Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Turismo

Deialdia turismo arloko elkarteei laguntzak emateko

Deialdiaren xedea eta helburua turismo arloko elkarteei diru-laguntzak ematea da, Iruña turismoaren jomugatzat sustatzeko jarduketak egin ditzaten. Kontu-sailak 82.000 euro jo zuen.  Jarduketa horien artean, sustapen eta publizitate arloko ekintzak daude, produktu berrien diseinu-gastuak edo jardunaldiak, lehiaketak edota bilera profesionalak egitea. Guztira, 8 elkarteri eman zitzaien diru-laguntza 43 jarduera egiteko.

ANAPEH 4.591,48 €
ANAVI 726,49 €
Iruñeko Hotelen Elkartea 446,78 €
Nafarroako Jatetxeen Elkartea 4.548,80 €
Erresumako Jatetxeen Elkartea 6.053,16 €
AEHN 12.796,40 €
Nafarroako Turismo Elkartea 12.909,10 €
OPC’s Navarra elkartea 13.347,18 €
Guztira55.419,40 €

SICTED programa

Iruñeko Udalak, Donejakue Bidean kokaturiko beste herri eta eskualde batzuekin batera (Jaka-Aragoi Garaia, Nafarroako Mendialdea, Estellerria, Logroño, Burgos, Leon, Ponferrada, Astorga, Villafranca del Bierzo eta Santiago de Compostela), eta Turismoko Estatu Idazkaritzarekin nahiz Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioarekin elkarlanean, 2006an hasi zen kalitate-sistema bat ezartzen Iruñeko eta Iruñerriko turismo arloko enpresa eta zerbitzuetan, Donejakue Bidea, Kalitateko Jomugak produktu-klubaren bidez.  Proiektuaren azken helburua da Iruña kalitateko turismo-jomuga gisa nabarmentzea hiriko kultur turismoaren tipologiaren baitan.

Espainiako Turismoaren Kalitatearen Plan Integralaren xedea da kalitatezko sistemak eta eskuliburuak ezartzea.  Proiektua hasteko, jardunbide onen eskuliburuak ezarri nahi dira, oro har jomugen kalitatea eta, bereziki, establezimendu parte-hartzaile bakoitzaren kalitatea handitze aldera. Guztira, 29 azpisektorek dituzte Jardunbide Onen Eskuliburuak.

Iruñeko Udalak aholkularitza, laguntza eta prestakuntza eskaintzen dizkie kalitateko klubari atxikitako enpresei, jardunbide oneko eskuliburuak ezartze aldera. Behin ebaluazioa gaindituta, Udalak kalitatezko ezaugarri baten bidez saritzen ditu eta, era berean, saria jasotako enpresa guztiak biltzen dituen sustapen-gida bat argitaratzen da.

2013an, turismo-sektoreetako 20 enpresa nabarmendu zituzten:

  • Jesus eta Maria erromesen aterpetxea (ASPACE)
  • Mendebaldea Turismo Apartamentuak
  • Mirasierra Turismo Apartamentuak
  • Loretxea landetxea
  • Atostarra etxea
  • Mendiburu landetxea
  • Dinamic Eventos-Flores e Imízcoz
  • San Bartolome gotorleku txikia-Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa
  • La Perla hotela
  • Hostal Navarra
  • Huartearena Landa Hotela
  • ABBA Reino de Navarra Hotela
  • Andía Hotela
  • Don Carlos Hotela
  • Iriguíbel Hotela
  • AH San Fermín Hotela
  • Tres Reyes Iruña Palace Hotela
  • San Pedroko Ingurumen Heziketarako Museoa
  • Iruñeko Turismo Bulegoa
  • Baserri jatetxea

 

Turismoaren Behatokia

Iruñeko Turismoaren Behatokiak aukera ematen du turismoak hirian zer-nolako egoera duen eta zer-nola bilakatu den jakiteko, eta era berean, Iruñeko turismo-beharren gaineko azterketa eta jarraipena egiten du. Egiazko informazioa da, eta jarraitua, turismoa sakon eta benetan ezagutzeko egoki diren jarduketak abiaraztea ahalbidetzen duena. Urtero hainbat txosten prestatzen ditu: tarteko/behe denboraldikoa, goi-denboraldikoa (uztaila, abuztua eta iraila) eta urteko memoria.  Txosten guztiak Iruñeko Udalaren turismo-atariak argitaratzen ditu.

Datuak Iruña bisitatzen duen turistei egindako inkesten bidez lortzen dira, edo Nafarroako Estatistika Institutuaren eta Iruñeko Turismo Bulegoaren datuen bidez, adibidez.   Zenbakien arabera, Iruña aldeko betetze-maila % 39 izan zen batez beste tokien arabera, eta % 44,2, logelen arabera.  Iruñeko betetze-mailak altuagoak izan ziren: % 43 eta % 48, hurrenez hurren.  Bestalde, Iruñeko hotel-establezimenduetan % 8,1 bidaiari gehiago izan ziren 2012an baino, eta % 10,4 gehiago 2011n baino. Espainiako herritarren eskaria % 5 hazi zen Iruñean, nahiz eta Espainian, oro har, nabarmen behera egin zuen, eta atzerritarren eskaria ia % 17 igo zen. Bidaiari kopurua handitzearen ondorioz, ostatu-gauek % 8,6 egin zuten gora; turista atzerritarren artean are nabariago izan zen joera hori (% 15,6). Batez besteko egonaldiak ere gora egin zuen.  Nazioarteko bisitariek guztien % 38 egin zuten. Bisitari gehienak Frantzia, Madril, Katalunia, Gaztela eta Leon, eta Andaluziatik etorri ziren.

Iruña ezagutzea, oporrak, Donejakue Bidea egitea, senitartekoak edo lagunak bisitatzea edo gastronomia gozatu nahia, horra zerk erakartzen dituen bisitariak Iruñera etortzeko. Haien % 43,4k turismo-foiletoak erabili zituen bisitarako; % 29,6 bikotean dator, eta % 21,3 familian, eta hirian dauden bitartean, Sanferminei lotutako lekuetan ibiltzen dira, gastronomia gozatzen dute (ia % 60 pintxo-taberna batera joaten da), entzierroaren ibilbidea bisitatzen dute, Katedrala ikusi eta harresietan ibiltzen dira.

Bestalde, erromesendako bi aterpetxe daude Iruñean, Jesus eta Maria aterpetxea eta Padernborn aterpetxea. 2013an, nazionalitate guztietako 26.964 erromesi eman zieten ostatu, hau da, 2012an baino % 9,1 gehiagori. 

Bisitariek guztira zenbat gastatzen duten jakiterik ez badago ere, kontuan hartuta Iruñerrian 859.377 turistak eman zutela gaua, eta egonaldia batez beste 1,7 egunekoa izan zela; eta kontuan hartuta, halaber, inkestetan adierazitakoaren arabera, bakoitzak batez beste 96,85 euro gastatu zituela, kalkula daiteke 83.230.662 euro gastatu zituztela guztira, gehienbat ostatu hartzen, eta gero otorduetan eta erosketetan.

Iruñeko turismo-sustapena

Iruñeko Udala Spain Convention Bureau biltzar-hirien sarean sarturik dago eta lankidetzan ari da Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioarekin eta sektore pribatuko beste erakunde batzuekin, Iruña eta Nafarroa biltzar-, bilera- eta pizgarri-turismorako jomuga gisara hedatzeko eta sustatzeko.  Garatuko diren jarduerak lau ardatzetan egituratuta daude: 

-       a) Informazioa: webguneak eguneratzea, sare sozialetan profilak sortzea, sustapen- eta informazio-materialak argitaratzea, ikus-entzunezko materialen bankua sortzea, kontaktu nazionalen eta nazioartekoen datu-baseak prestatzea, eskariaren araberako hautagaitzak prestatzea, eta antolatzaileendako aholkularitza tokiko hornitzaile, zerbitzu eta kontaktu erabilgarriei buruz.  Adibidez, congresos.pamplona.es weba, Fitur azokan aurkezturiko katalogoa, 3 biltzar-hautagaitzaren aurkezpena sustatzea, ekitaldi-sustatzaileekiko kontaktuak edo turismo-materiala ematea 2013an egindako ekitaldientzat.  

-       b) Sustapena: ekitaldiak erakartzea eta kontaktu berriak egitea –tokiko antolatzaileak izan daitezkeen zerrendak eginez–, jomuga tokiko eta nazioko antolatzaileak izan daitezkeenei aurkeztea; famtrip eta presstrip saioak antolatzea, eta azoketara zein aurkezpenetara bertaratzea.

-       c) Elkarlana: sare-lana erakundeekin eta tokiko eragileekin; hau da, lan-mahaiak aurrez ezarritako maiztasunarekin biltzen dira edo unean uneko bilerak egiten dituzte, edo hitzorduak eragile garrantzitsuenekin.

-       d) Ikerketa: erakarritako biltzar eta bileren emaitzen bilduma, eta merkatu-azterlanak nahiz eragin ekonomikoari buruzko azterlanak prestatzea.

Osasun-turismoa esaten zaion turismo-segmentua bultzatzearen garrantzia eta interesa aukera gisara atzeman eta planteatzen da Iruñeko Udalaren Merkataritza eta Turismo Alorrak eta Nafarroako Gobernuak prestaturiko hainbat azterlan eta planetan.  2011. urtean, Iruñeko hotel-sektoreak bere kezka helarazi zion Udalari, biltzarrek, negozioek eta osasunak eragindako bisitari kopurua azken urteetan nola bilakatua zen ikusita.  Hori dela eta, ekintza-plan bati ekitea erabaki zuten, osasun-turismoa garatze aldera.  Plan horri jarraiki, 2012an eta 2013an, hainbat sustapen-ekintza garatu ziren, guztiak ere Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Hotelen Elkartearen, osasun-sektore pribatuaren eta Iruñeko Udalaren artean.  Zehazki, 2013an, osasun-turismoko jomuga saltzeko katalogo baten edizioa landu zen, bisitak egin ziren interesgarriak izan daitezkeen merkatuetan espezializatuak dauden azoka batzuetara (Errusia, kasu), preskriptore posibleak aukeratu ziren –Costa del Sol kostaldean bizi diren atzerritarren artean–, jomugan frantrip-ak egin ziren, bai eta sektoreari lotutako eragileekin aldian behingo bilerak ere.

2012az geroztik, Iruña Espainiako Jomuga Gastronomikoen Elkartean sarturik dago. Elkarteak jomuga gastronomiko gisara sustatzen du hiria Espainian eta nazioartean. Saborea España proiektua Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak bultzatzen du eta Udalak darabilen beste tresna bat da, Iruña jomuga gastronomiko gisara bultzatzeko.  Proiektua Turismoko Estatu Idazkaritzak, bost udalak, hainbat chef ospetsuk eta Espainiako Ostalaritza Federazioak osatzen dute.  Proiektuan 20 jomuga daude sarturik, eta turistak herrialdera erakartzea du helburu nagusi, esperientzia gastronomikoa baliatuta; horrela, turismoa dibertsifikatzeko eta urte-sasoi bakarrera ez mugatzeko.  Espainiak 2013an 6 milioi turista inguru jaso zituen gastronomia hutsak erakarrita.  Ideia hori ezagutzera emate aldera, sare sozialak erabiltzen dira eta Londresen, Parisen eta Berlinen nazioarteko aurkezpenak egin ziren.

Turismoa dinamizatu eta sustatzeko kanpainak

Udan, hau da, Iruñera turista gehien iristen direnean, Iruña atsegin dut zikloa programatzen da, aisia- eta kultura-ekitaldiak egiteko.  Eskaintzan, zehazki, badira bisita gidatuak, ardo dastatzeak, kontzertuak eta emanaldiak kalean, bai eta bi ekintza ezagun ere: Harresia kandelen argipean eta Gastro-Bar Fortius. Azken bi jarduera horiek, bai eta harresien eta Ziudadelaren inguruko ekimenak ere, Fortius ekintzaren baitan daude. Lankidetza-proiektu horrek helburu du herritarrek hiriko gotorlekuak gehiago erabil ditzaten sustatzea; mugaz gaindiko izaera du, Baionako hiri senidetuarekin batera egiten delako, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bidez kudeatzen da.

Abuztuan, ardoak dastatzen hasteko zortzigarren jardunaldiak egin ziren, turistek nahiz Iruñeko auzokideek nafar ardoak ezagutze aldera.  Descalzos kaleko udal-eraikineko erakusketa-gelan egin ziren (2. solairuan), astelehen, astearte eta asteazkenetan, abuztuaren 5etik 28ra bitarte, 20:00etatik 21:00etara.  Hamabi saioak Migueltxo Goñik eman zituen, zeina ardoetan aditua eta Nafarroako jatorrizko izendurako prestatzailea baita.  Egunero, sei ardo dastatu ziren: bi zuri, gorri bat, bi beltz eta moskatel bat. Horrez gain, Nafarroa Jatorrizko Deiturako hiru gazta ere dastatu ziren: Idiazabal, Idiazabal Ketua eta Erronkari. Reyno Gourmet, Kontseilu Erregulatzailea eta 20 upeltegi izan ziren: lehenak gaztak jarri zituen; bigarrenak, kopak eta bertaratuendako dokumentazioa, eta upeltegiek, ardoa.  700 lagunek parte hartu zuten, egunero 60 tokiak bete baitziren, lehen egunena izan ezik.  Txartelak 6 euro balio du eta, turistak bertaratu ahal izateko, azken egunerako 10 toki gordetzen dira.

Hiria ezagutzeko modu ona Iruña gidari profesionalen eskutik bisitatzea da, eta horri umore- edo antzerki-puntua gehitzen bazaio, esperientzia atseginagoa izaten da.  Hori bera da Harresien zaindariak izenburuko antzerki-formako bisitaldien planteamendua, zeinetan bisitariek Próspero de Verboom injinerua, infanteriako soldadu bat eta harresietako atezainetako bat dituzte zain, ibilbidean barnako zenbait tokitan, eguneroko bizitza nolakoa zen azaltzeko eta lana Iruñeko harresien inguruetan egiten zutenen istorioak kontatzeko prest. Abuztuko bost larunbatetan egin ziren, eta 5 euro balio zuten.  Era berean, Harresien sekretuak bisitak antolatzen dira, Ziudadela monumentu historiko-artistiko gisara izendatu izanaren 40. urtemugaren karira.  Hirugarren bisita-proposamena Ziudadela da, larunbatetan, txartelak hiru euroan daudela.  Guztira, 1.081 lagunek parte hartu zuten.

Hirugarren urtez, Harresia kandelen argipean izeneko ekimena egin zen, iruindarrek eta bisitariek Iruñeko gotorlekuak bestelako argiekin ikus ditzaten.  Hainbat harresi-tarte aukeratzen dira, bertan kontzertuak egiteko, eta ardoak nahiz tapak dastatzeko.  Abuztuko lau larunbatetan egin zen, 3an, 10ean, 17an eta 24an, 21:00etatik 23:30era.  Ekimena harresi barrutian barna ibiltzean datza, harresiak egunero 5.000 kandelarekin argituak daudela.  Jarduerak bi eremu desberdinetan egin ziren; horrela, abuztuaren 4an eta 18an, larunbatarekin, ibilbidea Zaldi Zuriaren zokotik Nafarroako Artxibo Nagusira bitartean egin zen, eta abuztuaren 11n eta 25ean, larunbatarekin, Zaldi Zuritik Barbazán Apezpikuaren ingurabidean barna Andre Maria Erreginaren plazaraino. Tarte horietan 3 jaima paratzen dira, eta haietako bakoitzean jendeari tapak eta bi upeltegitako ardoak eskaintzen zaizkio. Upeltegiak Kontseilu Erregulatzailean sartuta daude.

Musika-emanaldiak denetarikoak dira estiloetan. Larunbat bakoitzean bi musika-talde aritu ziren: abuztuaren 3an, pop-rock bertsioak entzuteko aukera izan zen Cuarteto Nebari-ren eskutik Artxiboaren lorategietan, eta Orai flamenko-taldearen musika gozatzeko parada Zaldi Zurian;  abuztuaren 10ean, blues musika Epi & Blues Band-ekin Zaldi Zurian, eta jazza Barbazán apezpikuaren ingurabidean  Belzunegui Trío-rekin; abuztuaren 17an, Alkora perkusio- eta dantza-taldea Zaldi Zuriaren zokoan, eta jazza The Sound of Duke Ellington hirukotearekin, eta azken larunbatean –abuztuaren 24an–, poparen bertsioak Jaione’s duet-ekin Barbazán Apezpikuaren Ingurabidean, eta Up Trío Zaldi Zurian.

Ziudadela gourmet azokako Gastro-Bar Fortius-ek berriz ere ateak zabaldu zituen udan, 19:00etatik 24:00etara.  Uztailaren 26an ireki zen; halaber, abuztuaren 1etik 23ra bitarteko astearte, asteazken, ostegun eta ostiral guztietan; eta egunero, abuztuaren 26tik 31ra.  Armen Aretoan paratua, eskaintza gastronomiko zabala prestatu zuen: kalitatezko produktu nafarrekin egindako pintxoak eta Nafarroako Jatorrizko Deiturako ardoa. Hori dena, Baluarte Gastronomikoaren eskutik. Kartan hainbat iradokizun ageri zeuden aukeran, hala nola Nafarroako zainzuri zuria, sardinzar-xaflak, haren arrautzak eta ogi xigortua; Nafarroako Jatorrizko Deiturako pikillo piperrez egindako esferak, hegaluze-mendrezka eta ozpin-olioa; Euskal Txerriaren urdaiazpikoz osaturiko tartarra, korraleko arrautza-zuringoa, ozpin-pepinozko krema eta ogi pusketa kurruskariak; Erronkariko gazta-infusioa, hur xigortuak, sagarra eta La Maja olio-ukitua edo Esne-bildoski kuboa, tipulatx glasatuak eta parmetierra, besteak beste.  Eskaintzaren osagarri, ostiralero musika-emanaldiak izan ziren.  Honatx: Tributo a Carlos Jobim, uztailaren 26an; Enemigos íntimos, Joaquín Sabinaren omenezko bikotea, abuztuaren 2an; Jorge Sánchez, Kubako trobadorea, abuztuaren 9an; Lady Bragas eta bere bertsioak, abuztuaren 9an, eta 2 y el Metrónomo Francesca Casalírekin (pianoa) eta Estefanía de Pazekin (ahotsa), abuztuaren 23an.

Iruñeko Udalak antolaturik, Ziudadela Gourmet Gastronomia Azoka abuztuaren 30etik irailaren 1era egin zen lehen aldiz Ziudadelan. Nafarroako Jatorrizko Deiturako produktuak dastagai eta salgai jartzeaz gain, lantegiak, sukaldaritza-erakustaldiak eta ardo-dastatzeak egin ziren, eta igandean, gainera, musika-animazioa izan zen, eguerditik aurrera.   Gainera, egun bakoitzaren bukaeran zozketak egin ziren elikagaien hamar erakusmahai eta salmahaietara jo zuten bezeroen artean. Honatx zozketagaiak, besteak beste: Reyno Gourmet-eko produktuak eta mandarrak, Nafarroari buruzko liburuak, Nafarroako Jatorrizko Deiturako ardo sortak, Iruña eta harresi-barrutia gidariekin bisitatzeko txartelak, eta sarrerak Gotorlekuen Interpretazio Zentrorako.

Hamar stand paratu ziren, guztiak ere Reyno Gourmet-ekoak. Honako hauek, zehazki: Katealde Artesanos (ahatekiak, foieak eta pateak), Arbizu hestebeteak (txistorra, pateak eta txorizoa sagardotan), Artzai Gazta (Idiazabal artzain gaztak), Uztarrotze (Erronkariko gaztak), Hacienda Salinas (mantekadoak, cookie-sortak), Ardiarana (artisau ardi-gazta ondua), Pastas Urrutia (artisau-pastak), Chocolates Subiza (txokolateak), Aidin (artisau-marmeladak) eta Artesanía Ali Goñi (artisau-barkilloak). Haien ondoan, karpa nagusia jarri zen, bertan lantegiak eta dastatzeak egiteko; sarrera doakoa izan zen.   Eskaintza haur eta helduentzat izan zen.  Azokan, era berean, show–cooking doako sukaldaritza-erakustaldiak egin ziren Reyno Gourmet  produktuekin; gehienez ere, 40 lagunentzat.  Erakustaldi horietan hainbat plater nola egin azaldu zen, guztiak bertan prestatuak jatorrizko deitura duten produktuak erabiliz.  Saio bat Javier Mugikak eman zuen, eta bestea, Enrique Martínez Burónek.  Azkenik, ardo-dastatzeak ostiraletan eta larunbat arratsaldean egin ziren. 

Arreta bisitari, turista eta erromesei

2006an, Turismoko argibide-gunea sortu zen, bi helbururekin:  Batetik, argibidea ematea bisitariari ezagutu nahi duen gauza ororen gainean: gure kultura, ohitura, leku interesgarriak eta hirian gertatzen dena. Eta bestetik, datuak biltzea, turisten interesak ezagutzeko eta Iruñera datorren turisten profilari buruzko txosten bat prestatzeko; horrela, turismo-baliabideak bisitan etor daitezkeen turista horiengana bidera daitezke.

Argibide-gunea Udaletxe plazan dago, hiriaren erdigune nagusia baita, bai eta turismo-gune nagusia ere, bi ibilbide esanguratsuk zeharkatzen baitute: entzierroak eta Donejakue Bideak, alegia. 2013an, aurreko urteetan ez bezala, udaberri guztian egon zen zabalik (Aste Santuaren ondotik itxita egon beharrean) irailaren 8ra arte.  Hainbat hizkuntzatan egiten die harrera bisitariei (gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta euskaraz), eta horrez gain, Iruñean antolatzen diren kultura- eta aisia-jarduerei buruzko agiriak, foiletoak eta argibideak ere eskaintzen ditu. Besteak beste, hiriko turismo-ibilbideei eta monumentuei buruz, historiari buruz, edo ostatu-eskaintzari, jatetxeei eta garraioei buruz. 2013an, 116.657 lagunek jo zuten Turismoko Argibide Bulegora; 2012an, berriz, 107.452. Igoera, beraz, % 24koa izan zen.

Jesus eta Maria erromesendako aterpetxea 2007ko abuztuan zabaldu zen. Compañía kaleko 4an dago eta Aspace Fundazioak kudeatzen du, erromesak hartzeko eta haiei abegi ona, informazioa eta laguntza emateko. Aterpetxeak 114 ohe ditu eta hainbat hornidura erromesen egonaldia erosoago egiteko: arropa-garbitegia (hiru arropa-garbigailu eta bi arropa-lehorgailu), sukaldea (plaka bitrozeramikoak, mikrouhinak, labea, hozkailua), internet-eremua eta egongela. Urte osoan dago zabalik, Sanferminetan (uztailaren 4tik 15era bitarte) eta abenduaren 24tik urtarrilaren 15era bitarte izan ezik.  Eguerdiko hamabietan ireki eta gaueko hamarretan ixten da, eta erromesek goizeko zortzietan alde egin behar dute aterpetxetik.  2013an, 21.555 erromes artatu zituen; 2012an, berriz, 19.341. Erromes gehien abuztuan ibili ziren (3.420), eta ondotik, maiatzean (3.210) eta apirilean (3.127). Erromes guztietatik, 6.510 espainiarrak izan ziren, eta 15.045, atzerritarrak.

Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen Donejakue Bidearen Lagunak Elkartea-Paderborneko Donejakue Ermandadearekin, Arga bazterreko –Caparrosoren Errotaren ondoko– Iraizoz Txaleta esaten zaion etxean Donejakue Bideko erromes-aterpetxea paratzeko. Aterpetxeak 26 ohe ditu hainbat logelatan. Bada egongela bat –gosaria zerbitzatzen da hor–, eta sukalde bat, arropa-garbigailuz eta lehorgailuz hornitua. 2013an, 5.409 erromesek hartu zuten ostatu; aurreko urtean bezalatsu (5.382).

2011ko martxoaren 26an, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa zabaldu zen, Iruña eta hiriko harresiak ezagutzeko.  Udalaren ekipamendua da eta helburu du hiriko baliabide turistikorik garrantzitsuenetako baten balioa nabarmendu eta erakustea, bertakoek nahiz bisitariek ezagut dezaten. San Bartolome lunetaren barruan kokatua dago, Labriten bastioiaren aurrean, eta 220 metro koadro ditu, lau esparrutan banatuta. Esparru bakoitzean jorratu den gaia harresiei buruzko ikuspegi zehatz bati dagokio.  Ikus-entzunezkoen bidez, hainbat gauza erakusten ditu: Iruñeko eta hiriko harresien historia eta bilakaera, hiriko bizitza eta protagonistak gotorlekuek mendez mende izan dituzten etapetan eta Iruñeko harresiek munduko beste gotorleku batzuekin izan duten harremana.   Gotorlekuen Interpretazio Zentroa museo hezigarri, elkarreragile eta moderno baten gisara osatua dago, eta hornituta dago ikus-entzunezko edukiez, grafismoez eta infografiez.  Informazioa lau hizkuntzatan eskaintzen da: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez. Sarrerak 3 euro balio du, eta murriztuak 1,5 euro (erretiratuak, ikasle txarteldunak eta 20tik gorako taldeak). 12 urtetik beherakoak doan sartzen dira.

2013an, 4.148 lagun joan ziren zentrora; horietariko 1.203 publiko orokorra zen, eta gainerakoei dagokienez, 376 erretiratu ziren; 163, ikasle; 51, ezgaitu; 142, irakasle; 61, gazte-txarteldun; 93, langabe; 42, erromes, eta 356, adingabe.  4.148 bisitarietatik, 3.449 espainiarrak ziren, eta 699, atzerritarrak.  Bisitarik gehien apirilean izan ziren: 674

Fortius Proiektuaren beste ekitaldi batzuk

Baionako Udal-langileak eta hango kazetariak Iruñera etorri ziren abuztuaren 8an, presstrip saio batean parte hartzeko, Fortius jardueren programazio-egun bat Iruñean bizitzeko.  Egun hartan, Harresien Interpretazio Zentroa ezagutu, harresietara bisita gidatu bat egin, eta Ziudadelara joan ziren Sabiquerando zikloko kontzertu bat entzuteko, eta bukatzeko, Gastro Bar Fortius-en afaldu zuten.

Era berean, dibulgaziozko sei bisita antolatu ziren Iruñeko setioaz eta kapitulazioaz Independentzia Gerran.  Horrela, Gazteluko Plazatik abiatuta, Pedro del Guayo historialariaren eskutik gune estrategikoak bisitatu ziren, eta historialariak argibidea eman zuen hainbat konturi buruz: batetik, nola bizi zen Iruñean tropa frantsesen okupazioan, eta nola, ondotik, Ingalaterrako eta Espainiako armadak iritsi zirenean, eta bestetik, nola gertatu zen Napoleonen soldaduen errendizioa eta atzera-egitea. Ibilaldiak urriko bost egunez egin ziren, prezioa 5 euro zirelarik, eta, guztira, 192 lagunek parte hartu zuten.

Iruña askatu izanaren bigarren mendeurrena ospatzeko (urriak 31), Udalak Iruñeko setioaren eta kapitulazioaren lehen birsorkuntza historikoa antolatu zuen urriaren 25ean, 26an eta 27an.  Horrek 150 lagun inguru erakarri zituen Iruñeraino, guztiak ere antzinako batailak antzezten dituzten taldeetako kideak, zeinek uniformeak, kanpainako tresneriak eta artilleria-piezak ekarri baitzituzten.  Ostiralean, azken orduan, bandoak eman zituzten kalez kale kriseiluen argitan, eta guduxkak simulatu zituzten Gazteluko plazan eta Xabier eta Estafeta kaleetan; bitartean, Ziudadelan, frantses armadaren garai hartako bandera zut zegoen masta gainean.  Larunbat goizean, Iruñeraino etorritako birsorkuntzaren egile guztiak aritu ziren hirian; zehazki, Aragoi, Valentzia, Madril, Leon, Donostia, Asturias, Tolosa, Girona, Jaen eta Galiziatik etorri ziren, bai eta beste batzuk Frantzia, Belgika eta Britainia Handitik ere.  Armada Inperiala eta Armada Espainiarra eta bere aliatuak zirela simulatuta, berregileak lerrokatu eta Ziudadelatik segizioan joan ziren Udaletxe plazaraino, non udal-ordezkariek hartu zituzten. Arratsaldean, Frantziako Portalean, borroka bat berregin zuten; frantsesak alferrik saiatu ziren hiri setiatutik ateratzen, Soraurenen –setioaz bestaldean– zeuden Napoleonen tropekin elkartzeko. Orduek aurrera jo ahala, Espainiako eta aliatuen tropen kontraerasoen ondorioz, ekintza Ziudadelarantz hurbildu zen, non frantsesei amore emateko eskaria egin baitzitzaien.  Igande eguerdian, azken borroka iritsi zen, Ziudadelaren inguruan; frantsesak errenditu ziren eta kapitulazioa sinatu zuten.  Jarduera Fortius Proiektuan sartuta zegoen, eta Hezkuntza eta Kultura Alorrarekin elkarlanean egin zen.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala