Enplegua eta Merkataritza
Nafarroako merkataritza-hiriburua den aldetik, Iruñean ugaria eta askotarikoa da kalitatezko hiri-merkataritza, zeina funtsezkoa baita Iruñeko gizarte- eta ekonomia-jarduera bultzatzeko. Udalak helburu du Iruñeak Nafarroako merkataritza-buru nagusi gisara duen eginkizuna finkatzea eta, hiriburuaren eginkizun hori bultzatze aldera, hainbat diru-laguntza ezarri ditu.
Bada deialdi bat merkatari-elkarteak diruz laguntzeko, merkataritza sustatze aldera jarduerak egin ditzaten. 86.000 euroz horniturik dago, eta 2012ko azaroaren 1etik 2013ko urriaren 31ra bitarte egindako ekintzak laguntzen ditu. Elkarte eskatzaileak egiten dituen jarduerek elkarteak zehazki hiriko zein aldetan jardun eta hori sustatu, dinamizatu, sentsibilizatu edo animatzeaz gain, izaera irekia izan behar dute, Iruñean egin behar dira eta ez dute sartuta egon behar Iruñeko Udalaren bestelako finantzaketa-programetan. Onuradun bakoitzari jarduera bakoitzeko emanen zaion gehienezko zenbatekoak ezin izanen du gainditu aurkezturiko jardueraren aurrekontu onartuaren % 50.
Deialdian eremuko bost merkatari-elkarte eta sektoreko elkarte bat aurkeztu ziren: Iruñeko Alde Zaharreko Merkatari Elkartea, Iruñeko Zabalguneko Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuetako Enpresaburuen Elkartea, El Salvador Merkataritza eta Ostalaritza Elkartea, Iruñeko Martín de Azpilcueta aldeko Merkatari Elkartea, Iturramako Merkatari Elkartea eta enpresaburu Harakinen eta Urdaigileen Probintzia Gremioa. Guztira, 27 jarduera aurkeztu, eta 80.580,36 euro jaso zituzten.
Era berean, hiriko merkataritza-kalitatea hobetze aldera, onuradun jakin batzuei ohi kanpoko laguntzak ematen zaizkie, arrazoi zehatz batzuk direla medio. Horrela, 2013an, Udalak honako hauekin sinatu zituen hitzarmenak:
- Nafarroako Merkataritza eta Industria Ganbera Ofizialarekin, Enpresako Leihatila Bakarra garatzeko. 2001az geroztik sinatzen da urtero, enpresa-jarduera bultzatzeko, enpresak sortzea sustatzeko, eta enpresen eta administrazio publikoen arteko harremanak sinpletu eta arintzeko, enpresak sortzeari dagokionez. Toki fisiko bakar batetik, enpresa-sortzaileak lege-, zerga-, lan- eta merkataritza-aholkularitza jasotzen du bere negozio-ideiaz; halaber, aholkuak ematen zaizkio egin beharreko administrazio-izapideez eta jaso ditzakeen laguntzez, eta enpresa-sortzaileak halaxe nahi badu, behar diren izapideak egiten dira bere izenean gogoan darabilen enpresa-ideia abian jartzeko. Udalak 8.000 euro eman ditu. 2013an, Enpresako Leihatila Bakarrak 83 kontsultari eta 321 aholkularitza-eskariri erantzun zien, guztiak ere enpresa sortzeari lotutakoak. Era berean, 21 lantegi praktiko egin zituen Iruñean zerga- eta kontularitza-betebeharrei buruz, autonomoentzat eta sozietate irregularrentzat; 79 ikasle aritu ziren.
- Azken hamaika urte honetan bezala, Iruñeko Udala elkarlanean aritu zen Don Diego de Haro Nafarroako Liburu Merkataritzako Enpresaburuen Elkartearekin, Iruñeko Liburu Azoka egiteko, iruindarren artean irakurtzeko aztura sustatze aldera eta irakurzaletasuna eragiteko jarduerak bultzatze aldera. 2013an, Udalak 4.150 euro eman zituen .
Enpresak aholkatzeko eta merkataritza-ikerketarako zerbitzuak
Enpresak Sustatzeko Zerbitzua (ESZ) Iruñeko Udalaren ekimena da eta Iwer eraikinean kokatua dago (Marcelo Celayeta etorbidea 75, 4 A sarrera). Hainbat helburu orokor ditu: enpresak sortzen eta finkatzen laguntzea; Iruñeko udal-mugapeko enpresa-sarea sendotzea; merkataritzarekin eta turismoarekin lotutako merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzu-enpresen sektoreei arreta berezia eskaintzea; ikerlanak eta azterlanak egitea Iruñeko merkataritza- eta ekonomia-egoeraz; eta Iruñeko Udaleko Kontsumitzailearen Informaziorako Guneaz arduratzea.
Liburutegi eta mediateka bat dauka erabiltzaileen eskura, 2.000 agiri baino gehiagoz osatua, honako gai hauei buruz: negozio-ideiak, enpresen kudeaketa, merkataritzaren arloko ikerketa, arauak eta laguntzak, berdintasuna, erakundeetako informazioa, kontsumoa, ostalaritza, merkataritza eta turismoa. Horrez gain, hemeroteka handia dago –enpresa-munduan espezializatua– eta gune multimedia bat, non auto-prestakuntzako ikastaroak egiten baitira hala enpresen kudeaketari eta zuzendaritzari buruz nola giza baliabideei eta marketinari buruz. Era berean, enpresei eta negozio-ideiei buruzko datu-baseak ere ditu eskura, eta zenbait lan-tresna bideragarritasun plan bat prestatzeko, zerga-liburuak betetzeko edo bezeroen datuak babesteko. Azkenik, liburutegi digital bat ere badago, eta bertan ikerlanak eta erakundeen informazioa daude. Dokumentu-funtsean 89 argitalpen sartu ziren, eta mediateka-zerbitzuaren 2013ko nobedadea merkataritza berritzeko bloga izan zen. 284 erabiltzaile gehiago izan ziren; beraz, bazkideak guztira 2.492 izan ziren, eta 785 mailegu hartu zituzten. Onlineko liburutegiak 700 bisita izan zituen. Alde horretatik, ESZk jarraipen bat egin zuen interesgarritzat jotako nobedadeak biltzeko, betiere zerbitzuari dagozkion alorrekin zerikusia duten gaietan. Webgune eta blog horien jarraipenak bidea ematen du informazioa Facebook eta Twitter bidez helarazteko.
Zerbitzuak, bestalde, instalazioen erabilera dohainik lagatzen jarraitzen du, enpresa-sortzaileek, enpresek eta elkarteek erabil ditzaten; zehazki, 56 lagapen egin dira bazkideek bilerak egiteko, langileak aukeratzeko, hornitzaile eta bezeroekin elkarrizketatzeko edo produktuak nahiz zerbitzuak aurkezteko. Prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerei dagokienez, bi buletin egin ziren irakurgaiak gomendatzeko, 2 kafe tematiko, autoenplegurako lantegi 1 eta lanbide-heziketako ikastetxeetako ikasleen 7 bisita.
Aurreko urteetan bezala, zerbitzuak enpresa-sortzaileak aholkatu zituen negozio-ideiak abian jartzerakoan. 23 talde-bilera egin zituen, enpresak abian jartzeko eman beharreko urratsei buruz eta enpresa-planari buruz; halaber, Enpresa-sortzaileendako gaitasunak izeneko lantegiko lau saio eta Enpresa-sortzailearen pokerra lantegiko bat. 2013an, guztira, 184 proiektu berritan eman zituen aholkuak, eta eskualdatzeekin lotutako 12 aholkularitza-eskaerari erantzun zitzaien, gehienbat merkataritzara zuzendutakoak (% 75); gero, ostalaritzakoak (% 8) eta artisautzakoak (% 8). Aholkularitza-lan horiek 25 bideragarritasun-plan egitea eragin zuten. Azkenean, 35 enpresa sortu ziren; 14 merkataritzakoak, eta 11, jendearendako zerbitzuetakoak. Sortutako enpresen % 57tan emakumeak izan ziren titularrak eta 44 lanpostu sortu zituzten.
Gainera, lehendik dauden enpresak sendotzea du xede, esparru guztietara bideratzen diren jarduketen bidez. Merkataritzako enpresendako zerbitzuetan berariazko 15 aholkatze-jarduketa egin zituzten salmenta-gunean; 28 tutoretza kudeaketa ekonomikoari dagokionez; 3 tutoretza, establezimenduaren kanpo-irudia hobetzeko, eta 18 aholkatze-jarduketa, Eguberrietako erakusleihoa diseinatu eta muntatzeko. Berariazko prestakuntzan honako gai hauek jorratu ziren, besteak beste: ikus-merchandisinga eta -marketina (sei ikastaro), berrikuntza eta joera berriak (bi ikastaro), presentzia interneten eta sare sozialetan (hiru ikastaro), enpresa-kudeaketa (ikastaro bat), lehiakortasuna eta gaikuntza (bi ikastaro) eta kalitatea (ikastaro bat). Sektore anitzeko enpresendako zerbitzuen atalean, ikastaro hauek egin ziren: presentzia interneten eta sare sozialetan (5), ordainbideak (1), finantzaketa (1), berrikuntza eta joera berriak (1) eta berdintasuna. Azkenik, komunikazio eta aurkezpen eraginkorra lantzeko ikastaro bat egin zen Udaleko eta elkarteetako teknikarientzat. Guztira, 566 lagun aritu ziren.
Era berean, Iruñeko enpresa-ehuna hobeki ezagutzeko, Enpresak Sustatzeko Zerbitzuak ikerlanak egiten ditu eta, datuak oinarri harturik, jarduketa-planak egiten ditu, bai eta, era berean, oro har enpresa-sustapenarekin eta merkataritza zein turismoa dinamizatzearekin lotutako txostenak.
Udal-baliabide horren eta haren edukien zabalkundeaz denaz bezainbatean, 2013an 202 jarraitzaile berri lotu zitzaizkion Facebooki, eta guztira, 603 izan ziren. 354 argitalpen egin ziren, hizpide harturik joerak, laguntzak, berdintasuna, turismoa, ostalaritza, araudiak, ekitaldiak, etab. Iaz, 324 jarraitzaile berrik egin zuten bat, eta guztira, 657 izan ziren; 548 txio jaso ziren. ESZk Google Places-en duen profilean argazkiak txertatu ziren, bai eta zerbitzuaren kokapenari dagozkion informazioa ere, eta Linkedin sare profesionalean ESZko enpresa-profila sortu zen. Bestalde, azaroanwww.pamplonaspe.esbloga sortu zen, munduko edozein tokitan merkataritza-berrikuntzan egiten ari diren jardunbide onak ezagutzera emateko. ESZk Udalaren webean duen esparruko atariak, adibidez, 4.931 bisita jaso zituen; ikastaroen atalak 1.932 bisita, eta zerbitzuaren azalpenak, 1.718.
Halaber, Egin bultza zure negozioari komunikazio-kanpaina egin zen, Udalak Merkataritzan Jarduteko Plana (2013-2015) ekimeneko neurrien baitan sustatutakoa. Aipatu kanpainak balioan jartzen ditu Enpresak Sustatzeko Zerbitzuak emandako zerbitzuak eta xede du Iruñean 2013an enpresak sortu zituzten 27 enpresa-sortzaile sustatu, agerian jarri eta aintzat hartzea.
Hainbat laburpen-datu:
- Zerbitzu-bazkideen kopurua: 2.492
- Aholkularitza-kopurua proiektu berriei: 184 (12, negozioen transmisioan)
- Aholkularitzak IKTeetan: 63
- Bideragarritasun-planen kopurua: 25
- Sortutako enpresa-kopurua: 35
- Prestakuntza- eta dibulgazio-jarduketen kopurua (ikastaroak edo hitzaldiak): 56
- Parte-hartzaile-kopurua prestakuntza- eta dibulgazio-jarduketetan (ikastaroak edo hitzaldiak): 1.051
- Ordu-kopurua prestakuntza- eta dibulgazio-jarduketetan (ikastaroak edo hitzaldiak): 179,5
- Merkataritza-tutoretzen kopurua: 66
- Mediateka-zerbitzuen erabilera kopurua (orduak): 11.812 (9.690 multimedia)
- Bisita-kopurua onlineko liburutegian: 700.
- Esparruak lagatzea: 56 enpresa-sortzaileri edota enpresari.
- Dokumentu-funtsa handitzea: 89 argitalpen
- Zenbat buletin prestaturik gomendatutako irakurgaiekin: 2
- Liburu-maileguen kopurua: 785
- Intereseko zenbat webgune eta blog erreferentzia aukeraturik: 25
- Eskola-ume bisitarien kopurua: 150
- Erakundeen bisita kopurua: 2
- Zenbat ordezkaritza dituen ESZk foroetan: 2
Iruñeko Udalaren Kontsumorako Argibide Gunea 2010eko apirilean abiarazi zen, argibide arloko oinarrizko zerbitzua eskaintzeko eta kontsumitzaileen erreklamazioei erantzuteko. Horrela, kontsumitzaileari erreklamazio-prozesuan ematen zaio aholkularitza (zer dokumentazio aurkeztu behar duen, zer inprimaki eta faktura, eta zer entitateri zuzendua) eta kontsumitzailearen eta enpresaren arteko bitartekaritza-zerbitzua eskaintzen da. 2013an, kontsumoari lotutako 2 kontsulta erantzun zituen, 45 enpresari erreklamazio-orriak eman zizkien eta lantegi bat eman zuen.
Iruñeko Udalak Merkataritzaren Behatokia sortu zuen, ikerketarako eta lanerako esparru baten gisara sortu ere, zerbitzuen eskaintza eta eskura dagoen informazioa zabaltzeko, betiere txikizkako merkataritza-jarduera ahalik eta hobekien garatze aldera. Iruñeko enpresa-, merkataritza- eta gizarte-ehuna aztertzea du helburu, eta, horrenbestez, merkataritza planifikatzen eta garatzen laguntzeko tresna bilakatu da. Lau lan-ildotan egituratua dago:
- Informazio-sistemak azterlanekin eta adierazleekin 2013an txostenak prestatzen segitu zuen, Iruñean eskura egon daitezkeen lokaletako eta beheko solairuetako enpresa-jarduerari buruz, hiriaren bilakaeraren berri izateko lanabes gisa. Txosten horiek prestatzeko erabiltzen diren datuak Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergari, Katastroari eta Udal Erroldari dagozkio eta Zure Enplegua Sortu GIS tresnarekin tratatzen dira. Seihilekoan behin, Iruñeko merkataritza-eskaintzaren analisi kuantitatiboari buruzko txosten bat egiten da, jarduera ekonomikoari buruzko zortzi txosten (bat Iruñeari buruz, eta zazpi, auzoei buruz), eta aurrekoen antzekoak diren beste zortzi txosten eskuragarri dauden lokalei buruz. Halaber, 2012ko azken seihilekoko bilakaera ekonomikoari dagokion informazioa prestatu zuen, urteko bi txosten 2012. urteari buruz (bat jardueraren gainean, eta bestea, Iruñea guztirako eskura dauden lokalen gainean), eta era berean, 2013ko lehen seihilekoko bilakaera ekonomikoari dagokion informazioa prestatu zuen. Urtean, beraz, 36 txosten prestatu ziren.
- Zure Enplegua Sortu GIS. Geografia-informazioko sistema gizarte eta ekonomia arloetan. Lau informazio-eguneratze egin ziren: 2012ko abenduan, 2013ko martxoan, 2013ko ekainean eta 2013ko irailean.
- Kontsultei erantzutea. Merkataritzaren Ebazpenak 50 kontsultari erantzun zien; horietako 40 jarduera ekonomikoari buruzkoak izan ziren, eta 10, eskura dauden lokalei buruz.
- Lan-taldeetan parte hartzea.
2009ko apirilaren 2an, Iruñeko Udalaren Udalbatzak Iruñeko Merkataritzaren Mahaia sortu eta abian jartzea erabaki zuen. Aholkularitza- eta informazio-izaerako foro bat da, merkataritza bultzatu eta sustatzeko ekintzak aztertu eta proposatze aldera, eta era berean, interes orokorreko hainbat kontu aztertzeko ere. Udaleko eta udal-talde politikoetako ordezkariek osatzen dute, bai eta merkatari-elkarteetako eta udal-merkatuetako ordezkariek ere. 2013an, otsailaren 15ean, martxoaren 1ean, maiatzaren 8an eta irailaren 30ean bildu zen, eta hainbat gai jorratu ziren, hala nola Merkataritzan Jarduteko Plana (2013-2015), elkarteek aurkezturiko dokumentu baten azterketa, merkataritza-hirigintzari buruzko berariazko azterketa, enpresa-jarduerari eta hutsik dauden lokalei buruzko txostenak, eta 2014ko aurrekontua .
Udal-arauak. Kioskoak arautzeko ordenantza berriaren zirriborroa prestatzea
Iruñeko Udalak 1997ko ordenantza bat dauka indarrean eremu publikoko merkataritza-jardueran diharduten kioskoak arautzeko: prentsa- eta litxarreria-kioskoei buruzko ordenantza. Zaharkiturik gelditu zenez, Udalak Ordenantza berri bat landu zuen, eremu publikoan kioskoak instalatzea arautzeko. Honako hau hartu zen kontuan zirriborroa prestatzeko:
- udalek harmonizatu behar dutela pertsonek jabari publikoko lekuetan zerbitzu pribatu jakin batzuk emateko eskubidea eta gainerako herritarrek aipatu lekuak erabat gozatzeko duten eskubidea, haien aprobetxamendua ezertan oztopatzen ez zaiela.
- udalek bermatu behar dutela zerbitzu pribatu horiek baldintza egokietan eta segurtasunez ematea.
- aipatu arloan eragiten duen araudi berria
Ordenantzaren zirriborroan okupazio-eskubidearen epealdi luze bat ezarria dago, pertsona titularrek hasierako inbertsioaren finantzaketa-iturriak hobeki eskura ditzaten. Era berean, ordenantzak distantzia-araubide bat ezartzen du kioskoak non kokatu zehazteko, eta kiosko-eredu homologatuak aurreikusi dira, horrelako jarduerak udalerri osoan eta gainerako hiri-altzarien artean ahalik eta hobekien txerta daitezen bermatze aldera. Halaber, administrazio-emakidaren esleipena arautuko duen baldintza-orriaren zirriborroa prestatu da, eremu publikoan iraunkorki kokaturiko kioskoak jartze aldera.
Merkataritza-dinamizazioa eta -sustapena urtean zehar
2013an, Iruña Stock Aukera Feriaren zazpigarren edizioa egin zen. Iruñeko Udalak antolatzen du, Nafarroako Merkatarien Federazioarekin elkarlanean. 61 dendak parte hartu zuten, 23 stand bikoitzetan eta banakako 30etan banaturik. 2013an, lehen aldiz, erakusketa-gelaren goiko solairua haur-ludoteka gisara erabili zen. Haurrei bi euro kobratu zitzaien ordu eta erdiz egoteagatik, eta bildutako dirua gizarte-xede batera bideratu zen; zehazki Adanori eman zitzaion. Feriak 30.415 bisitari jaso zituen.
Enplegu, Merkataritza eta Turismo Alorrak 2008tik ospatzen du Liburuaren eta Lorearen Eguna apirilaren 23an, letren nazioarteko egunarekin bat. Udalak antolatzen du, Diego de Haro Liburu-saltzaileen Elkartearekin elkarlanean. Laugarren urtez jarraian, Karlos III.aren etorbideko oinezkoendako eremuan egin zen, Orreaga etorbidearekiko elkargunean. Liburu-denda parte-hartzaileek –guztiak ere erreferentziazkoak Iruñean– % 10eko deskontuak eskaintzen zizkieten erosleei, hala ferian nola beren ohiko establezimenduetan. Liburu-saltzaileek, gainera, bezeroei lore bana oparitzen diete. Hamahiru liburu-dendek 10:00etatik 21:00etara zabaltzen dituzte beren postuak, etenik gabe.
Merkataritzarekin, hiria, hiriago ekimenaren hamargarren edizioak jarduerak antolatu zituen Iturraman, Zabalgunean, Mendillorrin, Alde Zaharrean, El Salvador-Arrotxapean eta Martín Azpilcuetan. Hilabete horretan, adin guztiendako jarduerak izan ziren, hala nola haurrendako lantegiak, puzgarriak, dantza-erakustaldiak, erakusleiho-lehiaketak, ekozikloak, txokolate-jana edota karaoke, beste proposamen batzuen artean. Merkataritzarekin, hiria, hiriago ekimena ekainaren 7an hasi zen Iturraman, eta ekainaren 14an eta 15ean eman zitzaion jarraipena Zabalgunean. 19an eta 23an Mendillorrin egin ziren jarduerak, eta ekainaren azken astean, berriz, Martín Azpilcuetan, hilaren 27an (osteguna) eta 28an (ostirala). 28an, bestalde, Alde Zaharrean Gau Zuri Gorria ospatu zen eta, bukatzeko, ostiralean eta larunbatean ere, El Salvador-Arrotxapean hainbat jarduera egin ziren. Gau Zuri Gorriaz gain, bestelakoak ere izan ziren, hala nola zozketak, gaztelu puzgarriak, haur-trena, lantegiak, globoflexia, txokolate-jana musikak girotua, dantza-erakustaldiak, flashmob, moda-desfileak, apar-jaia, dj, herrik kirolak, etab.
Udalak merkatari-elkarteekin batera antolatzen du ziklo hori. Hona elkarteak: Alde Zaharrekoa, Zabalgunekoa, Iturramakoa, Martín Azpilcueta, Mendillorri eta Arrotxapea-El Salvador. Merkataritzarekin, hiria, hiriago ekimenaren helburua da auzoko establezimenduak auzokideei hurbiltzea eta merkataritzaren presentzia hiriaren bizitzan sustatzea. Horrela, xedea da bezeroen fideltasunari eustea bere eremuko merkataritzarekiko, merkataritza eta kale biziak izanen dituen hiri-eredu bat lortze aldera.
Iruñeko Alde Zaharreko karrikak, Erdi Aroko zutoihalez eta estandartez apaindurik, Hiru Burguen Erdi Aroko Merkatu bihurtu ziren irailaren 6tik 8ra bitarteko asteburuan. Izan ere, ehun artisautza- eta gastronomia-postu baino gehiago paratu ziren, lantegiak eta Erdi Aroan girotutako lanbideen erakusketa, falkoneria eta ardi-mozte saioak barne. Gainera, San Frantzisko plazan Erdi Aroko taberna bat paratu zen, eta Erdi Aroko nahiz Errenazimenduko musika-emanaldiak ere izan ziren Atrilia elkartearen eskutik. Iñigo Casalí da gazte interpretez osaturiko talde honetako zuzendaria, eta Udaletxe plazan eman zituen kontzertuak ostiralean, 18:00etatik 20:30era, eta larunbatean, 18:30etik 21:00etara. Erdi Aroko merkatuaren beraren musika-giroa ere izan zen, hainbat talde merkatuaren ibilbidean jotzen aritu baitziren; Lar Gallego, besteak beste.
Hona hemen Hiri Burguen Erdi Aroko Merkatuaren ordutegia: irailaren 6an (ostirala) 18:00etatik 21:00etara; hilaren 7an (larunbata) eta 8an (igandea), berriz, goizean, 10:00etatik 14:00etara, eta arratsaldean 17:00etatik 21:00etara. Merkatua karrika hauetan egon zen jarrita: Mercaderes, Udaletxe plaza, kale Berria, Kontseilu plaza, San Frantzisko plaza, Eslava eta kale Nagusia, hau da, Navarrería hiriaren, San Zernin burguaren eta San Nikolas hiriaren elkargune-eremuan, errege Karlos III.a Prestuak 1423ko irailaren 8an emandako Batasunaren Pribilejioak hiru esparru horien antolaketa arautu baitzuen. Merkatua izan zen Iruñeko Udalak 590. urtemuga hori ospatzeko antolatu zituen ekitaldietako bat. Merkatuaz gain, kontzertuak, ekitaldi instituzionalak eta Udaletxea ikusteko bisita gidatuak antolatu ziren.
Aurreko edizioetan bezala, Erdi Aroko artisautza-postuek erosgaiak eskaini zituzten, bai eta antzinako lanbideen erakusketa ere; horrenbestez, bisitariek, besteak beste topatzen ahal zituzten buztinlariak, zeramikariak, kopiatzaileak, zilargileak, lurringileak, zurginak, zapatariak eta magoak. Elikagaien artean, badira txokolateak, hestebeteak, ardoak, gaztak, pastak, barkilloak, marmeladak eta sendabelarrak, guztiak ere artisautza-moldean eginak. Postu bakoitzean, halaber, salgai dagoen produktuari buruzko etnografia-gaiak jartzen dira ikusgai. Gastronomia-eskaintzarekin batera, artisautza-postuetan salgai daude zeramika, xaboiak, zurezko jostailuak, lurrinak, zilarrezko gauzak, belarritakoak, jantziak eta zapatak, espezialitate askoren artean. Era berean, badira Erdi Aroan girotutako lantegiak (lore lehorrak, forja-lanak, beira-puztea, buztingintza eta musika-instrumentuak) eta erakustaldiak (falkoneria eta ardi-moztea). Artisauek jendaurrean lantzen dituzte beren gaiak eta, zenbaitetan ere, buztingileekin adibidez, haurrek buztina eskuz oratu eta beren zeramika-pieza egiten dute, etxera eramateko.
20ko urte zoriontsuetako doinuak eta giroa jabetu ziren Iruñeko Zabalguneko kaleez urriaren 4an (ostirala), Ensanche la Nuit ekimenaren eskutik. Iruñeko Udalak eta Ensanche Área Comercial-ek antolaturiko jarduera da, eta 60 bat establezimenduk parte hartu zuten. Ekimenean parte hartutako establezimenduetako ate ondoan mahai apaingarriak zeuden jarrita, eta gaueko hamaikak arte egon ziren zabalik; bezeroei, gainera, oparitxoak eta deskontu bereziak eskaintzen dizkiete. Kontzertuak eta dantza-emanaldiak Karlos III.aren etorbidean egin ziren, Orreaga etorbidearen ondoan, eta San Fermin nahiz Tafalla kaleekiko bidegurutzean, Vianako Printzearen plazan, Gurutzeko plazan eta Erriberri kalean. Gainera, musika-taldeak kalez kale ibili ziren bazterrak girotzen. IV. edizioaren programaren osagarri, antzinako autoen erakusketa bat jarri zen ikusgai, horietako bat 1916koa, eta era berean, moda-desfileak egin ziren Rodezno Kondearen plazako erakusketa-gelan. Besteak beste, talde hauek aritu ziren: La Farruka, Broken Brother Brass Band, Pamplona Swing, Labanda Flowers, Diana Casas dantza-eskola, Le Bal dantza-konpainia, La banda del desagüe, DJ Sei edo Naiara Ruz de Maspaké.
Eguberrietako kanpaina
2013 - 2014ko Eguberrietako Kanpainan lehiaketa deitu zen, argiztapena Iruñeko hainbat kale eta plazatan paratzeko, eta Iluminaciones Rivas Kordobako enpresari esleitu zitzaion. Udaletxeko fatxadako Gabonetako argiak, bai eta hiriko kale eta plazetakoak, azaroaren 29an piztu ziren, Iruñeko zaindari San Saturninoren egunean. Argi guztiak urtarrilaren 6ra arte egon ziren piztuta.
2013an, Eguberrietako argiztapena paratzeko kontratuak hainbat hobekuntza ekarri zituen, hala nola kaleetan arku argitsu gehiago eta faroletan ere apaingarri gehiago zintzilik jartzea. Aurreko urtean bezala, 2013an ere 12 metro luzeko bi izei jarri ziren: bata, Nafarroako Gobernuaren jauregiaren aurrean, eta bestea, Karlos III.aren etorbidean, San Fermin eta Tafalla kaleen artean. Era berean, aurrekoen osagarri, bestelako apaingarriak jarri ziren Alde Zaharreko, Zabalguneko eta Martín Azpilcuetako dendetan, hala nola pazko-lore zintzilikarioak, zuhaitz apaingarriak eta izar edo irudi argitsuak. Argiek aurreko urteko ordutegiari eutsi zioten; 17:45etik 21:30era pizten dira, salbu abendu eta urtarrileko ostiral eta larunbatetan, orduan 24:00etan itzaltzen baitira. Gainera, Eguberrietako jaiegunen bezperetan (abenduaren 24a eta 31, eta urtarrilaren 5a), argiak 01:45era arte piztu ziren. Argiztapenarekin batera, dendetako apainketa aipatu behar da, hein batean Iruñeko Udalarenak diren eguberri-irudiekin egiten dena; iaz, 400etik gora dendatan banatu ziren irudi horiek.
Duela urte askotik hona, Udalak iraunkortasunezko eta kontsumoa murrizteko irizpideak erabiltzen ditu, hirian Eguberrietako argi-apainketa planifikatzerakoan. Horrek 1.118 euro inguruko gastua eragin zuen, hau da, 30 euroko baino gutxixeagoko gastua eguneko. Aurreko urteetako gastuaren aldean, 2003tik % 90etik gorako jaitsiera lortu da Eguberrietako argien kontsumo elektrikoan, led osagai elektrikoak erabiltzeari esker.
Alorra, era berean, hiriko merkataritza-eremuak sustatu eta dinamizatzeaz arduratzen da, Alde Zaharra eta Zabalgunea batez ere, kontuan harturik zeinen garrantzitsuak diren Eguberrietako egunak merkataritza txikiaren salmentetarako. Horrela, hainbat tokitan jolas tradizionalak ezarri ziren, hala nola Alde Zaharreko, Zabalguneko, Iturramako, Mendillorriko, Martín Azpilcuetako eta Arrotxapeko leku estrategikoetan. Sarasate pasealekuan eta Karlos III.aren etorbidean, gainera, haurrendako emanaldiak antolatu ziren oporraldietarako, eta arratsaldez, hainbat musika-taldek Iruñeko kale nagusiak girotu zituzten. 2013an, lehen aldiz sei bisita gidatu antolatu ziren Iruñean, erreferentziazko hainbat gozodendatan geldialdia eginik, hiriko gozokien eta artisautza-produktuen omenetan. Hona hemen eskuzabaltasunez ekimenarekin bat egin zuten establezimenduak: Pastas Beatriz, Torrano, El Momentico, La Turronería, Confiterías Goya eta Cafés Moreno. Gainera, Civivox zentroen sarearen bidez, Zinema euro 1ean ekimeneko 15.000 gonbidapen banatu ziren, Carlos III zinema-tokietarako, ahalik eta herritar gehienak Iruñeko erdigunerantz erakartzeko eta inguruetako dendetan erosketak sustatzeko, haurrek zinema gozatzen duten bitartean. Azkenik, ahalik eta merkataritza-eremu gehienetan eragiteko asmoz, Belle Epoque zaldiko-maldikoa Amaiurko Gazteluaren kalearen eta Rodezno Kondearen plazaren artean kokatu zen, eta Eguberrietako kanpaina guztian doakoa izan zen.
Azken urteetan ez bezala, iazko kanpainan ez zen Eguberriko Azokarik egin Gazteluko plazan. Udaleko zerbitzu juridikoek diote, legeak aginduta jarduera hori lehiaketa publikora atera behar dela derrigorrez. Enpresa esleipendunak uko egin zion, une horretan etxolarik ez zuela argudiatuta. Bigarren esleipendunak ez zituen behar ziren baldintzak betetzen muntaketaren unean ekimena garantiaz aurrera ateratzeko, eta hirugarrenak ere ezin izan zuen muntaketa bere gain hartu. Horrela, Gazteluko plaza kirol-esparruz eta animatzaileek girotutako jolas tradizionalez bete egin zen.
Udal-merkatuak
2005ean, lankidetza-hitzarmen bat sinatu zen Iruñeko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Ermitagañako, Zabalguneko eta San Domingoko merkatuen artean, hainbat dinamizazio-ekintzaren bitartez merkatuen lehiakortasuna eta irudia hobetzen laguntze aldera, merkataritza-formatu berezi eta desberdindua erabilita. 2012an, Nafarroako Gobernuak bertan behera utzi zuen proiektu horri esleitutako kontu-saila; horrenbestez, ekintzak Udalak eta Ermitagañako nahiz Zabalguneko merkatuek bultzatu zituzten, San Domingokoak uko egin baitzion parte hartzen jarraitzeari.
2012ko abendutik 2013ko urtarrilera bitarte, hiru azoketan Eguberrietako kanpaina egin zen; horrela, haur-jarduerak egiteaz gain, Behartsuen Haurridetxoei merkatuko produktu batzuk eman zitzaizkien, 2012ko irailaz geroztik poltsak kobratzetik bildutako diruari esker. Ekintza horren bidez, elkartasuna nahiz jasangarritasuna bultzatu nahi izan ziren.
Merkatuko produktuetan gastatzeko opari-txekeen kanpaina Baluarten egin zen, Pamplona Stock aukera-ferian, eta merkatuei buruzko argibidea ere eman zen. Gainera, merkatuak kalitatezko erreferentzia gisara mantentzeko ildoarekin bat, hainbat gairi buruzko hitzaldiak antolatzen jarraitu zen, intereseko gaien inguruan prestakuntza eman nahian, betiere elikadura arloko aztura onekin lotuta. Udaberria iristean, gainera, bezeroei errezetak eman zitzaizkien Zabalguneko eta Ermitagañako merkatuetako postuetan denboraldi berrirako.
Bisitei dagokienez, ikastetxeek eskatutakoak mantendu ziren, eta hirugarren urtez jarraian, Osasunako lehen taldeko jokalariek udal-azoketara jo zuten ohikoaz bestelako jendea erakarri nahian (gurasoak, eta seme-alaba txikiak eta nerabeak), agerian utziz kirolak batetik eta merkatuetako produktu freskoek eta kalitatezkoek eskaintzen duten elikadura osasungarriak bestetik duten lotura. Jokalariei entzuteaz gain eta haiei galderak egiteko aukera izateaz gain, Osasuna Fundazioko opariak zozketatu ziren.
Merkatuen Erruleta jokoa urteen joan-etorrian finkatu den beste jardueretako bat da, eta oso ongi hartu dute hala postuetako merkatariek nola bezeroek eta bisitariek. Zabalguneko eta Ermitagañako merkatuetan egiten den gastu orok eskubidea ematen du sarien erruletan parte hartzeko eta zortea probatzeko. Aukera asko dago produktu bat lortzeko, laukien erdiek saria baitute. Parte-hartzaileek bi merkatuetako postu guztietako produktuak irabaz ditzakete, hala nola txistorrak, fruta, gazta-puskak, opil-kutxak, landareak, ganboiak, zainzuriak, ozpinetakoak... Saria tiraldia egiten den une berean ematen zaio bezeroari.
Ahogozatu Udazkena izeneko ekimena egin zen, non sukaldari ospetsuek pintxoak prestatu baitzituzten, Merkatuak dinamizatzeko ekintza bat egite aldera, azalera handiek Eguberrietako kanpaina handia hasten duten unean. Ekimena azaroaren 23an egin zen, Zabalgunean eta Ermitagañan aldi berean, eta promozioa hauxe izan zen: bi pintxo eta ardo bat bi euroan. Bildutako dirua gizarte-ekintzara bideratu zen, zehazki merkatuetatik hurbil dauden bi parrokietara, inguruko familia pobreen artean elikagaiak banatzeko. Lorenzo Pedreño, La Bella Época jatetxekoa, eta Juan Carlos Fernández, El Txoko de Juan Carlos erakustaldi-esparruko arduraduna, arduratu ziren ekitaldiaz.
Urtea bukatzeko, Eguberrietako kanpaina berri bat egin zen: saskiak zozketatu ziren, bezeroei egutegiak banatu zitzaizkien eta elkartasunezko ekintza bat egin zen, zeinean Acción contra el hambre-k parte hartu baitzuen.
