Giza Baliabideak
Udal-langileak
Iruñeko Udalak 1.409 langilek osaturiko plantilla dauka, guztira, udal-lan ezberdinak egiteko. Organigrama horren barruan sarturik daude Haur Eskolen Erakunde Autonomoan ari diren 133 langileak eta Hirigintza Gerentziari atxikitako 30ak.
| 2009 | 2010 | 2011 | 2012 | 2013 | |
|---|---|---|---|---|---|
| IRUÑEKO UDALA | |||||
| Funtzionarioak | 1.063 | 1.014 | 1.033 | 987 | 987 |
| Aldi baterako langileak | 324 | 346 | 244 | 286 | 259 |
| "HAUR ESKOLAK" ERAKUNDE AUTONOMOA | |||||
| Egonaldi osoa | 115 | 117 | 117 | 117 | 117 |
| Egonaldi murritza | 15 | 16 | 20 | 20 | 16 |
| HIRIGINTZA GERENTZIA | 30 | 30 | 30 | 30 | 30 |
| GUZTIRA | 1.532 | 1.523 | 1.444 | 1.440 | 1.409 |
Jarduketak
- Zinegotziak udal-talde bakoitzaren bileretara bertaratzearen gaineko kontrola
Maiatzaz geroztik, prozedura berria ezarri da, dieten ordainsari-araubideari lotuta dauden zinegotziak udal-talde bakoitzaren bileretara bertaratzearen gaineko kontrola hobetzeko eta errazteko. Zinegotzi bakoitzak gehienez ere dieta bat jasoko du bertaratze eta egun bakoitzeko. Gainera, lehen aldiz ezarri da talde-bilerak udal-egoitzetan egin beharra eta, bilera egin ondotik, eta egun berean, Udal Idazkaritzan bilerara bertaratu direnen zerrenda bat utzi beharra. Bilera arratsaldean egiten bada, akta biharamunean utzi behar da. Hori guztia formulario-eredu batean moldatu da; bertan ageri da bilera zein egunetan, zein tokitan egin den, noiz hasi eta noiz bukatu den, bai eta bileran izan direnen izena eta sinadura ere. Agiri hori zinegotzi bakoitzaren espedienteari erantsi behar zaio, bileraren frogagiria izan dadin. Azkenik, bere garaian Udaleko osoko bilkurak bertaratzeen urteko sortzapena erabaki bazuen ere, ezarri da bertaratzeen justifikazioa hiruhilekoan behingoa izatea.
- Prebentzio- eta jarduketa-protokoloa lan-esparruko sexu-jazarpenaren aurka
Iruñeko Udalak, prebentzio- eta jarduketa-protokolo bat onetsi zuen 2013an, lan-esparruko sexu-jazarpenaren aurka. Agiria aplikatuko zaie hala plantillako langileei nola udal-kontratazioei, Udaleko bezeroei nahiz hornitzaileei udal-eremuetan. Lan egiten dutenekiko harremana arautzeaz gain, eta antolaketaren kultura gidatzeaz gain, protokoloak hiriko enpresa guztiendako gida eta eredu izan nahi du.
Testuak, halaber, sexuan oinarritutako jazarpenari buruzko definizio bat badakar: genero-estereotipoekin zerikusia duten edo estereotipo horien eragile diren jokabideak – lan-esparruan behin eta berriz egindakoak–, xede edo ondorio daukatenak pertsona baten duintasunaren eta osotasunaren kontra egitea eta pertsona horren inguruan giro larderiazkoa, apalesgarria edo iraingarria sortzea, pertsona horren enplegua arriskuan jartzeraino. Protokoloak prebentzio-neurriak eta berme-prozedura bat ezarri ditu, bai eta hutsegiteen eta zehazpenen taula bat ere, zehatutako jokabideen arabera graduatuak, inguruabar astungarriak eta aringarriak barne. Era berean, Aholkularitza Konfidentziala sortzea aurreikusi du, aholkuak emateko eta salaketak jaso, kontrolatu eta erregistratzeko; horrez gain, urtean behin, protokoloaren jarraipen-txosten bat eginen du.
- Prebentzio- eta jarduketa-protokoloa, lan-esparruko etsaitasunezko jokabideen aurka
Urte bukaeran, Udalak prebentzio- eta jarduketa-protokolo bat onetsi zuen, lan-esparruko etsaitasunezko jokabideen aurka. Udalean lan egiten duten langile guztiei aplikatuko zaie. Testuak hainbat kasu eta definizio bildu ditu pertsonen gaineko eraso eta indarkeriaz, eta nagusi hierarkikoek egindako mobbing eta tratu txarrez; testuak, era berean, jarduketa-prozedurak ezarri ditu, jokabide horiek konfidentzialtasun osoz eta intimitatea errespetatuz moldatzen saiatzeko, eta hori ez bada betetzen, zehapena jar daiteke.
Hitzarmena Laneko Segurtasun eta Osasunerako Batzordeburu Juan Frommknecht zinegotziak eta Udaleko ordezkaritza sindikalak sinatu zuten (AFAPNA, APM, CCOO, CSIF, ELA, LAB, SPMP eta SIPL). Testu berriak hobetu eta zabaldu du, Udaleko Lan Arriskuen Prebentzioko Zerbitzuak 2006tik aurrera aplikatu duen protokoloa.
Udal Agiritegia
Udal Agiritegiak hartzen eta gordetzen ditu Udalak 1423. urtetik sortutako agiri guztiak, eta herritarrei aukera ematen die, funts dokumentalak, bibliografikoak, hemerografikoak eta argazkilaritzakoak kontsultatzeko. Hiriari, bertako bizimoduari eta historiari buruzko 19.000 bibliografia-erregistrotik gora kontsultatu daitezke; horien erdiak informatikoki katalogaturik daude.
2013an, Sakramentu Txit Santuaren Kofradiak gordailutzan eman zion Udalari, Barbazan apezpikuak Kofradia 1317an sortu zuenetik honat daukan dokumentazioa. Kofradiak Cuarticos de San Martín deritzotenak kudeatzen ditu: Caldereria kalean kokaturiko 18 apartamentu, baliabide ekonomikorik ez duten eta bakarrik bizi diren emakumeak hartzeko xedea dutenak. Dokumentazioa antzinako bi liburuz osatua dago, material guztiaren adierazgarri. Bi liburuak Udal Agiritegian gelditu dira gordailutzan, jendeak kontsultatzeko aukera izan dezan.
