Iruñeko Udala orain dela urte askotatik hona ari da ekintza asko garatzen garapen iraunkorraren alde. 2011z geroztik, Garapen Iraunkorrerako Nafarroako Toki Entitateen Sareari atxikia dago (NELS sarea). Erakunde hori udalen arteko lankidetzarako tresna izateko asmoz sortu zen, zertarako eta baliabideak iraunkortasunez baliatzea sendotzeko eta toki garapena asmo horretara bideratzeko, aurrerabide ekonomikoa, gizarte-ongizatea eta ingurumena uztartuko dituen gizarte-oreka baten bila. Iraunkortasunaren alde egindako ekintzen esker onean, Udalak 2012an hainbat aitortza jaso zituen, hala nola finalista izatea Ingurumen Ministerioaren laguntzaz Fórum Ambiental Fundazioak ematen dituen Hiri Iraunkorra Sarietan, eta Zilarrezko Bioenergia saria biomasaren kategorian, Aquavox San Jorge zentroa eraikitzeagatik.
Udaleko Energia Agentzia
1998an sortu zenetik, Udaleko Energia Agentziak neurriak eta ekintzak sustatzen ditu energia aurrezteko eta eraginkortasunez erabiltzeko. Era berean, lanean dihardu hiria energia berriztagarrien sustapenean engaiatzeko. Era berean, herritarrari argibideak eta aholkuak ematen dizkio energia-eraginkortasunari eta aipatu energi berriztagarriei lotutako arloetan.
- Energia berriztagarrien instalazioak
Udaleko Energia Agentzia hasieratik beretik ari da lanean, hirian energia berriztagarrien erabilera zabaltzeko, era horretako energiarako instalazioak bultzatuz eta kontrolatuz. 2012an, Buztintxuri ikastetxe publikoko instalazio fotovoltaikoa jarri zen abian, eta 2011n lehiaketara ateratako instalazioei zegozkien obrak egin ziren bai Azpilagañako bai Arrotxapeko ikastetxeetan, ikastetxe fotovoltaikoen sarearen baitan.
Gainera, eta energia horien erabilera ezagutzera emate aldera, hainbat ikastetxek eta erakundek eskatu ondoren, energia berriztagarriak dituzten udal-instalazioetara bisita gidatuak egin ziren, 2012an. Zehazki, Caparrosoren Errotara (energia geotermikoa eta eguzki-energia termikoa) eta Sanduzelaiko Aquavox zentrora. Guztira, 103 lagun bertaratu ziren.
- Eskola-programak
2001. urteaz geroztik ari da egiten Energia aurkitu eta konta ezazu Udalaren hezkuntza-programa, energia zentzuz erabiltzeko. Programak helburu du ikasleak sentsibilizatzea energiaren neurrigabeko kontsumoa eragiten duten arazoen aurrean eta, era berean, haiengan energia berriztagarrien aldeko balorazioa eragitea energia berriztaezinen aurrean eta, azkenik, norberarengan energia aurreztera bideratutako portaerak sustatzea. 2011-2012ko ikasturtean, 2.678 ikaslek parte hartu zuten (Lehen Hezkuntzako 2.340k eta Bigarren Hezkuntzako 338k), hau da, 2010/11ko ikasturtean baino % 77 gehiagok. 2011/2012ko ikasturtean, gainera, Iruñeko Udalak I. Argazki Lehiaketa antolatu zuen lantegietan aritutako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.
Era berean, Haur Hezkuntzan 100 lantegi eman ziren (63 gaztelaniaz, eta 37, euskaraz), eta 20 ikastetxetako 2.297 ikaslek parte hartu zuten.
Eskola-programako parte-hartzaile kopuruaren bilakaera 2002-2012ko aldian.
Ikasleak hezteko eta sentsibilizatzeko ildo berari loturik, Energia Agentziak Eskola Eraginkorrak programa burutzen du ikastetxeetan auditoriak egiteko. Horrekin bat, ikastetxe bakoitzari jakinarazten zaio zer-nolako energia-funtzionamendua duen eta aukera ematen zaio energiaren kudeaketan parte hartzeko, energia eta ur gutxiago kontsumitze aldera eta eraikinen konforta hobetze aldera. 2012an, hiriko 11 ikastetxe publikok eta itunduk parte hartu zuten: Patxi Larrainzar, Ermitagaña, José Mª Huarte, El Lago de Mendillorri – Mendigoiti, García Galdeano, Mendillorri – Elorri, Cardenal Ilundáin, Santa Teresa de Jesús, Calasanz, Hijas de Jesús eta Cardenal Larraona.
- Auto elektrikoa
Nafarroako energia-kontsumoaren ia % 40 garraio-sektoreak eragiten du. Ibilgailuek, halaber, karbono monoxidoaren ia % 100 isurtzen dute, bai eta CO2aren isurpenen erdia baino gehiago eta hirietako soinu-arazoen % 80 inguru eragin ere. Hori dela eta, eta gure inguruko herrialdeek markaturiko energia-eraginkortasunaren ildoari jarraiki, Iruñeak auto elektrikoetan pausatu du begirada hirian barrena mugitzeko. Iruñeko Udalak, 2012an, ibilgailu elektrikoak kargatzeko guneen sarea mantendu zuen. Hona hemen non dauden kokaturik: San Ignazio kalean, Orreaga etorbidearekiko bidegurutzean; Blas de la Serna kalean; Navas de Tolosan, Basotxo kalearekiko bidegurutzean; Ezkirotz kalean, Antso Azkarra etorbidearekiko bidegurutzean, eta Ermitagañako merkatuan, Arcadio Maria Larraona kalearen ondoan.
2012ko amaieran, guztira, 47 ibilgailu elektrikok ziharduten Iruñean; beraz, karga-sarearen erabiltzaile kopuruak % 81 egin zuen gora, aurreko urtearen aldean.
2012an, era berean, hitzarmen bat sinatu zen Iruñeko Udalaren, Iberdrolaren eta CarSharing Navarra-ren artean eta, horren ondorioz, ekainean ibilgailu elektrikoak alokatzeko lehen bi baseak zabaldu ziren. Haietako bakoitzean, herritarrek think city ibilgailu bi aurkituko dituzte. Abenduan, bi base berri ezartzeko lanak hasi ziren. Zerbitzu hori erabili ahal izateko, beharrezkoa da Car Sharing zerbitzua gaitua duen herritar txartel bat izatea. Erabiltzaileak, izan ere, haren bitartez alta hartu eta ibilgailu elektriko bat erreserba dezake, ibilgailua zer ordutan hartu eta utziko duen adierazita. 2012ko bukaeran, 261 erreserba egin ziren eta, guztira, 95 herritar daude erabiltzaile gisa erregistraturik.
- Informazioa eta aholkularitza
Energia Agentziak, besteak beste, eginkizun du herritarra energia-kontsumoari buruzko gaietan informatu, aholkatu eta sentsibilizatzea. 2012an, Agentziak 87 kontsultari erantzun zien bere aholkularitza espezializatuaren bidez; haietatik, % 52 enpresek egindakoak izan ziren, eta gainerako % 48, partikularrek egindakoak. Gaiei dagokienez, kontsulten % 21 eguzki-energiari buruzkoak izan ziren; % 23, eraikuntzari, energia eraginkortasunez erabiltzeari eta aurrezteari buruzkoak; % 10, ibilgailu elektrikoari buruzkoak; eta % 46, energia berriztagarriekin lotutako beste gai batzuei buruzkoak. Webguneak, 2012an, 34.539 bisita jaso zituen; hau da, 2011n baino % 40 gehiago.
Agenda 21
Agenda 21 Nazio Batuen ekintza-programa bat da, XXI. mendean garapen iraunkorra lortzeko, betiere ondokoa joz garapen iraunkortzat: egungo belaunaldien beharrak asetzen dituen garapena, baina etorkizuneko belaunaldiek beren beharrei erantzuteko ahalmena kolokan jarri gabe. Ildo horrekin bat, Iruñeko Udalak Energia Iraunkorraren II. Ekintza Plana onetsi zuen 2011. urtean, hiriaren garapen-eredu iraunkorrago bat lortzeko asmoz, hala ingurumenari begira nola gizarteari eta ekonomiari begira. 2012an zehar, Udalak jarraipena eman zion Ekintza Plan horri, eta zehazki 176 ekintza egin zituen, 6 estrategiatan, 30 programatan eta 91 lan-ildotan antolatuak. Haiei 7. estrategia osatzen duten beste 20 entitate eta erakunderen 40 ekintza gehitu behar zaizkie. Estrategietako programek ondoko gaiekin dute zerikusia: energia berriztagarrien instalazioak, airearen kalitatea, ura aurreztea, osasuna eta kirola sustatzea, erakundeen lankidetza, immigrazioa, turismoa sustatzea, prestakuntza, enplegua eta emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna.
Ildo horrekin bat, 2009an, Iruñeko Udalak Alkateen Ituna sinatu zuen. Hori Europako Batzordearen ekimena da, tokiko gobernuei zuzendutakoa, eta, haren bidez, konpromisoa hartzen dute CO2-aren isurpenak % 20 murrizteko eta energia kontsumo osoaren % 20 iturri berriztagarrietatik lortzeko. 2011n, Iruñeko Energia Iraunkorrerako Plana onetsi zen. Planak bi zati desberdin ditu: batetik, epe luzerako neurriak, isurpenak 2020rako murrizteko helburua lortzeko, eta bestetik, epe laburreko neurriak, datozen bizpahiru urteetan isurpenak murrizte aldera gauzatzekoak. Agirian, guztira, epe laburreko 46 neurri daude bilduta, 42 milioi €-ko inbertsioa eraginen dutenak. Haien bidez, 42.000 tCO2eq-tan baino gehiago murriztuko dira isurpenak urtean. 2012an, agiria berrikusteko eta haren jarraipena egiteko lanak hasi ziren. Egiaztatu zenarekin bat, epe laburreko 46 neurrietatik 43 (% 93) jadanik gauzatu dira edo garatzen ari dira.
- Engage
Ildo horren beraren baitan, Iruñeak Konpromisoa/Engage Proiektuan parte hartzen jarraitu zuen 2012n, zeina Europako 12 hiri eta bertako biztanleak lotzen dituen ekintza sorta bat baita, helburu bakar bat hartuta: klima-aldaketaren aurka lan egitea, isurpenak murriztuz eta energia aurreztuz. 2011n, ehunka iruindarrek eta erakunde ugarik kanpainarekin bat egin bazuten, 2012an bi ekitaldi antolatu ziren: ekainean karpa bat ezarri zen Karlos III.aren etorbidean, atxikipen berriak eskatzeko. 80 konpromiso berri lortu ziren. Azaroan, berriz, proiektua ofizialki bukatu zen, Udaletxe plazan egindako ekitaldi baten bidez, zeinean atxikitako erakundeetako ordezkariek irudi bat osatu baitzuten zenbat tona CO2 ekidin ziren adierazteko: 5.500.
Hona hemen Konpromisoa Kanpainaren azken emaitzak: 1.112 lagun kartelen batean atera ziren; 448 konpromiso beste hainbat karteletan gauzatu ziren (377, herritarren konpromisoak; 48, erakunde publiko eta pribatuen konpromisoak, eta 23, ordezkari politiko eta enplegatu publikoenak); 40 erakunde publiko eta pribatu atxiki ziren, eta 12 pertsona ospetsu konprometitu ziren. Herritarren 52, erakunde pribatuen 5 eta udal-erakundeen 10 konpromiso ebaluatzetik ondorioztatu da lehenek batez beste isurpenen % 9 aurreztu dutela urte batean (30 tCO2eq, guztien artean); bigarrenek 522 tCO2eq, guztien artean; eta Udalak, 3.005 tCO2eq.
- Mugikortasun Astea
Udalak, beste urte batez ere, bat egin zuen Mugikortasun Astea Europako deialdiarekin. Horren baitan, irailean Autorik Gabeko Eguna ospatu zen, ondoko lelo honekin: Parte hartu zure hiriko Mugikortasun Planetan: har ezazu norabide zuzena! Guztira, 14 jarduera antolatu ziren, besteak beste ibilaldiak oinez, patinetan eta bizikletaz, bai eta solasaldiak, lantegiak, erakusketak eta eraginkortasunez gidatzen ikasteko ikastaroak ere. 2012an lehen aldiz antolatutako ekitaldien artean, Carsharing zerbitzua sustatzeko jarduera da azpimarratzekoa, bai eta Polo Parkea Fundazioarekin egindako lankidetza ere, non familiendako ekitaldiak egin baitziren bide-heziketaren inguruan. Parkean, bestalde, bizikleta-martxa bukatu zen; 2011n, 150 parte-hartzaile izan ziren, eta 2012an 1.000ra iritsi zen.
- Nbizi, bizieskola eta Autoan elkarrekin
Bizikleta garraiobide gisa sustatze aldera, Udalak Nbizi alokairu-zerbitzua bultzatzen jarraitu zuen. Iazkoan, 324 erabiltzaile berri izan ziren. Sistemak, hortaz, bere osoan jada 3.882 erabiltzaile ditu; 2011n baino % 9 gehiago. Zerbitzuak ehun bizikleta eta bost geltoki ditu erabilgarri. Geltokiak, zehazki, Zezen Plazan (Arrieta kalea), Gaztelugibelen (Armada etorbidearen eta Pio XII.aren arteko izkinan), Arrotxapeko Anelier pasealekuan, Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasgelategian, eta Nafarroako Unibertsitatean daude, azken hori CIMA ondoan.
Guztira, 12.236 mailegu egin ziren; eguneroko erabilerak, batez beste, 35 izan ziren. Beraz, 2012a bigarren urterik onena izan zen, zerbitzua erabiltzeari dagokionean. Mailegurik gehien maiatzean (1.594) eta irailean (1.561) izan ziren. Maiatzean, batez beste, 51 erabilera izan ziren egunero. Erabiltzaile desberdin gehien dituen hilabetea, berriz, abuztua izan zen, 405 izan baitziren, eta ondotik, iraila, 390ekin. Aurreko urteetan bezala, geltokirik erabilienak Zezen Plazakoa eta Anelier pasealekukoa izan ziren, eta gutxien erabilitakoa, berriz, Unibertsitate Publikokoa. Sistema abiarazi zenez geroztik, 1.465 txartel baino gehiago eskatu dira turistentzat, aldi baterako akreditatzeko.
Iruñeko Udala, gainera, lankidetzan aritzen da Garraiobide Osasungarrien Elkartearekin Bizieskola ikastaroa antolatzeko. Hirian bizikletaz nola ibili behar den azaltzen duen ikastaroa da eta aldian behin egiten da 2010etik hona. Horrela, hilean ikastaro bat ematen da, 6 saioz osaturik: saio teoriko bat eta 5 saio praktiko. Saio praktikoetarako, Nbizi zerbitzuko bizikletak erabiltzen dira. 2012an, 6 ikastaro antolatu ziren. Guztira, 80 lagun aritu ziren; batez beste, 13 lagun ikastaroko. 2010etik hona, guztira, 231 lagun aritu dira.
Mugikortasun iraunkorra sustatzeko beste udal-zerbitzu bat Autoan elkarrekin da. Horrela, udalaren webgunearen bitartez, badago www.compartir.org webera iristerik, non erabiltzaileak erregistratzen ahal diren, bidaiak ibilgailu pribatu batean elkarrekin egiteko pertsonak bilatze aldera. Horrela, gastuak partekatzeaz gain, pertsona horien ekimena lagungarria da isurpen kutsagarriak eta zirkulazioa murrizteko. Zerbitzua 2005ean abiarazi zenetik, guztira 1.447 erabiltzaile izan dira; haietariko 194k 2012an hartu zuten alta, hau da, 2011n baino % 64 gehiagok. Webguneak, batez beste, 740 bisita jaso zituen hileko eta, guztira, 179 bidaiatarako hartu zuten alta, autoa elkarrekin erabiltzeko. 2012an, aldaketa bat egin zen Iruñeko jatorri eta helmuga gune nagusietan, Volkswagen lantegiaren sarbide gune batzuk eransteko, enpresak berak eskaturik.
- Ingurumen Heziketarako Museoa
Iruñeko Udalak 2003an inauguratu zuen Ingurumen Heziketarako Museoak ondoko helburuekin: Natur baliabideak eta gizakion jardueren eta baliabide horien arteko elkarreragina ezagutzera eman eta baloratzea, bai eta iraunkortasunaren printzipioetan oinarritutako gizartearen eredu berri bat eraikitzen laguntzea ere, ingurumen-heziketa etengabea baliatuta. Museoa San Pedro Monasterio zaharrean kokaturik dago eta ingurumenari buruzko prestakuntza- eta dibulgazio-jarduerak, argibide- eta aholku-jarduerak nahiz dokumentazio-zerbitzua eskaintzen dizkie ikasleei eta hezitzaileei.
2012an, museoa kudeatzeko kontratazioa lehiaketara ateratzeko deialdiaren karira, ordutegian eta egutegian aldaketak egin ziren. Horrela, 2012ko ekainaren 30az geroztik, uztailean itxita dago, bai eta larunbatero ere, egun horietan bisitari gutxi izaten delakoz. Ordutegiari dagokionez, astelehenetik ostiralera bitarte dago zabalik, 10:00etatik 13:00etara eta 18:00etatik 20:00etara (arratsaldeetan, ordu erdi gutxiago). Hala ere, bisitek % 19 egin zuten gora bigarren hiruhileko horretan, 2011ko hilabete berberen aldean. Udal-ekipamendu honen kudeaketa-kostea % 73 murriztu da erabiltzaile bakoitzeko, hainbat arrazoi direla medio: bisitari gehiago izatea, ordutegia murriztea eta enpresa esleipendunaren eskaintza murriztea.
2012 osoan, 9.429 lagun joan ziren Ingurumen Heziketarako Museora. Beraz, inauguratu zenetik, guztira, 61.924 bisitari izan ditu. 2011. urtean, 7.945 bisitari izan ziren. 2012ko igoera, beraz, % 19 izan zen, eta bisitari gehien jaso dituen urtea izan da, museoa ireki zenetik. Haietarik, % 44 (4.104) ikasle taldeak izan ziren; % 45 (4.288), berriz, bestelako taldeak (bisita teknikoak eta eskoletatik ez datozen beste talde antolatu batzuk); eta % 11 (1.037), azkenik, partikularrak. Azken kategoria horretan sarturik daude erakusketa iraunkorra bisitatzera datozen pertsonak, 2012an 2011n baino % 49 gehiago izan zirenak.
|
URTEA |
BISITARI KOPURUA |
GUZTIRA |
||
|
Partikularrak |
Ikasleak |
Beste talde batzuk |
||
|
2003 |
1.563 |
329 |
503 |
2.395 |
|
2004 |
998 |
1.329 |
662 |
2.989 |
|
2005 |
1.055 |
3.004 |
1.984 |
6.043 |
|
2006 |
669 |
2.417 |
1.796 |
4.882 |
|
2007 |
726 |
2.055 |
2.453 |
5.234 |
|
2008 |
620 |
3.920 |
2.602 |
7.142 |
|
2009 |
752 |
3.610 |
3.116 |
7.478 |
|
2010 |
637 |
4.367 |
3.383 |
8.387 |
|
2011 |
694 |
4.371 |
2.880 |
7.945 |
|
2012 |
1.037 |
4.104 |
4.288 |
9.429 |
|
GUZTIRA |
8.751 |
29.506 |
23.667 |
61.924 |
Ingurumen Heziketarako Museoaren jarduketa-ardatz nagusietako bat Iraunkortasunerako Heziketa da, 2012-2013 ikasturtean goitik behera berritu dena. Horrela, irakasleendako prestakuntza jarri da abian, berariazko jarduerak egin dira desgaitasuna dutenentzat eta bisita ingelesez ere egiteko aukera eskaini da.
Programaren barruan, ikasleen bisitak dira nabarmentzekoak. Eskaintza hezkuntza-maila guztietako ikasleei zuzendua dago, hots, Haur Hezkuntzatik Batxilergoraino eta Lanbide Heziketaraino. Guztira, 22 jarduera eskaintzen dira. 2012an, eskola-kanpainan 4.104 ikaslek parte hartu zuten, hau da, 2011n baino zertxobait gutxiago, urte hartan 4.371 izan baitziren. Programa horri dagokionez, 2012a bisitarik gehien izan zituen hirugarren urtea izan zen urte natural batean. Museoak, gainera, haurrendako lantegiak eskaintzen ditu oporraldietan. 2012an, 30 jarduera eskaini ziren, Pazko astean, uda partean eta Eguberrietan, eta guztira, 925 lagunek parte hartu zuten, hau da, 2011n baino % 40 gehiagok, urte hartan 659 parte-hartzaile izan baitziren.
Helduendako programazio egonkorra Iraunkortasunaren Ikasgelaren ekimenetan bilduta dago. 2012ko urrian, hezkuntza-programa horren egitura aldatu zen eta, asteazkenero, jarduera bat antolatu zen. Gaiak ere egituratu ziren (hilaren lehenbizikoa, gai librea; bigarrena, nekazaritza ekologikoa; hirugarrena, biodibertsitatea; eta laugarrena, ekonomia alternatiboa).
2012an 56 jarduera antolatu ziren, hau da, 2011n baino 3 gehiago, eta guztira, 2.068 lagunek parte hartu zuten, aurreko urtean baino % 33 gehiagok. Horrek agerian jartzen du programa finkatu izana, eta herritarrek huraxe onartu izana. 2012an, batez beste, 37 lagun bertaratu ziren jarduera bakoitzera; 2011n, berriz, 29. Iraunkortasunaren Ikasgela programaren erreformari dagokionean, lehen seihilekoan, aurreko sistemarekin, 39 jarduera egin ziren eta, batez beste, 33 lagun bertaratu ziren saio bakoitzera. Aldiz, udazkeneko programazioa egitura berriarekin hasi zenez geroztik, 17 jarduera egin ziren eta, batez beste, parte-hartzaileak 46 izan ziren saioko; hau da, % 39 gehiago.
Iraunkortasunaren Ikasgelan urtez urte izandako parte-hartzaile kopuruaren bilakaera
- 2012an programaturiko zikloak eta jarduerak
TeleNatura dokumentalak (urtarrila)
Nekazaritza ekologikoa (otsaila)
Energia iraunkorra (martxoa)
Konpainiako animaliak (apirila)
Aste Ekologikoa (apirila)
Ezkaba iraunkortasunez kudeatzea (apiril eta maiatza)
Ingurumen ibilbideak Iruñean barna (maiatza)
Ingurumenaren Nazioarteko Eguna (ekaina)
Konposta egiteari buruzko mintegia (ekaina)
Mugikortasun Astea (iraila)
Nola egin zen Pura Vida dokumentala (urria)
Ugaztunei buruzko bi libururen aurkezpena (azaroa)
Zientzia astea (azaroa)
Jarduera tematikoak (azaroa eta abendua)
2012an, lehen aldiz, irakasleak prestatzeko programa bat abiarazi zen eta hiru gai landu ziren: eskola-baratzeak, ikasgela iraunkorra eta bizi-bus bat ezartzea. Bost irakaslek hiri-baratzeei buruzko ikastaro batean parte hartu zuten.
2006az geroztik, Ingurumen Heziketarako Museoak lanabes ahaltsu bat du eskura bere jarduera hedatzeko: www.museoambientalpamplona.com webgunea. 2010ean berritu zuten, jarduerei buruzko argibidea errazago eskuratzeko. Iazkoan, webguneak, guztira, 22.910 bisita jaso zituen; 2011n baino % 46 gehiago, eta 2010ean baino ia halako bi gehiago. 2011tik hona, museoak bere profila du Facebooken, zer eskaintzen duen jakinarazteko eta, 2012ko abuztuan, Twuitterren profil bat sortu zen helburu berarekin.
- Hiriko bioaniztasuna.
2012an, bi hirigintza-proiekturen ingurumen-zaintzan parte hartu zen: Trinitarios parkea eta Arantzadiko parkea. Lehenbizikoan, ingurumen-zaintzako lan hauek egin ziren: Argaren ibaiertza ukitzen duten jarduketen gaineko gainbegiratze orokorra eta kiroptero-populazioen(saguzarren) azterlanaren koordinazioa egitea. Gainera, Cuatro Vientos zubiaren aldeari dagokionez, bisoi europarra bertan bizi ote den eta ugaldu ote daitekeen jakiteko azterlan bat egin zen. Arantzadin, berriz, txosten bat egin zen bioaniztasuna zaintzeko aurreproiektuan sarturiko aldaketen gainean eta, era berean, mozketa-lanak eta bazterrak sasiz garbitzeko lanak gainbegiratu ziren, bioaniztasuna zaintzearen ikuspegitik.
2012an, bestalde, San Kristobal eta Ezkaba mendietako basoa hobetzeko lanak hasi ziren; bertan Udalaren hiru lurzati daude, eta hiruretan ere larizio pinua dago landatua (Pinuz nigra). Helburu nagusia da, arian-arian, egungo landaretzaren ordez landaretza autoktonoa zabaltzea (ametz ilaundunaren seriea eta artearen colino-montana seriea), eremuari berariaz dagokion bioaniztasuna kontserbatzea sustatze aldera. Lan horietan Basogintzako Lantegi Eskolako ikasleak ari dira, eta finantziazioa Nafarroako Enplegu Zerbitzutik eta Europako Gizarte Funtsetik etorri da. Landaretza eta fauna autoktonoaren gaineko eragina ahalik eta gehien gutxitze aldera, mandoak erabili ziren zuhaitz moztuak ateratzeko, hau da, basoa ustiatzeko molde tradizionala. Handik ateratako zura biomasarako eta paper-orea egiteko erabili zen.
Osasuna prebenitzea
- Elikagaien ikuskaritza
Elikagaien Ikuskaritzak Iruñeko biztanleek kontsumitzen dituzten elikagaien osasun-kalitatea zaintzea du eginkizun eta, era berean, elikagaiak prestatzeko, biltegiratzeko eta saltzeko lokalen egokitasuna ziurtatzea, bai eta elikagaiak elaboratu eta manipulatzeko prozesuena eta horretan ari diren langileena ere. 2012ko urtarrilaren 1ean, 1.119 ostalaritza-establezimendu zeuden Iruñean erroldatuak, bai eta 1.027 elikadura-establezimendu eta elikagaiekin lotutako bestelako 75 establezimendu edo jarduera egonkor ere. Iazkoan, 3.857 ikuskaritza-bisita egin ziren establezimendu horietara. Horren ondorioz, 525 espediente abiarazi, 86 zehapen jarri eta 381 errekerimendu egin ziren. Bisita horietan Sanferminetan egindakoak sarturik daude. Egun horietan, izan ere, ikuskaritza-zerbitzuek zaintza berezia antolatzen dute; hau da, osasun kontrolerako eta laginak hartzeko bisitak egiten dira establezimendu ez iraunkorretara eta, era berean, jaia egiten den lekuak ikuskatzen dira. Guztira, osasun-kontrolerako 158 esku-hartze egin ziren eta, haietariko 65etan, gabeziak atzeman ziren.
Zehapen-espedienteak, 2012an, ostalaritzan eta elikadura-establezimenduetan, zioen arabera sailkatuta
|
sektoreak |
ostalaritza |
elikadura |
biak |
|
Espediente kopurua |
41 |
45 |
86 |
|
Zehapen-arrazoiak* |
|
|
|
|
Hutsuneak instalazioetan eta tresnetan |
24 |
13 |
37 |
|
Hutsuneak elikagaien manipulazioan eta kontserbazioan |
20 |
35 |
55 |
|
Hutsuneak langile manipulatzaileengan |
14 |
1 |
15 |
|
Zehapen-arrazoiak, guztira |
58 |
49 |
107 |
*Zehapen-espediente batzuk zehapen-arrazoi batek baino gehiagok eragindakoak izan daitezke.
- Zoonosia
Zoonosi Unitatea hiriko etxe-animaliei zein horien parekoei lotutako osasun-aferez arduratzen da, eta Iruñeko Animaliak Hartzeko Zentroan (AHZ) kokaturik dago. Era berean, Taconerako minizooa kudeatzeaz arduratzen da, 2009tik hona.
2012an, 413 zakur eta katu sartu ziren Zentroan (2011n baino 73 gutxiago); gehienak eremu publikoan jasotakoak (311) edo jabeek emandakoak (85). Bereziki saiatu da sustatzen berriz ere Zentroan hartutako animalien adopzioa. Hartara, hainbat neurri hartu ziren eta, horren ondorioz, aurreko urteen aldean, adopzioek gora jo zuten. Horrela, 2012an, 139 zakur eta 51 katu adoptatu ziren.
Animalien adopzioak bere atala du udalaren webgunean, hainbat gauza azaltzeko: zer egin behar den animaliak adoptatzeko, kontuan hartu beharreko gomendioak eta Zentroan adopzioan hartzeko dauden animalien argazkiak. Atal horrek, hain zuzen ere, jaso ditu bisita gehien eta baloraziorik hoberenetakoak.
AHZn adoptatutako animaliak 2007tik 2012ra
|
urtea |
2007 |
2008 |
2009 |
2010 |
2011 |
2012 |
|
Zakurrak |
40 |
102 |
102 |
85 |
127 |
139 |
|
Katuak |
15 |
29 |
37 |
36 |
74 |
51 |
|
Biak |
55 |
131 |
139 |
121 |
201 |
190 |
Identifikaziorako eta amorruaren kontrako txertaketa-kanpaina maiatzaren 28tik ekainaren 2ra bitarte egin zen. Guztira, 125 txerto jarri eta beste hainbat mikrotxip ezarri ziren. Horrez gain, oroitzapenezko beste 206 txerto-dosi jarri ziren. Bestalde, 59 lizentzia eman ziren arriskutsuak gerta daitezkeen animaliak edukitzeko.
Animaliek eragindako arazoei dagokienez, 2012an bere horretan iraun zuen salaketa-espedienteen kopuruak, aurreko urteen aldean, 135 zehapen izan baitziren (128, aurreko urtean). Haietatik 46 ezarri ziren, arriskutsuak gerta daitezkeen animaliak edukitzeari buruzko araudia ez betetzeagatik; 41, zakurrak lotu gabe eramateagatik, eta 24, gorozkiak ez biltzeagatik.
Bestalde, 24 zakur-hozkadatan esku-hartu zen; 2011n adina kasutan, zehazki. Era berean, zerbitzuak 519 uso harrapatu zituen; guztira, 17.853 uso harrapatu dira 1997tik hona. 2012an, kezka berezi bat zabaldu zen usoek eragindako arazoengatik; hiriko hiru ikastetxe publikotan, batez ere.
Taconerako minizooari dagokionez, 2011n sarturiko hamar oreinkume berriei saneamendu-tratamendua egin zitzaien 2012an, bai eta parasitoak hiltzeko tratamendua ere. Gainera, Gizarte Enpleguak eta Soldadurako Lantegi Eskolak lagundurik, minizooaren dotazioak hobetzen jarraitu zen: horrela bi ate txiki egokitu eta jarri ziren, hegaztiek erabil zitzaten; urmaeletan ataka berriak paratu ziren eta segurtasun-elementuak San Roke errabelinaren sarbidean.
- Ingurumen-ingeniaritza
Ingurumen Ingeniaritzako Zerbitzua ingurumena kutsatzen duten isurpenak kontrolatzeaz arduratzen da (zaratez, usainez, keez eta gasez) eta, era berean, ofizioz ikuskatzen ditu eragozpenak sor ditzaketen lokaletako emisio eta immisio akustikoak eta ke-isurpenak: ostalaritzakoak, saltoki handietakoak, industriakoak, etab. Azken urteotan, behera egin dute kutsadura atmosferikoko salaketek, ofiziozko ikuskapen horiek nabarmen gora jo dutelako.
|
Urtea |
2008 |
2009 |
2010 |
2011 |
2012 |
|
Ostalaritza Ikuskapenak |
678 |
677 |
721 |
658 |
983 |
|
Bestelako ikuskapenak (merkataritza, industria, etxebizitzak) |
217 |
150 |
188 |
140 |
69 |
|
Guztira: |
895 |
827 |
909 |
798 |
1052 |
Zerbitzuak, halaber, Udaltzaingoak zaratagatik eta keak eta usainek eragindako kutsaduragatik jarritako salaketak izapidetzen ditu eta herritarrek egindako salaketei, kontsultei eta informazio-eskariei harrera egiten die. 2012an, guztira, 152 zehapen jarri ziren. 139, zaratengatik, eta 13, ke eta usainengatik.
- Ingurumen-osasuna
Iruñeko Udalak, Ingurumen Osasunerako zerbitzuaren bidez, hau guztia begiratzen du: giza kontsumorako hornidura-sareko ura, ibaietako ura, erabilera kolektiborako igerilekuak, haur-eskolak, estetika- eta norberaren garbitasun-jarduerak egiten diren lokalak eta merkataritza-lokal berriak edo titulartasuna aldatu dutenak. Zerbitzuak ofizioz nahiz herritarrek eskaturik dihardu, baina 2012an ia ikuskapen guztiak ofizioz egin ziren (1.728, eta herritarrek eskaturik, aldiz, 68).
2012an egindako ikuskapenak eta laginak
1.560 ur-lagin hartu ziren, analisi kimikoa eta bakteriologikoa egiteko, erroldaturik dauden 748 kontsumo-txorrotetan. Txorrotak honakoetan daude kokaturik: iturri publikoetan, derrigorrezko irakaskuntzako ikastetxeetako patio, jantoki eta sukaldeetan, Udalaren haur eskoletako ikasgela eta sukaldeetan, udal-kiroldegietan, Civivox zentroetan eta udalaren lan-zentroetan. Horrez gain, 25 lagin hartu ziren Arga, Elortz eta Sadar ibaien sarreran eta irteeran. Erabilera kolektiboko igerilekuei dagokienez, 265 ur-lagin hartu ziren 29 igerileku estalitan eta estali gabeko 55 igerilekutan. Halaber, aipatu igerilekuetan eta haien instalazio osagarrietan, 264 ikuskapen egin ziren.
2012an, 53 ikuskapen egin zitzaizkien erroldaturik dauden 46 haurtzaindegiei. Horrez gain, estetika- eta norberaren garbitasunerako jarduerak egiten diren 475 merkataritza-lokal ikuskatu ziren. Guztira, 604 ikuskapen egin ziren, eta 27 espediente eragin zituzten. Ikuskapen gehienak merkataritza-lokaletan izan ziren, dela irekiera-lizentzia berrikoetan, dela titulartasuna aldatu dutenetan; zehazki, 697 ikuskapen egin ziren 432 lokaletan, eta haietatik 91k gabeziaren bat zuten, gehienbat aireztatzearekin edo osasun-desbideraketa funtzionalekin lotutakoak.
Lokal-ikuskatuen bilakaera
|
URTEA |
2008 |
2009 |
2010 |
2011 |
2012 |
|
Ikuskatutako lokal kopurua |
527 |
372 |
416 |
506 |
432 |
|
Gabeziak dituzten lokal-kopurua |
123 |
96 |
72 |
79 |
91 |
|
1. bisitan zuzen ez zeuden lokalen % |
23,3 |
25,8 |
17,3 |
15,6 |
25,8 |
- Udal Laborategia
Udal Laborategia arduratzen da elikagaiak eta urak osasunaren aldetik kontrolatzeko beharrezkoak diren analisi kimikoak eta mikrobiologikoak egiteaz, Elikagaien eta Osasun Ingurumenaren Ikuskaritzak hartutako laginak abiapuntu hartuta. Elikagaiak kontrolatzeari dagokionez, elikadura- eta ostalaritza-establezimenduetan zein eskola-jantokietan eta makina saltzaileetan egiaztatzen da elikagaien egoera. Elikagaiak analizatzeko jarduera honetan, guztira 543 lagin hartu ziren eta 2.156 saiakuntza kimiko eta 646 saiakuntza mikrobiologiko egin ziren.
Ingurumena kontrolatzeko jarduera-laburpena. 2012. urtea
|
Lagin mota |
Lagin kop. |
Saiakuntza kimikoak |
Saiakuntza mikrobiologikoak |
Saiakuntzak, guztira |
|
Sareko ura |
1.552 |
15.664 |
4.680 |
20.344 |
|
Igerilekuak |
243 |
2.326 |
1.288 |
3.614 |
|
Ibaiak |
24 |
264 |
72 |
336 |
|
Salaketak |
5 |
40 |
15 |
55 |
|
Guztira |
1.824 |
18.294 |
6.055 |
24.349 |
Laborategiak, halaber, erantzun egiten die herritarrek ingurumenaz eta elikagaiez plazarazten dituzten kontsultei. 2012an, 18 kontsultari erantzun zitzaion; gehienak etxebizitzetan edo establezimenduetan intsektuak identifikatzeari buruz. Azkenik, udal-zerbitzu honek hirugarrenek eskaturik hartu eta azter ditzake laginak. 2012an, era horretako 39 izan ziren, herritar eta enpresentzat, eta 245, erakunde ofizialentzat.
Osasun-zerbitzuak
- Epidemiologia Zerbitzua
Zerbitzu hau zaintza eta analisi epidemiologikoez arduratzen da, bai eta osasuna sustatzeko eta bultzatzeko programak kudeatzeaz eta osasun publikoan ikerkuntza egiteaz ere.
Herritar guztien elikadura-azturak hobetze aldera eta haien jarduera fisikoa aldian behin egitea bultzatze aldera, 2012an hainbat programari eman zitzaien jarraipena, hala nola Gosaldu egunero izenekoari; hau da, hiriko ikastetxeetan gosari osasungarri eta orekatuak egiten dira, dietistek-nutrizionistek zuzenduak. Iazkoan, 40 ikastetxetako (17 itundu, eta 23 publiko) Lehen Hezkuntzako 4. mailako 2.100 ikaslek parte hartu zuten.
Aurreko urteetan bezala, lehen seihilekoan, helduendako ibilketa nordikoetan hasteko saioak egin ziren, larunbat goizetan. Zehazki, 7 ibilbide desberdin egin ziren, monitore batek zuzenduak, eta , guztira, 196 lagunek parte hartu zuten. Bigarren seihilekoan, bertan behera utzi zen hiriko auzoetan ezarrita dauden atari zabaleko gimnasia-zirkuituak erabiltzea sustatzeko programa.
Martxotik ekainera, bestalde, hiriko landare-espezie nagusietako polen-mailari buruzko doako argibide-zerbitzua jarri zen indarrean, polen haiekiko sentiberak diren herritarrengan arazoak sor ditzaketelako. Zehazki, 2012an, 117 lagunek eman zuten izena alerta-zerbitzuan; beraz, guztira, 353 dira. 3.984 SMS mezu bidali zitzaizkien eta 372 e-posta.
Higiene eta desinfekzioko zerbitzuak
- Desinfekzio Parkea
Arratoiak hiltzeko, desinfektatzeko, intsektuak hiltzeko eta usain txarrak kentzeko lanak egiten ditu, eta udal-zerbitzuetako arropa ere garbitzen du. 2012an, 22.026 zerbitzu egin ziren, 2011n baino % 2,2 gutxiago, batez ere murriztu egin zelako ibaiertzetan arratoiak hiltzeko jarduketa. Intsektuak hiltzeko zerbitzuak, berriz, % 6,6 jaitsi ziren, 2012an; funtsean, horrelako jarduketa Udalaren eta partikularren egoitzetan jaitsi delako.
Desinfekzioak
|
Urtea |
2007 |
2008 |
2009 |
2010 |
2011 |
2012 |
|
Desalokairuak |
0 |
0 |
0 |
0 |
0 |
0 |
|
Desinfekzioak (partikularrak) |
32 |
25 |
24 |
20 |
19 |
16 |
|
Autoklabeak |
4 |
3 |
4 |
14 |
25 |
26 |
|
Formaldehido-ganbera |
1 |
1 |
1 |
2 |
2 |
3 |
|
Santo Domingoko Merkatua |
53 |
52 |
52 |
52 |
52 |
53 |
|
Udal Zerbitzuak (bide publikoa) |
2.454 |
2.210 |
2.175 |
2.174 |
2.153 |
2.086 |
|
Arropa-garbiketa (zuhurtziazkoa) |
13 |
9 |
18 |
30 |
61 |
82 |
|
Arropa-garbiketa (udal-egoitzak) |
705 |
617 |
695 |
589 |
620 |
598 |
|
Zerbitzuak, guztira |
3.262 |
2.917 |
2.969 |
2.881 |
2.932 |
2.864 |
- Komun publikoak
Hirian 10 komun tradizional daude, langileak dituztenak, eta berez garbitzen diren 22 komun; horietako bi 2012an Erriberri kalean eta Gares plazan zabalduak. Komun tradizionalik erabilienak Gazteluko plazakoak dira; gero, Gurutzeko plazakoak, Sarasate pasealekukoak eta Antoniutti parkekoak. Beste muturrean, gutxien erabilitakoak parkeetan kokatutakoak dira: Munduko parkean, Media Lunan eta Ziudadelan.
Komun automatikoetan izan den erabilera kopurua ikusita, esan daiteke horrelako komunek harrera ona dutela herritarren artean. Zehazki, 277.615 aldiz erabili ziren, hau da, aurreko urtean baino % 8,8 aldiz gehiago.
- Bainuetxea eta Antoniuttiko dutxak
Bainu Etxea Eslava kalean dago eta egunero egiten zaio harrera dutxa-, bainu- edo arropa garbitzearen zerbitzua eskatzen duen jendeari. Zerbitzuak zortzi dutxa-kabina ditu jendearen eskura, bai eta sei bainu-ontzi (bi egokituak, minusbaliatuek erabil ditzaten), hiru garbigailu eta hiru lehorgailu ere.
Dutxa-erabilera kopurua
|
Urtea |
2008 |
2009 |
2010 |
2011 |
2012 |
|
Dutxa kopurua |
7.292 |
8.526 |
7.687 |
7.402 |
7.992 |
|
Bainu kopurua |
15 |
5 |
12 |
3 |
7 |
|
Dutxak eta bainuak, guztira |
7.307 |
8.531 |
7.699 |
7.405 |
7.999 |
Azken bi urtean zerbitzu kopuruan izandako jaitsieraren ondotik, 2012an dutxa kopuruak % 8 egin zuen gora, Sanferminetan zerbitzuek % 11 gora egin zutelako. Era berean, % 92 igo zen Gizarte Ongizate Alorretik eskatutako doako dutxen kopurua.
Antoniutti parkeko komun publikoen barrutian, bestalde, 6 dutxa daude, Sanferminetan dutxa hartzea eskatzen duten jendeari zerbitzua emateko. Festetako eguraldiak eragin handia izaten du erabileran; 2012an, erabilerak % 1,1 egin zuen behera, 2011koaren aldean. Guztira, 1.386 dutxa izan ziren.
- Xiringen bilketa
Zerbitzuak bide publikoan abandonatuta dauden xiringak jasotzea eta ezabatzea du eginkizun, hondakin sanitarioek ustekabean gaixotasunak transmititzeko aukerarik izan ez dadin. Astean bitan egiten dira xiringak jasotzeko ibilbideak, eta xiringa gehien Donibanen, Sanduzelain eta Alde Zaharrean aurkitu dira. 2012an, xiringa gutxiago jaso zen, % 9,05 gutxiago, hain zuzen: 231, eta aurreko urtean, aldiz, 254.


