Hiri Kontserbazioa

Hona, besteak beste, Hiri Kontserbazioko zuzendaritzaren jarduera nagusiak: kontserbazio-lanak gauzatzea, bide publikoak, lorategiak, hiri-altzariak, eraikinak, igogailuak, berokuntza eta argiteria publikoak mantentzea eta hiriko garbiketa egitea.

2012an, Udalak udal-eraikinak mantentzeko web atari bat jarri zuen abian, gertatzen diren abisuen eta gorabeheren kudeaketan eta jarraipenean eraginkortasun handiagoa lortze aldera. Azken finean, prozedura bat ezarri da abisu horien harrera errazteko, langileekiko koordinazioa eta informazioa hobetzeko eta, era berean, arazo bakoitzari erantzun edo konponbide azkarragoa eta arinagoa lortzeko. Era berean, beste atari bat abiarazi zen, eraikinetako energia kontsumoarekin lotuta dauden abisuak kudeatzeko, baliabideak eraginkortasunez kudeatze aldera eta, horrek % 20tik gorako diru-aurrezpena ahalbidetu dezake kontsumoetan. Bi ekimenak Eraikin eraginkorrak ideiaren baitan txertatzen dira, zeina eraikinak mantentzeko indarrean dagoen pleguan ageri baita.

Bestalde, 2012ak beste nobedade bat ekarri zuen: Udalak batu egin zituenudal-eraikinak garbitzeko eta haietan hondakinak gaika biltzeko kontratuak. . Kontratu berrian 81 eraikin garbitzeko lanak jasota daude, besteak beste, auzo-unitateak, gizarte-ekimeneko zentro komunitarioak, kiroldegiak, ikastetxe publikoak, liburutegi publikoak edota herritarrei laguntzeko bulegoak, sortaka multzokatuak. Horrela, garbiketa-kontratu guztiak bateratu nahi izan dira, orain arte bakoitza bere aldetik lizitatu baita eta alor kudeatzaile bakoitzak bere irizpideak erabili baititu. Xedea da, gainera, ahalik eta lehiarik handiena lortzea, baina sektorean diharduten enpresa txiki eta ertainen parte-hartzea sustatuta, enpresa bakoitzak gehienez ere hiru sortaren esleipena har baitezake.

Berdeguneak eta lorategiak

Iruñeak 2,9 milioi metro koadro inguru ditu berdegunetan udalaren ardurapean. Horiei gehitu behar zaizkie, batetik, Taconera edo Media Luna aldeko 250.000 metro koadroak, udalaren mendeko langileek mantendu eta zaintzen dituztenak, eta, bestetik, jabetza pribatuko azalera berdeak. 2012ko bukaeran, Iruñeko Udalak berdeguneak mantendu eta zaintzeko kontratuaren esleipena onetsi zuen 2015eko irailaren 30era bitarte. Bi enpresak hartu zuten esleipena. Horrela, Urbaser SA eta Talher SA enpresek osaturiko Jardines Pamplona ABEEa A eremuaz arduratuko da 5.067.256,25 eurotan. A eremuan Txantrea – Magdalena, Arrotxapea, Sanduzelai – Agustinos, Buztintxuri, Donibane, Etxabakoitz eta Ermitagaña – Mendebaldea sarturik daude. Azalerak, guztira, 1,38 milioi metro koadro ditu, eta 30.000 zuhaitz baino gehiago. B eremuko lanak, berriz, Eulen SA enpresak eginen ditu 5.031.928,99 eurotan. Eremu horretan Iturrama – Azpilagaña, Ziudadela – Gaztelugibel, hiriaren erdigunea, Mendillorri – Lezkairu, Milagrosa – Santa María la Real, Belosogoitiko Urbanizazioa – Erripagaña eta Media Luna - Arantzadi sarturik daude. 1,55 milioi metro koadroko azalera du eta 23.000 bat zuhaitz.

Eremu horietan dauden esparruez gain, esleipena jaso dutenek zaindu beharko dituzte, baita ere, Udalak urteotan bere gain har ditzakeen berdegune guztiak ere, eta espresuki aipatuak daude etorkizunean eginen diren parke hauek: Trinitarios, Arrosadia eta Lezkairuko Iparraldea eta Erdigunea. Udalak beste udal-entitate edo gizarte-izaerako enpresa batzuei lagatzen ahalko die eremu batzuen mantentze-lana, adibidez Lantegi Eskolei edo Gizarte Zerbitzuei.

Udalak, bestalde, bi lore-landaketa egiten ditu urtean Iruñeko eremu lorategidunetan, maiatzean eta urrian. Kostuak murrizte aldera baina murrizketak lore-apainketetan eragin handiegia ez izateko, hirian dauden 110 parterre ingururi buruzko azterlan bat egin zen 2012ko udaberriko kanpainarako. Haietako batzuk ezabatu eta, haien ordez, soropila jartzea erabaki zen, baina gehienbat azaleraren tamaina murriztera jo zen, lore-landaketa mantenduta. Adibidez, hiriaren erdigunean, ereintza lekuotan aukeratu zen: Rodezno Kondearen plazan, San Ignazion, San Frantzisko plazan, Armada etorbidean, Yanguas y Mirandan eta Bakearen plazan. Aldiz, parterreen tamaina murriztu zen besteak beste Gazteluko plazan, Vianako Printzearen plazan, Orreaga etorbidean eta Nafarroako Blanca plazan. Neurri horiek loreendako aurrekontua % 45 jaistea eragin zuten, aurreko urteekin alderatuta.

Landaketa orokor bakoitzean, gainera, kopuru bat gordetzen da aurrerago jartzeko, ale hondatuak ordezkatu behar izatekotan, batez ere, zakurren portaeren eta bandalismoaren ondorioz eta, era berean, berdeguneek Sanferminetan izaten duten hondamenaren ondorioz. 2012ko uztaileko jaien ondotik, zehazki, 28.000 euro bideratu ziren 1.410 lore, 41 landare-hesi eta zuhaixka eta 4 zuhaitz landatzera, ureztapen-tresnak mantentzera, Ziudadelako piroteknia-hondarrak kentzera eta Runaren parkea konpontzera, eremu horretan barrakak paratzen baitira.

Asfaltatze-lanak

Iruñeko Udalak asfaltatze-kanpainari ekin zion 2012ko udan. Zehazki, hiriko lau kaletako zoladura berritu zuen, zirkulazioak edo klimatologiak eraginda hondatuak baitzeuden. Lanak Navarro Villoslada kalean, Nafarroa etorbidean, Belosoko aldapan eta Mendillorriko Urak kalean egin ziren, hain zuzen ere. Aurrekontuak 297.000 euro jo zuen, hau da, aurreko urteko kanpainan erabilitako antzeko kopurua.

Horrez gain, Santo Domingoko aldapan ere asfaltatze-lanak egin ziren, ukuiluen ondoko tartean, bai eta Unibertsitateko errepidean ere, Aróstegui etorbidearen eta Fuente del Hierro kalearen artean.

Haur-jolasak eta hiri-gimnasioak

Udalak, urtero, 260.000 euro inguru inbertitzen ditu hirian atari zabalean dauden ia ehun haur-jolasen instalazioak eta 12 gimnasia-zirkuituak mantendu eta garbitzeko. Zabuak eguraldiak eta haurren erabilerak hondatzen dituzte, baina horrez gain, noizean behin, berriz ezarri behar dira jolas-lekuetako hainbat elementu, eta haien gainean egiten diren graffitiak eta pintadak garbitu. Udalak jarritako elementuen artean, integraziokoak deritzenak daude, hau da, berariaz haur minusbaliatuendako egiten diren zabuak, eta horri esker gainerako haurren toki berean jolas daitezke. Tokiotan jarrita daude: Valtierra kalea, Mariano Ariguita 1 eta 2, Tomás Caballero parkea, Sanduzelaiko patinodromoa, Zolina plaza, Felisa Munárriz plaza, Félix Huarte plaza eta Nafarroako Margarita plaza, San Francisco plaza eta autobus-geltoki zaharra. 2012an, horrelako zabu berri bat paratu zen Buztintxuriko pasealekuan.

2012an, bestalde, zenbait jolas-eremu berri jarri ziren, zehazki, Erripagañako Madril kalean, Eneko Aritza eta Fuente del Hierro arteko plaza berrian, eta Elorri ikastetxean. Horrez gain, lehendik zeuden batzuk berritu edo aldatu ziren, toki hauetan: Compañía plaza, Zezen Plaza, Taconerako parkea, Monjardín-Taxoare terraza, Tomás Caballero parkea, Ermitagañako ikastetxea, Arriurdiñeta, Agur Maria zeharkalea eta Luis Morondo.

Jarauta kalea

2012an egindako ekintza nagusietako bat Jarauta kaleko zolaberritzea eta Santa Ana plazako moldaketa izan ziren, biak San Zernin burgua berrurbanizatzeko prozesuaren baitan. Lan horiez gainera, hustubide-lerro berri bat jarri zen euri-urak jasotzeko. Horrek esan nahi du bi arazo moldatu direla: zolako zuloak eta usain txarrak. Proiektuaren xedea kale osoan jardutea izan zen, San Saturninoko bihurgunetik San Lorentzo kaleraino eta, guztira, 275.000 euroko inbertsioa egin zen.

Obrak hiru fasetan egin ziren: Eslava-San Lorentzo kaleak, Eslava-Descalzos eta Descalzos-Nagusia. Zehazki, galtzadaren zati bat eta espaloiak eraitsi eta, haien ordez, 3 metroko galtzada bat jarri da erdialdean, eta espaloiak ere maila berean daude. Santa Ana plazan lehendik zegoen espaloia berregin zen, hormigoizko galtzada-harri gorria erabiliz eta, plazaren gainerakoan, kajeatu bat egin zen, eremua erregularizatzeko eta maldak segurtatzeko.

Beste jarduketa batzuk

Iruñeko Udalak beste esku-hartze batzuk egin zituen hirian, hiri-kontserbazioari begira. Batetik, Landaben industrialdean errotonda berri bat egin zuen, D - E kaleen elkargunean, TRW enpresaren ondoan. Lan hori 2012-15eko Bide Segurtasuneko Planaren baitan dago. Planak, besteak beste, helburu du gune arriskutsuak, hala nola zirkulazio-norabide bikoitzeko bideetan ezkerrerako biraketak, ezabatzea. Egunero, 20.000 ibilgailu ibiltzen dira errotonda egin den lekuan. Norabide bakoitzean bi errei dituen errepide baten eta bi zirkulazio-norabide dituen kale baten elkargunea da, baina kaleari dagokionez, errei bakarra du norabide bakoitzean. Egunero, 2.900 biraketa gertatu ohi ziren ezker aldera, zabalera handieneko bidetik; haietako asko, gainera, tamaina handiko ibilgailuek –kamioiek eta autobusek– egindakoak ziren, eta kontrako norabideko bi errei gurutzatu behar zituzten. Errotondan seinaleztapen horizontala eta bertikala paratu da, eta lanen aurrekontuak 55.000 euro jo du.

Bestalde, Santo Domingoko aldapa ondoko bidean ere egin ziren. Bide horren sarrera Zamargileen zubi inguruan dago. Zehazki, 4,5 metro garai eta 15 metro zabal den lubeta-eustorma berri bat eraiki zen, aurrerantzean luizirik izan ez dadin. Horrez gain, luizi batek hondaturiko bide-zola berreraiki zen. Obren aurrekontuak 30.000 euro jo zuen.

Udalak, halaber, hobekuntza-lanak egin zituen lur gaineko bi aparkalekutan; bata Queiles errekaren kaletik hurbil dago, eta bestea Gartzia Naiarakoaren pasealekuan. Bi lanetarako aurrekontua, guztira, 31.500 euro izan zen. Lehen kasuan, alde urbanizatuko espaloien hondamena saihestea eta oinezkoendako eragozpenak murriztea lortu nahi da. Lan horri esker, gainera, oinezkoen segurtasunak hobera egin du, seinaleztapena hobetu baita. Bigarren kasuan, aparkalekuan sartzeko aldean inguru horretako zuhaitzek zola altxatu dute. Beraz, zola kendu eta hormigoizko zolata berri bat paratu zen, eta horren gainean galtzada-harriak. Gainera, maldak halako moldez aldatu ziren, non hustubideak aparkalekuaren kanpoaldeko lerrora eraman baitziren.

Udalak, 2012an, obrak Vergel kalean ere egin zituen, El Molino ikastetxearen aurrean, euri-uren eta azaleko uren hustuketa hobetzeko eta putzurik ez sortzeko. Lanek 14.000 euroko aurrekontua izan zuten, eta haietan hormigoizko ezponda bat sortu zuten, zapalgarriak deritzen horietakoa, galtzadaren ondoan, hiriaren erdigunerantz igotzeko norabidean. Gainera, euri-uren sareranzko bideratze bat egin zen eta Vergeleko zubira doan ezponda lurrez garbitu zen, urak hustuko direla bermatzeko.

Azkenik, Errege Bardea eta Mutiloabeiti kaleen arteko plazako espaloietan eta zolan, hobekuntza-lanak egin ziren, Santa María la Real auzoan. Batetik, aparkaleku-eremuari ekin zitzaion, hustubideak aldatzeko eta, asfalto beltza erabiliz, goratze-lan bat egin zen. Bestetik, hobekuntza-lanak egin ziren bai espaloietan, bai aipatu plazarako sarbideek aldameneko espaloiekiko loturetan, bertan zegoen koska ezabatuta. Lanek 32.500 euroko aurrekontua izan zuten.