Udalaren ikastetxeak
Joaquín Maya Musika Eskola musika-irakaskuntza ez-arautuko ikastetxea da eta Chinchilla jeneralaren kalean dago. Espezialitate hauek irakasten dira: akordeoia, bonbardinoa, kantua, klarinetea, kontrabaxua, koru-taldea, instrumentu-taldeak, fagota, zeharkako flauta, gitarra, musika hizkuntza, oboea, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronpa, tronboia, tronpeta, tuba-bonbardinoa, txistua, biola, biolina eta biolontxeloa, baxu elektrikoa, gitarra elektrikoa eta bateria. Espezialitate horiez gain, Musika Eskolak musika klasikoari buruzko ikastaro monografikoak antolatzen ditu, bereziki helduei zuzenduak (Musikaren Historia, Entzunaldi Gidatuak, bai eta musika modernoari buruzko ikastaro bat ere). 2012-13ko ikasturtean, 984 ikasle matrikulatu ziren. Ikastaro monografikoetan, bestalde, 26 lagun matrikulatu ziren. Lantaldea 46 irakaslek osatzen dute.
Catalina de Oscáriz Udalaren Arte eta Lanbide Eskolaren aurrekariak 1828koak dira, urte hartan Udal Akademia sortu baitzen. 1873an, Arte eta Lanbide Eskola bihurtu zen eta, denboraren joanean, handituz joan da hainbat irakaskuntza berriren bitartez. 2012-13ko ikasturtean, 30 ikasle matrikulatu ziren marrazkigintza artistikoko ikastaro monografikoan , eta 31, pinturakoan. Horiez gain, 255 ikasle hiruhilekoan behingo lantegietan aritu ziren, eduki monografikoak lantzeko.
|
Espezialitateak |
2008/09 |
2009/10 |
2010/11 |
2011/12 |
2012/13 |
|
Marrazkigintza artistikoa |
46 |
52 |
50 |
29 |
30 |
|
Pintura |
35 |
32 |
35 |
46 |
31 |
|
Ikasleak, guztira |
81 |
84 |
85 |
75 |
61 |
Beste ikasturte batez, 2012ko abuztuaren 16an Iruñeko Udaleko haur-eskolen sareak ateak ireki zituen, eta 2013ko ekainaren 28ra arte, 0tik 3ra urte bitarteko 1.134 haur artatu ditu (Haur Hezkuntzako lehen zikloa). Sarea Iruñeko Udalaren mendeko Erakunde Autonomo batek kudeatzen du.
Udal-zerbitzu hau zuzendua dago Iruñeko 0tik 3ra urte bitarteko haurrak artatzera, familiei haurrak hezten laguntzeko, eta lana eta familia bateragarri izan daitezen errazteko. Iruñean, Udal Erroldaren arabera, hiru urtetik beherako haurrak 4.418 dira, eta haietatik 1.603k haur-eskoletan tokia eskatu zuten, antzinako eskatzaileen eta berrien artean.
Jardunaldi osoko eta jardunaldi erdiko tokiak eskaintzen dira. Hona hemen sarean sarturiko 13 haur-eskolak: Donibane, Egunsenti, Printzearen Harresi, Haurtzaro, Hello Azpilagaña, Hello Buztintxuri, Hello Rochapea, Izartegi, José María Huarte, Mendebaldea, Mendillorri, Milagrosa eta Rotxapea. Haietariko bi euskaraz dira, Egunsenti eta Izartegi, eta beste hiru zeharka kudeatzen dira, Erakunde Autonomoak berak gainbegiraturik eta lagundurik betiere. Hiruek ele bitako jarduera-programa egiten dute (ingelesez-gaztelaniaz), José María Huarte eskolarekin batera: Hello Azpilagaña, Hello Buztintxuri eta Hello Rochapea dira. Iruñeak, gainera, Nafarroako Gobernuak kudeaturiko bost haur-eskola publiko ditu.
Udalak 432 toki eskaintzen ditu bi urtetik gorakoentzat, hau da, eskariaren % 100 betetzen du; ertainen taldean (20tik 24 hilabetera bitartekoak), 192 tokiek eskaeren % 75 betetzen dute; ibiltarien taldean (10etik 20 hilabetera bitartekoak), 328 tokiek eskariaren % 67 betetzen dute, eta bularreko haurren taldeko 182 tokiek (4tik 10 hilabetera) eskaeren % 60. Horrela, matrikulek, batez beste, egiazko eskariaren % 72 egin dute, eta batezbestekoa % 82 da tokia berritu nahi duten antzinako ikasleen eskaerak kontuan hartzen badira. Toki-eskaririk handiena Donibane, Buztintxuri eta Mendillorri eskoletan dago.
Artatutako eskaera-portzentajea desberdina da adin-tarteen arabera. Hori hein batean gertatzen da, haurrak/hezitzaileak ratioa adinaren arabera desberdina delako. Horrela, bularreko haurrez arduratzen diren hezitzaileek 7na ume dituzte, hau da, haur ibiltariez (11 hilabetetik 17ra) arduratzen diren hezitzaileek baino bat gutxiago. 18tik 23 hilabetera bitarteko haurrez arduratzen diren hezitzaileek 12na haur dituzte, eta 16na, berriz, umeak haur-eskolen azken etapara iristen direnean, hau da, 24tik 32ra hilabete bitarte.
Haur-eskoletan hezkuntza-premia berezkoak dituzten haurrak ere artatzen dira. Eskola guztietan banaturik daude, gehienez ere hiru haur hartzen dituzten moduluetan. Joan den ikasturtean, holako zazpi modulu zeuden.
Zerbitzuari aurre egiteko, Erakunde Autonomoak 7.354.922 euroko aurrekontua zeukan. % 50 Udalak berak jartzen du; % 30 zerbitzuaren erabiltzaileek, eta gainerako % 20, berriz, Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentuaren ekarpena da.
Familiek kuota hau edo hura ordaintzen dute, errenta-mailaren arabera, eta honela egon ziren pasa den ikasturtean banaturik, honako grafiko honek adierazten duen bezala:
Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programak.
Derrigorrezko irakaskuntzan (Lehen Hezkuntzan eta DBHn) Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak dauka eskolatzeari dagokion eskumena. Iruñeko Udalak, dena den, matrikulen jarraipena egiten du Udalaren hezkuntza-jardueren inguruko erabakiak hartzeko: programak, diru-laguntzen deialdiak, ikastetxe publikoetako obrak, etab. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan 9.042 ikasle egon dira matrikulaturik 2012/13ko ikasturtean: 5.644k gaztelaniaz ikasi dute, eta 3.398k, euskaraz.
Udal-programa batzuk antolatzen dira hiria eta bertako baliabideak ezagutzeko: Iruña ezagutu, Zuhaitzaren Eguna, Mendi-diapositiben emanaldiak eta Ikasleen bisitak Gayarre Antzokira. Eta beste batzuk, berriz, arte-jarduerak sustatzeko: Antzerki-lantegiak, Irakurzaletasuna bultzatzea, Literatura-lehiaketak: ipuina eta komikia eta Zuhaitzaren Eguna marrazki- eta pintura-lehiaketa. Horiez gain, ikastetxe publikoetako eta itunduetako gurasoak prestatzeko udal-programa bat ere badago. Diru-laguntzen arloan, ikastetxeei eta Guraso Elkarteei zuzendutakoak daude (ikasmaterial suntsikorrerako eta eskola-liburutegietarako, eskolaz kanpoko jardueretarako eta jarduera osagarrietarako, eta Guraso Elkarteen jardueretarako), bai eta beste erakunde batzuek noizbehinka sustatzen dituzten hezkuntza-jarduerak egiteko ematen direnak ere, hala nola, 2012. urtean ondokoak: Antzerki Grekolatindarraren gazte-jaialdia, Liburuaren Eguna ospatzea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak bultzatutako Udako XII. ikastaroak.
- Ikasleek eskola-ingurunea ezagutzeko programak
Iruña Ezagutu programaren helburua ikasleek gure hiria ezagut dezaten sustatzea da, Iruñearen historia eta hiri-bilakaera aztertuz. Ikastetxe publikoetako eta itunduetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendua dago. 2012an, 2.049 ikaslek parte hartu zuten, 43 ikastetxetako 141 ikastaldetan banaturik. Ikasmaterial osagarria dauka: Iruña eta bere hiri senidetuak ezagutu ikasliburua, Iruñeari buruzko bi joko, biak ere antzara-jokoaren antzekoak eta DVD bat. Eskola-programa horrek bi ibilbide eskaintzen ditu hirian: lehenak Iruñeko historian jartzen du arreta, eta hiru orduko iraupena duen ibilbide bat egiten da Alde Zaharrean barrena. Bigarrena, berriz, autobusez egiten da eta hiriko auzoak bisitatu eta alderatzen dira, zer-nolako garapena eta bilakaera izan duten ikasteko. Programaren osagarri, beste talde batzuei irekita dauden bisita gidatuak egiten dira, non 1.900 lagunek parte hartu baitute 82 txandatan banatuta.
Martxoaren 17an Zuhaitzaren Eguna 2012 ospatu zen, eta San Jorge eta La Compasión-Escolapios ikastetxeetako ikasleek parte hartu zuten. 15 zuhaitz landatu ziren Santa Luzia eta Victor Eusa kaleen bidegurutzean. Lehen Hezkuntzako 5. mailako 130 ikasle parte-hartzaileek aurrez ikasi zuten berdeguneak hirietan oso garrantzitsuak direla, bai eta behar bezala zaintzea ere, landaketa-jardueraren osagarri. Jardueraren helburua Iruñeko berdeguneak hazten laguntzea da eta, era berean, ikasleak kontzientziatzea landare-espezieek hirian berez duten balioaz, bai eta behar dituzten zainketez ere.
Iruñeko Udalak, beste urte batez ere, mendi-diapositiben emanaldiak egiten jarraitu zuen, beste herrialde batzuetako bizimodua Iruñeko ikasleei azaltzeko, jarduerak aurkeztu eta haien protagonista diren nafar mendigoizaleen bizipenak agertzeko eta gazteak sentsibilizatzeko entrenamendu zein prestaketa egokien beharraz mendiko arriskuei aurre egitean. Programa Iruñeko Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunduetan eskaintzen da. 2012an, 22 mendigoizaleren 22 bilduma eskaini ziren, haietariko 5 euskaraz.
Ikasleen bisitak Gayarre Antzokira programa 2001/02 ikasturtean abiatu zen, etorkizuneko ikusleak hezteko xedea hartuta, haien zentzu kritikoa eta estetikoa lantze aldera. Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei zuzendua dago. Bisitak gida-ikuskizun hezigarri baten inguruan daude antolatuta eta, talde txikietan banatuta, antzokiko gune guztiak bisitatzen dira. Bukatzeko, Cervantesen antzezlan bat antzezten da, Gauza miragarrien erretaula, eta ikasle batzuek figurante gisa parte hartzen dute. Bisiten programa gaztelaniaz eta euskaraz egiten da. 2012an, 19 ikastetxetako 1.359 parte-hartzaile izan ziren.
- Programak, arte-jarduerak sustatzeko
1996/97ko ikasturtetik hona, Udalak antzerki-lantegiak egiten ditu Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoetan eta itunduetan, haurren adierazpen- eta antzezpen-arloko baliabideak aberaste aldera: ahotsa, mozorroa, keinu dramatikoa, gorputz-mugimendua... Bukatzean, antzezpen txikiak egiteaz gain, lan plastikoen erakusketa bat antolatzen da (maskarak, txotxongiloak eta dekoratuak, adibidez). Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleei zuzendua dago. Lehen mailako taldeekin, dramatizazioa eta joko dramatikoa lantzen dira eta, bosgarrenekoekin, berriz, txotxongiloen bidezko dramatizazioa. Lan-programaren unitate tematikoa Hegan egitearen abentura izan zen 2011/12ko ikasturtearen bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan. 93 talde aritu ziren. 2012/13ko ikasturterako, berriz, Espazioan barrena nabigatzen. Kosmonautak izan da, eta 87 talde aritu dira.
Irakurzaletasuna sustatzea programa 1996an hasi zen eta, hurrengo ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztiei ere zuzenduta dago, gaztelaniaz nahiz euskaraz. 2012an, 280 jarduera egin ziren. Guztira, 9.207 parte-hartzaile izan ziren, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxetakoak, Hezkuntza Bereziko 2 ikastetxetakoak eta Helduen Hezkuntzako 2 ikastetxetakoak. Programan hiru jarduera-mota garatzen dira: irakasleendako mintegiak, ahozko narrazio-saioak –non munduko hainbat herrialdetako herri-ipuin adierazgarriak kontatzen baitira-, eta haur literaturako idazleekiko topaketak, haiek idatzitako lanak iruzkintzeko.
Arte-jarduerak sustatzearen baitan, Udalak hainbat lehiaketa bultzatzen ditu: Zuhaitz Egunaren marrazki- eta pintura-lehiaketak, literatura-lehiaketa eta eskola-jaiotzen lehiaketa. Zuhaitzaren Eguna 2012 marrazki- eta pintura-lehiaketa deitu zuen. Guztira, 190 lan jaso ziren adinaren arabera ezarritako hiru kategorietan: A kategoria (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak), 38 lan; B kategoria (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak), 90 lan; eta C kategoria (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak), 62 lan.
XXIII. literatur lehiaketan, Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren zikloko ikasleei zuzenduta, bi modalitate mantendu ziren: Ipuina, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleentzat, lau kategoriatan banaturik, ikasmailen arabera; eta, Komikia, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleentzat, bi kategoriatan banaturik. Guztira, 332 lan aurkeztu ziren.
2012ko Eguberriak ospatzeko antolaturiko ekitaldi- eta lehiaketa-egitarauaren osagarri, Eskola Jaiotzen X. Lehiaketa antolatu zen, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei eta itunduei zuzenduta. 9 ikastetxek parte hartu zuten, eta sari hauek daude: Jaiotza tradizionalik onena, Jaiotza modernorik hoberena eta Jaiotzarik sortzaileena.
Diru-laguntzen deialdiak
Iruñeko Udalak, urtero, laguntzen deialdia egiten du hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei zuzenduta, eskola-liburutegien funtsa handitzeko eta ikasmaterial suntsikorra erosteko. Ikastetxe bakoitzari dagokion kopurua zehazte aldera, ikasle matrikulatuen kopurua hartzen da kontuan, eta gutxienezko kopuru bat ezartzen da 150 ikasle baino gutxiago direnean. Banatutako diru-laguntzen zenbatekoak, guztira, 98.312 euro egin zuen: 38.159 euro eskola-liburutegietarako, eta 60.153 euro, ikasmaterialerako; diru-laguntza/ikaslea erlazioa 3,95 euro eta 6,30 euro da, hurrenez hurren.
Beste deialdi bat ikastetxe publikoei eta itunduei zuzentzen zaie, eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak egin ditzaten. Deialdia 158.383 euroz egon zen hornitua eta 18.000 ikasle inguru dituzten 44 ikastetxeren artean banatu ziren. Proiektuak aurkeztu dituzten ikastetxeen artean egiten da esleipena: kontusailaren erdia berdin banatzen da ikastetxe guztien artean, eta beste erdia, berriz, matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera.
Guraso Elkarteentzat ere bada diru-laguntzarik, haiek haientzat beraientzat antolatzen dituzten jarduerak bultzatze aldera, prestakuntza-jarduerak, bereziki. 2012ko deialdian 32 elkarte aurkeztu ziren eta, guztira, 64.998 euro jaso zituzten.
Laguntzak eta lankidetzak noizbehinkako hezkuntza-jarduerak garatzeko
Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen 2012an Ikasketa Klasikoen Espainiako Sozietatearen Iruñeko Ordezkaritzarekin, Antzerki Grekolatindarraren Gazte Jaialdi Europarra egiteko. Jaialdia Espainiako 17 hiritan eta Portugalgo 5etan egin zen, eta erakusleiho egokia da Bigarren Hezkuntzako institutuetako antzerki-taldeek egiten duten lana erakusteko eta, aldi berean, antzerki klasiko grekolatindarraren ezagutza hezkuntza-maila horretako ikasleen artean sustatzeko. Gayarre Antzokian, Sofoklesen Antigona eta Plautoren Rudens lanak eman ziren, biak ere El Puerto de Santa Mariako Balbo taldeak antzezturik.
Apirilaren 20an, hamahirugarren urtez jarraian, On Kixote Mantxako liburuaren irakurraldi etengabea antolatu zen, Gurutze Plazako Institutuan. Irakurraldia goizeko hamarretan hasi zen eta gaueko bederatziak arte iraun zuen. 2012an, irakurraldian, 90 lagunek parte hartu zuten; 2011n, 78k. Irakurle bakoitzak aukera dezake zer pasarte irakurri nahi duen eta bostetik hamar minutura bitarte dauka irakurtzeko. Itxierako kontzertua Teresa Arlabán Gabeirasek eman zuen, Goi-mailako Musika Kontserbatorioko pianoko azken mailako ikasleak.


