Iruñeko Udalaren 2014ko Memoria

Hezkuntza

Udalaren ikastetxeak

 

Joaquín Maya Musika Eskola musika-irakaskuntza ez-arautuko ikastetxea da, eta Iruñeko Udala da haren titularra. Chinchilla jeneralaren kaleko 6an kokatua, Osoko bilkuraren erabaki baten bidez sortu zen 1992an, eta haren egungo plana Osoko bilkuran ere onetsi zen 1997an. Gaur egun, eskolan espezialitate hauek ematen dira: akordeoia, baxu elektrikoa, bateria, bonbardinoa, kantua, klarinetea, kontrabaxua, abesbatza multzoa, instrumentu-elkarteak, fagota, zeharkako flauta, gitarra, gitarra elektrikoa, hizkuntza musikala, oboea, perkusioa, pianoa, saxofoia, tronpa, tronboia, tronpeta, tuba-bonbardinoa, txistua, biola, biolina eta biolontxeloa. 2014-2015 ikasturtean, guztira 954 lagun egon ziren espezialitateetako batean matrikulatuta. 

Horiez gain, musika klasikoari buruzko ikastaro monografikoak egiten dira, helduei bereziki zuzenduak (Entzunaldi gidatuak, Artea entzutea eta Historiako konpositore eta estilo handiak). 2014-2015 ikasturtean, 57 matrikulazio izan ziren.

Egungo Catalina de Oscáriz Udalaren Arte eta Lanbide Eskolaren aurrekariak 1828koak dira, urte hartan Udal Akademia sortu baitzen. 2009an, Catalina de Oscariz izena eman zitzaion. Emakume hori Iruñeko pintorea izan zen, eta XVI. mendearen bigarren herenean haren familiaren pintura-lantegian egin zuen lan. Hura dugu ezaguna izatera iritsi den emakume pintore errenazentista bakarrenetakoa. Gaur egun, Bigarren Hezkuntzako Institutuaren aitortza ofiziala du, eta arlo hauek ematen dira: Batxilergo Artistikoa, erdi mailako prestakuntza-zikloak (Autoedizioa eta Zurgin-lan Artistikoa) eta goi mailako prestakuntza-zikloak (Argazki Artistikoa, Eskulturaren arloko Arte Aplikatuak, Grabatua eta Estanpazio Teknikak, eta Dekorazioko Obra Proiektuak eta Zuzendaritza).

Gainera, marrazki artistikoari eta pinturari buruzko ikastaro monografikoak ematen dira. Horrela, 2014-2015 ikasturtean, eskari guztiari erantzun zitzaion, 34 ikasle aritu baitziren marrazkian, eta 25, pinturan. Hortaz landara, 240 lagun  hiruhilekoan behingo hiru lantegietan matrikulatu ziren: marrazketa, pintura eta marrazkiaren teoria.  

Abuztuaren 18an ikasturtea hasi zen Iruñeko Udaleko hamabi haur-eskoletan: Hello Rochapea, Hello Azpilagaña eta Hello Buztintxuri, Donibane, Egunseti, Haurtzaro, Izartegi, José María Huarte, Mendebaldea, Mendillorri, Milagrosa, Printzearen Harresi eta Rotxapea. Haietariko sei gaztelaniaz dira, lau elebitan (ingelesa-gaztelania) eta bi euskaraz (Egunsenti eta Izartegi). Bederatzi eskolak jardunaldi osoa dute; batek bakarrik jardunaldi erdia (José María Huarte), eta bik bi modalitateak eskaintzen dituzte (Hello Azpilagaña eta Hello Rochapea). Haur-eskolen udal-zerbitzu hau Iruñeko Udalaren mendeko Erakunde Autonomo batek kudeatzen du, eta zuzendua dago Iruñeko 0tik 3ra urte bitarteko haurrak artatzera, familiei haurrak hezten laguntzeko, eta lana eta familia bateragarri izan daitezen errazteko.

2014-2015 ikasturtean, bi aldaketa gertatu ziren ikastetxeetan aurreko ikasturtearen aldean, Printzearen Harresi eskolak Milagrosa Haur Eskolako bularreko haurren unitateak hartu baitzituen. Milagrosa y la E.I. Eta Donibane eskola, gaztelania hutsetik ingelesezko jarduerak mailaka ematera igaro baitzen, baina gaztelaniari eutsita. 

Ikastetxeek guztira 1.087 leku dituzte, eta haietarik, 573 libre geratu ziren, aurreko ikasturteetan aritutako ikasleek matrikula berritu ondoren.  Ikasle berrien izena emateko epean, 827 eskaera jaso ziren; horien % 24 Iruñean erroldatuta ez zeuden familien eskaerak izan ziren. Hau da, aurreko urtean (942) baino % 12 eskaera gutxiago izan ziren.  Donibanek izan zuen eskaerarik gehien (102); gero, Mendillorrik (98) eta Buztintxurik (88).  Horrek esan nahi du eskaera guztien % 80 artatu zirela eta eskaera berrien % 62.  Nafarroako Gobernuak Iruñean dituen 5 haur-eskolen datuak kontuan hartuta, jardunaldi osoko 147 leku eskaintzen baitituzte, eskaerak guztira 1.072 izan ziren, aurreko ikasturtearen 1.189ren aldean; jaitsiera, beraz, % 10 izan zen.

Eskolatze- eta jantoki-tarifak % 1etik % 2ra bitarte igo ziren, Hezkuntza Departamentuak ezarritakoarekin bat. Zerbitzuarengatik ordaintzen den prezioa familia eskatzailearen errentaren mailari dago lotuta, 2013ko zergaldiaren errenta-aitorpena kontuan hartuta.  Gehieneko tarifa (eskolatzea eta jantokia) 335 izan zen jardunaldi osoan; hau da, aurreko ikasturtean baino sei euro gehiago. Gutxienekoa, berriz, 125 eurotan finkatu zen (2013-2014 ikasturtean baino euro bat gehiago).  Jardunaldi erdirako, tarifak 170etik 29ra euro bitarte ibili ziren; hau da, aurreko ikasturtean baino euro bat gehiago, hurrenez hurren.

 

Udalaren lan-ildoak

Udalak hainbat programa eta laguntza-deialdi diseinatu eta eskaintzen ditu ikastetxeei eskolaz kanpoko ekitaldiak bultzatzen laguntzeko eta, era berean, ikastetxeen eta beren lan-esparruko gizarte- eta ekonomia-ingurunearen arteko harremana sustatzeko. Udalak, hartara, lau lan-ildo egituratu ditu. Batetik, ikasleek ingurunea ezagutze aldera, Iruña ezagutu, Zuhaitzaren Eguna eta Ikasleen bisitak Gayarre Antzokira programak antolatzen dira.  Arte-jarduerak sustatze aldera, honako programa hauek daude: Antzerki-lantegiak, Irakurzaletasuna sustatzea, Literatur lehiaketak: ipuina eta komikia eta Zuhaitzaren Eguna marrazketa- eta pintura-lehiaketa.  Bestetik, laguntzak ere eskaintzen dira, ikastetxeek eta Guraso Elkarteek beren jarduerak gara ditzaten. Diru-laguntzak ematen dira, zehazki, ikasmaterial suntsikorra erosteko, eskola-liburutegietarako, bai eta eskolaz kanpoko jardueretarako eta jarduera osagarrietarako ere.  Azkenik, laguntzak ere banatzen dira beste entitate batzuek unean-unean sustatzen dituzten jarduerak garatzeko. Arlo horretan Antzerki Grekolatindarraren Europako Gazte Jaialdia sartua dago.

 

Ikasleek eskola-ingurunea ezagutzeko programak

 

Iruña Ezagutu programaren helburu nagusia ikasleek gure hiria ezagut dezaten sustatzea da, Iruñearen historia eta hiri-bilakaera aztertuz. Ikastetxe publikoetako eta itunduetako Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleei zuzendua dago. 2014an, 2.016 ikaslek parte hartu zuten, 43 ikastetxetako 94 ikastaldetan banaturik.

Programa horrek ikasmaterial osagarria dauka: Iruña eta bere hiri senidetuak ezagutu ikasliburua, Iruñeari buruzko bi joko eta DVD bat. Hiri senidetuak ikasteko jarduera ikastetxe bakoitzean egiten da, eta ikastetxe bakoitzak aukeratzen du zer hiri sakonago ikasi. 2014an, Baiona aukeratu zen gehien, eta ondotik, Yamaguchi, Paderborn eta Pamplona Kolonbiakoa. Eskola-programa horrek, gainera, hirian bi ibilbide egiteko aukera eskaintzen du: lehenak Iruñeko historian jartzen du arreta, eta hiru orduko iraupena duen ibilbide bat egiten da Alde Zaharrean barrena. Bigarrena, berriz, autobusez egiten da eta hiriko auzoak bisitatu eta alderatzen dira, zer-nolako garapena eta bilakaera izan duten ikasteko.

Programaren osagarri, beste talde batzuei irekita dauden bisita gidatuak egiten dira. 2014an, 2.207 lagunek parte hartu zuten 102 taldetan banatuta. Taldeek Alde Zaharreko hiru ibilbide historikoren artean aukeratzen dute: harresietan barnako ibilaldiak, Donejakue Bidea Iruñean, entzierroaren ibilbidea, ibilbide historiko edo hirigintza-ibilbide bat, eta hiriko auzoak ezagutzea. Taldeek, alde handiz, ibilbide historikoa aukeratu zuten (74 talde).

 

Martxoaren 12an Zuhaitzaren Eguna 2014 ospatu zen, eta Rochapea, Patxi Larrainzar eta La Compasión-Escolapios ikastetxeetako ikasleek parte hartu zuten.  Parrotia persiarra eta diosppirus kaki espezieetako aleak Arrotxapeko lorategi berri batean landatu ziren.   Lehen Hezkuntzako 5. mailako 130 ikasle parte-hartzaileek aurrez ikasi zuten berdeguneak hirietan oso garrantzitsuak direla, bai eta behar bezala zaintzea ere, landaketa-jardueraren osagarri. Jardueraren helburua Iruñeko berdeguneak hazten laguntzea da eta, era berean, ikasleak kontzientziatzea landare-espezieek hirian berez duten balioaz, bai eta behar dituzten zainketez ere.

 

Ikasleen bisitak Gayarre Antzokira programa 2001/02 ikasturtean abiatu zen, ikusita ikasle askok zeinen ezagutza urria erakusten duten lekua modu egokian "erabiltzean"; asmoa da, beraz, ikasleek antzokiaren zatien eginkizuna ezagutzea: besaulkien zenbakikuntza, aretozainen zeregina, aldagelak, eszena-kutxa, argiztapena eta abar. Era berean, etorkizuneko ikusleak hezteko xedea dago, haien zentzu kritikoa eta estetikoa lantze aldera.  Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleei zuzendua dago. Bisitak gida-ikuskizun hezigarri baten inguruan daude antolatuta eta, talde txikietan banatuta, antzokiko gune guztiak bisitatzen dira. Bukatzeko, Cervantesen antzezlan bat antzezten da, Gauza miragarrien erretaula, eta ikasle batzuek figurante gisa parte hartzen dute. Bisiten programa gaztelaniaz eta euskaraz egiten da, baina Cervantesen lana gaztelaniaz bakarrik antzezten da. 2014n, honako ikastetxe hauetako 986 ikaslek parte hartu zuten: García Galdeano IP, Cardenal Ilundáin IP, Mendillorri IP, Santa Catalina, Santo Tomás, Santa Teresa, El Redín, Ermitagaña IP, Elorri IP, Hegoalde IP, Sagrado Corazón, San Jorge IP, Vázquez de Mella IP, Iturrama IP, San Cernin eta Doña Mayor IP.

 

Programak, arte-jarduerak sustatzeko

 

1996-97ko ikasturtetik hona, Udalak antzerki-lantegiak garatzen ditu Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan, haurrek dituzten adierazpen- eta antzezpen-baliabideak aberastea helburutzat hartuta. Hartara, teknikak ere irakasten zaizkie, besteekiko komunikazioa eta harremana errazteko, eta era berean, beste curriculum-arlo batzuekin zerikusia duten ikaskuntza-prozesuak finkatzeko.  Programa hau Lehen Hezkuntzako 1. mailako ikasleei zuzendua dago, dramatizazioa eta jolas dramatikoa landu ditzaten; halaber, Lehen Hezkuntzako 5. mailakoentzat da, txotxongiloen bidezko dramatizazioa landu dezaten. 2013/14 ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoetako unitate tematikoa Bidaia itsas hondora: Atlantida izan zen. 2014-2015 ikasturtean, berriz, Bidaia Lurraren hondora: lurpeko mundua, gauza ezkutuak eta sakonak.  Gauza ikusezinak ikusgai jartzea. 2013/14ko  ikasturteko bigarren eta hirugarren hiruhilekoan, 89 taldek parte hartu zuten; 2014/15eko lehen hiruhilekoan, berriz, 27 ikastetxetako 90 taldek. Programa Nafarroako Antzerki Eskolak kudeatzen du, berariaz deitzen den lehiaketa publikoaren esleipenduna baita.

Irakurzaletasuna sustatzea programa 1996an hasi zen eta, 1997/98ko ikasturtetik aurrera, Iruñeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeei ez ezik, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikastetxeei ere zuzenduta dago, publikoei nahiz pribatuei, gaztelaniaz nahiz euskaraz. Hona ekimenaren helburuak: irakurzaletasuna sustatzea, eta harekiko arrera positiboak bultzatzea, betiere iritziak elkartrukatzeari bidea emanez; hainbat baliabide ikastetxeen eskura jartzea, Hizkuntza eta Literatura arloko programazioak osa ditzaten; haurrak akuilatzea, irakurzaletasuna abentura gisara bizi dezaten; eta ahozko narrazioa kultur adierazpentzat eta baloreak elkarri igarotzeko funtsezko tresnatzat balioetsi dadin sustatzea.

2014an, 275 jarduera egin ziren. Guztira, 9.294 parte-hartzaile izan ziren, Haur eta Lehen Hezkuntzako 41 ikastetxetakoak, Bigarren Hezkuntzako 26 ikastetxetakoak, Hezkuntza Bereziko 2 ikastetxetakoak eta Helduen Hezkuntzako 2 ikastetxetakoak. Programan hiru jarduera-mota garatzen dira: irakasleendako mintegiak, oso egokiak liburuei buruzko aipamen eguneratuak emateko (iaz, 74 orientazio-bilera egin ziren); ahozko narrazio-saioak, hau da, munduko hainbat herrialdetako herri-ipuinak kontatzen dira (122), eta haur-literaturako idazleekiko topaketak, eta horren baita, egile horien kontakizunak irakurtzen dira ikastetxera bisitan joan aurretik (79).

Programa horiez gain, Udalak hainbat lehiaketa deitu zituen. Batetik, Zuhaitzaren Eguna 2014 marrazki eta pinturako eskola-lehiaketa deitu zuen, Iruñeko ikastetxe publiko eta itunduetako Lehen Hezkuntzako ikasleentzat, Nire herrialdeko zuhaitzak lelopean. 213 lan jaso ziren, hiru kategoriotan banatuta: A kategoria (Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailak), 93 lan; B kategoria (Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailak), 60 lan; eta C kategoria (Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailak), 60 lan. Sarietan, 1.500 euroko txartelak banatu ziren, eskola-materiala erosteko.

Era berean, XXIV. Literatur Lehiaketa antolatu zen, Lehen Hezkuntzako eta DBHko lehen eta bigarren zikloko ikasleentzat. Aurreko edizioetan bezala, bi modalitate ezarri ziren: Ipuina, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleentzat, lau kategoriatan banaturik, ikasmailen arabera; eta, Komikia, Lehen Hezkuntzako 5. mailatik DBHko bigarren mailara bitarteko ikasleentzat, bi kategoriatan banaturik adinen arabera. Guztira, 406 lan aurkeztu ziren.

Azkenik, 2014ko Eguberriak ospatzeko antolaturiko ekitaldi- eta lehiaketa-egitarauaren osagarri, Eskola Jaiotzen XIII. Lehiaketa antolatu zen. Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoek eta itunduek parte har dezakete. 12 ikastetxek parte hartu zuten,eta  jaiotza tradizionalik onenarendako saria El Lago de Mendillorri IPrentzat izan zen; jaiotza modernorik hoberenarendako saria, Liceo Monjardín  ikastetxearentzat, eta Jaiotzarik sortzaileena, Cardenal Larraona Ikastetxearentzat. Beste ikastetxe batzuek aipamen bereziak eskuratu zituzten, hala nola Sagrado Corazón, San Cernin, El Redín eta Santa Teresa ikastetxeek.

 

Diru-laguntzetarako deialdiak

 

Iruñeko Udalak, urtero, laguntzen deialdia egiten du hiriko Lehen Hezkuntzako ikastetxe publikoei zuzenduta, eskola-liburutegien funtsa handitzeko eta ikasmaterial suntsikorra erosteko. Ikastetxe bakoitzari zenbat diru eman ikastetxe bakoitzaren matrikularen arabera finkatzen da.  Ikastetxe publikoetan guztira  10.707 ikasle egon ziren matrikulatuta, gehi Iribarren Helduen Oinarrizko Hezkuntzarako Ikastetxeko 1.638 lagun, eta banaturiko diru-laguntzen zenbatekoak 98.330 euro jo zuen, guztira: 38.175 euro eskola-liburutegietarako, eta 60.155 euro, ikasmaterialerako; diru-laguntza/ikaslea erlazioa 5 euro eta 9 euro izan zen, hurrenez hurren.

Hezkuntza Alorreko bigarren deialdiak Lehen Hezkuntzako ikastetxe publiko eta pribatuetako eskolaz kanpoko jarduerak eta jarduera osagarriak laguntzen ditu diruz, eskola-eskaintzaren kalitatea hobetzen laguntze aldera. 2014an, eskolaz kanpoko jarduerengatik, 188.015,14 euro eman ziren diru-laguntzetan; zehazki, 20.177 ikasle dituzten 44 ikastetxeren artean banatu ziren. Dirutza horren % 50 ikastetxe eskatzaileen artean hainbanatzen da, eta gainerakoa, berriz, ikastetxe bakoitzaren ikasle kopuruaren arabera.

Azkenik, ikastetxeetako gurasoek gurasoentzat beraientzat antolatzen dituzten programak eta jarduerak garatze aldera, Iruñeko Udalak urtero diru-laguntzen deialdi bat egiten du Haur eta lehen Hezkuntzako ikastetxeetako Guraso Elkarteentzat. 2013/14ko ikasturteko deialdia maiatzean onetsi eta 2014ko abenduan ebatzi zen; 34 elkarte aurkeztu ziren, eta 64.966,91  euro eman zitzaien.

 

 


Ayuntamiento de Pamplona Iruñeko Udala