Gerentzia
Udalaren Gerentzia zuzenean dago alkatearen mendean eta ANIMSArekiko, Arartekoarekiko eta Comptos Ganberarekiko udal-harremanez arduratzen da. Eginkizun hauek ditu, besteak beste: udal-alorren arteko jardunaren koordinazioa; Udalaren administrazio-taldearen zuzendaritza; hainbat alor ukitzen dituzten proiektuak gauzatzeaz arduratzea; proposamenak egitea Udalaren helburuen gainean jarduteko eta horiek gauzatzeko; udal-zerbitzuetan kalitatea bilatzeko jarduketak betetzen direla sustatzea eta gainbegiratzea; informatika-aplikazio berriak ezartzea herritarrekiko harremanak hobetze aldera, eta administrazio elektronikoa bultzatzea.
Administrazio elektronikoa
Iruñeko Udalak elektronikoki izapidetzeko aukera ezarri zuen, 2014an, bere eskumenekoak diren aferetarako, hala kide anitzeko organoetan nola kide bakarrekoetan. Urtarrilean, modu elektronikoan egiten hasi ziren Tokiko Gobernu Batzarraren bilerak; irailean, informazio-batzordeenak –Lehendakaritza, Herritaren Aferak, Hirigintza, Iradokizunak eta Erreklamazioak, Kontuak eta Kontratazioak zaintzeko batzordeen bilerak–, eta urrian, osoko bilkurak. Halaber, elektronikoki izapidetzeko aukera erabiltzen hasi zen, baita ere, Alkatetzaren edo zinegotzigoen ebazpenetan, eta Hirigintza Gerentzian.
Informazio berria elektronikoki kudeatzeaz gain, digitalizazio-prozesu honekin administrazio-espediente askotan ezarri zen sistema digitala, eta aurretiko tramitazioaren pausu asko ere digitalizatu ziren, udal-alor guztietan. Halaber, prozesu horretan gaitu egin dira hala funtzionarioak nola zinegotziak, eta aldaketa batzuk egin dira udal-espedienteak kudeatzeko sistema informatikoan.
Lehenbiziko aldiz, Udalak elektronikoki egindako ebazpenak gehiago izan dira paperean egindakoak baino. Izan ere, 2014an, 9.894 ebazpen elektroniko sinatu ziren, eta 5.876, paperean, hau da, % 62 elektronikoki egin ziren. Administrazio elektronikoa Iruña Smart City Estrategiaren jardute esparru nagusietako bat da, hainbat abantaila baitakartza berekin: espazio fisikoa aurrezten da biltegiratzerakoan; espedienteen joan-etorrietan, udal-egoitza batetik bestera, aurreztu egiten da; espedientea aldi berean kontsulta daiteke hura beste toki batean aztertzen ari denean eta berehalakoan eskura daiteke segurtasun osoz. Gainera, eraginkorra da gastuak murrizterakoan. Izan ere, 2014an, 166.946 euroko gastua izan zen bulego-materialetan, 2013an baino % 2,53 gutxiago.
Iruñeko Udala lanean aritu da azken bi urteetan, Asociación Navarra de Informática Municipal (ANIMSA) elkartearekin eta udal-hornitzaileekin batera, Facturae zerbitzua ezartzeko. Hori horrela, 2014aren bukaeran, fakturen % 90 formatu elektronikoan iristen ziren Udalera, eta formatu hori derrigorrezkoa izanen da 2015eko urtarrilaz geroztik. Kostuak murrizteaz gain, horren ondorioz erraz antzean betetzen ahalko dute tokiko entitatearen hornitzaileek legeetan aurreikusitakoa hori indarrean hasten denean. Halaber, fakturak bideratzeko sistema berriarekin Udalak, batez beste, 29,5 eguneko epean ordaindu ditu fakturak 2014an (2013an baino 20,2 egun gutxiago), eta epe horrekin, helburu nazionala betetzen da.
Hiria, hiri-laborategi gisa
Iruñeko Udalaren Smart City Estrategiaren barruan, lankidetza-hitzarmen bat onetsi zen kanpoko entitateekin, Hiri Adimentsua delakoa bultzatzeko. Hitzarmenaren xedea agertoki komuna sortzea da berdintasun- eta gardentasun-irizpideetatik abiatuta hala proiektu pilotuak nola lankidetza-lanak sustatzeko, teknologia berrien esparruko enpresekin eta ikerlariekin, betiere herritarren zerbitzuko berrikuntzak bultzatze aldera. Helburua da herritarren beharrekin sentikorra den hiri bat sustatzea, hiri partizipatibo bat, gardena, irekia eta konektatua. Halakoa ezen "hiria zerbitzu-plataforma gisa" kontzeptua oinarri duen. Horren adibide ditugu, besteak beste, Sistelec enpresekin sinatutako akordioa, haririk gabeko teknologiarekin esperimentatzeko Iruñeko azpizoruan, edo NUPekin sinatutakoa, toki-entitateetan Smart City teknologien gaineko neurketa eta ebaluazioa egiteko tresna bat bilatze aldera.
Iruñeko Udalaren gardentasuna
Enpresa eta entitate batzuek egiten dute udaletxeek –Iruñekoak barne– urtean zehar erakusten duten gardentasunaren gaineko balorazioa. www.pamplona.es webguneak bikain bat eskuratu zuen (90 puntu 100en gainean), eta batezbestekoaren gainean dago Nazioarteko Gardentasun Indizeak 2014an aztertu dituen 110 webgunen artean. Oro harturik, 3,8 puntua galdu zituen 2012. urtekoaren aldean, eta hirigintzari buruzko informazioak jaso zuen puntuaziorik altuena. Nazioarteko Gardentasun-erakundeak bi urtean behin egiten duen azterlan horretan, Iruña 56.a da aztertutako 110 udaletxeren artean. Taulan jasotako puntuazio ezberdinen arabera, Iruña lehendabiziko 9 hiriren artean kokatzen da, puntuazio-aldeak oso txikiak direlako haien artean.
Dinamikoki neurtzen den DAM gardentasun-indizearen arabera, Iruña da hirugarren hiririk gardenena, probintziako hiriburuen artean, Donostiaren eta Gasteizen ondoren. Kontuan hartu ziren 146 aldagaietan, www.pamplona.es webguneak guztizko adierazleen % 87 betetzen zituen, guztira 123. Azterlan hori egin duen Gardentasunerako Elkartearen balorazioak dio lehenbiziko bost postuetan sailkatu diren hiriek "konpromiso bat erakusten dutela (...) gardentasun-lege berriek ezarritako eskakizunen oso gainetik". Ebaluazio hori egiteko, Espainiako 54 hiriburuen webguneak aztertu ziren, Ceuta eta Melillarenak barne.
Bukatzeko, Iruñeko Udalaren Open Data ataria hoberenetarikotzat jo zuten, aztertutako toki-entitateen eta Espainiako erkidegoen artean, Orange Fundazioak bi urtean behin egiten duen e-España azterlanean. Iruña berdinduta dago Zaragozarekin, eta toki-entitateen profil hoberenen hirugarrena da sare sozialen eta blogen sailkapenean, Bartzelonaren eta Valladolid zein Madrilen atzetik, zeinak berdinduta baitaude bigarren tokian.
Fortius proiektua
Fortius. Iruñeko eta Baionako ondare gotortuaren turismo- eta kultur-balioespena izeneko mugaz gaindiko lankidetza-proiektuak Pirinioetako mendebaldearen turismo-erakarpena handitu nahi du, Iruñeko eta Baionako gotorleku-ondareari balioa emanda. Kontua da bi hiriak gero eta erakargarriagoak egitea turistentzat, biak elkarrekin jardunez, kalitatezko produktu bat sortze aldera ondare-elementu militarren inguruan eta horiek kudeatuz jasangarritasunaren araberako irizpideekin bat.
Fortius-ek eginen diren lanen % 65 lagundu ditu diruz (Iruñeak 2,5 milioira bitarte jaso du), eta, horri esker, bi hiriek lan-ildo horretan jarraitzeaz gain, bestelako zaharberritze-lanak ere egin ahal izanen dituzte: Baionak, zehazki, Royal Bastioian eginen ditu lanak, eta Iruñeak, oraindik egiteke daudenetan, hala nola Labriten Bastioian eta Magdalenako Aurrealdearen gortinan. Fortius proiektuaren helburu nagusia da garapen ekonomikoa eta enpleguaren sustapena lortzea, operadoreak, sustatzaileak, enpresak eta turismo zein kultura arloetako erakunde profesionalak erakarriz eta produktu nahiz zerbitzu berrien inguruan berrikuntza bilatuz. Fortiusek Europar Batasunaren Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) diru-laguntzak jaso ditu, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bidez kudeatua dagoen POCTEFA Espainia-Frantzia-Andorra Lurralde mailako Programa Eragilearen barnean dago.
- Zaharberritze-lanak Labriten bastioian eta Magdalenako aurrealdean. 2014an, bukatutzat eman zituen Udalak Labriten bastoia eta Magdalenako aurrealdea zaharberritzeko lanak. Azken horrek jatorrizko fisionomia berreskuratu zuen neurri handi batean. 1950ean Telleriako aurrealdea eraitsi zutenean galdutako jatorrizko sarrera lehengoratu zuten, eskailera eta arku bat eraikita, zeinei altu 4 metro dituen ate metaliko batek itxiera ematen dien. Belardiaren azpian, egitura gotortuaren barruan, kaserna bat dago, 94,80 m2koa. Horri zoladura jarri zioten, bai eta argiztatu eta bi ate berriez hornitu ere: bata, Andre Maria Erreginaren plazara sartzekoa, eta bestea, hondoan, Magdalenako aurrealdeari begira. Kanoi-zuloen multzoa, ezponda eta guzti, berreraiki zuten, bai eta zaintza-postuak ere. Halaber, euri-sare berri batez hornitu zuten eremu osoa, eta metereologia-estazio bat jarri zuten bertan.
Eremua zaharberritzeko prozesua amaitzeko, lizitazio bat egin zen, Labriten bastoiaren eta Magadalenako aurrealdearen paisaia antolatzeko proiekturako, eremuaren natura-ingurunea eta oinezkoendako sarbideak hobetze aldera. Helburua da Labriten bastoiaren ondoko plataforman jardutea –jite hiritarragoa dauka, eta kirol-erabilerak, hala nola frontoi bat–. Bertan, berdegune berri bat sortu eta Labriten ezponda lehengoratuko dute. Bigarren eremu batean, Magdalenako aurrealdearen azpian, nabariagoak dira parke-ezaugarriak, eta zuhaitzez zein malda handiko mendi-hegalez hornitua da.
- Gotorleku Ondareari buruzko Nazioarteko Kongresua: Kudeaketa eta Garapen Jasangarria. Iruñeak nazioarteko biltzar bat hartu zuen, urriaren 15etik 17ra, hiriek beren monumentu militarretan egindako praktika egokiei buruz. Txosten magistraletan eta mahai-inguruetan, solasaldiak eta gaztiguak barne, ondare militarra hartu zuten hizpide etorkizuneko aukera gisara, ekonomia, kultura, turismo edota pedagogia alorretan, ondare hori identitate-zeinu daukaten hirientzat. Biltzarrean hogei herrialdetako ehun pertsona inguruk hartu zuen parte; horietako 42 hizlari ziren, eta 15, Zientzia eta Teknika Batzordeko kideak. 53 txosten zientifiko aurkeztu ziren, bai eta sei txosten magistral eta sei mahai-inguru ere, non hainbat entitate aritu baitziren, hala nola ondare militarrarekin zerikusia duten europar proiektuen ordezkariak [ATFORT, Forte Cultura eta Walls&Gardens], Paisaia-arkitektoen nazioarteko federazioa, ICOMOS, ICOFORT, Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioaren Arkitektura defentsiboaren Plan Nazionala, Fortress Study Group, Les Fortaleses Catalanes, Hispania Nostra, Hospital Isla del Rey Fundazioa (Menorca), Gazteluen Adiskideen Espainiako Elkartea edota Asociación Nationale des Villes et Pays d'Art et d'Histoire y Villes, besteak beste.
- Bastions Gotorlekuak – Pirinioetako indarguneak erakusketa. Urriaren 4tik azaroaren 9ra, eta Naziarteko Biltzarrarekin bat eginez, erakusketa bat egin zen Pirinioetako gotorleku bastioidunei buruz, non ikusgai paratu baitziren hautatutako 44 eraikin. Horien xedea izan zen XVI. eta XIX. mendeen artean muga zaintzea, artillerian emandako aurrerapausoek eta abiazioa erabiltzen hasi izanak erabilera militarretatik at utzi zituzten arte. Erakusketa ikusgai jarri zuten bai Kondestablearen Jauregian –erakusketaren alderik nazioartekoena– bai Armen Aretoan, non Iruñeko Gotorleku Ondarearekin zerikusia zuen materiala baitzegoen. Bisitariek hainbat euskarritan jaso zuten gotorleku-ondareari buruzko erakusketa: idazkiak, planoak, maketak, aplikazio elkarreragileak (Google Earth), dronetan eutsitako kameren bidez grabatutako bideoak, postprodukzioak, Iruñeko Udal Agiritegiaren eta Simancaseko Agiritegi Nagusiaren materialak eta agiriak, Gotorlekuen Interpretazio Zentroaren beste material batzuk eta garai hartako arma-sorta batzuk.
- Iruñeko Gotorlekuak liburu-bilduma. 2014an, beste hiru liburu argitaratu ziren Iruñeko Gotorlekuak udal-bildumaren barruan. Bilduma jada bederatzi liburuk osatzen dute. Zazpigarren liburuak Iruña, hiriko gotorlekuen balio unibertsala du izenburua, eta bertan biltzen da, eta handiagotu, Ziudadelan 2010eko uztailetik urrira bitarte egin zen erakusketa handi batean jasotako informazioa. Liburuan, didaktikaren ikuspegitik eta jendeari oro har zuzendutako azalpen grafiko asko erabilita, jakitera ematen da Ziudadelak eta bertako multzo harresituak munduan barna sakabanatutako beste zenbait gotorlekuetan eta, bereziki, Ameriketako gotorlekuetan izan zuen eragina. Argitara eman zen, baita ere, Iruñeko Ziudadela, José Luis Prieto Gracia komandante militarrak 1965ean, gotorlekua Iruñeari ofizialki lagatu ostean, egindako memoria historiko-deskribatzailea. Memoria horren bi ale Iruñeko Udal Agiritegian gorde ziren. Liburuak memoriaren eduki osoa jaso zuen: album bat, bi babes-orrik eta 40-kartulina-orrik osatua, non txertatuak agertzen baitira hala testuak eta argazkiak nola formatu handiko plano tolestuak. Argitara emandako azken liburuak XVI.-XIX. mendeetako Pirinioetako gotorleku-ondarea du izenburu. Bertan jasota daude 2013ko udazkenean Pirinioetako ondare gotortuari buruz egindako IV. hitzaldi-zikloaren zazpi txosten espezializatuak. Barne hartzen ditu hala kokapen-plano bat nola lau hizkuntzatan idatzitako katalogo sakon bat, Pirinioetako 44 gotorleku bastioidunei buruz. Inbentario hori bidaia-gida oso bilakatzen da honako hauek txertatuta: GPS-koordenadak, informazio berria jasotzen duten fitxak, monumentuen telefonoak eta harremanetarako helbideak eta piktogramez osaturiko katalogazio bat, zeinen bidez eskuragarri baita hala eraikinen tipologia eta kontserbazio-egoeraren berri nola bisitarako gaikuntza.
- Beste jarduera batzuk. Iruñeko harresi-ondarea zaharberritzeko eta birgaitzeko lanen bidez, harresi-eraztun bat berreskuratu zen hiriarentzat, eta bertan jarduera asko antolatzen dira urte osoan. Harresiak kandelen argipean, Harresiak dantzan, harresietarako bisita gidatu mota ezberdinak, udako musika Ziudadelan, musika-jaialdiak (hala nola Tres Sesenta jaialdia) edota Ziudadelako aretoek hartzen dituzten erakusketak, horra jarduera ludiko, kultural eta jai- zein aisialdi-girokoen adibide batzuk, agerian uzten dutenak Iruñeak probetxua ateratzen diola harresi-ondareari eta haren balioa nabarmentzen duela, dela turistak erakartzeko, dela iruindarrei beraiei ezagutzera emateko.

