Turismo
Deialdia turismo arloko elkarteei laguntzak emateko
Deialdiaren xedea eta helburua turismo arloko elkarteei diru-laguntzak ematea da, Iruña turismoaren jomugatzat sustatzeko jarduketak egin ditzaten. Kontu-sailak 82.000 euro jo zuen 2014an. Sustapen eta publizitate arloko ekintzak daude aurreikusita, produktu berrien diseinu-gastuak edo jardunaldiak, lehiaketak edota bilera profesionalak egitea. Guztira, 7 elkarteri eman zitzaien diru-laguntza 30 jarduera egiteko. Honatx:
|
Turismo-sektorearendako laguntzak 2014 |
|
|
ANAPEH |
4.199,01 € |
|
Iruñeko Hotelen Elkartea |
2.342,17 € |
|
Nafarroako Jatetxeen Elkartea |
15.112,66 € |
|
Erresumako Jatetxeen Elkartea |
13.052,01 € |
|
AEHN |
6.799,07 € |
|
Nafarroako Turismo Elkartea |
12.882,34 € |
|
AGROTURANA |
2.168,26 € |
|
Guztira |
56.555,52 € |
SICTED programa
Iruñeko Udalak, Donejakue Bidean kokaturiko beste herri eta eskualde batzuekin batera (Jaka-Aragoi Garaia, Nafarroako Mendialdea, Estellerria, Logroño, Burgos, Leon, Ponferrada, Astorga, Villafranca del Bierzo eta Santiago de Compostela), eta Turismoko Estatu Idazkaritzarekin nahiz Espainiako Udalerri eta Probintzien Federazioarekin elkarlanean, 2006an hasi zen kalitate-sistema bat ezartzen Iruñeko eta Iruñerriko turismo arloko enpresa eta zerbitzuetan, Donejakue Bidea, Kalitateko Jomugak produktu-klubaren bidez. Proiektuaren azken helburua da Iruña kalitateko turismo-jomuga gisa nabarmentzea hiriko kultur turismoaren tipologiaren baitan.
Udalak aholkularitza, laguntza eta prestakuntza eskaintzen dizkie kalitateko klubari atxikitako enpresei, jardunbide oneko eskuliburuak ezartze aldera. Behin ebaluazioa gaindituta, Udalak kalitatezko ezaugarri baten bidez saritzen ditu eta, era berean, saria jasotako enpresa guztiak biltzen dituen sustapen-gida bat argitaratzen da.
2014an, turismo-zerbitzuetako 20 enpresa hauek nabarmendu zituzten:
- Jesus eta Maria erromesen aterpetxea (ASPACE)
- Mendebaldea Turismo Apartamentuak
- Mirasierra Turismo Apartamentuak
- Loretxea landetxea
- Atostarra etxea
- Mendiburu landetxea
- Dinamic Eventos-Flores e Imízcoz
- San Bartolome gotorleku txikia-Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa
- La Perla hotela
- Hostal Navarra
- Huartearena Landa Hotela
- ABBA Reino de Navarra Hotela
- Andía Hotela
- Don Carlos Hotela
- Iriguíbel Hotela
- AH San Fermín Hotela
- Tres Reyes Iruña Palace Hotela
- San Pedroko Ingurumen Heziketarako Museoa
- Iruñeko Turismo Bulegoa
- Baserri jatetxea
Turismoaren Behatokia
Iruñeko Turismoaren Behatokiak aukera ematen du turismoak hirian zer-nolako egoera duen eta zer-nola bilakatu den jakiteko, eta era berean, Iruñeko turismo-beharren gaineko azterketa eta jarraipena egiten du. Behatokiak egiazko informazioa jarraitua ematen dio turismo-sektoreari, publikoari nahiz pribatuari, turismoa sakon eta benetan ezagutzeko egoki diren jarduketak abiaraztea ahalbidetzen duena. Urtero, hainbat txosten prestatzen ditu turismo-denboraldiaren arabera: tarteko/behe denboraldikoa, goi-denboraldikoa eta urtekoa. Txosten guztiak Iruñeko Udalaren turismo-atariak argitaratzen ditu. Datuak Iruña bisitatzen duen turistari egindako inkesten bidez lortzen dira, edo Nafarroako Estatistika Institutuaren eta Iruñeko Turismo Bulegoaren datuen bidez, besteak beste
2014ko azken txostenaren arabera, Iruña aldeko betetze-maila % 41,3 izan zen batez beste tokien arabera, eta % 47,7 logelen arabera. Iruñeko betetze-mailak altuagoak izan ziren: % 43 eta % 50,8, hurrenez hurren. Bestalde, Iruñeko hotel-establezimenduetan % 6,8 bidaiari gehiago izan ziren 2013an baino, eta % 13,6 gehiago 2012an baino. Espainiako herritarren eskaria % 7,3 hazi zen Iruñean, nahiz eta Espainian, oro har, nabarmen behera egin zuen, eta atzerritarren eskaria ia % 5,8 igo zen. Bidaiari kopurua handitzearen ondorioz, ostatu-gauek % 7 egin zuten gora; eta batez besteko egonaldiak ere gora egin zuen % 0,2, 1,7 egunera arte. Nazioarteko bisitariek guztien % 38 egin zuten. Bisitari gehienak Madril, Katalunia, Frantzia, Valentziako Erkidegoa eta Andaluziatik etorri ziren.
Iruñera etortzeko arrazoiei dagokienez, bisitariek hauxe diote: hiria ezagutzea, oporrak, Donejakue Bidea egitea edota gastronomia gozatzea. Haien % 21,3k turismo-foiletoak erabili zituen bisitarako; % 39,9 bikotean dator, eta % 23,4 familian, eta hirian dauden bitartean, Sanferminei lotutako lekuetan ibiltzen dira, gastronomia gozatzen dute (% 60tik gora pintxo-taberna batera joaten da), entzierroaren ibilbidea bisitatzen dute, Katedrala ikusi eta harresietan ibiltzen dira. Bestalde, erromesendako bi aterpetxe daude Iruñean, Jesus eta Maria aterpetxea eta Padernborn aterpetxea. 2014an, nazionalitate guztietako 26.210 erromesi eman zieten ostatu, hau da, 2013an baino % 2,8 gehiagori.
Bestalde, turistek zenbat gastatu zuten 2014an zehazterakoan, kalkulu hutsa baizik ezin da egin. Kontuan hartuta Iruñerrian 897.955 turistak eman zutela gaua, eta egonaldia batez beste 1,7 egunekoa izan zela; eta kontuan hartuta, halaber, inkestetan adierazitakoaren arabera, bakoitzak batez beste 81,83 euro gastatu zituela, kalkula daiteke 73.479.412 euro gastatu zituztela guztira, gehienbat ostatu hartzen, eta gero otorduetan eta erosketetan. Era berean, kalkula daiteke beste ostatu mota batean lo egiten duten turisten gastua eta hirian lo egiten duten erromesena 75.616.837 euro eta 1.922.541 euro izan zela 2014an, hurrenez hurren. Beraz, Iruñera 2014an iritsitako turista eta erromesek, betiere txangozaleak barne sartu gabe, 151.018.790 euroko diru-sarrerak sortu zituzten zuzenean hirian, ostatu, erosketa, barne-garraio, gastronomia eta turismo-zerbitzuetan.
Iruñeko turismo-sustapena
Iruñeko Udala Spain Convention Bureau biltzar-hirien sarean sarturik dago eta lankidetzan ari da Nafarroako Gobernuarekin, Nafarroako Biltzar Jauregia eta Auditorioarekin eta sektore pribatuko beste erakunde batzuekin, Iruña eta Nafarroa biltzar-, bilera- eta pizgarri-turismorako jomuga gisara hedatzeko eta sustatzeko. Garatzen diren jarduerak lau ardatzetan egituratuta daude:
- Informazioa: informazio-lana, webguneak eguneratzea, sare sozialetan profilak sortzea, sustapen- eta informazio-materialak argitaratzea, ikus-entzunezko materialen bankua sortzea, kontaktu nazionalen eta nazioartekoen datu-baseak prestatzea, marka-erregistroa, eskariaren araberako hautagaitzak prestatzea, eta antolatzaileendako aholkularitza tokiko hornitzaile, zerbitzu eta kontaktu erabilgarriei buruz, tokiko erakundeekiko lotura, etab.
- Sustapena: ekitaldiak erakartzea eta kontaktu nahiz merkatu berriak egitea –tokiko antolatzaileak izan daitezkeen zerrendak eginez–, jomuga tokiko eta nazioko antolatzaileak izan daitezkeenei aurkeztea; famtrip eta presstrip saioak antolatzea, eta azoketara zein aurkezpenetara bertaratzea, besteak beste.
- Lankidetza: sare-lana tokiko erakunde eta eragileekin; esate baterako, lan-mahaiak antolatzen dira bazkide ohiekin, hala nola Gobernua, NICDO, SODENA, Udala eta Iruñeko Hotel Elkartea; halaber, bi hilean behin lan-gosariak egiten dira tokiko sektorearekin.
- Ikerketa: emaitzak aztertzea, eta zer hobetu daitekeen eta merkatu berriak atzematea, bai eta prestakuntza ere. SCBren urteko batzarrean ere parte hartzen da, hirira erkartzen diren biltzar eta bileren emaitzak biltzen dira, eta merkatuko nahiz ekonomia-eragineko azterlanak egiten dira.
Osasun-turismoa esaten zaion turismo-segmentua bultzatzearen garrantzia eta interesa aukera gisara atzeman eta planteatzen da Iruñeko Udalaren Merkataritza eta Turismo Alorrak eta Nafarroako Gobernuak prestaturiko hainbat azterlan eta planetan. 2011. urtean, Iruñeko hotel-sektoreak bere kezka helarazi zion Udalari, biltzarrek, negozioek eta osasunak eragindako bisitari kopurua azken urteetan nola bilakatua zen ikusita. Hori dela eta, ekintza-plan bati ekitea erabaki zuten, osasun-turismoa garatze aldera. Plan horri jarraiki, 2013an eta 2014an, hainbat sustapen-ekintza garatu ziren, guztiak ere Nafarroako Gobernuaren, Iruñeko Hotelen Elkartearen, osasun-sektore pribatuaren eta Iruñeko Udalaren artean. Zehazki, 2014an, osasun-turismoko jomuga saltzeko katalogo baten edizioa landu zen, bisitak egin ziren interesgarriak izan daitezkeen merkatuetan espezializatuak dauden azoka batzuetara (Errusia, kasu), preskriptore posibleak aukeratu ziren –Costa del Sol kostaldean bizi diren atzerritarren artean–, jomugan frantrip-ak egin ziren, bai eta sektoreari lotutako eragileekin aldian behingo bilerak ere.
2012az geroztik, Iruña Espainiako Jomuga Gastronomikoen Elkartean sarturik dago. Elkarteak jomuga gastronomiko gisara sustatzen du hiria Espainian eta nazioartean. Saborea España proiektua Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak bultzatzen du eta Udalak darabilen beste tresna bat da, Iruña jomuga gastronomiko gisara bultzatzeko. Proiektua Turismoko Estatu Idazkaritzak, bost udalak, hainbat chef ospetsuk eta Espainiako Ostalaritza Federazioak osatzen dute. Proiektuan 19 jomuga daude sarturik, eta turistak herrialdera erakartzea du helburu nagusi, esperientzia gastronomikoa baliatuta; horrela, turismoa dibertsifikatzeko eta urte-sasoi bakarrera ez mugatzeko. Espainiak 2014an 6 milioi turista inguru jaso zituen gastronomia hutsak erakarrita. Ideia hori aditzera emateko tresna nagusiak sustapena eta produktua sortzera bideratutako ekintzak dira. Horretarako, sare sozialak erabiltzeaz gain, nazioarteko aurkezpenak egiten dira; 2014an, Milan, Hanburgo, Lyon eta Helsinkin, hain zuzen.
Turismoa dinamizatu eta sustatzeko kanpainak
Udan, hau da, Iruñera turista gehien iristen direnean, Iruña atsegin dut zikloa programatzen da, aisia- eta kultura-ekitaldiak egiteko. Ekimen horren baitan, abuztuan ardoak dastatzen hasteko bederatzigarren jardunaldiak egin ziren, turistek nahiz Iruñeko auzokideek nafar ardoak ezagutze aldera. Descalzos kaleko udal-eraikineko erakusketa-gelan egin ziren (2. solairuan), astelehen, astearte eta asteazkenetan, abuztuaren 5etik 28ra bitarte, 20:00etatik 21:00etara. Hamabi saioak Migueltxo Goñik eman zituen, zeina ardoetan aditua eta Nafarroako jatorrizko izendurako prestatzailea baita. Egunero, sei ardo eta Nafarroa Jatorrizko Deiturako hiru gazta dastatu ziren: Idiazabal, Idiazabal ketua eta Erronkari. Reyno Gourmet, Kontseilu Erregulatzailea eta 18 upeltegi izan ziren: lehenak gaztak jarri zituen; bigarrenak, kopak eta bertaratuendako dokumentazioa, eta upeltegiek, ardoa. 700 lagunek parte hartu zuten, egunero 60 tokiak bete baitziren, lehen egunena izan ezik. Txartelak 6 euro balio du eta, turistak bertaratu ahal izateko, azken egunerako 10 toki gordetzen dira.
Halaber, antzerki moldeko bisitak eskaintzen dira Harresien zaindariak izenburupean, zeinetan gida profesionalen lana umorearekin eta antzerkiarekin uztartzen baitira. Bisitariek Joris Prosper Verboom injinerua, infanteriako soldadu bat eta harresietako atezainetako bat dituzte zain, ibilbidean barnako zenbait tokitan, eguneroko bizitza nolakoa zen azaltzeko eta lana Iruñeko harresien inguruetan egiten zutenen istorioak kontatzeko prest. Abuztuko bost larunbatetan egin ziren, eta 5 euro balio zuten. Horrez gain, bisita gidatuak antolatu ziren hala harresietako ibilbidera nola Ziudadelara. Hainbat gauza eskaintzen dira: Harresiak ilunabarrean, ostegunetik igandera, 20:00etan, eta txartelak 3 eurotan; Pamplona’s highlights (ingelesez), astelehenetik igandera, 11:30ean, 4 eurotan; eta Bisitak Ziudadelara, larunbatetan, 12:00etan, 3 eurotan. Guztiak ere doakoak dira 10 urtetik beheko haurrentzat. Harresien eta Ziudadelaren inguruko ekimen horiek guztiak Fortius ekintzaren baitan daude. Lankidetza-proiektu horrek helburu du herritarrek hiriko gotorlekuak gehiago erabil ditzaten sustatzea; mugaz gaindiko izaera du, Baionako hiri senidetuarekin batera egiten delako, eta Pirinioetako Lan Elkartearen bidez kudeatzen da.
Laugarren urtez, Harresia kandelen argipean izeneko ekimena egin zen, iruindarrek eta bisitariek Iruñeko gotorlekuak bestelako argiekin ikus ditzaten. Horretarako, hainbat harresi-tarte aukeratzen dira, bertan kontzertuak egiteko, eta ardoak nahiz tapak dastatzeko. Jarduera abuztuko 4larunbatetan egiten da, 21:00etatik 23:30era. Ekimena harresi barrutian barna ibiltzean datza, harresiak egunero 5.000 kandelarekin argituak daudela. Jarduerak bi eremu desberdinetan egin ziren; horrela, abuztuaren 2an eta 186n, larunbatarekin, ibilbidea Zaldi Zuriaren zokotik Nafarroako Artxibo Nagusira bitartean egin zen, eta abuztuaren 9an eta 23an, larunbatarekin, Zaldi Zuritik Barbazán Apezpikuaren ingurabidean barna Andre Maria Erreginaren plazaraino. Tarte horietan 3 karpa paratzen dira, eta haietako bakoitzean jendeari tapak eta ardoak eskaintzen zaizkio. Gainera musika-emanaldiak izan ziren: Javier Ibáñez, Per-versiones íntimas, Demode Quartet, Axel y Gabriel, Disei, Tribuno a Jobim, Airam Reina Flower eta Alicatê.
Gastro-Bar Fortiusek berriz ere ateak udan zabaldu zituen Ziudadelako Arama Aretoan, gastronomia-eskaintza zabal-zabala eskaintzeko; nafar produktuekin egindako pintxoak eta Nafarroa Jatorrizko Deiturako ardoak. Ekimenaren osagarri, ostiralero musika-emanaldiak izan ziren. Guztira, 1.780 lagunek parte hartu zuten. Gainera, uztailaren 25ean, 26an eta 27an, Ziudadela Gourmet Gastronomia Azoka egin zen. Nafarroako Jatorrizko Deiturako produktuak dastatu eta saltzeaz gain, lantegiak, sukaldaritza-erakustaldiak eta ardo- eta gazta-dastatzeak egin ziren, bai eta lantegiak eta musika-animazioa ere.
Donejakue Bideko erromesak hartzeko zerbitzuak
Jesus eta Maria erromesendako aterpetxea 2007ko abuztuan zabaldu zen. Compañia kalean dago, eta Aspace Fundazioak kudeatzen du, erromesak hartzeko, abegi ona emateko, eta informazioa eta laguntza ere emateko. Aterpetxeak 114 ohe ditu, eta behar bezala hornitua erromesen egonaldia erosoago egiteko Urte osoan dago zabalik, Sanferminetan (uztailaren 4tik 15era bitarte) eta abenduaren 24tik urtarrilaren 15era bitarte izan ezik. Eguerdiko hamabietan ireki eta gaueko hamaiketan ixten da, eta erromesek goizeko zortzietan alde egin behar dute aterpetxetik. 2014an, 20.890 erromes artatu zituen; 2013an, berriz, 21.555. Erromes gehien abuztuan ibili ziren (3.419), eta ondotik, maiatzean (3.352) eta irailean (3.160). Erromes guztietatik, 6.132 espainiarrak izan ziren, eta 1.4.758, atzerritarrak, eta nazionalitaterik ugarienak italiarra, estatubatuarra, korearra, frantsesa eta alemana izan ziren.
Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuen 2006an Donejakue Bidearen Lagunak Elkartea-Paderborneko Donejakue Ermandadearekin, Arga bazterreko –Caparrosoren Errotaren ondoko– Iraizoz Txaleta esaten zaion etxean Donejakue Bideko erromes-aterpetxea paratzeko. Aterpetxeak 26 ohe ditu hainbat logelatan. Gela batean gosaria zerbitzatzen da, eta sukaldean arropa-garbigailu bat eta lehorgailu bat daude. 2014an, 5.320 erromesek hartu zuten ostatu; aurreko urtean, aldiz, 5.409k.
Turismoko Argibide Zerbitzua
2006an, Turismoko argibide-gunea sortu zen Udaletxe plazan, bi helbururekin: Batetik, argibidea ematea bisitariari ezagutu nahi duen gauza ororen gainean: gure kultura, ohitura, leku interesgarriak eta hirian gertatzen dena. Eta bestetik, datuak biltzea, turisten interesak ezagutzeko eta Iruñera datorren turisten profilari buruzko txosten bat prestatzeko; horrela, turismo-baliabideak bisitan etor daitezkeen turista horiengana bidera daitezke.
2014an, Iruñeko Turismo Bulego berria inauguratu zen Aste Santurako. Aipatu bulegoa dago Turismoko Argibide Zerbitzua dagoen toki berean, San Saturnino kaleko 2an hain zuzen, hau da, hiriaren erdigune nagusia baita, bai eta turismo-gune nagusia ere. Bulegoa urte bukaera arte egon zen zabalik, eta beste urte batzuetan ez bezala, Sanferminetan zerbitzua eman zuen. Aste Santuko kanpainarako, astelehenetik igandera dago zabalik, 10:00etatik 20:00etara; maiatz eta ekainean, eta jaiak hasi arte, astelehenetik igandera, 10:30etik 14:00etara, eta 16:30etik 20:00etara; Sanferminetarako, 9:00etatik 20:00etara; uztailaren 15etik abuztuaren 31ra, astelehenetik igandera, 10:00etatik 20:00etara; irailaren 1etik 15era, astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara; irailaren 16tik 30era, astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara; urriaren 1etik azaroaren 30era, bulegoa ostegunetik igandera egon zen zabalik, 10:00etatik 14:00etara. Abenduan, berriz, ordutegia zabaldu zen, hau da, astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:00etara. Bulego berriak guztira, 115.984 turista artatu zituen: 71.624 espainiar eta 44.360 atzerritar.
2011ko martxoaren 26an, Iruñeko Gotorlekuen Interpretazio Zentroa zabaldu zen, Iruña eta hiriko harresiak ezagutzeko. Udalaren ekipamendua da eta helburu du hiriko baliabide turistikorik garrantzitsuenetako baten balioa nabarmendu eta erakustea, bertakoek nahiz bisitariek ezagut dezaten. San Bartolome lunetaren barruan kokatua dago, Labriten bastioiaren aurrean, eta 220 metro koadro ditu, lau esparrutan banatuta. Esparru bakoitzean jorratu den gaia harresiei buruzko ikuspegi zehatz bati dagokio. Ikus-entzunezkoen bidez, hainbat gauza erakusten ditu: Iruñeko eta hiriko harresien historia eta bilakaera, hiriko bizitza eta protagonistak gotorlekuek mendez mende izan dituzten etapetan eta Iruñeko harresiek munduko beste gotorleku batzuekin izan duten harremana. Gotorlekuen Interpretazio Zentroa museo hezigarri, elkarreragile eta moderno baten gisara osatua dago, eta hornituta dago ikus-entzunezko edukiez, grafismoez eta infografiez. Informazioa lau hizkuntzatan eskaintzen da: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez eta frantsesez. Sarrerak 3 euro balio du, eta murriztuak 1,5 euro (erretiratuak, ikasle txarteldunak eta 20tik gorako taldeak). 12 urtetik beherakoak doan sartzen dira.
2014an, 3.921 lagun joan ziren zentrora; horietariko 896 publiko orokorra zen, eta gainerakoei dagokienez, 365 erretiratu; 146, ikasle; 83, ezgaitu; 232, irakasle; 109, gazte-txarteldun; 134, langabe; taldean etorritako 1.544 lagun; 79, erromes, eta 328, adingabe. Bisitarietatik, 2.995 espainiarrak ziren, eta 926, atzerritarrak. Bisitarik gehien abuztuan izan ziren: 519
Galería fotográfica:
