Proiektuak

Udalak udal-alorren bitartez sustaturiko proiektu, obra eta emakiden jarduketak kontratatu eta gauzatzeaz arduratzen da nagusiki Proiektuen Zuzendaritza, betiere Iruñeko Udaleko Proiektuetako eta Hiri Kontserbazioko Alorraren baitan. Ondokoak dira Proiektuetako Alorraren jarduera nagusiak: azterlanak egitea eta proiektuak idaztea, obrak gauzatzea, aparkalekuak egiteko lanen emakida eta jarraipena, eta hiriko ondarea eta azpiegiturak birgaitzeko eta zaharberritzeko lan eta proiektuak gauzatzea.

Egungo ekonomia- eta finantza-krisiak eragin nabarmena izan zuen 2012an landutako obra eta proiektuetan. Horren ondorioz, inbertsioa aurreko urtealdietan baino askoz ere txikiagoa izan zen. Esleipenek, guztira, 3.226.537,61 jo zuten.

Harresiak

2011n, San Bartolome gotorleku txikia, Santa Ana eta Santa Isabel errabelinak eta Ziudadelara Laguntza Atean barna sartzeko sarbideak zaharberritzeko lanak bukatu ondoren, 2012an Labriten bastioia eta Magdalenako aurrealdea zaharberritzeko lanak egiteari ekin zitzaion. Proiektu horrek eragindako obrak bukatutakoan, erabat zaharberritua egonen da Iruñeko harresi-barrutia, Parmako Bastioia izan ezik, bertako lanak Santo Domingo Baratzeetako aparkalekua eraikitzeko egitasmoaren baitan sarturik baitaude.

Iruñeko Gotorlekuetarako Jarduketa Planak (2006) ezarritako ildo orokorrei jarraitu zaie Labriten bastioia eta Magdalenako aurrealdea zaharberritzeko lanetan, planak bi jarduketa oso zehatz ezarri baitzituen: batetik, zimendatzea azpitik berritzea, harrizko silarri berriak paratzea, landaretza ezabatzea eta harresiak Magdalenako aurrealdean garbitzea; bestetik, golaren hasierako irudia berreskuratzea (hori bastioiaren atzealdea da, non kasernara edo bonben aurkako gangara sartzeko atea baitago); hartara, 50eko hamarkadako eranskinak kenduko dira eta, bastioiaren eskuinaldean goraino igotzeko pasabidea berreskuratuko da, hasieran zegoen bezala. Bukatzeko, kanoi-zuloak jarri, belardia birlandatu eta apainketa-argiteria berri bat paratuko da Labriten bastioian. Obrak 1.830.511 eurotan esleitu ziren.

Zaharberritze-lanak mugaz gaindiko Fortius. Iruñeko eta Baionako ondare gotortuaren turismo- eta kultur-balioespena izeneko lankidetza-proiektu baten baitan daude. Proiektuak helburu du bi hirietako gotorlekuei gizarte- eta herritar erabilerak ematea, eta FEDER-EGEF europar funtsek finantzatua dago.

Hiri-igogailuak

2013an, mugikortasun bertikala eta auzoen arteko lotura ahalbidetzen dituzten hiri-igogailuak ezartzearen aldeko udal-politikari jarraipena emateko, Etxabakoitzen igogailu bat –hiriko zortzigarrena– eraikitzeko lanak hasi ziren. Azpiegitura berriak Urdánoz multzoko etxebizitzak eta goialdea lotuko ditu, non Etxabakoitz iparraldeko pasealekua baitago, Barañaindik hurbil. Instalazioak hiru elementu nagusi ditu: Elortz gaineko zubia handitzea, igogailua bera (euskarri-egitura duena) eta oinezkoendako zaldaina goialdeko pasealekuarekin lotzeko.

Igogailuaren kabina panoramikoa eta kristaldua da, 25 metroko tartea gainditzen du eta bi geldialdi ditu, biak ere ontziratze bikoitzekoak 180º-tan. Gehienez, 21 lagun sartzen dira. Aurreikuspenen arabera, 53 bidaia egiten ahal ditu orduko; hau da, gehienez, 1.110 lagun eramanen ditu ordu bakoitzeko. Esleipenaren zenbatekoak 829.510,61 euro jo zuen.

Bestalde, 2011n eraikitzen hasi bazen ere, martxoan jarri zen martxan II. Zabalguneko Monjardín kalea Eguesibar kalearekin eta etorkizunean Lezkairun eginen den Iparraldeko parkearekin lotzen dituen igogailua. Igogailuak 12 metroko tarte bat gainditzen du eta 1.600 kiloko zama garraia dezake, hau da, 21 lagun inguru. Obrak Lezkairu urbanizatzeko hirugarren fasearen baitan daude. Hortaz, aurrekontua (450.000 eurokoa) bere gain hartu dute Iruñeko auzo berriaren proiektua garatzen ari diren enpresa sustatzaileek.

Hiri-igogailuak Iruñean
Kokapena

Zerbitzua noiz jarri zen martxan

Lotura

Etxabakoitz

Obren hasiera, 2012ko urrian

Urdánoz Multzoa-Etxabakoitz Iparraldea

Monjardín kalea eta Eguesibar kalea

2012ko martxoa

II. Zabalgunea – Lezkairu

Gayarre kalea eta Felisa Munárriz plaza

2011ko martxoa

Milagrosa

Media Luna

2011ko otsaila

Txantrea/Magdalena – II. Zabalgunea/Alde Zaharra

Iratxeko eta Fiteroko monasterioen kaleak

2009ko urtarrila

Donibane

Descalzos kalea

2008ko apirila

Arrotxapea – Alde Zaharra

Isaac Albéniz kalea

2007ko urtarrila

Milagrosa – Bigarren Zabalgunea

Erletokieta kalea

2005eko martxoa

Iturrama – Milagrosa

San Frantziskoko Liburutegia.

Uztailean, Alde Zaharreko liburutegi berriaren lanak hasi ziren. Liburutegia Agrícola izeneko eraikinaren behe solairuan eta sotoan dago, San Frantzisko plazan. Esku-hartzearen funtsa, nagusiki, erantsitako elementu guztiak kentzea izan zen, oinplano gardena eta argitsua izateko, eta tokiaren hasierako altuera eta egitura berreskuratzeko. Horrela, 1972an Nafarroako Liburutegi Orokorra lokal horietan ezartzeko eraikitako solairuartea eraitsi zen eta sotora jaisteko sarrerak itxi ziren, sotoa liburuak gordetzeko eta langileendako tokia izanen baita.

Sarrera nagusia San Frantzisko plazan dauka, eta beheko solairua honela dago banatua: harrera- eta informazio-eremua, jendeari arreta egiteko eremua, helduendako eremua, non hemeroteka, kontsulta-ikasketa, ikus-entzunezkoak, internet, talde-lana eta erabilera libreko funtsak baitaude, haur eta gazteendako eremua eta barne-lanerako eremua. Beheko solairuaren azalera erabilgarria 939,25 m² da, eta sotoarena, berriz, 436,94 m². Obren bukaerako zenbatekoak 895.307, 53 euro jo zuen.

Sanduzelaiko Auzo Elkartearen lokala

Antzinako lokal batzuk egokitzeko obrak ere egin ziren, Sanduzelaiko Auzo Elkarteak erabil ditzan. Lokalak etxebizitza-eraikin baten beheko solairuan daude, 520 m2 inguruko azalera dute eta aurreko banaketari eutsi zaio, hainbat neurritako aretoak baititu, oso egokiak era bateko zein besteko jarduerak egiteko. Zaharberritze-lanak, hain zuzen, areto horietan egin ziren. Komunak ere bere osoan berritu ziren eta haietako bat minusbaliotasuna duten pertsonentzat egokitu zen. Esku-hartzeak, guztira, 111.027,64 euro egin zuen.

Berritze-lanak, ikastetxeetan

Iruñeko Udalak hainbat hobekuntza-lan egin zituen udan San Juan de la Cadena, Víctor Pradera eta Hegoalde Ikastola ikastetxe publikoetan, 2012 eta 2015 arteko jarduketak bultzatzen dituen Modernizazio eta Hobekuntzarako III. Urte arteko Planaren barruan. Planak irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko jarduketei ematen die lehentasuna. Horrela, oztopo arkitektonikoak kendu dira bainugela eta aldageletan, eta era berean, Víctor Praderako lurzoruaren forjatua saneatu da. Lanen zenbatekoak 43.453,98 euro jo zuen San Juan de la Cadenan; 61.575,88 euro, Hegoalden, eta 26.769,80 euro, Víctor Praderan.

Horrez gain, Mendillorri eta Elorri ikastetxe publikoetako patioetan ere obrak egin ziren. Toki horiek topalekuak dira ikastorduetatik kanpo ere haurrentzat eta nerabeentzat. Zehazki, haur jostetarako eremu berriak, pilotaleku txiki bat, rokodromo bat eta egonaldi-eremuak ezarri ziren, zuhaitzez, jarlekuz eta iturriz hornituak. Anfiteatroaren harmailak ere hobetu ziren. Mendillorriko auzokideek berek bozketa bidez aukeraturiko jarduketa izan zen, 2011ko aurrekontu partizipatiboen baitan. Kontratuaren zenbatekoak 169.748,85 euro jo zuen.

Kaleetako obrak

2011n, Tafalla kalea berrurbanizatzeko eta sareak berritzeko lanak hasi ziren, II. Zabalgunea Berrurbanizatzeko Planaren baitan. I. eta II. faseak jada bukaturik, 2012an hirugarrenari buru eman zitzaion, Paulino Caballero eta Galizia etorbidearen arteko tartea hartzen zuenari. Esku-hartze honek II. Zabalguneko sekzio-tipoa birdiseinatu nahi du, eskema mistoa mantenduz (oinezkoak eta ibilgailua); izan ere, oinezkoen zirkulazioari indarra emanen zaio eta ibilgailuen trafikoa motela izanen da; halaber, aparkaleku-eremuak mantenduko dira.

Obrak hasi aurretik, Tafalla kalea 15 metro zen zabal, eta II. Zabalgunearen diseinu bereizgarria zuen: hots, ibilgailuak ibiltzeko errei bat,eta ibilgailuak lerroan aparkaturik alde batean, eta baterian, bestean. Berrurbanizatu ondoren, 3,5 metro zabal den zirkulazio-norabide bakarrari eutsi zaio, bai eta bi aldeetan aparkatzeko tokiei ere (batean, lerroan, eta bestean, baterian). Amaia eta Paulino Caballero kaleen artean, gainera, kaleak oinezkoendako izaera dauka, Karlos III.aren etorbidearen antzera. Kaleekiko bidegurutzeetan, bertan egoteko esparru txikiak sortu dira, jarlekuz eta corten altzairuzko lorategi-ontziz hornituak, zeinek atseden-lekuak eta ibilgailuendako eremuak bereizten baitituzte. Oinezkoendako eremuan, eserlekuak eta bizikletak aparkatzeko euskarriak ere paratu dira. Lanen barnean, halaber, hornidura- eta saneamendu-sareak aldatu dira. Hiru faseak Arian Construcción eta Gestión de Infraestructuras enpresa-multzoak gauzatu ditu 2.533.983 eurotan, eta horren parte bat Nafarroako Gobernuaren Toki Azpiegituretarako Planaren baitan finantzatu da.

Bidegorriak

Iruñeko Udalak hiriko zenbait tokitako bidegorriaren hainbat tarte aldatzeko lanetan inbertitzen jarraitu zuen. Jadanik eginak zeuden hainbat tarte egokitu dira, bidegorria ibilgailuak lerroan nahiz baterian aparkatzeko eremuetatik bereizteko, herritarrarentzat eta txirrindulariarentzat bidegorri-sare seguruagoa lortze aldera. Kaleotako tarteak aldatu dira: Gayarre, Probintziak, Maiteminduen pasealekua, Bernardino Tirapu, Húder Doktorea eta Eguesibar.

Aldaketa tarte bakoitzaren inguruabarren araberakoa izan da. Horrela, ibilgailuak aparkatzeko eremuaren eta bidegorriaren artean tarte handiagoa ezartze aldera, PVCezko atal ainguratuak ezarri dira, bai eta pinturazko seinaleztapen horizontala ere, eta aurreko markaketa ezabatu da. Kostua 22.598,46 euro izan zen.

Antzinako espetxea

Iazko hirugarren hiruhilekoan, Iruñeko espetxe zaharra eraisteko eta espetxeak hartzen zuen orubea egokitzeko proiektuak esleitu ziren. Lanak Construcciones y Excavaciones Erriberri, S.L. enpresari esleitu zitzaizkion 105.100 eurotan (BEZa barne), eraispenari dagokionez, eta 44.832,68 eurotan, berriz, orubea egokitzeko lanei dagokienez.

Espetxea eraistearekin bat, inguruz inguruko horma ezabatu zen, orubea eremu lorategidun gisa moldatzeko, jendeak erabiltze aldera. Era berean, eutsi egin zitzaien bi patio handietako bi zolatari eta hormigoia berreskuratzen saiatu zen, minibasketeko eta futbitoko pista batzuk markatze aldera. Halaber, hormigoizko pasabide batzuk egin ziren, oinezkoak kirol-pistetan sartzeko bai Justizia Jauregiko plazatik bai Larraina Multzoko etxebizitza-eremutik.