
SARRERA
Kirol Unitatea Komunitate Garapeneko Arloaren barruan dago, eta kudeaketa-lan guztiak egiteko, teknikari koordinatzaile bat, kirol-instalazioen zerbitzuko buru bat, administrari laguntzaile bat eta udal-kiroldegiei atxikitako 25 funtzionamendu-laguntzaile ditu.
Arantzadiko Kirolgunearen, Sanduzelaiko Kirol-hiriaren (Aquavox) eta Mendillorriko kiroldegi eta trinketaren funtzionamendua sektoreko merkataritza-enpresa batekin egindako laguntza teknikorako kontratu baten bidez eramaten da aurrera. Labrit pilotalekuaren funtzionamendua Nafarroako Pilota Federazioaren esku dago, zerbitzu publikoa kudeatzeko kontratu baten bidez. Mantentze Gimnastikarako eta Aerobicerako programak, 50 urtetik gorakoendako yoga eta Areto Futboleko Haurren Liga merkataritza-sozietate espezializatuekin egindako kontratuen bidez kudeatzen dira. Arantzadiko kirolguneko eta Sanduzelaiko kirol-hiriko (Aquavox) taberna-jatetxeak zerbitzuak emateko bi kontraturen bidez kudeatzen dira.
Aurrekontuetan, kirol-unitateak bi azpiprograma ditu, guztira 5.239.367 eurorenak: 1.505.000 euro programa eta dirulaguntzetarako, eta 3.734.367 euro Udalaren kirol-instalazioetarako.
Udalak kirolaren esparruan dituen jarduera-ildoetako bi dira, batetik, kirola sustatzea, eta, bertzetik, biztanleria-sektore guztietan jarduera fisikoa bultzatzen duten proiektuak abian jartzea.
- HELDUENDAKO MANTENTZE-GIMNASTIKA ETA AEROBIKA. 2018/2019ko denboraldian 862 pertsonak parte hartu zuten, eta hiriko hainbat kiroldegi eta ikastetxetan egin zen.
- YOGA 50 URTETIK GORAKOENTZAT. 2018/2019ko denboraldian 961 pertsonak eman zuten izena eskola horietan.
- ARETO-FUTBOLEKO HAURREN LIGA. 2018-2019ko denboraldian 124 taldek eman zuten izena, eta guztira 1.400 parte-hartzaile izan ziren.
Iruñeko Udalak kirolari lotutako lau laguntza-deialdi egin ditu 2019an, eta guztira 1.421.000 euro banatu. Liga nazionaletako lehenengo hiru kategorietan parte hartzen duten taldeendako, kirol amateurretarako, kirol-eskolendako eta kirol-alorreko ekitaldiak, ikuskizunak eta jarduerak antolatzeko deialdiak dira.
LIGA NAZIONALETAN PARTE HARTZEKO LAGUNTZAK
Udalak 436.000 euro eman dizkie 2019an lehenengo hiru kategoria absolutuetako liga nazional ofizial arruntetan parte hartzen duten 48 kirol-talderi. 21 kirol-modalitatetan ari diren taldeak izan dira onuradunak.
EKITALDIAK ETA AISIALDI-KIROLA
Ariketa fisikoan eta kirolean diharduten bertze 44 entitatek udal-laguntza jaso dute, kirol-emanaldiak, kirol-ikuskizunak eta bertzelako kirol-jarduerak antolatzeko denboraldian: 56 guztira. Orotara, 652.000 euro banatu dira hainbat kirol-modalitateren artean.
AFIZIONATUEN KIROLA ETA ESKOLA-KIROLA
Azkenik, kirol amateurrerako laguntzen deialdiaren bidez, 2019an 374.750 euro banatu dira 39 kirol-erakunderen artean. Eskaerak baloratzeko, hiru atal hartzen dira kontuan: kategoria absolutua, kirol-sustapena eta instalazioen alokairua.
UDAL-KIROLDEGIAK
Udalak bederatzi udal-kiroldegi ditu, eta denboraldian zehar % 81eko okupazioa izan dute batez bertze. Udal-kiroldegiek astean irekita ematen dituzten 761 orduetatik 670 erreserbatuta egoten dira klub, ikastetxe edo kirol-programentzat, erabil ditzaten. Udal-instalazioak hauek dira: Arantzadiko kirol anitzeko pista estalia, Arrosadia, Azpilagaña, Ermitagaña, Ezkaba, Jose Maria Iribarren, Arrotxapea, Mendillorri eta Sanduzelai.
Klub, ikastetxe edo kirol-programen erreserbei dagokienez, okupazio handiena duten kiroldegiak Ermitagañakoa (erreserbatuak dituen 83 orduen % 95), Azpilagañakoa (erreserbatuak dituen orduen % 90) eta Mendillorrikoa (79 ordu ditu okupatuak, erabilgarri dituen 88 orduen % 90) dira, hain zuzen . Sanduzelaiko kiroldegiak orduen % 85 okupatuak ditu; Ezkabakoak, % 65; Arrotxapekoak, % 75; Arrosadikoak, % 85; eta Jose Maria Iribarren kiroldegiak % 65. Arantzadiko kiroldegi estaliko okupazioa ez da % 45era iristen; zehazki, % 41 da. Zortzi kiroldegiak astelehenetik ostiralera egoten dira irekita, 08:30etik 22:30era, eta larunbatetan, 08:30etik 21:30era. Hala ere, Arantzadiko kiroldegia da ordutegi desberdina duen pista bakarra, egokiagoa kirolguneko instalazioetarako. Astelehenetik larunbatera egoten da zabalik, 09:00etatik 21:00etara. Igandean Arrosadia, Ezkaba, Arrotxapea, Sanduzelai (08:30etik 14:00etara) eta Mendillorri (10:30etik 14:00etara) baino ez dira egoten irekita.
Erreserben esleipendunak honako hauek dira: 19 ikastetxe, Gorputz Hezkuntzako irakasgaiaren curriculuma lantzeko eta eskolaz kanpoko kirol-jarduerak egiteko; Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutua, Nafarroako Kirol Jokoak egiteko; 18 kirol-talde, beren entrenamendu eta partida ofizialetarako; eta 6 elkarte, kirol-jarduerak egiteko. Normala denez, erabileraren ehuneko handiena duten kiroldegiek hartzen dituzte, goizez, ikastetxeetako gorputz-hezkuntzako eskolak-
ARANTZADIKO ETA SANDUZELAIKO KIROLGUNEAK
Arantzadiko kirolguneak eta Sanduzelaiko kirol-hiriak 83.994 sarrera eman ditu 2019an. Urteko abonamenduei dagokienez, hamabi hilabeterako, udako denboraldia barne, herritarrek 1.759 erosi dituzte. Bestalde, udako abonamenduak –hiru hilabete inguruko iraupena dute– 3.538 izan dira. Neguko 4 abonamendu ere saldu dira; urtarrilaren 1etik ekainaren 15era eta irailaren 16tik abenduaren 31ra bitarteko iraupena dute neguko abonamenduek. Azkenik, hiru hileko 1.192 abonamendu eta hilabeteko 1.473 abonamendu eman ziren
|
Arantzadi |
Sanduzelai |
|
|
Abonamenduak |
48.012 ( + 11%) |
35.982 (+30%) |
|
Abonamenduak |
Aranzadi |
Sanduzelai |
|
Urtekoak |
740 |
1.019 |
|
Negukoak |
1 |
3 |
|
Udakoak |
2.483 |
1.055 |
|
180 egunekoak |
622 |
570 |
|
90 egunekoak |
232 |
292 |
|
30 egunekoak |
769 |
785 |
LABRIT PILOTALEKUA
2019an, Nafarroako Euskal Pilota Federazioak kudeatu eta ustiatu du udal-jabetzako Labrit pilotalekua, kontratu baten bidez; kontratu horren barruan ondasunak, makinak eta instalazioak garbitu, mantendu, kontserbatu eta zaintzeko lanak sartzen dira. Kontratuak 160.783,47 euroko kostua izan zuen.
Eskuzko eta erremintako modalitateak sustatzeko kirol-eskolak, pilota-selekzioen entrenamenduak eta afizionatuen lehiaketa ofizialak programatu ditu federazioak. Nafarroako, Espainiako eta Herriarteko Txapelketako finalak ere jokatu dira bertan. San Fermin Txikito Nazioarteko Torneoa eta Nafarroa-Reunion uhartea Nazioarteko Torneoa jokatu dira, baita pilota profesionaleko bertze zenbait jaialdi ere. Aldian behin, jarduera sozial edo kulturalak ospatzeko ere erabiltzen da pilotalekua.
BERTZE GUNE BATZUK
- CAPARROSOKO ERROTA. Nafarroako Piraguismo Federazioak, Iruñea Piraguismo Klubarekin batera, Caparrosoko Errota izeneko udal-lokala kudeatu eta ustiatu du piraguismorako gune eta jatetxe-taberna gisa. Udalak 57.499,20 euro ordaintzen ditu zerbitzu horrengatik, eta askotariko jarduerak egiten dira, hala aisialdikoak nola entrenamendukoak eta kirol-errendimendukoak. Instalaziora joan direnei dagokienez, 100 eta 120 pertsona bitartean ohikotasunez joaten dira, eta bertze 2.436 jarduera edo alokairuren baten bidez.
- BELAR ARTIFIZIALEKO UDAL FUTBOL-ZELAIAK. Halaber, Sanduzelai, Lezkairu eta Arrotxapea auzoetako belar sintetikoko futbol-zelaiak ere kudeatu dira. Oinarri-kiroleko futbol-taldeen entrenamenduak eta partidak egiteko erabili ziren batez ere; ordutegi hauetan okupatu ziren: astelehenetik ostiralera, 16:00etatik 21:30era bitartean; larunbatetan, 09:30etik 14:30era eta 14:00etatik 21:30era bitartean, eta igande eta jaiegunetan, 09:30etik 14:00etara. Denboraldi honetan, 150 taldek eta 2.500 jokalari inguru modu erregularrean erabiltzen ari dira hiru futbol-zelaiak, astelehenetik ostiralera (partidak eta lehiaketak kontuan hartu gabe).
Salbuespen gisa, zenbait motatako laguntzak eman zaizkie hirian egindako ekitaldiei; honako kopuru hauetan balioetsita daude laguntza horiek:
|
KIROL-EKITALDIETARAKO LAGUNTZAK 2019AN |
|
|
Harresietako Lasterketa |
4.026 euro |
|
Itzulia |
4.000 euro |
|
Zubiri-Iruña maratoi erdia |
2.000 euro |
|
San Fermin maratoia |
4.000 euro |
|
Tenerife-Baskonia (saskibaloia) |
1.500 euro |
|
Euskal Jai Erremonte Fundazioa |
5.000 euro |
EUROPAKO PATINAJE-TXAPELKETA
Abuztuaren 25etik irailaren 1era, Europako Patinaje Txapelketaren egoitza izan da Iruñea. Nazioarteko ekitaldi handia da hori. Udalak ekitaldian parte hartu du Antoniutti parkeko patinaje-pista birmoldatuz: inbertsioa, guztira, 182.999,98 eurokoa izan da. Apirilean, inbertsioa ordaintzeko laguntza eskatu zitzaion Kirol Kontseilu Gorenari (KKG), nazioarteko lehiaketak egitearekin lotutako irisgarritasun-obretarako eta kirol-azpiegituretako obretarako laguntzen deialdiaren barruan. Emandako laguntza 75.000 eurokoa izan zen.
SANFERMINAK. Sanferminen barruan, aisialdiko programazio espezifiko bat egin da 8 eta 14 urte bitarteko neska-mutilentzat, Komunitate Garapeneko arloak eta Kultura Arloak bultzatuta eta Nafarroako kirol-federazioen laguntzarekin. Helburua da kirol-jarduera sustatzea festa-giroan, diskriminaziorik gabe, eta parte-hartzaileek, jokoaren bidez, eskaintzen ziren kirol-modalitateekin kontaktua izatea. Jarduera Medialuna parkeko hobietan egin da, uztailaren 6tik 14ra, 11:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, uztailaren 6an izan ezik, egun hartan arratsaldez bakarrik ireki baitzen.
Arku-tiroa, xake erraldoia eta aldi bereko partidak, taekwondoa, golfa, 3x3 saskibaloia eta trebezia-jokoak, eskrima, badmintona, hipika poney-ibilaldiekin, herri-kirolak –lokotx-biltzeak, zaku-lasterketak, txingak eta bertze–, 3x3 futbola, doitasun-jokoak, eta ibilaldiak Argan zehar, Caparrosoko Errotako piraguismorako gunetik.
2019ko parte-hartzeari dagokionez, 9.000 parte-hartzaile inguru zenbatu dira; aurreko aurtean, berriz, 13.000 izan ziren. Hala ere, garbi utzi behar da irizpide-aldaketa bat gertatu zela parte-hartzaileen zenbaketan, eta horrek eragina izan duela azken zifretan.
Iruñeko Udalak urtero udako abonamenduak ematen ditu zozketan, Txantrea KKEko, Oberena Elkarteko eta Arrotxapea KKEko igerilekuak erabiltzeko. Guztira, 618 abonamendu banatu dira: Urteko 375 abonamendu eta udarako 243 abonamendu (ekainaren 15etik irailaren 15era), izena ematen dutenen artean. Zehazki, urteko 175 abonamendu eta uda-parterako bertze 75 eman dira zozketan Oberena erakunderako; urteko 75 eta uda-parterako 100 abonamendu Txantrea KKErako eta, azkenik, urteko 125 abonamendu eta udarako bertze 68 Arrotxapea KKErako. Instalazio bakoitzerako ezarritako abonamenduen % 10 erreserbatuta egoten dira % 33tik gorako desgaitasuna dutenentzat.