
ZABALGUNEAREN BERRURBANIZAZIOA – NAVAS DE TOLOSA KALE
Aurrekontua: 1.044.414,17 €, (BEZa barne).
Proiektuaren helburua ardatz bat sortzea da, zeinak, loturazko eta banaketazko funtzioaz harago, diseinu gizatiarra eta erosoa gehituko baitio inguruneari, herritarrei ingurune berde eta atsegin batean egoteko eta bertan ibiltzeko gonbit eginez. Bertzeak bertze, aurreikusten da espaloiak handitzea, lorategiak areagotzea eta hobetzea, bereizitako eta norabide bikoitzeko bizikleta-errei bat sortzea Navas de Tolosa kalearen eta Takonera parkearen luzetarako ardatza egituratzeko elementu gisa, eta egoteko, harremanetarako eta jolasteko espazio berriak sortzea.
Sekzio-mota berria ezarri da Navas de Tolosa kalean: galtzada 7 metrora estutu da eta 2,5 metroko bidegorri bereizia txertatu dute. Sekzio berriak finkatu egin du irabazitako oinezkoen gunea. Sarasate pasealekuaren eta Parlamentuaren arteko zatian galtzadaren zabalera, 8 m-ra zabaldu, eta kale hori garraio publikorako baino ez da baliatuko.
Alde Zaharraren eta Lehen Zabalgunearen arteko zeharkako lotura errazteko, oinezkoen pasabide berri bat txertatu da Rozalejoko Markesaren kalea Alde Zaharrarekin lotzeko, eta oinezkoen bertze bi pasabide zabal birdefinitu dira: horietako bat Nafarroako Parlamentuaren irteeran dago, Sarasate pasealekurantz, eta, bertzeak Chinchilla Jeneralaren kaleari jarraipena ematen dio.
Tres Reyes hoteleko biribilgunerako sarbidean, bidegorria eta errepidea banatu dira: bizikletak espaloi-mailara igo dira eta trazadura seguru batetik igarotzen dira biribilgunetik, autobusen geralekuaren gibeletik, parterre eta berdeguneen lerro batek babestuta. Proiektuan Navas de Tolosa eta San Gregorio kaleen arteko eskailerak hobetzea aurreikusita dago.
PERGOLA ESTALIA ALFREDO FLORISTÁN PLAZAN
Aurrekontua: 181.651,25 € (BEZa barne)
Deskribapena: Jarduketaren helburua da Iruñeko Arrosadia auzoko Alfredo Floristán plazan gune estali bat sortzea, bertan auzotarrek biltzeko aukera eduki dezaten, euritik babestuta. Hori horrela, proiektuak pergola bat instalatzea proposatzen du, hala eguzkitik babesteko, zurezko listoien parriladura baten bidez, nola euritik, parriladura gainean polikarbonato zelularrez egindako 10 mm-ko lodierako estaldura bat jarrita.
Pergola eraikitzeko, altzairu galvanizatuz egindako pilare eta habeak erabili dira, eta horiek uztartzeko, altzairu herdoilgaitzezko torlojuak. Zurezko parriladura pinu-zurezko listoiek, autoklabean tratatuek, eratzen dute, eta haien gainean kokatzen da polikarbonato zelularra. Pilareak 100x100x40 cm-ko masa-ormigoizko zapata batzuei lotuta daude. Estalitako azalera 250 m² izan da.
UDAL-ETXEBIZITZAK ZAHARBERRITZEA (SAN PEDRO ETXE-MULTZOA 10, 22, 23, 24, 27, 28, 30, 32, 33 ETA 36, ETA MARCELO CELAYETA 124)
Aurrekontua: 615.302,47 € (BEZa barne)
Deskribapena: 15 udal-etxebizitzatako barne-berrikuntzako lanak egitea San Pedro etxe-multzoan. Lehenik eta behin, bainugela eta atondoa bereizteko zeramika-trenkada hustu eta eraitsi, baita egongela eta esekitokia bereiztekoa ere. Azkenik, hormetako moketa edo papera kendu, eta azuleju guztiak pikatu, sukalde eta bainugelako paretan eta terrazo-lurzoruetan. Igeltserotza-lanei dagokienez, bereizketa-trenkada bat egiten dute bainugelaren eta atondoaren artean. Hezetasuna duten geletan, zeramika zolatua eta alikatatua paratzen dute, eta gainerakoetan, parket flotatzaile laminatua, edo, zurezko zoladurarik duten geletan, hura lixatu eta bernizatu. Gainerako geletan zuriz pintatzen dira hormak eta sabaiak.
Kanpo-arotzeria guztiz desmuntatu, eta zubi termikoaren haustura duten aluminiozko leiho berriak fatxada-lerroan soilik paratzen dira. Barruko ateen ordez, egurrezko ate berriak instalatzen dira. Etxeetara sartzeko ateak ere kentzen dira, eta haien ordez ate blindatuak jarri. Instalazioei dagokienez, ur hotza eta beroa hornitzeko sare berri bat jartzen da, baita etxebizitzetarako saneamendu-sare bat ere; halaber, sukaldean gas naturaleko galdara berri bat instalatzen da, eta etxebizitzako gela guztiek dituzte berogailuak. Instalazio elektrikoari dagokionez, instalazio berri bat jartzen da hartunetik beretik, REBT egungo erregelamenduaren arabera, eta etxebizitzak argiz hornitzen dira. Bainugelak, komun-ontzi, konketa eta dutxaz hornitzen dituzte, eta sukaldeak, altzari altu eta baxuez, harraskaz eta etxetresna elektrikoz (hozkailua, labea, bitrozeramika, kanpaia).
SAN PEDRO ETXE-MULTZOKO 14 ETA 16KO 5 UDAL-ETXEBIZITZA ZAHARBERRITZEKO LANAK
Aurrekontua: 186.565,05 € (BEZa barne)
Deskribapena: Guztira 234 etxebizitza dagozkio Arrotxapeko San Pedro etxe-multzoari, denak Iruñeko Udalarenak dira, eta luzetarako forma duten eta behea gehi 2 altuera diren eraikinetan banatuta daude. Marcelo Celayeta etorbidea dute iparrean eta Errotazar kalea ibaiarekiko hegoko mugan, bai eta Antsoain kalea mendebaldeko muturrean ere. 1950ean eraiki zituzten. Birgaitzeko multzoa 5 etxebizitzak osatzen dute, San Pedro etxe-multzoko 14 eta 16 zenbakietan.
Horietan, erabat berritu dira bainugela eta sukaldea, baita instalazioak ere, hala nola ur hotza eta beroa hornitzeko sare berri bat, bainugelako sabaitik igarotzen den PVCzko hodiarekin. Sukaldean, gas naturaleko galdara bat instalatu da, eta etxebizitzei berokuntza-instalazio berri bat eman zaie. Etxebizitza bakoitzean instalazio elektriko berri bat paratu da. Itxiturak ere aldatu dira, eta aluminiozko arotzeria batzuk instalatu, zubi termikoa hausten dutenak eta kristal bikoitza dutenak. Guztiak eraisgarriak dira, eta bitik batek, gutxienez, orri zabukariak ditu. Egurrezko ate eta zokalo berria paratu dute, eta, gela hezeetako zolatu eta alikatatu berriez gain, parket flotatzaile berria ere bai, salbu eta jarrita dagoen parkelita mantendu daitekeen geletan, hura lixatu eta bernizatu ondoren. Obrak amaitzeko, hormak eta sabaiak margotu dira, eta sukaldeak altzari altu eta baxuekin ez ezik beharrezko etxetresna elektrikoekin ere hornitu dira.
ZIUDADELAN
Aurrekontua: 296.644,81 € (BEZa barne)
Deskribapena: Ziudadelako Armen Aretoan berokuntza instalatzeko eta beheko solairua eraberritzeko beharrezko obrak. Horretaz gainera, proiektuak bertze zenbait jarduketa gehiago hartzen ditu kontuan, beharrezkoak horiek ere jarduketa-esparruan: behe solairuko elektrizitate-instalazioa eraberritzea, argiteria-sistema berria eta altzariz hornitzea.
2006. urtean, zolatzeko eta azpiegituraz hornitzeko obran, sare eroale bat egin zuten, geroan berokuntza zentralizatuko instalazio bat paratzeko Ziudadelako eraikinetan. 2018. urtearen amaieran, Ziudadela biomasa bidezko bero-zentral batez hornitzeko beharrezko obra egin zen, bai eta Armen Aretora sartzeko langa bat ere, oztopo arkitektonikoak kentzeko. Proiektuak Armen Aretoa jotzen du Ziudadelako eraikin nagusitzat. Beheko solairua topaketarako gunea da; lehen solairuan arte-erakusketak eta ganbara egongo dira, erakusketekin lotutako lantegiak eta bitartekaritza-programak hartzeko.
Beheko solairuaren barruan, informazio-gunea, dauden gortinak eta zurezko moduluak erretiratu dira, eta bi modulu berri eraiki dira, bata biltegi txiki baterako, eta bertzea, berriz, kafea hartzeko gune bat izanen da etorkizunean. Sarrera ondoan, beirazko manparak paratu dituzte, proiekzio-areto txiki bat edo administrazio-gunea bertan sortzeko. Lehen eta bigarren solairuko lurzoruetan bero-igorgailuak jartzeko lanak egin dituzte.
LANDARE-LEHORTEGIA ETA BARATZE-ALOR ESPERIMENTAL KLIMATIZATUAK
Aurrekontua: 209.680,90 € (BEZa barne)
Deskribapena: Europako Spagyria proiektuaren barruan, landareen eta/edo barazkien hazkuntzan erabilera esperimentala duen baratze-alorren sistema diseinatzen, definitzen eta irudikatzen saiatu gara, hazkuntza klimatizatuko sistema gisa. Gainera, erabilera esperimentaleko eraikin bat diseinatu, zedarritu eta irudikatu nahi izan dute, 150 kg landare edo barazkien lehortegi edo deshidratazio-toki gisara, betiere 40 ºC-tik gora ez dela egonen bermaturik, landareen eta barazkien olio esentzialak, bitaminak eta propietateak bermatzeko.
Baratze-alorrek zenbait berezitasun dituzte: landareak sustraitzen diren lurraren tenperatura kontrolatu, aldatu eta kudeatu daiteke, hala nola ingurumen-tenperatura, ingurumen-hezetasun erlatiboa,CO2- ko ppm airean, lurraren tenperatura... Lehortegiaren kasuan, eraikinaren gaineko eguzki-energia erradiatzaileaz eta biomasaz baliaturik lehortegi bat edo deshidratatze-toki bat instalatzeko egokiera gauzatu dute energia-efizientzia handieneko diseinuaz zein funtzionamendu-erregulazio eta kontrolaz.
Lehortegia goraturik dago gerta daitezkeen uholdeen kalterik ez izateko, eta honako gune hauek osatzen dute: lehenik eta behin sarrera-eremu bat, arrapalaz eta atondoaz horniturik; makina-aretoa, behar diren sistemekin (biomasa-galdara, aire-klimatizagailua, elektrizitate-koadroa, erregulazio- eta kontrol-sistema); igarobide-eremua, bisitak jaso, erakusketak egin eta lehortegira sartzeko; lehortegi bera, landareak eta barazkiak biltzeko, eta kristalez hornitutako berotegi-eremua hego eta mendebaldeko fatxadetan, eguzki-energia hartzeko.
Hegoaldera ematen duen eta inklinazio bertikaleko m2 bakoitzaren gaineko eguneko irradiazio globala ikusita, interesgarria jotzen da azalerako 30 m2 gutxienez edukitzea energia atzemateko, landare-karga bat lehortzeko prozesurako. Hori horrela, gune horiek prestatu dituzte, bata hegoaldera begira (gutxienez 30 m2) eta bertzea mendebaldera begira (gutxienez 9 m2), biak kolore beltzekoak.
ARROSADIKO AUZO-UNITATEA BIRGAITZEA
Aurrekontua: 345.790,93 € (BEZa barne)
Deskribapena: 2019an, Irati Ibaiaren kaleko 9. zenbakiko partzelan beheko solairuan dagoen lokalaren barne-erreforma eta egokitzapen teknikoa eta funtzionala egin dira, Arrosadia auzoko unitate gisa erabiltzeko. Lokala berritzeko lanek espazioen egokitasun funtzionala bilatu dute, eta horretarako banaketa berria egin da eta fatxadan esku-hartze arin batzuk egin dituzte barneko antolaketara doitutako baoak irekitzeko, eta sarbide zuzena ireki da kale nagusira arrapala txiki batekin, espaloiaren eta lokalaren barruko kotaren arteko desnibela gainditzeko.
Harrera- eta administrazio-eremura sartzeko, sarrera nagusiko atondora jo behar da, eta erabilera publikoko bi komun daude. Instalazio horietaz gainera, zortzi bulego eta erdiko gune bat (bilera-gela, komun egokitua eta gizonezkoen komuna dituena), eta, aurrerago, bertze lau bulego eta ebakuazioko irteerako korridore berri bat izanen dira (azken horretan egonen dira, hain justu, berokuntzarako armairua eta instalazioa).
Egungo arotzeriaren ordez, aluminiozko arotzeria eta pertsiana motorduneko kanpoko tiradera jarriko dira. Leihoen geometria ahal de neurrian mantendu dute. Hori, batez ere, kale nagusiko fatxadan lortzen da. Atzeko fatxadan igeltserotzako lan txiki batzuk egin behar izan dituzte bao berriak irekitzeko eta zegoen sarbidea ixteko. Berokuntzarako ur beroaren ekoizpena modu zentralizatuan egiten da instalazio-gela batean kokatutako galdara batetik, eta koadroa, kontagailuak eta racka hartzen dituen gela elektrikoaren zati bat mantendu da.
EMAKUMEEN ETXEAREN BARNEKO BERRIKUNTZA
Aurrekontua: 134.988,10 € (BEZa barne)
Deskribapena: Emakumeen Etxea egokitzeko lanak. Hauek dira Pablo Sarasate kontserbatorio ohia barnetik zaharberritzeko egindako lanak: sarbide-egoera hobetzea, sarbidea, barneko akaberak eta suteen kontrakoak berritzea, Agoitz kalearen 9ko udal-eraikinaren mendebaldeko behe solairuaren eremu batean. Eraikinaren egitura ez da batere ukitu eta hasieran bezala segitzen du, eta egokitzapen-lan txikiak baino ez dira egin. Jarduera berriak eraikina partekatzen du Udalaren Etxez Etxeko Arreta lantaldearekin, zeina lehen solairuan baitago.
Eraikinaren beheko solairuan espazio hauetan esku hartu da: atezaintza (informazio-gune gisa, 2 postu); emakumeendako komuna eta komun irisgarria, eta bost gela (hainbat erabileratakoak, edo bileretakoak edo kontsultakoak eta erreprografiakoak). Halaber, atseden-gune batean eta txarteldegietarako bertze batean ere esku hartu da.
Eraikinaren kanpoaldean arrapala irisgarri bat eta eskailera berriak egin dira desnibela gainditzeko, partzelaren lorategian dagoen hesia kenduz. Halaber, beheko solairuko mendebaldeko komunak guztiz berritu dira, emakumeendako komun bat eta komun irisgarri bat eginez eta atondoa kenduz. Geletako tarima guztiak lixatu eta bernizatu dira, terrazozko zorua leundu da eta gela guztietako sabaiak eta hormak margotu dira, baita erradiadoreak ere.
Metalezko eta zurezko arotzeriaren gainean ere esku hartu da, dagoen atea birkokatu egin da, kanpoalderantz ireki ahal izateko korridorea inbaditu gabe, eta bi orriko ate irristakor berri bat paratu da 04 ikasgela atseden-gunearekin zuzenean komunikatzeko. 190
HEGOALDE IKASTOLA IKASTETXE PUBLIKOKO ESTALKIA
Aurrekontua: 322.444,22 € (BEZa barne)
Deskribapena: Obrak Hegoalde ikastolako frontoian estalki bat egitea planteatzen du. Eraberritze-lanean, babes-markesina bat eta fatxada berriak eraiki dira. Estalkia egurrezko egitura ijeztu batez egina da. Pieza nagusia 13 metroko altuera libreko zurezko 6 arkuperen bidez egin da (zutabe bikoitzak). Arkupe horiek 7,40 metroko tartea dute elkarren artean: alde batetik, frontoiaren pistaren muga fisikoan bermatzen dira, eta, bertzetik, frontoiaren ezkerreko hormaren gainean. Arkupeok goiko habea besarkatzen dute. Markesinaren beheko aldea 3,25 m da.
Fatxada nagusi berria itxitura bikoitzez osatua da; kanpoko aldean, xafla mikrozulatu bat dago, eta barneko aldean, berriz, sistema modular autoeramaile bat, panel zeharrargian. Zeharkako fatxada zur ijeztu pintatuko lametan eraiki dute.
Frontoiaren estalkia eta babes-markesinarena altzairuzko xaflazko panelez eginda daude, poliestireno estrusiozko nukleoarekin. Euri-urak husteko, frontoiari luzetarako erretena eraiki zaio, eta euri-uren sareari lotutako 2 zorroten egin dira. Instalazioari argi berriak jarri dizkiote, LED proiektore bidez.
SAN JORGE IP-KO HAUR HEZKUNTZAKO ERAIKINAREN KANPOKO AROTZERIA ORDEZTEKO LANAK
Aurrekontua: 107.280,71 € (BEZa barne)
Deskribapena: Obrak Hegoalde ikastolako frontoian estalki bat egitea planteatzen du. Eraberritze-lanean, babes-markesina bat eta fatxada berriak eraiki dira. Estalkia egurrezko egitura ijeztu batez egina da. Pieza nagusia 13 metroko altuera libreko zurezko 6 arkuperen bidez egin da (zutabe bikoitzak). Arkupe horiek 7,40 metroko tartea dute elkarren artean: alde batetik, frontoiaren pistaren muga fisikoan bermatzen dira, eta, bertzetik, frontoiaren ezkerreko hormaren gainean. Arkupeok goiko habea besarkatzen dute. Markesinaren beheko aldea 3,25 m da.
Fatxada nagusi berria itxitura bikoitzez osatua da; kanpoko aldean, xafla mikrozulatu bat dago, eta barneko aldean, berriz, sistema modular autoeramaile bat, panel zeharrargian. Zeharkako fatxada zur ijeztu pintatuko lametan eraiki dute.
Frontoiaren estalkia eta babes-markesinarena altzairuzko xaflazko panelez eginda daude, poliestireno estrusiozko nukleoarekin. Euri-urak husteko, frontoiari luzetarako erretena eraiki zaio, eta euri-uren sareari lotutako 2 zorroten egin dira. Instalazioari argi berriak jarri dizkiote, LED proiektore bidez.
GARCIA GALDEANO IKASTETXE PUBLIKOKO BEHE SOLAIRUAN KANPOKO AROTZERIAK ORDEZTEA
Aurrekontua: 146.818,67 € (BEZa barne)
Deskribapena: García Galdeano IPko behe solairuko kanpoko arotzerietan egindako jarduketek honako xede hau dute: inguratzailearen elementu batzuk eraberritzea eta higiezinaren bizigarritasun- eta erabilera-baldintzak hobetzea.
Kanpoko arotzeria berria egin da aluminioz, kristal bikoitz ganberadunarekin, eta poliuretano isolatzailearekin injektatutako aluminiozko pertsiana motordunak paratu dira. Barrualdean, osagarri gisa, ikasgelen arteko banaketa-trenkada bat eraitsi da; hala, akaberaz hornitutako espazio bat zabaldu da; bi gelen arteko trenkadan hutsuneak ireki dira. Pintaketa orokorra egin da, batez ere obrek eragindako eremuetan.191
PATXI LARRAINZAR IPko SABAI AIZUNA ORDEZTEA
Aurrekontua: 258.523,94 € (BEZa barne)
Deskribapena: Patxi Larrainzar Ikastetxe Publikoaren oraingo arkitektura-konfigurazioa Ave María Ikastetxe Publikoa 1916an eraikitzeko lanen eta geroan egindako birmoldaketen eta handitze-lanen ondorioa da. Aldaketa garrantzitsuenak Nafarroako Hezkuntza Departamentuak proiektatu eta egin zituen, 2004 eta 2007 urteen artean. Hori horrela, gaur egungo eraikinak hiru solairu ditu (beheko solairua eta bertze bi) bi gorputzetan: zaharrena, lau angeluko forma duena, Marcelo Celayeta eta Nazario Carriquiri kaleen artean; modernoena, C formako oinplanoa duena, zeinaren hegaletako batek ikastetxeko bolumen zaharrenarekiko lotura-lana egiten baitu.
2018ko abuztuan, 40 m2-ko sabai faltsu bat erori zen gimnasioan, eraikin modernoenaren beheko solairuan. Muntaketa-sistema aztertu ondoren, gaizki instalatu zela ondorioztatu da, eta horrek eraikin berriko sabai faltsu guztiei eragiten diela. Esku-hartze horretan, sabai faltsu desmuntagarri eta erregistragarri bat muntatu zen altzairu galvanizatuzko profilen gainean, sabai faltsu jarraituko eremuekin konbinatuta. Ikasgeletan, bulegoetan eta korridorean plaka xurgatzaileak daude, eta, komun eta aldageletan, berriz, biniloz estalitako igeltsuzko xaflak. Hauek izan dira eginiko akabera-lanak: argiztapen-elementuen ordez, energia-efizientzia handiko LED berriak jartzea, eta, beharrezkoa den kasuetan, haiendako sentsore eta argiztapen-erreguladoreak ere paratzea. Lan horien osagarri, gainerako instalazioetatik erretiratutako gainaldeko elementuak (telekomunikazioak, irudia eta soinua, suteen kontrako babesa) berriz ere jarri dituzte bere tokian, berrerabili egin baitituzte.
HELLO EGUNSENTI HAUR-ESKOLA ZAHARBERRITZEA
Aurrekontua: 643.100,73 € (BEZa barne)
Deskribapena: Hona hemen esku-hartzearen funtsa: ibiltarien, ertainen eta nagusien moduluak hartzen zituen hegala eraitsi dute, eta, horren ondorioz, solairu ireki eta argitsua geratu da. Halaber, eraikina zabaldu da, Morea parkearekin bat egiten duen lurzatiko mugaraino; hori horrela, aipaturiko moduluak 28/2007 Foru Dekretuaren irizpideekin bat antolatu daitezke.
Beharrezkoa da modulu bat kentzea, gainerakoen espazioa eskatutako irizpideen arabera handitu ahal izateko, areagotze-lana oharkabean igarotzea lortuz eta, hala, eraikinaren espiritua mantenduz; hots, moduluek patio estalira inguratu eta irekitzea.
Administrazio-guneetan, komunetan eta bularreko umeen moduluan instalazio arloko esku-hartze txikiak behar dira (megafonia, suteen kontrakoa eta, puntualki, ur-hornidura). Halaber, erabilera-aldaketa ere behar da jantokiaren eta sukaldeko biltegiaren artean, eta garbitegiko eremua eta banaketa-eremua berrantolatu dituzte.
MANTENTZE-LANAK HARRESIETAN, ZIUDADELAN ETA BARRUTI GOTORTUAN
Aurrekontua: 144.000,00 € (BEZa barne)
Deskribapena: 2014az geroztik, deitutako lehiaketetan enpresa esleipendunekin harresiak, Ziudadela eta Erdi Aroko zubiak mantentzeko lanak egin dira. Hauek dira 2019an egindako lan nagusiak: harresien eta landareen paramentuetako orbanak eta pintadak garbitzea, eta Erdi Aroko harresietako eta zubietako landare-elementuak kentzea. Kontserbazioa eta mantentze-lanak egin dira, kaltetutako hargintzako edo adreilu-fabrikako elementuak konpontzeaz gainera, eta igeltserotzako lan osagarri txikiak ere egin dituzte.
Harresien mantentze-lanak egiteko enpresa hautatzeko 2018. eta 2019. urteetarako hirugarren deialdia Construcciones Aranguren SAUri esleitu zitzaion, eta abuztutik hartzekodunen konkurtsoan dago; beraz, 2019ko azken bi hilabeteetan Leache SL enpresarekin egiten dira lehentasunik handiena duten lanak.
2019ko jarduketen artean, nabarmentzekoak dira Eraikin Bereziko hobietan esku hartzea eta, horretaz gainera, Armadarren etorbidearekin bat egiteko ezponda egokitzea, Armadaren etorbideko Ziudadelako horman juntura-lanak egitea, gune horretako hobietara sartzeko arrapalan askatutako plakaketa lehengoratzea eta Barbazana pasealekuko petrila Ezkaba harrizko harlanduz altxatzea Santa Maria La Real plazako eskaileren inguruan. Ziudadelako Armen Aretoko lehen solairuan bi habe nagusi ordeztu dira, bai eta eraikin bereko beheko eta lehen solairuko bi solibak indartu ere.
Harresiaren beheko aldean, inguruko Jauregiko Lorategiak eta Frantziako Ataria daude, Ziudadelaren kanpoaldean eta barrualdean (gargola bat ordezkatuta). Bertan, San Bartolomeko Gotorlekua eta Santo Domingoko aldapa eta Larruginak daude.
Urrobi errekaren, Irati errekaren eta Manuel de Falla kaleak berrurbanizatzeko proiektua
Aurrekontua: 55.660 € (BEZa barne). Proiektuaren bidez, Arrosadia auzoko erdigunea egituratu nahi da, bizitegi-kaleen bi ardatz sortuta, oinezkoen erdigune zabal batekin batera. Halaber, egoteko esparru batzuk sortuko dira auzoa hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duten joan-etorri handieneko aldeetan, auzoaren hegoaldean eratzen ari den eremu berria iparraldeko eremu finkatuekin lotzeko: (Felisa Munárriz plaza).
Berrurbanizazio estrategikoko proiektua, Juaristi Doktorearen kaleko igarobide jasangarria egiteko Sanduzelai auzoan
Aurrekontua: 16.335,00 € (BEZa barn). Juaristi Doktorearen kalean igarobide jasangarri bat sortzea da proiektuaren xedea; lehentasuna emanen zaio oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari, hiri-paisaia berdeagoa, erosoagoa eta osasungarriagoa sortuz. Proiektua berrurbanizazio «arin» edo «taktiko» baten bidez gauzatuko da, orain arte autoek nagusiki okupatutako espazio publikoa birbanatuz eta orekatuz. Ardatz osoari estrategia bateratua eskaintzen zaio, zenbait eraldaketa-tarte edo -sistemarekin. Jarduketa hori lau ataletan egituratzen da: hezkuntza, lotura, komunitatea eta berdea. Haren oinarria kapsula berdeak edo ekozelulak dira; hau da, berezko entitatea duten kapsulak, agregagarriak eta sarean hedatzeko modukoak.
Berrurbanizazio estrategikoko proiektua, laguntzako Andre Maria kaleko igarobide jasangarria egiteko Txantrea auzoan
Aurrekontua: 15.125 € (BEZa barn). Laguntzako Andre Maria kalean igarobide jasangarri bat sortzea da proiektuaren xedea; lehentasuna emanen zaio oinezkoen eta bizikleten mugikortasunari, hiri-paisaia berdeagoa, erosoagoa eta osasungarriagoa sortuz. Proiektua berrurbanizazio «arin» edo «taktiko» baten bidez gauzatuko da, orain arte autoek nagusiki okupatutako espazio publikoa birbanatuz eta orekatuz. Ardatz osoan estrategia komun bat erabiliko da: izaera propioa duten tarte edo segmentu batzuk ezarriko dira, eraldatze-sistemak deritzotenak. Kasu honetan, kirol, komunitate, jolas eta hezkuntza, konexio eta etxeko sistemak.
Jarduketak Puyko Andre Maria plazan
Aurrekontua: 35.618,58 € (BEZa barn). Hona proiektuaren xedea: Puyko Andre Maria plazako hiri-kirol gunearen parte bat duintzea, hobeki eta gehiago erabil dadin; horretarako, azaleko tratamendua eman zaio, kolorea erabili da eta hiri-altzairuen parte bat hobetu dute. Aurten, Udalak futbito-pista garbitu du, baita gainazala garbitu, konpondu eta margotu ere. Horretaz gainera, kirol-ekipamendua (futbito-ateak) hobeki hornitu ditu, atzeko burdin hesia instalatuta.
Iturgintza-lantegia zaharberritzeko lanak Komunitate-Poliziako bulegoetarako
Aurrekontua: 389.713,39 € (BEZa barn). Egindako esku-hartzeak nagusiki instalazio egokiz hornitu du tokia, klimatizazio, berokuntza, argiztapen eta datu-sareaz bezainbatean, betiere araudiarekin eta energia-eraginkortasuneko irizpideekin bat. Egindako jarduketak: kanpoko arotzeria berriak paratu, inguratzaile osoa isolatu eta sabai aizun erregistragarri bat jarri. Kristalezko manparen bidez, bilera-gela bat eraiki da.
Laguntzako Andre Mariaren eraikineko eskuinaldeko leihoak
Aurrekontua: 43.620,52 € (BEZa barne). 2019. urtean zehar, kanpoko arotzeriak aldatzeko obrei heldu diete Laguntzako Andre Maria ikastetxe ohian, haiek ordezteko eraikinaren inguratzailearen elementu batzuk eraberritzeari begira eta higiezinaren bizigarritasun- eta erabilera-baldintzak hobetzeari begira. Eraikinean aurreko esku-hartze bat egin zuten ezker hegaleko behe solairuetako arotzeriak ordezteko, bertan Txantreako Auzo Unitatea ezartzeko eraldatze-lanei ekin zietenean. Horregatik, bada, irizpide berari jarraituz segitzen du aurrera jarduketak.
Instalazio elektrikoa berritzea soldadurako lantegi-eskolako lokalean
Aurrekontua: 61.744,82 € (BEZa barne). Eraikinaren fatxadako babes eta neurriko multzotik banakako deribazio-linea zabaldu dute barne instalazioko aginte- eta babes-panelera, zeina metalezko inguratzaile estanko batek (gutxienez 160 modulu hartzeko gauza dena) eta kaxa moldekatuzko etengailu batek osatua baita. Horrekin guztiarekin, Soldadurako Lantegi Eskolako instalazio elektrikoa arautegira eguneraturik geratu da.
Kanpoko arotzeria eta xafla zeharrargiko estalkia ordeztea Arrosadiko GEZK zentroan
Aurrekontua: 97.142,82 € (BEZa barne). Arrosadiko GEZK zentroko kanpoko arotzerietan eta miniuhin-xafla zeharrargiko estalkian hainbat jarduketa egin dira, xede hauekin: inguratzailearen elementu batzuk eraberritzea eta higiezinaren bizigarritasun- eta erabilera-baldintzak hobetzea, hala nola banaketa-trenkada eta pintaketa orokorra. Kanpoaldean, patioaren estalkia aldatu da, eta panel zeharrargiko sistema modular autosostengatzaile bat paratu da haren tokian; horretaz gainera, zorrotenak eta kanpoko argiztapena ordeztu dira, bai eta fatxadak garbitu ere.
Hobekuntza-lanak Gaztediaren Etxean
Aurrekontua: 60.987,81 € (BEZa barne). Kasu honetan, klimatizazio-instalazioaren proiektua hiru fasetan idazteko ardura hartu da 2019an, eta behe-tentsioko instalazio-proiektuak eta telekomunikazio-azpiegiturak idatzi dira. Horretaz gainera, esku-hartze txiki batzuei heldu diete, higiezinaren konfort-maila hobetze aldera; esaterako, ate automatikoak instalatu dituzte eraikineko sarrera nagusian, aire-gortina batez. Bestalde, eraikinaren kanpoko arotzeria ordeztu da, eta fatxadarekin integratutako metalezko pantailak paratu dira terrazan, bistak ezkutatzeko.
Gurutzeko plazako komunak eraberritzeko lanak
Aurrekontua: 89.952,63 € (BEZa barne). Espazioak berrantolatu dira, eta produktuen biltegia eta langileen egonlekua handitu dituzte bi gune bereizirik sortuta. Horretarako, emakumezkoen eta gizonezkoen komunetako azalera txikiagotu dute, baina kabinen kopurua mantendu egin da, barruko konketak kenduta. Gainera, sexuen arabera bereizitako komun bakoitzean kabina bat jarri da jaioberrientzako aldagailuarekin, eta gizonezkoen komunean horma-pixatokien antolamendua aldatu da, denak bilduta. Bestalde, komunen barrualdeko sestra 5 cm igoko da sarbide-plataformarenarekiko, euri asko egiten duenean ahalik eta ur gutxien sartzeko. Gainera, barruko zoladurari malda bat jarri zaio hustubideetarantz. Azkenik, estaldurak berritu dira.
Iruñeko Mendillorri Haur-Eskolara Gibeletik Sartzeko arrapala
Aurrekontu: 42.776,69 € (BEZa barne). Egulbati Jaurerria kaleko 26. zenbakian dago, eta bertan zegoen sarbide nagusia, 2017an egokitua. Aurten, atzealdeko alboko arrapalaren gainean esku hartu da. Arrapala horrek % 8tik gorako malda zuen, eta ez zegoen araudiaren arabera egokituta. Bertze arrapala bat egin da, % 6tik beherako malda, eta, gainera, koska batzuk paratu dira egungo arrapalaren aurrealdean. Maila bakoitza bere luzera osoan seinaleztatzen da, bai eta eskaileraren muturrak ere, eta altzairu galvanizatuzko barrote-baranda batek babesten du jauzi bertikalean 50 cm-tik gorako desnibela duen arrapala-tartea.
Lezkairuko Haur-Eskolaren proiektuaren erredakzioa
Aurrekontu: 76.499,83 € (BEZa barne). Proiektua Iruñeko Udalak haur-hezkuntzako 0-3 urteko tartea indartzeko duen estrategiaren barruan txertaturik dago. Eraikinak Egues Haraneko kaletik du sarbidea ibilgailuentzat, eta honako hauek izanen ditu: sarrera-guneak, aulkiak gordetzeko gunea duen atari nagusia eta erdiguneko plaza lantegiarekin, eta, horretaz gainera, lanaldi osoko hiru modulu, lanaldi erdiko bi modulu eta bi ikasgela dituen familia-espazio bat, haurrentzako eta laguntzaileentzako tailer, bainugela, komun eta sukalde/bilera-gunearekin. Erdiko plazaren diseinua bereziki zaindu dute, barne-birika baita, gune gehienetarako lotunea. Kanpoaldean zati bat estalita egonen da, eta bertze bat aire zabalean. Kanpoko perimetro-espazioa terrazen segida gisa diseinatuko da, lurraren sestretara egokitzeko.
Arrotxapeko frontoien metalezko itxitura ordeztea
Aurrekontua: 46.403,02 € (BEZa barne). Jarduketa hau futbol-zelaia eta frontoiak bereizten dituen itxitura metalikoaren ordez soluzio arinago bat paratzean datza, bisualki arinagoa, baloi-talkekiko erresistentea, 20 bastidore metalikoren bidez antolatzen dena, haietara polikarbonato trinko koloregabeko plakak lotuta dituela. Metalezko multzoa berdez lakatua da.
Etxabakoitzeko pilotalekua
Aurrekontua: 42.807,44 € (BEZa barne). Auzotarren eskaerari erantzunez, pilotaleku bat eraiki da barneko parke finkatu batean, eta bertan kokatu dira inguruko zerbitzu nagusiak. Kirol-pistan aurrez egokitutako espazioa aprobetxatu da, eta 9,50 m-ko luzera eta 5 m-ko altuera duen frontisa egin da, 5,30 m-ko luzera duen alboko horma batekin eta 5 metrotik 3ra jaisten den altuera batekin. Hormak L forma du, eta Leire Urbeltz artista plastikoaren Rainbowland (ortzadarraren lurraldea) horma-irudiaz estalita dago kanpoaldetik. Inguru horretan, antzinako Euskal Jai pilotalekuko harlanduzko aulkiak daude.
Buztintxuriko kirol-instalazioak: calistenia
Aurrekontua: 15.098,63 € (BEZa barne). 100 m2-ko gune honetan, barra finkoko multzo bat instalatu dute izenekoa; 6 zutoin ditu horma-barrarekin eta brakiadorearekin, eta erabilera independenteko 3 elementu: jauzi-zaldi bikoitza, abdominalak eta barra paraleloak 1.200 mm-ko altueran. Zutoin guztiak altzairu galvanizatuzkoak dira; haiei ainguratutako barrak ere altzairu galvanizatuzkoak dira, eta haien akabera poliester termogotortuko pinturaz egin da. Kartel orokor bat paratu da multzorako, erabilera-jarraibideekin.
Buztintxuriko kirol-instalazioak: hainbat kiroletarako pista
Aurrekontua: 25.913,36 € (BEZa barne). Hainbat kiroletarako 12 x 24 metroko pista bat instalatu da osasun-zentroaren ondoko espazio librean. Pista egiteko, altzairu galvanizatuzko barra bertikalak paratu dira altuera desberdinetako paneletan (metro bat erdiko alboetan, eta 3,69 m ere bai aurrealdean). Hesia osatzeko, altzairuzko tutuak jarri dira, hala, pilotak ezin dira atera perimetrotik kanpora, baina jokoa eroso ikus daiteke. Hesiaren gainean saskibaloiko saskiak ageri dira, eta hantxe daude paratuta, halaber, futboleko eta eskubaloiko ateak.
Jose Maria Iribarren Kiroldegiaren inguruko kirol-pistaren kanpoaldea egokitzeko lanak
Aurrekontua: 33.796,84 € (BEZa barne). Funtsean, egoera txarrean zegoen euskarria konpontzean datza, lurrez eta zikinkeriaz betetako pitzadura ugari ageri baitzituen. Garbiketa orokorra eta saneamendua egin dira, gero zoladura lohiz beteta eta leun uzteko. Ondoren, jolasgune osoa pintatu dute pintura ez-labaingarriarekin eta saskibaloiko marrak marratu dituzte. Era berean, hormigoizko zola baliatuta, kiroldegiaren inguruko espaloiaren zati bat konpondu da, bai eta saskiak ere. Jarduketari buru emateko, kirol-motiboez osatutako mural handi bat pintatu dute kiroldegiaren fatxada osoan.