013an, gainera, Udalaren bi kirol-instalaziotako zoladurak berritu ziren: Ermitagañako kiroldegikoa eta Etxabakoizko kirol-pistakoa, biak ere otsailean Osoko Bilkuran onetsitako Udalaren kirol-instalazioetarako kontu-sailaren kargura.  Ermitagañakoan, zoladura sintetiko berria jarri zen, berrikitan  beste udal-kiroldegi batzuetan jarri dena bezalakoa, hala nola Arrotxapekoan eta Sanduzelaikoan. Obrek 93.497 euro jo zuten.

Etxabakoitzen, kirol-pista moldatu zen. Elortz Ibaia parkearen ondoan dago, Urdanoz Multzoan; zehazki, goi-dentsitateko erretxina akrilikoz egindako estaldura bat jarri zitzaion hormigoizko zolataren gainean.  Ondoren, estaldura berriaren gainean, marka egokiak margotu ziren, eskubaloian (pista bat), areto-futbolean (pista bat) eta saskibaloian (bi pista) aritzeko; halaber, areto-futboleko ateak eremu batean jarri ziren, eta saskibaloiko saskiak, beste batean.  Era berean, argiztapen berria jarri zen, eta hasierako harmailari eutsi zitzaion; dena den, haren gainean, 4 metroko luzera duten jarleku jarraiak paratu ziren, zurezko oholez eginak.  Proiektuaren aurrekontuak, guztira, 96.115 euro jo zuen.

Bestelako lanak

Komun publiko autogarbigarriak paratzeko udal-politikaren baitan, komun autogarbigarri gisara egokitu zen San Frantzisko plazako kiosko zaharra, ez baitzen erabiltzen.  Lanek 44.165 euroko kostua izan zuten, eta horri hartuneen konexio kostua eta barnealdea moldatzeko lanak gehitu behar zaizkio.

Uztail bukaeran, obra garrantzitsu bat hasi zen Txantrearako:  auzo horretako Erretiratuen Kluba eraikitzeko lanak.  Lanak 520.297 euroan esleitu ziren eta 2014ko martxoan bukatuko dira.  Hainbat baldintza aztertu ziren, proiektua garatze aldera, eta behe-solairuko eraikin laukizuzen bat planteatu zen, 440 m2 erabilgarrikoa, erabat irisgarria eta sarbidea eremu komun batetik daukana.  Bi eremu daude aipatu sarbidetik: alde baterantz, erabilera anitzeko areto handi bat dago, 112 m2 karratukoa, eta biltegi bat; eta beste alderantz, 62,10 m2-ko erabilera anitzeko bi areto, eta  18,35 m2-ko bulego txiki bat, eta 38,30 m2-ko atseden-gela bat.

Esku-hartzeak aurreikusten dituen bi eremu nagusiak, hau da, erabilera anitzeko aretoak, berrikitan egindako parkera daude irekita. Berdeguneez gain, parkean zuhaitzak eta jarlekuak daude, bai eta hiri-gimnasio batez hornitutako eremu bat ere.  Oso irekia dago hegoaldera; beraz, negualdian eguzkitsua da. Udan babesteko, ordea, markesina handi bat dago proiektaturik eraikinaren fatxada nagusirako zeinak, aldi berean, euritik babesteko aukera emanen baitu.

2013an, Etxabakoizko Liburutegi Publikoan igogailu bat paratzeko esleipena egin zen; horrez gain, liburutegiko komunak berritu ziren, eta komun bat bereziki diseinatu zen mugikortasun urriko jendearentzat. Lanek guztira 175.022 euro jo zuten.  Liburutegi-eraikina Urdanoz Multzoan dago, Etxabakoitz 2-b kalean, eta 348 m2-ko oinplanoa du.  Ez zen irisgarria, kanpoaldeko eskailera baten bidez sartzen baitzen barrenera.  Igogailuak bi geldialdi izanen ditu, bat beheko solairuan, eraikinaren barruan, eta bestea lehen solairuan. Beraz, irtenbidea ematen zaio horrela irisgarritasunari.

Urte bukaeran, Udalaren Turismo Bulego berria atera zen lizitaziora, hura Seminario Etxeko behe-solairuan jartzeko.  Jarduketa-azalera, guztira, 124 m2  da (89,60 m2 bulegoan, eta 34,90 m2, sarbide eta karrerapean). Zehazki, egiturak desmuntatuko dira oinplanoa gardena uzteko, instalazio elektrikoa eta berokuntza-sistema aldatzeko, eta bainugela berritzeko.  Aretoa eraikineko gainerako geletatik independizatze aldera, San Saturnino kalean sarbide berria eginen zaio.  Aurreikuspenen arabera, bulegoa 2014ko Aste Santurako irekitzekoa da.

Era berean, Alorrak eskuarki proiektuak prestatzen laguntzen du, Gizarte Enpleguak gauzatu ditzan (Gizarte Ongizate eta Berdintasun Zinegotzigoaren mendean).   2013an, adibidez, laguntza eman zen Nicasio Landa IPko lokaletan auzo-unitate bat eraikitzeko (Etxabakoitz),  berrostatzeetarako udal-etxebizitzak birgaitzeko San Pedron, Zabalguneko merkatu-eraikinean, eta Seminario Etxeko lehen solairua Ingurumeneko bulego gisara egokitzeko.

2013an esleitutako obren taula

KontzeptuaLizitazio-aurrekontua eurotanEnpresaEsleipen-dataEsleipen-aurrekontua eurotan
Víctor Pradera IP zaharberritzeko lanak 171.099 Obras y servicios Tex S.L. 26/06/2013 116.347
Txantreako Erretiratuen Elkartea eraikitzeko lanak (2. lizitazioa). 675.711 Harinsa Navasfalt S.A. 02/07/2013 520.297
Ermitagañako Kiroldegian zoladura aldatzea 77.787 UTE Harinsa Navasfalt - Obrum Cib 07/08/2013 73.120
Komun autogarbigarria San Frantzisko plazan 50.000 Proiek Habitat & Equipment, S.A. 17/09/2013 44.165
Etxabakoitzen kirol-pistak egokitzeko lanak 96.115 Aguaser Suministros y Servicios, S.L. 10/10/2013 93.603
Azpilagaña IPn bainuak berritzea 39.021 Harinsa Navasfalt  S.A. 24/12/2013 34.194
Etxabakoizko Liburutegi Publikoan igogailua jartzea eta irisgarritasuna 175.022 UTE Harinsa Navasfalt – Obrum CIB 24/12/2013 131.267
Seminario Etxea berritzeko lanak Turismo Bulegorako 159.365 UTE Harinsa Navasfalt – Obrum CIB 30/12/2013 127.492
Guztira 1.444.124 1.140.488
Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala