Memoria del Ayuntamiento de Pamplona 2019

HERRITARREN PARTAIDETZARAKO ERREGELAMENDUA

Iruñeko Osoko Bilkurak, 2019ko martxoaren 7an, Iruñeko Udalaren Herritarren Partaidetzarako Erregelamendua hasiera batez onesteko erabakia hartu du, eta hura 2019ko 62. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, apirilaren 1ekoan.

Behin hasierako onespenaren iragarkia argitara emanda eta legeak ezarritako jendaurreko epea iraganda, Osoko Bilkurak 2019ko azaroaren 14an hartutako erabakiaren bitartez ebazpena eman da, aurkeztutako alegazio bakarra ezetsita, eta errandako erregelamenduaren testua onetsi da; horiek horrela, xedatzen da testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila, behar diren ondorioak izan ditzan.

Araudia Iruñeko Udalaren Osoko Bilkurak onetsi zuen, 2019ko azaroaren 14an, eta NAOn argitaratu zen, 2019ko abenduaren 24an, 251. zenbakiko buletinean. Handik 15 egunera sartu zen indarrean.

AUZO-EZTABAIDAGUNEAK

2019an, bost auzo-eztabaidagune egin dira: Etxabakoitz, Txantrea, Donibane-Ermitagaña, Buztintxuri eta Erripagaña, urtarriletik otsailera bitartean. Guztira, 136 pertsona bertaratu dira; 59 emakumezko eta 77 gizonezko.

Lurraldean egiten diren administrazio eta erakundeen eta herritarren arteko solasaldi gisa planteatzen dira auzoetako foroak. 2019an, metodologian eboluzionatzen jarraitu da, eta foroa hainbat ataletan planteatu da. «Udalak informatzen du» atalean, auzo-zinegotziak eta udal-teknikariek azaltzen dituzte administrazioak hirigintzan, mugikortasunean eta gizarte-zerbitzuetan auzoan egindako ekimenak eta proiektuak, bertzeak bertze. Bigarren zatian, «Auzoak informatzen du» izenekoan, auzoko elkarteei eta ekimenei ahotsa ematen zaie, auzoan egindako lana azal dezaten. Hirugarren atalean, zinegotzigoak proposatutako gaiak taldean lantzeko aukera ematen da. Azkenik, «Udalak entzuten du» atalean, herritarrek hitza hartzen dute, auzoak zer behar duen azaltzeko eta eskatzeko.

Foro guztiak streaming bidez eman dira, eta emisioak eta laburpen-bideoak Partaidetza Alorraren «Participa Pamplona» YouTubeko kanalean jarri dira; guztira, 1.633 bistaratze izan zituen 2019ko martxoaren 5ean.

KULTURA-ANIZTASUNA

Arrazismoaren kontrako poesia-errezitaldia. Martxoaren 21ean, Arrazismoaren Kontrako eta Poesiaren Egunarekin bat. Asvena eta Alpargatika elkarteek poesia bat irakurri zuten.

Maiatzaren 21eko topa antolatzea. Kultur aniztasuneko 21 elkarte edo taldek parte hartu zuten, eta 64 pertsona baino gehiago bildu ziren, baita udalbatza ere.

Kulturen Kalejira antolatzea. 2019ko uztailaren 14an egin zen, eta 67 elkarte eta 2.000 parte-hartzaile inguru bildu zituen. Bertan, apropos prestaturiko 1.000 errazio mazedonia baino gehiago banatu ziren.

PARTAIDETZARAKO TREBAKUNTZA-ESKOLA

Partaidetzarako Trebakuntza Eskola informazio, topaketa eta gogoetarako esparruak sortzeko beharraren ondorioz eratu zen, herritarrak parte hartzeko ahalduntzea helburu. Herritar guztientzat da, eta, bereziki, Iruñeko Udaleko Herritar Erakundeen Udal Erregistroan izena emanda dauden sozietate zibileko erakundeentzat. Ikastaroen hiru hileko programazioak hiru ardatzen inguruan antolatzen dira:

1. Ahalduntze pertsonala. Ikaskuntzako guneak, gaitasun pertsonalak eta sozialak garatzeko, betiere parte-hartzeari begira.

2. Taldeen eta erakundeen ahalduntzea. Ikaskuntzako guneak, talde-jarduna bideratzeko, elkarteen kudeaketarako, gure erakundeen barneko eta kanpoko komunikaziorako, taldeak dinamizatzeko, eta abarretarako.

2019an, hiruhilekoko hiru programazio egin dira: urtarrila–martxoa (13 ikastaro), apirila–ekaina (14 ikastaro) eta urria–abendua (11 ikastaro), eta 1.062 pertsona inguruk parte hartu zuten.

DIRULAGUNTZAK

DEIALDIA, HERRITARREN PARTAIDETZAREN ESPARRUKO HERRITARREN ELKARTE ETA ENTITATEEI DIRULAGUNTZAK EMATEKO

2019an, 117 elkartek aurkeztutako 128 proposamenek 500.000 euro jaso zituzten herritarren partaidetzaren arloko laguntzen deialdiaren bidez. Deialdian, dirulaguntzak bost epigrafetan bereizten dira, eta zenbatekoak ere aldatzen dira horietako bakoitzean:

  • A epigrafea: 90.000 euro. 19 proiektu lagundu dira diruz. Auzo-elkarteek, kultur elkarteek, jai-batzordeek eta kultur koordinakundeek aurkeztutako proiektuak hirietako auzoetako festak, herri-jaiak zein izaera komunitarioko gizarte- eta kultura-ekitaldiak antolatzeko.
  • B epigrafea: 260.000 euro. 54 proiektu lagundu dira diruz. Aisialdiaren eta denbora librearen esparruan herritarren bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten entitate edo elkarteek aurkeztutako proiektuak dira, jarduera iraunkor eta/edo puntualen bidez. Gizarte-partaidetza, herritar aktiboak eta boluntario-lana, gizarte-ehunaren koordinazioa eta sare-lana, lurraldeko bizilagun, talde eta elkarteen arteko informazioa eta komunikazioa, eta hedapena eta sentsibilizazioa sustatuko dituzten proiektuak, zeinak ekintza berritzaileak martxan jarriz, proiektuei egokitutako teknologia garatuz eta gizarte-aldaketa ehun sozialetik aldatzeko praktika onak erabiliz eginen baitira.
  • C epigrafea: 44.000 euro. 19 proiektu lagundu dira diruz. Herri-kultura sustatzeko, sortzeko eta hedatzeko proiektu eta jarduerak, Nafarroaren eta eskualdeko bertze komunitateen kultur aniztasunaren ordezkari diren entitateek aurkeztuak, hori dena topaketa kulturala eta elkarbizitza lortzeko, aisialdiaren alorrean (gizarte eta kultur, gizarte eta hezkuntza eta gizarte eta komunitatean), lurraldeko gizarte-ehunaren parte-hartzetik abiatuta eta herritar guztiei irekia. Partaidetza-, harrera-, sentsibilizazio-, sustapen-, sormen- eta hedapen-jarduerak, kultura- eta jatorri-aniztasuna sustatzekoak, elkarrizketa, elkarbizitza eta ezberdintasunaren errespeturako estrategia gisa, jatorri ezberdinetako pertsonen eta kolektiboen parte hartzea eta ahalduntzea bultzatuz udalerriaren bizitzan.
  • D epigrafea: 90.000 euro. 30 proiektu lagundu dira diruz. Herritarren parte-hartzea eta adinekoen ahalduntze soziala sustatzen dituzten jarduketak. Aisialdiaren alorrean (gizarte eta kulturakoa, gizarte eta hezkuntzakoa eta gizarte eta komunitatekoa), adinekoen bizi-kalitatea eta ongizatea sustatzearen alde lan egiten duten entitate edo elkarteek aurkeztutako proiektuak. Adinekoen parte-hartzea eta zahartze aktiboa sustatzea xede duten elkarteen kasuan, aintzat hartuko dira helduekin eta adinekoekin egitekoak diren jarduera zehatza.
  • E epigrafea: 16.000 euro. 5 proiektu aurkeztu dira. Prestakuntza-ekintzak, partaidetza eta gizartearen ahalduntzea sustatzeko.

ZENTROA

ARRETARI ETA ZERBITZUEI BURUZKO DATUAK

«Zentro. Elkarlaneko gunea» partaidetzako zentroak, Kondestablearen jauregiko bigarren solairuan kokatuta, elkarteei eta herritarrei oro har informazioa, baliabideak eta prestakuntza eman nahi dizkie, hirian banakako eta taldeko partaidetza garatzearren. Espazioak honako hau eskaintzen du:

Partaidetzako informazio- eta baliabide-zerbitzuak: Zerbitzu honen xedea da Udalak eskaintzen dituen baliabide, deialdi, prozesu eta abarrei buruzko informazioa eskaintzea halakorik eskatzen duen herritar zein elkarte orori. Partaidetzarako Informazio eta Baliabide Zerbitzuak (PIBZ) elkarteei haien jardunean lagunduko dien banakako laguntza eskaintzen die, haien eguneroko errealitatearekin zerikusia duten gai guztietan. Partaidetzarako Informazio eta Baliabide Zerbitzuaren (PIBZ) ordutegia honako hau izan da: astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara, eta 17:00etatik 21:00etara. Uztailean eta abuztuan, berriz, hau izan da ordutegia: astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:30era. Egindako lanak:

- 8.493 laguni eskaini zaio arreta - 338 baliabide-mailegu (3 proiektagailu eta 8 ordenagailu eramangarri) - Baliabideak erabiltzeko alta eman duten elkarteak: 204 - 4. eta 5. aretoen lagapena: 527 lagapen

Liburutegia eta dokumentazio-zentroa: Liburutegiko funtsa: 2.300 dokumentu Maileguak: 1.162 (Nafarroako Liburutegi Publikoen Sareko liburutegia)

Aholkularitza teknikoa eta legala: Partaidetzako aholkularitza juridikoak 9 ikastaro eman ditu, eta 719 kontsultari erantzun zaie, aurrez aurre, telefonoz eta posta elektronikoz.

KOMUNIKAZIOA

Alorrak erabaki.pamplona.es parte hartzeko online plataforma ere kudeatzen du, gaztelaniaz eta euskaraz.

Informazio hori Alorraren sare sozialen bitartez jakinarazten da.

Horretarako, sare sozialetako honako profil hauek sortu dira:

  • Twitter: @Participa_pna; @Edusi_pna
  • Facebook: @Participa_pna
  • Youtube: Participa Pamplona
  • Flickr: Participa Pamplona

Webgunea: erabaki.pamplona.es

  • Erabaki.pamplona.es webguneetako bisitak: 24.057 bisita
  • Twitterreko jarraitzaileak gaztelaniaz: 1.635 jarraitzaile
  • Twitterreko jarraitzaileak euskaraz: 135 jarraitzaile
  • Facebookeko jarraitzaileak gaztelaniaz: 523 jarraitzaile
  • Facebookeko jarraitzaileak euskaraz: 31 jarraitzaile
  • Youtubeko harpidedunak: 193 harpidedun
  • Youtubeko erreprodukzioak: 6.325 erreprodukzio 2019an / /284 bideo, 14 2019an
  • Flickerreko bisitak: 27.004 bisita / 31 album
  • Webgunea 2017ko ekainean ireki zen erabiltzaileendako, eta atalak gehitzen doaz zen pixkanaka-pixkanaka. Webgunean gehien bisitatutako atalak Partaidetzarako Trebakuntza Eskolarekin loturikoak dira.

IRUÑEKO UDALEKO ELKARTEEN WEBGUNEA Asociaciones.pamplona.es plataformak aukera ematen dio Iruñeko Elkarteen Erregistroan izena emanda daukan edozein elkarteri bere webgunea edukitzeko, doan. Plataforma Udalaren zerbitzarietan dago kokatuta, baina elkarteak berak kudeatzen du. Horrela, espazio zentral bat dago, non hiriko elkarte eta kolektiboei buruzko informazio zehatza aurkitu dezakegun.

2019an, 70 elkarte inguruk zuten hor ostataturik beren webgunea.

Parte hartzeko plataforma digitala: ERABAKI PAMPLONA

https://erabaki.pamplona.es/

Erabaki.pamplona Iruñeko Udalaren plataforma digitala da, parte hartzeko plataforma bat, hiri demokratikoagoa eraikitzeari begira sortua. 2017ko maiatzean hasi zen funtzionatzen. Hiri ireki, garden eta kolaboratibo bat sortzeko erreferentziazko gunea da, non hiriko bizilagunak baitira protagonista. Erabaki.pamplona parte hartzeko plataforma bat da. Kode irekikoa da, eta, hortaz, edozeinek ikus dezake plataforma nola sortu den, eta plataforma berrerabil edo hobetu dezake.

Plataformaren printzipioak.

  • Gardentasuna, trazagarritasuna eta osotasuna: eduki guztia da eskuragarria, trazagarria eta manipulaezina.
  • Kalitate demokratikoaren bermea: diskriminaziorik eza eta abiatzeko aukera-berdintasuna erabiltzaileentzat eta proposamenentzat.
  • Multigeruza: presentziala eta digitala
  • Pribatutasuna: Datu pertsonalak ez zaizkie ematen hirugarrenei, erabiltzaileek datuak eta jakinarazpenak kontrolatzen dituzte.

Nork hartzen ahal du parte? Erabaki.pamplona plataforma herritar guztientzat dago zabalik. Hackerren, herritarren, elkarteen eta era guztietako erakundeen komunitate ireki eta kolaboratiboa sortzeko tresna bat da.

Sarbide irekia. Edozein pertsona sar daiteke plataforman, askatasunez eta modu anonimoan, baldin eta aldez aurretik plataforman erregistratu bada eta 16 urte baino gehiago baditu.

2019ko abenduaren 31n:

  • Parte hartzeko 11 prozesu ireki dira plataforman.
  • 3 prozesu, partaidetza-organoen barruan.
  • 13 prozesu, lurraldeko partaidetza-organoen barruan (auzo-eztabaidaguneak).
  • 1.790 erabiltzaile zeuden alta emanda.
  • 669 proposamen zeuden aurkeztuta.
  • Proposamenei 1.634 babes agertu zitzaien.

HERRITARREN PARTE-HARTZEA DINAMIZATZEKO ZERBITZUA

Dinamizazio Komunitarioko Zerbitzuaren helburua da herritarren parte-hartzea sustatzea, Udalaren partaidetza-zerbitzu, -organo, -prozesu, -mekanismo eta -kanalen bidez, betiere Iruñeko Udaleko partaidetzako teknikarien jarraibideen arabera.

  • Herritarrek hiriko zerbitzu, organo, prozesu, mekanismo eta kanaletan parte hartzeko prozesuak eta jarduerak diseinatzea, programatzea, garatzea eta ebaluatzea.
  • Parte-hartzearen arloan udalerriaren lurralde- edo sektore-esparruko ezaugarriak eta beharrak identifikatzea eta aztertzea.
  • Udalerriko eragile nagusiekin (herritarrak, gizarte-ehuna, ekonomia-ehuna, teknikariak eta administrazioak) harremana ezartzea eta mantentzea, haien arteko elkarrekiko harremana dinamizatuz.
  • Esku hartzea gizarte-ehuna sortu eta garatzeko, eta babesa eta laguntza ematea.
  • Udaleko herritarren partaidetzarako zerbitzu, organo, prozesu, mekanismo eta kanalen komunikazio-eta hedapen-estrategiak gauzatzea, teknikarien jarraibideen arabera.
  • Parte hartzeko saioen dinamikak prestatzeko lanak egitea, materialak prestatuz, saioa erregistratuz eta kontatuz, horiek bueltatzeko eta ebaluatzeko.

HPDZk laguntza teknikoa eman du diagnostiko, txosten, organo eta prozesu komunitarioak gauzatzeko eta abian jartzeko, bertzeak bertze. Gainera, hainbat motatako zerbitzu publikoek ere eskatu diote laguntza, hala nola auzoetako unitateek, Liburutegi Publikoen Sareak, Civivox sareak, Polizia Komunitarioak eta gizarte ekimenetarako zentro komunitarioek.

Gainera, zerbitzuak hiriko auzo eta/edo gune guztietan jarraitzen du, bertzeak bertze, «Iruñategi» izeneko plana amaitzeko.

2019an orotara 1.232 esku-hartze egin ziren, Udaleko alor batzuekin eta bertzeekin lankidetzan.

LOKALEN LAGAPENAK

2019ko ekaineko udal-antolaketaren dekretutik aurrera, Gizarte Zerbitzuen, Gizarte Ekintzaren eta Kirolaren Alorrera igaro zen zentro komunitarioen kudeaketa, eta Hezkuntza, Herritarren Partaidetza eta Gazteria Alorrera, berriz, Elkarteen Zentroa eta Galdaragile, Descalzos eta Geltokiko erabilera anitzeko gelen kudeaketa.

IRUÑATEGI – GIZARTE-EHUNAREN AZTERKETA

Iruñategi proiektua «gizarte-ehunaren azterketa» KoLaboratoriotik eratorritako lantaldean oinarrituta garatu da, Iruñeko elkarte-mugimenduaren eta gizarte-ekimenaren egungo bilakaera eta egoera aztertzeko eta balioesteko, etorkizunean hura indartzeko tresna gisa.

Iruñategi proiektuak hiriko 13 auzoetako elkarte-baliabideen, erakunde-baliabideen, gizarte-ekonomiako baliabideen eta herritarren ekimenen argazki erreal bat erakusten du. Horrela, auzo bakoitzaren eta hiri osoaren sare komunitarioaren ikuspegia ematen du, haren garapena indartzeko.

14 mapa horiek, auzo bakoitzeko bat, eta Iruñeko laburpen-mapa bat, 2017ko otsailaz geroztik hainbat fasetan egindako lanari dagozkio, Herritarren Parte Hartzea Dinamizatzeko Zerbitzuaren laguntzari eta hiriko gizarte-sarearen lankidetzari esker.

  • Hau izan da baliabideen sailkapena:
  • Lurraldea: egungo 13 auzoen zatiketaren araberakoa..
  • Baliabide mota: elkarteena, erakundeena, ekonomia sozial eta solidarioa eta ekimena.
  • Herritarrak: haurrak eta nerabeak, gazteak, helduak, adinekoak eta belaunaldi artekoa.
  • Jarduera: 19 azpikategoria: herritarren segurtasuna; hirigintza eta etxebizitza; dibertsitate funtzionala; kultura-aniztasuna; turismoa, osasuna eta ongizatea; ogasuna, ekonomia eta enplegua; hezkuntza; alderdi politikoak eta sindikatuak; gizarte-ekintza; erlijioa eta espiritualtasuna; kirola, lanekoa eta profesionala; kultura; ingurumena; administrazio publikoa; aktibismoa; aukera-berdintasuna emakume-gizonen artean, feminismoa eta LGTBI.

Baliabideei buruzko datuak iturri hauetatik eskuratu dira: Elkarteen Erregistro Nazionala, Nafarroako Elkarteen Erregistroa, Iruñeko Udaleko Elkarteen Errolda eta online bilaketa. Horretaz gainera, landa-lan zehatza egin dugu auzo bakoitzean, tokiko eragileekin elkarlanean, informazioa osatzeko.

2018ko udaberrian, lortutako datuak alderatzeko lan bat egin zen lurralde- eta sektore-eremuetako eragile espezifikoekin, horiek zuzendu eta hobetzeko.

Proiektua garatzeko, marka adierazgarri bat sortu zen, IRUÑATEGI, gaur egungo eta etorkizuneko gizarte-ehunaren analisiaren inguruan egiten diren ekintza guztiak identifikatuko dituena.

Mapek aurrealdean erakusten dute auzoaren proiekzioa, baliabide guztien kokapen geografikoarekin, ikonoaren arabera zenbakituta eta identifikatuta. Atzealdean, berriz, baliabideak izen osoarekin, deskribapen laburrekin eta posta-helbidearekin daude ordenatuta. Egoitza baldin badute edo gune jakin batean biltzen badira, posta elektronikoa eta web-helbidea. Mapetako informazioa biltzen dute panelek, laburbilduta. Euskaraz eta gaztelaniaz dago mapa eta paneletako informazio guztia.

Kasu gehienetan, udal-eraikinetan egongo dira ikusgai. Leku horietan bertan eskatu ahal izanen dira mapen paperezko kopiak, eta publikoari harrera edo arreta egiteaz arduratzen diren pertsonek banatuko dituzte.

Mapa horiek honako esteka hauetan kontsultatu eta deskargatu ahal izanen dira: asociaciones.pamplona. es/irunategi eta asociaciones.pamplona.es/eu/. Webgune berean kontsultatu ahal izanen da IGS mapa, baliabide geolokalizatuekin, zeinak IRUSKANen integratuta baitaude, Iruñeko Udalaren baliabideen atarian.

2019ko irailean 2.031 baliabide zeuden erregistratuta, horietatik 1.472 elkarteak ziren; eta gainerakoetatik 40 gizarte-ekonomiarekin lotutakoak ziren, eta 519, berriz, baliabide instituzionalak ziren.

UDAL-EGUTEGIA

Lankidetzan jardun zen Kultura Alorrarekin, 2020ko udal-egutegia egin eta banatzeko. 16.500 ale banatu dira: 12.375 gaztelaniaz eta 4.125 euskaraz.

UNEAN UNEKO BABESAK BERTZE ALOR BATZUEI

Bai herritarrek parte hartzeko teknikariek, bai Zentroko taldeek, 2019an laguntza ematen diete udal-arlo askori, hainbat alderditan. Zenbait adibide:

  • Emakumeen Etxea
  • Joko- eta apustu-etxeak: Apustu-etxeak eta joko-lokalak arautzeko eta ludopatia prebenitzeko neurrien gaineko ordenantza idazteko ekintzak.
  • Erorien monumentuaren eta inguruaren gaineko lehiaketa
  • Labriteko korridorea
  • Arantzadiko ekoparkea
  • Sarasate pasealekuari buruzko lehiaketa
  • Zabalguneetako HJPBa
  • Iruña 2030 Hiri Plan Estrategikoa
  • Plazara! zentro komunitarioa
  • Eta beste

Hartara, herritarren parte-hartzea zeharkakoa da hainbat eremutan, hiri-esparrutik hasi, eta erkidego-eta sektore-esparrura bitarte.

HERRITARREN ERAKUNDEEN UDAL-ERROLDA

Errolda hori gaur egun Herritarren Partaidetzarako Erregelamenduan araututa dago, 101-105. artikuluetan. Agiri horretan, inskribatutako erakundeak aintzat hartzen dira, eta udalerriari eta udalari aukera ematen zaie erakundeen datu garrantzitsuenak, kopurua, ordezkagarritasuna, interes-maila eta abar ezagutzeko.

Hoan hemen errolda horretan erregistratuta egoteko baldintzetako batzuk: irabazi-asmorik gabeko erakundeak izatea, legez eratuta egotea, egoitza soziala Iruñean izatea edo bertan egitea jarduerak, herritarren onurarako diren programak eta jarduerak egitea, eta abar. 2019. urtearen amaieran 802 elkarte zeuden erroldan izena emanda