Berdintasuna
2014an, luzatu egin baita, indarrean jarraitu du Emakumeen eta Gizonen arteko Aukera Berdintasunerako Iruñeko Udalaren II. Planak. Izan ere, hasierako indarraldia 2010etik 2013ra bitartekoa zen. Plana, urtean zehar, Udalaren jardunaren ardatza izan zen berdintasunari lotutako gaietan, eta ENRED Consultoría SL-k egin zuen planaren gaineko ebaluazioa. 2014an, 104 jarduketa programatu ziren aipatu markoan, eta horietatik 88 gauzatu ziren, hau da, % 84,6. Kopuru absolutuetan, aurreko urteetan baino jarduketa gutxiago programatu ziren, baina betetze-maila handiagoa izan da (2013an, % 73koa izan zen betetze-maila).
Planak 8 arlo landu ditu eta haietako bakoitzean arduradunak edo loturak ezarri dira Berdintasun arloko teknikariarekin, ondoren genero-ikuspegia txertatzeko aurretik egiten ari ziren jardueretan edo jarduera berrietan. Barne-ikuspuntutik begiratuta, bilerak egin ziren urte osoan, bai eta aholkularitza-harremanak eduki ere.
Arlo ezberdinen jardunari erreparatuta, Udal-administrazioan Aukera-berdintasuna txertatzeari dagokionez (1), bere horretan jarraitu zuen Ingurumen Heziketarako Museoko langileen engaiamenduak genero-gaietan, eta Iruñean berdintasun-maila neurtzeko kanpo-diagnostikoko prozesu bati ekin zitzaion, bai eta barne-ebaluazioari ere, 2015eko Berdintasun-planari begira.
Herritarrei zuzendutako Sustapen eta Sentsibilizazioaren arloan (2), ardurakidetasunari buruz urtero sanferminetan egiten den kanpainaz gain, 2014an kanpaina berezi bat ere egin zuen Emakumearen Udal Kontseiluaren Sanferminak Berdintasunean lantaldeak, sanferminak bereziki jomuga hartuta. Kanpainaren helburua da mezu etengabe eta partekatua zabaltzea festetako erasoen kontra, eta horretan bereziki engaiatzea tokiko komunikabideak. Hona kanpainaren berri emateko erabilitako euskarriak: 2.000 kartel, 15 mupi, 600 paparreko, 2.300 kamiseta, 10.000 gida eta 10.000 informazio-txartela. Halaber, eta kanpainaren aurretik, Eulalia Lledók hiru orduko saio bat eman zuen kazetarien aurrean, komunikabideetan halako berriei heltzeko modua jakitera emateko.
Bestalde, 2014ko lehen hiruhilekoan, jarraipena eduki zuen Zuk bai jakin izeneko lantegiak, II. Zabalguneko gizonen eta emakumeen bizitza pertsonala, lana eta familia bateragarri egiteko Toki Itunaren barruan abiatutakoak, eta berriz ere egin zen zereginak trukatzeko lantegia. Aste Santu, uda eta Eguberriko eskola-oporretan, bestalde, berriz abiatu zen Haurrak Zaintzeko Zerbitzua. Compañía Zentroak lanean segitu zuen, 2014an, genero haustura digitala murrizteko: guztira 53 ikastaro programatu zituen (26 ikastaro, 55 urtetik gorako emakumeentzat; 22 ikastaro, adin horretatik behekoentzat; 4 ikastaro, haurrentzat, eta 1, emakume eta adingabeentzat, bateragarritasun-arrazoiengatik). Guztira, 555 lagunek parte hartu zuten. Eskaera handieneko ikastaroetako bi 2014an eskaini ziren lehenbiziko aldiz: Ikasi Smartphone telefono mugikorra erabiltzen eta Ikasi tableta erabiltzen. Zentroak eskuragarri jartzen dituen baliabideen artean ordenagailuak ere badaude, nahi duen pertsona orok libreki erabil ditzan. 2014an, 5.310 erabilera kontabilizatu ziren; batez beste 70 minutukoak. Hona datu horren banaketa: emakumeen 3.662 erabilera; 1.625, gizonena, eta 23, adingabeena.
Gizarte Ongizate eta Kirol alorrean (3), 2014an lehenbiziko aldiz emakumeen taldeek balorazioa handiago jaso dute federazio-ligetan parte hartzen duten taldeak diruz laguntzeko kirol-deialdietan.
Merkataritza eta Turismo alorrean (4), aldatu egin da enpresa-sortzaileei zuzendutako lan-metodologia, eta genero-perspektiba alderdi guztietan aplikatu zen: dokumentazioan, saioen prestakuntzan, arduradunen sentsibilizazioan, etab.ean. Gainera, berariaz programatu ziren kafe-solasaldi bat, emakume enpresa-sortzaileekin, eta gaitasun-ikastaro bat, emakumeentzat.
Planaren 5. arloa Kulturari dagokio. 2014an, bere horretan segitu zuen berdintasuna Civivox sareko ikastaroen kultur programazioan (Emakumeen historia, XX. mendean, Zine-zuzendari emakumeak, Emakumeak publizitatean, musikan eta zineman) txertatzeko lanak, bai eta argazki-lehiaketetan ere, hala nola Iruña, molde femeninoan izenekoan. Lehiaketa horietan, oro har, epaimahaiaren osaketari erreparatzen zaio, edizio ezberdinetan parekotasuna sustatze aldera. Jarraipena izan zuten, baita ere, "Bateragarria" markako ikastaroek, haurrendako jarduerek eta Guraso Eskolaren saioek.
Hezkuntza eta Gazteriaren arloan (6), Gazteriaren Mahaiak hala proposaturik, Gaztediaren Etxeko Berriemaileen Sarea baliatu zen, berdintasunaren inguruko programak ikastetxeetan zuzenean zabaltzeko. 2014an, bost jarduera programatu ziren, generoari buruzko gogoeta egitea xede harturik: mintegi bat, bi antzezlan, erakusketa bat eta hitzaldi bat.
Hona Herritarren Partaidetza eta Teknologia Berrien arloko (7) lan-ildoak: genero-perspektiba Elkarteen Etxearen kudeaketa-lanetan txertatzeko ikerketa, eta perspektiba hori benetan sartzea Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan (HLZ), non 2012. urtetik aitzina identifikatu egiten baitira sexuaren arabera gogobetetze-inkestak erantzuten dituzten pertsonak. 2014an, emakumeek, berriz ere, gehiengoa osatu zuten 010 Herritarrendako Laguntza telefonoaren erabiltzaileetan.
Herritarren Segurtasunari (8) dagokionez, Berdintasun Alorrak koordinatu zuen Herritarren Segurtasuneko langileen parte-hartzea eraso sexistei buruzko jardunaldi batean eta festei buruzko kanpaina batean.
Gizarte Babes eta Laguntzako Brigadako kideek parte hartu zuten hainbat prestakuntza-jardueratan, emakumeen eta adingabeen kontrako indarkeria-delituengatik atestatuak bideratzeari buruz edota biktimei lehenbiziko sorospen psikologikoak emateari buruz, eta Sorospen-poliziako ikastaro bat egin zen. Halaber, lanean jarraitu zen nerabeen arteko indarkeriaren arloan eta delitu telematikoetan, Iruñeko ikastetxeetan. 2013-2014ko ikastetxean, 14.450 lagunek hartu zuten parte, 1.616 ekintzatan. Mugikortasunari dagokionez, Urbanas kolektiboak Hiri debekatuaren, Hiri atseginaren –baimenduaren– Mapa izeneko azterlanaren emaitzak aurkeztu zituen.
Ingurumenaren arloan –hau ere 8. arloa da–, lehendabiziko aldiz berariazko jarduerak programatu ziren martxoaren 8ko egunaren ospakizuna dela-medio, eta Ingurumen Heziketarako Museoaren bisitariei buruzko informazioa generoaren arabera bereizita jaso zen. Iraunkortasunaren Ikasgelari lotutako Ludoteka zerbitzuak 36 jarduera eskaini zituen –15, 2013an–, eta 44 lagun atxiki zitzaizkion zerbitzuari –6, 2013an–. 2014an, Tokiko Agenda 21ek genero-perspektiba txertatu zuen aldian behin neurtzen dituen adierazleetako bitan: biztanleriaren zahartzea eta biztanleria aktiboa, enplegua eta langabezia.
