Gizarte Zerbitzuak
Oinarrizko Laguntza
Auzo Unitateak herritarrak gizarte-zerbitzuetan sartzeko ateak dira eta haien helburua herritarren eskariak jasotzea da, bai eta haien zailtasunei lehen erantzuna eskaintzea eta gizarte-babeserako sistemetan sartzeko bidea erraztea ere. Iruñeak, gaur egun, hamabi auzo-unitate ditu, Alde Zaharrean, Txantrean, Etxabakoitzen, Zabalgunean, Ermitagañan, Iturraman, Mendillorrin, Milagrosan, Arrotxapean, Sanduzelain, Donibanen eta Buztintxurin banatuta, eta, 2013an, guztira, 37.468 arta egin zituzten; hau da, 2012an baino % 4 gehiago.
| 2008 | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Auzo-unitateetan artatutakoen kopurua | 23.576 | 25.798 | 34.019 | 34.287 | 36.038 | 37.468 |
15/2006 Foru Legeak ezarritakoarekin bat, Auzo Unitateek Gizarte Zerbitzuetako lau programak eskaintzen dizkiete herritarrei: Harrera eta gizarte-orientazioa, Norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasunean dauden pertsonei laguntzeko programa, Gizarteratzea, eta Haurrei eta familiei laguntzeko programa.
- Harrera eta gizarte-orientazioko programa.
Herritar guztiei zuzendutako programa da eta haien eskariak jasotzea du xede. Herritarren arazoei lehen erantzuna eskaintzen die, gizarte-babeserako sistemetako prestazioetan sartuz eta, behar izanez gero, oinarrizko laguntzako edo laguntza espezializatuko gainerako programetarako sarbidea emanez. Era berean, helburu du auzoetan elkartegintza sustatzea auzokideen partaidetza eta auzoko elkartasun-sareak bultzatzeko, topaketa-guneak, sare sozialak eta boluntariotza indartuz.
- Norberaren autonomia sustatzeko eta mendekotasunean dauden pertsonei laguntzeko programa
Iruñeko Udalak hainbat baliabide eskaintzen ditu, hainbat helburu gogoan hartuta: norberaren autonomia sustatzea, mendekotasunezko egoerei aurrea hartzea, eta laguntza ematea bere kabuz moldatzeko arazoak dituzten pertsonei eta mendekotasunean daudenei edo egoteko arriskua dutenei, betiere beren ohiko ingurunean. Behar izanez gero, gainera, etxetik kanpoko baliabide alternatiboetan sartzeko aukera ematen du, banakako, taldekako eta izaera komunitarioko artaren bidez. Programak hiru baliabide biltzen ditu: Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ), apartamentu babestuen bost eraikinak eta etxebizitza komunitarioa.
Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua (EELZ)
EELZk 5.548.978 euroko gastua egin zuen 2013an, eta zuzeneko arta eskaintzen du pertsona hartzaileen etxean bertan, gehienez bi orduz egunero. 2013an, 180.117 ordu erabili ziren, 1.111 etxebizitzetan banaturik dauden 1.340 erabiltzaileri laguntza emateko. Arta hiru enpresaren bidez egiten da: ASIMEC enpresa publikoaren bidez eta AZVASE (urtarriletik azarora) eta SARQUAVITAE (abendua) enpresen bidez.
2013an artatutakoen % 70,6k zainketa pertsonaleko zerbitzuak behar izan zituzten; % 26,98k, elikadura-zerbitzua; eta % 2,42k, arropa garbitzeko zerbitzua. Zehazki, elikaduran 109.193 zerbitzu izan ziren (87.999 bazkari eta 21.194 afari), eta 17 menu desberdin. Menu bakoitza lehen eta bigarren platerez osatua dago, gehi postreaz eta ogiaz, eta erabiltzaileen beharretara egokituta dago. Arropa garbitzeko zerbitzuari dagokionez, 2013an 1.628 zerbitzu eman ziren 37 etxebizitzatan.
EELZaren aurrekontua atalez atal
| Zerbitzuak | 2013an gauzatua | Guztira |
|---|---|---|
|
Etxez etxeko laguntza ASIMEC |
1.745.879 | |
|
Etxez etxeko laguntza AZVASE/SARQUAVITAE |
3.078.078 | 4.823.957 |
| Garbitokia | 29.170 | 29.170 |
| Elikadura | 496.714 | 496.714 |
| Garraioa | 199.137 | 199.137 |
| 5.548.978 | 5.548.978 | |
Adinekoendako apartamentuak eta etxebizitza komunitarioa
Iruñeko Udalak bost apartamentu-eraikin kudeatzen ditu adinekoentzat, honako toki hauetan: Milagrosa auzoko Julián Gayarre kalea, Arrotxapeko Iturriotzeaga plaza, Tulebrasko monasterioaren kalea, Serafín Olave kalea eta Ansoleaga kalea. Horrela, guztira, 252 toki dira, 108 apartamentu bikoitzetan eta banakako 36 apartamentutan banatuak: ia 40 m2 dituzte eta logela bat, sukaldea txertatua duen egongela bat, bainugela eta trastelekua dituzte.
Etxetiarrak Iruñeko auzokideak dira, 65 urtetik gorakoak, autonomia pertsonala dutenak eta etxebizitza-arazoak dituztenak. Auzo-unitateak arduratzen dira toki-eskariak kudeatzeaz eta kasu bakoitzaren azterketa egiteaz. Udalaren programan sartu orduko, hainbat langilek artatzen dituzte egoiliarrak: zehazki, familia-langile batek, eraikin-arduradun batek –mantentze-lan txikietarako–, eta gizarte-langile batek –hainbat alderdiz arduratzeko, hala nola egoiliarrak zerbitzuan sartzeko eta hautatzeko sistemaz–.
Programan mugikortasun handia izaten da; izan ere, egoiliarrek beren kabuz baliatzeari uzten badiote, haien familiekin bizitzera itzultzen direlako; edo bestela, zahar-egoitzetara joaten direlako edo hiltzen direlako. Toki libreak eskatzaileen itxaron zerrenda baten arabera banatzen dira, puntuazioarekin bat. Apartamentuak hutsik gelditzen direnean, Eraikuntzako Lantegi Eskolako ikasleek eta Gizarte Enplegu Babestuko langileek berritzen dituzte.
Bestalde, Sarasate pasealekuan kokaturiko etxebizitza komunitarioa 65 urtetik gorakoendako etxe kolektibo bat da. Erabiltzaileek gizartean eta beren kabuz moldatzeko maila egokia dute eta ezin dira beren etxeetan bizi, segurtasun ezak edo bakardade-arazoek eraginda. Laguntza jasotzen dute elikadura- eta garbiketa-lanetarako, eta jarraipen pertsonala egiten zaie. 2013an, 8 egoiliar zeuden.
- Haurrei eta familiei laguntzeko programa
Oinarrizko Laguntzako programa honek haurren babesgabetasunei aurrea hartu nahi die; hartara, babesgabetasuneko arrisku-egoera arinean eta ertainean dauden adingabeen familiak ikertu, baloratu eta haietan esku hartzen dute. 2013. urtean, 617 familia eta 1.077 adingabe artatu zituzten (563 eta 650 hurrenez hurren, 2012an).
Taldeko profesionalek familiarekin batera kasu bakoitzean ezarri beharreko plana prestatzen dute, egoera bakoitzean zer helburu, jarduketa eta baliabide aplikatu behar diren zehazteko. Programak, era berean, hiriko haurren eta nerabeen egoera etengabe ikertu eta aztertzen du, Nafarroako Gobernuko Adin Txikikoak Babesteko ataleko taldeekin elkarlanean.
| Haur eta nerabeendako laguntza taldeak | 2008 | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Artatutako familiak | 220 | 219 | 217 | 338 | 563 | 617 |
| Artatutako adingabeak | 412 | 405 | 397 | 565 | 650 | 1.067 |
- Familietan Esku Hartzeko Zerbitzua
Zerbitzu hau berariazko baliabide bat da, lehiaketa publiko baten bidez kanpo-entitate batek kudeatua, haurren eta nerabeen garapena edo ongizatea eragozten duten babesgabetasuneko egoeretan esku hartzeko, adingabeen etxean bertan. 2013an, 125 familiatan esku hartu zen.
- Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzua
Esparru honetan prebentzio komunitarioko taldeak ere badaude, haurrei eta gazteei zuzendutako prebentzio unibertsal eta selektiboko jarduketak egiteko. Arrotxapea, Txantrea, Sanduzelai, Alde Zaharra eta Etxabakoitz auzoetan kokaturik daude, eta 2013an, 0 eta 19 urte arteko 3.032 lagunengana iritsi ziren. Prebentzio selektiboari dagokionez, 2013an 1.284 parte-hartzaile izan ziren banakako eta taldekako laguntzan.
Gizarteratzeko programa
Helburu du bazterturik gelditzeko arriskuan edo bazterturik dauden pertsonen gizarteratze-bidea sustatzea; hartara, banakako gizarteratze-ibilbideak diseinatzen dira, eta pertsona horiek gizarte- eta hezkuntza-laguntza jasotzen dute. Halakoetan, elkarrekin esku hartzen dute gizarte-laneko eta gizarteratze arloko teknikariek, eta Gizarte Enplegu Babestuarekin eskuz esku eta koordinazioan lan egiten dute. 2013an, auzo-unitateetan, 18 eta 65 urte arteko 402 laguni eman zitzaien banakako laguntza. Era berean, hainbat ikastaro eman dira, prestakuntza arloan eta eguneroko bizitzarako trebetasunak jorratzeko, eta horrekin batera, aholkularitza psikologikoa eskaini zaie, hala profesionalei, nola programaren erabiltzaileei.
Zerbitzu Espezializatuak
Oinarrizko Laguntzaren osagarri, Iruñeko Udalak bestelako laguntza-bitartekoak ere baditu, Auzo Unitateetako programekin eskuz esku lan egiten dutenak.
Gizarte Enplegu Babestua
Nafarroako Gobernuarekin batera, Iruñeko Udalak programa bat finantzatzen du, gizarte-zailtasunean dauden pertsonak aldi baterako kontratatzera bideratua; era berean, pertsona haien gaikuntza pertsonala sustatzen du bai enpleguaren bidez bai laguntza-sisteman sartzearen bidez. Udal-programa honek urtebeteko lana eskaintzen die lan-merkatura sartzeko zailtasunak dituzten pertsonei, gehienez ere urtebeterako, banakako gizarteratze-ibilbide baten bidez. Hona programaren hartzaileak: prestakuntza eskaseko gazte eta helduak, gutxiengo etnikoak, egoera ekonomiko txarra duten edo gizarteratzeko eta lanera bideratzeko prozesuetan ari diren pertsonak, familia-ardurak dituzten emakumeak, etab.
2013an, 187 lagun egon ziren uneren batez kontrataturik urtean barrena. Hona, besteak beste, egindako lanak: Gayarre Antzokiko kamerinoak, bainu-gelak eta esparru komunak birgaitzeko lanak, Etxabakoizko Auzo Unitate berrirako lanak hastea, hainbat ikastetxe eta ikastola, eta beste udal-egoitza batzuk berritu eta margotzeko lanak, Argaren ibaiertzak mantentzeko lanak eta Udal Agiritegiarekin lankidetzan aritzea hainbat material koadernatze aldera.
Emakumeendako Udal Laguntza Zerbitzua (EULZ)
Udal Laguntza Zerbitzu honen xedea da beren egoera dela-eta, babes eta laguntza sozial, juridiko eta psikologiko berezia behar duten emakumezkoei laguntza ematea. Horren baitan, lehentasunezkoak jotzen dira hala biktimak babestu eta bere onera ekartzera bideratutako esku-hartzeak nola indarkeriazko egoerei aurrea hartzera bideratutakoak. Zerbitzu honetako profesionalen iritziz, gizarte- eta ekonomia-egoera larritu izanak eta Nafarroako Gobernuko gizarte-laguntzak eskuratzeko lege-aldaketek eraginda, okerrera egin dute emakumeen bizi-baldintzek eta haien bazterkeria-mailak gora egin du.
2013an, 539 emakumek jaso zuten laguntza; haietatik, 263 berriak izan dira, eta 276k, berriz, lehengo urteetako espedienteak zituzten. Banako 1.880 arta egin ziren, eta haietako 59 larrialdiko artak izan ziren. Artatutako kasu berrien % 37 genero-indarkeriazko edo familia barruko indarkeriazko egoerei dagokie, eta % 40, bikote-gatazkei. Horrek esan nahi du esku-hartzeen % 77tan aholkularitza eta laguntza eman direla indarkeriak eragindako kaltea arintzeko eta gainditzeko, eta arriskurik handieneko egoeretan indarkeria hori ager ez dadin prebenitzeko.
Familietan Esku Hartzeko Zerbitzuak 60 emakume eta 88 adingabe artatu zituen 2013an; hau da, 2012an baino % 1 gehiago. Zerbitzu hau gizarte-zailtasunean dauden emakumeei eta haien seme-alabei zuzendutako programa bat da, betiere gizarte eta hezkuntza arloetan laguntza eta esku-hartze integrala behar dutelarik. Programan sartu aurreko balorazioa EULZeko taldeak egiten du. Familietan Esku Hartzeko Zerbitzua emakumeen etxean bertan aritzen da (% 43), edota Udalaren apartamentuetan (% 57). Udalak, 2013an, 16 udal-apartamentu izan zituen erabilgarri Merced kalean eta San Pedron, eta haien erabilera, batez beste, % 94 izan zen.
Haur eta Nerabeendako Laguntza Taldea
Programa espezializatu honek eskuz esku lan egiten du lehen laguntzako haur eta familien programarekin, programa horrek bideratzen baititu talde honetara babesgabetasuneko arrisku-egoera ertainean dauden haurrak, edota oinarrizko laguntzak behar bezala artatu ezin izateagatik bestelako esku-hartzeak behar dituztenak. Bere baitan etxez etxeko Familietan Esku Hartzeko Zerbitzua bilduta dago. 2013an, 35 kasuz arduratu zen eta 85 adingabe artatu zituen.
Enplegurako Prestakuntza
Enplegua lortzeko zailtasun erantsi bat duten Iruñeko pertsonak gizarteratu eta laneratu daitezen sustatzea da Enplegurako Prestakuntza-programaren ardatz nagusia. Hartara, pertsona horien gaikuntza eta lan-merkatuak balioesten dituen lanbide-, gizarte- eta norberaren gaitasunak garatzen dira. Programaren barnean hainbat zerbitzu daude: Enpleguko Lantegi Eskolak, Gizarteratze eta Laneratze Taldea (GLT), Langabeendako prestakuntza-ikastaroak, Espetxeko Emakumeen Moduluko Lantegiak, eta diru-laguntza baterako deialdia, langabeek interes orokorreko eta gizarte-intereseko lanak egin ditzaten.
- Enpleguko Lantegi Eskolak
2013an, lehenago Enplegu Lantegiak eta Lantegi Eskola deitzen zirenei Enpleguko Lantegi Eskolak izena eman zitzaien. Prestakuntza- eta enplegu-programa mistoak dira, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak eta Iruñeko Udalak finantzatuak, eta Udalak sustatuak, zeinetan ikasleek prestakuntza teorikoa eta praktikoa jasotzen baitute, prestakuntza-kontratu baten estalduraren bidez.
Iruñeko Udalak 2013an bultzaturiko Enpleguko Lantegi Eskolak
| IZENA | ESPEZIALITATEAK | BETEARAZPEN-DATAK | PROFILA | LEKU-KOPURUA |
|---|---|---|---|---|
| ELE: Eraikuntza Birgaikuntza | Igeltserotza-birgaikuntza eta berrikuntzak; Zurezko zurgintza-muntaketa; Lehengoratzea, hargintza eta ondarearen kontserbazioa. |
2011/09/30etik 2013/08/31ra |
16-24 urte bitarteko gazteak | 60 |
| ELE: Arantzadiko Parkea | Soldadura, iturgintza eta eguzki-instalazio termikoak, eta Basogintza | 2011/09/30etik 2013/08/31ra | 16-24 urte bitarteko gazteak | 42 |
| ELE: Arantzadiko Parkea | Soldadura, iturgintza-berokuntza eta biomasa-natur ingurunearen kontserbazioa | 2013/11/02tik 2015/04/30era | 16-24 urte bitarteko gazteak | 42 |
| ELE: Mendekoendako Arta Erakundeetan eta Etxean II |
PZ Mendekoendako Arta Erakundeetan 2 modulu PZ Mendekoendako Arta Etxean |
2012/11/21etik 2013/05/20ra | 25 urtetik gorakoak | 15 |
| ELE: Mendekoendako Arta Erakundeetan III |
PZ Mendekoendako Arta Erakundeetan 2 modulu PZ Mendekoendako Arta Etxean |
2013/08/30etik 2014/05/29ra |
Bazterturik gelditzeko arriskuan edota bazterturik dauden pertsonak | 15 |
Lantegi Eskoletako ikasleek zeharkako arloetan jasotzen dute prestakuntza (funtsezko gaitasunak, gizarte-prestakuntza eta prestakuntza pertsonala, enplegua era aktiboan bilatzea, etab.), eta prestakuntza teoriko eta praktiko horretaz gain, hiri osoaren mesedeko ekimenetan lan egiten dute (gizarte-interesa duten lanak).
2013an, Eraikuntza eta Arantzadiko Parkea Enpleguko Lantegi Eskolek hainbat lan egin zituzten hirian, hala nola hainbat etxebizitza erabat birgaitzeko lanak etxe-kaleratzeetarako, hainbat etxebizitza berritzeko lanak Txokoberri apartamentu babestuetan, San Pedroko Monasterio Zaharreko barne-patioa birgaitzeko lanak, Ezkaba mendi lehengoratzeko hainbat lan edo hiriko hainbat zelai eta lorategi mantentzeko lanak, besteak beste. Mendekoendako Arta Enpleguko Lantegi Eskolari dagokionez, ikasleek Iruñeko Udalaren Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuan egin zuen gizarte-intereseko obra, bai eta mendekoak artatzeko erakundeetan ere. Eskola bukatu eta sei hilabetera lortutako laneratze-indizea % 93 izan da.
- Gizarteratze eta Laneratze Taldea (GLT)
Gizarteratze eta Laneratze Taldearen (GLT) xedea da lana eskuratzeko zailtasunak dituzten pertsonek eta aldi berean bazterturik gelditzeko arriskuan edo bazterturik daudenek beren enplegagarritasuna handitzea eta gizarteratzea nahiz laneratzea lortu ahal izatea. Hartara, pertsona horien gaikuntza eta lan-merkatuak balioesten dituen lanbide-, gizarte- eta norberaren gaitasunak garatzen dira. Prestakuntza eta lan-orientazioa eskaintzen du, eta bitartekaritza egin ohi da enpresekin eta partikularrekin.
2013an barrena, GLTk guztira 577 espediente aktibo izan zituen, eta haietatik, 355 programan hartutako altak izan ziren. Abenduaren 31n, guztira 551 espedientek zirauten aktibo. 2013an, zerbitzu honek hainbat prestakuntza-ekintza egin zituen; besteak beste, ikasleak gaitzea lana era aktiboan IKTen bitartez bilatzeko, familiaren zerbitzuko pertsonak prestatzea, jendea gaitasun pertsonaletan prestatzea enplegua bilatzeko, etab.
-Langabeei lehentasunez zuzendutako prestakuntza-ikastaroak
Iruñeko Udalaren Enplegurako Prestakuntza Zerbitzuak lanerako prestakuntza-jarduketak egiten ditu langabeendako eta helburu du parte-hartzaileen laneratzea sustatzea. Nafarroako Enplegu Zerbitzuak homologatutako prestakuntza-zentroa denez, zerbitzu honek bere prestakuntza-eskaintza eguneratzen du Profesionaltasun Ziurtagiri berriak emateko. 2013an, prestakuntza horretan guztira 60 lagun aritu ziren.
2013an emandako ikastaroak
| ESPEZIALITATEA |
Ordu-kopurua Orduak | Eskola-egunak |
Hasierako data Bukaerako data |
PZ Maila | Leku-kopurua |
|---|---|---|---|---|---|
| Jatetxe-tabernako oinarrizko lanak (PZ osoa) | 210 | 42 | 10/1 – 11/28 | 1 | 20 |
| Pertsonendako gizarte- eta osasun-arta etxeetan (MF 0249) | 170 | 34 | 09/30-11/15 | 1 | 20 |
| Laguntza-jarduerak mintegi, lorategi eta lorategi-zentroetan (PZ osoa) | 250 | 50 | 09/30-11/15 | 2 | 20 |
Hiru prestakuntza-ekintzak urteko bigarren seihilabetekoan egin ziren, programa horren diru-laguntzarako deialdia maiatzaren 31ko NAON argitara eman baitzen. Ekintza bakoitzerako, lantegi tematikoak eskaini ziren, eskainitako prestakuntzaren osagarri, bai eta ikasleak orientatzeko hainbat saio ere, hala taldekakoak nola banakakoak. Ekintzak Nafarroako Enplegu Zerbitzuak finantzatu zituen.
- Espetxeko emakumeen moduluko lantegiak
2013an, Iruñeko Udalak bi prestakuntza-ekintza antolatu, koordinatu eta finantzatu zituen Iruñeko Espetxeko emakumeen moduluan, Prestakuntza eta Enplegua Programaren bidez.
Kustomizazio Lantegia Edurne Sánchez moda-diseinatzaileak eman zuen eta guztira, 158 orduko iraupena izan zuen otsailetik abendura. 35 emakume aritu ziren. Jaione Cueli, bestalde Ebaketa eta Jantzigintza moduluaz arduratu zen; guztira, 72 ordu izan ziren maiatzetik abendura, eta 21 emakumek parte hartu zuten.
- Langabeak kontratatzea, interes orokorreko eta gizarte-intereseko lanak egiteko
Gizarte Ongizate Alorrak bi proiektu aurkeztu zituen otsailaren 23ko 233/2012 Ebazpenaren bidez onetsitako Toki Erakundeetarako dirulaguntza-deialdira, langabeak kontratatze aldera interes orokorreko eta gizarte-intereseko lanak egin ditzaten. Deialdiaren helburu nagusia langabeak kontratatzea da haien enplegagarritasuna hobetzeko, lanbide-gaitasunak eskuratuz, gero lan-merkatuan errazago sar daitezen. Alorrak lehentasunezkotzat jotako kolektiboetako 22 lagun kontratatu zituen, bi proiektuak garatzeko.
Enplegurako Prestakuntza Programaren Datu Orokorrak
Parte-hartzaile kopurua 2013an
| PROGRAMA | PARTE-HARTZAILE KOPURUA |
|---|---|
| ELE: Eraikuntza | 60 |
| ELE: Arantzadiko Parkea (2013/01/01etik 2013/08/31ra) | 42 |
| ELE: Arantzadiko Parkea (2013/11/02tik 2013/12/31ra) | 42 |
| ELE: Mendekotasunean daudenendako arta etxeetan eta erakundeetan II (2012/11/21etik 2013/05/20ra) | 15 |
| ELE: Mendekotasunean daudenendako arta (2012/08/30etik 2013/05/30era) | 15 |
| GLT-Lan Bitartekotzako Udal Zerbitzua | 551 |
| Interes Orokorreko eta Gizarte Intereseko lanak | 22 |
| Langabetuendako Ikastaroak | 60 |
| Espetxeko prestakuntza-ekintzak | 56 |
| GUZTIRA | 863 |
Parte-hartzaile kopurua 2007tik 2013ra:
| 2008 | 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|---|
| Enpleguko Lantegi Eskolak | 102 | 102 | 117 | 117 | 117 | 174 |
| GLT-Lan Bitartekotzako Udal Zerbitzua | 305 | 375 | 520 | 475 | 400 | 551 |
| Espetxeko Prestakuntza-ikastaroak eta Lantegiak | 165 | 260 | 232 | 189 | 97 | 116 |
| Interes Orokorreko eta Gizarte Intereseko lanak | 21 | 19 | 28 | 19 | 24 | 22 |
| Onuradunak, guztira | 593 | 756 | 827 | 800 | 700 | 863 |
Bazterketa handia artatzeko programak
Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa
Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroak hirian ibiltari dabiltzan pertsonendako aterpetxe bat dauka, eta, horrekin batera, jantokia, lanera bideratzeko zentro bat, arropa-garbitegia eta Iruñean erroldaturik egon eta gizarte-bazterketa jasaten duten pertsonak iraupen ertaineko egonaldian hartzen dituen programarako gunea. Zentroan ostatu, higiene- eta elikadura-arloko premiak asetzen dira, aholkularitza eskaintzen da, eta erabiltzaileek lanera bideratzeko lantegietara joan eta garbiketa- eta jantoki-lanak egin behar dituzte.
Pasadizokoendako aterpe-eremua 25 lagun hartzeko dago prestatua, eta Iruñean erroldaturikoendako eremua ere 25 lagun hartzeko. Zentroak eskaintzen dituen 50 tokiak beteta egoten dira urteko ia egun guztietan, eta neguan toki gehiago eskaintzen dira. Tenperatura 3 gradutik jaisten denean, izan ere, Hotzaren aurkako protokoloa abiarazten da, eta programan ohiko eran sar ez daitezkeen lagunak –baldintzak betetzen ez dituztelako, zehapena jasota daudelako edota egonaldi-denborak agortu zaizkielako– artatzen dira. 2013an, protokoloa 108 gautan abiarazi zen.
Hiru programen bidez, guztira, 2.007 lagun artatu zituzten. Iruñean erroldaturikoei zuzendutakoak 71 lagun artatu zituen (haietariko 8, emakume, hau da, % 12); pasadizokoei zuzendutakoak, 1.568 (haietariko 159, emakume, % 10), eta Hotz Boladaren Protokoloak, 209 lagun.
Zerbitzu sorta osatzeko, Arreta, kalean Programak 164 pertsona desberdin artatu zituen. Beraz, arta kopurua handiagoa izan zen, litekeena delako pertsona batzuek programa batean baino gehiagotan arta jaso izana. Gainera, 996 autobus-txartel eta 351 pentsio-txartel banatu ziren.
| Etxerik Gabeko Pertsonak Artatzeko Zentroa | 2012. urtea | 2013. urtea |
|---|---|---|
| Artatutakoak, guztira | 1.902 | 2.007 |
| Pasadizokoak | 1.710 | 1.568 |
| Erroldaturikoak | 54 | 71 |
| Arreta, kalean | 161 | 164 |
| Hotz-bolada | 138 | 209 |
| Pentsio-txartelak | - | 351 |
| Autobus-txartelak | - | 996 |
"Oscus 0,50" udal-jantokia
Iruñeko Udalaren udal-jantokia Navarrería kaleko 31n dago eta 2013an 282 lagun artatu zituen; hau da, 2012an baino 29 gehiago. Zerbitzua diru behar larrian dauden 18 eta 65 urte arteko pertsonei zuzendua dago. Zerbitzuaren erabiltzailearen profila hauxe da: gizonezkoa, jatorri nazionalekoa (artatutakoen % 55), ezkongabea, ardurapean seme-alabarik ez duena eta administraziotik inolako dirurik jasotzen ez duena. Horrek esan nahi du profila aldatu dela, aurreko urteetan atzerritarra baitzen erabiltzaileen ehunekorik handiena. Kontuan hartu behar da, gainera, adingabe gehiagok erabili zuela zerbitzua, 2012an 22 izan baitziren (guztien % 9,5) eta 2013an, berriz, 53 (guztien % 19). Erabiltzaileen artean, oraindik ere 24 nazionalitate ageri dira, eta jende gehien bildu duena marokoarra izan da.
Jantokiak euro baten truke bazkaldu eta afaltzeko aukera eskaintzen die 50 erabiltzaileri, hau da, 0,50 otorduko; hortik heldu zaio izena. 2013an, 28.474 zerbitzu eskaini zituen, hau da, 16.610 bazkari eta 11.864 afari; beraz, bana beste, 80,19 zerbitzu eguneko, eta bana beste askoz ere bazkari gehiago zerbitzatu zituen afari baino (% 46,78 eta % 33,41, hurrenez hurren). Udal-jantokiak urteko egun guztietan eskaintzen ditu bere zerbitzuak, uztailaren 6tik 14ra bitarte izan ezik, 13:00etatik 15:00etara (bazkariak) eta 19:30etik 21:00etara (afariak).
Laguntzen eta hitzarmenen deialdiak
- Gizarte Ekintza
Iruñeko Udalak gizarte-ekintzako jarduerak garatzen dituzten 46 proiektu lagundu zituen diruz. Zehazki, proiektuak finantzatzen dira hala minusbaliotasun edo menpekotasunaren arloan nola gizarte-bazterkeriaren eta adingabeen aisiaren eta denbora librearen arloetan, eta guztira 289.987 euro jo zuen 2013an.
- Berdintasun Plana
Deialdi hau 96.000 euroz hornitua dago, eta irabazi-asmorik gabeko 23 entitateren proiektuak sustatzea du xede, Aukera Berdintasunerako Plana garatzeko programak gauzatze aldera.
- Hitzarmenak
Udalak, hitzarmenak sinatuz, gizarte-intereseko proiektuak garatzen dituzten elkarte eta entitate jakin batzuendako laguntza finkatu nahi du. 2013an, honako entitateokin sinatu ziren hitzarmenak:
- Gizakia Helburu - Nafarroa Bi programa: Suspertu (nerabeei eta gazteei laguntzeko) eta Aldatu menpekotasunak era anbulatorioan artatzeko zentroa (alkohola eta estimulatzaileak kontsumitzearekin lotutako menpekotasunak dituzten helduei laguntzeko eta haiek tratatzeko). 30.000 euroz hornitua dago.
- Elikagai Bankua Nafarroako Fundazioa Laguntza ematen zaio zehazki honako hauek finantzatzen: elikagaiak biltegiratzeko nabearen eta makina garbitzaileen alokairuak eta langileria-gastuak, halako moduz non horrek gizarte- eta ekonomia-egoera txarretan edo gizartean bazterturik edo pobrezian dauden Iruñeko herritarren onerako joko baitu. 25.000 euroz hornitua dago.
- REAS Nafarroa elkartea (ekonomia alternatibo eta elkartasunezkoaren sarea) Fiare banka etikoa bultzatzeko proiektua hedatzeko eta gizarte-kapitala eskuratzeko kanpaina-gastuak finantzatzen dira. Kanpaina Iruñeko herritarrei nahiz entitateei zuzendua dago, komunikabideen eta hitzaldien bitartez. 6.000 euroz hornitua dago.
- Sarasate elkartea, ikasketa-arazoak dituzten pertsonen interesen sustapen eta babeserako elkartea (TDAH) Udako hiri-kanpaldiak eta ikasketa-arazoak dituzten haurren guraso-eskola programak zuzenduta daude hala arreta falta, hiperaktibitatea eta inpultsibotasuna duten haurrei nola haien familiei eta TDAH tratatzeko edo lantzeko gai diren profesionalei. 6.000 euroz hornitua dago.
- Atena Fundazioa. Estimulazio basala eta sentsorial-anitza artearen bidez programa desgaitasun asko dituzten pertsonei zuzenduta dago, mugimenduan, pertzepzioan eta komunikazioan muga larriak dituzten horiei. 10.000 euroz hornitua dago.
- Nafarroako Down Sindromearen Elkartea Itaca proiektua, Down Sindromea duten Iruñeko gazteak prestatu eta enpresa arruntetan laneratzeko. 20.000 euroz hornitua dago.
- Secretariado Gitano Fundazioa. Gizartean esku hartzeko prozesua erregulatzea Etxabakoitz auzoan ekimena, Etxabakoitz auzoko familia jakin batzuek pairatzen duten gizarte-bazterkeria arintze aldera eta gainerako auzokideekiko bizikidetzaren normalizazioa hobetze aldera. 20.000 euroz hornitua dago.
- IPES Gizarte Ikerketarako Talde Eragilea. Finantzaketa, Emakumeen Dokumentazio Zentroaren eta Liburutegiaren jarduna eta mantentze-lanak 2013an bermatzeko. Dokumentu-funts horrek 10.500 liburu baino gehiago ditu. Zenbatekoa 31.500 eurokoa izan zen. Sinadura hori urtero berregiten da, 2006az geroztik.
- Tratu txarrak jasan dituzten emakumeen eskubideen aldeko elkartea (APRODEMM). Finantzatu egiten dira Elkarteak tratu txarrak jasan dituzten emakumeei laguntzeko eta sostengua emateko egiten dituen jarduerak. 19.000 euro.
Familiendako diru-laguntzak
Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorrak, halaber, Familiendako diru-laguntzak biltzen ditu, hau da, Alor horretako zerbitzuek eta programek izapidetzen dituzten laguntza guztiak, krisi- eta gizarte-babesgabetasuneko egoeretan dauden pertsonei eta familiei diruz laguntzeko.
- Diru-laguntzak, 0 eta 12 urte arteko adingabeak dituzten familiendako, familia-, gizarte- eta lan-ardurak bateragarri egin ditzaten. Behar adina diru-baliabiderik ez duten edo familia-laguntzarik ez duten 0 eta 12 urte arteko adingabekoei laguntzeko zerbitzuak ordaintzera daude bideratuak. 2013an, guztira 22.732 euro jo zuten laguntzak eman ziren.
- Ikastetxeetako jantokietan bazkaltzeko diru-laguntzak. Familiei jantokia ordaintzeko diru-laguntza ematen diete, familia-unitatearen errentaren arabera. Iruñeko Haur Hezkuntzako 2. zikloko eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleendako jantokia da. 2013an, guztira 657.088 euro jo zuten laguntzak eman ziren.
- Diru-laguntzak, gizarte-larrialdian dauden pertsonendako eta familiendako. Deialdi honen bidez, arindu nahi dira deserrotzea edo gizarte-bazterketa areagotu dezaketen salbuespenezko eta premiazko egoerak. Mantenu- eta ostatu-gastuak eta hornidurakoak (argia, ura, gasa) finantzatzen ditu. 2013an, 306.176 euro gauzatu ziren.
- Diru-laguntzak, errehabilitazio-etxeetako egonaldietarako. Deialdi honen xedea drogamenpekotasunak jota daudenei laguntzea da, baldin eta pertsona horiek ez badute diru-bitartekorik eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetza-hitzarmena sinatua duten zentroetan ari badira desintoxikazio-tratamenduan, hau da, Gizakia Helburu-n, Ibarre-n edo Antox-en. 29.573,68 euro bideratu ziren.
- Taxi-bonua. Laguntza hau bideratua dago mugitzeko zailtasun larriak dituzten pertsonei egokitutako garraio alternatiboa ematera, eta Nafarroako Foru Komunitateko Minusbaliatu Fisiko eta Organikoen Elkarteen Federazioarekin (COCEMFE) elkarlanean kudeatzen da. 2013an, 97.559,36 euroko gastua gauzatu zen.
Etxebizitzaren aldeko programa. Programak diruz laguntzen die azpi-etxebizitzan edo etxebizitza desegokian bizi, eta etxebizitza eskuratzea edo etxebizitzari eustea arriskuan jar dezakeen krisi-egoeran dauden familiei, alokairua hein batean ordain dezaten. Laguntzak gutxienez sei hilabetez irauten du eta, gehienez, bi urte. 2013an, guztira 151.642,82 euro jo duten laguntzak eman dira.
