Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Berdintasuna

2013an, indarrean zegoen Iruñeko Udalaren II. Plana, Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako. Planak Udalaren jarduketak zuzendu zituen urte osoan berdintasunaren arloan, eta haren jarraipen zehatzaz ENRED aholkularitza-enpresa arduratzen da.   Planaren hasierako indarraldia 2010etik 2013ra izan zen, baina 2015era bitarte luzatu zen, epealdi osoan burututako prozesua finkatzeko asmoz. 2014an, diagnostiko bat eginen da emakumeen eta gizonen egoera Iruñean zertan den jakiteko, eta 2015ean, planari buruzko ebaluazioa eginen da. Bada, diagnosia eta ebaluazioa hartuko dira oinarri hurrengo Berdintasun Plana prestatzeko.

Planak 8 arlo landu ditu eta haietako bakoitzean arduradunak edo loturak ezarri dira Berdintasun arloko teknikariarekin, ondoren genero-ikuspegia txertatzeko aurretik egiten ari ziren jardueretan edo jarduera berrietan. Barne-ikuspuntutik begiratuta, bilerak egin ziren urte osoan, bai eta aholkularitza-harremanak eduki ere.

Aukeren Berdintasuna udal-administrazioan txertatze aldera, 2013an teknikariak eta politikariak gaitzeko berariazko bi ekintza egin ziren, seihilekoka planifikatuak eta 9na ordukoak. Horietako bat genero-ikuspegia duten proiektuei eta programei buruzkoa izan zen, eta bestea Genero-mainstreaminga udal-kudeaketan txertatzearen gainekoa. Gainera, Intraneten genero-sentsibilizazioari buruzko modulu bat mantendu zen on-line,  eta prebentzio- eta jarduketa-protokolo bat landu zen sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka. Protokoloa Udalaren webean dago eskuragarri: http://www.pamplona.net/verPagina.asp?idPag=1685&idioma=1. Protokoloaren paperezko agiria alorreko zuzendaritza guztiei igorri zitzaien, eta informazio-liburuxka, berriz, alor eta alorren mendeko organismo guztietan banatu zen. Era berean, 9 orduko prestakuntza-lantegi bat egin zen Aholkularitza Konfidentzialeko nahiz Ikerketa Batzordeko kide izan daitezkeen pertsona guztiei zuzendua.

2013an, herritarrei zuzendutako sustapen eta sentsibilizazioan, berariazko bi deialdi egin ziren komunikabideentzat, Berdintasun arloko gaiei buruzko prentsa-oharrak www.pamplona.es webgunearen Albisteak atalean sartu ziren eta Udalak Jaietan erasoei aurrea hartzea eta ardurakidetasuna sustatzea izenburuko kanpaina antolatu zuen Nafarroako Familiarako eta Berdintasunerako Institutuaren Eta jaietan... zer? kanpainari lotuta.

Compañía Zentroa, bestalde, generoko haustura digitala ahalik eta gehien murrizteko udal-baliabide bat da, eta 2013an, 60 informatika-ikastaro eman zituen hainbat adinetako emakumeei eta emakume-elkarteei zuzenduak, bai eta adingabeei eta familiei ere (kasu honetan, oporraldietan, bateragarritasunaren ikuspegitik).    2013an ekimen berri bati heldu zitzaion: Ziberboluntarioendako programa izenburuko prestakuntza-esperientzia pilotuari hain zuzen, elkarte bakoitzean emakume boluntarioak prestatze aldera, erreferente bihur daitezen bazkideen artean teknologia berrien gaietan.  Zentroak bere profilak ditu Facebooken eta Twitterren. Era berean, Udalak jarraitu zuen laguntza ematen IPES Elkartearen Emakumeen Liburutegia-Dokumentazio Zentroari. 2013an, honako liburu hauek aurkeztu ziren: Diálogos de mujeres sabias (Fina Sanz), La canción de mi añoranza (Isabel Oyarzabal), Embajadora de la República (Isabel Lizarraga) eta Theresa y las profecías mayas (Fátima Andreo Vázquez). IPESek gidatzen jarraitu zuen Erdialdeko Amerikako Emakumeen Eskubideei buruzko Dokumentazio Zentroen Sarerako Proiektua.

Bateragarritasuna sustatzeko baliabideen artean, 2013an zereginak trukatzeko lantegiaren bi edizio egin ziren eta haurrak oporretan artatzeko zerbitzuaren hiru edizio (Aste Santuan, Udan eta Eguberrietan), 3tik 12 urtera bitarte erroldaturiko adingabeentzat.  2013an, Bateragarritasunerako Toki Ituna berritu zen. Itunak bere bloga sortu zuen eta jakintzak trukatzeko programa bat jarri zuen abian, Zuk bai jakin izenekoa, Civivox Ensanche zentroarekin elkarlanean.  Era berean, ehunezko 600 poltsa banatu ziren, ardurak, denborak eta zainketak emakumeen eta gizonen artean berdintasunez banatu behar direla sentsibilizatzeko.  Halaber, ikastaro bat egin zen emakumeak eta zahartze aktiboa hizpide hartuta, eta berriz ere heldu zitzaion Bateragarritasunerako Toki Itunak hasitako Eskola Bide Seguruak proiektuaren nondik norakoa zedarritzeko lanari. 2013an, zehazki, udal mailako eta alorren arteko proposamena izatera pasatu zen.

Emakumeek hirian duten eginkizuna ikustarazte aldera, Udalaren Osoko bilkurak onetsi egin zuen Emakumearen Kontseiluak bultzaturiko lan-taldeak prestatu zuen agiria emakumeen izenak hirian ager daitezen.  Gainera, Argaren pasealekuko tarte bati Garbitzaileen ibarbasoa izena eman zitzaion eta informazio-plaka bat paratu zen emakume garbitzaileen omenez.  Era berean, Ermitagaña-Mendebaldeko pasealeku bati Azaroaren 25aren pasealekua izena eman zitzaion, genero-indarkeriak Nafarroan eragin dituen biktima guztien omenetan. 

Alorrak, 2013an, irabazi-asmorik gabeko 23 entitate lagundu zituen diruz; guztira 96.000 euro eman zien, berdintasuna sustatzen duten proiektuak gauzatzeko (4.000 eurotik beherako 15 proiektu eta gehienez 14.000 eurora bitarteko 8 proiektu).

Bestalde, bateragarritasuna sustatzeko diru-laguntzak mantendu ziren eskola-jantokietarako eta genero-ikuspegia txertatu zen langabeendako ikastaroetan, Lantegi Eskolen prestakuntzan eta laneratzeko laguntasun-zereginean.  Gainera, gizarte-zailtasunean dauden emakumeendako prestakuntza-lantegiak egin ziren, honako hauei zuzenduta: Iruñeko Espetxeko emakumeen moduluko 23 presori eta Mendekotasunean daudenendako gizarte- eta osasun-arta etxeetan eta erakundeetan II lantegiko parte-hartzaileei.

Emakumeendako Udal Laguntza Zerbitzuak (EULZ) honako kasuetan ematen die laguntza emakumeei: banatzeak eta familia- edo bikote-harremanek eragindako arazoetan eta indarkeriaren, sexu-jazarpenen, erasoen eta bortxaketen biktimak direnean. 2013an, 539 espediente zeuden zabalik, eta haietatik, 263k (253 emakumek eta 10 gizonek) lehen aldiz jo zuten urte horretan, eta 276k aurreko urteetan irekitako espedientea zuten.    EULZeko talde profesionalak banako 1.880 arta egin zituen, guztira.  Holako kasuak, batez ere, Gizarte Ongizate eta Berdintasun alorretik beretik bideratu zituzten (90); zerbitzura zuzenean jo duten emakumeen kopurua, bestalde, 91 izan zen. Gainerako 82ak beste instantzia batzuetatik bideratu zituzten, hala nola osasun-zerbitzuetatik, segurtasun-kidego eta -indarretatik, eta beste erakunde batzuetatik, bai eta 010 eta 016 zerbitzuetatik ere.

Merkataritza eta Turismo Alorrari dagokionez, Enpresak Sustatzeko Zerbitzuak ekintzak egin zituen: hainbat liburu berri kontsulta-funtsean sartzea; genero-ikuspegia enpresa-planen prestaketan sartzea; emakume enpresa sortzaileen inguruko  Kafeak eta Liburuak izeneko bi saio, zeinetara 91 lagun bertaratu baitziren; enpresa sortzaileendako gaitasun-ikastaro bat eta berdintasunari buruzko hitzaldi bat izenburu honekin: Topaketa: berdintasuna enpresan. Facebook eta Twitter sareen bidezko komunikazioa, gainera, ikuspegi horretatik egiten da.

Kultura Alorrari dagokionez, Civivox zentroen programazioan Generoa eta Berdintasuna izeneko atal berariazko bat sartua dago, eta horren baitan, 20 orduko ikastaro bat eskaini zen urritik abendura Zinemako heroi-emakumeak gaiari buruz.  Gainera, sariak banatzeko epaimahaien osaera aztertzen jarraitu zen.  Berdintasun Alorrarekin koordinazioan, jarduerak egin ziren bai Martxoaren 8arekin (Emakumeen Nazioarteko Eguna) bai Azaroaren 25arekin lotuta.  Horiei gehitu behar zaizkie eskola-oporraldietarako antolaturiko jarduerak, Bateragarria programako ikastaroak, zeinetan bat baitatoz emakumeen eta adingabeen jarduera-ordutegiak, eta Guraso Eskolako saioak. 

20103an, Udalaren webean ikusgai jarri ziren gaztelaniaz nahiz euskaraz Zerbait gertatzen da arrosarekin ipuina irakurtzeko gidak. Ipuina 2011ko Berdintasunaren aldeko Haur Ipuinen I. Lehiaketaren irabazlea izan zen. Hezkuntza Alorrak, gainera, gidak hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta itundu guztietara bidali zituen.

Gazteriaren Mahaia eratu zen, eta Azaroaren 25aren inguruko berdintasun-jarduerak txertatu ziren.  Gazteriaren Etxean, zehazki, berariazko sei saio egin ziren honako gai hauei lotuta: hilekoaren zikloa, emakume nekazarien eskubideak, zainketen profesionalizazioa, emakumeak Kongoko gatazkan, emakumeen literatura eta poesia, eta emakume maien ikuspegia.   Halaber, genero-harremanei buruzko lantegi bat egin zen eta defentsa pertsonaleko bi ikastaro, neskentzat.

Herritarren Partaidetzan, hainbat gai berrikusi eta Udalaren webgunean sartu ziren genero-ikuspegia kontuan hartuta , hala nola Bateragarritasunerako Toki Ituna, Berdintasun Plana eta Martxoaren 8aren eta Azaroaren 25aren inguruko jardueren programazioa. Herritarrendako Laguntza Zerbitzuaren erabiltzaileen gogobetetze-inkestetan identifikazio-lauki bat sartua dago, datuak sexuaren arabera banakatzeko, eta datuekin bat, Herritarrendako Laguntza Telefonoaren (010) profil tipoa 35 eta 44 urte arteko emakumezko bat da. Otsailean, Iruñeko Udaleko Osoko bilkurak komunikazio eta hizkera barne-hartzailearen erabilpena eta sustapena arautuko dituen Ordenantza egitea erabaki zuen, eta horixe lantzen ari da. 

Azken jarduketa-ildoak Herritarren Segurtasuna, Mugikortasuna, Hirigintza eta Garapen Iraunkorra biltzen ditu bere baitan. Herritarren Segurtasun Alorrak hainbat ekintza egin zituen Sanferminetan, emakumeak hirian seguruago ibiltzeko, hala nola zaintza areagotzea leku baztertuetan (Gaztelugibel, Magdalenako zubia, Caparroso bidea, Arantzadi, etab.), autobabeserako ikastaroak ematea, pasabide batzuk ixtea (Jacoba edo Munduko Parkekoa) eta bideozaintzako kamerak paratzea.  Ekainean, Babes Zibileko Batzordea osatu zen, eta Alorrak, babes zibileko laguntzaileek lagundurik, materiala banatu zuen, mezu honekin: Ezetza beti da ezetz. Era berean, Udaltzaingoari zuzendutako prestakuntza-ekintzak egin ziren, Herritarren Segurtasunerako Alorrak eta Gizarte Ongizate eta Berdintasun Alorrak koordinaziopean lan eginez.

Hiri-mugikortasunaren arloan, herritarren eskaerei erantzuten jarraitu zitzaien 2013an, bai zintarrien beheragunea egokitzeari buruz, bai oinezkoendako pasabide berriak sortzeari buruz, eta Ingurumenean, genero-ikuspegia kontuan hartzen duten adierazleak txertatu ziren Tokiko Agenda 21ak ebaluatzen dituenen artean. Ingurumen Heziketarako Museoak ludoteka-zerbitzua eskaintzen du bertan ematen dituzten hitzaldiek dirauten bitartean, bateragarritasuna errazte aldera.

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala