Iruñeko Udalaren 2013ko Memoria

Hezkuntza

Ikastetxeak

Joaquín Maya Musika Eskolak zilarrezko ezteiak bete zituen 2011n. Iruñeko Udalaren ekimenez 1986an sortua, eskolak Joaquín Maya (1838-1926) iruindar musikariari zor dio izena. 1992an, LOGSE abiaraztearekin, musika-irakaskuntza arautu gabeko gune bihurtu zen, eta gaur egun hainbat espezialitate ematen ditu: biolina, biola, biolontxeloa, kontrabaxua, pianoa, akordeoia, gitarra, flauta, oboea, klarinetea, fagota, txistua, saxofoia, tronpeta, tronboia, tronpa, perkusioa, tuba, bonbardinoa, gitarra elektrikoa, baxu elektrikoa, bateria eta kantua.

Eskolak, guztira, 959 ikasle ditu, eta musika-hizkuntza, koru-taldea eta instrumentua ikasten dihardute. Gainera, helduendako ikastaroak ere eskaintzen ditu (entzunaldi gidatuen monografikoak eta musikaren historia) eta ikasketa profesionaletarantz bideratzen ditu, Kontserbatorioko Erdi Mailako zikloan sartzeko proba prestatze aldera.  45 irakaslek ematen dituzte eskolak. Gaur egun, 24 musika-talde aritzen dira: 3 orkestra, 4 banda, 2 fanfarre, big band 1, maila ezberdinetako 20 koru, 3 akordeoi-talde, 3 piano-talde, musika modernoko 3 konbo eta txistu, gitarra, saxofoi, klarinete eta perkusio taldeak. Talde horiek kontzertu anitz eskaintzen dituzte, eta hirian antolatzen diren kultur ekitaldi askotan hartzen dute parte. 2009az geroztik, Joaquín Maya Musika Eskolaren egoitza Chinchilla jeneralaren kaleko eraikin modernista zaharberrituan dago.

Urtemuga hori ospatzeko, Iruñeko Udala hainbat erakusketa, hitzaldi eta kontzertu prestatzen ari da, hala Eskolaren historia nola izena eman dion musikariarena ezagutzera emateko eta, era berean, musika-jarduna eskolaren barrutitik udalaren beste kultur zentro batzuetara eramateko, hala nola Civivox zentroetara, eta hirira bertara, bertan atari zabalean jarduteko.  Programa ikasturtean garatzen da eta jarduerek 2012. urtea ere hartzen dute.

Catalina de Oscariz Arte Eskola Taxoare kalearen 14an dago, José Vila ikastetxe zaharrean, eta ikastaro monografikoak ematen ditu: marrazketa-ikastaroak, 50 ikasleri, eta pintura-ikastaroak, 34ri.   Guztira, 84 ikasle eta artista aritzen ziren, eta haiei gehitu behar zaizkie urtean barrena antolatutako hiruhilekoan behingo lantegietako batean aritu ziren 202 lagunak.
 
Iruñeko ikastetxe publikoetan, Haur eta Lehen Hezkuntzan,  9.183 ikasle aritu ziren 2011 – 2012ko ikasturtean; haietako 5.552, gaztelaniaz, eta 3.631, euskaraz. Hiriburuan, prestakuntza hori eskaintzen duten 24 ikastetxe publiko daude. Haiei gehitu behar zaizkie Andrés Muñoz Garde Hezkuntza Bereziko ikastetxeko 74 ikasleak eta José María Iribarren Helduendako Oinarrizko Hezkuntzarako Ikastetxeko 1.052ak.

Iruñeko Udaleko Haur Eskolen sareko hamahiru ikastetxeek 0 eta 3 urte arteko 1.134 adingabe hartu zituzten, lekuak eskaintzen diren lau prestakuntza-etapetan banatuta.  Bularrekoen etapan (4 –10 hilabete) 182 leku eskaini ziren; ibiltarietan (10 – 20 hilabete), 328 ; ertainetan (20 – 24 hilabete), 192 ; eta, lorategi etapan (24 – 32 hilabete), 432.  Eskaini ziren lekuek hasierako eskarien % 75 bete zuten, eta abuztuan, ikasturtea hastean, indarrean zeuden eskarien % 84.  Adin-tarteen arabera, azken bi etapetan, hau da, 20 hilabetetik gorakoetan, familien eskari guztiak bete ziren; aldiz, adin txikiagoetan, eskariak gehixeago izan ziren lekuak baino (ibiltarien % 72 bete zen eta bularrekoen % 64,5).

Haur Eskolen Erakunde Autonomoak dituen 13 ikastetxeetatik, hiruk zeharkako kudeaketa dute, baina erakundeak berak gainbegiraturik eta lagundurik.  Hizkuntza-proiektu elebiduna (ingelesez) duten hirurak dira: Hello Azpilagaña, Hello Buztintxuri eta Hello Rochapea. Udal-sareak, eskaintza malgutzeko, jardunaldi osoan eta erdian eskaintzen ditu lekuak.  Iruñean, aurrekoez gain, Nafarroako Gobernuak kudeatzen dituen bost haur-eskola gehiago daude, bai eta hainbat entitatek kudeaturiko beste zentro batzuk, ikastetxe askotako 2 urteko ikasgelak eta Casas Amigas deritzon sare bat ere.

Iruñeak, gainera, Milagrosako Haur Eskola berria zabaldu zuen abuztuan, non 1 eta 3 urte arteko 112 haur hartzeko tokia baitago.  2.000 metro koadrotik gorako instalazioa da. Obrak FEDER-Eskualde Garapeneko Europako Funtsekin finantzatu ziren. Alfredo Floristán plazan kokatua dago eta Milagrosako eskola zaharrean lehen aritu ziren 1, 2 eta 3 urteko haurrak joaten dira hara. Milagrosako eskola zaharrean, gaur egun, bularreko haurrak daude.  Ikastetxea, energiari dagokionez, ia buruaskia da, beharrezkoa zaion energia termikoaren % 75 inguru lurpetik lortzen baitu 16 putzu geotermikoren bitartez; gainerako % 25 bakarrik biltzen da sare elektrikotik.

Urrian, Dos historias, nueve días dokumentala eman zen. Proiektu horretan bilduta dago bularreko bi umek, beren gurasoek eta hezitzaileek Milagrosako Haur Eskolan izan duten egokitzapen-aldia.  Ikus-entzunezko horren bidez gurasoei azaltzen zaie zeinen garrantzi handia duen egokitzapen-aldiak haurrengan, haur-eskola batean hasten direnean.

Jarduera osagarrien eta eskolaz kanpokoen programak

Iruñeko Udalak hainbat programa eta laguntza-deialdi diseinatu eta eskaintzen ditu ikastetxeei eskolaz kanpoko ekitaldiak bultzatzen laguntzeko eta, era berean, ikastetxeen eta beren lan-esparruko gizarte- eta ekonomia-ingurunearen arteko harremana sustatzeko. Udalak, hartara, lan-ildo batzuk ditu, eta haietan oinarriturik, 2011ko jarduerak eta programak garatu ziren.

Ikasleek eskola-ingurunea ezagutzeko programak

Iruña ezagutu

Programaren helburu nagusia ikasleek gure hiria ezagut dezaten sustatzea da, Iruñearen historia eta hiri-bilakaera aztertuz.    Ikastetxe publikoetako eta itunduetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendua dago. 2011n, 2.200 ikaslek parte hartu zuten, 43 ikastetxetako 266 ikastaldetan banaturik. Programan berariazko material didaktikoa erabiltzen da: Iruña eta bere hiri senidetuak ezagutu izenburuko ikasliburua, jarduera osagarriak barne.  Liburuaren osagarri, badira Iruñeari buruzko bi joko, antzara-jokoaren antzekoak, ikasle parte-hartzaile guztien artean banatzen direnak; eta DVD bat, hirian bigarren irteera egin ondoren autobusean ikusgai jartzen dena.

Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleez gain, bestelako taldeek ere parte har dezakete, programak zazpi ibilbide eskaintzen baititu Iruñeko hainbat alderdi ikasteko: ibilbide historikoa Alde Zaharrean barrena, oinarrizko ibilbide historikoa, harresien babesean ibiltari, Donejakue Bidea, entzierroaren ibilbidea, oinarrizko ibilbide historikoa eta hirigintza-arlokoa, eta auzoak.  2011n, irteera horietan, 95 taldetako 2.217 pertsonak parte hartu zuten. 

Zuhaitzaren Eguna

Martxoaren 17an, Zuhaitz Eguna 2011 egin zen, eta José Mª Huarte, San Juan de la Cadena eta Santa Teresa ikastetxeetako ikasleek parte hartu zuten.  Suediako gurbeak eta prunus arcolade espeziearen aleak Yamaguchi Parkean landatu ziren.  Lehen Hezkuntzako 5. mailako 130 ikasle parte-hartzaileek aurrez ikasten dute berdeguneak hirietan oso garrantzitsuak direla, bai eta behar bezala zaintzea ere, landaketa-jardueraren osagarri.

Mendi-diapositiben emanaldiak

Jarduerak helburu du beste herrialde batzuetako bizimodua Iruñeko ikasleei azaltzea, aurkezten dituzten jardueren protagonista diren nafar mendigoizaleen bizipenak agertzea eta gazteak sentsibilizatzea entrenamendu zein prestaketa egokien beharraz mendiko arriskuei aurre egitean.  Programa Iruñeko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako institutuetan eskaintzen da, publikoetan nahiz itunduetan.

2011n, 115 diapositiba-bildumak osatutako katalogoa eskaini zitzaien ikastetxeei, 19 mendizalek egindakoa; haietariko 15 gaztelaniaz ari dira, eta 4, gaztelaniaz/euskaraz.  Iazkoan, 40 emanaldi egin ziren, guztiak ere Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, eta guztira, 900 ikasle inguruk parte hartu zuten.

Ikasleen bisitak, Gayarre Antzokia

Programa honek hamarkada bat bete du dagoenekoz, eta Gayarre Antzokia Udal Fundazioak eta Iruñeko Udalak komunean zuten kezka batek eraginda sortu zen: kultur erakunde hori ikasleengana hurbiltzea.  Hartara, antzokia ikusteko bisita gidatuak egiten dira Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleendako, gida-ikuskizun didaktiko batean oinarriturik, eta haietan antzokiaren esparru guztiak bisitatzen dira talde txikietan banatuta.  2011n, 19 ikastetxetako 1.129 ikaslek parte hartu zuten bisitetan.

Programak, arte-jarduerak sustatzeko

Antzerki Lantegiak ikastetxe publikoetan eta pribatuetan

1996-97ko ikasturtetik hona, Udalak dramatizazioa hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan irakasteko programa bat antolatzen du, haurrek dituzten adierazpen- eta antzezpen-baliabideak –ahotsa, mozorroa, keinu dramatikoa, gorputz-mugimendua, etab.–aberastea helburu nagusitzat hartuta.Hartara, analisi- eta erabilera-teknikak ere irakasten zaizkie, besteekiko komunikazioa eta harremana errazteko.

Programa Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailako ikasleei soilik dago zuzendua, eta dramatizazioa eta jolas dramatikoa lantzen dira bertan.  2010-2011ko ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetan, Lehen Hezkuntzako 1. eta 5. mailetako 90 taldek parte hartu zuten. 2011-2012ko ikasturteko lehen hiruhilekoan, 27 ikastetxe aritu ziren programan: Lehen Hezkuntzako 1. mailako 68 talde, eta 5. mailako 25 talde.

Irakurzaletasuna ikastetxe publikoetan eta pribatuetan sustatzea

Irakur dezagun. Irakurzaletasuna sustatzea programa 1996an hasi zen eta, 1997-98 ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei ere zuzenduta dago, publikoei nahiz pribatuei, gaztelaniaz nahiz euskaraz.  2011n, 275 jarduera egin ziren eta, guztira, 8.682 parte-hartzaile aritu ziren.  Programan sarturik daude Haur eta Lehen Hezkuntzako 42 ikastetxeak, Hezkuntza Bereziko 2 eta Helduak Hezteko ikastetxe 1.

Programan hiru jarduera mota egiten dira: irakasleendako mintegiak,ahozko narrazio-saioak eta topaketak haur-literaturako idazleekin.

Lehiaketak

Zuhaitzaren Eguna 2011 marrazketa eta pinturako lehiaketa

Iruñeko ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako ikasleek egindako marrazkirik hoberenak saritzea, horra lehiaketaren xedea. Gaia Bertako zuhaitzak da, eta egile bakoitzak bere ikuspegia ematen du.  Guztira, 203 lan jaso ziren, hiru kategoriatan banaturik:   A (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak), 28 lan; B (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak), 103 lan; eta C (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak), 72 lan.

Literatur lehiaketa 2011

2011n, XXII. literatur lehiaketa antolatu zen, Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren zikloko ikasleendako.  Bi modalitate daude: Ipuina, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleendako, lau kategoriatan banaturik, ikasmailen arabera; eta, Komikia, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleendako, bi kategoriatan banaturik.  Guztira, 487 lan aurkeztu ziren.

Eguberriko eskola-jaiotzen lehiaketa

2011ko Eguberriak ospatzeko antolatu ziren ekitaldi- eta lehiaketa-egitaraua osatzeko, eskola-jaiotzen hamargarren lehiaketa antolatu zen, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei eta pribatuei zuzenduta. Hiru sari daude: Jaiotza Tradizionalik Onena, Jaiotza Modernorik Hoberena eta Jaiotzarik Sortzaileena.  Lehiaketan hiriko 10 ikastetxe aurkeztu ziren. 

Gurasoen partaidetzaren sustapena, eskola-komunitatean

Gurasoen Elkarteendako Prestakuntza Programa

Programa hau 1996-97ko ikasturtean hasi zen, eta Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe publikoetako eta itunduetako Ikasleen Guraso Elkarteei zuzendua dago. Udal-ekimen honen bidez, Guraso Elkarteei edukien esparru-programa bat eskaintzen zaie, hitzaldi monografikoen eta sakontze-lantegien edo -mintegien bidez garatzeko, gai bakoitzean aditua den profesionalak gidatua.  Programa elkarte bakoitzaren beharretara moldatzen da; izan ere, haietako bakoitzarekin hitz egin ondoren, beharretarako eta nahietarako egokienak jotzen diren gaiak eta hizlariak sartzen baitira.

2010-2011ko ikasturtean, Iruñean diren 46etatik, 42 elkartek eta federaziok parte hartu zuten; parte-hartzaileak, guztira, 4.677 lagun izan ziren, eta 185 informazio- eta prestakuntza-saiotan aritu ziren. Orduak, guztira, 331 izan ziren.  80 lantegi, 77 hitzaldi, 21 mintegi eta 7 mintzaldi egin ziren.  47 hizlari arduratu ziren gaiak garatzeaz.  Hitzaldietako gaiak bizimodu osasungarria, familia, haur-agresibitatea, komunikazioa, kirola edota kulturartekotasuna izan ziren.

Jarduerak egiteko laguntzak
Diru-laguntzakeuroak
Gurasoen Elkarteen jarduerak 51.998,09
Eskolaz kanpoko jarduerak (2010-2011ko ikasturteko 2. eta 3. hiruhilekoak) 125.977,43
Eskolaz kanpoko jarduerak (2011-2012ko ikasturteko 1.lauhilekoa) 63.588,43
Liburutegiak 44.913,65
Material suntsikorra 77.925,45

Iruñeko Udalak hitzarmen baten bidez laguntza ematen dio Ikasketa Klasikoen Espainiako Sozietatearen Iruñeko Ordezkaritzari, Antzerki Grekolatindarraren Europako gazte-jaialdia egiteko, zeina Espainiako 16 hiritan eta Portugalgo 6tan garatzen baita, agertokian ikusgai paratzeko Bigarren Hezkuntzako institutuetako taldeek  egiten duten lana.  Martxoan  Puerto de Santa Maríako (Cádiz) El Aedo Teatro taldeak Euripidisen ‘Medea’ eta Plautoren ‘Poenulus’ antzeztu zituen Gayarren.

Udala, gainera, elkarlanean aritzen da Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin, Nafarroako unibertsitateetako XI. Udako Ikastaroak garatzeko.                                         
                    

Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala